Arautegia

Inprimatu

16/2026 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala behin betiko onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 42
  • Hurrenkera-zk.: 942
  • Xedapen-zk.: 16
  • Xedapen-data: 2026/02/17
  • Argitaratze-data: 2026/03/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

  1. Abenduaren 28ko 277/2004 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zen Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (LPP), eta urriaren 9ko 145/2018 Dekretuaren bidez aldatu zen, Jundiz-Billodako terminal logistiko intermodala eraiki ahal izateko, Iruña Oka eta Vitoria-Gasteizko udalerrietan. Bi dekretuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ziren, 2005eko otsailaren 16an eta 2018ko urriaren 17an, hurrenez hurren. Lurralde Plan Partzial horrek antolamendu integrala ezarri zuen eremu funtzional osorako, eta ondoko udal-mugarteak hartzen ditu barne: Alegría-Dulantzi, Añana, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Kanpezu, Burgelu, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kuartango, Lagrán, Lantarón, Legutio, Peñacerrada-Urizaharra, Erriberabeitia, Erriberagoitia, Agurain, Donemiliaga, Urkabustaiz, Gaubea, Harana, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zambrana, eta Zigoitia eta Zuia, baita Bizkaiko Otxandio eta Ubide udalerriak ere Gainera, Badaiako Sierra Bravako eta Entziako Partzuergoko eremuak hartzen ditu.

  2. Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspena lege-, estrategia- eta lurralde-esparru berrira egokitzeko beharraren ondorio da, bereziki uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez onartutako EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerro berrietara, bai eta indarreko Lurralde Plan Partziala egin zeneko hedapen- eta garapen-zikloarekin alderatuta oso desberdina den testuinguru sozioekonomiko berrira (hazkunde txikiagoa eta, batez ere, gizarte-ereduaren aldaketa) egokitzearen ondorio ere. LPP berriak bidea ematen du lurralde-eredu jasangarriago baterantz eboluzionatzeko. LPParen berriskuspenaren erronka nagusia da ohiko lurralde-antolamenduaren eredua aldatzea, hau da, hiri-eskualdearen eredutik beste eredu batera eboluzionatzea, non landa landagoa izango den, eta hiria hiriagoa. Hiria hiri-ekosistematzat hartu behar da, eta lurralde-matrizea, haren osagaiak eta osagaion arteko harremanak ekosistemikoki tratatu behar dira. Logika propioa duten bi ente, sinergiaz dihardutenak, bakoitzak duen antolaketa-maila arriskuan jarri gabe eta pertsonak duen rol nagusia nahiz naturaren legeak ulertuta. Ereduaren erronka nagusia da hiri-eremuen antolaketa-konplexutasunik handiena lortzea, hau da, ahalik eta pertsona juridiko gehien eta anitzen lortzea eta, aldi berean, lurralde-matrizearen aniztasun biologikorik handiena, ahaztu gabe pertsona juridikoen aniztasuna, landa-eremuan bizi direnen kalitate-bizitzari eusteko.

  3. Planaren helburua da eremu funtzionalaren lurralde-antolamendu jasangarria ezartzea hamasei urteko denbora tarterako, eremu funtzionalaren egitura eta lurralde-eredua zehaztuta. Udal-plangintzek, lurralde-plan sektorialek eta eremu funtzionalean eragina duten gainerako jarduketek ezarritako lurralde-antolamendua bete beharko dute.

  4. Lurralde Plan Partzialaren berrikuspenak lurralde-eredu koherentea sustatzen du, ingurumen-, ekonomia-, gizarte-, kultura- eta osasun-alderdiak barne hartzen dituena. Ildo horretan, honako hauek dira Planaren lurralde-antolamenduaren eredua prestatzeko aintzat hartu beharreko helburu estrategikoak:

    1. Azpiegitura berdea eta ekosistema-zerbitzuen balioespena gehitzea lurraldearen antolamenduan.

    2. Landa-habitata espezifikoki ikusgarri egitea lurralde-antolamenduan.

    3. Artifizializatutako lurraren erabilera optimizatzea, hiri-berroneratzea eta erabilera mistoak sustatuz.

    4. Lurzoru-premiaren aurreko erantzun arina eta efikaza sustatzea, jarduera ekonomiko berriei dagokienez; horretarako, funtsean, egungo lurzoruaren berroneratzea, berritzea eta birdentsifikazioa proposatzen delarik.

