Arautegia
Inprimatu198/2025 DEKRETUA, urriaren 14koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortu eta haren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 205
- Hurrenkera-zk.: 4514
- Xedapen-zk.: 198
- Xedapen-data: 2025/10/14
- Argitaratze-data: 2025/10/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, Jaurlaritzaren barruan estatistika-organo espezifiko bat eratuta duten sailek, lege horretan aurreikusitako moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko jarduketa gauzatuko dute, eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundearen zati bat osatuko dute. Era berean, lege-testu beraren 27. artikuluak estatistika-organo espezifikoen erregulazioa beren araudi propioari lotzen dio.
Jaurlaritzaren sailetako estatistika-organoak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak garatzen ditu aipatutako legean sailetako estatistika-organo horien sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruz jasotako aurreikuspenak. 180/1993 Dekretuaren Lehenengo Xedapen Gehigarriak ezartzen du, gainera, Jaurlaritzako sailek Euskal Estatistika Planean edo Urteko Estatistika Programetan eurei dagozkien estatistikak eta jarduerak egin ahal izateko, ezinbestekoa izango dela sailek estatistika-organo espezifikoa izatea. Dekretuaren 1.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, sail bakoitzak estatistika-organo espezifiko bakarra eduki ahal izango du.
legegintzaldia hasi ondoren, Eusko Jaurlaritzako sailak berrantolatu eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua indarrean sartu ondoren, sail horretako estatistika-organo espezifikoa sortu behar da.
Ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak adierazten duenez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila iraungitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko organo eta unitateek osatuko dute, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak izan ezik.
Era berean, 18/2024 Dekretuaren hamahirugarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, iraungitako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako unitateak eta baliabide materialak eta giza baliabideak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzetan txertatuko dira, garatzen dituzten eta atxikita egon daitezkeen eginkizunekin bat etorriz.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuak, xedapen iragankorrean, Saileko Estatistika Organo Espezifikoa Zerbitzu Zuzendaritzaren barruan dekretu bidez sortzea aurreikusi du.
Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren proposamenez, Euskal Estatistika Batzordeak txostena egin ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2025eko urriaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen bidez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoa sortzen da, eta organo horren antolaketa eta funtzionamendua ezartzen dira, Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren preskripzioekin bat etorriz.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoak indibidualizazio organiko propioa du, kide bakarreko organoa da, eta Zerbitzuen zuzendariaren mende dago zuzenean.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoa, bere eskumenen ondorioetarako, I. motakoa izango da. Horren arabera, 180/1993 Dekretuak mota horretako estatistika-organo espezifikoei ematen dizkien eskumenak izango ditu, eta, zehazki, honako hauek:
Euskal Estatistika Planaren proiektuaren oinarri izango den saileko estatistika-plana egitea.
Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin lankidetzan aritzea Euskal Estatistika Plana eta Urteko Estatistika Programak egiteko.
Urteko Estatistika Programetan jasotako estatistikak edo horien faseak egitea, programa horietan zehazten diren baldintzetan.
Berezko estatistikak egitea, Euskal Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Programetan sartu gabeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako moduan.
Artikulu honen c) eta d) idatz-zatietatik eratorritako estatistika-eginkizunen ondorioz beste erakunde batzuekiko harremana izatea, betiere 4/1986 Legearen 29. 1. c) eta d) artikuluan ezarritakoa betez.
Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa lortzea, 4/1986 Legearen 9. artikulutik 16.era bitartean adierazitako moduan.
Artikulu honetako d) idatz-zatian aipatutako estatistiken emaitzak argitaratzea eta zabaltzea, baita urteko estatistika-programetan zehazten direnak ere, haien edukia Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazi ondoren.
Bere sektore-eremuko estatistika-direktorioen fitxategiak egiten eta eguneratzen parte hartzea, 4/1986 Legearen 29.1.i) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak interesgarritzat jotzen dituen proiektuak egitea, bereziki sektorekako eta azpisektoreko zerbitzuak, azterlanak eta analisiak, 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritako esparruan.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoak bere eskumenak baliatuko ditu bai sail horren beharrizan estatistikoei dagokienez, bai sail horrek atxikita dituen erakunde instituzionalei dagokienez, eta estatistikak datu estatistikoetatik edo datu administratiboetatik abiatuta egin behar diren kontuan hartu gabe.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoak errespetatu egingo ditu aipatutako saileko organo eta instantziei estatistikek eragindako gaietan legez esleitutako eskumenak. Azken horiek emango diote bere eskumenak gauzatzeko behar duen informazioa.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoak, 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako Estatistika Organo Espezifikoen Erregistroan inskribatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko bere jarduna gauzatuko du, estatistika-legeria betez, beste organo eta erakunde batzuekin dituen harremanetan, bere sailekoak edo sailari atxikitakoak barne.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak izango du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Estatistika Organo Espezifikoak emandako egintzen aurka jartzen diren administrazio-errekurtsoak ezagutzeko eta ebazteko eskumena.
Errekurtso horiek ebazteko, Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen nahitaezko txostena beharko da.
Dekretu hau indarrean sartzen denean, indargabetuta geratuko da uztailaren 27ko 188/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren berariazko estatistika-organoa sortu eta haren funtzionamendua eta antolamendua ezartzen dituena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren jardun-arloetan, baita dekretu horretan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urriaren 14an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.