Arautegia
Inprimatu15/2026 DEKRETUA, otsailaren 17koa, Euskal Zibersegurtasun Agentziaren estatutuak onartzen dituen Dekretua aldatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 41
- Hurrenkera-zk.: 912
- Xedapen-zk.: 15
- Xedapen-data: 2026/02/17
- Argitaratze-data: 2026/03/02
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Euskal Zibersegurtasun Agentzia ekainaren 29ko 7/2023 Legearen bidez sortu zen, zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa, EAEko sektore publikoan zibersegurtasuna sustatzeko eta koordinatzeko, maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritakoaren arabera. Agentziaren jardun-eremuaren barruan daude bere eskumenekoak diren informazio-sistemen eta sare elektronikoen segurtasuna, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren, bertako herritarren eta enpresa-sarearen zibersegurtasuneko eta garapen digital seguruko gaikuntza babestea eta bultzatzea.
Agentziaren araubidearen oinarrizko eta funtsezko alderdiak Agentzia sortzeko legean bertan daude jasota, bai eta erakunde publiko mota horiei oro har aplikatu beharreko legerian ere. Alabaina, legeak berak erakundearen estatutuen onarpenera igortzen du, gobernu-organo horien funtzioak, osaera eta izendapena garatzeko, bai eta funtzionamendu-araubidea garatzeko ere.
Martxoaren 19ko 34/2024 Dekretuaren bidez Euskal Zibersegurtasun Agentziaren estatutuak onartu ziren. Estatutu horiek, besteak beste, gobernu-organoen funtzioak, osaera eta izendapena garatzen zituzten.
7/2023 Legearen 5.e) artikuluak eta 34/2024 Dekretuaren 13.e) artikuluak xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio estatutuen aldaketak onartzea, Agentziaren Administrazio Kontseiluak proposatuta.
Testuinguru horretan, Euskal Zibersegurtasun Agentziaren Administrazio Kontseiluak, 2025eko uztailaren 16an egindako bilkuran, erabaki zuen Gobernu Kontseiluari proposatzea estatutuak aldatzeko, bi helbururekin: batetik, Agentziaren eginkizunen artean informazio-sistemen auditoretza sartzea, Segurtasunerako Eskema Nazionala arautzen duen maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuan ezarritako aldizkako auditoretzak egiteko betebeharra betez; eta bestetik, Administrazio Kontseilua eta Kontseilu-aholkuemailea osatzen duten pertsonek beren ordezkaritza maila bereko beste pertsona baten esku uzteko aukera sartzea, organo horien funtzionamenduan eraginkortasun eta malgutasun handiagoa ahalbidetuz.
Aldaketa horiek Agentziaren estatutu-esparrua indarrean dauden arau-eskakizunetara eta bere jardueraren ondoriozko eskaera operatiboetara egokitzeko beharra hartzen dute kontuan, eta, horrela, areagotu egiten da zibersegurtasunaren arloan jarduteko duen gaitasuna, eta erakundearen barne-gobernantza hobetu.
Ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, gainerako nahitaezko txostenak emanda, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Euskal Zibersegurtasun Agentziaren estatutuak onartzen dituen martxoaren 19ko 34/2024 Dekretuaren eranskineko 7. artikuluaren, u) paragrafoaren edukia berriz zenbakitzen da v) paragrafo gisa, eta eduki berri bat gehitzen zaio u) paragrafoari. Honela geratuko dira idatzita:
Informazio-sistemen auditoretzak egitea.
Indarrean dagoen legeriak ematen dizkion edo berariaz eskuordetzen edo esleitzen zaizkion beste eskumen guztiak.
Paragrafo bat gehitzen zaio 11. artikuluari amaieran, eta honela geratuko da idatzita:
, c), d) e), f), g) h) eta i) letretan aurreikusitako kasuetan, dagokion saileko edo organismoko maila bereko pertsona bati edo Administrazio Kontseiluko beste kide bati eskuordetu ahal izango zaio ordezkaritza.
Paragrafo bat gehitzen zaio 15.2 artikuluari, eta honela geratuko da idatzita:
, f), g) eta h) letretan aurreikusitako kasuetan, dagokion organismoko edo entitateko maila bereko pertsona bati edo Kontseilu-aholkuemaileko beste kide bati eskuordetu ahal izango zaio ordezkaritza.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 17an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.