Arautegia

Inprimatu

243/2025 DEKRETUA, abenduaren 22koa, honako dekretu hau aldatzekoa: erakunde sindikalei eta enpresa-erakundeei dirulaguntzak ematea arautzen duen Dekretua, beren jarduera-esparruei dagozkien gaietan erakunde horiekin lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 9
  • Hurrenkera-zk.: 149
  • Xedapen-zk.: 243
  • Xedapen-data: 2025/12/22
  • Argitaratze-data: 2026/01/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak, zeina 2023ko abenduaren 30ean jarri baitzen indarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek kudeatu eta eman behar dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen du.

Lehenengo xedapen azkenak, indarraldi mugagabea duten oinarri erregulatzaileak egokitzeari buruzkoak, 1. apartatuan ezartzen duenez (apartatu hura abenduaren 20ko 8/2024 Legearen azken xedapenetako bigarrenak aldatu zuen), indarraldi mugagabea duten laguntzak eta dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak lege honetara egokitu beharko dira hogeita lau hilabeteko epean, legea indarrean jartzen denetik hasita, eta epe hori igaro eta egokitzapenik egin ez bada, indargabetutzat joko dira.

Bestalde, azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuak, erakunde sindikalei eta enpresa-erakundeei beren jarduera-eremuei dagozkien gaietan lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko dirulaguntzak ematea arautzen duenak, helburu hau du: Eusko Jaurlaritzak, lan-arloan eskumena duen sailaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikalei eta enpresa-erakundeei prestakuntza-planak garatzeko norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dizkien laguntzen esparrua ezartzea.

Arau horrek indarraldi mugagabea du, eta artikulu batzuetan ez da egokitzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legera. Ondorioz, egokitzapen hori egiteko, beharrezkoa da egungo azaroaren 9ko 232/2021 Dekretua aldatzea. Dekretu horren bidez arautzen dira enpresa-erakunde eta erakunde sindikalentzako dirulaguntzak, beren jarduera-esparruei dagozkien gaietan erakunde horiekin lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko. Dekretu honen bidez aldatzen da azaroaren 9ko 232/2021 Dekretua.

Horrenbestez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 22an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 3 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Entitateek, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, eskakizun orokor hauek bete beharko dituzte:

    1. Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako enpresa-elkarteak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira.

    2. Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako erakunde sindikalak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkatuta badaude.

  2. Dekretu honen ondorioetarako, entitateak lurraldez gaindikoak direla ulertuko da haien eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, eta sektorez gaindikoak direla ulertuko da jarduera-sektore edo -adar bat baino gehiago biltzen dituztenean.

  3. Artikulu honen lehenengo apartatuan aipatzen diren entitateak ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean badaude:

    1. Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

    2. Hartzekodunen konkurtso boluntarioa adierazteko eskaria egin dutenek, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnek, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenek konkurtso horretan hitzarmen bat ezarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen menpe daudenek edo maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Konkurtso Legearen testu Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera desgaituta daudenek, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-epealdi hori oraindik amaitu gabe egonik.

    3. Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

    4. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

    5. Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorrita (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

    6. Egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa sailkatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

    7. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat etorrita (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

    8. Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana izatea, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsonak, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Halaber, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

    9. Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.

    10. LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne (Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

    1. , d), e), f), g). i), eta j) apartatuetan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

    1. eta h) apartatuetan jasotako debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren noiz artekoa. Halakorik ez badago, debekuaren noiz artekoa erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago epai irmorik ez badago.

    1. apartatuan jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

  4. Entitate eskatzaileek artikulu honetan eskatzen diren baldintzak beteta izan beharko dituzte eskabidea aurkezten duten unean. Hala ere, ondoren, baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako muga izango da eskabideak aurkezteko epea amaitzea eta, hala badagokio, zuzenketak egitea.

  5. Entitateek onuradun izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko artikulu honen 3. paragrafoan aipatu dira debekuak, bide hauek dituzte: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

    Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira. Espedientea kudeatzen duen organoak zuzenean bilduko ditu dokumentu horiek, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez. Hala ere, entitate eskatzaileak horren aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 4 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Laguntza hauen xede diren prestakuntza-planak ekintza-multzoak dira, eta ekintza horiek bideratuta daude enpresa-erakundeetan eta sindikatuetan diharduten pertsonak gizarte-eragile gisa berezkoak dituzten jarduerak egiteko kualifikatzera eta prestatzera.

    Entitate bakoitzak plan bakarra aurkeztu ahal izango du, non bilduko baitira diruz lagundu daitezkeen ekintza-multzo baten, batzuen edo guztien ekimenak.

  2. Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da edukiaren, dataren edo lekuaren arabera edo xede dituen pertsonen arabera indibidualizatu daitekeen jarduketa edo jarduera oro.

  3. Prestakuntza-planen barruan dauden ekintza hauek lagundu ahal izango dira diruz, haien ezaugarrien arabera:

    I. taldea, ekintza presentzialak: entitate eskatzaileek antolatutako ekintzak dira, modu presentzialean ematen direnak. Pertsona-talde txiki bati zuzenduta egon daitezke, edo masibotzat jo daitezke. Ekitaldi masibotzat hartuko dira jardunaldi batean edo bitan egiten direnak eta 60 pertsonak baino gehiagok parte hartzen badute.

    Era berean, presentzialtzat hartuko dira entitate eskatzaileek antolatutako ekintzak, modu birtualean baina modu sinkronoan ematen direnak, hau da, irakasle bat eta aldi berean konektatuta dauden ikasleak, horretarako plataforma telematikoak erabiliz.

    Gastu hauek lagunduko dira diruz:

    Lokalak alokatzea edo erabiltzea.

    Irakasleen kostua, laguntza jasotzen duen entitatearen barneko irakasleena zein kanpokoena izan.

    Material suntsikorraren kostua: ekipamendu informatikoaren alokairua, material didaktikoen erosketa edo erreprodukzioa eta ekipamendu teknikoen alokairua.

    Prestakuntza-jardueretara pertsonen komunikazio-sistemetan erabateko irisgarritasuna lortzeko egiten diren gastuak.

    II. taldea, presentzialak ez diren ekintzak: urrutitik, linean edo izaera mistoan ematen diren ekintzak dira, eta material didaktiko edo dibulgaziozkoen, inprimatuen edo elektronikoen erabileran oinarrituta egon daitezke, bai eta ikaskuntza elektronikoko plataformetan ere, propioak edo hirugarrenenak.

    Plataforma propioen kasuan, talde honetan diruz lagundu beharreko gastuen artean sartzen dira gauzatze-fase osotik eratorritakoak, sorkuntzatik eta diseinutik hasi eta azken materialaren ekoizpenera eta eguneratzeetara arte, bai eta informatika- eta telekomunikazio-gastuak ere.

    Hirugarrenen plataformen kasuan, diruz lagundu beharreko gastuen artean sartzen dira lizentzia informatikoak, informatikako eta telekomunikazioetako beste gastu batzuk, horrelako prestakuntza-ekintzak egiteko beharrezkoak direnak. Eta, nolanahi ere, hari atxikitako irakasleak.

    III. taldea, baliabide materialak: material didaktikoak eta dibulgaziozkoak prestatzeko ekintzak dira, hala nola argitalpenak, liburuak, aldizkariak, liburuxkak edo antzeko beste edozein material, paperean nahiz euskarri digitalean daudenak.

    Diruz lagundu beharreko gastuen artean sartzen dira baliabide horiek prestatzea, lantzea, itzultzea, editatzea eta banatzea.

    IV. taldea, hirugarrenek antolatutako prestakuntza-jardueretara joatea: eskatzaileak ez diren beste entitate batzuek antolatutako edo emandako prestakuntza-jarduera presentzialetara joatea, baldin eta jarduera horren gaian adituak badira.

    Diruz lagundu beharreko gastuen artean sartzen dira tasa akademikoen ordainketa eta matrikula, ordainketa bakarrekoa nahiz batzuetakoa izan.

    Modalitate mistoa da prestakuntza-ekintza bera emateko modalitate presentzialak eta teleprestakuntza konbinatzen dituena, baldin eta haren zati presentziala iraupen osoaren % 20 edo gutxiago bada; bestela, I. taldekotzat hartuko da.

  1. bis. Nolanahi ere, diruz lagunduak izan ahal izateko, gastu horiek bete beharko dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa.

    Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

    Justifikazioan edo dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu behar diren eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.

  2. Dekretu honen arabera diruz lagunduko diren prestakuntza-planetan aurreikusitako prestakuntza-ekintza guztiak deialdia egiten den urtean hasi beharko dira, eta hurrengo ekitaldiko martxoaren 30a baino lehen amaitu.

  3. Entitate onuradunek baliabide propioekin edo hirugarrenekin azpikontratatuta egin ahal izango dute dirulaguntzaren xede den jarduera, % 100era arte, prestakuntza-planaren plangintza- eta koordinazio-eginkizunak izan ezik, haiek baliabide propioekin gauzatu beharko baititu onuradunak. Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizuna, lan arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren aurrean, eta ziurtatu beharko du onuradunak eta azpikontratistak behar bezala garatzen dituztela jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunak.

    Diruz lagundutako jarduera hirugarren batekin egiteko ituna Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 8 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

    2. Prestakuntza-plana deskribatzeko formularioa, entitate eskatzailea identifikatzeko informazioa eta honako hauek jasoko dituena:

      Proposatutako prestakuntza-plana gauzatzeko beharraren justifikazio arrazoitua. Horrekin batera, honako hauek aurkeztuko dira: planaren oinarri den plan estrategikoa, lortu nahi den zerbitzuen kalitatea hobetzeko proiektua, eta plana eragin duten prestakuntza-premiei buruzko aurretiazko azterlanaren emaitzak.

      Ekintza bakoitzaren programazio zehatza, ekintza bakoitza zein hizkuntzatan emango den adierazita.

      Planaren eta hura osatzen duten ekintza bakoitzaren bideragarritasunerako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.

  2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako inguruabar hauek egiaztatuko dira:

  1. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera epai irmo bidez galdu ez izana, eta delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenaturik ez izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzur eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

  2. Borondatez konkurtsoa deklaratzeko eskaerarik egin ez izana; edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua ez izatea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu); esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Konkurtso Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

  3. Ez izatea administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmoaren eragile deklaratua.

  4. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

  5. Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

  6. Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4 artikuluan agintzen den eran (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

  7. Ez izatea dirulaguntzak jasotzea galarazten dion zehapen-ebazpen irmorik, bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso izana, dagokion zehapenean ezarritako aldia gainditu gabe.

  8. Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plana izateko betebeharra ez betetzea, ezta, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan (50 lagunetik gorako enpresetan), sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezartzeko betebeharra ere ez betetzea.

  9. Ez egin, bultzatu edo sustatu izana LGTBIfobia, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

  10. Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, eta hori betetzeko beste neurri batzuk hartu direla egiaztatu ez izana.

  11. Eskatutako laguntza jarduera berberetarako aitortu edo ordaindutako beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketarik ez osatzea. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen diren laguntzen berri eman beharko da, laguntza likidatu arteko aldian.

  12. Konpromisoa hartzea azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta indarrean dauden gainerako arauetan ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzeko.

  13. Konpromisoa hartzea berme erreala eratzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.3 artikuluan ezarritako moduren batean.

  14. Eskabide honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak direla, baita aurkezten dituen dokumentu guztiak ere, eta bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

  1. Dirulaguntza emateko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du organo kudeatzaileari baimena ematea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatzeko, eskatzaileen baimenik behar izan gabe. Alabaina, eskatzaileak aukera izango du modu arrazoituan aurka egiteko. Kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, araudian zehazten den moduan.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 10 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Lan-arloko zuzendaritza eskudunari dagokio dekretu honen babesean deitzen diren laguntzak kudeatzea.

  2. Ebaluazio-batzorde bat arduratuko da dekretu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aurkeztutako proiektuak aztertzeaz eta ebaluatzeaz. Batzorde hori lan-arloko eskumena duen zuzendaritzako hiru teknikarik osatuko dute, zuzendaritza horretako titularrak izendatuta. Batzordekideen artean izendatuko da batzordeburua. Batzorde horrek txosten bat egin beharko du, eta bertan zehaztuko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak.

    Organo kudeatzaileak, espedientea eta Batzordearen txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta.

    Dirulaguntzak emateko espedientean, organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta, txosten horretan, jasota geratuko da onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera.

  3. Batzordeak prestakuntza-planen eta horiek osatzen dituzten ekintzen kalitatea ebaluatuko du, dekretu honen 11. eta 12. artikuluetan araututako irizpideen arabera, eta urteko deialdiaren agindua.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 13 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Emandako dirulaguntza bateragarria da beste administrazio edo ente batzuetatik publikoak edo pribatuak lor daitezkeen bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta dekretu honetan deskribatutako jarduerak finantzatzea xede badute.

  2. Nolanahi ere, laguntzen guztizkoaren batura ezin izango da inola ere jarduketen kostu erreala baino handiagoa izan, hau da, ezin izango da jarduera horien gainfinantzaketarik egon; azken kasu horretan, dirulaguntza honen zenbatekoa murriztu egingo da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 14 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta lan arloko eskumena duen sailburuordetzako titularrak ebatziko ditu, balorazio-batzordearen txostena jaso ondoren eta organo kudeatzaileak proposatuta. Ebazpen hori bakarra izango da, eta dirulaguntzaren onuradun diren entitateen zerrenda eta dirulaguntza ukatzea ebazten den entitateena jasoko ditu.

  2. Entitate onuradunei dagokienez, ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira:

    1. Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak, onartutako aurrekontua adierazita, diruz lagundu daitekeen talde bakoitzaren arabera multzokatuta.

    2. Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa, urte anitzeko banaketa eta diruz lagundutako ekintzen aurrekontu orokorra zehaztuta, diruz lagundu daitekeen taldearen arabera banakatuta.

    3. Ordaintzeko moduak eta epeak.

    4. Justifikatzeko modua eta epea.

    5. Administrazio honi dagozkion ebaluazio-, gainbegiratze-, jarraipen- eta kontrol-aurreikuspenak.

  3. Gehienez ere hiru hilabetekoa izango da dekretu honen babesean egindako dirulaguntza-eskaerei buruzko berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko epea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.3 artikuluarekin. Epe horretan ez bada ebazpen hori eman eta jakinarazi, aurkeztutako eskaerak ezetsitzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioekin, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

  4. Soilik publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, lan arloko eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez: alde batetik, xedapen honen babesean dirulaguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

  5. Laguntzak emateari buruz erabakitzen duen ebazpenaren aurka, entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote lan-arloan eskumena duen sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 15 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Dirulaguntza ondoren zehazten den moduan ordainduko da:

    1. Lehenengo ordainketa, esleitutako dirulaguntza osoaren % 70, dirulaguntza ematen den unean egingo da. Dirulaguntza hori justifikatzen da diruz lagundutako jardueraren helburuak bete ahal izateko beharragatik, bai eta finantzatzen den jarduketaren epeagatik ere, eta aukera ematen du diruz lagundutako jarduera hasi zenetik sortutako gastuei aurre egiteko funtsak erabiliko direla bermatzeko; justifikatzen da, baita ere, onuradunek irabazi-asmorik ez dutelako eta bere helburuen interes publiko eta sozialagatik.

    2. Bigarren ordainketa, gainerako % 30a, diruz lagundutako prestakuntza-plana amaitu ondoren egingo da, eta, horretarako, egindako jardueren, dirulaguntzaren helburua bete izanaren eta finantzatu diren egindako gastuen justifikazioa aurkeztu beharko da, plana amaitu eta bi hilabeteko epean.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatuko da ezarritako baldintzak bete direla eta aurreikusitako helburuak lortu direla, bai eta gastua ere.

  3. Onuradunek, b) letran adierazitako epea amaitu baino lehen, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

  1. Prestakuntza-planaren eta hura osatzen duten ekintzen gauzatzea deskribatzen eta ebaluatzen duen txostena, non berariaz jaso beharko baita dirulaguntzaren xedea bete dela, deskribatutako aurrekontuaren eta proiektuaren arabera, eta lortutako emaitzen ebaluazioa. Gainera, diruz lagundu daitekeen III. taldeko prestakuntza-ekintzen kasuan izan ezik, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen zerrendak jaso beharko ditu, sexuaren arabera bereizitako datuekin, haien izenarekin, bi abizenekin eta NANarekin identifikatuta.

  2. Dirulaguntza osoaren kargura egindako gastuak justifikatzeko kontu bat, entitatearen legezko ordezkariak sinatua, honako hauek jasoko dituena:

    1. Jardueraren gastuak eta inbertsioak sailkatzen dituen zerrenda bat, alderdi hauek zehazten dituena: hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data.

    2. Gastuaren froga-balioa duten dokumentuak, hala nola fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, nominak eta, hala badagokio, Konstituzio Auzitegiaren kotizazio-buletinak, kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen dutenak, aurreko apartatuan aipatzen den zerrendan sartutako kostuei buruzkoak. Era berean, ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa sartu beharko du (egindako ordainketaren banku-egiaztagiria, aurkeztutako fakturekin bat datorrena).

    3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza. Zenbatekoa eta jatorria adierazi behar dira.

  3. Parte-hartzaileei emandako dokumentazio didaktikoaren eta ekintzetan sortutako dokumentu eta argitalpenen joko osoa, euskarri elektronikoan. Dokumentazio hori entitate onuradunaren egoitzan artxibatu beharko da bost urtez, bigarren ordainketa berrikusi eta agindu ondoren.

    Entitate onuradunek lan-arloan eskumena duen Zuzendaritzaren esku jarriko dituzte diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako gastuen egiaztagiri guztiak eta jatorrizko dokumentazioa, dagozkion egiaztapenak egin ditzan, gutxienez 5 urtez, data horretatik aurrera.

  4. Ordainketak egiteko, entitate onuradunek ez badute baimendu zerga-erakundeekin eta Gizarte Segurantzakoekin elkarreragingarritasun-kontsulta egitea, dagokion foru-ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion gizarte-aurreikuspeneko erakundearen ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte, ordainketa bakoitza eskatzen den egunean erakunde horiekin hartutako betebeharrak bete dituztela egiaztatzen dutenak.

  5. Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak inskribatuta egon behar du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren hirugarrenen erregistro telematikoan.

    Entitatea erregistratuta ez badago, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistro telematikoan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, elektronikoki izapidetu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.eus/hirugarrenak).

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 16 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo aldi berean xede berarekin beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edo xede bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie.

  2. Egindako eta justifikatutako gastua aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa izan bada, dirulaguntza proportzionalki lotuko zaio benetan gauzatutako zenbatekoari.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 17 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Entitate onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Dirulaguntzaren xede den jarduera egitea.

    2. Dirulaguntza eman duen organoari frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere. Jarduera hori pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak gehitu behar dira.

    3. Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, men egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.

    4. Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea ea jaso den xede bererako beste dirulaguntza edo laguntzarik, edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen eskutik. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

    5. Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, horren berri idatziz jakinaraztea Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari. Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

    6. Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.

    7. Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

    8. Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

    9. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako beste edozein.

  2. Lan arloko eskumena duen Sailak dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko behar diren ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egiteko aukera izango du.

Azaroaren 9ko 232/2021 Dekretuaren 18 artikulua honela idatzita geratuko da:

  1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen dekretu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, eta, halakorik bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galdu egingo da, eta bi hilabeteko epean itzuli egin beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa ere. Horretarako, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

  2. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 75 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

  3. Erantzukizunen araubidean, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

Azaroaren 9ko 232/2021 Errege Dekretuaren 19. artikulua gehitzen da, eta honela dio:

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira bidegabeki jasotako laguntzak organo emaileari itzultzeko arrazoiak eta prozedura.

Azaroaren 9ko 232/2021 Errege Dekretuaren 20. artikulua gehitzen da, eta honela dio:

Bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin (Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa), deialdi horretako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Prestakuntza-planetarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Jarduera horren helburua da enpresa-erakundeei eta erakunde sindikalei beren jarduera-eremuetako berezko gaietan giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko ematen zaizkien dirulaguntzak izapidetzea eta kudeatzea, eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da tratamenduaren arduraduna. Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (11/1985 Lege Organikoa, abuztuaren 2koa, Sindikatu Askatasunari buruzkoa). Interesdunek beren datuak begiratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea daukate, baita datuon tratamendua mugatzekoa edo aurkaratzekoa ere, tratamenduaren arduradunaren aurrean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araudi aplikagarria.

Dekretu honetan berariaz arautu ez denari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea aplikatu behar da. Eta 20/2023 Legean berariazko erregulaziorik ez badago, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Ondorioak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.