Arautegia
Inprimatu112/2026 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 138
- Hurrenkera-zk.: 3288
- Xedapen-zk.: 112
- Xedapen-data: 2026/06/30
- Argitaratze-data: 2026/07/22
Gaikako eremua
- Gaia: ---
- Azpigaia: ---
Testu legala
Gazteriaren 2/2022 Legeak, martxoaren 10ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria-politiken arau- eta eskumen-esparrua ezartzen du, eta gure Autonomia Erkidegoko gazteen eskubideak aitortzen ditu.
Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 6. artikuluak aisia hezigarrirako eskubidea aitortzen die gazteei. Era berean, administrazio publikoei eskatzen die aisia hezigarria eta inklusiboa sustatzeko eta pixkanaka baliabide-sarea indartzeko, lankidetza publiko-sozialaren bidez, bai eta talde profesionalak, baliabideak eta zerbitzu didaktikoak helburu horietara bideratzeko ere.
Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 24. artikuluak honela definitzen ditu haur eta gazteen astialdiko jarduerak: prestakuntza ematea helburu dutenak edo astialdia modu antolatuan betetzeko direnak, betiere izaera familiarrik ez badute eta ikastetxeren batek antolatzen ez baditu. Legeak xedatzen du erregelamendu bidez zehaztuko direla jarduera horiek egiteko kokalekuen betekizunak eta segurtasun-neurriak, bai eta beharrezko diren arduradunen profila, gutxieneko kopurua, prestakuntza, titulazioa eta jarduerarekiko dedikazioa ere.
Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legeak indartu egiten ditu Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak aisiari eta astialdiari buruz ezarritako printzipioak, eta adingabeek ingurune seguru, irisgarri eta inklusiboak izateko duten eskubidea bermatzen du.
Ildo beretik, Astialdi Hezigarria Sustatzeko 2030 Euskal Estrategiak bere helburuen artean ezartzen du aisia hezigarria eskubide gisa aitortzea, astialdiko hezkuntza indartzea eta astialdi hezigarriko erakundeen eta sareen ekarpen soziala nabarmentzea.
4/2026 Legeak, ekainaren 11koak, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legea aldatu du. Lege horrek ezartzen du erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dela adingabeek parte hartzen duten astialdiko jardueren hasieran. Era berean, Legeak adingabeekin lan egiten duten langileei eskatzen die sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izateko, bat etorriz Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoarekin eta Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legearekin.
Neska-mutikoen eta gazteen kanpamentuen, kolonien, kolonia irekien, lan-kanpaketen eta ibilaldietako kanpaketen araubidea arautzen duen ekainaren 25eko 170/1985 Dekretuak indarrean jarraitu du, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeari aurka egiten ez dion guztian. Dekretu horrek zehazten du zer betekizun eta baldintza bete behar dituzten jarduera horiek, zenbat arduradun eta begirale behar diren eta zer betebehar dituzten jarduera antolatzen duten entitateek.
Hala ere, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legean egindako aldaketek eta gizarte- eta administrazio-premien bilakaerak gomendatzen dute adingabeen babesa indartzea, aisia hezigarriko eta astialdiko jardueren baldintzak argitzea eta sinplifikatzea eta, azken batean, ekainaren 25eko 170/1985 Dekretuaren edukia sakon aldatzea.
Ondorioz, dekretu honen bidez, Gazteriaren Legea garatzen da, aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerei dagokienez, eta ekainaren 25eko 170/1985 Dekretua indargabetzen da.
Dekretua honela dago osatuta: azalpen-zatia; 30 artikulu, lau kapitulutan banatuta (xedapen orokorrak; jarduerak egiteko betekizunak; astialdiko langileak; eta ikuskapen- eta zehapen-araubidea), xedapen indargabetzaile bat, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.
Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko ekainaren 30ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren haur eta gazteen aisia eta astialdi hezigarriko jardueren antolamendua eta garapena arautzea. Jarduera horiek, besteak beste, honako modalitate hauek izan ditzakete:
Kanpaldia.
Kanpaldi ibiltaria, ibilaldietako kanpaldia edo ibilaldia.
Gazte-auzolandegiak.
Udalekuak.
Udaleku irekiak.
Dekretu honetan araututako jarduerek adingabeen interes gorena, haien eskubideak benetan baliatzea eta ongizate integrala bermatuko dituzte, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan eta Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legean aurreikusitakoaren arabera.
Dekretu honen mende geratzen dira 1. artikuluan deskribatutako aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerak, baldintza hauek betetzen badituzte:
Parte-hartzaileak adingabeak izatea eta haien guraso-ahala edo tutoretza dutenek jarduera horietan inskribatzea.
Jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egitea. Autonomia-erkidego honetan jardueron zati bat bakarrik egiten bada, dekretu hau aplikatuko da, baldin eta apartatu honetan deskribatutako baldintza guztiak betetzen badira.
Jardueren sustatzaileak pertsona fisiko edo juridikoak izatea, publiko zein pribatuak.
Jarduerek prestakuntza emateko edo astialdia modu antolatuan betetzeko helburua izatea.
1. artikuluan deskribatutako jarduerek ondoz ondoko lau egun edo gehiago irautea, edo, gaua igaro behar izanez gero, hiru gau edo gehiago irautea.
Dekretu honen mende geratzen dira desgaitasuna duten adingabeentzat soilik antolaturiko jarduerak, hargatik eragotzi gabe 7. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoa.
Aisia hezigarriko eta astialdiko jarduera hauek, berriz, dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira eta beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira:
Ikastetxeren batek eskolaldiaren barruan antolatutakoak. Udako, Gabonetako eta Aste Santuko oporrak hartuko dira eskolarik gabeko alditzat.
Familiakoak, non adingabeak haien guraso-ahala edo tutoretza dutenekin egoten diren.
Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legean araututako kirol-jarduerak.
Turismo-arloko legeriak araututako jarduerak.
Artikulu honen 1. apartatuan aurreikusi gabeko aisia hezigarriko eta astialdiko beste edozein jarduera.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honela ulertu behar dira termino hauek:
Aisia hezigarria eta astialdia: Aisia hezigarriak eta astialdiak esku-hartze sozioedukatiboaren eremu espezifiko bat eratzen dute, haurren, nerabeen eta gazteen eskubide gisa aitortua, non aisiak pertsonen bizialdi osoko prestakuntza integralera bideratutako asmo hezigarria hartzen duen. Eremu horrek Eskolako edo laneko nahitaezkotasunari lotuta ez dauden espazioak eta denborak hartzen ditu barnean, zeinetan, proposamen antolatuen, parte-hartzaileen eta metodologia aktiboetan oinarritutakoen bidez hala nola jolasa, sormena, harremana, bizikidetza eta esperimentazioa, gaitasun pertsonalak, sozialak, kulturalak eta komunitarioak garatzen laguntzen baita.
Aisia hezigarriak eta astialdiak zenbait balio sustatzen dituzte hala nola lankidetza, berdintasuna, dibertsitatea, elkartasuna, justizia soziala, ingurunearekiko konpromisoa eta parte-hartze demokratikoa, eta erantzukidetasuneko eta elkar zaintzeko prozesuak bultzatzen dituzte. Gainera, taldearen eginkizuna, lotura komunitarioa eta parte-hartzea aitortzen dituzte, hazkunde pertsonalerako eta gizarte-kohesiorako funtsezko tresna diren aldetik.
Hauek dira, besteak beste, dekretu honetan araututako aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerak:
Kanpaldia: aire zabaleko ostatu-jarduera bat da, kanpin-dendetan edo ostatu hartzeko beste bitarteko mugikor batzuetan egiten dena, jarduera horretarako azpiegitura finkoa edo iraunkorra duten lursailetan instalatua izan zein ez.
Kanpaldi ibiltaria, ibilaldietako kanpaldia edo ibilaldia: kanpaldia ibiltaritzat hartzen da baldin eta haren helburua ibilbide jakin bat betetzea bada eta zeharkaldiak ondoz ondoko hiru egun baino gehiago irauten badu, alde batera utzita ibilbide osoa Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan bakarrik egiten den.
Auzolandegia: jarduera honen helburua da hainbat tokitako gazteek beren borondatez parte hartzea gizarte-proiektu batean denbora jakin batez. Bizikidetza, talde-lana eta kultura-trukea sustatzen ditu.
Udalekuak: jarduera hauetan eraikin edo instalazio finkoetan hartzen da ostatu, hala nola aterpetxeetan, egoitzetan, udaleku-etxeetan, parrokia-etxeetan, baserri-eskoletan, aterpeetan edo antzekoetan.
Udaleku irekiak: oporraldietako (udako, Aste Santuko, Gabonetako) jarduera-programa. Ikastetxeetan edo beste hiri-instalazio batzuetan egiten dira, gaua bertan igaro gabe.
Jarduera antolatzen duen entitatea: pertsona fisikoa edo juridikoa izan daiteke; jarduera sustatzeaz gainera, haren edukiari eta gauzatzeari buruz erabakitzeko gaitasuna izango du. Jarduera egiteko eskubidearen titularra izango da, eta jarduera hori dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako moduan egitearen arduraduna.
Jardueraren arduraduna (zuzendaria): astialdiko zuzendariaren titulua izango du, jardueraren erantzukizuna bere gain hartuko du, giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatu eta jardueraren garapena gainbegiratuko du. Gainera, segurtasun-neurriak eta autobabeserako plana berrikusteaz arduratuko da.
Begiralea: astialdiko begiralearen titulua izango du, eta adingabeak gidatu, gainbegiratu eta motibatuko ditu.
Praktiketako begiralea: prestakuntza-prozesuan dago; gizarte- eta hezkuntza-arloko jarduerak edo laguntza-jarduerak egingo ditu aisia hezigarriaren eta astialdiaren esparruan, eta, betiere, begirale heldu baten gainbegiratze zuzen eta etengabearen pean jardungo du. Ez ditu inola ere ordezkatuko begirale arduradunak beraiei dagozkien eginkizunetan.
Heziketa-taldea: jardueraren zuzendariak eta begiraleek osatutako taldea.
Laguntzaileak: jardueraren funtzionamendu egokian lagunduko dute, logistikaren edo azpiegituraren alderdiei erreparatuz (besteak beste, sukaldea, garbitasuna eta intendentzia).
Laguntzako langileak: premia bereziak dituzten pertsonei lagunduko diete.
Osasun-arduraduna: lehen sorospenetan edo prestakuntza baliokidean prestakuntza egiaztatua duela jardungo du arlo horretan.
Babes-ordezkaria: jarduera antolatzen duen entitateak izendatutako pertsona. Adingabeek harengana jo dezakete beren ardurak eta kezkak adierazteko, edo pairatu, ikusi edo ezagutu duten indarkeria-egoeraren baten berri emateko, haurren eta gazteen aurkako indarkeria-egoerak detektatu eta prebenitze aldera.
Jardueran parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak errespetatzen direla bermatuko da, eta euskararen erabilera sustatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza den aldetik. Entitate antolatzaileek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte harremanetarako, parte-hartzerako eta, hala badagokio, ikaskuntzarako eta bizikidetzarako hizkuntza gisa erabil dadin aisia hezigarriko eta astialdiko jardueretan.
Helburu hori kontuan hartuta, aisia hezigarriko eta astialdiko entitateetako langileek, euskaraz garatzen badute beren jarduera, hizkuntza horretako hizkuntza-gaitasunak izango dituzte, hain zuzen ere jardueran parte hartzen duten pertsona guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Era berean, entitate antolatzaileek ardura hartuko dute publizitatea, dokumentazioa, familiekiko komunikazioa eta hezkuntza-materialak euskaraz egon daitezen eskuragarri, eta benetan eskuratzeko modua ziurtatuko dute.
Aisia hezigarriko eta astialdiko jardueren diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, genero-ikuspegia eta hezkidetza-printzipioa txertatuko dira, berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzeko, jokabide sexistak prebenitzeko eta genero-estereotipoak ezabatzeko.
Aisia hezigarriko eta astialdiko jardueretan, datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Entitate antolatzaileek eta jarduerak garatzen parte hartzen duten langileek beharrezko diren neurri tekniko eta antolakuntzakoak hartuko dituzte tratatutako datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta datu horiek galtzea, aldatzea edo baimenik gabe irispidean izatea saihesteko.
Aisia hezigarria eta astialdia printzipio hauen arabera garatu beharko dira: irisgarritasun unibertsala, pertsona guztientzako diseinua, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza eta arrazoizko egokitzapenak egitea; desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze osoa eta eraginkorra bermatuko ba betiere.
Desgaitasuna duten adingabeei soilik antolatutako jarduerek beharrezkoak diren laguntzak, doikuntzak eta irisgarritasun-baldintzak izango dituzte. Dekretu honetan xedatutako langile-ratioak eta titulazioak aplikatuko zaizkie gutxienez, eta haiek handitu edo hobetu ahal izango dituzte, adingabe horien premia bereziak aintzat hartuta.
Aisia Hezigarriaren eta Astialdiaren Erakundearteko Mahaia sortuko da, mahai tekniko gisa, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 48.8 artikuluarekin bat etorriz. Mahai horrek egingo du dekretu honen aplikazioaren jarraipena, koordinazioa eta ebaluazioa. Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da, eta, gutxienez, honako hauen ordezkariek osatuko dute:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa.
Foru-aldundiak.
Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel).
Mahai horrek, besteak beste, funtzio hauek izango ditu: dekretu honetan aipatutako laguntza-ereduak eta -baliabideak proposatzea, ikuskapen-irizpideak koordinatzea, beste autonomia-erkidego batzuetako administrazio publikoekiko harremanak bateratzea, eta haur eta nerabeek kontsultak egiteko eta parte hartzeko dituzten mekanismoak bultzatzea, aisia hezigarriko eta astialdiko politikak eta jarduerak ebaluatzeko eta hobetzeko.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Mahai horren bileretan eta eginkizunetan parte hartuko du, baldin eta deia egiten bazaio.
Dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen diren jarduerak egiteko, jarduera antolatzen duen entitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du aldez aurretik.
Jarduera egingo den lurraldeko foru-aldundiari zuzenduko zaio erantzukizunpeko adierazpena; jarduera lurralde historiko batean baino gehiagotan egitekoa bada, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan gazteriaren arloko eskumena duen sailari.
Administrazio publiko batek aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerak enplegatu publiko propioekin kudeatzen baditu, langile horien datuak zehaztuko ditu erantzukizunpeko adierazpenean. Jarduera horien kudeaketa kontratatzen badu, ordea, kontratatutako entitatea eta haren langileak zehaztu beharko ditu.
Erantzukizunpeko adierazpenak dekretu honen 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpena bitarteko elektronikoak baliatuz beteko da, adierazpenaren hartzaile den administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den formulario baten bidez. Administrazio horrek eguneratuta edukiko du formularioaren edukia.
Erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo emandako datuetan edo informazioan funtsezkoa den zehaztasun falta, faltsutasun edo omisioren bat badago, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa falta bada, ezin izango da jarduera egin edo hura egiten jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagokion zehapen-prozedura hastea. Halako kasuetan, dagokion jarduera errebokatzeko prozedura hasiko da ofizioz, jarduera antolatzen duen entitateari aurrez entzunda, eta organo eskudunak ebazpena emango du, aipatutako inguruabarrak gertatzen direla adierazteko, erantzukizunpeko adierazpena ondoriorik gabe uzteko eta deklaratutako jarduera etetea agintzeko, hargatik eragotzi gabe Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitako zehapen-araubidea aplikatzea.
Erantzukizunpeko adierazpenak organo eskudunaren aurrean garaiz eta behar bezala aurkezten denetik aurrera izango ditu ondorioak, alde batera utzi gabe haren edukia egiaztatzeko eta jarduera ikuskatzeko ahalmenak. Eskaerak ez baditu betetzen eskatutako betekizunak, interesdunari errekerimendua egingo zaio bost eguneko epean akatsa zuzendu dezan, edo aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela.
Jarduera hasi baino hilabete lehenago amaituko da adierazpena aurkezteko epea.
Jarduera baliogabetzen bada, edo erantzukizunpeko adierazpeneko datuak aldatzen badira, bitarteko elektronikoen bidez jakinarazi beharko da halakoen berri, aurreikusitako hasiera baino hamar egun lehenago, gutxienez.
Jarduera garatu ahala gertatzen badira aldaketak, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko zaizkio administrazio eskudunari.
Erantzukizunpeko adierazpena nahitaez erabili beharreko eredu elektroniko espezifiko baten bidez beteko da. Eredu hori eskuragarri egongo da egoitza elektronikoan, eta administrazio eskudun bakoitzak eguneratuta eduki beharko du.
Erantzukizunpeko adierazpenak datu hauek izan beharko ditu, gutxienez:
Jarduera antolatzen duen entitatearen identifikazio-datuak eta harekin harremanetan jartzeko datuak.
Jarduera antolatzen duen entitatearen ordezkariaren identifikazio-datuak eta harekin harremanetan jartzeko datuak.
Jardueraren arduradunaren identifikazio-datuak eta harekin harremanetan jartzeko datuak.
Jardueraren datuak:
Jarduera-mota (kanpaldia edo udalekuak, besteak beste).
Hasteko eta amaitzeko datak.
Programatutako gauen kopurua.
Adingabeen kopurua, sexuaren (gizonezkoa, emakumezkoa edo beste sexu-identitate batzuk) eta adin-tartearen arabera banakatuta.
Desgaitasuna duten adingabeen kopurua.
Zuzendarien, begiraleen, desgaitasuna duten adingabeei laguntzeko langileen eta laguntzaileen kopurua.
Jarduera egingo den instalazioaren edo lursailaren kokapena. Zeharkaldien kasuan, ibilbidea eta gaua igarotzeko lekuak zehaztu beharko dira. Koordenatuak adierazi beharko dira betiere.
Jardueraren hizkuntza-araubidearen adierazpena, hura garatzeko hizkuntza edo hizkuntzak zehaztuta.
Eremu naturaletako kanpaldietan, erabiliko den ura udal-saretik kanpokoa bada, uraren kalitate-kontrolak egingo dira, kontsumitzeko egokia dela ziurtatzeko. Horretarako, uraren kalitatea kontrolatzeko eredu bat egongo da eskuragarri, egoitza elektronikoan.
Jarduera antolatzen duen entitateak erantzukizunez adieraziko du dokumentazio eta betekizun hauek dituela, besteak beste:
Guraso-ahala edo tutoretza duten pertsonen baimena, adingabeek aisia hezigarriko edo astialdiko jardueran parte hartzeko emana. Baimen horretan jasota utziko da guraso-ahala edo tutoretza duten pertsonei informazio nahikoa eta egiazkoa eman zaiela proiektu pedagogikoaren inguruan. Egoitza elektronikoan baimen-eredu bat egongo da eskuragarri.
Jarduera egingo den lursailaren edo instalazioaren titularraren baimena. Horretarako, baimen-eredu bat egongo da eskuragarri, egoitza elektronikoan.
Toki-erakundearen aldeko txostena, lekuaren baldintzei buruzkoa, baldin eta jarduera aire zabalekoa bada. Txosten hori ez da beharrezkoa izango, lursailaren titularra jarduera antolatzen duen toki-erakundea bada.
Indarrean dagoen araudi sektorialak eskatzen dituen nahitaezko baimenak:
Obra-baimenak (zaintza eremuan), isurketa-baimenak eta ur-emakiden baimenak. Haien izapideak eskuragarri daude URAren egoitza elektronikoan.
Indarrean dauden arauek eskatutako beste edozein.
Elikagaiak manipulatzeko prestakuntzaren egiaztagiria, hala badagokio. Prestakuntza hori prestakuntza-plan eta -programen, lan-jarraibideen eta ikastaroen bidez jaso daiteke, besteak beste.
Lehen sorospenetan ezagutza egiaztatuak dituen osasun-arduradun bat izatea.
Adingabeen osasun-txartel indibiduala.
Dekretu honen 15. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako segurtasun-neurriak betetzea.
Sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa, urtero berritua, adingabeekin harremana duten langile guztiena.
Babes-ordezkariaren izendapena. Adingabeek harengana jo ahal izango dute beren kezkak adierazteko, eta bera arduratuko da ezarritako protokoloak hedatzeaz eta betearazteaz.
Haurren eta nerabeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko, detektatzeko eta hari aurre egiteko administrazio publikoen protokoloa aplikatzea.
Datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia betetzea, bereziki adingabeen datuen tratamenduari dagokionez, eta ziurtatzea datuen bilketa, tratamendua, kontserbazioa eta, hala badagokio, lagapena aisia hezigarriko eta astialdiko jardueratik eratorritako helburuetarako soilik egiten direla, datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri tekniko eta antolakuntzakoak hartuta.
Jarduera antolatzen duen entitateak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu erantzukizunpeko adierazpenarekin batera:
Astialdiko zuzendari- eta begirale-tituluak, edo ziurtagiri nahiz titulazio baliokideak.
Erantzukizun zibileko aseguru-polizaren ziurtagiria: poliza-zenbakia, indarraldia, estaldurak eta kalte-ordainen kapitalak. Halaber, egindako azken ordainketaren egiaztagiria aurkeztuko da.
Jarduera antolatzen duen entitateak eskura izango ditu aurreko betekizunen eta jarduera egiteko beharrezko diren beste edozein betekizunen dokumentazioa eta justifikazioa. Ikuskaritzak noiznahi eskatu ahal izango ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan argitaratuko dira deklaratu diren aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerak, baldin eta dekretu honetan eta berau garatzeko arauetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aplikazio informatiko bat garatuko du, elkarreragingarria izango dena aisia hezigarriaren eta astialdiaren arloan eskumenak dituzten EAEko gainerako administrazio publikoekin.
Aplikazio hori erabiltzeak administrazioen arteko komunikazioak erraztuko ditu, eta aisia hezigarriko eta astialdiko jardueren kudeaketa eta ikuskapena sinplifikatuko ditu. Era berean, aukera emango du jarduerak kontsultatzeko eta publizitatea emateko.
EAEko administrazio publikoek aplikazio hori erabiltzea erabaki ahal izango dute, hitzarmen bat sinatuz. Hitzarmen horretan, aplikazioa erabiltzeko baldintzak, administrazioek hartzen dituzten betebeharrak eta mantentzeko era ezarriko dira, besteak beste.
Arlo honetan eskumena duten administrazio publikoek elkarri komunikatuko dizkiote dekretu honetan araututako jarduerak, beren eskumenak errazago baliatzeko.
Administrazio publiko eskudunek aisia hezigarriaren eta astialdiaren arloko prestakuntza sustatuko dute.
Administrazio publiko eskudunek programa espezifikoak bultzatuko dituzte aisia hezigarriaren eta astialdiaren esparruan euskara sustatzeko, eta euskaraz osorik edo zati batean garatutako hezkuntza-proiektuak bultzatuko dituzte.
Jarduerak, eraikin batean edo instalazio finko batean egiten denean, baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:
Parte-hartzaileen osotasun fisikorako arriskurik ez dakarten eremuetan egongo da instalazioa, eta segurtasunerako arrisku nabarmenak dituzten kokalekuak saihestuko dira.
Errepideetatik hurbil dauden instalazioek istripuak prebenitzeko beharrezko diren babes-neurriak izan beharko dituzte, eta segurtasun- eta irisgarritasun-baldintza egokiak bermatu.
Dekretu honen xede diren eraikin eta instalazio finkoek dekretu honen 7. artikuluan xedatutakoa beteko dute.
Logeletako espazioek zuzeneko aireztapena izango dute kanpoaldera edo estali gabeko patioetara, airea behar bezala berritzen dela bermatzeko.
Higiene-zerbitzuek kontsumorako egokia den ur hotz eta beroa izango dute.
Ur beroko instalazioak legionella prebenitzeko eta kontrolatzeko arauzko betekizunak beteko ditu.
Jarduera bat kanpaldi-modalitatean egiten bada, finkoa edo ibiltaria izan, baldintza hauek betetzen dituzten lursailetan instalatuko dira kanpin-dendak eta beste egitura finko edo mugikor batzuk:
Arroko erakundearen baimena izatea, jarduera ibai batetik gertu egiten denean, dekretu honen 11.3.d) a artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Natura-ondareko gune babestuetan egin nahi diren jarduerak, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean xedatutakoari jarraituz, gune horiei aplikatu beharreko araudiaren arabera arautuko dira.
Jardueran parte hartzen duten pertsona guztien intimitatea eta segurtasuna bermatuko dira.
Jarduerek, zentroek, establezimenduek, espazioek, instalazioek edo bulegoek, baldin eta azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan biltzen diren autobabes-betebeharrei loturiko arrisku-egoerak sortu baditzakete, autobabes-plan bat izango dute, zeina behar bezala balioztatuta egongo baita Eusko Jaurlaritzaren autobabes-erregistroan (277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen dituena, larrialdiei aurre egiteko).
Jarduera guztietan, gutxienez, jardueraren arduradunek larrialdietan jarduteko prozedura ezagutu beharko dute, ebakuazio- eta komunikazio-neurriak barne, eta informazio hori talde parte-hartzaileari behar bezala helarazten zaiola ziurtatu beharko dute.
Larrialdietan jarduteko prozeduretan berariaz aurreikusi beharko dira desgaitasuna edo mugikortasun urria duten adingabeen premiak. Barnean hartuko dira banakako laguntza-neurriak eta ebakuazio-sistema irisgarriak, parte-hartzaile guztien babes eraginkorra ziurtatzeko.
Jarduera guztiek, irteeretan eta jarduerak egiten diren bitartean, beharrezkoak diren bitartekoak izan beharko dituzte «SOS-Deiak» Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin berehala harremanetan jartzea bermatzeko, edozein arrisku- edo larrialdi-egoeratan, zeinahi direla ere ingurunearen baldintzak edo jarduera garatzen den kokalekua.
Gorabehera-orriak eduki beharko dira; bertan jasoko dira jarduerak iraun bitartean gertatzen diren gertakari garrantzitsu guztiak, eta, bereziki, arriskuen balorazioarekin eta, hala badagokio, hartutako prebentzio-neurriekin zerikusia dutenak. Horretarako, dagokion formularioa jarriko da entitateen eskura, egoitza elektronikoan.
Erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko da, instalazioaren funtzionamenduak edo langileen egintzek eragin ditzaketen kalte pertsonal eta materialak estaltzeko, titularrak haien erantzukizuna bere gain hartu behar duenerako. Kasu horretan, aseguratu daitekeen arriskua gutxienez 300.000 eurokoa izan behar da.
Gaua igarotzea barnean hartzen duten astebete baino gehiagoko jardueretan, adingabeek eskubidea izango dute beraien guraso-ahala edo tutoretza dutenekin komunikatzeko.
Jarduera antolatzen duen entitateak bermatu beharko du jarduerak osasun- eta higiene-baldintza egokietan egiten direla, indarrean dagoen osasun-araudiari jarraituz, eta parte hartzen duten adingabeen babesa ziurtatu beharko du.
Jardueretan, botika-kutxa bat eduki beharko da, behar bezala hornitua, eskuragarria eta egoera onean, gorabehera arinei berehala erantzuteko eta oinarrizko lehen sorospenak aplikatzeko modukoa.
Adingaberen batek sendagaiak bat hartu behar baditu medikuak aginduta, haren guraso-ahala edo tutoretza duten pertsonen baimena eduki beharko da, eta medikazioa behar bezala kontserbatzen eta ematen dela bermatu.
Entitate antolatzaileak informazio eguneratua izan beharko du jarduera garatzen den eremuko osasun-laguntzako baliabideei eta guneei buruz.
Jarduera garatzen den bitartean, aplikatu beharreko araudiak eskatutako osasun-kontrolak egingo dira, hala dagokionean.
Entitate antolatzaileak parte hartzen duten adingabe guztien osasun-txartela edo dokumentu baliokidea eduki beharko du, osasun-arreta egokia emateko, hala behar izanez gero.
Elikagaiak manipulatzen dituzten langileek elikagaien segurtasunaren arloan eskatzen den prestakuntza izan beharko dute, eta ikuskaritzak edozein unetan eskatu ahal izango du dagokion akreditazioa.
Dekretu honek arautzen dituen jardueretan esku hartzen duten guztiek lankidetzan eta gizalegez jardun beharko dute, bizikidetza ona lortzeko aisia hezigarriko eta astialdiko jarduerak egiten diren ingurunearekin.
Aire zabaleko jardueren kasuan, haiek amaitu ondoren, lursaila garbituko da eta, hala badagokio, ingurune fisikoa hasierako egoerara lehengoratuko da.
Aisia hezigarriaren eta astialdiaren esparruan, bozgorailuak arduraz erabili beharko dira aire zabalean. Oro har, gauez ezingo da bozgorailurik erabili aire zabalean, batez ere 22:00etatik 08:00etara bitartean, eta potentzia akustikoaren arrazoizko mugak bete beharko dira, populazioen lasaitasunari eutsiz, bai eta animalia-espezieen eta haien habitaten lasaitasunari ere, bereziki naturaguneetan.
EAEko administrazio publikoek jarduketa-protokoloak prestatuko dituzte indarkeria matxista eta jazarpena prebenitzeko, detektatzeko eta haiei aurre egiteko.
EAEko administrazio publikoek segurtasun-arloko edo beste edozein motatako protokoloak ezarri ahal izango dituzte, aisia hezigarriko eta astialdiko jardueren garapenean adingabeen babesa bermatzeko. Protokoloetan, horiek aplikatzeko arduradunak identifikatuko dira, bai eta protokoloak bere gain hartu behar dituzten langileen prestakuntza ere.
Aisia hezigarriko eta astialdiko jardueretan, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera arduratsua, segurua eta hezigarria bermatu beharko da, eta adingabeen intimitatea, irudia eta datu pertsonalak babestu, bat etorriz indarrean dagoen araudiarekin eta haur eta nerabeen eskubide digitalekin.
Jarduera ororen buru arduradun bat izango da beti, zuzendari-titulua izango duena.
100 parte-hartzaile baino gehiago izanez gero, nahitaezkoa izango da beste zuzendari bat ere aritzea. Beste 100 parte-hartzaileko, beste zuzendari bat gehituko da, eta horrela hurrenez hurren.
Oro har, pertsona horrek planifikatu eta gainbegiratuko du jarduerak, zuzendaritza-taldeak eta gainerako langileek jarduera arautzen duen araudia betetzen dutela. Gainera, segurtasun- eta autobabes-neurriak berrikusteaz arduratuko da.
Zuzendaria jarduerak irauten duen bitartean eta jarduera egiten den lekuan egongo da. Ezinbestez han egoterik ez badauka, beste arduradun bat gaitu beharko da, zehaztutako denborarako edo kausarako. Erantzukizun nagusia zuzendariak hartzen du bere gain, baina azken erantzukizuna jarduera antolatu duen entitateari dagokio.
Zuzendariak haur eta gazteen astialdiko jarduera hezigarrietako zuzendariaren titulua izan beharko du, autonomia-erkidegoetako organo eskudunek emana, edo profesionaltasun-ziurtagiria edo hezkuntza-sistemako titulua, hirurek gaitzen baitute jarduera horretan aritzeko. Titulu eta ziurtagiri horiek administrazio eskudunen egoitza elektronikoetan egongo dira eskuragarri.
Administrazio publikoek antolatutako jardueretan, zuzendariaren titulazioa eskatuko da, baldin eta haren kudeaketa kontratatzen badute. Eskakizun horretatik kanpo geratzen dira zuzenean administrazioko langileekin kudeatzen diren jarduerak.
Heziketa-ziklo teorikoa gainditu eta praktikaldian dagoen pertsona bat hezkuntza-taldean sartzen denean, pertsona hori ez da kontuan hartuko eskatzen den zuzendari-ehunekora iristeko.
Zuzendaria eskatutako dokumentazioa zaintzeaz arduratuko da, eta ziurtatu beharko du edozein organo eskudunek berehala kontsultatzeko moduan dagoela, organoak hura egiaztatzeko eta ikuskatzeko, jarduera egiten den lekuan.
Jarduera guztien buru bi begirale izatea nahitaezkoa izango da beti. Haietako bat zuzendaria izan daiteke. Hogeita bat parte-hartzailetik gora, gutxienez begirale bat sartu beharko da taldean hamar partaideko.
Begiraleek adin nagusikoak izan beharko dute, jarduteko gaitasun osoa izan, eta jardueraren arduradunak zuzenean gainbegiratuta arituko dira.
Begiraleek haur eta gazteen astialdiko jarduera hezigarrietarako begiralearen titulua izan beharko dute, autonomia-erkidegoetako organo eskudunek emana, edo profesionaltasun-ziurtagiria edo hezkuntza-sistemako titulua, hirurek gaitzen baitute jarduera horretan aritzeko. Titulu eta ziurtagiri horiek administrazio eskudunen egoitza elektronikoetan egongo dira eskuragarri.
Heziketa-ziklo teorikoa gainditu eta praktikaldian dauden pertsonak sartzen badira taldeetan, tituludun begirale bakoitzeko praktiketako monitore bakarra egongo da gehienez.
Jarduerak osorik edo zati batean euskaraz egiten badira, bermatu beharko da euren lana hizkuntza horretan egiteko hizkuntza-gaitasun nahikoa duten begiraleak arituko direla.
Jardueran, aurreko artikuluetan aipatutako prestakuntzarik ez duten laguntzaileak aritu ahal izango dira. Laguntzaile horiek jardueraren zuzendariak gainbegiratuta baino ezin izango dituzte jarduketak egin, eta ez dira kontuan hartuko aurreko artikuluan aurreikusitako begirale-ehunekora iristeko.
Laguntzaileek sukaldeko, intendentziako eta administrazioko lanak egin ahal izango dituzte, besteak beste, baina ez dute inola ere hezkuntza-jardueran esku hartuko, eskatutako titulaziorik izan ezean. Gainera, heziketa-proiektua errespetatu beharko dute beti.
Hezkuntza-taldeko langile guztiek eta edozein jardueratan parte hartzen duten laguntzaileek eta osasun- eta segurtasun-arduradunek prestakuntza izan beharko dute haurrak eta nerabeak babestearen eta haiei tratu ona ematearen arloan, betetzen dituzten eginkizunei eta zereginei dagokienez.
Laguntza emango diete aisia hezigarriko eta astialdiko jardueretan parte hartu eta desgaitasuna duten adingabeei. Pertsona horiek prestakuntza espezifikoa izango dute, eta ez da beharrezkoa izango haur eta gazteen astialdiko jarduera hezigarrietarako begiralearen titulua izatea.
Dekretu honetan araututako jarduera oro osasun-arduradun izendatutako pertsona bat izango da; jardueraren arduradunak gainbegiratuta jardungo du, eta lehen sorospenetan egiaztatutako ezagutzak izango ditu. Zuzendariek edo begiraleek bete ahal izango dute funtzio hori, baldin eta lehen sorospenetako ezagutza egiaztatuak badituzte. Prestakuntza hori begirale- edo zuzendari-tituluaren bidez egiaztatu ahal izango da.
