Arautegia

Inprimatu

65/2025 DEKRETUA, martxoaren 18koa, farmazia-bulegoetako giza nutrizioaren eta dietetikaren atalari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1434
  • Xedapen-zk.: 65
  • Xedapen-data: 2025/03/18
  • Argitaratze-data: 2025/04/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legeak 5.2 artikuluan farmazia-bulegoetan interes publikoko zerbitzu gisa garatzen diren eginkizunak zerrendatzen ditu, eta artikulu bereko hirugarren apartatuaren arabera, farmaziaren titularrak beste eginkizun eta jarduera profesional eta sanitario batzuk egin ahal izango ditu, ohituraz edo arau berezietan jasota egoteagatik botikariak egin ditzakeenak. Hau da, legeak berak aitortzen duenez, farmazia-bulegoetan, arreta farmazeutikoa emateaz gain (farmazia-bulegoen jarduera nagusia da ondorio guztietarako), beste eginkizun eta jarduera profesional eta sanitario batzuk ere egin daitezke.

Bestalde, lege horren 7.4 artikuluak agintzen du erregelamendu bidez zehaztu behar direla farmazia-bulegoek izan behar dituzten betebehar teknikoak eta materialak, bai eta haien azaleraren banaketa eta tresneria ere. Arreta farmazeutikoko jarduera nagusiari dagokionez, abenduaren 27ko 481/1994 Dekretuak arautu zituen alderdi horiek; izan ere, 1.4 artikuluan ezartzen duenez, farmazia-bulegoetan, arreta farmazeutikoaz gain, beste funtzio profesional eta sanitario batzuk egiten direnean, farmazia-bulegoek horretarako behar diren espazioak eta baimenak eduki beharko dituzte.

Bada, farmazietako eginkizun profesional eta sanitario horien artean, hiru nabarmentzen dira (analisi klinikoak, ortopedia eta optika), eta farmazia-bulegoetako «atal» deritzenetan garatu izan dira. Uztailaren 2ko 165/2002 Dekretuak atal horiek arautu zituen, dagokien baimen-araubidea zehazteko; horrez gain, eska dakizkiekeen gutxieneko baldintzak ere zehaztu zituen, atal horietan herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen oinarrizko kalitate-maila bermatzeko.

Ondoren, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko 44/2003 Legeak Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomadunaren unibertsitate-titulu ofiziala arautu zuen, eta, bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2018ko azaroaren 13ko Erabakiaren bidez, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitza ezartzea onartu zen.

Aurrekoaren ondorioz, urte hauetan Farmaziako lizentzia duten pertsona askok lortu dute, gainera, Giza Nutrizioko eta Dietetikako diploma edo gradua. Hori dela eta, farmazia-bulegoak eskain dezakeen beste eginkizun eta zerbitzu sanitario baten gisa arautu behar da giza nutrizioaren eta dietetikaren atala.

Beraz, arau honen xedea eta helburua da farmazia-bulegoetako giza nutrizioaren eta dietetikaren atalei dagokien araubidea ezartzea; zehazki, atal horiei beren jarduerarako eskatu behar zaizkien betekizun zehatzei (lokalarenak eta giza baliabideenak) dagokiena.

Era berean, adierazten da farmazia-bulegoetako giza nutrizioaren eta dietetikaren atalari dagokion baimen-araubidea, funtsean, gainerako «ataletan» aplikatzekoa den berbera dela; hau da, 165/2002 Dekretuan jasotakoa, zeinaren indarraldia bere horretan mantentzen baita, eta, beraz, edozein atal martxan jartzeko behar diren baimenak lortzeko administrazio-prozedura guztiz bateratuta geratzen da.

Azkenik, Farmazietako giza baliabideei buruzko ekainaren 3ko 129/1997 Dekretuaren bi artikulu aldatzen dira, eta, horrela, farmazietako atalen zerrendari giza nutrizioaren eta dietetikaren atala gehitzen zaio. Hau da, dekretu horren 1.4. eta 13.1 artikuluak aldatzen dira.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Antolamendu Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 5.3 artikuluarekin eta azken xedapen bakarraren 2. apartatuarekin bat etorriz, kasuan kasuko kide anitzeko elkargoei eta profesionalen elkarteei entzun ondoren, Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko martxoaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan farmazia-bulegoetako giza nutrizioaren eta dietetikaren atala arautzea.

Ondorio horietarako, farmazia-bulegoko giza nutrizioaren eta dietetikaren ataltzat hartzen da atal horretako berezko eginkizunetara eta jardueretara bideratzen diren farmazia-bulegoko baliabide materialen eta giza baliabideen multzoa.

