Arautegia
Inprimatu13/2026 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita sexu-indarkerien biktimei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura, sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 41
- Hurrenkera-zk.: 913
- Xedapen-zk.: 13
- Xedapen-data: 2026/02/10
- Argitaratze-data: 2026/03/02
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluak laguntza ekonomikoak aurreikusten ditu baliabide ekonomiko nahikorik ez duten sexu-indarkerien biktimentzat. Laguntza horien zenbatekoa biktimen kargen eta familia-inguruabarren arabera zehazten da. Laguntza horiek aipatutako lege organikoaren IV. tituluko II. kapituluan jasotako sexu-indarkerien biktimen aldeko eskubideen multzoan sartzen dira. Eskubide horien helburu nagusia biktimen autonomia ekonomikoa eta oneratze integrala erraztea da.
Lege-aurreikuspen hori garatzeko, uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretua eman da, zeinak sexu-indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoak arautzen baititu eta abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretua aldatzen baitu. Errege-dekretu horren bidez, genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan ezarritako laguntza ekonomikoa arautzen da.
Araudi horrek, besteak beste, honako hauek arautzen ditu: laguntzaren onuradun izateko baldintzak; «sexu-indarkeriaren biktima», «familia-unitatearen mendeko biktima» eta «ardurapean dauden pertsonak» kontzeptuen definizioak; biktima-izaera egiaztatzeko modua; eskaera aurkezteko epea; laguntzaren zenbatekoa eta luzapena; laguntzak izapidetzeko eta emateko organo eskudunak, eta, hala badagokio, laguntza horiek itzultzea. Era berean, laguntza berriro jasotzeko aukera ematen du, laguntzaren onuradun den biktimak sexu-indarkeria berriro jasaten badu, behar bezala egiaztatuta, betiere horretarako baldintzak betetzen badira.
Zehazki, 7. artikuluan aurreikusten du laguntzaren eskaera eta, hala badagokio, luzapenaren eskaera gizarte-laguntzaren arloan eskumena duten administrazioek izapidetuko dituztela, beren prozedura-arauen arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren esparruan. Administrazio horiek zaindu eta bermatuko dute prozeduraren fase guztiak ahalik eta azkarren eta izapideen sinpletasun handienarekin egiten direla.
Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 1. artikuluak botere publikoak behartzen ditu «egiturazko desberdinkeria eta sexuan oinarritutako diskriminazio-modu oro» ezabatzera, «emakumeen aurkako indarkeria matxista barne dela». III. tituluko VII. kapitulua indarkeria matxistari buruzkoa da, eta EAEko administrazio publikoei agintzen die indarkeria matxistaren biktimei zerbitzuak eta prestazioak bermatzeko.
Halaber, jasota uzten da dekretu honen izapideak lotuta daudela zuzeneko ekintzaren araubideari, zeina azaroaren 25eko 27/1983 Legearen (Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa) 7.c.1 eta 2. artikuluetan eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39. artikuluan arautzen baita. Araubide hori aplikatzea beharrezkoa da, araututako laguntzen izaera kontuan hartuta; izan ere, egoera bereziki ahulean dauden eta berehalako kudeaketa uniforme eta zentralizatuaren beharra duten sexu-indarkeriaren biktimei zuzenduta daude.
Zuzeneko ekintzari esker, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitu ahal zaizkio instrukzio-, ebazpen- eta ordainketa-eginkizunak, laguntzen asistentzia- eta babes-helburuarekin bateraezinak diren atzerapenak eragin ditzaketen bitarteko prozedurak saihestuz. Horren erabilera justifikatzen da, halaber, 664/2024 Errege Dekretuaren oinarrizko izaeragatik; izan ere, Estatu mailako araubide homogeneo bat ezartzen du, eta haren hedapenak aplikazio arina, koordinatua eta juridikoki koherentea bermatzea eskatzen du.
Ondorioz, zuzeneko ekintzaren deklarazioak honako hauek bermatzen ditu: zerbitzu publikoa emateko eraginkortasuna, araututako araubide ekonomikoa aplikatzeko segurtasun juridikoa, eta gizarte-zerbitzuen eta berdintasunaren arloko araudi autonomikoan ezarritako aginduak betetzea. Horri esker, Administrazioak ahalmen betearazle osoz jardun ahal izango du laguntzen bidez erantzun nahi zaien premiak berehala asetzen direla ziurtatzeko.
Hori guztia dela eta, beharrezkoa da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak dekretu honen bidez laguntza horiek emateko eta ordaintzeko prozedura arautzea, hark dituelako esleituta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15. artikuluaren d) apartatuan ezarritakoaren arabera komunitate-garapenari, gizarte-ongizateari eta gizarte-zerbitzuei buruzko eginkizunak.
Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 10n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
Dekretu honen xedea da prozedura arautzea, sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluan aurreikusitako eta uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuak garatutako laguntza ekonomikoa, errenta nahikorik ez duten sexu-indarkerien biktimei zuzendutakoa, eman eta ordaintzeko.
Laguntza hau ez da dirulaguntza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3.3.i) artikuluaren arabera.
Dekretu honen ondorioetarako, uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, definizio hauek hartuko dira kontuan:
Sexu-indarkeriaren biktima: irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 3. artikuluaren zentzuan sexu-indarkerien biktima izan diren emakumeak eta haurrak, Espainian, nazionalitatea eta administrazio-egoera edozein dela ere, edo atzerrian, baldin eta Espainiako nazionalitatea badute.
Ekonomikoki familia-unitatearen mendekoa den biktima: ekonomikoki familia-unitatearen mendekotzat joko dira emantzipatu gabeko biktima adingabeak.
Biktima adingabe emantzipatua edo adinez nagusia ekonomikoki familia-unitatearen mendekotzat joko da, baldin eta, laguntza eskatzeko unean, biktima familia-unitatearekin bizi bada, haren kontura bizi bada osorik edo zati batean, eta, urteko zenbaketan, lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta edo diru-sarrera handiagorik jasotzen ez badu, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kenduta.
Bizikidetza dagoela ulertuko da, kontrako frogarik ezean, senideak osasun-asistentzia publikoaren onuradun direla aitortuta badute sexu-indarkeriaren biktima aseguratua dela aitortzen duen dokumentuan.
Ardurapeko pertsona: onuradunaren ardurapeko pertsonatzat hartuko da eskaera egiteko unean haren kontura bizi zen odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko senidea, baldin eta urteko zenbaketan lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta edo diru-sarrera handiagorik jasotzen ez badu, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala alde batera utzita.
Ardurapeko pertsona alaba edo semea bada, kontuan hartu ahal izango da laguntza eskatu eta hurrengo hirurehun egunen barruan jaiotzen bada. Kasu horretan, jasotako laguntzaren zenbatekoa berrikusi beharko da, 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskaeraren datan jaio izan balitz egokituko litzaiokeen zenbatekora egokitzeko.
Bizikidetza dagoela ulertuko da, kontrako frogarik ezean, senideak osasun-asistentzia publikoaren onuradun direla aitortuta badute sexu-indarkeriaren biktima aseguratua dela aitortzen duen dokumentuan.
Seme-alaben kasuan, bizikidetza ez da beharrezkoa izango, hitzarmen edo ebazpen judizial batek mantenua eman beharra ezarri duenean.
Sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeek eta haurrek jaso ahal izango dute laguntza, baldin eta eskaera egiteko unean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea.
Hileko errentak lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak ez izatea, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kanpo utzita.
Adingabeko biktimen edo ekonomikoki familia-unitatearen mende dauden biktimen kasuan, familia-unitatearen hileko errentak ezin izango dira lanbide arteko gutxieneko soldata halako bi baino handiagoak izan, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kenduta, edo lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru baino handiagoak, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kenduta lau kidek edo gehiagok osatutako familien kasuan edo indarrean dagoen araudiaren arabera familia ugariaren izaera aitortua duten familien kasuan.
Errentak 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera zehaztuko dira.
Sexu-indarkeriaren biktimaren izaera egiaztatzea, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aurretik laguntza honen onuradun ez izana, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Estatuko beste edozein erkidegotan, salbu eta artikulu honetako 3. paragrafoan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira.
Aurreko paragrafoan eskatutako baldintzak laguntza-eskaera aurkezten den unean bete beharko dira, eta mantendu beharko dira laguntza ematea ebatzi behar denean eta, hala badagokio, 12. artikuluan aurreikusitako luzapena ebatzi behar denean.
Sexu-indarkerien biktima bat laguntzaren onuradun bada eta sexu-indarkeria berriro jasaten badu, eta egoera hori berriro egiaztatzen bada hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntza jaso ahal izango du berriro, betiere horretarako ezarritako baldintzak betetzen baditu.
Dekretu honetan araututako laguntza ekonomikoa eskuratzeko, sexu-indarkeriaren biktima izatea honako hauen bidez egiaztatu ahal izango da: irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 3.1 artikuluan aurreikusitako sexu-indarkeriaren edozein adierazpenengatiko kondena-epai baten bidez, babes-agindu baten bidez edo biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizialen bidez, edota, bestela, demandatzailea sexu-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duen Fiskaltzaren txostenaren bidez.
Era berean, sexu-indarkeriako egoerak txosten bidez joko dira egiaztatutzat, txostenaren egilea hauetako bat bada: gizarte-zerbitzuak, berdintasunean espezializatutako zerbitzuak, genero-indarkeriaren aurkako zerbitzuak, administrazio publiko eskudunaren sexu-indarkerien biktimentzako harrera-zerbitzuak edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza, ikuskapen-jarduketaren xede diren kasuetan. Lan-arloko jurisdikzio-ordenan emandako epaiaren bidez ere emango da egiaztatutzat.
Sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimaren egoeraren ondoriozko sexu-indarkeriaren biktimen kasuan, nahikoa izango da biktima horiei arreta integrala emateaz arduratzen diren zerbitzu publikoek edo arlo horretan eskumena duten administrazio publikoek behar bezala aitortutako gizarte-erakunde espezializatuek emandako txosten baten bidez egiaztatzea, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoaren arabera (6/2022 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen dituena).
Biktima adingabeen kasuan, ondorio berberetarako, sexu-indarkeriaren egoera egiaztatutzat jo ahal izango da Fiskaltzari edo organo judizialari jakinarazteko osasun-agiri ofizialen bidez.
Desgaitasuna duten Pertsonen Konbentzioaren 9. artikulua betez, sexu-indarkeriaren egoera egiaztatzeko bide guztiak irisgarriak izango dira, desgaitasuna duten emakumeen eskubideak guztiz bermatzeko.
1. 3. artikuluan aurreikusitako atalaseak gainditzen dituen errentarik ez dagoela zehazteko, errenta edo diru-sarrera konputagarritzat hartuko da biktimak duen edo izan dezakeen edozein ondasun, eskubide edo errendimendu, lanetik, kapital higigarritik edo higiezinetik ondare-gehikuntzak barne, jarduera ekonomikoetatik edo prestazioetatik eratorria, honako hauek izan ezik:
Gizarte Segurantzaren diru-esleipenak, seme-alaba edo familia-harreran dagoen adingabe bakoitzeko, edo adinez nagusi izanik desgaitasuna duen pertsona bat ardurapean izateagatik, helburu berarekin ematen diren gainerako laguntzak barne.
Ardurapeko seme-alaba adingabeengatik zuzenean ordaintzeko kenkari fiskalak, helburu bererako eman daitezkeen beste laguntza batzuk barne.
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarte-inklusioari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 8.1.b) eta 31. artikuluetan aurreikusitako mugikortasun-subsidioa eta garraio gastuengatiko konpentsazioa (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen testu bategin hori), helburu bererako eman daitezkeen beste laguntza batzuk barne.
Mantenu-pentsioak eta pentsio konpentsatzaileak, bai eta Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoerak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legetik eratorritako prestazio ekonomikoak ere, helburu bererako alokairu-laguntzak eta lan-ekintzailetza sustatzeko laguntzak barne, helburu bererako eman daitezkeen beste laguntza batzuk barne.
Desgaitasuna duten pertsonei okupazio-zentroetan emandako sariak edo ordainsariak, bai eta egindako gastu bat konpentsatzeko dirulaguntzak, laguntzak edo bekak ere, abenduaren 14ko 39/2006 Legearen esparruan helburu bererako emandako laguntzak barne, bai dirutan, bai espezietan.
Sexu-indarkeriaren biktima izateagatik ematen diren bekak, sariak edo antzeko aintzatespenak.
Lanetik eratortzen ez diren eta hilean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin jasotzen diren errentak hileka hainbanatuko dira.
Horren emaitza den errentari ondarearen merkatu-balioaren ehuneko bat gehituko zaio, ohiko etxebizitza eta jadanik konputatutako errentak dituzten ondasunak alde batera utzita. Ateratzen den zenbatekoari indarrean dagoen diruaren legezko interesaren ehuneko 50 aplikatuko zaio, eta gero errentaren kalkuluan sartuko da, artikulu honen arabera.
Uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, bereziki, kontuan hartuko dira eskaera egiten den unean biktimak jasotzen ari diren laguntzak, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluaren arabera edo irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluaren arabera, 12. artikuluan araututako laguntzaren luzapena eskatzeko izan ezik.
Errentarik eza zehazteko, laguntza eskatzen duen biktimak dituen errentak edo diru-sarrerak bakarrik hartuko dira kontuan, eta horretarako ez dira zenbatuko harekin bizi diren familia-unitateko beste kide batzuen errentak edo diru-sarrerak, honako kasu hauetan izan ezik:
Biktimak bere kargura pertsonak baditu; kasu horretan, errentarik ezaren baldintza betetzen duela ulertuko da familia-unitate osoaren hileko errentak, osatzen duten kideen kopuruarekin zatituta, lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez duenean, aparteko bi ordainsarien zati proportzionala alde batera utzita.
Biktima adingabea bada edo ekonomikoki familia-unitatearen mendekoa bada; kasu horretan, dekretu honen 3.1.b) artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Inola ere ez dira kontuan hartuko ezkontidearen edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez biktimarekin lotuta dagoenaren errentak, edo gurasoarenak, sexu-indarkeriaren erantzule direnean.
Oro har, dirulaguntzaren zenbatekoa sei hilabeteko langabezia-sorospenaren baliokidea izango da.
Biktimak bere kargura pertsonak baditu, laguntzaren zenbatekoa honako hau izango da:
Hamabi hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak senide bat edo hartutako adingabe bat bere ardurapean duenean.
Hemezortzi hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak bi senide edo gehiago edo harreran hartutako adingabeak, edo senide bat eta harreran hartutako adingabe bat bere kargura dituenean.
Biktimari ofizialki aitortu bazaio % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila, laguntzaren zenbatekoa hau izango da:
Hamabi hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak kargura pertsonarik ez duenean.
Hemezortzi hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak pertsona bat ardurapean duenean.
Hogeita lau hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak bere kargura bi pertsona edo gehiago dituenean.
Sexu-indarkeriaren biktimak ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila ofizialki aitortuta duten pertsonak baditu ardurapean, laguntzaren zenbatekoa honako hauen baliokidea izango da:
Hemezortzi hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak pertsona bat ardurapean duenean.
Hogeita lau hilabeteko langabezia-sorospena, biktimak bere kargura bi pertsona edo gehiago dituenean.
Sexu-indarkeriaren biktimak, berarekin bizi diren pertsonak baditu ardurapean, eta ofizialki aitortuta badu ehuneko 65eko edo hortik gorako desgaitasun-maila, laguntzaren zenbatekoa langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospenaren baliokidea izango da.
Sexu-indarkeriaren biktimak eta harekin bizi den pertsonak ofizialki ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua badu, laguntzaren zenbatekoa langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospenaren baliokidea izango da.
Laguntza bost urteko epean eskatu beharko da, biktima-izaera egiaztatzen duen azken titulua ematen denetik zenbatzen hasita.
Epe hori zenbatzen hasiko da kondena-epaia, babes-agindua edo biktimaren aldeko kautela-neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial jakinarazten den egunaren biharamunetik, edo 4. artikuluan aurreikusitako beste bideren baten bidez biktima-izaera egiaztatzen den unetik.
Biktima adingabeen kasuan, egiaztapena egin bada adingabea den bitartean, baina aldi horretan ez bada laguntza eskatu, biktima adin-nagusitasunera iritsi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen aurreko paragrafoan aipatzen den epea.
Prozedura alde batek eskatuta hasiko da, interesdunak edo haren legezko ordezkariak aurkeztutako eskaeraren bidez.