    5. Paisaiaren kudeaketa lantzea lurralde-antolamendurako tresnen bidez.

    6. Baliabideen kudeaketa jasangarriaren kontzeptua txertatzea: ura, energia-burujabetza, ekonomia zirkularra eta autosufizientzia konektatua.

    7. Mugikortasun eta logistika jasangarria sustatzea, arreta berezia eskainiz oinez eta bizikletaz mugitu ahal izateari, garraio publiko multimodalari eta garraiobideen konbinazioa optimizatzeari, kontuan hartuta, abiadura handiko trenak emango duen zerbitzua ere egongo dela.

    8. Lurralde-antolamenduan, zeharkakotzat jotzen diren gaiak sartzea, hala nola irisgarritasun unibertsala, genero-ikuspegia, euskara, klima-aldaketa, osasuna eta lurraldeen arteko harremana.

    9. Lurralde-antolamenduaren politika publikoaren kudeaketan gobernantza ona sustatzea, planen jarraipenaren eta ebaluazioaren, parte-hartzearen eta administrazio-integrazioaren bitartez.

  5. Lurralde Plan Partzial hau Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako lantze- eta izapidetze-prozesu luze baten emaitza da, aurrerapeneko, hasierako onarpeneko, behin-behineko onarpeneko eta behin betiko onarpeneko faseak dituena, non lurralde-administrazio publiko guztiek eta aztertzen ari garen eremu funtzionaleko gizartearen espektro zabal batek ere parte hartu duten.

  6. Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluaren arabera, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala egiteko ekimena Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari dagokie, beraz, bi administrazioen arteko koordinazioa beharrezkoa da. Ondorio horietarako, planaren berrikuspena egiteko ekimena orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko martxoaren 24ko Aginduaren bidez gauzatu zen, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala berrikusteko prozedurari. Aipatutako maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.3 artikuluak adierazten duen bezala, Plana egiteko ekimena hartzen duen organoak prozedura bideratzeko eta hasierako eta behin-behineko onarpena emateko eskumena izango du.

  7. 2021eko martxoan, aipatutako maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitakoa betez, Plana idazteko behar den informazio orokor guztia eta eremu funtzionalarekin loturiko aurreikuspenei eta jarduketa-programei buruzko informazio espezifikoa jaso zen erakunde hauetatik: Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, eremu funtzionalean udalerriak dituzten kuadrillak, eremu funtzionaleko udalerri guztiak, haien kontzejuak, Estatuko Administrazioa eta Eusko Jaurlaritzaren sail guztiak. Era berean, aurreikusitako Herritarren Parte-hartze Programaren laburpena bidali zen; programa hori jasota dago Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan.

  8. Behin aipaturiko informazioa jasota, Lurralde Plan Partzialaren Aurrerapena eta hari zegokion Hasierako Dokumentu Estrategikoa egin ziren, eta 2022ko maiatzean lurraldeko administrazio publiko interesdun guztiei bidali zitzaien, maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.4 artikuluak xedatzen duen bezala, haien oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak egiteko. Era berean, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari igorri zitzaion, eta, Zuzendaritzak, 2022ko irailaren 30ean, eskuartean dugun Lurralde Plan Partzialaren Ingurumen Azterketa Estrategikoaren Irismen Dokumentua formulatzeko ebazpena eman zuen.

  9. Behin jarduketa guztiak eta jaso diren nahitaezko txosten sektorialak aztertuta, Hasierako Onarpenerako dokumentua idatzi zen, bai eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa ere, eta, Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 13.5 artikuluan aurreikusitakoa betez, dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen irizpenaren mende jarri zen, zeinak aldeko txostena eman baitzuen 2023ko uztailaren 12an egindako 4/2023 osoko bilkuran. Ondoren, hasierako onarpena eman zitzaion, orduko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2023ko irailaren 4ko Aginduaren bidez.

  10. Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 15.2 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, hasieran onartutako dokumentua izapide hauen mende jarri zen berrogeita bost egun balioduneko epez: informazio publikoaren izapidea; entzunaldi-izapidea, lurralde-administrazio publiko interesdun guztientzat; eta kontsulta-izapidea, eragindako administrazio publiko guztientzat eta ebaluazio estrategikoaren prozeduran kontsultatuak izan ziren pertsona interesdun guztientzat.

  11. Behin jasotako alegazioak eta iradokizunak aztertu eta erantzun ondoren, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2024ko urriaren 7ko Aginduaren bidez, Plana behin-behinean onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeari igorri zitzaion, Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.8 artikuluan xedatutakoari jarraikiz informazioa jaso zezan, bai eta ingurumen-organoari ere, ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzeko.

  12. Behin lortuta hala Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak azaroren 28ko 6/2024 osoko bilkuran emandako aldeko txostena eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko 2025eko otsailaren 25ean emandako Ebazpena, nola gainerako aldeko txosten sektorialak, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala onartzeko izapidea egitea dagokio.

  13. Planaren edukiak betetzen du Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12. artikuluak xedatutakoa. Izan ere, alde batetik lurralde plan partzialek jaso beharreko zehaztapenak eta, bestetik, xedatutako dokumentazioa jasotzen ditu, hain zuzen, dokumentu hauek:

    1. Memoria eta informazio-planoak.

    2. Antolamendu-planoak.

    3. Araudia.

    4. Afekzioak hirigintza-plangintzari.

    5. Gauzatze-programa eta azterlan ekonomiko eta finantzarioa

    6. Ingurumen-azterketa estrategikoa.

  14. Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 7. artikuluak adierazten duen bezala, antolamendu-arauak, hots, planak izaera arauemailea ematen dien xedapen guztiak dekretu honen I. eranskin gisa erantsi dira, argitaratzeko. Halaber, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspen-dokumentuan ingurumen-alderdiak txertatzeari buruzko laburpena jaso da, eta II. eranskinean argitaratzen da.

  15. Bestalde, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 artikuluan ezarritakoa betez, onarpeneko dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Bizkaiko eta Arabako lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratu behar da, bai eta, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan ere.

  16. Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila da eskumenduna Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren behin betiko onarpena Gobernu Kontseilura eramateko, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.9 artikuluan xedatutakoa betez.

  17. Gobernu Kontseilua da eskumenduna Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala behin betiko onesteko, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.10 eta 26.1.a) artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    Ondorioz, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. Halaber, II. eranskin gisa, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren berrikuspen-dokumentuan ingurumen-alderdiak txertatzeari buruzko laburpena jasotzea.

  2. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. Era berean, iragarkiak argitaratuko dira Araba eta Bizkaiko lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Autonomia Erkidegoan gehien saltzen diren egunkarietatik bitan, gutxienez.

  3. Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala osatzen duten dokumentu guztiak eskuragarri egotea EAEko Administrazio Orokorreko egoitza elektronikoan.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lurralde Plan Partzial hau idazterakoan, une horretan indarrean zegoen udal-plangintza jaso da, eta beti informazio-izaerarekin; ondorioz, ulertuko da indarrean jartzen den egunera arte egiten diren eguneratzeak edo aldaketak jasota daudela.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Lurralde Plan Partzial honek, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean xedatutakoaren arabera hierarkia handiagoko plangintza-tresna denez, indarrean den lurralde- eta hirigintza-legedi aplikagarriak xedatutako sektore- eta udal-planeamenduko tresnak ere lotetsiko ditu.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

    Plan hau indarrean jartzeko unean oraindik ere hasierako onarpena lortu ez duten lurralde-plan sektorialak egiteko eta aldatzeko dokumentuak egokitu egin beharko dira plan honetan jasotako zehaztapenetara, Araba Erdialdeko eremu funtzionalari eragiten dioten arlo guztietan.

    Edonola ere, Lurralde Plan Partzial hau indarrean jartzean indarrean dauden Lurraldea Plan Sektorialak egokitu egin beharko dira plan honetan xedatutakora, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian aurrez ikusitakoa salbuetsita.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

    Araba Erdialdeko eremu funtzionalean dauden udalerrietako hirigintza-dokumentuak plan honetan jasotako zehaztapenetara egokitu beharko dira, baldin eta Plan Orokorrak egiteko, berrikusteko edo aldatzeko prozesuetan badaude eta plan hau indarrean jartzeko unean oraindik ere hasierako onarpena gainditu ez badute. Aipatu egokitzapena ezarrita dituzten berrikusketa edo aldaketa prozedurak jarraituz egin beharko dute.

    Edonola ere, indarrean dagoen udal-esparruko hirigintza-antolamendu orokorra plan honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko da, hura indarrean jarri eta bi urteko epean.

Indargabetuta geratzen da 277/2004 Dekretua, abenduaren 28koa, Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala behin betiko onartu zuena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 17an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik