Arautegia
Inprimatu131/2025 DEKRETUA, ekainaren 17koa, segurtasun industrialaren arloko profesionalen kualifikazioarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila; Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 122
- Hurrenkera-zk.: 2899
- Xedapen-zk.: 131
- Xedapen-data: 2025/06/17
- Argitaratze-data: 2025/06/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi jarduerak; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria
Testu legala
Segurtasun industrialaren sektorean lan egiten duten pertsonen profesionalizazio handia eta arlo horretako erregulazioek lehenengoetatik hasita bete behar duten araubide juridikoaren espezifikotasuna dira segurtasun industrialaren euskal sistemaren oinarria.
Maiatzaren 17ko 175/1994 Dekretua (175/1994 Dekretua, maiatzaren 17koa, Txartel profesionalak lortzeko prozedura bateratzen duena eta instalazioak, mantentze-lanak edo segurtasun industrialaren arloko beste jarduera batzuk egiten dituzten enpresa baimenduentzako eskakizunak zehazten dituena) asmo hauen arabera promulgatu zen: «instalazioak muntatu, mantendu edo berrikusten dituzten Profesional eta Enpresa Baimenduen jardueren eta funtzionamenduaren gutxieneko baldintzak eta betekizunak finkatzea eta profesional horiek izan behar duten prestakuntza, ezagutza eta trebakuntza finkatzea».
Martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak segurtasun industrialaren arloko kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen ditu. Dekretu hori, bere aitzindariaren ildoan sakonduz, xede honekin sortu zen: «Autonomia-erkidego honetan kualifikazio indibidualeko txartelei eta enpresa baimenduei aplikatu beharreko araubide juridikoa arautzea, eguneratzea eta argitzea», besteak beste «kualifikazio indibidualeko txartela eskuratzeko sistemaren» erregulazioaren bidez eta «txartel profesionalak lortzeko eskatzen diren ezagutza-proba teoriko-praktikoak egiteko prozedura» bizkortuz eta sinplifikatuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikotik eratortzen den eskumen-eremuaren babesean daude dekretu horiek. Bertako 10.30 artikuluan xedatzen da autonomia-erkidego honen «eskumen esklusiboa» dela industria, «salbu eta arau berezien peko industriak ezartzea, handitzea eta lekualdatzea, dela segurtasunagatik, armadaren eta osasunaren interesagatik, edota eginkizunotarako legeria berezia behar dutenak eta atzerriko teknologia eskuratzeko aurretiazko kontratuak behar dituztenak».
Eskumena estatuaren arau-ahalmen propioak eta industriaren alorrean eskumen esklusiboa duten autonomia-erkidegoen ahalmen propioek mugatzen dute; lehenak «industria-segurtasunarengatik» eman ditzake arauak, eta bigarrenek estatuaren xedapenen osagarri diren xedapenak sortzeko ahalmena dute, eta horri zor zaio arau hau, hain zuzen ere.
Txartel profesionalak eta enpresa baimenduak arautzea industria-segurtasunaren araubide propioaren alorrari dagokio, bistan denez, batik bat kontuan hartzen badugu industria-segurtasunaren helburua arriskua aurreikusi eta mugatzea eta istripuetatik eta ezbeharretatik babestea dela eta agente mota horren esku-hartzea industria-segurtasun horretarako berme bat eta kontrol-sistema bat dela.
Bestalde, Industriaren uztailaren 16ko 21/1992 Legeak xedatzen du (1992ko uztailaren 23ko BOE) segurtasunerako araudiek besteak beste «ekipamendu-baldintzak, baliabideak eta gaitasun teknikoa» arautu behar dituztela, bai eta, hala behar bada, instalazioen eta produktu industrialen proiektuan, obra-zuzendaritzan, gauzatzean eta muntaketan, kontserbazioan eta mantentzean parte hartzen duten pertsonei eta enpresei eskatutako baimenak ere (12.1.d artikulua).
Era berean, 13. artikuluaren 1. apartatuaren b) letrak ezartzen duenez, «kontrol-erakundearen, instalatzaile edo kontserbatzaile baimenduen edo goi-mailako teknikari eskudunen egiaztagiriarekin edo aktarekin» frogatu behar da, aukeran dauden eren artetik, industria-segurtasunaren alorrean arauzko eskakizunak betetzen direla.
Segurtasun industrialaren arloko profesionalen araubideak, era berean, azken arlo horri buruzko araudiaren bultzada ere izan du. Hori horrela, Segurtasun Industrialaren ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 17. artikuluak dio segurtasun industrialeko instalazioak materialki diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu eta kontrolatzen dihardutenek «titulua, ziurtagiria edo beste edozein agiri» eduki behar dutela, dabiltzan jardueran behar bezala aritzeko behar diren ezagutza teoriko eta praktikoak eta gaitasunak dituztela egiaztatzen duena.
Aurrekoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 14. artikuluak, Autonomia Estatutuaren 10.30 artikuluan aurreikusitako eskumen esklusiboaren babesean, honela definitzen ditu «eragile laguntzaileak»: «teknikari tituludun gaitasundunak, profesional kualifikatuak eta erregelamenduetan aurreikusitako espezialitateetakoren batean baimendurik dauden enpresak», bai eta «profesional kualifikatuak prestatzeko aintzatetsitako erakundeak» ere.
Gaitzeko prestakuntzaren arloa da arau hau txertatu behar den beste eremua; arauak, izan ere, hauek ezarri nahi ditu: «araututako jarduerak gauzatzeko eskatzen diren ezagutza teoriko eta praktikoen araubide juridikoa; ezagutza horiek egiaztatzeko sistemak, eta, azkenik, prestakuntzarako aintzatetsitako entitateen araubide juridikoa». Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak, alde horretatik, gai honen erregulazio juridikoaren ardatz egituratzailea eta dekretu honen aurreikuspen askoren legezko oinarria biltzen ditu. Lege horren 15. artikuluak honela dio, besteak beste: «Lan-esperientziaren bidez edo ikasketa-prozesu ez-formal eta informalen bidez eskuratutako gaitasunak ebaluatzea, egiaztatzea eta aitortzea hezkuntzaren eta enplegurako prestakuntzaren arloko eskumena duten Eusko Jaurlaritzaren sailei dagokie, eta, hala badagokio, unibertsitateei. Sail horiek gaitasun-unitateen bidez objektibatu beharko dituzte gaitasunak». Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak «diplomak eta ziurtagiriak ezarri ahal izango ditu, hezkuntza-titulazioetan edo lan-ziurtagirietan jasota ez dauden eta lege honen babespean sortzen diren prestakuntza-ekintzak egiaztatzeko xedez».
Aipatutako arau-aurrekarietatik abiatuta, dekretu honen xedea da esparru juridiko berritua ematea segurtasun industrialaren sektoreko profesionalen kualifikazioari. Antolamendu juridiko berria dekretuaren lehenengo artikuluan definitutako lau ardatzetan banatuta dago, eta hobekuntzak txertatzen ditu erregulazio-teknikaren eremuan, eta lehendik zegoen araudiaren sorrerako printzipioak sakontzen eta harmonizatzen ditu, zerbitzuen barne-merkatuaren erregulazio juridikoa definitzen dutenak bereziki.
Esparru juridiko berriaren bidez, sektorearen dinamismo handiari erantzun nahi zaio, eta, aldi berean, funtsezko bi helburu lortu: segurtasun industrialaren esparruan funtzio jakin batzuk betetzeko gaitasunaren eta kaudimen teknikoaren egiaztapena erraztea, eta sektore horretan diharduten pertsonen profesionalizazioaren kultura sendotzea.
Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa izan da kualifikazio-txartelak berriz kontzeptualizatzea aurrerantzean ez dira gaikuntza-tituluak, baizik eta kualifikazioa egiaztatzeko mekanismo bat eta neurriak hartzea kualifikazioa egiaztatzeko bitarteko guztiak bateratzeko eta prestakuntza-entitateek eremu horretan betetzen duten zeregina aitortzeko eta indartzeko.
Berrikuntza horietan guztietan, zeharka, administrazio elektronikoa bultzatuko da eta administrazio-jardunean efikazia- eta efizientzia-printzipioak sustatuko dira.
Dekretuak 29 artikulu ditu, honela banatuta: hiru kapitulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, bi xedapen indargabetzaile eta bi azken xedapen.
kapituluak lau artikulu ditu, eta xedapen orokorrak ezartzen ditu. Horien artean daude arauaren aplikazioaren xedeari eta eremuari buruzkoak, definizioen zerrenda bat, eta industriaren eta hezkuntzaren arloan eskumena duten sailen artean izan beharreko koordinazioaren eta lankidetzaren printzipioak eta xedeak.
kapituluak, berriz, hiru atal ditu, eta lehenengoak kualifikazioaren araubide juridikoa ezartzen du. Horrela, araudi sektorialean aurreikusten diren ezagutza teoriko eta praktikoak dituzten pertsonek soilik gauzatu ahal izango dituzte erregelamendu horrek araututako diseinu-, instalazio-, mantentze-, konponketa-, operazio- eta kontrol-jarduerak, eta, bestalde, pertsona horiek bete egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legeak eta lege hori garatzen duten arauek ezarritako betekizunak, bai eta kualifikazioari buruzko betekizunak ere.
Lehen atal horren barruan sartzen da, halaber, kualifikazioaren araubidearen definizioa, eta bi eremuren inguruan egituratuko dela aurreikusten da materiala eta funtzionala, eta dekretu hau garatzeko emango den araudiak erregulatzeko berezko gai bat izango dela.
kapituluko 2. eta 3. atalek kualifikazioa egiaztatzeko sistema erregulatzen dute, eta, bereziki, kualifikazio-txartelak; hartara, kualifikazio-txartelen izaera juridikoa aurreikusten dute, bai eta horiek lortzeko aurreikusitako baldintzak eta prozedura, eskatutako dokumentazioa eta txartel horien betebeharren, kontrolaren eta baliotasunaren araubideari buruzko hainbat alderdi ere. Hemen jasotako aurreikuspenen artean, komeni da 11. artikulukoak nabarmentzea, kualifikazioa egiaztatzeko hainbat bide harmonizatzera bideratuta daudenak, bai eta 16. artikulukoak ere, araudi sektorialak horren arabera emandako txartelei baliotasun-epe jakin bat ezartzen dien kasuak aurreikustera eta arautzera bideratuak.
Hirugarren eta azken kapituluak prestakuntza-entitateen araubide juridikoa ezartzen du, eta hauek zehazten ditu: jardueraren hasiera erregulatzen duten arauak, ematen duten prestakuntzaren izaera ez-formala, prestakuntza-entitate gisa aitortzeko baldintzak eta prozedura-esparrua, azken horren balio-aldia, eta entitate horiek bete beharreko betekizunen eta kontrolaren araubidea. Bestalde, kualifikazio-ikastaroen egitura eta edukia ere jasotzen dira, eta ikastaro horiek amaitzean ebaluazio-proba bat egin beharko dela aurreikusten da; proba horren garapena industriaren eskumena duen organo periferikoak gainbegiratuko du, dagokion lurraldearen arabera.
Lehenengo xedapen gehigarriaren bidez, gaitasun-probak egiteko eman behar den zerbitzua bermatu nahi da, industria-arloan eskumena duen sailaren organo periferikoek zerbitzu hori aintzat hartu eta, hala badagokio, zerbitzua eman ahal izan dezaten merkatuan kontratatu ezin denean. Bigarren xedapen gehigarrian, berriz, aukera ematen da ur-hornidurako barne-instalazioak egiteko eta mantentzeko jarduera dekretu honetan aurreikusitako arau-eskemaren mende jartzeko.
Hiru xedapen iragankorren bidez, tratamendu juridiko espezifikoa ematen zaie aurreko araudiaren indarraldian sortu diren eta araubidea modulatu behar izan zaien kasuei, hemen jasotako aurreikuspenen eraginkortasuna bermatu ahal izateko.
Lehenengo xedapen indargabetzaileak ordenamendu juridikotik kentzen ditu, indarrean jarraituko balute ere, honen aurka agertzen diren xedapenak, eta, aldi berean, xedapen indargabetzaileak dio 63/2006 Dekretua garatzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Agindua indarrean dagoela. Bigarren xedapen indargabetzaileak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Agindua indargabetzen du, Emaitek Plus laguntzen programa arautzen duena.
Azken xedapenetako lehenengoak erregelamendu-garapenerako gaikuntza jasotzen du, eta bigarrenak, berriz, dekretua indarrean jartzeko epea finkatzen du.
Horrenbestez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa entzunda eta Gobernu Kontseiluak 2025eko ekainaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
Dekretu honen xedea hauek arautzea da:
Segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, operatu eta kontrolatzeko jarduerak gauzatzeko eskatzen diren ezagutza teorikoen eta praktikoen araubide juridikoa.
Ezagutza teoriko eta praktiko horiek egiaztatzeko sistemak.
Kualifikazio-txartelen izaera, baliotasuna eta horiek lortzeko bideak.
Segurtasun industrialaren arloko prestakuntza-entitateen araubidea.
Dekretu honetako xedapenak eremu hauetan aplikatuko dira:
Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, operatu eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak.
Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan ematen dituzten prestakuntza-entitateak.
Dekretu honetan xedatutakoetarako, definizio hauek ezartzen dira:
Segurtasun industriala: nahitaezko xedapen-sistema, xedetzat arriskuak prebenitzea eta mugatzea duena, bai eta pertsonak, ondasunak edo ingurumena kalteak eragin diezazkieketen istripuetatik babestea ere kalte horiek industria-jardueraren ondoriozkoak direnean edo instalazio edo ekipoen erabileraren, funtzionamenduaren eta mantentzearen ondoriozkoak direnean eta produktu industrialen ekoizpen, erabilera, kontsumo, biltegiratze edo zaborretara botatzearen ondoriozkoak direnean.
Profesional kualifikatua: segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak materialki diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, operatu eta kontrolatzeko eskumena duen pertsona fisikoa.
Kualifikazioa: segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak materialki diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, operatu eta kontrolatzeko eskatzen diren ezagutza teorikoen eta praktikoen multzoa.
Kualifikazio-txartela: dokumentu administratibo bat, egiaztatzen duena pertsona fisiko jakin batek ezagutza teoriko eta praktikoak dituela segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak materialki diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, operatu eta kontrolatzeko.
Prestakuntza-entitatea: kualifikazioa egiaztatzeko sistemako pertsona fisikoa edo juridikoa, segurtasun industrialaren esparruan kualifikazio-ikastaroak emanez eta ebaluatuz eta ezagutza teoriko-praktikoen probak eginez parte hartzen duena.
Prestakuntza-ikastaroa: aitortutako prestakuntza-entitate batek emandako ikastaroa, ikasleek segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, operatu eta kontrolatzeko behar dituzten ezagutza teoriko eta praktikoak eskura ditzaten antolatua.
Segurtasun industrialeko instalazioak: martxan jartzeari, diseinuari, funtzionamenduari edo kontrolari dagokienez, segurtasun industrialeko araubidearen mende dauden aparatu, ekipamendu, produktu, elementu eta osagaien multzoa.
Segurtasun industrialeko makinak: erabilerari edo operazioari dagokienez, segurtasun industrialeko araubidearen mende dauden tresna konbinatuen multzoa.
Sektoreko erregelamendua: segurtasun industrialaren arloan indarrean dagoen xedapena edo xedapen multzoa, zeinaren bidez ezartzen baitira segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak abiarazi, martxan jarri, diseinatu, garatu, operatu edo kontrolatzeko bete beharreko berariazko baldintzak edo betekizunak.
Segurtasun industrialeko administrazioa: segurtasun industrialaren arloan eskumenak dituzten organo administratiboen multzoa, eta horiei lotutako edo horien mendeko zuzenbide publikoko entitateak eta organismo publikoak.
Industriaren eta hezkuntzaren arloan eskumena duten sailak elkarlanean arituko dira, eta beren jarduerak koordinatuko dituzte, kualifikazioen berezko ezagutzen eta ezagutza horiek eskuratu eta egiaztatzeko bideen definizio eta planteamendu egokia bermatzeko.
Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailari dagokio dekretu honen eremuan sartzen diren titulazioen lanbide-heziketako programak segurtasun industrialaren araubideak ezarritako kualifikazio-beharretara egokitzeko ekimena.
1. ATALA
KUALIFIKAZIOAREN ARAUBIDE JURIDIKOA
Segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, maneiatu eta kontrolatzeko jarduerak araudi sektorialean aurreikusitako ezagutza teorikoak eta praktikoak dituztenek soilik egin ahal izango dituzte.
Segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, maneiatu eta kontrolatzeko, zenbait betekizun bete beharko dira: lan horiek materialki egiteko dekretu honetan aipatzen diren kualifikazio-eskakizunez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legean eta lege hori garatzeko emandako arauetan ezarritako segurtasun industrialeko jarduerak hasteko eta garatzeko araubidea ere bete beharko da.