Biktima adingabeen kasuan, emantzipatuta daudenean, beren kabuz eskatu ahal izango dute laguntza. Bestela, legezko ordezkariaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, baldin eta hura ez bada laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen sexu-indarkeriaren erantzulea. Adingabeak aldi horretan jasandako indarkeriagatik laguntza eskatu ez badu, biktimak bere kabuz eskatu ahal izango du, adinez nagusi denetik aurrera, aurreko artikuluan ezarritako moduan. Nolanahi ere, legez ezarritako prozedurak gauzatuko dira.
Dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa elektronikoki edo aurrez aurre aurkez daiteke, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrentzako zerbitzuak dituen bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
Eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko kanal presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideetan kanal bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke.
Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin ahal izango dira:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta behar den dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu ondoren egin beharreko jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.
Eskabidean aukera egongo da laguntza eskatu duenak aurka egin diezaion espresuki dokumentazioaren zati bat laguntza kudeatzen duen organoak eskura edo egiazta dezan, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak esleituta dituen, egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak. Ezin badira dokumentuak lortu, arrazoia edozein dela ere agiriak lortzeko bideragarritasun teknikorik ez izatea barne, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu, laguntza kudeatzen duen organoak ematen dion epean.
Helbide honetan dago eskuragarri laguntzaren informazio-fitxa:
https://www.euskadi.eus/servicios/1262101
Helbide horretan, eskuragarri egongo dira eskabidea, eskabidea betetzeko jarraibideak eta laguntza lortzeko betekizunak egiaztatzeko agiriak.
Eskatzaileek ez dituzte berriro aurkeztu behar izango dagoeneko administrazio publikoen esku dauden dokumentuak eta informazioa. Horretarako, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten datuak edo dokumentuak administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez lortu edo egiaztatuko dira, salbu eta interesduna aurka badago edo teknikoki ezinezkoa bada horiek lortzea. Horrek guztiak ez ditu eragotziko Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.
Instrukzio-organoak ofizioz egiaztatu ahal izango du, behar beste aldiz, laguntzak eskatzen dituzten pertsonek betebeharrak betetzen dituztela, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak. Hala ere, eskatzaileak kontsultaren aurka egin ahal izango du; orduan, baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztuko dira:
Nortasuna egiaztatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea, atzerritarraren identifikazio-zenbakia, bizileku-baimena edo baliokidea, bai eta eskatzailearen ardurapean dauden pertsonena ere, baldin eta edukitzeko betebeharra badute.
Erregistro Zibilean sexuari buruzko aipamena zuzendu ez duten emakume transexualen kasuan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren emakume transexual atzerritarren kasuan ere, baldin eta egiaztatzen badute legez edo izatez ezinezkoa dela zuzenketa hori jatorrizko herrialdean egitea, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legean aurreikusitakoaren arabera egingo dira identifikazioa eta gainerako dokumentu-izapideak, eta, sexu- eta genero-identitatearen administrazio-aitorpenari eta EAEko administrazio publikoek beren prozeduretan behar den dokumentu-egokitzapena ziurtatzeko duten betebeharrari dagokienez, Genero Berdintasunari buruzko ekainaren 22ko 4/2023 Legearen 55. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Adingabe emantzipatuaren kasuan, egoera hori ebazpen judizialaren edo Erregistro Zibilaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
Sexu-indarkeriaren egoera egiaztatzen duen agiria, 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Eskatzailearen eta, hala badagokio, taldearen udal-erroldaren ziurtagiria, etxebizitzan bizi diren pertsona guztien zerrenda eta erroldatze-data jasotzen dituena, laguntza-eskaera aurkeztu baino gehienez hilabete lehenago egina.
Sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeen kasuan, haien egoerak eragozten edo zailtzen badu, zuzenbidean baliozkoak diren beste bitarteko batzuen bidez egiaztatu ahal izango da benetako bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, hala nola gizarte-zerbitzu eskudunek, salerosketaren biktimei arreta emateko zerbitzu espezializatuek edo behar bezala aitortutako hirugarren sektoreko erakundeek egindako txostenen bidez edo benetako egonaldia egiaztatzeko egokiak diren beste dokumentu batzuen bidez.
