Arautegia
Inprimatu89/2025 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Euskadiko Merkatari Elkarteen Errolda arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 84
- Hurrenkera-zk.: 1910
- Xedapen-zk.: 89
- Xedapen-data: 2025/04/15
- Argitaratze-data: 2025/05/07
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi jarduerak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Merkataritza eta turismoa
Testu legala
Merkataritza Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-jarduera arautzea eta merkataritza-egitura antolatzea eta hobetzea du helburu. 50. artikuluan adierazten denez, Eusko Jaurlaritzak, merkataritzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, merkataritza-egiturak erreformatzeko egin beharreko denak egingo ditu, eta, bereziki, merkataritza-enpresen artean taldeak edo unitate integratuak eratzera bideratutakoak, besteak beste.
1997an, ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortu zen, elkarteetariko bakoitzak merkataritza-sektorean duen ordezkaritza-maila baloratzeko, besteak beste; horrek elkarteen egoera nola dagoen jakiten laguntzen du.
2015ean, aldatzea beharrezkotzat jo zen, errolda une hartako egoerara egokitu ahal izateko, eta urriaren 6ko 184/2015 Dekretua argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda sortzen duen dekretua aldatzeko dena.
Merkataritza 2030 Estrategiaren oinarrietako bat da zeharkako eta erakundearteko gobernantza eratzea, elkarrekin jardunez, sinergiak landuz. Merkataritza-sektorea sistema konplexua da eta sentikorra erakundeetako, sektoreetako eta lurraldeetako eragileren erabakiekin; enpresa-arloan, oso atomizatuta eta elkartze-dinamiketan oinarrituta dago. Erakunde-gobernantza irekia da eta koordinatuta dago eragile publiko horiekin, eta lankidetza aktiboa du sektoreko ordezkari pribatuekin, bultzatu eta hobetu beharreko ezinbesteko eredua izanik.
Merkataritza-sektoreak, atomizaziotik abiatuta, tresna natural bihurtzen du asoziazionismoa, eta hori hobetzeko, elkarte-modu biziak sustatu behar dira, oinarri zabalekoak eta parte-hartze aktibokoak, elkarlaneko eta eraginkortasuneko gizarte-arteko giroaren esparruan, lankidetza publiko-pribatuko eredu berrien inguruko kogobernantzarako bideak eta mekanismoak ahalbidetzeko.
Aurrekoa kontuan hartuta, eta 2015ean sartutako aldaketa gorabehera, ikusi da arauaren zenbait alderdik zehaztasun eta xehetasun handiagoa behar dutela. Funtsezkoa da informazio egiazkoa eta eguneratua edukitzea, bai eta adierazle zehatzak edukitzea ere, merkataritza-sektorerako politika publiko eraginkor eta egokien oinarri izan daitezen. Behar hori da Euskadiko Merkatari Elkarteen Erroldaren erregulazio berriaren oinarria.
Hauxe da dekretuaren egitura: 14 artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat. Eduki hau du: 1. artikulua, arauaren xedea; 2. artikulua, erroldaren ezaugarriak; 3. artikulua, inskribatu daitezkeen elkarteak; 4., 5. eta 6. artikuluak, hurrenez hurren, inskribatzeko betekizunak, eskabidea eta ebazpena; 7. artikulua, inskripzioaren edukia; 8. artikulua, inskripzioko datuak aldatzea; 9. eta 10. artikuluak, erroldan baja ematea, bai elkarteak berak eskatuta, bai ofizioz; 11. artikulua, informazioaren publikotasuna; 12. artikulua, inskribatutako elkarteen lankidetzarako betebeharra; 13. artikulua, Merkataritza Zuzendaritzak errolda kudeatzeko izenda ditzakeen entitate laguntzaileak, eta, azkenik, 14. artikulua, prozedura telematikoa eta betekizun teknikoak.
Lehenengo xedapen gehigarria erroldaren gaineko eskumenari buruzkoa da, eta bigarrena, datu pertsonalen tratamenduari buruzkoa. Xedapen iragankorrak ezartzeko epea jasotzen du; xedapen indargabetzaileak ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuari eragiten dio, eta azken xedapena indarrean jartzeari buruzkoa da.
Horiek horrela, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko apirilaren 15ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea Euskadiko Merkatari Elkarteen Errolda arautzea da.
Erroldaren helburua adierazle objektiboak lortzea da, arloko elkarteak hobeto ezagutzeko eta merkataritza-asoziazionismoa sustatzeko politika egokia taxutzeko.
Euskadiko Merkatari Elkarteen Erroldak administrazio-izaera du, publikoa eta doakoa da eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzari dago atxikita.
Erroldako eskabideak eta komunikazioak telematikoki kudeatu eta izapidetuko dira.
Dekretu honen ondorioetarako, honako hauek izango dira merkatari-elkarteak:
Soilik merkataritzakoak diren elkarteak: merkataritza-enpresen eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen interesak defendatzeko sortuak, ez beste ezertarako. Kideak txikizkako eta handizkako merkataritzan eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan diharduten enpresak soilik dira.
Dekretu honen ondorioetarako, merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzutzat hartuko dira ekonomia-jardueren gaineko zergaren 691, 971, 972, 973 edo 975 epigrafeetan sailkatutakoak.
Elkarte mistoak: bazkideen artean beste jarduera-sektore batzuetako enpresak dituztenak, hala nola ostalaritza edo zerbitzuak oro har, betiere haietako % 30, gutxienez, aurreko apartatuan aurreikusitako merkataritza-enpresak badira.
Federazioak, konfederazioak, taldeak edo elkarteen plataformak. Horiek guztiak aurreko ataletan aipatutako elkarteek osatuta egon beharko dute nagusiki.
Elkarteei buruz jasotzen diren aipamenak, bai elkarteak eratzeari eta funtzionatzeari buruzkoak, bai eta beste edozein alderdiri buruzkoak ere, berdin ezarriko zaizkie federazioei, konfederazioei, taldeei nahiz plataformei.
Saltoki bakoitzak zehaztutako jarduera ekonomikoek enpresaren jarduera nagusia aipatu behar dute; edo, gutxienez, enpresaren fakturazio osoaren % 40.
Inskripzioa egin nahi duten elkarteek betekizun hauek bete beharko dituzte:
Irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa eratuta egotea, nortasun juridikoarekin, eta, bere izaera kontuan hartuta, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.
Jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan egitea.
Estatutuen helburu nagusia bazkideen merkataritza-jarduera defendatzea edo sustatzea izatea.
Establezimendu elkartuen enpresa-jarduerak aktibo egon beharko du.
Batez ere merkataritza-enpresak ez diren elkarteetan, batzorde espezifiko bat egon beharko da, Estatutuetan berariaz jasoa, merkataritza-sektoreko afiliatuentzat.
Euskadiko Merkatari Elkarteen Erroldan inskribatzeko, elkarte interesdunak telematikoki aurkeztu beharko du horretarako behar den eskabidea.
Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
Elkartearen estatutuak, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta, inskribatzeko eskabidea egiten den unean eguneratuta, eta Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 8. eta 9. artikuluetan aipatutako gutxieneko edukia izango dute.
Idazkariaren eginkizunak betetzen dituenak eginiko ziurtagiria, hor jasota presidentearen eginkizunak betetzen dituenaren oniritzia, behar bezala egiaztatzeko dekretu honen 4. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen direla, eta datu hauek, zehazki:
Elkartearen izena.
Identifikazio fiskaleko zenbakia.
Elkartearen egoitza soziala.
Elkartearen zuzendaritza-organoen osaera, eta haiek osatzen dituzten pertsonen izen-abizenak eta kargua, inskribatzeko eskabidea egiten den unean eguneratuta.
Bazkide kopurua, aurreko urteko abenduaren 31n.
Hala badagokio, zer federazio, konfederazio, talde edo plataformatakoa den.
Dagokion erregistroko inskripzio-zenbakia, 4.a) artikuluaren arabera.
Zuzenean elkartutako establezimenduen zerrenda, honako datu hauek zehaztuta:
Izena edo sozietatearen izena.
Merkataritza-izena.
Helbidea.
Telefonoa.
Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
Ekonomia-jardueren gaineko zergaren kodea eta elkartean inskribatutako establezimenduaren edo establezimenduen jarduera Nagusia.
Alta-data.
Elkarteko kide kopurua.
Establezimenduko titularraren sexua.
Kokapenaren koordenatuak (latitudea, luzera).
Bazkide-kuotaren bidez diruzko laguntzarik ematen duen.
Bazkide-kuota ordainduta duen.
Zuzenean elkartutako elkarteen zerrenda, honako datu hauek zehaztuta:
Izena edo sozietatearen izena.
Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
Jarduketa-eremua.
Merkataritzan diharduten enpresa elkartuen ehunekoa, dekretu honen 3.1.b) artikuluaren arabera.
Zuzenean elkartutako federazioen zerrenda, honako datu hauek zehaztuta:
Izena edo sozietatearen izena.
Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
Eskabidea osorik ez badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio elkarteari konpontzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, izapidetzen amaitu ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
Eskabideak ondo betetzen baditu elkartea inskribatzeko behar diren betekizun guztiak, Merkataritza Zuzendaritzaren titularrak emango du horretarako ebazpena. Bestela, inskripzioa ukatuko du, ebazpen arrazoituaren bidez.
Inskripzio-prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 3 hilabetekoa izango da, eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Erregistro Elektronikoan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta gero, ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, entitate interesdunak administrazio-isiltasunez baietsi dela ulertu ahalko du.
Emango den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren titularrari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Elkartearen inskripzioak 5.2 artikuluaren b) eta c) letretan jasotako datuak jasoko ditu.
Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ziurtatuko du erroldan inskribatuta dagoela, elkarteak eskatuta.
Halako ziurtagiriak agiri publikotzat jotzen dira, eta erroldan egindako idazpenen edukia modu frogagarrian egiaztatzeko bide bakarra izango dira.
Erroldan inskribatutako merkataritza-elkarteek Merkataritza Zuzendaritzari eman behar diote inskripzioko datuetan egiten duten edozein aldaketaren berri; aldaketa horiek ez dute izan behar inskripziorako behar diren betekizunen bat galtzea eragin dezakeen bat ere.
Aldaketen jakinarazpenarekin batera, aldaketaren egitatea egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da. Jakinarazpena eta egiaztagiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da aldaketa egiten den unetik aurrera.
Aurreko apartatuko epea igaro eta jakinarazpenik egin ez bada, hilabeteko epea emango zaio elkarteari jakinarazpena egin dezan. Hala egiten ez badu, ofizioz baja emango zaio erroldan, eta inskripzio horrek dakartzan eskubideak galduko ditu.
Erroldan inskribatutako elkarteak edonoiz eska dezake baja.
Era berean, inskribatzeko eskatzen zaizkion betekizunetakoren bat betetzeari uzten badio elkarteak, erroldan baja eman diezaioten eskatu beharko du hilabeteko epean, baja-eskaera eragin duten egitateak gertatzen direnetik zenbatzen hasita.
Baja ebazpen bidez emango da, zeina hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko baita, eskabidea EAEko erregistro elektroniko orokorrean sartzen denetik hasita. Ebazpena ez bada epe horretan jakinarazten, baietsitakotzat hartuko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.
Erroldan baja ematea ofizioz agindu daiteke, kasu hauetan:
Elkarteak ez baditu betetzen dekretu honetan ezarritako betebeharrak eta betekizunak.
Ebazpen administratibo edo judizial irmo baten bidez deklaratzen bada aurkeztutako datuak faltsuak direla.
Halakoetan, ebazpen arrazoituaren bidez aginduko du baja ematea Merkataritza Zuzendaritzaren titularrak, eraginpeko elkarteari entzunaldiaren izapidea eman ostean.
Erroldan baja dakarren adierazpenak bost urtez iraungo du, gutxienez, artikulu honen lehenengo apartatuko b) letran adierazten diren kasuetan, eta urtebete eta bi urte bitartean, berriz, apartatu bereko a) letrako kasuan.
Erroldan baja emateko epea igarotakoan, elkarteak berriz ere inskribatzeko eskatzerik izango du.
Emango den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren titularrari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Euskadiko Merkatari Elkarteen Erroldan inskribatzeko eman beharreko datuak publikoak dira.
Erroldaren publikotasunak ez ditu barnean hartuko dekretu honen 5.2.c) artikuluaren 1) apartatuan eta 4) apartatutik 12) apartatura bitarteko datuak.
Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe, inskribatutako elkarteek, urte natural bakoitzeko lehen lauhilekoan, elkartuen zerrenda aurkeztu beharko dute, eta adierazi ea diruzko laguntzarik ematen duten bazkide-kuotaren bidez eta ea ordainketa egunean duten.
Organo kudeatzaileak inskribatutako datuak berresteko eskatu ahal izango die inskribatutako antolakundeei, edozein unetan, eta ohartaraziko die ezen, eskakizun hori betetzen ez badute, ofizioz hasi ahal izango dela erroldako inskripzioari baja emateko prozedura.
Inskribatutako merkatari-elkarteek Merkataritza Zuzendaritzaren esku jarriko dute eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia, emandako datuak egiazkoak direla eta dekretu honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.
Merkataritza Zuzendaritzak entitate laguntzaileak izendatu ahal izango ditu errolda hau kudeatzeko, dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura ezarritako baldintzetan.
Eskabidea eskuratu eta betetzeko bide bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jotzea izango da. Helbidea honako hau da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/12494
Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eta eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri.
Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
Izapidetze elektronikoa ordezkari bidez egin ahal izango da. Horretarako, bitarteko hauetako baten bidez aitortuko da ordezkaritza:
Inskripzioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
«Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua», eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa.
Eskabidea, eskatzen diren dokumentuekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Erroldaren gaineko eskumena.
Dekretu honetan Merkataritza Zuzendaritzari egindako aipamenak merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari egindakotzat hartuko dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalen tratamendua egin behar bada, honako araudi hau beteko da: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena, eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuan arautako Merkatarien Elkarteen Erroldako inskripzioek eraginkortasun osoa izango dute dekretua indarrean jarri eta lau hileko epean; baina, epe hori igarota, ez dute inolako eraginik izango.
Dekretu hau indarrean jartzen denean, ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuak araututako Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatuta dauden elkarteek, Euskadiko Merkatari Elkarteen Erroldan sartu ahal izateko, dekretu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eta inskribatzeko eskabidea egin, 5. artikuluan adierazitakoaren arabera.
Indargabetuta gelditzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda arautzen duen ekainaren 17ko 148/1997 Dekretua eta arau honetan ezarritakoaren kontrakoak diren xedapen guztiak.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko apirilaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.