  1. Farmazia-bulego batean giza nutrizioaren eta dietetikaren atal bat instalatzeko, aldez aurretik eskatu eta lortu beharko dira atala sortzeko baimena eta atala duen farmazia-bulegoaren funtzionamendu-baimena, xedapen honetan ezarritakoaren arabera. Era berean, dekretu honetako 9. eta 10. artikuluetan ezarritako araubidearen mende daude dekretuan ezarritakoaren arabera baimendutako atal batean egin nahi diren aldaketak.

  2. Farmazia-bulegoan ez da giza nutrizioaren eta dietetikaren atalik sortu beharko eginkizun hauek betetzeko:

    Osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko nutrizio-aholkua.

    Elikagaien eta medikamentuen arteko interakzioari buruzko informazioa eta aholkuak ematea.

    Autokontrolerako proba analitiko sinpleak egitea, gaixotasun jakin batzuen arrisku-adierazleak detektatzeko, bahetzeko eta horien jarraipena egiteko, hala nola odoleko azukrea, kolesterola eta triglizeridoak.

    Produktu dietetikoak eta elikadura-osagarriak aholkatzea eta ematea.

    Administrazio sanitarioarekin lankidetzan aritzea osasuna sustatzeari eta babesteari eta heziketa sanitarioari buruzko programetan.

  3. Hauek dira farmazia-bulegoetako giza nutrizioaren eta dietetikaren atalari dagozkion eginkizunak:

    Erabiltzaileen nutrizio-arazoak identifikatzea. Haien nutrizio-beharrak kalkulatzea, eta dieta planifikatzea eta egitea nutrizio-behar horien eta behar fisiologiko edota patologikoen arabera.

    Patologia hauen araberako nutrizioa, besteak beste: diabetesa, gaixotasun kardiobaskularra, nahasmendu gastrointestinalak, hiperurizemia, hezueria eta elikadura-nahasmenduak, hiperkoles-terolemia eta haurren obesitatea.

    Adin-taldeen araberako nutrizioa, hala nola emakumearen nutrizioa bizitzako etapa guztietan (nerabezaroa, adin ugalkorra, haurdunaldia eta menopausia).

    Atal honetan berariaz aipatu ez diren beste funtzio batzuk, baldin eta horietan jarduteko Giza Nutrizioko eta Dietetikako diploma edo graduko titulu ofiziala behar bada.

  1. Giza nutrizioaren eta dietetikaren atala izateak ez du inola ere kaltetuko Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 5.2 artikuluan zehaztutako farmazia-bulegoaren jarduera. Arreta farmazeutikoko jarduera hori farmazia-bulegoaren jarduera nagusitzat hartuko da.

  2. Farmazia-bulegoak giza nutrizioaren eta dietetikaren atal baimendu bat izan arren, 11/1994 Legean ezarritako arreta farmazeutikoko establezimendutzat hartzen da ondorio guztietarako. Beraz, unean-unean indarrean dagoen arreta farmazeutikoari buruzko araudi osoa aplikatzen zaio, dekretu honetan jasotzen diren berezitasunekin.

  1. Giza nutrizioaren eta dietetikaren atala baimendu ahal izateko, ezinbestekoa izango da farmazia-bulegoko titularrak Giza Nutrizioko eta Dietetikako diploma edo graduko titulu ofiziala izatea eta atala irekitzeko ahalmena ematen duen titulazioari dagokion elkargo ofizialeko kide izateko baldintza betetzea. Titularkidetasun-kasuetan, nahikoa izango da titularkideetako batek baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzea.

  2. Aurreko apartatuan adierazitakoa alde batera utzita, giza nutrizioaren eta dietetikaren ataleko buru profesional bat egon beharko da une oro atal horren jendaurreko ordutegian, ageriko identifikazioa duela, eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako diploma edo graduko titulazio ofiziala izan beharko du.

    Pertsona hori farmazia-bulegoaren titularra (edo titularkidea) izan daiteke, bai eta farmaziako botikari laguntzaile bat (Farmazietako giza baliabideei buruzko ekainaren 3ko 129/1997 Dekretuaren 13. artikuluaren arabera) edo Giza Nutrizioko eta Dietetikako diploma edo gradua duen farmazia-bulegoko plantillako kide bat ere, titularrak horretarako kontratatua.

  3. Titularrak pertsona bat dietista/nutrizionista gisa botikan jarduteko kontratatu ahal izateko, farmazia-bulegoak giza nutrizioaren eta dietetikaren atal baimendu bat izan behar du nahitaez.

  1. Giza nutrizioaren eta dietetikaren atal bat baimendu ahal izango da farmazia-bulegoan, baldin eta, bere jarduera nagusiari dagokionez, abenduaren 27ko 481/1994 Dekretuaren 1. artikulutik 6.era bitartean ezarritakoa betetzen badu (481/1994 Dekretua, abenduaren 27koa, Botiketan bete behar diren baldintza teknikoak eta materialak finkatu eta botiken azaleraren barruko banaketa zehazten duena).

  2. Era berean, giza nutrizioaren eta dietetikaren atala sortzeko, beharrezkoa izango da farmazia-bulegoak, jarduera nagusia garatzeko behar den bulegoaz gain, giza nutrizioaren eta dietetikaren ataleko erabiltzaileari soilik arreta emateko gune bereizia, itxia eta aireztatua izatea, eta apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak (hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituenak) ezarritakoa betetzea, arreta indibiduala eta konfidentziala bermatzeko produktuak emateaz bestelako zerbitzuetan, hala nola giza nutrizioaren eta dietetikaren atalari dagozkionetan.

  3. Bi funtzioak behar bezala beteko direla bermatzeko nahikoa espazioa badago, jarduera nagusirako zein ataleko jarduerarako erabili ahal izango dira eremu hauek:

    1. Sarbideak eta jendaurreko arretarakoak oro har.

    2. Medikamentuak eta osasun-produktuak hartzeko, aztertzeko eta biltegiratzeko gunea.

    3. Komunak.

  4. Formula magistralak eta prestakin ofizinalak egiteko laborategia 481/1994 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutako helburuetarako bakarrik erabili ahalko da, eta ezin izango da giza nutrizioaren eta dietetikaren ataleko helburu eta jardueretarako erabili.

  5. Giza nutrizioaren eta dietetikaren ataleko jarduera gauzatzeko gutxieneko ekipamenduari dagokionez, hau eskatuko da:

    Nutrizio-hezkuntzarako materiala, ebidentzia zientifikoan oinarritua eta produktu dietetikoak edo elikadura-osagarriak erostera bultzatzen duen publizitate-erreferentziarik gabea.

    Neurketa antropometrikoak eta klinikoak egiteko materiala, eta, zehazki, honako hau: baskula, tailimetroa, osasuna kontrolatzeko parametroak neurtzeko sistema, hala nola glukosa eta kolesterola, tentsiometroa, zinta metriko ez-luzagarria eta maila profesionaleko bionpedantzia elektrikoko sistema.

  6. 481/1994 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, dekretu honetan araututako atalaren izena agertu ahal izango da farmazia-bulegoaren fatxadan, honela: «Giza nutrizioaren eta dietetikaren atala» edo, gaztelaniaz, «Sección de nutrición humana y dietética».

    Atal baimendurik ez duten farmazia-bulegoen errotulazioan ezin izango da agertu giza nutrizioaren eta dietetikaren atalari dagozkion jarduerak egiteari buruzko adierazpenik.

  1. Martxan dagoen farmazia-bulego baten titularrak bertan giza nutrizioaren eta dietetikaren atal bat jarri nahi badu, atal hori sortzeko baimen-eskaera aurkeztu beharko du.

  2. Era berean, obrak baimentzeko eskaera aurkeztu beharko du, azaroaren 29ko 459/1994 Dekretuak, Botiketan obrak egiteko baimenak emateko jardunbidea arautzen duenak, ezarritakoaren arabera.

  3. Bi eskaerak prozedura bakarrean izapidetuko dira, hurrengo manuetan ezarritakoaren arabera.

  4. Dokumentu hauek aurkeztu behar dira baimen-eskabidearekin batera:

    1. Farmazia-bulegoaren titularraren edo titularkidearen titulazioaren eta elkargokide izatearen egiaztagiria.

    2. Atalerako eta gainerako farmazia-bulegorako behar diren langileen aurreikuspen justifikatua, Farmazietako giza baliabideei buruzko ekainaren 3ko 129/1997 Dekretua betez.

    3. Atalaren izaera eta helburuak azaltzen dituen memoria.

    4. Botiketan obrak egiteko baimenak emateko jardunbidea arautzen duen azaroaren 29ko 459/1994 Dekretuaren 3.2 artikuluan adierazitako dokumentazioa.

    5. Atala sortzeko tasaren ordainagiria.

  5. Ematen den ebazpenak erabakiko du eskatutako atala sortzea eta obrak egitea.

  6. Atala sortzeagatik ematen den ebazpenak, halaber, ofizioz edo interesdunak eskatuta, farmazia-bulegoa ixtea xedatu ahal izango du, obrek irauten duten bitartean, horien ezaugarrien eta ixteak arreta farmazeutikoan duen eraginaren arabera, azaroaren 29ko 459/1994 Dekretuarekin bat etorriz (459/1994 Dekretua, Botiketan obrak egiteko baimenak emateko jardunbidea arautzen duena).

  7. Farmazia-bulego bakarra duten udalerrietan, behin-behinean lekuz aldatzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta obrak egiteko farmazia-bulego hori aldi baterako itxi behar bada.

  1. Atala sortzeko baimena emateko baldintza izango da atala duen farmazia-bulegoaren funtzionamendu-baimena lortzea. Horretarako, dagokion eskaera egin beharko da, dokumentazio honekin batera:

    1. Atalaren buru izango den profesionala farmazia-bulegoaren titularra edo titularkidea ez bada, titulazioaren eta elkargoko kide izatearen egiaztagiria.

    2. Farmazia-bulegoaren titularrak berak edo titularkideak badu atalaren ardura eta botikari laguntzailea izendatu behar bada, horretarako eskaera aurkeztu beharko da, lehen aipatutako 129/1997 Dekretuaren 18. eta 21.5 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. Atala duen farmazia-bulegoaren funtzionamendu-baimena emango da, ikuskapen-bisita bidez egiaztatu ondoren atala sortzeko baimenaren oinarri izan ziren baldintzak eta eskakizunak bete direla.

  3. Atala sortzeko baimena ondoriorik gabe geratuko da, baldin eta jakinarazpena egin eta 6 hilabete igaro badira eta interesdunak dagokion funtzionamendu-baimena eskatu ez badu. Kasu horretan, jarduketak artxibatzea erabakiko da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

  1. Sortzeko edo lekuz aldatzeko baimen-izapidean dagoen farmazia-bulego batean giza nutrizioaren eta dietetikaren atal bat instalatu nahi bada, Farmazia-bulegoak sortzea, lekuz aldatzea, ixtea eta jardunean jartzea arautzen dituen ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuko dagokion prozedurari erantsi beharko zaio atala sortzeko eskaera, nahitaezko dokumentazioarekin batera, eta dekretu horri jarraituko zaio izapide guztietan.

  2. Halakoetan, 338/1995 Dekretuaren 5.1 artikuluan edo 11.etik 13.era arteko artikuluetan adierazitako dokumentazioari, dagokionaren arabera, dekretu honen 6.4 artikuluan zerrendatutakoa gehitu beharko zaio, d) letran jasotakoa izan ezik.

  3. Era berean, farmazia-bulegoaren funtzionamendu-baimena eskatzean, dekretu honen 7.1 artikuluan jasotako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Farmazietako giza baliabideei buruzko ekainaren 3ko 129/1997 Dekretua aplikatzea eragotzi gabe, ataleko buru den profesionala aldatu nahi bada, Farmazia Zuzendaritzaren baimena eskatu beharko da, dekretu honen 7.1.a) artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztearekin batera.

Aldez aurretik baimendutako atal batean egin nahi den edozein aldaketa farmazia-bulegoaren aldaketatzat hartuko da, eta, beraz, lehen aipatutako azaroaren 29ko 459/1994 Dekretuan (459/1994 Dekretua, Botiketan obrak egiteko baimenak emateko jardunbidea arautzen duena) ezarritako baimen- edo jakinarazpen-araubidearen mende egongo da.

  1. Farmaziako titularrak atalaren jarduera amaitu nahi badu, aldez aurretik jakinaraziko dio Farmazia Zuzendaritzari.

  2. Atalak bere jarduera utzi ahal izango du, aurreko paragrafoan aipatutako komunikazioa egin eta hurrengo hamar egunetan.

  3. Jarduera uztearen ondorioz egiten diren obrek 459/1994 Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

  4. Farmazia-bulegoan atala sortzeko beste eskaera bat egin beharko da aldez aurretik itxitako atalaren jarduerari berriro ekin nahi bazaio.

Jardunean dagoen farmazia-bulego bateko titularrak bertan giza nutrizioaren eta dietetikaren atal bat instalatu nahi badu, sei hilabeteko epea izango du atala sortzeko baimena eskatzeko, dekretu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, 6. artikuluan ezartzen den moduan.

Era berean, atala sortzea eskatuko ez duten farmazia-bulegoetako titularrek, edo baimena jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenek, hilabeteko epea izango dute, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, baimenaren mende dauden jarduerak egitea iradokitzen duen edozein publizitate, kartel edo errotulu kentzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aldatzea ekainaren 3ko 129/1997 Dekretua, farmazietako giza baliabideei buruzkoa.

Bat. Aldatu egiten da dekretu horren 1.4 artikulua, eta honela idatzita egongo da aurrerantzean:

Bi. Aldatu egiten da dekretu horren 13.1 artikulua, eta honela idatzita egongo da aurrerantzean:

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko martxoaren 18an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.