Eginkizun hauek izango ditu osasun-arduradunak:
Botika-kutxa mantendu eta zaintzea.
Oinarrizko lehen sorospenak aplikatzea.
Medikuak agindutako eta baimendutako tratamenduak aplikatzea.
Inguruko osasun-laguntzako guneei buruzko informazio nahikoa izatea.
Eremu naturaletako kanpaldietan berme sanitariorik gabeko ura erabiltzen bada (hau da, udal-saretik edo botilako uretik ez datorrena), uraren tratamendua eta kalitate-kontrolak egitea, kontsumorako egokia dela ziurtatzeko.
Ikuskatzaileek elikagaiak manipulatzen dituen edozein pertsonari eskatu ahal izango diote arlo horretan duen prestakuntza egiaztatzeko, eta, era berean, hornidura publikoko saretik ez datorren uraren kalitatea kontrolatu ahal izango dute.
Dekretu honetan araututako jarduerak egiten dituzten entitateek haurrak eta nerabeak babesteko ordezkari bat izendatuko dute, figura horren funtzioak betetzeko prestakuntza izango duena. Zuzendariak egin dezake lan hori, behar den prestakuntza baldin badu.
Eginkizun hauek beteko ditu haur eta nerabeak babesteko ordezkariak:
Bere burua ezagutaraztea, babesaren arloko erreferentziako pertsona gisa. Adingabeek, haien familiek eta langileek jakin beharko dute harengana jo dezaketela laguntza behar badute.
Indarkeriaren aurkako prebentzio- eta babes-protokoloak azaltzea. Ziurtatu behar dute pertsona guztiek ezagutzen dituztela eta badakitela nola baliatu.
Protokoloak aktibatzea, beharrezkoa denean. Behar bezala aplikatzen direla egiaztatzea.
Agintari eskudunekin koordinatzea, ezarritako prozedurei jarraituz. Edozein indarkeria-egoeraren edo egoera susmagarriren berri ematea, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Datu pertsonalen erabilera okerra jakinaraztea. Adingabeen datu pertsonalak, bereziki zaindu beharrekoak, babestea.
Prebentzioari, detekzioari eta babesari buruzko barne-prestakuntza bultzatzea. Prestakuntza hori langileentzat, adingabeentzat eta haien familientzat izango da. Bermatzea entitateak baduela administrazio publikoak eskatzen duen prestakuntza homologatua.
Jarduera guztietan tratu ona sustatzea.
Gatazkak modu baketsuan konpontzea sustatzea.
Aisia hezigarri eta astialdi inklusiboak sustatzea, pertsona guztiak errespetatuak eta seguruak senti daitezen.
Langileek sexu-delituen ziurtagiri negatiboa aurkezten dutela ziurtatzea.
Teknologien erabilera arduratsua eta segurua sustatzea.
Jarduera orok segurtasun-arduradun bat izan beharko du, segurtasun-neurriak eta autobabeserako plana zaintzeaz eta gainbegiratzeaz arduratuko dena, zuzendariaren agindupean. Eginkizun hori zuzendariak hartu ahal izango du bere gain, behar diren ezagutzak baldin baditu.
Segurtasun-arduradunari dagozkion gainbegiratze-eginkizunen artean, honako hauek egongo dira, gutxienez: larrialdietan jarduteko prozedura ezagutzea, ebakuazio- eta komunikazio-neurriak barne, eta informazio hori taldeari behar bezala helarazten zaiola ziurtatzea.
Ikuskatzeko administrazio-ahalaren barruan sartzen da gazteriaren arloko legezko xedapenak betetzen direla zaintzea, kontrolatzea eta egiaztatzea, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen V. tituluko I. kapituluan aurreikusitakoaren arabera.
Ikuskatzeko eginkizunak funtzionarioek beteko dituzte, zeinak agintaritza-agentetzat hartuko baitira. Beren funtzioak betetzerakoan, beren burua identifikatu beharko dute, dagokion egiaztagiri ofiziala erakutsiz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskuragarri jarriko ditu ikuskaritza-eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 52. artikuluaren 5. apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Helburu hori betetze aldera, EAEko administrazio publikoek ikuskaritza-eginkizuna betetzeko jarduketa-plan bateratuak eta hitzarmenak sinatuko dituzte.
Ikuskatzaileek ikusten badute irregulartasunak egon daitezkeela, eta irregulartasun horiek ikuskatzea beste organo edo administrazio bati badagokio, hari jakinaraziko dizkiote.
Ikuskatzea honela egin ahal izango da:
Ikuskatzaileak jarduera egiten den edo egingo den lekura bertaratuz, alde batera utzita jarduera deklaratuta dagoen, bai eta egiaztatu beharreko egitateen frogaren bat egon daitekeen edozein lekutara bertaratuz ere. Aktan jasoko dira egindako jarduketaren emaitzak, eta jarduketaren xede den pertsonak akta jaso nahi ez badu edo sinatu nahi ez badu, horren berri jakinarazi beharko da.
Idazki baten bidez, zeinean adieraziko baita ikuskatzaileak agertuko direla zehazten den leku, egun eta orduan; idazkian, entitateak aurkeztu beharreko dokumentazioa edo egin beharreko jarduketak adieraziko dira.
Ikuskaritzaren bulegoetan agertzeko zitazioaren bidez; horrekin batera, dokumentazioa aurkezteko errekerimendua egingo da.
Behin ikuskatze-lana amaituta, haren emaitza ikuskatze-aktan jasota geratuko da agiri bidez. Aktak dokumentu publikoak dira, eta ikuskatzaileek haietan jasotzen dituzte beren egiaztapenen eta ikerketen emaitzak.
Legez formalizatu diren ikuskatze-aktetan bildutako gertakariak egiazkotzat joko dira; hala ere, interesdunek frogak aurkeztu ahal izango dituzte beren eskubideak eta interesak defendatzeko. Aktan agertuko da, orobat, legez ezarrita dagoen arau-hausteren bat, ustez, egin den ala ez.
