Arautegia

Inprimatu

38/2023 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzeko, eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezartzeko Dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 65
  • Hurrenkera-zk.: 1610
  • Xedapen-zk.: 38
  • Xedapen-data: 2023/03/21
  • Argitaratze-data: 2023/04/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoak apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 26. artikuluan ezartzen du autonomia-erkidegoko estatistika-jarduketa, besteak beste, berariazko estatistika-organo bat duten Jaurlaritzako sailek gauzatuko dutela.

Bestalde, Jaurlaritzako sailen estatistika-organo bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak sailen berariazko estatistika-organoak arautzen ditu, antolamendu-arau orokorren printzipioak uztartuta estatistika-legeriatik eratorritako eskakizunekin, batik bat, estatistika-sekretuaren gainekoekin.

Aurrekoarekin bat etorriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortzen eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituen maiatzaren 18ko 139/2021 Dekretua onartu zen. Organo horren jardun-arloak, 3.2 artikuluaren arabera, honako hauek dira: a) Berdintasuna; b) Gazteria; c) Zahartzea eta erronka demografikoa; d) Gizarte-zerbitzuak barnean hartuta gizarte-bazterketa eta pobrezia modu guztien azterketa eta jarraipena, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoena ere; e) Familia, haurtzaroa, garapen komunitarioa eta boluntariotza; f) Migrazioa; g) Giza eskubideak, biktimak eta memoria; h) Garapenerako lankidetza; eta i) Justizia.

Alabaina, lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarrenez aldatzen baitu), Lehendakaritzaren eskumen-esparruan sartu zen gazteria-arloa, aipatu aldaketa indarrean jarri arte Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumen-esparruaren barne zegoena.

Horrenbestez, egokia da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa arautzen duen araua aldatzea, gazteria-arloa bere jardun-eremuetatik kanpo uzteko eta, horrela, sail horren eskumen-esparrura egokitzeko. Hala, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoa sortu eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezartzen dituen maiatzaren 18ko 139/2021 Dekretuaren 3. artikuluko 2. apartatuko b) letra eta lehen xedapen gehigarria kendu behar dira (estatistikei egiten die erreferentzia: a) Euskal gazteria, eta b) Gazteriaren egoera).

Beraz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Euskal Estatistika Batzordeari kontsulta egin ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko martxoaren 21ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. Aurreko apartatuan adierazitakoari dagokionez, hauek dira Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Berariazko Estatistika Organoaren jardun-arloak:

    1. Berdintasuna.

    2. Zahartze aktiboa eta erronka demografikoa.

    3. Gizarte-zerbitzuak, barnean hartuta gizarte-bazterketa eta pobrezia modu guztien azterketa eta jarraipena, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio ekonomikoena ere.

    4. Familia, haurtzaroa, garapen komunitarioa eta boluntariotza.

    5. Migrazioa.

    6. Giza eskubideak, biktimak eta memoria.

    7. Garapenerako lankidetza.

    8. Justizia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko martxoaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.