Arautegia

Inprimatu

68/2023 DEKRETUA, maiatzaren 16koa, espetxe-arloko lan eta ikerketari buruzko «Francisco Javier Gómez Elosegui» saria sortu eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2522
  • Xedapen-zk.: 68
  • Xedapen-data: 2023/05/16
  • Argitaratze-data: 2023/05/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Justizia; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio espetxeen antolaketaren, araubidearen eta funtzionamenduaren gaineko eskumena baliatzea eta gai horren gaineko Estatuko legeria betearaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 eta 12. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Eskumen horiek bere gain hartuta ditu autonomia-erkidegoak bi dekretu hauek betez: 474/2021 Errege Dekretua, ekainaren 29koa, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei buruzkoa; eta 169/2021 Dekretua, uztailaren 6koa, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren akordioa onartzekoa, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) 13.1.f) artikuluan eginkizun hauek esleitzen dizkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari: «espetxeak, bereziki haien antolaketa eta funtzionamendua, espetxe-legeria betearaztea, bere gain hartuta legeria horrek espetxe-administrazioaren organo zentralei ematen dizkien ahalmenak».

Halaber, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuan Justizia Sailburuordetzari esleitzen zaio espetxeen arloko eskumen autonomikoak baliatzeko plangintza egitea (11.1.f artikulua); eta Justizia Zuzendaritzari, berriz, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, bere eskumen-eremuan, eta Jaurlaritzak arlo horietan egiten dituen gainerako jardunekin koordinatuta (14.f artikulua).

Aurreko guztia oinarri hartuta, dekretu honen bidez «Francisco Javier Gomez Elosegui» saria sortu eta arautu nahi da. Sari horren helburua hauxe da: pertsonak edo kolektiboak jendaurrean aitortzea edo saritzea, baldin eta, ibilbide pertsonal edo profesionalean, aparteko merezimenduak badituzte espetxe-esparruko giza eskubideak defendatzen eta presoak birgizarteratzeko zereginetan edo arlo horietako ikerketa akademikoan.

Francisco Javier Gomez Elosegui espetxeetako psikologoari gorazarre egiteko da saria, eta horrexegatik jarri zaio haren izena, espetxeak gizatiartzeko egindako ahaleginagatik, eta presoak birgizarteratzen eta haien giza eskubideak zorrotz errespetatzearen alde egindako ahaleginagatik. ETAk hil zuen, 1997ko martxoaren 11n.

Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 16an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da «Francisco Javier Gomez Elosegui» saria sortzea eta zer-nola eman arautzea, jendaurrean aitortzeko espetxe-arloan giza eskubideak defendatzeko eta birgizarteratzearen alde nabarmen jardundakoen lana.

  1. «Francisco Javier Gomez Elosegui Saria» irabazi-asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoei, publiko zein pribatuei, emango zaie, baldin eta beren jardun eta ibilbidearen ondorioz espetxe-esparruan giza eskubideen defentsa eta birgizarteratzeko lanetan nabarmendu badira.

  2. Ohorezko aipamena ez ezik, jendaurreko aitortza eta diru-kopuru bat ere emango du saria. Zenbateko diru-saria izango den dagokion deialdiaren ebazpenean zehaztuko da, eta ordainketa bakarrean emango da, saria ebatzi ondoren.

  1. Urtero egingo du sariaren deialdia espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordeak, ebazpenaren bidez.

  2. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta honako hauek zehaztuko ditu: sariaren diru-kopurua, epaimahaia nork osatuko duten, eta hautagai-eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.

  1. Edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, aurkez dezake beste norbaiten hautagaitza «Francisco Javier Gomez Elosegui Saria» jasotzeko, merezimenduengatik saria lortzeko aldera.

    Hautagaitzak eskabide-formulario bidez aurkeztuko dira, eta honako agiri hauek erantsiko zaizkie:

    1. Ibilbidea eta hautagaitza justifikatzen duten arrazoiak deskribatzen dituen memoria.

    2. Hala badagokio, hautagaitzak aurkezten dituztenek proposatutako pertsonaren alde gehitutako abal edo atxikimenduak.

  2. Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo aurretik adierazitako agiriekin batera aurkeztu ez badira, 10 eguneko epean okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko dio Justiziako zuzendariak pertsona edo erakunde interesdunari; eta adieraziko dio horrela egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz emandako ebazpenaren ondoren.

  3. Ezin izango dute saria eskuratu honako hauetan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

    Halaber, sariak adjudikatzeko eta, hala badagokio, emateko, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura, bai eta horien barruan erabakitako itzultzeko betebeharrak guztiz betetzea ere.

  4. Eskabideak aurkezteko epea, gutxienez hilabetekoa, urteko deialdian ezarritakoa izango da. Deialdi hori espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordearen ebazpen bidez egingo da.

Justiziako Zuzendaritzari dagokio sariaren zer-nola eman kudeatzea.

  1. Saria merezi duen edo duten pertsona edo pertsonak hautatzeko, epaimahai bat eratuko da. Epaimahai hori honako hauek osatuko dute: espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordeak (epaimahaiburua izango da) eta giza eskubideen defentsaren, kriminologiaren, psikologiaren edo zigor-zuzenbidearen eta espetxe-zuzenbidearen arloan ospe handia duten lau kidek, lehen aipatutako sailburuordearen ebazpen bidez izendatuta.

  2. Epaimahaiaren osaera sariaren deialdiari buruzko ebazpenean jakinaraziko da jendaurrean, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du. 3. Artikulu honetan adierazitakoaren ondorioetarako, ordezkaritza orekatua dagoela ulertuko da lau kide baino gehiago dituzten epaimahaietan edo antzeko organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

  3. Justiziako zuzendaria izango da Epaimahaiaren idazkari, hitzarekin baina botorik gabe.

  4. Epaimahaiaren erabakiak emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak hartu ahal izango du erabakia. Idazkariak erabakitzen diren jarduera eta akordio guztien akta egingo du. Akta horretan, sariaren epaia oinarritzen duen irizpen arrazoitua jaso beharko du.

  5. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira edo errefusatuak izateko aukera egongo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.

  1. Lehiaketa bidez emango da saria, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan ezarrita.

  2. Epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan saria emateko proposamena egiteko:

    1. Proposatutako pertsonak edo pertsonek espetxe-esparruko birgizarteratzearen arloan esperientzia eta ibilbide pertsonal eta profesionala izatea, eta honako hauetan nabarmendu izana: kondenatuen bizi-baldintzak duintzeko ahaleginean; haien eskubideen defentsan; haien premiei erantzuteko elkartasunean; justizia errestauratiboan, edo birgizarteratzeko lanekiko konpromisoan. Bai eta, halaber, arlo horretako ikerketaren arloko ibilbidea, non ere honako hauek baloratuko baitira: originaltasuna, kalitatea, zuzentasun metodologikoa, zorroztasun zientifikoa, diziplinarteko izaera edo ikerketan genero-ikuspegia txertatzea (40 puntu).

    2. Giza eskubideen balioak eta espetxeetako tratamenduari buruzko nazioarteko estandarrak garatzeko egindako jardueraren edo ikerketaren berezko garrantzia (30 puntu).

    3. Proposatutako pertsonak edo pertsonek garatutako jarduerak edo ibilbideak nola Euskal Herriko gizartean hala nazioartean izandako oihartzuna eta eragina (30 puntu).

  1. Epaimahaiak saria emateko proposamena egingo du, eta horretan, dekretu honetan jasotako esleipen-irizpideei dagokienez hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak adieraziko ditu, bere jakintza eta uste zintzoaren arabera.

  2. Epaimahaiak saria ex aequo eman ahal izango die zenbait hautagairi; horrela gertatuz gero, deialdian ezarritako zenbatekoak sarituen artean hainbanatuko dira.

    Epaimahaiak saria eman gabe uztea proposatu ahal izango du, orobat, baldin eta, bere ustez, hautagaiek saria jasotzeko adina merezimendu ez badute. Horrelakoetan, epaimahaiak berariaz jasoko ditu erabaki hori hartzeko arrazoiak.

  3. Epaimahaiak saria esleitzeko proposamena jasotzen duen akta aurkeztuko dio espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordeari.

  4. Ebazpena eman aurretik, epaimahaiak hautatutako pertsonari erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko eskatuko zaio, Dekretu honen 4.3 artikuluko debekuen eraginpean ez dagoela adierazteko, bai eta jakinarazpenak nola jaso nahi dituen ere.

  1. Epaimahaiak proposamena egin ondoren, espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordeak saria emateko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, eman gabe utziko du, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du, bai eta deialdian hautagaitzak aurkeztu dituzten eskatzaile guztiei jakinarazteko ere.

  2. Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, dagokion urteko deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotzen bada eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, hautagaitzak ezetsi egin direla eta deialdia huts deklaratu dela ulertu ahal izango da.

  1. Saria emateko ebazpena argitaratu ondoren izapidetuko da haren diru-zuzkiduraren ordainketa.

  2. Espetxe-legeria betearazteko eskumena duen sailburuordeak horretarako antolatutako jendaurreko ekitaldian emango da saria. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona edo erakunde sariduna ezin bada jendaurreko ekitaldi horretara joan, beste pertsona bat izendatu beharko du, aurretiaz, saria haren izenean jaso dezan.

Dekretu honetan, bai eta deialdian aplikatu beharreko beste edozein xedapen orokorretan ere, ezarritako betebeharrak ez betetzeak honako hauetan xedatutakoa aplikatzea ekarriko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa.

Saria ematea bateragarria da helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, horrelakoak edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk emanda ere, izan estatukoak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko organismoenak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Sari hau kudeatzeko eskuratutako datu pertsonalen tratamenduak honako arau hauen mende egongo dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan berariaz arautzen ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko maiatzaren 16an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik