Arautegia

Inprimatu

172/2023 DEKRETUA, azaroaren 14koa, Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko prestatzeko laguntzak emateko prozeduraren eskabidean eta gainerako izapideetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko derrigortasuna arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5328
  • Xedapen-zk.: 172
  • Xedapen-data: 2023/11/14
  • Argitaratze-data: 2023/11/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Funtzio publikoa

Testu legala

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak urtero argitaratzen du karrera judizial eta fiskalerako eta Justizia Administrazioko letraduen kidegorako sarbidea prestatzera bideratutako laguntzen deialdia, Zuzenbidean lizentziatuak edo graduatuak motibatzeko euren lan-helburuak lanbide juridiko horietara bidera ditzaten; horrela, Justizia Administrazioari giza baliabide egonkorrak eman eta Justiziaren zerbitzu publikoan eraginkortasun- eta kalitate-maila hobetzen laguntzen da.

Laguntzen hartzaileak Zuzenbideko Lizentziatura edo Gradua, gutxienez, duten pertsonak dira, halako moldez non eskatzaileek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko gaitasun tekniko nahikoa dutela uste baita; izan ere, gaitasun hori beharrezkoa da izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko.

Administrazio elektronikorako plataforma teknologikoa euskarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan administrazio-prozedurak izapidetzeko, guztiz kontsolidatuta dago, eta erabilera orokorrekoa da Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail, organismo eta erakunde publiko guztietan.

Estatuan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.3 artikuluan honako hau dio: «Erregelamenduz, administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela».

Euskal Autonomia Erkidegoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea garatu da berriki emandako ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren bidez (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa). Dekretu horrek ezartzen duenez, kolektibo jakin batzuek aurkeztutako eskabideak elektronikoki bakarrik izapidetuko dira; kolektibo horien artean ez daude karrera judizialera eta fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora iristeko laguntzen erregulazio honen xede direnak.

Horrenbestez, dagozkion nahitaezko txostenak eman ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko azaroaren 14an eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

HAU XEDATZEN DUT:

  1. Arauaren xedea da kanal elektronikoa ezartzea Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko prestatzeko laguntzen prozedurarako.

    Laguntzak eskatzen dituzten pertsonak behartuta daude harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera, eta bitarteko horiek erabili beharko dituzte prozeduraren fase eta izapide guztietan, eskabidea, dokumentuen aurkezpena, komunikazio eta jakinarazpenak barne.

  1. Prozedura honetako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskaerak egiteko, interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte.

  2. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  3. Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzeko beharra Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta izapidetze elektronikoari buruz indarrean dagoen gainerako araudian dago araututa.

  4. Prozeduraren fitxa eta sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/xxxxx (prozeduraren kodea). Bertan, hauek egongo dira eskuragarri:

    Prozedura izapidetzeko jarraibideak.

    Eskaera ebazteko epeari eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.

    Eskabidea betetzeko jarraibideak, eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

    Prozedurako betekizunen eta egiaztatzeko moduaren inguruko informazio eguneratua, administrazio publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzeko aukera eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.

    Prozeduran egin daitezkeen izapide guztiak.

    Prozeduran erabil litezkeen eredu eta inprimaki normalizatu guztiak (eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpena, ordezkaritza eskuordetzeko dokumentua...), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izapidetze elektronikorako plataforma komunean dauden inprimakietan oinarrituta, behar bezala normalizatuta, hizkera argian eta irakurketa errazerako idatzita, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, eta sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasunari buruzko araudian aurreikusitako irisgarritasun-betekizunak beteta.

  5. Ordezkari baten bidez ere egin daitezke izapideak elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/representantes

  6. Entitate pertsonek ez dituzte berriro aurkeztu behar izango dagoeneko administrazio publikoen esku dauden dokumentuak eta informazioa. Horretarako, eskabide-ereduan honako aukera hau jasoko da: pertsonak berariaz onartzea ezarritako betekizunak egiaztatzen dituzten datuak edo agiriak administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez lortzea edo egiaztatzea, ahaztu gabe Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak.

  7. Eskatzailearen betebeharrak bete direla erantzukizunpeko adierazpen bidez eskabideari erantsita egiaztatu ahal izango da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren testu bategina aplikatuta.

  8. Eskaeraren ondoko izapideak, jakinarazpenak barne, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Bertan, interesdunek edozein unetan kontsultatu ahal izango dute beren espedientea.

  9. Jakinarazpen sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jartzen den jakinarazpenaren xede den egintza entitate interesdunaren eskura edo, hala badagokio, baimendutako pertsonaren eskura, bai eta zer egun eta ordutan ikusi den edukia ere, une horretatik aurrera joko dela egintzat jakinarazpena. Interesdunaren eskura utzi eta, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, jakinarazpena atzera bota dela ondorioztatuko da. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

    Gainera, hala dagokionean, jakinarazpena argitalpen bidez egin ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zein egoitza elektronikoko Iragarki Taula Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

    Abisu bakarra bidali ahal izango da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, egoitza elektronikoan jakinarazpen bat duela adierazteko. Abisua bidaltzen ez bada ere informatiboa izango baita soil-soilik, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

  10. Emate-ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratzea, jendeak horren berri izan dezan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  11. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du.

    Alta eman edo hirugarren interesduneko zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros

Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurek hasi ziren egunean aplikagarria zen arautegia bete beharko dute.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko azaroaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.