Ardurapean dauden pertsonen kasuan edo ekonomikoki familia-unitatearen mende dagoen biktima bada, erregistro indibidualaren kopia, familia-liburua, jaiotza-ziurtagiria edo antzeko dokumentuak, edo, hala badagokio, zaintza eta jagoletza edo tutoretza egiaztatzen duen agiria, hitzarmen arautzailearen edo mantenu-betebeharra jasotzen duen ebazpen judizialaren kopia, edo aitortutako ahaidetasun-harremana egiaztatzen duen beste edozein dokumentu. Senideek osasun-laguntza publikoaren onuradun izaera aitortua badute, sexu-indarkeriaren biktima aseguruduna dela aitortzen duen agiria aurkeztuko da.
Biktimak edo bere kargurako pertsonek % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta badute, eskumena duen organismo publikoak egindako desgaitasun-mailaren egiaztagiria indarrean egon behar du.
Eskatzailearen eta, hala badagokio, haren ardurapeko pertsonen errentak zehazteko, edo, familia-unitatearen mendeko biktima adingabeen kasuan, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
Biktimaren eta, hala badagokio, bere ardurapeko pertsonen edo familia-unitateko kideen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpena; halakorik ezean, aitortzeko betebeharrik ez dagoela adierazten duen ziurtagiriaren kopia, dagokion foru-ogasunak edo baliokide batek emana.
Foru-ogasunaren ziurtagiria edo baliokidea, eskatzailearen eta, hala badagokio, haren ardurapean dauden pertsonen edo familia-unitateko kideen titulartasuneko ondasun higiezinak jasotzen dituena.
Eskatzailearen eta, hala badagokio, haren ardurapeko pertsonen edo familia-unitateko kideen banku-kontuen eta banku-tituluen egoerari buruzko banku-ziurtagiriak, eskaera aurkeztu aurreko azken hamabi hilabeteak zehazten dituztenak, interesdunaren titulartasun esklusibokoak izan zein beste pertsona batzuekin partekatutakoak izan.
Eskatzailearen edo haren kargura dauden pertsonen hileko diru-sarrerak justifikatzen dituen beste edozein dokumentu.
Horrela badagokio, familia ugariaren izaera aitortzen duen agiria.
Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ez dela laguntza horren onuradun izan, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ez Estatuko beste ezein autonomia-erkidegotan, salbu eta onuraduna izan eta berriro sexu-indarkeria jasan badu, eta egoera hori berriro egiaztatu bada aplikatu beharreko araudiaren arabera.
Dokumentazioa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz aurkeztu ahal izango da, aplika litekeen izapidetze elektronikoa alde batera utzi gabe.
Eskabideak osatugabe aurkezten badira edo aurkeztu beharreko nahitaezko agiririk gabe, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean eskabidea zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.
Halaber, eskumena duen organoak prozeduraren edozein unetan eskatu ahal die interesdunei behar dituen datuak eta agiriak emateko.
Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko du laguntza.
Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen espresu eta arrazoituaren bidez eman edo ukatuko da eskatutako laguntza, eta, hala badagokio, luzatuko.
Laguntza ekonomikoaren eskaerak ordenan ebatziko dira, eskaera-espediente horiek osatuta dauden egunaren arabera.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Laguntzak eman direla ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, eskaera gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta interesdunei berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaie, ulertuko da laguntza emateko eskaera baietsi egin dela administrazio-isiltasunez.
Laguntza-eskaera ukatzen bada betekizunen bat ez betetzeagatik, berriz eskatu ahal izango da lehenengoz ukatzeko izan ziren zirkunstantziak aldatzen badira.
Laguntza behin bakarrik luzatu ahal izango da, biktima onuradunak hala eskatzen badu, sei hilabete igaro badira laguntza eman zenetik eta laguntza ematea eragin zuten baldintzei eusten bazaie.
Laguntzaren luzapena eskatzeko epea lehenengo emakidari dagokion sei hilabeteko aldia amaitu baino hilabete lehenago hasiko da, eta epe hori amaitu eta hiru hilabetera amaituko da.
Luzapena dekretu honetan laguntza eskatzeko ezarritako prozeduraren arabera eskatu, izapidetu, ebatzi eta ordainduko da.
Laguntzaren luzapenaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira onuradunaren egoera pertsonalean eta familia-egoeran izan daitezkeen aldaketak.
Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak alta emanda egon behar du ogasun- eta finantza-gaietan eskumena duen sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta ez badago edo Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetara jo dezake alta emateko edo datuak aldatzeko:
Aurrez aurre: «Hirugarrenaren alta» eredu normalizatuaren araberako formularioa; hemen dago:
https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
Bide elektronikoz: Hirugarrenen Alta Erregistroko inprimakia betez; hemen dago:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/
Laguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean edo sei hilekotan zatituta jaso ahal izango da, onuradunak egindako aukeraren arabera. Bi modalitateetako laguntzaren ordainketa bateragarria da laguntza behin baino gehiagotan jasotzearekin, 3.3 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Onuradunak bere titulartasuneko banku-kontu batean, berak zehaztutakoan, ordainduko da laguntza, berak aukeratutako moduan.
Jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, laguntza baldintzak bete gabe lortu bada edo laguntza ematea eragotziko luketen egitateak edo datuak faltsutu edo ezkutatu badira hura lortzeko, bai eta dekretu honetan arautako laguntzarekin bateraezina den beste laguntzaren bat jasotzen ari bada.
Laguntzaren luzapena bidegabe lortu bada edo 6. artikuluan ezarritakoaren arabera dagokiona baino zenbateko handiagoa jaso bada, jasotako zenbatekoaren eta jaso behar zenaren arteko aldea itzuli beharko da.
Dirua itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horretan, dirua itzultzeko arrazoiak adieraziko dira, eta 15 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
Alegazioak jasota, edo emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igarota, prozedura amaitzeko ebazpena emango da, hargatik eragotzi gabe 39/2015 Legearen 75. artikuluaren eta hurrengoen arabera bidezkoak diren instrukzio-egintzak egitea.
Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, itzulketa-prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik zenbatzen hasita.
Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, prozedura iraungi eta jarduketak artxibatu egingo dira; hala ere, beste prozedura bat hasi ahal izango da hori eragin zuten inguruabarrek bere horretan jarraitzen badute.
Ebazpenean eskatutako baldintzak betetzen ez direla adierazten bada, honako hauek deklaratuko dira:
Laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta
Ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra. Epe hori borondatez ordaintzeko epea izango da.
Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ogasunaren eta finantzen arloan eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidea erabiliz ordainaraz dezan, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Laguntza hauek bateragarriak izango dira honako hauek jasotzearekin:
Epai judizial bidez erabakitako kalte-ordainak, edo, bestela, Indarkeriazko eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimak laguntzeko eta sorosteko abenduaren 11ko 35/1995 Legean aurreikusitako edozein laguntza.
Honako hauetan aurreikusitako laguntzak: 1369/2006 Errege Dekretua, azaroaren 24koa, Behar ekonomiko bereziak eta enplegua aurkitzeko zailtasunak dituzten langabeak gizarteratzeko errenta aktiboaren programari buruzkoa (indargabetua), eta 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena, 2/2024 Errege Lege Dekretuak emandako idazkeran (2/2024 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 21ekoa, zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira langabezia-babesaren asistentzia-maila sinplifikatzeko eta hobetzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko (EB) 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa osatzen baita, familia bizitza eta gurasoen eta zaintzaileen lanbide-bizitza bateragarri egiteari buruzkoa, eta Kontseiluaren 2010/18/EB Zuzentaraua indargabetzen).
Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legean ezarritako laguntzak, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legean aurreikusitako laguntzak, eta autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek eremu horretan ezartzen dituzten beste laguntza batzuk.
Gizarte Segurantzako baliaezintasun- eta erretiro-pentsioak, kotizazio gabeko modalitatean.
Sexu-indarkeria ezkontide batek edo ezkontide ohi batek edo antzeko maitasun-harremanen bidez biktimarekin lotuta dagoen edo egon den norbaitek egin badu, nahiz eta elkarbizitzarik ez izan, biktimak dekretu honetan aurreikusitako laguntza edo abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuan aurreikusitakoa aukeratu beharko du (Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan ezarritako laguntza ekonomikoa arautzen du dekretu horrek).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Zuzeneko ekintza.
Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c.1 eta 2. artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari dagokionez, dekretu honetan araututako dirulaguntzak kudeatu, ebatzi eta ordaintzea zuzeneko ekintzatzat jotzen da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalen tratamendua.
Sexu-indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoaren kudeaketarekin lotutako datu pertsonalen tratamendua hauetan xedatutakoaren mende egongo da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak onartzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 10ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.