Arautegia

Inprimatu

83/2025 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Organismo Autonomoaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 1783
  • Xedapen-zk.: 83
  • Xedapen-data: 2025/04/08
  • Argitaratze-data: 2025/04/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia sortu zuen, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa dituen organismo autonomo administratibo gisa, segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita, haren egitura organikoa ezartzen duen dekretuak xedatzen duen moduan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren diseinu berria Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean ezarritako segurtasun publikoaren ikuskera integraletik abiatzen da, eta, horregatik, modu transbertsalean bete nahi ditu segurtasunaren eremu guztietan hautaketari eta prestakuntzari dagokienez agertzen diren beharrak; horrek, alderdi polizial hutsa ez ezik, larrialdien eta babes zibilaren eremuak ere hartzen ditu barnean.

Horri guztiari, gainera, gehitu behar zaizkio apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuaren bitartez (Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena), uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren bitartez (Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena) eta azaroaren 23ko 12/2023 Legearen bitartez (Suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuei buruzkoa) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari Euskadiko segurtasun publikoaren sisteman integratutako kolektiboen hautaketaren, prestakuntzaren, espezializazioaren eta lanbide-gaikuntzaren arloan esleitutako eskumen berriak.

Izan ere, egoera horrek ekarri du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak orain arte izan duen jarduera nabarmen handitzea, bai prestakuntzaren arloan, bai hautaketaren arloan; eta bi kasuetan zentzurik zabalenean ulertuta, tradizionalki egin izan diren zereginei segurtasun publikoarekin eta larrialdiekin lotutako beste zeregin berri batzuk gehitu zaizkielako, ahaztu gabe arlo horretan ikerketa- eta garapen-zentro gisa bete behar duen egitekoari ekiteko beharra.

Helburu horiek beste planteamendu bat beharko dute organismo autonomoaren egituran eta kudeaketa-sisteman, haren zereginak bi eremu zabaletan multzokatuta. Lehenengo eremua ikasketena eta plangintzarena izango da, administrazio-unitate bakar batean bildurik prestakuntza-eskaintzaren programazio eta garapen osoa. Bigarren eremua, berriz, hautaketarena izango da, zeinari berariazko izaera emango baitzaio; izan ere, eremu horretako eskumenak sakabanatuta zeuden orain arte.

Azaldutako guztiagatik, ezinbestekoa da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoaren antolaketa- eta funtzio-esparrua berritzea.

Horren ondorioz, Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko apirilaren 8an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretu honen xedea da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egitura organikoa arautzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen bidez sortutako organismo autonomo administratiboa da, eta Segurtasun Sailari atxikita dago. Haren helburua da Jaurlaritzak segurtasun publikoaren arloan duen prestakuntza-, hautaketa-, ikerketa- eta berrikuntza-politika gauzatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari dagozkion arloetan, bai babes zibileko eta larrialdietako arloetan; prestakuntza planifikatu eta kudeatzen du, eta, beharrezkoa denean, baita Euskal Autonomia Erkidegoko segurtasun publikoaren politika gauzatzen diharduten edo esku hartzen duten giza baliabideen hautaketa ere.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren helburua da herritarren segurtasuna lortzeko zerbitzu publikoak ematen jarduten diren edo parte hartzen duten langileek beharrezkoa den lanbide-prestakuntza eskuratzeko baldintzak eta bitartekoak sortzea langile horiek Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 20.3 artikuluan definituta daude, eta gaikuntza hori beste pertsona batzuei ere eskaintzea baldin eta, segurtasun publikoko zerbitzuetakoak izan ez arren, interes profesionala badute edo beren jarduerak zerbitzu horien garapenean eragiten badu.

Orobat, Akademiaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren kidego eta zerbitzuetako langileak hautatzen parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen II. tituluan ezarritakoaren arabera.

Akademiaren ardura izango da, halaber, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuei buruzko azaroaren 23ko 12/2023 Legean adierazitako prestakuntza ematea.

  1. Dituen helburuak betetzeko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak urteko aurrekontu propioa izango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren barruan.

  2. Behar bezala funtzionatzeko, baliabide hauek izango ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak:

    1. Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura ezartzen diren diru-izendapenak.

    2. Akademiaren jardueragatik legez ezartzen diren tasak eta diru-sarrera publikoak, bereziki matrikulak.

    3. Akademiari emandako dirulaguntzak, ekarpenak eta dohaintzak eta Estatuko edo Europar Batasuneko funtsetatik Akademiaren helburuak betetzeko datozen ekarpenak.

    4. Haren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen errendimenduak, eta ondare horretatik sortutako produktu eta errentak.

    5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egiten dituen hitzarmenetatik eta bere jarduerengatik jaso ditzakeen ordainak.

    6. Legezko edo erregelamenduzko xedapenen arabera dagokion beste edozein baliabide.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lanpostuak segurtasun publikoaren eskumena duen saileko segurtasun-administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langileek beteko dituzte.

    Lanpostuen edukia eta espezialitatea kontuan izanda, lanpostu-zerrendan jaso ahal izango da irakaskuntzako, hautaketako edo ikerketako eginkizunak dituzten lanpostuetatik zein bete ditzaketen polizia-kidegoetako langileek, edota suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetako langileek edo edozein administrazio publikotako babes zibileko zerbitzuetako langileek.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokio bere langileak kudeatzea, baina ez dagozkio, aldiz, langileak kudeatzeko aplikazio horizontalei erreferentzia egiteagatik administrazio autonomikoko beste entitate bati esleitzen zaizkion eginkizunak.

    Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagozkio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza, Ordezkaritza eta Koordinazioa, langileak kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak dituen aplikazio horizontalei dagokienez.

  3. Atxikita dituen langileei dagokienez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagozkio Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 19. artikuluaren 1. apartatuan aipatzen diren eskumenak, honako hauek izan ezik: behin-behineko langileak izendatzea, lanpostuak izendatzearekin edo diseinatzearekin edo lanpostuen funtzioekin loturiko guztia, eta saileko lanpostu-zerrendak eta enplegu publikoa antolatzeko tresna osagarriak.

Hauek izango dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak, Poliziari eta herritarren segurtasunari eta arlo horretako jarduera osagarriei dagokienez:

  1. Ertzaintzaren eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuen oinarriak ezartzea, hautaketa-prozesu horietarako deialdiak egitea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea eta, oro har, hautaketa-prozesuei dagozkien eskudantzia guztiak.

  2. Toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauak egitea. Arauok Ertzaintzan beste horien baliokide diren eskala eta kategorietarako ezarritakoen antzeko irizpideei egokituko zaizkie. Orobat, eta batez ere, guztientzako berdinak eta nahitaez aplikatzekoak diren hautaketa-prozesuetako programa, eduki eta egiturak prestatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetako eskaletan eta kategorietan sartzeko aldez aurreko prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak programatzea, antolatzea eta garatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kideen espezializaziorako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza antolatzea eta garatzea. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, dagozkien administrazioekin batera, kidego horien prestakuntza-beharrizanak ebaluatuko ditu aldiro-aldiro. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak haien polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartu aurreko prestakuntza-ikastaroen eta praktikaldien antolaketa eta garapena eskuordetu ahal izango dizkie hala eskatzen duten toki-entitateetako prestakuntza-zentroei.

  4. Hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak programatzea, antolatzea eta garatzea, Ertzaintzako kideak euskalduntzeari begira.

  5. Udalen mendeko polizia-kidegoetako karrerako langile funtzionarioen eta bitartekoen prestakuntza-planetarako oinarrizko irizpideak prestatzea, haien garapena koordinatzea eta gauzatzen laguntzea.

  6. Udal-jagole edo mugikortasun-agente gisa sartzeko oinarrizko arauak egitea, eta haientzako prestakuntza-ikastaroak programatzea, antolatzea eta garatzea. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak langile horientzako prestakuntza-ikastaroen antolaketa eta garapena eskuordetu ahal izango dizkie hala eskatzen duten toki-entitateetako prestakuntza-zentroei.

  7. Udal batek hala eskatzen duenean, toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoen eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuak gauzatzea. Era berean, udalekin elkarlanean aritu ahal izango da, eta laguntza teknikoa ere eskaini, polizia-kidegoetako funtzionarioen hautaketari dagozkion gaietan. Halaber, udalek hautaketa-prozesuetarako deialdiak egiten dituztenean, eginkizunak egokiro betetzeko behar dituzten lankidetza materiala eta laguntza teknikoa eskuratu ahal izango dizkie epaimahaiei.

  8. Segurtasun pribatuko langileak gaitzeko prestakuntza- edo zabalkunde-jarduerak garatzea, eta herritarrak babesten jarduten diren beste entitate publiko edo pribatu batzuekin batera elkarlanean jardutea, haien helburuak betetzeko egokia den prestakuntza sustatuz eta garatuz.

