Arautegia

Inprimatu

4/2021 LEGEA, urriaren 7koa, baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 204
  • Hurrenkera-zk.: 5201
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2021/10/07
  • Argitaratze-data: 2021/10/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 4/2021 Legea, urriaren 7koa, baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta bertako lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 22. artikuluko zortzigarren apartatuan ezarri duenez, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartu behar du, batetik, baliabideak banatzeko metodologia, eta, bestetik, lurralde historiko bakoitzak Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-gastuetarako egin beharreko ekarpenak zehaztekoa; metodologia hori, gutxienez, hiru aurrekontu-urtean egongo da indarrean, non eta, Kontseiluaren iritziz, salbuespen-egoeraren bat gertatzen ez den, halakoetan, indarraldi hori urtebetera edo bi urtera mugatzea erabaki daitekeelako. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak ontzat emandako metodologia hori jasota, dagokion lege-proiektua bidaliko dio Legebiltzarrari, hark onar dezan. Proiektu horrek artikulu bakarreko legearen forma hartuko du, eta azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 29. artikuluan aurreikusitako araubide beraren bitartez onartuko da.

Xedapen hori aplikatuta, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, 2021eko uztailaren 15ean ezohiko bilkuran, metodologia hori onartu du 2022, 2023, 2024, 2025 eta 2026 ekitaldiei begira, batetik, ekitaldi horietan baliabideak banatzeko, eta, bestetik, lurralde historiko bakoitzak Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-gastuetarako egin beharreko ekarpenak zehazteko.

2022-2026 bosturtekorako onartu den metodologiak errespetatu egiten ditu azaroaren 25eko 27/1983 Legearen oinarrizko printzipioak, hala lege horretan definitutako eskumen-banaketari dagokionez nola baliabideen banaketa instituzionala eraentzen duten printzipioei dagokienez. Guztiarekin ere, metodologia berriak egituran du aurrekoarekiko aldea; izan ere, xedapen batzuk berrantolatu dira argi identifikatu edo bereizteko, batetik, baliabideen banaketa bertikal eta horizontalaren barne-eredua zehazten duten elementuak, eta, bestetik, metodologia zuzen aplikatzeko behar-beharrezkoak izanik ere, izaera operatiboa edo instrumentala duten arauak.

Lehenengo berrikuntza da legeari kapitulu bat erantsi zaiola, lehenengoa, erakundeen artean banatu beharreko baliabideak zehazteari buruzkoa. Gai hori banaketa bertikalaren ereduan sartzen zen aurreko legean.

Bigarren kapituluak baliabideen banaketa bertikalaren ereduari heldu dio, eta bertan eguneratu dira kenkari batzuk, kupoa zehazteko metodologia aplikatzearen ondoriozkoak edo Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako erabakien ondoriozkoak, kontuan hartuta Estatuak finantzaketa-konpromisoak har ditzakeela autonomia-erkidegoen eskumen-eremuetan edota zerbitzu-eskualdatze jakin batzuen finantzaketa-araubide berezia. Koefiziente bertikala % 70,04tik % 70,81era igo da, honako hauek bertan integratuta: alde batetik, eginkizun eta zerbitzu batzuen eskualdatzeei dagokien berariazko finantzaketa eta finantzaketa berria, aurreko koefizientean agertzen ez zirenak (1441/2010 Errege Dekretuaren ondoriozko finantzaketa salbu); beste batetik, erakunde erkideetatik lurralde historikoetara eramandako baliabideak, gizarte-zerbitzuen zorroa finantzatzeko ekarpen nabarmen handiagoa oinarritzat hartuta, eta, azkenik, euskara sustatzeko politikei eta udal-eremuko euskararen normalizazioaren plangintzari dagokien zenbatekoa.

Hirugarren kapitulua banaketa horizontalaren ereduari buruzkoa da, eta bere horretan eutsi dio ekarpen-koefiziente horizontalak kalkulatzeko metodologiari. Laugarren kapituluak Egokitzapenerako Funts Orokorra arautzen du, eta funts horrek helburu bera izaten jarraitzen du: ziurtatzea ezen, arau- edo kudeaketa-desberdintasunen ondoriozko arrazoiak salbu, foru-aldundi bakoitzaren diru-bilketaren pisu erlatiboa, behin funtsera eman beharrekoa kenduta, bere ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99ra iritsiko dela. Berrikuntza gisa, Egokitzapenerako Funts Orokorrari ezarri zaion gehieneko mugak euskal erakundeen artean banatu beharreko baliabideen % 1,45 jotzen du, eta nabarmen handitzen dira lurralde historikoentzako baliabide-banaketaren ereduan ezarritako bermeak.

Toki-erakundeen finantzaketa beren-beregi dago jasota bosgarren kapituluan, zeinak, alde batetik, gutxieneko ehuneko berdin bat ezarri baitio toki-erakundeen partaidetzari, lurralde historiko bakoitzean banatu beharreko baliabideetan dutenari (% 39,23, halako moldez non hiru lurralde historikoetako toki-erakundeei legez finkatuko zaien partaidetza, tributu itunduen gainekoa, egun indarrean dagoen gomendioaren gainetik egongo den), eta, bestetik, udal-finantzaketarako funtsak lurralde historiko bateko toki-erakundeen artean banatzeari aplikatzeko printzipioak ezarri baititu.

Azkenik, seigarren kapituluak banaketa-eredu berriari aplikatzeko eragiketa-arauak hartzen ditu, bai eta arau horien ondorioz eman beharreko informazioa ere, orain arte aurreikusitako arau asko barne hartuta, Ekonomia Itunaren kudeaketaren ondoriozko baliabideen banaketa instituzionala zehazteko garrantzizko magnitudeen behin-behineko eta behin betiko kalkuluari buruzkoak.

Metodologia hori eranskin modura itsatsi zaio lege honi, betiere, azaroaren 25eko 27/1983 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, 2021eko uztailaren 15ean egindako bilkuran, honako hau onartu du

ERABAKIA

BALIABIDEAK BANATZEKO ETA FORU-ALDUNDIEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTUAK FINANTZATZEKO EGIN BEHARREKO EKARPENAK ZEHAZTEKO METODOLOGIA, 2022-2026 ALDIRAKO

  1. Honako hauek dira foru-aldundien diru-sarrerak, Ekonomia Itunaren kudeaketatik eratorriak, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, 20. artikuluan aurreikusitako banaketari atxikiak:

    1. Indarrean dagoen ekitaldiko tributu itunduen diru-bilketatik datozenak, sortzapen edo sorrera urtea edozein dela ere.

    2. Ekitaldi bakoitzean diru-sarrera fiskal itunduak direla-eta foru-aldundien alde sortutako interes likidoak.

  2. Honako hauek dira foru-aldundiek tributu itunduengatik bildutako diru-sarrerak, aurreko 1. apartatuko a) letran aipatzen direnak:

    1. Zuzeneko zerga itunduak.

    2. Zeharkako zerga itunduak.

    3. Jokoaren gaineko tributu itunduak.

    4. Epez kanpoko aitorpenagatiko errekarguak, epe exekutiboko errekarguak, berandutze-interesak eta zerga itunduei dagozkien zergapeko egitateengatik sartutako diruzko zehapenak.

Ekonomia Ituna kudeatzearen ondoriozkoak eta banaketapekoak diren diru-sarrerei honako hauek kenduko zaizkie:

  1. Estatuari kupo likido gisa ordaindu beharreko kopurua eta, hala badagokio, kupoa zehazteko indarreko metodologian aurreikusitako konpentsazioengatik Estatuaren alde ateratzen den zenbatekoa.

  2. Minus zeinuarekin, kupoa zehazteko indarreko metodologian aurreikusitako konpentsazioengatik Euskadiren alde ateratzen den zenbatekoa, hala badagokio.

  3. Euskadiri dagokion zenbatekoa, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko programa eta jarduera publikoei lotutako kostuan parte hartzeagatik.

  4. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak kupotik gutxitzea erabakitzen duen zenbatekoa, hauen ondoriozko ezohiko finantzaketarako: legegintzako neurriak, interes orokorreko neurriak edo Euskadiren eskumeneko eginkizun eta zerbitzuei buruzko erakundearteko akordioak.

  1. Ekonomia Ituna kudeatzearen ondoriozkoak eta banaketapekoak diren diru-sarrerei kenkari berezi bat aplikatuko zaie, Eusko Jaurlaritzak ekonomia-plangintza, -sustapen eta -garapenerako politikak gauzatzeari dagokion zenbatekoagatik, bai eta Autonomia Erkidegoaren egonkortasun politiko eta ekonomikoa ziurtatzeko neurriak hartzeari dagokionagatik ere, 27/1983 Legearen 22.3 artikulua betez.

  2. Eusko Jaurlaritzak proposatuta, hau erabaki ahal izango du Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak: zenbateko hori erabiltzea hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren proiektuak finantzatzeko.

Banatu beharreko baliabideak (RD) eragiketa honen bitartez ateratzen dira: 1. artikuluan definitutako banaketapeko diru-sarrerak ken 2. eta 3. artikuluetako kenkariak. Hau da formula:

RD = R (D + P)

non:

R = banaketapeko diru-sarrerak

D = kupoa zehazteko metodologiatik datozen kenkariak

P = kenkari berezia

2022-2026 bosturtekorako indarrean egongo den banaketa bertikaleko koefizientea % 70,81 izango da. Horren kalkulua metodologia honen I. eranskinean jasota dago.

Indarraldian eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzen badira Estatuko Administrazioaren eta Autonomia Erkidegoaren artean, edo erakunde erkideen eta foru-aldundien artean, 8. eta 9. artikuluetan xedatutakoa beteko da.

Foru-aldundiek erakunde erkideen karga orokorrei eusteko egin beharreko ekarpena (AG) kalkulatzeko, 5. artikuluan definitutako banaketa bertikaleko koefizientea aplikatuko zaie 4. artikuluan definitutako banatu beharreko baliabideei (RD). Hau da formula:

AG = % 70,81 RD

  1. artikuluan aipatzen den ekarpen orokorraz gain, foru-aldundiek ekarpen bereziak egingo dizkiete Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei, honako kontzeptu hauengatik:

    1. Euskadiri lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko programa eta jarduera publikoei lotutako kostuan parte hartzeagatik dagokion finantzaketa, 2.c) artikuluan definitutako kenkariaren zenbatekoan.

    2. Euskadiren eskumeneko eginkizun eta zerbitzuen ezohiko finantzaketa, eskumenak baliatzea erakunde erkideei dagokienean, 2.d) artikuluan definitutako kenkariaren zenbatekoan.

    3. Eusko Jaurlaritzak 27/1983 Legearen 22.3 artikuluan jasotzen diren politikak eta funtzioak egiteko laguntza, 3. artikuluan definitutako kenkariaren zenbateko berberarekin.

  1. Metodologia hau indarrean dagoen bitartean beste eginkizun eta zerbitzu batzuk eskualdatzen bazaizkio Autonomia Erkidegoari Estatuko Administraziotik, kenkari gehigarri bat egingo da, 2. artikuluan zehaztutako kenkarien zenbatekoa gehitzeko, dagokion aurrekontu-ekitaldian Estatuari ordaindu beharreko kupoan egin beharreko gutxitzearen zenbateko berean.

    Berdin jokatuko da finantzaketa berririk gertatuz gero Euskal Autonomia Erkidegoak egikaritu beharreko arloetan, kupoa zehazteko indarreko metodologia aplikatzearen ondorioz edo Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako akordioen ondorioz.

  2. Eskualdaketa berriak finantzatzeko, foru-aldundiek ekarpen berezi osagarri bat egin beharko diete Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei, egindako kenkariaren zenbateko berekoa.

  3. Urteko zenbatekoa, Euskadik egikaritu beharreko arloetako finantzaketa berriari dagokion kenkariarena eta ekarpen berezi osagarriarena, honako hau izango da: kupoa zehazteko indarreko metodologian aurreikusitakotik ekitaldi bakoitzean eratortzen dena edo, hala badagokio, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako akordioetatik eratortzen dena. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko eskumen-banaketari begiratuko zaio beti.

  4. Metodologia hau indarrean dagoen hurrengo aurrekontu-ekitaldietan, halakorik balego, eginkizun eta zerbitzu berrien eskualdatzeei edo finantzaketa berriari dagokien kenkariaren eta ekarpen berezi osagarriaren urteko zenbatekoa eguneratu egingo da Estatuarentzako kupo likidoa eguneratzeko erabiltzen den indizea aplikatuz, kupoa zehazteko indarreko metodologiatik edo, hala badagokio, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak hartutako akordioetatik eratortzen denaren arabera.

  5. Eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketa berriek edo finantzaketa berriak ez badute eraginkortasunik dagokion ekitaldiko urtarrilaren batetik aurrera, kenkariaren zenbatekoa eguneratuko da hurrengo aurrekontu-ekitaldietarako, dagozkion doikuntzak eginda urte osoko moduan hartu ahal izateko.

  1. Aurrekontu-ekitaldi batean erakunde erkideek eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzen badizkiete foru-aldundiei, Estatuko Administraziotik Autonomia Erkidegora eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzearen ondorioz, eta horien balorazioa 5. artikuluan aipatutako banaketa bertikaleko koefizientean integratuta badago, gutxitu egingo da 6. artikuluan araututako ekarpen orokorra; gutxitu ere, balorazio horri hurrengo 2. apartatuan definitutako eguneratze-indizea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoan.

  2. Banaketa bertikaleko koefizientean integratutako eskualdaketak baloratzeko eguneratze-indizea zatidura bat izango da: dagokion urtean banatu beharreko baliabideak zati banaketa bertikaleko koefizienteari gehitzea gertatu zen urtean banatu beharreko baliabideak, biak ere irizpide homogeneoen arabera kalkulatuta.

    Metodologia hau indarrean egongo den hurrengo aurrekontu-ekitaldietan, halakorik balego, aurreko paragrafoan definitutako eguneratze-indizea aplikatuz eguneratuko da kasuan kasuko gutxitzearen urteko zenbatekoa.

  3. Estatuko Administraziotik Autonomia Erkidegora egindako eskualdaketen balorazioa koefiziente bertikalean sartuta ez balego, 8.1 artikuluan aipatutako kenkari gehigarria egiten jarraituko da Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuengatik, eta foru-aldundiek utzi egingo diote erakunde erkideei kasuan kasuko ekarpen berezia egiteari.

    Metodologia hau indarrean egongo den hurrengo aurrekontu-ekitaldietan, halakorik balego, 8.4 artikuluan aurreikusitako eguneratze-indizea aplikatuko zaio aurreko paragrafoan adierazitako kenkari gehigarriaren urteko zenbatekoari.

  4. Eskualdatze berriaren eraginkortasuna ekitaldiko urtarrilaren batean hasten ez bada, eginkizun eta zerbitzu horien balorazioa proportzionalki hainbanatuko da, foru-aldundiek eskumenak eskuratu dituzten urte zatiaren arabera, eta eskualdatzea gertatzen den ekitaldirako bakarrik izango ditu ondorioak. Murrizketa proportzional horrek gastu arrunten benetako aldizkakotasuna hartuko du kontuan, bai eta inbertsioen benetako gauzatze-maila ere.

  5. Alderantziz jokatuko da eskualdatzea foru-aldundietatik erakunde erkideetara egiten bada.

Euskadiri lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko programa eta jarduera publikoei lotutako kostuan parte hartzeagatik dagokion finantzaketa aldatuko balitz eskualdatze-dekretuan edo, hala badagokio, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordioetan xedatutakoa aplikatuz, 2.c) artikuluan aipatzen den kenkaria aldatuko da, bai eta 7.a) artikuluan aipatzen den ekarpen berezia ere, Estatuari dagokion kupo likidotik kendu beharreko zenbateko berean.

Behin Estatuko Administrazioarekin adostuta Euskadik bereganatutako eskumenen ezohiko finantzaketarako zenbatekoa, ulertu behar da edozein aldaketak 2.d) artikuluan aipatzen den kenkariaren balorazioa ekarriko duela, bai eta 7.b) artikuluan aipatzen den ekarpen bereziaren balorazioa ere, Estatuarentzako kupo likidotik kendu beharreko zenbateko berean.

Lurralde historikoek erakunde erkideen kargei aurre egiten lagunduko dute, bai eta kupoa zehazteko metodologiatik eratorritako betebeharrei aurre egiten ere, kapitulu honetan xedatutakoaren arabera zehaztuko diren ekarpen-koefiziente horizontalen proportzioan.

  1. Lurralde historikoen ekarpen-koefiziente horizontalak irizpide hauen arabera aterako dira:

    1. Ekarpen-koefiziente horizontalaren % 70: lurralde historiko bakoitzari dagokion errenta erlatiboaren zuzeneko funtzioaren arabera.

    2. Ekarpen-koefiziente horizontalaren % 30: lurralde historiko bakoitzari dagokion ahalegin fiskal alderantzizko erlatiboaren zuzeneko funtzioaren arabera, lurralde horren zerga-bilketarako ahalmenaren arabera haztatuta.

  2. Irizpide horien adierazpen matematikoa honako ekuazio honen bidez formulatzen da:

    (Ikus .PDF)

    non,

    Ai = Lurralde historiko bakoitzaren ekarpen-koefiziente horizontala, ekarpen osoaren ehunekoan

    Yi = i lurraldearen errenta

    Y = Euskal Autonomia Erkidegoko errenta

    Ti = i lurraldeko zerga-bilketa

    T = Hiru lurraldeetako zerga-bilketa osoa

    CRi = i lurraldearen zerga-bilketarako ahalmen erlatiboa

  3. Ekitaldi bakoitzerako kalkulatutako lurralde historikoen ekarpen-koefiziente horizontalak ez dira aldatuko ekitaldian zehar, eta ekitaldi horretako ekarpenak likidatu arte ere aplikatuko dira.

  1. Ekarpen-koefiziente horizontalak zehazteko irizpideak aplikatzeko, erabili beharreko aldagaiek definizio hauek bete beharko dituzte:

    1. Errentarako, lurralde bakoitzeko barne-produktu gordina erabiliko da, merkatu-prezioetan adierazia, Euskal Autonomia Erkidegoko guztizkoarekin alderatuta, eta Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako azken lau urteetako datuen pisu erlatiboen batezbesteko aritmetikoa hartuko da kontuan.

    2. Ahalegin fiskala, 27/1983 Legearen arabera, bi hauen arteko erlazioa da: alde batetik, zerga-kontzeptu guztiak direla-eta, udal-ordainarazpen zuzenekoak barne, urtean bildutako zenbatekoa, eta, bestetik, errenta. Aipatutako zerga-kontzeptuak foru-aldundien eta udalen aurrekontuetako I. eta II. kapituluetan jasotakoak dira.

      Erabilitako bilketa-datuak likidatutako azken ekitaldikoak izango dira.

      Ahalegin fiskala kalkulatzeko aplikatu beharreko errenta-datuek eta diru-bilketakoek urte berekoak izan behar dute. Horretarako, lurralde historiko bakoitzeko barne-produktu gordin merkatu-prezioetan adieraziaren azken datua proiektatuko da, Euskal Estatistika Erakundeak argitaratua, alegia, eta hauek aplikatuko zaizkio: magnitude horrek kasuan kasuko ekitaldietan Euskal Autonomia Erkidegoan izandako hazkunde monetarioaren tasak.

      Ahalegin fiskalaren alderantzizkoa nahitaez lotu behar da, biderketaz, lurralde bakoitzaren zerga-bilketarako ahalmenarekin.

      Zerga-bilketarako ahalmena kalkulatzeko, Euskal Autonomia Erkidego osoaren zerga-bilketaren egitura hartuko da oinarri, metodologia honen II. eranskinean jasotzen diren zerga-kontzeptuei dagokienez, eta kontzeptu bakoitzari guztizko zerga-bilketan duen ehuneko-zatia egotziko zaio. Zerga-bilketaren kontzeptu bakoitzari hau lotzen zaio, lurralde historiko bakoitzerako eta Euskal Autonomia Erkidegoko guztizkoarekiko ehunekotan: tributazioaren jatorrian dagoen adierazle ekonomikoa. Bi elementu horietatik abiatuta, eta bigarrena lehenengoarekin haztatuz, hau kalkulatzen da, guztizkoarekiko ehunekotan ere: adierazle bakoitzaren zerga-bilketa teorikoa edo batez besteko zerga-bilketarako ahalmena lurralde historiko bakoitzerako.

      Adierazle bakoitzerako lortutako emaitzen baturak lurralde historiko bakoitzaren zerga-bilketarako ahalmena adierazten du.

      Metodologia honen II. eranskinean zehazten da zer adierazle ekonomiko erabili behar den zerga-bilketaren kontzeptu bakoitzerako. Adierazle horietan edozein aldaketa izanez gero, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartu beharko du.

  2. Adierazle eta kalkulu guztietarako erabili beharreko datuak Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako azkenak izango dira. Argitaratutako daturik ez badago, Euskal Estatistika Erakundeak horretarako egindako zenbatespenak erabiliko dira, edo Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak egokien jotzen dituen estatistika-iturrien azken datu eskuragarriak.

Foru-aldundi bakoitzak erakunde erkideei egin beharreko ekarpena kalkulatzeko, lurralde historikoari dagokion ekarpen-koefiziente horizontala, 13. eta 14. artikuluen arabera kalkulatuta, aplikatuko zaio II. kapituluan definitutako ekarpen orokorraren eta berezien zenbatekoari.

Foru-aldundietako bakoitzak balio erantsiaren gaineko zergagatik, fabrikazio-zerga berezi bakoitzagatik eta elektrizitatearen gaineko zerga bereziagatik jasotzen dituen diru-sarrerak, sortzapen edo sorrera urtea edozein dela ere, bi hauen arteko alde edo diferentziaren arabera doituko dira: batetik, tributu-kontzeptu horietako bakoitza dela-eta Euskal Autonomia Erkidego osoan izandako benetako bilketari aplikatuz gero dena delako lurralde historikoak ekitaldi horretarako duen koefiziente horizontala, hortik ateratzen den emaitza, eta, bestetik, lurralde historikoan zerga-kontzeptu bera dela eta izandako benetako bilketa.

  1. Estatuari ordaindu beharreko kupo likidoari lurralde historiko bakoitzak egingo dion ekarpena eta kupoa zehazteko indarreko metodologian aurreikusitako konpentsazioetan izango duen parte-hartzea zehazteko, ekarpen-koefiziente horizontala aplikatuko zaie dagozkien zenbatekoei.

  2. Balio erantsiaren gaineko zergaren bidez bildutakoaren doikuntza eta fabrikazio-zerga berezien bidez bildutakoaren doikuntzak, Ekonomia Itunaren 53. eta 54. artikuluetan aurreikusitakoak, lurralde historiko bakoitzaren ekarpen-koefiziente horizontalen proportzioan banatuko dira lurralde historikoen artean.

  3. Ekarpen-koefiziente horizontal hauek erabiliko dira aurreko 1. eta 2. apartatuetan: kasuan kasuko finantza-fluxuak egiten diren ekitaldiari dagozkionak.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak urtero ezarriko du Egokitzapenerako Funts Orokor bat, eta erakunde erkideek eta hiru foru-aldundiek ekarpenak egingo dizkiote; xedea bikoitza izango da: batetik, ziurtatzea ezen, arau- edo kudeaketa-desberdintasunen ondoriozko arrazoiak salbu, foru-aldundi bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko diru-bilketa banatu beharreko osoan izango duen partaidetza erlatiboa, behin funtsera eman beharrekoa kenduta, bere ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99ra iritsiko dela, eta, bestetik, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren iritziz funts horrekin erantzun behar zaion ohiz kanpoko beste edozein gorabeherari erantzutea.

Egokitzapenerako Funts Orokorra bi tarte bereizitan egituratuko da, horien guztien muga ez da izango 4. artikuluan definitu diren banatu beharreko baliabideen % 1,45 baino handiagoa, eta tarte bakoitzaren zenbatekoa, eman beharrekoa eta banaketa instituzionala, bai behin-behinekoz bai behin betiko kalkulatzeko, hurrengo artikuluan ezarritako arauen arabera zehaztuko dira.

  1. Egokitzapenerako Funts Orokorraren lehen tartea.

    1. Egokitzapenerako funts orokorraren lehen tartearen zenbatekoa.

      Egokitzapenerako Funts Orokorraren lehen tartearen gehieneko zenbatekoa ez da izango 4. artikuluan definitutako banatu beharreko baliabideen % 1 baino handiagoa, eta hauen arteko zatiduraren bitartez zehaztuko da:

      Batetik, 1.1.a) artikuluan definitutako banaketapeko diru-bilketari aplikatuz gero foru-aldundi bakoitzaren ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99ren eta foru-aldundi bakoitzak banaketapeko diru-bilketan duen partaidetza erlatiboaren arteko diferentzia, hortik ateratzen diren zeinu positiboko zenbatekoen batura, eta

      Bestetik, erakunde erkideen eta foru-aldundien koefiziente bertikalen batura, baldin eta haien diru-bilketa erlatiboa ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99tik gora badago.

      Ondorio horietarako, foru-aldundi bakoitzari dagokion koefiziente bertikala zehazteko, bakoitzaren koefiziente horizontala aplikatu behar zaio erakunde erkideen koefiziente bertikalaren osagarriari.

    2. Egokitzapenerako Funts Orokorraren lehen tarterako eman beharrekoa:

      1. Erakunde erkideek funtsaren lehen tarteari eman beharrekoa kalkulatzeko, 5. artikuluan adierazitako banaketa bertikaleko koefizientea aplikatuko zaio haren zenbatekoari.

      2. Gainerakoa foru-aldundiei egokituko zaie, bakoitzari bere ekarpen-koefiziente horizontalaren arabera.

  2. Egokitzapenerako Funts Orokorraren bigarren tartea.

    1. Egokitzapenerako funts orokorraren bigarren tartearen zenbatekoa.

      Egokitzapenerako Funts Orokorraren bigarren tartea aktibatuko da baldin eta, lehen tartea aplikatuta, foru aldundi guztietarako ez bada lortu % 99ko bermea, 18. artikuluan adierazia. Bigarren tartearen gehienezko muga ez da izango 4. artikuluan definitu diren banatu beharreko baliabideen % 0,45 baino handiagoa, eta tarte horren zenbatekoa hauen arteko zatiduraren bitartez zehaztuko da:

      Batetik, 1.1.a) artikuluan definitutako banaketapeko diru-bilketari aplikatuz gero foru aldundi bakoitzaren ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99ren eta foru-aldundi bakoitzak banaketapeko diru-bilketan duen partaidetza erlatiboaren arteko diferentzia, hortik ateratzen diren zeinu positiboko zenbatekoen batura, eta

      Bestetik, batura hau: erakunde erkideek funtsari eman beharrekoaren ehunekoa gehi diru-bilketa erlatiboa ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99kotik gora duten foru-aldundiek funtsari eman beharrekoaren ehunekoa.

      Ondorio horietarako, foru-aldundi bakoitzak banaketapeko diru-bilketan duen partaidetza erlatiboa berriz kalkulatuko da, Egokitzapenerako Funts Orokorraren lehen tartearen zenbateko garbia diru-bilketari gehitu ondoren.

    2. Egokitzapenerako Funts Orokorraren bigarren tarterako eman beharrekoa:

      1. Erakunde erkideek Egokitzapenerako Funts Orokorraren bigarren tarteari eman beharrekoa bere zenbatekoari % 50eko ehunekoa aplikatuta ateratzen da.

      2. Gainerako % 50a foru-aldundiei egokituko zaie, bakoitzari bere ekarpen-koefiziente horizontalaren arabera.

      3. Egokitzapenerako Funts Orokorraren bi tarteen arau komunak.

        1. Aurreko A) eta B) letretako 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuta, gerta liteke Funtsaren onuradun ez den foru-aldundiren bati ateratzen zaion eman beharrekoak bi hauen arteko diferentziaren zenbatekoa gainditzea: alde batetik, aldundiaren benetako bilketa, eta, bestetik, 1.1.a) artikuluan definitutako banaketapeko diru-bilketari aldundiaren ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99 aplikatzearen emaitza. Hala gertatuz gero, aldundi horrek Funtsaren lehen tarteari edo, hala badagokio, bigarren tarteari eman beharrekoa diferentzia horren zenbatekoa izango da. Funtsaren onuraduna ez den eta kasu horretan ez dagoen foru-aldundiak bere gain hartuko du gainerako zenbatekoa, foru-aldundi guztiek eman beharrekoa osatu arte. Muga izango da hark eman beharreko guztiaren zenbatekoak ez gainditzea bi hauen arteko diferentzia: batetik, aldundi horren benetako bilketa, eta, bestetik, 1.1.a) artikuluan definitutako banaketapeko diru-bilketari aldundi horren ekarpen-koefiziente horizontala aplikatzearen emaitza.

        2. Baldin eta bi foru-aldundiren diru-bilketa erlatiboa bakoitzaren ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99tik beherakoa bada, eta funtsaren lehen tartearen zenbateko osoa, edo, hala badagokio, bigarren tartearena, ez bada nahikoa biek ehuneko horretara iristeko, funtsaren banaketa, aldundi horiek eman beharrekoa kenduta, haietako bakoitzak % 99 horretara iristeko behar duen zenbatekoaren proportzioan egingo da.

        3. Egokitzapenerako Funts Orokorraren bi tarteen mugak aplikatuta ezin bada foru-aldundietarako bermatu beren ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99ko diru-bilketa erlatiboa, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, azken emaitzak ikusita eta txostena egin ondoren, ebazten badu ezen, delako foru-aldundiak edo direlako foru-aldundiek 1.1.a) artikuluan definitzen den banaketapeko diru-bilketan duten partaidetza erlatiboa bakoitzaren ekarpen-koefiziente horizontalaren % 99tik behera gelditu bada, emaitza hori ez dela gertatu beste foru aldundiekiko arau- edo kudeaketa-diferentziengatik, egokitu egingo du Egokitzapenerako Funts Orokorraren zenbatekoa, beti errespetatuta erakunde bakoitzak eman beharrekoari ezarritako mugak, artikulu honetan ezarriak.

  1. Toki-ogasunek partaidetza izango dute 1.1 artikuluan aipatzen diren banaketapeko diru-sarreretan hauek deskontatu ondoren: Estatuari ordaindu beharreko kupoa, erakunde erkideei egin beharreko ekarpenak eta foru-aldundien berariazko finantzaketa, bai eta Egokitzapenerako Funts Orokorraren zenbateko garbi positibo edo negatiboa ere, kapitulu honetan aurreikusitako moduan.

  2. Lurralde historikoetako foru-organoek, finantzaketa orokorraren bidez eta, hala badagokio, inbertsio-plan espezifikoen bidez, beren mendeko toki-erakundeei bideratuko diete, tributu itunduen bilketan parte izan dezaten, lurralde historikoan erabilgarri dauden baliabideen % 39,23 gutxienez, honako adierazpen honen arabera kalkulatuta:

    RDI = RI DI PI AGI TI ± FGI

    non:

    RDi = baliabide erabilgarriak

    Ri = banatu beharreko diru-sarrerak

    Di = kupoa zehazteko metodologiatik datozen kenkariak, 2. artikuluan aipatzen direnak

    Pi = 3. artikuluan aipatzen den kenkari berezia

    AGi = erakunde erkideentzako ekarpen orokorra

    Ti = Erakunde erkideek foru-aldundiei egindako eskualdaketa berrien balorazioa, 9.1 artikuluan aipatzen dena

    FGi = Egokitzapenerako Funts Orokorraren zenbateko garbia

    i azpi-indizeak adierazten du kontzeptu bakoitzaren zenbatekoa lurralde historiko bakoitzari benetan dagokiona izango dela.

  1. Lurralde historikoetako foru-organoek, Ekonomia Itunean eta 27/1983 Legean aitortuta dituzten ahalmenak deusetan galarazi gabe, finantza-nahikotasunaren eta arrisku partekatuaren printzipioak beteko dituzte hau zehazten dutenean, urtero: toki-erakundeek zer partaidetza izango duten lurralde historikoei dagozkien diru-sarrera itunduetan.

  2. Lurralde historiko bakoitzean toki-erakundeek zenbateko partaidetza izango duten zehaztea lurralde historikoko foru-organoen eskumena da, eta, ondorioz, organo horiek askatasun osoz baliatuko dute eskumen hori, foru-arauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz eta ezertan eragotzi gabe hurrengo apartatuaren gomendioa.

  3. Lurralde historikoetako foru-organoei politika fiskaleko gomendio gisa ezartzen zaie banaketa hori egiteko irizpideek bila dezatela gastu arruntari buruz berdintasunezko eta elkartasunezko politika orokorra lortzea, eta kontuan har daitezela, gutxienez, biztanleria, ahalegin fiskala eta, hala badagokio, lurralde historiko bakoitzeko toki-erakundeen antolamendu-berezitasuna.

Eginkizunak eta zerbitzuak erakunde erkideetatik toki-erakundeetara eskualdatzeari dagokion finantzaketa Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren berariazko akordio bidez arautuko da.

  1. Bigarren artikuluan aipatutako kenkarien behin-behineko zenbatekoa kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean aplikatuko da kupoa zehazteko indarreko metodologian xedatutakoa.

  2. Kupoa zehazteko metodologiatik datozen kenkarien behin betiko likidaziotik eratorritako zenbatekoak likidazio hori egiten den ekitaldian zenbatuko dira.

  1. Foru-aldundiek erakunde erkideei dagokion aurrekontu-ekitaldian egin beharreko ekarpen orokor eta bereziak kalkulatzeko, 1. artikuluan aipatutako diru-sarreren aurreikuspena aplikatuko da, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak egina, bai eta metodologia honetan zehaztutako gainerako mekanismoak ere. Hori guztia, ekitaldiko aurrekontuak egin ahal izan ditzaten.

  2. Ekitaldi bakoitzean diru-sarrera fiskal itunduak direla-eta foru-aldundien alde sortutako interes likidoei dagokienez, 1.1.b) artikuluan aipatzen baitira, haien behin-behineko zenbatekoa kalkulatzeko, aurreko urterako aurreikusitakoari 25. artikuluan aipatutako eguneratze-indizea aplikatuko zaio, zatidura honetatik ateratako indizearekin ere haztatuta: Autonomia Erkidegoko Administrazioak Erkidegoko finantza-erakundeekin dena delako ekitaldirako itundu beharreko interes-tasa gordinaren aurreikuspena zati aurre-aurreko ekitaldirako aurreikuspena.

  3. Hirugarren artikuluan aipatutako kenkari bereziaren behin-behineko zenbatekoa ateratzeko, 25. artikuluan aipatutako eguneratze-indizea aplikatuko zaio aurreko ekitaldirako aurreikuspenari.

  4. Foru-aldundiek, 27/1983 Legearen 25. artikuluan zehaztutako epeetan, sei entrega berdin egingo dituzte, artikulu honen 1. apartatua aplikatuz ateratako behin-behineko zenbateko osoa bete arte.

2 eta 24.3 artikuluetan aipatzen den eguneratze-indizea zatidura honen emaitza izango da: tributu itunduak direla eta, zehazki 1.1.a) artikuluan jasotakoak, kasuan kasuko ekitaldian Autonomia Erkidegoan aurreikusitako diru-bilketa zati aurreko ekitaldirako diru-bilketaren aurreikuspena.

  1. Estatuari ordaindu beharreko kupoaren eta kupoa zehazteko indarreko metodologian aurreikusitako konpentsazioen behin betiko likidazioa egin ondoren, horien emaitzak 2. artikuluan zehaztutako kenkarietan sartuko dira, eta 7. artikuluan aipatutako ekarpen bereziak aldatu, dagokionaren arabera.

    Era berean jardungo da, hala badagokio, behin-behineko kupoan eta behin-behineko konpentsazioetan egindako aldaketekin.

  2. Aurreko apartatuan eta 8., 9., 10. eta 11. artikuluetan aurreikusitakotik eratortzen diren ekarpen-aldaketak zati berdinetan banatuko dira 27/1983 Legearen 25. artikuluan aipatu eta oraindik mugaeguneratu gabe dauden epeetan.

Seigarren ekarpena egiten den unean, likidazio aurreko doikuntza bat egingo da, oinarritzat hartuta 1. artikuluan definitu diren eta Ekonomia Itunaren kudeaketatik datozen diru-sarreren likidazio-aurreikuspenak. Aurreikuspen horiek Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartuko ditu ekitaldi bakoitzeko urriko lehen hamabostaldian.

  1. Hurrengo ekitaldiko otsailaren lehen hamabostaldian egingo du ekarpenen likidazioa Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak.

  2. Likidazio hori egiteko, 1.1.a) artikuluan aipatutako diru-sarrerei buruzko datu errealak hartuko dira kontuan, foru-aldundiek horretarako emandako ziurtagirietan jasotako datuen arabera.

    Borondatezko epean onartuz gero tributu-zorra ordaintzea ondasunak eta eskubideak entregatuta, foru-aldundiek egiaztatuko dute ekitaldi bakoitzean kitatutako zorraren zenbatekoa. Zenbateko hori aurreko paragrafoan aipatutako ziurtagirien datuei gehituko zaie, ekarpenen likidazioa egiteko.

    Tributu-zorrak kitatzen direnean ondasunak edo eskubideak eskuratuz premiamendu-bidean edo konkurtso-prozeduretan, ondasun-eskubide horien balorazioa, ekarpenen likidazioa egiteko, banatu beharreko diru-sarrera hauei gehituko zaie: ondasun-eskubide horien besterentzea edo behin betiko esleipena egiten den ekitaldikoei. Kasu horietan, sartu beharreko zenbatekoa Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak ondasun eta eskubide horiei buruz onartzen duen baloraziotik eratorritakoa izango da. Kontseiluak, egoki irizten dionean, zenbait aurrekontu-ekitalditan periodifikatu ahal izango du zenbateko horren integrazioa.

  3. Zehatz jakiteko zein den 1.1.b) artikuluan aipatzen diren interesen eta 3. artikuluan aipatzen den kenkari bereziaren likidazio-zenbatekoa, behin-behinean finkatutako zenbatekoak berrikusiko dira, indize hau aintzat hartuta: tributu itunduek, zehazki 1.1.a) artikuluan zerrendatutakoek, Euskal Autonomia Erkidegoan izandako benetako bilketak hasieran aurreikusitakoarekin duen erlazioaren arabera.

    Horrez gain, interesen kasuan, horrela lortutako emaitza haztatu egingo da zatidura honekin: Autonomia Erkidegoko Administrazioak Erkidegoko finantza-erakundeekin dena delako ekitaldirako itundutako benetako interes-tasa gordina zati hasieran aurreikusitako interes-tasa.

  4. Bigarren artikuluan aipatutako Kupoa zehazteko metodologiatik datozen kenkariak likidazioan zenbatzeko, benetan ordaindutako kupotik eta ekitaldian zehar benetan egindako konpentsazioetatik etorri beharko dute.

  1. Foru-aldundiek balio erantsiaren gaineko zergagatik, fabrikazio-zerga bereziengatik eta elektrizitatearen gaineko zerga bereziagatik bilduko dutenaren aurreikuspena ateratzeko, dagokion ekarpen-koefiziente horizontala aplikatuko zaio Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak diru-sarrera horien gainean egindako aurreikuspenari.

  2. Aurreko apartatuan aipatutako doikuntzak ekitaldian zehar gauzatzeko, hau da, doikuntza horien zehaztapen, forma eta epeetarako, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako prozeduraren arabera jokatuko da.

  3. Hurrengo ekitaldiko urtarrilaren lehen hamabostaldian egingo da doikuntzen likidazioa, ekitaldiko diru-bilketaren datu errealen arabera.

  4. Ekitaldi bateko doikuntzen likidazioaren emaitzari dagokionez, ekitaldi horretako benetako diru-sarrera edo ordainketen barruan kontabilizatuko dute foru-aldundiek.

  1. Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, aurrekontu-aurreikuspenen arabera, Egokitzapenerako Funts Orokorraren behin-behineko zenbatekoa ezarriko du, eta erakunde bakoitzak dagokion behin-behineko zuzkidura jarriko du. Behin-behineko funtsaren bi heren ekainean aplikatuko dira, ekarpena ordaintzeko epearekin bat etorriz.

  2. Ekarpenen likidazioarekin batera, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak Egokitzapenerako Funts Orokorraren behin betiko likidazioa erabakiko du. Horretarako, txostena egin ondoren, ebatzia izan beharko du ezen, delako lurralde historikoak edo direlako lurralde historikoek Euskadiko diru-bilketa osoan duten partaidetza erlatiboa bakoitzaren koefiziente horizontalaren % 99tik behera gelditu bada, emaitza hori ez dela gertatu beste lurralde historikoekiko arau- edo kudeaketa-diferentziengatik.

Toki-erakundeek 1.1 artikuluan aipatzen diren sarreretan duten partaidetzatik ekitaldi bakoitzerako ateratzen diren zenbatekoak likidatu egin beharko dira ekitaldia amaitu eta 28. eta 30. artikuluetan aurreikusitako likidazioa egin ondoren.

  1. Foru-aldundiek informazio hau bidaliko diote Eusko Jaurlaritzari:

    1. Banaketapeko diru-sarreratzat (R) jotako kontzeptuengatik lortutako diru-sarreren ziurtagiria, dagokion hilaren hurrengoaren lehenengo hamabost egunen barruan eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan onartutako ereduen arabera.

    1. Banaketapeko diru-sarreren (R) bilakaeran eragina izan dezaketen inguruabarrei buruzko analisi konparatibo eta deskribatzaileei buruzko informazioa, halaber, dagokion hilaren hurrengoaren lehenengo hamabost egunen barruan, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan onartutako ereduen arabera.

    1. Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak edukia eta aldizkakotasuna zehaztuko dizkien tributu-estatistikak.

    1. Tributu itunduak direla-eta diru-bilketa gauzatzeko jasotako ondasun eta eskubideei buruzko informazioa, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako eredu eta epeen arabera. Informazio hori tributu itunduen bilketaren ondorioz lortutako ondasun eta eskubide guztien erregistro bateratua izango da.

  2. Halaber, foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzaren esku jarriko dute VI. kapitulu honetan aipatzen diren kalkuluak egiteko behar diren datu guztien ziurtagiria.

    Eusko Jaurlaritzak foru-aldundien esku jarriko du metodologia hau eta horren ondoriozko finantza-fluxuak behar bezala aplikatzeko behar den informazio guztia.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Baldin eta Ekonomia Itunean edo zerga-sisteman sartutako aldaketengatik edo ekonomiak edo salbuespeneko beste gorabeheraren batek eragindakoengatik funtsezko aldaketak egin behar badira baliabideak banatzeko eta ekarpenak zehazteko ereduan, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak dagozkion metodologia- eta kalkulu-aldaketak proposatu ahal izango ditu. Proposatzen diren aldaketak jasotzen dituen lege-proiektua aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrari, onar dezan.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio publikoen aurrekontu-egonkortasuneko helburuak erabaki ahal izango ditu, kontuan hartuta zer konpromiso hartzen den haientzat Ekonomia Itunaren 62. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuta.

  2. 27/1983 Legearen 14.2 eta 27.4 artikuluetako aurreikuspenak betetzeko, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluari egokituko zaio Euskadiko Ogasun Nagusiaren eta lurralde historikoen zorpetze-politika eta, oro har, finantza-jarduera koordinatzea eta harmonizatzea.

    Era berean, 27/1983 Legearen bigarren xedapen gehigarriko 3.2 apartatuan eta apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 115.2 artikuluan jasotakoa betetze aldera, toki-erakundeek itundu nahi dituzten urtebetetik gorako eperako kreditu-eragiketak, betiere, lurralde historikoen kreditu-eragiketekin eta Autonomia Erkidegoko zorpetze-politikarekin koordinatu eta harmonizatuko dira, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren barruan.

  3. Jarraipen- eta kontrol-mekanismo egokiak antolatuko dira, aurrekontu- eta finantza-politikari dagokionez ezarritako gidalerroen betetze-maila baloratzeko.

    HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

  1. Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztuko du zenbait plan eta proiektu finantzatzeko modua; hain zuzen ere, bai Estatuko Administrazioaren eskumenetan eragina dutelako, bai Euskadiko ekonomia eta gizartea sustatzeko eta garatzeko berebiziko garrantzia dutelako, baliabide-esleipen oso garrantzitsua behar badute eta erakunde guztiei eragiten badiete.

  2. Xedapen gehigarri honen babesean onartutako plan eta proiektuen finantzaketa banaketa bertikaleko ereduaren kenkari berezitzat hartuz gero, 3. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera jokatuko da, eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak zehaztuko du hasierako eta amaierako zenbatekoa.

    LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Metodologia honen indarraldian, ekitaldi bakoitza amaitzean, foru-erakunderen batean edo batzuetan ekonomia- eta finantza-desorekarik agertuz gero, baliabideen banaketa-ereduan duten pisu espezifiko desberdinaren ondorioz sortua, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak, dagozkion txostenak egin ondoren, horiek zuzentzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

    BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Baldin eta 24.2 artikuluan aipatzen diren behin-behineko interes likidoen zenbatekoa ekitaldi batean zero bada, hurrengo ekitaldietarako interesak kalkulatzea eragozten duen aurreko ekitaldiko balio baldintzatzaile baten ondorioz, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak erabaki egokiak hartuko ditu kalkulu-prozedura aplikatu ahal izateko erreferentziako behin-behineko zenbatekoa zehazteko.

    SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Foru-aldundien artean doituko dute, 16. eta 29. artikuluetan xedatutakoaren arabera, zer zenbateko bideratu behar den zenbait hidrokarburoren txikizkako salmenten gaineko zerga itzultzera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko otsailaren 27ko epaiaren ondorioz.

Salbuespen gisa, metodologia honen indarraldia igarotakoan hurrengo ekitaldietarako baliabideen banaketa eta ekarpenen zehaztapena arautzeko lege berri bat aldarrikatzen ez bada, metodologia hau berau oso-osorik aplikatuko da 2027. ekitaldirako eta hurrengoetarako.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 8a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik