Arautegia

Inprimatu

1/2020 LEGEA, urriaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 4595
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2020/10/29
  • Argitaratze-data: 2020/11/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzeko den 1/2020 Legea, urriaren 29koa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak xedatzen du, 10. artikuluan, zenbat gehitu ahal izango den, gehienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren epe luzeko zorpetze-saldoa aipaturiko ekitaldirako, bat etorriz onartutako diru-sarreren eta gastuen egoeraren koherentziarekin.

COVID-19 koronabirusak eragindako nazioarteko pandemiak ekarritako osasun- eta ekonomia-krisiak gastu handiagoa ekarri du pandemiak bereziki erasandako zerbitzuetan, baita zerga itunduen bidezko bilketa txikiagoa eta, ondorioz, ekitaldi honetarako aurrekontuaren diru-sarreretan kalkulatutako ekarpenak murriztea ere, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, 2020ko urriaren 15eko bilkuran, berretsi duen bezala.

Bestalde, Ekonomia Itunaren 48. eta 62.b artikuluetan xedatutakoa baliatuz, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, 2020ko irailaren 30ean egindako bilkuran, erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak berrikustea. Hori horrela, Estatuko Administrazioarekin adostutako berrikuspenaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2020rako defizitaren eta zorraren helburuak, hurrenez hurren, Autonomia Erkidegoko BPGaren % 2,6 eta % 16,3 dira. Horri dagokionez, garrantzitsua da kontuan hartzea bi ehunekoak 2020ko ekitaldirako erreferentzia-tasatzat hartu direla, 2020-2021 aldirako zerga-arauak eten egin baitira.

Bi inguruabar horiek, hots, ekarpenetatik eratorritako diru-sarrerak txikiagoak izango direla aurreikusteak eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean adostutako defizit-marjina handitzeak, komenigarri egiten dute epe luzeko zorpetzea arrazoizko zenbateko batean handitzea gastu handiagoak eta diru-sarrera txikiagoak arintzen laguntzeko eta euskal ekonomiaren leheneratze eta dinamizatzea suspertzeko; nolanahi ere, eutsi beharko zaio 2020ko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen artean hasieran onartutako aurrekontu-orekari.

Beraz, lege honek, zeinak aldatu egiten baitu Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 10. artikulua, helburua du arau horretan 2020. ekitaldirako aurreikusitako gehieneko zorpetze-muga handitzea, Ekonomia Itunaren babesean Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean adostutako aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren alorreko helburuen berrikuspenaren barruan.

Aldatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 10.1 artikulua, zorpetzearen gehieneko mugaren zenbatekoari dagokionez, eta honela idazten da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, muga honekin gehitu ahal izango da: ekitaldiaren amaierako saldoak gainditu ahal izango du ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa, baina ez 1.546.237.355 eurotik gora.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena eta exekuzioa.

Gobernuari baimena ematen zaio lege hau garatzeko eta exekutatzeko beharrezko diren xedapenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 29a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.