Hauek dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak, larrialdiei erantzuteko eta babes zibileko eremuari dagokionez:

  1. Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemaren barruan euskal administrazioen mendeko diren eta legez edo erregelamenduz ezarrita dauden funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako langile izateko aurretiko prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak programatzea, antolatzea eta garatzea. Larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako funtsezko edo oinarrizko zerbitzuetako eskala eta kategorietan sartu aurreko prestakuntza-ikastaroen eta praktikaldien antolaketa eta garapena eskuordetu ahal izango dizkie Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hala eskatzen duten toki-entitateetako prestakuntza-zentroei.

  2. Larrialdietako eta babes zibileko gaiei buruzko prestakuntza-ekintzak planifikatzea, programatzea, antolatzea eta ematea, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sisteman zuzenean edo zeharka esku hartzen duten profesional eta langile mota guztientzat, direla enplegatu publikoak, entitate pribatuetako enplegatuak edo boluntarioak.

  3. Suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetan eta salbamendu-zerbitzuetan sartzeko eta zerbitzu horietako lanpostuetan gora egiteko hautaketa-prozesuak, edo prozesuaren zatiren bat, planifikatzen, antolatzen eta gauzatzen laguntzea, kasuan-kasuan prozesuaren ardura duen administrazioak hala eskatzen dionean. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak laguntza teknikoa eta aholkularitza eskainiko dizkie administrazio eskudunei, hala eskatzen diotenean, betiere aurrez akordioa eginda.

  4. Foru- eta toki-administrazioekin elkarlanean aritzea, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamenduko zerbitzuetako langileak hautatzeko behar diren profilak, ezagupenak eta gaitasunak zehazteko orduan, eta hautaketa-prozesuetako probak eta metodoak helburu horiei egokitzea.

  5. Curriculumen garapena eta programen homologazioa sustatzea, larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistema eratzen duten maila profesionaletan kualifikaziorik onena eta prestakuntza-baliokidetasuna lortze aldera. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ahaleginak egingo ditu hitzarmenak eta akordioak lotzeko Euskadiko suteen prebentzio eta itzalketako eta salbamenduko zerbitzuen entitate titularretako organo eskudunekin, ematen dituzten ikastaroak baliozkotzeko helburuz. Izan ere, litekeena da ikastaro horiek ere kontuan hartzea zerbitzu horietarako hautaketa-prozesuetan edo, zenbait kasutan, barne-sustapenean.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eginkizunak dira, orobat, honako hauek:

  1. Segurtasun publikoaren arloko ikerketa eta berrikuntza bultzatzea eta sustatzea, unibertsitate, ikerketa-zentro, akademia edo antzeko prestakuntza-zentroekin elkarlanean arituz, izan nazionalak zein nazioartekoak.

  2. Segurtasun publikoaren arloko zuzendaritza-postuetako lana behar bezala egiteko prestakuntza diseinatzea eta garatzea, eta segurtasun publikoaren arloan erakunde publiko nahiz pribatuek zuzendaritza-postuetarako ematen dituzten beste ikastaro batzuk ere egiaztatzea eta homologatzea, edukiak eta irakastorduak kontuan hartuta.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ematen dituen ikastaroak gainditu izana edo haietan parte hartu izana egiaztatzen duten tituluak eta diplomak ematea, eta ikastaro horiek baliozkotu edo ez erabakitzea.

  4. Prestakuntzarako edo zabalkunderako argitalpenak lantzea Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako funtzionarioentzat eta larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sisteman esku hartzen dutenentzat, haien kualifikazio profesionalari eta espezializazioari begira.

  5. Lankidetza bultzatzea unibertsitatearekin, hezkuntzako eta lanbide-heziketako erakundeekin, edo helburu berdintsua duten segurtasun publikoko eta larrialdietako beste prestakuntza-zentro edo eskolekin, izan nazionalak zein nazioartekoak.

  6. Segurtasun publikoaren arloko dokumentazio-zentro bat sortzea, segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuetako ikasle eta langileen prestakuntza eta eguneratze iraunkorrean lagundu dezan.

  7. Bultzatzea kasuan kasuko administrazio eskudunak baliozko ditzala bere mendeko zentroetan burutzen diren ikasketak.

    Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia ahaleginduko da hezkuntzako administrazioaren eskakizunetara egokitzen ikasketa horien izaera eta iraupena, bai eta ikasketa bakoitza egiteko eskatzen diren titulazioak ere; gainera, laguntza instituzionala sustatuko da hezkuntza-administrazioarekin, unibertsitatearekin, Botere Judizialarekin eta ikaskuntzarako bereziki lagungarri izan daitezkeen beste erakunde, zentro edo ikastetxeekin.

  8. Beste lege edo xedapen batzuek esleitzen edo aitortzen dizkiotenak.

Hauek dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritzako goi-organoak:

  1. Gobernu-organoak:

    Zuzendaritza Kontseilua.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusia.

  2. Kudeaketa-organoa:

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza.

  1. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 25. artikuluaren arabera, Zuzendaritza Kontseilua kide hauez osatuta egongo da, zeinak segurtasun publikoaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuko baititu:

    1. Lehendakaria: segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izango du kargu hori. Bere egitekoa izango da beharrezkoak diren egokitzapenak sustatzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia bat etor dadin Gobernuaren eta segurtasun publikoaren eskumena duen sailaren planifikazio-jarraibideekin eta politika orokorrarekin, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren goi-zuzendaritza eta -ikuskaritza eramatea.

    2. Lehendakariordea: segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak izendatutako sailburuordea, segurtasun-arloan dituen eskumenak aintzat hartuta. Lehendakariaren ordez jardutea dagokio hura falta bada, gaixo badago edo bere zeregina betetzen uzten ez dion beste edozer gorabehera gertatzen bada.

    3. Kontseilukideak:

      1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia.

      2. Segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak bere sailetik hautatutako bost ordezkari, arlo hauetan dituzten erantzukizunak aintzat hartuta: polizia eta herritarren segurtasuna; larrialdiak eta babes zibila; trafikoa; Udaltzaingoaren koordinazioa; kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuak, eta giza baliabideak.

      3. Jaurlaritzan aurrekontu-, ogasun- eta finantza-arloko ardura daukan saila ordezkatzen duen pertsona bat, sail horretako sailburuak aukeratua eta segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailburuak izendatua.

      4. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien hiru ordezkari, segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailburuak izendatuak. Horietako bi Euskal Autonomia Erkidegoan hedatuen dagoen udalen elkarteak aukeratuko ditu, eta segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailburuak izendatuko. Hirugarren ordezkaria, berriz, hiriburuek ados jarrita aukeratuko dute, haien ordezkari izateko.

      5. Hiru ordezkari, lurralde historiko bakoitzeko bat, lurralde historikoen artean adostasunez aukeratuak eta segurtasun publikoaren arloko eskumena duen sailburuak izendatuak.

      6. Ertzaintzan ordezkaritza handiena duten bi erakunde sindikaletako ordezkari bana, erakunde sindikalek aukeratuak.

      7. Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Administrazioan ordezkaritzarik handiena duen erakunde sindikalak aukeratutako ordezkari bat.

    4. Idazkaria: Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzaren titularra; hitza eta botoa izango ditu.

  2. Zuzendaritza Kontseiluari dagokio:

    1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrekontuen aurreproiektua eta urteko memoria onartzea.

    2. Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jardueren urteko plana onartzea eta plan hori betetzen dela zaintzea.

    3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren barne-araubideari buruzko xedapen orokorren txostena egitea, onartu aurretik.

    4. Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, hautaketa- eta prestakuntza-plan orokorrak onartzea.

    5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, bere eginkizunen esparruan, entitate publiko edo pribatuekin sina ditzakeen hitzarmenak onartzea.

    6. Akademiaren antolaketa- eta funtzionamendu-arauak onartzea. Arau horiek, akordioen araubideari dagokionez, administrazio-prozeduraren legediak kide anitzeko organoetarako xedatutakoa beteko dute.

    7. Kideetako edozeinek proposatutako gaien ardura hartzea eta txostena egitea, eta egoki iritzitako jarduerak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari eskatu eta proposatzea.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusia organismo autonomoaren organo betearazlea da; organismoaren ohiko zuzendaritza eta ordezkaritza dagozkio, eta Akademia osatzen duten zerbitzuen funtzionamendu egokiaz arduratzen da.

  2. Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatu eta kenduko da kargutik haren titularra, segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak proposatuta, eta goi-karguduna izango da, sailburuorde mailarekin.

  3. Akademiaren Zuzendaritza Nagusia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren legezko ordezkaria da, eta haren titularrari dagozkio Akademiako zerbitzuen eta jardueren zuzendaritza, kudeaketa, koordinazioa eta ikuskapena, baita organismo autonomoari agintzen zaizkion helburuak betetzeko gainerako ahalmen guztiak ere, baldin eta ez bazaizkie beste organo batzuei esleitu. Bereziki, hauek dagozkio:

    1. Zuzendaritza Kontseiluari aurkeztea aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena eta urteko memoria, prestakuntza-planak eta urteko jarduera-planak, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bere eginkizunen esparruan beste entitate publiko edo pribatu batzuekin sina ditzakeen hitzarmenak ere.

    2. Zuzendaritza Kontseiluaren erabakiak benetan betetzen direla zaintzea.

    3. Administrazio publikoen mendeko Euskadiko segurtasun publikoaren sistemaren barruan dauden kolektiboetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauen lanketa zuzentzea eta, bereziki, nahitaez erabili beharreko hautaketa-prozesu komunen programak, edukiak eta egitura.

    4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Ertzaintzaren kidegorako egiten dituen hautaketa-prozesuen oinarriak onartzea, horietarako deialdia egitea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea eta prozesuen garapena gainbegiratzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako kideen, segurtasun pribatuko zerbitzuetako eta larrialdi-zerbitzuetako kideen eta larrialdietan eta babes zibilean aritzen diren boluntarioen eta herritarren ikasketa-planak eta prestakuntza-, espezializazio- eta hobekuntza-ikastaroak zuzentzea, planifikatzea eta gainbegiratzea, eta halaber haien prestakuntza-beharrak aztertzea eta asetzea. Horretarako, behar horiek ebaluatuko ditu aldiro-aldiro Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, kasuan kasuko administrazioekin batera.

    6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako giza baliabideak eta langileak kudeatzeari dagokionez, enplegu-eskaintza finkatzea, kidego bakoitzean sartzeko sistema erabakitzea, eta hautaproben eskakizunak eta ezaugarriak finkatzea eta lanpostuak betetzeko eta sustapen profesionaleko prozeduretarako deialdiak egitea, kudeatzea eta ebaztea.

    7. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jarduera eta funtzionamendua arautzen duten jarraibideak eta zirkularrak onartzea, bai eta bulego, instalazio eta lotutako zerbitzuen erabilera arautzen dutenak ere.

    8. Ordenamendu juridikoak organismo autonomoei kontratazio-organo gisa esleitzen dizkien eginkizunak eta ondarearen gainean ematen dizkien eskumenak baliatzea, baldin eta dekretu honetan eginkizun eta eskumen horiek beste organo batzuei esleitzen ez bazaizkie. Era berean, kontratazioaren arloko errekurtso berezia ebaztea egokituko zaio, bai eta kontratazioaren alorrean behin-behineko neurriak hartzea ere.

    9. Organismo autonomoaren gastuak baimentzea, 500.000 eurotik gorakoak badira eta ez badute gainditzen organismo autonomoek gastua baimentzeko legeak ezarritako diru-kopurua; hori guztia, Segurtasuneko sailburuaren eta Gobernu Kontseiluaren eskumenei kalterik egin gabe.

    10. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren prestakuntza-ikastaroen diplomak eta egiaztagiriak ematea eta, hala badagokio, prestakuntzako beste jarduera batzuk homologatzea, aitortzea eta baliozkotzea.

    11. Ahalegina egitea kasuan kasuko administrazio eskudunek baliozkotu ditzaten Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egiten diren ikasketak, bai ikasketa-titulazio gisa, bai lanbide-titulazio gisa.

    12. Lankidetza instituzionala sustatzea hezkuntza-administrazioarekin, unibertsitatearekin, Botere Judizialarekin eta ikaskuntzarako bereziki lagungarri izan daitezkeen beste erakunde, zentro edo ikastetxeekin, izan nazionalak zein nazioartekoak.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrei babesa eta laguntza ematen dieten entitate publiko edo pribatuekin lankidetzan aritzeko formulak proposatzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren helburuak betetzeko egokiak izan daitezkeen prestakuntza- edo dibulgazio-jarduerak sustatuz eta garatuz.

    2. Datu pertsonalen babesari buruzko politika betetzen dela zaintzea.

    3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak xedatzen dituen arauak onartzea eta hark ematen dituen laguntzak eta dirulaguntzak bideratzea.

    4. Organismo autonomoari agindutako helburuak betetzeko, beste organo batzuei esleitu ez zaizkien ahalmen guztiak erabiltzea.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak edozein unetan beregana ditzake Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako ahalmen eta eginkizunak.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren menpe Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza bat egongo da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaritzako kudeaketa-organo gisa.

  2. Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatu eta kenduko da kargutik haren titularra, segurtasun publikoaren eskumena duen sailburuak proposatuta, eta Eusko Jaurlaritzako goi-karguduna izango da, zuzendari mailarekin.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza ekonomia, ondare eta aurrekontuaren kudeaketa zuzenaren arduraduna izango da, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zerbitzu orokorren eta giza baliabideen kudeaketarena. Halaber dagokio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak, hala dagokionean, eskuordetutako eskumenak betearaztea, baita zuzendaria behin-behinean ordeztea ere, hura ez dagoenean, haren postua hutsik dagoenean edo gaixorik dagoenean. Eta bereziki beste eginkizun hauek:

    1. Ezarritako kudeaketa-sistemaren esparruan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren plan estrategikoa edo kudeaketa-plana lantzea eta koordinatzea, bai eta organismo autonomoaren zerbitzu-karta ere.

    2. Organismo autonomora atxikitako giza baliabideak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe Segurtasun Saileko beste organo batzuei emandako eskumenen indarra, bereziki 3.3 artikuluan aipatzen direnena.

    3. Oro har, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren berezko gaien gainean irizpen teknikoa eta aholkularitza juridikoa ematea.

    4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrekontuaren aurreproiektua koordinatzea eta lantzea, eta, horretaz gain, aurrekontua exekutatzearen jarraipena egitea, gastu-programak ebaluatzea eta aurrekontu-aldaketak izapidetzea.

    5. Organismo autonomoaren gastuak baimentzea, 500.000 eurotik gorakoak ez badira.

    6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren beste organo eta unitate batzuekin batera sustapen- eta koordinazio-lana egitea eta lankidetzan jardutea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak xedatutakoa betearazteko.

    7. Antolakuntzari dagozkion gaiak direla-eta Eusko Jaurlaritzako organismo autonomo guztietarako komunak direnez, indarreko legeen arabera Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagozkion eginkizunak betetzea.

    8. Organismo autonomoaren informatikako zerbitzu propioak kudeatzea.

    9. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren hizkuntza-normalizazioa eta euskararen presentzia dokumentala zaintzea, eta behar diren itzulpengintza-zerbitzuak baliatzea.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuaren 10. artikuluak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari esleitutako eginkizunak burutzea, argitalpenei dagokienez.

    11. Organismo autonomoa denez gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari dagokion erregistroaren eta artxibo nagusiaren sistema antolatzea, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-kudeaketa integralaren eta dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legearekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazioaren Balioespenerako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamenduaren maiatzaren 7ko 59/2024 Dekretuarekin.

    12. Administrazioa eraberritzeko eta modernizatzeko organo eskudunak emandako jarraibideak eta ekimenak aurrera eramateko eta betearazteko beharrezkoa den euskarria bermatzea.

  4. Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzako titularraren postua hutsik dagoenean, edo titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, egoera horrek iraun bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak beteko ditu haren eginkizunak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak administrazio-unitate hauek ditu:

  1. Zuzendaritza Nagusiaren menpe:

    1. Ikasketen eta Plangintzaren Alorra.

    2. Hautaketa eta Ebaluazio Alorra.

  2. Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzaren menpe:

    1. Araubide Juridikoaren, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Gai Orokorren Alorra.

Zuzendaritza Nagusiaren menpe eta haren gainbegiradapean, Ikasketen eta Plangintzaren Alorraren eginbeharra da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren prestakuntza-eskaintza aztertzea, planifikatzea, diseinatzea, programatzea eta garatzea; hori dela eta, eginkizun hauek hartzen ditu:

  1. Urteko jarduera-planak lantzea.

  2. Ikasketa-planak lantzea.

  3. Koadro edo egutegi pedagogikoa lantzea, eta prestakuntza-programak eta -ekintzak emateaz arduratzen diren Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako irakasleak eta gainerako langileak kudeatzea eta koordinatzea.

  4. Gaikuntza-ikastaro osagarriak antolatzea eta garatzea, jatorrizko kidegoa ez den beste polizia-kidego bateko lanpostuak betetzeko beharrezkoak direnean, uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 106.3 artikuluan aurreikusitakoa garatzeko erregelamendu bidez erabakitakoaren arabera (1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu betegina onartzen duena).

  5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-eskaintzan parte hartu nahi duten ikasleak sartzearekin lotutako administrazio-prozesu guztiak kudeatzea, barne hartuta aurretiko izen-ematea, matrikulak eta Akademiaren araudi orokorra.

  6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egiten dituen hautaketa-prozesuak garatzen parte hartzea.

  7. Beken deialdiak eta kudeaketa akademikoaren gaineko eskakizunak eta erreklamazioak kudeatzea.

  8. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ikasleen espediente akademikoak kudeatzea eta haien informazio akademiko orokorra koordinatzea.

  9. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako titulu eta diplomak bai homologatuak, bai propioak baliozkotzearekin, lantzearekin eta haien erregistro orokorrarekin erlazionatutako administrazio-prozesuak kudeatzea.

  10. Aholkularitza ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren araudi akademiko eta irakaskuntzakoa eta barne-araubidea prestatzeko eta aplikatzeko.

  11. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren urteko prestakuntza-planean sartuta ez dauden gai espezifikoen gaineko mintegi, jardunaldi edo hitzaldiak planifikatzea, antolatzea eta programatzea.

  12. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren urteko jarduera-planean eta prestakuntza-planean sartutako prestakuntza-ikastaroak planifikatzea, programatzea, antolatzea eta ematea.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ikasketa-planetan jasotako prestakuntza-ikastaroen curriculum-diseinua egitea.

  2. Administrazio publikoen mendeko Euskadiko segurtasun publikoaren sistemaren barruan dauden kolektiboetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauak lantzea, eta, bereziki, nahitaez erabili beharreko hautaketa-prozesu komunen programak, edukiak eta egitura.

  3. Prestakuntza eta Hobekuntzako Burutzaren lana gainbegiratzea eta onartzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren prestakuntza-programa osorik landu ahal izateko.

  4. Teknika polizialetan eta larrialdietarako eta babes zibileko tekniketan prestakuntzaren ikerketa sustatzea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza jasotzen dutenen behar eta aukeretara egokituko diren teknika berriak eta hezkuntza-moldeak ebaluatuz.

  5. Unibertsitateekin eta beste prestakuntza-zentro batzuekin lankidetzan aritzea ikerketaren eta berrikuntza pedagogikoaren arloan; orobat laguntzea EAEko Segurtasun Administrazioak gaikuntza, ikerketa eta zientzia polizialari buruz gaikuntzaren eta hobekuntzaren arloan sinatzen dituen akordioak eta hitzarmenak poliziaren esparruan ezartzen.

  6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak garatutako hautaketa-, ebaluazio- eta prestakuntza-prozesuak ebaluatzea, eta horiek ebaluatzera eta hobetzera zuzendutako ikerketak egitea.

  7. Prestakuntza-programak eta -sistemak ebaluatzera zuzendutako ikerketak egitea, polizia, larrialdi eta babes zibilaren arloko prestakuntza eremuan.

  8. Azterlan konparatiboak egitea beste organismo eta instituzioetako praktikaren gainean, haien prestakuntza- edo ikerketa-helburuak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia hobetzeko interesgarriak badira.

  9. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak garatuko dituen hautaketa-prozesuak diseinatzen parte hartzea.

  10. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak garatutako prestakuntza-ekintzaren emaitzak aztertzeko lanak garatzea; beharrezkoa bada, hobekuntzak edo aldaketak proposatuz prestakuntza-ekintzen diseinuan eta gauzatzean.

  11. Dokumentazio- eta bibliografia-funtsa eratzea, eguneratzea eta antolatzea, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu zentraletakoekin koordinatuta.

  12. Euskal Poliziaren Museoa kudeatzea eta, hala badagokio, Euskadiko Museoen Sarean (EMSIME) sar dadin eskatzea, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak ezarritakoaren arabera.

  13. Kualifikazio profesionala lortzen eta edukiak zabaltzen lagunduko duten prestakuntzako eta informazioko eskuliburuak, testuak eta argitalpenak landu, argitaratu eta zabaldu daitezen sustatzea, eta, hala badagokio, material hori Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskriba dadin bultzatzea.

Zuzendaritza Nagusiaren menpe eta haren gainbegiradapean, Hautaketa eta Ebaluazio Alorraren eginbeharra da garatzen diren hautaketa- eta ebaluazio-prozesuak planifikatzea, diseinatzea, programatzea eta garatzea; hori dela eta, eginkizun hauek hartzen ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko zerbitzuetako eta salbamendu-zerbitzuetako eta beste larrialdi-zerbitzu batzuetako kidego, eskala eta kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuen oinarriak prestatzea, eta, hala eskatzen diotenean, hautaprobak egitea, bai eta toki-administrazioaren mendeko polizia-kidegoetako eskala eta kategorietan sartzeko oinarrizko arauak egitea ere eta, bereziki, nahitaez erabili beharreko hautaketa-prozesu komunen programak, edukiak eta egitura.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan sartzeko eta, hala badagokio, babes zibileko eta larrialdietako langile izateko hautaketa-prozesuetan, jarrera ebaluatzeko planak eta programak eta praktikaldiak programatzea eta betearaztea, hala aginduz gero.

  3. Aholkularitza ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren araudi akademiko eta irakaskuntzakoa eta barne-araubidea prestatzeko eta aplikatzeko.

  4. Laguntza eta euskarri teknikoa ematea Udaltzaingoko kidego eta zerbitzuetako eskala eta kategorietan sartzeko deialdietan eta hautaketa-prozesuetan, baita suteak prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamenduko zerbitzuetan eta beste larrialdi-zerbitzu batzuetan sartzeko direnetan ere, kasuan kasuko administrazio publikoak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari aginduko dizkion probak antolatuz eta kudeatuz.

Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritzaren menpe eta haren gainbegiradapean, Araubide Juridikoaren, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Gai Orokorren Alorraren eginbeharra da zuzendaritza horren eskumeneko jardun-arloak kudeatzea eta, zehazki, eginkizun hauek betetzea:

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak erabaki beharreko administrazio-prozedurak izapidetzea, beste organo batzuei esleitu ez bazaizkie.

  2. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izenpetu behar dituen akordio eta hitzarmenei buruzko txosten juridikoak egitea.

  3. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako edozein organok eskatzen dizkion legezko azterlanak eta txostenak egitea eta aholkularitza ematea.

  4. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak parte hartzen duen jurisdikzio-prozeduren eta haien gaineko ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea.

  5. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara atxikita dauden langileen ohiko kudeaketa egitea.

  6. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bitarteko langileentzat sortzen dituen lan-poltsak kudeatzea, dagokion udalak hala eskatzen dionean.

  7. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako informatika-sistemak eta -aplikazioak kudeatzea eta haien mantentze-lana bermatzea.

  8. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat; bereziki, erregistroa eta artxibo nagusia kudeatzea.

  9. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako langileen euskalduntzea eta hizkuntza-normalizazioa kudeatzea, bai eta Ertzaintzako funtzionarioena ere.

  10. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren kudeaketa ekonomikoa.

  11. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ondare-espedienteak kudeatzea, bai eta kontratazio-espedienteak kudeatzea ere, baldin eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia haien kontratazio-organoa bada, hargatik eragotzi gabe Segurtasun Saileko kontratazio-mahaiaren berezko ahalmenak.

  12. Eduki ekonomikoa duten aurreproiektu eta proiektuek, hitzarmenek eta bestelako jarduerek aurrekontuetan eta ekonomian duten eragina aztertzea eta gainbegiratzea.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren ondarea atxikitzea eta kontserbatzea; horretarako, xede horrekin egindako jarduera material guztiez arduratuko da, eginbehar horiei zuzendutako langileak kudeatzea barne.

  2. Baliabideen horniketa kudeatzea, eta azpiegituren dotazioa eta kudeaketa.

  1. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako ostalaritza-zerbitzuak kudeatzea.

  1. Zuzendaritza Nagusiaren menpe eta hark gainbegiratuta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Batzorde Akademikoaren eginbeharra da ikasketa-planak eta -programak idazteko eta gauzatzeko aholkularitza ematea.

  2. Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, eta, beharrezkoa bada, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarako jarduketa-gomendioen txosten bat egingo du.

  3. Zuzendaritza Kontseiluak izendatuko du Batzorde Akademikoa, eta kasuan kasuko prestakuntza-arloetako profesionalek eta adituek parte hartuko dute bertan.

  4. Batzorde Akademikoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izaten saiatuko da. Horretarako, ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.

Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, dekretu honetan aurreikusitako funtzio-eskudantziei dagokienez, ekipo edo lantalde horizontalak ezarri ahalko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egitekoei lotutako prozesuen edo proiektuen plangintza, garapena, kudeaketa eta jarraipena egiteko. Kasuan kasuko prozesuan edo proiektuan parte diren alorretako arduradunek osatuko dituzte ekipo edo lantalde horiek, eta egin beharreko lanen koordinazioaren eta jarraipenaren arduradun bat izendatuko da.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organo guztiak elkarrekin koordinatuta ibiliko dira beren eginkizunak betetzen, organismo autonomoaren helburuak betetzeko behar den lankidetza eta laguntza elkarri emanez.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak egoki prestatutako irakasleen, profesionalen edo funtzionarioen lankidetza jaso dezake eskolak, mintegiak eta hitzaldiak emateko edo organismoaren ikerketa-jardueretan edo beren-beregiko edozein jardueratan parte hartzeko.

Organismo autonomoaren egoitza ofizialaz gain, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak beste instalazio batzuk ere erabil ditzake nola propioak hala hitzartutakoak, eta bertan bere jarduerak programatu, prestakuntza-helburuak lortzeko egokiak badira.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.