Bete beharreko araudi sektorialak profesional kualifikatuei esleitzen dizkien eskumenek zehaztuko dute kualifikazioaren eremua.
Kualifikazioaren eremu materiala kualifikazioari buruzko gaiak edo gaiek zehaztuko dute, kualifikazioari buruzko araudian zehaztuta dauden moduan.
Dekretu hau garatzeko xedapenetan edo araudi sektorialean onartzen diren espezialitate eta lanbide-kategorien arabera zehaztuko da kualifikazioaren eremu funtzionala.
Titulazioak, profesionaltasun-ziurtagiriak edo kualifikazioa egiaztatzen duten bestelako ziurtagiriak, bai eta espezialitate eta kategoria bakoitza lortzeko gainditu behar diren kualifikazio-ikastaroen edukia ere, dekretu hau garatzeko xedapenetan definituko dira.
Kualifikazioen eremu funtzionala definitzerakoan, osagarritasun-printzipioa hartuko da kontuan. Printzipio horren arabera, arlo nagusiak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, maneiatu eta kontrolatzeko jarduerak egiteko gaitutako profesionalak eskumenak izango ditu arlo osagarrian ere, baldin eta hori eremu materialarekin bat badator.
2. ATALA
KUALIFIKAZIOA EGIAZTATZEKO SISTEMA
Pertsona fisikoek dagokien kualifikazio-txartela beren izenean emateko eskatu ahal izango diote segurtasun industrialeko administrazioari, atal honetan xedatutakoaren arabera horretarako eskubidea izanez gero.
Kualifikazio-txartela administrazio-agiri publikoa izango da, eta haren titularrak bertan aipatzen den kualifikazioa duela egiaztatzeko balioko du, kontrakorik frogatu ezean.
Segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, maneiatu eta kontrolatzeko jardueretarako, ez dago kualifikazio-txartela eduki beharrik, araudi sektorialak berariaz hala ezartzen ez badu.
Hori horrela izanda ere, bete egin behar da segurtasun industrialeko instalazioak eta makinak diseinatu, instalatu, mantendu, konpondu, maneiatu eta kontrolatzeko jardueretarako indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen ezagutza teorikoen eta praktikoen araubidea.
Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek izango dute kualifikazio-txartelaren titulartasuna eskatzeko eskubidea:
Adinez nagusia edo 16 urtetik gorako emantzipatua izatea.
Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna izatea.
Txartela eskatzen den kualifikazioari dagozkion ezagutza teoriko eta praktikoak izatea.
Ohiko lantokia edo ohiko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, edo dagokion kualifikazioa lortu izana dekretu honen aplikazio-eremuan sartutako prestakuntza-erakunderen batek eskainitako ikastaro batean.
Kualifikazioak aitortutako eskumenak gauzatzeko gaitasun funtzionala izatea, araudi sektorialak ezarritako eran (halakorik ezartzen badu).
Zerga-legeriaren araberako tasen kontzeptuak ordaintzea.
Dagokion jardueran aritzeko zigortuta edo desgaituta ez egotea epai edo ebazpen irmo baten bidez.
Araudi sektorialean aurreikusten diren gainerako baldintzak betetzea.
Kualifikazio-txartela lortzeko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da. Eskabideak hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.
Eskabidea eta interesdunek segurtasun industrialeko administraziora xede horretarako bidaltzen diren gainerako dokumentuak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Eskatutako txartela emateak amaiera emango dio prozedurari.
Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da; epe hori igarota, eskaera isilbidez baietsi dela pentsatu behar da.
Kualifikazio-txartelak lortzeko eskabideetan honako hauek adierazi beharko dira:
Interesdunaren izen-abizenak.
Identifikazio fiskaleko zenbakia.
Sexua.
Ohiko bizilekua.
Jarduera eskuarki garatu nahi den tokia.
Zer kualifikaziotarako eskatzen den txartela.
Lekua eta eguna.
Sinadura.
Industria arloan eskumena duen sailaren organo periferikoa, eskabidea bidaltzen zaion hura.
Eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da, egiaztatu ahal izateko interesdunak badituela eskatutako txartelaren kualifikazioari dagozkion ezagutza teorikoak eta praktikoak, bai eta, hala behar bada, egiaztatu ahal izateko baduela dagokion kualifikazioaren eskumenak gauzatzeko eskatzen den gaitasun funtzionala ere.
Ohiko bizilekua egiaztatzeko, zuzenbidean onartutako edozein bide erabili ahal izango da.
Interesdunek beren helbide elektronikoaren eta gailu elektronikoaren berri ere eman ahal izango dute eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan aurreikusitako jakinarazpenetarako.
Eskabideak ez baditu betetzen artikulu honetan adierazitako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskabideari uko egin diola pentsatuko dela.
Dekretu honen 8.c) artikuluan aipatzen diren ezagutza teoriko eta praktikoak egiaztatzeko, agiri hauetako edozein aurkeztu beharko da:
Unibertsitate-titulu bat; titulu horren eskumen-eremuak, lege-atribuzioek edo ikasketa-planak, betiere, barnean hartu behar dituzte aplikatu beharreko segurtasun-erregelamenduko gaiak eta, hala badagokio, jarraibide tekniko osagarriak.
Lanbide Heziketako titulu bat edo Profesionaltasun Ziurtagirien Katalogo Nazionaleko profesionaltasun-ziurtagiri bat; haien eskumen-eremuak, betiere, aplikatu beharreko segurtasun-erregelamenduko eta, hala badagokio, jarraibide tekniko osagarrietako gaiak barnean hartu behar ditu.
Lan-esperientziaren bidez eskuratutako konpetentzia profesional bat aitortua izatea aplikatu beharreko segurtasun-erregelamenduko eta, hala badagokio, haren jarraibide osagarrietako gaietan, Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren VI. tituluan xedatutakoaren arabera (errege-dekretu horren bidez, 1224/2009 Errege Dekretua indargabetu da, uztailaren 17koa, lan-esperientziaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak aitortzekoa).
Europar Batasuneko beste estatu batean edo batzuetan eskuratutako lanbide-kualifikazioa aitortua izatea ekainaren 9ko 581/2017 Errege Dekretuaren arabera (581/2017 Errege Dekretua, ekainaren 9koa, Espainiako ordenamendu juridikoan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 2013/55/EB Zuzentaraua txertatzen duena; zuzentarau horren bidez, aldatu egiten dira 2005/36/EE Zuzentaraua, lanbide-kualifikazioak aitortzeari buruzkoa, eta 1024/2012 (EB) Erregelamendua, Barne Merkatuaren Informazio Sistemaren bidezko Administrazio Lankidetzari buruzkoa (IMI Erregelamendua)).
Pertsonak ziurtatzeko ENACek edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko uztailaren 9ko 765/2008 (EE) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera izendatutako beste edozein Egiaztatze Erakunde Nazionalek egiaztatutako entitate batek emandako ziurtagiria izatea. Erregelamendu horrek produktuen merkaturatzeari buruzko egiaztapen- eta zaintza-betekizunak ezartzen ditu eta 339/1993 (EEE) Erregelamendua indargabetzen du, UNE-EN ISO/IEC 17024 arauarekin bat etorriz.
Dekretu honen III. kapituluko prestakuntza-entitateren batek emandako kualifikazio-ikastaro bat gainditu izanaren ziurtagiriarekin ere egiaztatu ahal izango dira.
Lanbide titulatuen arloan indarrean dagoen legedian aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, dekretu hau garatzeko xedapenetan eta bete beharreko gainerako xedapenetan ezarriko da aurreko apartatuan aipatutako dokumentazioaren bidez egiaztatutako ezagutza teorikoen eta praktikoen eta dekretu honen 6. artikuluan aipatutako kualifikazio-eremuak definitzen dituztenen arteko korrespondentzia.
Titulu eta ziurtagiri ofizialen bidez egiaztatutako ezagutza teoriko eta praktikoak ez badatoz bat indarreko araudiak txartelaren kualifikazioaren berezkotzat hartzen dituenekin baina indarreko araudiak baliokidetzat jotzen baditu titulu eta ziurtagiri horiek, dagokion kualifikazioa eskuratu ahal izango du titulu eta ziurtagiri horiek egiaztatzen dituen pertsonak, gaitasun-proba bat gaindituta.
Txartelari dagokion kualifikazioaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumaren garapenaren emaitza denean, beste autonomia-erkidego batzuetan titulazio bera dutenek gaitasun-proba bat gaindituta eskuratu ahal izango dute kualifikazioa.
Dekretu hau garatzeko xedapenetan, aurreko apartatuetan aurreikusitako gaitasun-proben esparru juridikoa definituko da, eta, horretarako, besteak beste, proben edukia eta haiek egiteko baldintzak ezarriko dira. Nolanahi ere, segurtasun industrialaren arloan eskumena duen agintaritzari dagokio proba horiek gainbegiratzea.
kapituluan aurreikusitako prestakuntza-entitateek izango dute proba horien eskumena.
Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen ez diren entitateek emandako titulu eta ziurtagiri ez-ofizialen baliotasuna dekretu hau garatzeko xedapenetan eta organo eskudunak xede horrekin sinatzen dituen hitzarmenetan ezarritakoa izango da.
Lehenengo apartatuko f) letran aipatutako kualifikazio-ikastaroen edukia, haiek egiteko baldintzak eta ikastaro horiek emateko eskumena duten entitateak III. kapituluan zehaztutakoak izango dira.
Industriaren arloan eskumena duen sailaren lurralde historiko bakoitzeko organo periferikoak izango du eskabideez arduratzeko eta txartelak banatzeko eskumena. Irizpide hauen arabera zehaztuko da organo eskuduna zein den, lehentasunaren arabera ordenatuta:
Eskatzaileak zer lurraldetan duen ohiko bizilekua.
Eskatzaileak zer lurraldetan duen ohiko lantokia.
Zer lurraldetan duen egoitza kualifikazioa lortzeko prestakuntza eman duen prestakuntza-entitateak.
Txartela eman duen organoak eskumena izango du 15., 17. eta 18. artikuluetan aitortutako kontrol-eginkizunak betetzeko, salbu eta industriaren arloan eskumena duen sailaren egitura organikoa erregulatzen duten arauek beste organo bat ezartzen badute.
3. ATALA
KUALIFIKAZIO-TXARTELAK
Kualifikazio-txartelek eduki hau izan behar dute gutxienez:
Titularraren izen-abizenak.
Txartela eman duen agintaritza.
Txartel-zenbakia.
Titularraren argazkia.
Titularraren kualifikazioa edo kualifikazioak.
Balio-aldia.
Hauek dira kualifikazio-txartelen titularren betebeharrak:
Segurtasun industrialeko administrazioarekin elkarlanean aritzea, dekretu honetan eta bete beharreko indarreko gainerako araudian xedatutako eran.
Beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea, segurtasun industrialeko administrazioaren kontrol-ahalmenak hobeto gauzatu daitezen.
Kualifikazio-txartela emateko kontuan hartu den edozein gorabehera aldatuz gertatuz gero, horren berri ematea hamabost eguneko epean.
Kualifikazio-txartela zaintzea eta arduraz erabiltzea.
Egiteko gaituta dauden jarduera horretan erabat betetzea indarrean dagoen araudia.
Dekretu honetan, berau garatzeko emandako xedapenetan eta bete beharreko araudi sektorialean aurreikusitako beste edozein.
Segurtasun industrialeko administrazioak, txartela ematen denetik aurrerako edozein unetan, beharrezkoak diren jarduerak egin ahal izango ditu, txartela ematea eragin zuen egoerak bere horretan jarraitzen duela egiaztatzeko.
Aurreko egoera hori gertatzen dela zehazteko, segurtasun industrialeko administrazioak interesdunaren eta informazio garrantzitsua duten hirugarrenen lankidetza eskatu ahal izango du, baina Administrazioak ezin du eskatu ohorerako edo norberaren edo familiaren intimitaterako eskubideak edo sekretu profesionalerako eskubideak babesten duen informaziorik.
Kualifikazio-txartelak baliozkoak izan daitezen, 8. artikuluan txartela lortzeko jarritako baldintzak bete behar dira.
Kualifikazio-txartelek balio iraunkorra izango dute, salbu eta txartela lortzeko ezarritako baldintzak direla-eta araudi sektorialean balio-epe jakin bat ezartzen bada.
Aurreko apartatuari jarraituz balio-epe jakin bat aurreikusi bada, titularrak hura berritzeko eskaera egin ahal izango du, eta, horretarako, dagokion eskabidea aurkeztu beharko du, eskatzen diren egiaztagiriekin batera.
Txartela eman duen agintaritzak txartela indargabetuko du, txartela lortzeko aurreikusitako baldintzaren bat bertan behera geratu dela egiaztatzen duenean.
Txartela indargabetzeko ebazpena ematen bada, titularrak administrazioari itzuli beharko dio, eta administrazioak suntsitu egingo du.
Kualifikazio-txartela indargabetzeak ez du eragotziko berriz ere eman dadin eskatzea, kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera.
Kualifikazio-txartelaren kopia eman ahal izango da, txartela galdu bada, ostu badute, suntsitu bada edo hondatu bada.
Kopiak eskatzeko prozedura 9. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.
Interesdunak artikulu honetan aurreikusten denaren ondorioetarako aurkezten duen eskabideak 10. artikulua bete beharko du, eta jatorrizkoa emandako organo berari aurkeztu beharko zaio.
Kopien balioa jatorrizko kualifikazio-txartelen berbera izango da.
Balio-epe jakin bat duten kualifikazio-txartelen kopiak egiteko eskaeren kasuan, kopia ematea berritzetzat hartu ahal izango da. Hemen aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskabidea jatorrizkoaren indarraldiko azken laurogeita hamar egunen barruan aurkeztu beharko da, eta txartela berritzeko eskubidea egiaztatzen duen dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
Aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatuz organo eskudunak kualifikazio-txartela suntsitzen edo atxikitzen badu, ez da kopiarik egingo.
Prestakuntza-entitate gisa jarduteko, horretarako eskubidea duten pertsona fisiko edo juridikoek hala aitortzeko eskatu beharko diote segurtasun industrialeko administrazioari.
Prestakuntza-entitate gisa aitortzeak, dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, ahalmena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko Legearen 14.1.f) artikuluan eta Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 14.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dekretu honen aplikazio-esparruan jasotako arloei buruzko kualifikazio-ikastaroak emateko.
Entitate horiek emandako prestakuntzak ez dakar berekin Lanbide Heziketako titulazio, egiaztapen edo ziurtagiri ofizialik lortzea. Hala ere, bide horretatik eskuratutako konpetentzia profesionalak, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 91. artikuluaren prozedurari jarraituz, lanbide-heziketako estandar bat aitortzeko balio ahal izango du, lege organiko beraren 93. artikuluaren ondorioekin.
Prestakuntza-entitatearen aitorpena bakarra izango da, eta Euskal Autonomia Erkidego osorako balioko du, betiere alde batera utzi gabe araudi sektorialak horri buruz dioena.
Baldintza hauetakoren bat betetzen duten pertsona fisiko edo juridikoek izango dute prestakuntza-entitate gisa aitortuak izateko eskubidea:
Lanbide Heziketako Ikastetxe baimendua izatea lanbide-heziketa arautuko zikloak emateko dekretu honen 6. artikuluan aipatutako eremu funtzional eta materialetan.
Laneratzeko Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren esparruan entitate laguntzaile izateko baimena izatea. Baimen hori enpleguaren arloan eskumena duen organoak eman behar du, dekretu honen 6. artikuluan aipatutako eremu funtzional eta materialetan.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak lanerako prestakuntza emateko egiaztatutako zentro pribatuak, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Legearen 32. artikuluan adierazitako eran.
Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak prestakuntza-entitate gisa har daitezke, aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzak bete ez arren:
Zerbitzuak emateko beharrezkoak diren giza baliabideak izatea.
Dekretu honetan, berau garatzeko xedapenetan eta araudi sektorialean jasotako aurreikuspenekin bat datorren prestakuntza-programa bat izatea.
Prestakuntza teorikoko gelak izatea, metro karratutan ikasle kopuruaren baliokidea den azalera dutenak eta, nolanahi ere, hogeita hamar metro karratuko edo handiagoko azalerakoak.
Lantegi-ikasgelak izatea, bertan egin beharreko prestakuntza praktikoari egokitutako azalera dutenak eta, nolanahi ere, hogeita hamar metro karratuko edo handiagoko azalerakoak.
Ikasleen kopurura egokitutako komunak eta higiene- eta osasun-zerbitzuak izatea.
Ikastetxeko zuzendaritzarako eta idazkaritzarako gune bat izatea.
Liburutegirako gune bat izatea.
Aipatutako espazioek indarreko araudian ezartzen diren bizigarritasun- eta segurtasun-baldintzak betetzea.
Aipatutako espazioek desgaitasuna duten pertsonen sarbidea, zirkulazioa eta komunikazioa ahalbidetzen duten baldintzak izatea, irisgarritasuna sustatzearen eta oztopoak kentzearen arloan aplikatzekoa den legerian xedatutakoarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe egin beharreko arrazoizko egokitzapenak egitea.
Zigortuta edo desgaituta ez egotea, epai edo ebazpen irmo baten bidez, dagokion jardueran aritzeko.
Prestakuntza teorikoa urrutitik ematen denean, beharrezkoak diren baliabide informatikoak izan beharko dira, eta prestakuntza-prozesuaren kalitatea bermatzeko eskatzen diren ezaugarriak betetzen dituen prestakuntza-plataforma birtual bat.
Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan kasuan-kasuan bete beharreko araudia betetzea.
Araudi sektorialean eta dekretu hau garatzeko emandako xedapenetan aurreikusten den beste edozein.
Prestakuntza-entitate gisa aitortua izateko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da, eta hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dira.
Eskabidea eta interesdunek segurtasun industrialeko administraziora xede horretarako bidaltzen diren gainerako dokumentuak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da; epe hori igarota, eskaera isilbidez baietsi dela pentsatu behar da.
Aitorpen-eskabideen ebazpenek ondorioak izango dituzte jakinarazten diren egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Artikulu honetan aurreikusitakoa aplikatuz emandako aitorpen-ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Prestakuntza-entitate gisa aitortzeko eskaerek honako hauek jaso beharko dituzte:
Interesdunaren izen-abizenak edo sozietatearen izena.
Identifikazio fiskaleko zenbakia.
Ohiko bizilekua, pertsona fisikoa bada, edo egoitza soziala, pertsona juridikoa bada.
Zer aitorpenetarako eskatzen den baimena.
Lekua eta eguna.
Sinadura.
Industria arloan eskumena duen sailaren organo periferikoa, eskabidea bidaltzen zaiona.
Eskabidearekin batera, interesdunak 20.2 artikuluko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, hurrengo artikuluan aurreikusten den moduan.
Interesdunek beren helbide elektronikoaren eta gailu elektronikoaren berri ere eman ahal izango dute eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan aurreikusitako jakinarazpenetarako.
Eskabideak ez baditu betetzen artikulu honetan adierazitako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskabideari uko egin diola pentsatuko dela.
1. 20.2 artikuluko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Espazio fisikoei buruzko dokumentazioa.
Dituen giza baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, ikastaroen zuzendari teknikoaren curriculumaren berri ematen duena.
Emango diren ikastaroei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, bertan adieraziz zein izango diren konpetentzia-atalak, irakaskuntza-metodologia eta erabiliko diren ebaluazio-sistemak.
Entitatearen memoria, langileen egitura biltzen duena, langileen sexua eta kategoria teknikoak zehaztuta.
Erantzukizunpeko adierazpena, urrutiko prestakuntzarako baliabide eta bitartekoak zein diren azaltzen duena, prestakuntza-modalitate hori ematea erabakitzen denean.
Dekretu honetan, berau garatzeko emandako xedapenetan edo aplikatu beharreko araudi sektorialean ezarritakoaren arabera eska daitezkeen beste dokumentu batzuk.
Segurtasun industrialeko administrazioak erantzukizunpeko adierazpen horien ereduak argitaratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoan.
Artikulu honetan aurreikusitako erantzukizunpeko adierazpenen baliotasunari eta ondorioei buruzko erregimena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan adierazitakoa izango da.
Industriaren arloan eskumena duen sailaren lurralde bakoitzeko organo periferikoak izango du eskabideez arduratzeko eskumena. Irizpide hauen arabera zehaztuko da organo eskuduna zein den, lehentasunaren arabera ordenatuta:
Eskatzaileak zer lurraldetan duen egoitza soziala edo ohiko bizilekua.
Lehenengo prestakuntza-jarduera zer lurraldetan egingo duen.
Aitorpen-ebazpena eman duen ordezkaritzak eskumena izango du 27. eta 28. artikuluetan aitortutako kontrol-eginkizunak betetzeko, salbu eta industriaren arloan eskumena duen sailaren egitura organikoa erregulatzen duten arauek beste organo bat ezartzen badute.
Aitorpena baliozkoa izan dadin, bera lortzeko 20. artikuluan jarritako baldintzak bete beharko dira.
Prestakuntza-entitatearen aitorpenak bost urterako balioko du.
Aurreko apartatuan aipatutako epea igaro baino lehen, aitorpena berritzeko eskaera egin ahal izango da, beste horrenbesteko aldi baterako. Interesdunak horretarako aurkezten duen eskaerak 22. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du, eta 23. artikuluan aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu; azken kasu horretan, hala ere, aurrez aurkeztutako dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izango du.
eta 24. artikuluetako aurreikuspenak bete beharko dira, berritze-prozedurari eta azken horien ebazpena emateko organo eskudunari dagokienez.
Hauek dira prestakuntza-entitateen betebeharrak:
Segurtasun industrialeko administrazioarekin elkarlanean aritzea, dekretu honetan eta bete beharreko indarreko gainerako araudian xedatutako eran.
Segurtasun industrialeko administrazioko teknikariei prestakuntza-zerbitzuak emango dituzten tokira sartzen uztea, eska daitezkeen baldintzak eta betebeharrak betetzen direla egiazta dezaten kontrol-eginkizunak betetzean.
Beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea segurtasun industrialeko administrazioaren kontrol-ahalmenak hobeto gauzatu daitezen.
Kualifikazio-ikastaroak ematea, baldin eta hamar pertsonak ikastaro horietan parte hartzeko eskaera egin badute urtebeteko epean gutxienez.
Prestakuntza-programa eta ikastaroen iraupena kualifikazioen esparrura egokitzea.
Hogeita hamar ikasle baino gehiago ez onartzea ikasturte bakoitzeko.
Ikastaro bakoitzean izena eman duten pertsonen kopurua eta sexua jakinaraztea organo eskudunari.
Aitorpen-ebazpena eman duen organo periferikoaren lurralde historikotik kanpo egin badira ikastaroak, horren berri ematea organo eskudunari.
Gutxienez hamabost egun lehenago jakinaraztea organo eskudunari noiz eta non egingo diren ebaluazio- eta gaitasun-probak.
Dekretu honetan, berau garatzeko emandako xedapenetan eta bete beharreko araudi sektorialean aurreikusitako beste edozein.
Prestakuntza-entitateei eska dakizkiekeen baldintzak eta betebeharrak betetzen direla kontrolatzeko, dekretu honetan eta berau garatzeko emandako xedapenetan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
Prestakuntza-programen eta ebaluazio-proba, -sistema eta -emaitzen jarraipena eginez egin ahal izango da aipatutako kontrola, bai eta prestakuntza-entitateei eska dakizkiekeen baldintzak eta betebeharrak betetzen direla kontrolatzeko beste edozein alderdiren jarraipena eginez ere.
Artikulu honetan aipatutako kontrol-ahalmena gauzatze aldera, segurtasun industrialeko administrazioak interesdunaren eta informazio garrantzitsua duten hirugarrenen lankidetza eskatu ahal izango du, baina Administrazioak ezin du eskatu ohorerako edo norberaren edo familiaren intimitaterako eskubideak edo sekretu profesionalerako eskubideak babesten duen informaziorik.
Prestakuntza-entitate gisa aritzeko aitorpena eman duen agintaritzak aitorpen hori indargabetu dezake, berori lortzeko jarritako baldintzaren bat orain ez dela betetzen egiaztatzen badu.
Aitorpena indargabetzeak ez du eragotziko berriz ere eskatzea, kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera.
Kualifikazio-ikastaroen iraupenak, egiturak eta edukiak ikastaroen esparru material eta funtzionalaren araberakoak izan behar dute.
Kualifikazio-ikastaroak amaitzeko, ebaluazio-proba bat egin beharko da, eta proba hori gaindituta egiaztatuko da ikasleak baduela kualifikazio horri dagozkion zereginak betetzeko behar den ezagutza teoriko eta praktikoa.
Industriaren arloan eskumena duen sailean dagokion organo periferikoak ikuskatuko du, lurraldearen arabera dagokionak, aurreko paragrafoan aipatutako proba. Organo horrek probaren edukia eta zuzenketa-irizpideak zehazteko lanetan hartuko du parte; horrek ez du kentzen, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean industriaren arloko eskumena duen saileko organo zentralak koordinazio-lanak egitea.
Erregelamendu bidez, hezkidetza bultzatzeko baldintzak ezarriko dira, kualifikazio-ikastaroen egitura eta edukia definituz.
Urrutiko prestakuntza teorikoa garatzeko baldintza espezifikoak ere ezarri ahal izango dira erregelamendu bidez.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Gaitasun-probak egiteko bermea.
Segurtasun industrialeko administrazioak bermatu beharko du dekretu honen 11.5 artikuluan aipatutako gaitasun-probak egiteko zerbitzua ematen dela egiaztatzeko bide hori onartzen duten espezialitateetan beharrezkoa denean, zerbitzua modu subsidiarioan emanez. Industriaren arloan eskumena duen sailaren organo periferikoek izango dute eskumena, hala badagokio, zerbitzu horren beharrizana baloratzeko eta zerbitzua emateko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Ur-horniketako barneko instalazioen profesionalak.
Ur-hornidurako barne-instalazioen egikaritzea eta mantentze-lana dekretu honetako aurreikuspenen mende jarri ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean dena delako gaian eskumena duen saileko edo sailetako buruen arau-xedapen orokor baten bidez.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurek hasi ziren egunean indarrean zegoen arautegia bete beharko dute.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Dekretu hau indarrean jarri aurretik emandako txartelak.
Dekretu honen 15., 16., 17. eta 18. artikuluetan kontrolaren, baliotasunaren, errebokatzeen eta kopien arloan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie dekretu hau indarrean jarri aurretik emandako txartelei.
Era berean, txartel horien titularrek dekretu honen 14. artikulua bete beharko dute.
Dekretu hau indarrean jartzen denean sektoreko araudiaren arabera iraungita dauden txartelen titularrek, gehienez ere, bi urte izango dituzte txartelen berritzea eskatzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Dekretu hau indarrean jarri aurretik aitortutako entitateak.
Dekretu honen 25., 26., 27., 28. eta 29. artikuluetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie dekretu hau indarrean jarri aurretik aitortutako entitateei.
Edonola ere, prestakuntza-entitatearen aitorpena berritzeko, dekretu honen IV. kapituluan jasotako xedapenak bete beharko dira.
LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira dekretu honek arautzen duen arloko xedapen guztiak, dekretu honetan aurreikusitakoaren aurkakoak badira, eta, bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua, Segurtasun industrialaren arloko kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituena.
Dekretu honen 6. artikuluak aipatzen dituen garatzeko xedapenak ematen ez diren bitartean, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduak jarraituko du indarrean, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua garatzen duenak, arau honen xedapenen aurka ez doan guztian.
BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da 2015eko irailaren 16koa Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Emaitek Plus Laguntzen Programa arautzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Erregelamendu bidez garatzeko ahalmena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean hezkuntzaren eta segurtasun industrialaren arloetan eskumena duten sailetako titularrak gaitzen dira dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren erregelamendu-xedapen guztiak eman ditzaten beren eskumenen eremuan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko ekainaren 17an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2015eko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Emaitek Plus laguntzen programa arautzen duena.
- Indargabetzen du: 63/2006 DEKRETUA, martxoaren 14koa, industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzeko dena.