Aktak eredu normalizatuan egingo dira, eta honako hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:
Ikuskapena egiten zaion entitatearen eta jardueraren identifikazioa.
Ikuskapenari erantzuten dion pertsonaren identifikazioa, eta pertsona horrek jardueran egiten duen lana.
Ikuskatzen jardun duen ikuskatzailearen identifikazioa eta sinadura.
Administrazio jarduleko kidearen identifikazioa eta sinadura, hala badagokio.
Ikuskatzearen lekua, eguna eta ordua.
Ikuskatzeko jarduketaren xedea.
Egiaztatutako egitateak eta egintzak.
Ikuskatzeko jarduketen ondorioz hautematen bada zehapen-prozedura bat abiatzeko moduko arau-hausteak egin direla, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion prozedura abiaraztea erabaki dezan, hala badagokio.
Ikuskapenari erantzuten dion pertsonak ikuskapen-akta sinatzeak ez du esan nahi deskribatutako ustezko ez-betetzeak eta irregulartasunak aitortzen dituenik, ez eta eratorritako erantzukizunak onartzen dituenik ere.
Akta sinatzeari uko egiteak ez du akta horren edukia eta aktak sortzen duen administrazio-prozedura baliogabetzen, eta ez du dagokion froga-balioa indargabetzen. Sinatzeari uko eginez gero, ikuskapenean agertutako pertsonari jakinaraziko zaio dokumentua jasotzeko soilik sinatu dezakeela eta hori horrela dela agerraraziko dela.
Ikuskaritzak egindako jarduketak jasoko dira aktan, hala nola dokumentuen kontrolak, laginak kentzea, neurketak, gauzatutako frogak, egiaztapenak, frogantzak, hartutako kautelazko-neurriak, bai eta dokumentazio-errekerimenduak ere.
Aktari, bestalde, ikuskatzaileak egoki iritzitako dokumentuak erantsi ahal izango zaizkio, paperean edo beste euskarri iraunkor batean, jarduketak egoki amaituko direla ziurtatzeko.
Aurreko apartatuetan azaldutakoa alde batera utzi gabe, ikuskapen-jarduketen bidez ondorioztatzen bada jarduera bat datorrela aurkeztutako adierazpenarekin edo dekretu honekin eta aplikatu beharreko gainerako araudiarekin, akta bat egingo da, inguruabar hori baieztatzeko.
Ikuskatzaileek beren jardunean ikusten badute pertsonen segurtasunari, osasunari edo osotasun fisikoari eragin diezaiekeen arrisku larri eta berehalakoa dagoela, jardueraren arduradunari eskatuko diote berehala hartu ditzala arriskuaren kausak zuzentzeko behar diren neurriak, jarduera aldi baterako (osorik edo zati batean) etetea barne. Arduradunak aurka eginez gero, ikuskatzaileak Ertzaintzaren laguntza eskatuko du.
Aurreko jarduketak akta bidez dokumentatuko dira, eta, bertan, honako hauek jasoko dira beti: errekerimendua edo agindua eragin duten arrazoiak, bertaratutako arduradunak hartutako neurriak, hala badagokio, edo arduradun horrek neurriak hartzeari uko egin izana.
Ikuskatzaileek berehala helaraziko diote akta arloko eskumena duen organoari, eta organo horrek egokitzat jotzen dituen kautela-neurriak hartu ahal izango ditu, egiaztatutako inguruabarren arabera, aurretiaz interesdunei entzunda.
Aisia hezigarriko eta astialdiko gazte-jardueren zehapen-araubidea Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen V. tituluko II. kapituluan ezarritakoaren arabera eraenduko da.
Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legean tipifikatuta dagoen arau-hausteren bat egin duen pertsona fisikoari edo juridikoari egotziko zaio lege horretan ezarrita dauden arau-hausteak egiteagatiko administrazio-erantzukizuna, ezertan eragotzi gabe aldi berean izan daitezkeen erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, foru-aldundiei eta udalei dagokie, nori bere eremuan, dekretu honetan araututako arloan zehatzeko ahala baliatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, honako hauek izango dute eskumena zehapen-prozedura hasteko eta zehapenak ebatzi eta ezartzeko:
Arau-hauste arin eta astunen zehapenetarako, gazteriaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularra.
Arau-hauste oso astunetarako, gazteriaren arloko eskumena duen sailaren titularra.
EAEko gainerako administrazio publikoetan, haien araudiek xedatutakoaren arabera zehaztuko da zein izango diren agintari eskudunak Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitako arau-hausteen ondorioz zehapen-prozedura hasteko eta zehapenak ezartzeko.
Hori hala izanik ere, bereizi egin behar dira instrukzio-fasea eta ebazpen-fasea, horietako bakoitza administrazio-organo edo -unitate ezberdinen eskuetan geratuko baita.
Zehapen-prozedurak bat etorri behar du Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean ezarritakoarekin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako printzipioekin.
Indargabeturik geratzen da Neska-mutikoen eta gazteen kanpamentuen, kolonien, kolonia irekien, lan-kanpaketen eta ibilaldietako kanpaketen araubidea arautzen duen ekainaren 25eko 170/1985 Dekretua.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik aurkeztutako aurretiazko komunikazioak ekainaren 25eko 170/1985 Dekretuaren bidez arautuko dira.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Dekretu hau indarrean jartzen denetik hiru hilabetera eskatuko dira begirale eta zuzendarien ratioak eta dekretu honetan araututako jarduerak garatzeko eskatzen diren titulazioak. Ordura arte, ekainaren 25eko 170/1985 Dekretuan aurreikusitako ratioak eta titulazioak aplikatuko dira.
Begiraleak beren eginkizunetan aritzeko gaitzen dituzten titulazioak edo ziurtagiriak ehuneko hauen arabera eskatuko dira: 2026an, haien % 60; 2027an, % 70, eta 2028an, % 80.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko ekainaren 30ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.