Arautegia

Inprimatu

97/2022 DEKRETUA, uztailaren 26koa, bidaia-agentziei buruzko Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 3905
  • Xedapen-zk.: 97
  • Xedapen-data: 2022/07/26
  • Argitaratze-data: 2022/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Bitartekaritzako turismo-enpresak erregulatuta daude Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legean, V. tituluko I. eta IV. kapituluetan, eta bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuan. Legearen 61. artikuluko 1. apartatuak ezartzen duenez, bitartekaritzako turismo-enpresek bermea eratu eta etengabe izan beharko dute indarrean, zerbitzua emateak dakartzan betebeharrei behar bezala erantzuteko kontratugileen aurrean, eta, bereziki, emandako dirua itzultzeko eta, kaudimengabezia-kasuan, herriratze efektiboaz arduratzeko; betiere, erregelamenduz ezartzen diren baldintzekin bat etorrita.

Onartu egin da 2015/2302 (EB) Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2015eko azaroaren 25ekoa, bidaia konbinatuei eta lotutako bidaia-zerbitzuei buruzkoa, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezarritako doktrina jaso da, zeinaren bitartez interpretatzen baita bidaia-agentziek nahitaez eskaini behar duten bermeak efektiboa eta mugarik gabekoa izan behar duela, eta mugarik gabe, gehiegizko izapiderik gabe eta dohainik itzuli behar dela emandako dirua. Araudi horrek barne-zuzenbiderako transposizioa egiten du abenduaren 21eko 23/2018 Errege Lege Dekretuaren bitartez, zeinaren bidez aldatu egiten baita Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina (KELTB), azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoa. Aipatutako 23/2018 Errege Lege Dekretuak arau horretan egindako aldaketaren ondoren, honako hauek egindakoak nabarmendu behar dira: 7/2021 Errege Lege Dekretua, apirilaren 27koa, zeinaren bidez Europar Batasunaren arlo hauetako zuzentarauen transposizioa egiten baita: lehia, kapital-zuriketaren prebentzioa, kreditu-erakundeak, telekomunikazioak, zerga-neurriak, ingurumen-kalteen prebentzioa eta konponketa, nazioz gaindiko zerbitzuak ematen dituzten langileen lekualdaketa eta kontsumitzaileen defentsa kontratuaren aurreko informaziorako eskubidea argitzen du; eta 4/2022 Legea, otsailaren 25ekoa, Kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoeretan kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestekoa noizbehinka eta irabazi-asmorik gabe eskaintzen diren bidaia konbinatuei buruzko alderdiak aldatzen ditu, adostasunik ezaren definizioa zehazten du, bidaiariek informazioa hautatzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko eskubidea berariaz aitortzen du, bidaia konbinatua bertan behera uzteko ahalmena antolatzaileari soilik esleitzen dio eta bidaia konbinatuaren antolatzailearen eta txikizkariaren erantzukizun mugatua horietako bakoitzaren kudeaketa-eremura lotzen du, salbu eta bidaia-agentzia denean betebeharrak bete ez dituena.

KELTBn kaudimengabeziaren aurkako babes-betekizunak sartzearekin batera (Zuzentarauko 17.etik 19.era bitarteko artikuluetan jasota daude betekizun horiek), autonomia-erkidegoak derrigortuta daude berme-sistemaren betearazpen eraginkorra bermatuko duten xedapenak hartzera, eta bermeak izango duen forma ere zehaztu behar dute. Hori dela eta, EAEko turismo sektorearen araudia egokitu beharra dago, bidaia konbinatuetako eta lotutako bidaia-zerbitzuetako kaudimengabeziaren aurkako babes-betekizunen transposizioa bermatzeko.

KELTBren 164.1 eta 167.1 artikuluek dei egiten diete autonomia-erkidegoetako agintari eskudunei, kaudimengabeziagatiko finantza-bermeak eratu ditzaten bidaia konbinatuei eta lotutako bidaia-zerbitzuei dagokienez, eta turismoaren arloko administrazioak ere derrigortzen dituzte beren aplikazio-arauak oinarrizko araura egokitu ditzaten. Araudi berriak bidaiarien babes-maila handitzen du, eta enpresaburuen kaudimengabeziagatiko bermea eskatzen du bi bidaia motetan (bidaia konbinatuen kasuan, lehendik ere bazegoen berme hori).

Kaudimengabeziaren aurkako bermearen erregimen juridikoari dagokionez, bistan da nabarmen aldatu dela KELTB. Lehenengo eta behin, bermeak eraginkorra edo nahikoa izan beharko du; hartara, kaudimengabezia-kasuetan, eman gabeko zerbitzuei dagozkien zenbateko ordainduei eta bidaiarien herriratze efektiboei erantzun ahal izango zaie, likideziarik ez dagoela egiaztatu eta berehala. Bigarrenik, aldaketak estaldura bermatuari eragiten dio, eta aurreko ekitaldiko bidaia konbinatuen eta lotutako bidaia-zerbitzuen araberako negozio-bolumenean oinarritutako estaldura izango da aurrerantzean. Hirugarrenik, bermearen betearazpena berehalakoa izango da, izapide osagarririk gabekoa. Modu horretan, bidaiariek erraz eskuratu ahal izango dute bermatutako babesa, atzerapen desegokirik gabe eta dohainik. Ildo horretan, aldaketa honekin, ez da derrigorrezkoa izango Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian bermea eratzea, eta alferreko zama administratiboak ere saihestuko dira.

Ondorioz, aldaketa honen bitartez, bermea eta betekizunak betearazteko eta eskatzeko moduak zehazten dira autonomiaren araudian, bai bidaia-agentziek bidaia konbinatuen aurrean izan ditzaketen kaudimengabezia-egoeretarako, bai bidaia-agentziek eta gainerako turismo-enpresek lotutako bidaia-zerbitzuak ematean izan ditzaketen kaudimengabezia-egoeretarako.

Bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren bigarren aldaketa honek 6. artikuluari eragiten dio; hain zuzen ere, artikulu horrek Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 20.7 eta 61. artikuluen eta KELTBren 164. artikuluaren aurreikuspenak garatzen ditu. Era berean, KELTBren 167. artikuluan aurreikusitakoa betearazten du, lotutako bidaia-zerbitzuetako kaudimengabeziaren aurreko babesari dagokionez.

Azkenik, sei hilabeteko epea ezarri da, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan izena emanda dauden bidaia-agentziek eta bitartekaritzako beste turismo-enpresa batzuek (bidaia konbinatuak merkaturatzen edo antolatzen dituztenak edo lotutako bidaia-zerbitzuak ematen dituztenak) araudi berrira egokitu dezaten beren bermea. Era berean, hiru hilabeteko epea aurreikusi da, izena eman duten bidaia-agentziek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde eratu dituzten bermeak ofizioz itzultzeko.

Teknologia berrien eta telekomunikazio-zerbitzu berrien erabilera orokortzeko eta Administrazio Publikoa gizarte osoaren modernizazio-prozesuaren bultzatzaile bihurtzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren 3. apartatuak aukera ematen du erregelamenduz ezartzeko baliabide elektronikoak soilik erabiliz Administrazioarekin komunikatzeko betebeharra, baldin eta interesdunek, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak bermatuta badituzte.

Horrela, online turismo-merkatuaren garapen handia kontuan hartuta, eta sektorea bultzatzen eta dinamizatzen jarraitzeko, bitartekaritzako turismo-enpresen titularrei zabaltzen zaie Dekretu honetan jasotzen diren adierazpenak eta komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez soilik egiteko betebeharra; izan ere, haren jardueraren izaerak berak berekin dakar, nahitaez, gaitasun teknikoak edo dedikazio profesionala izatea, eta horrek komunikazio mota hori esklusiboki baliatzea ahalbidetzen du.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

Bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren laugarren artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

  1. Jarduera hasi aurretik, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Turismo Administrazioan, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 20. eta 57. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  2. Erantzukizunpeko adierazpenean, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 57.2 artikuluan adierazitakoaz gain, datu hauek ere jasoko dira:

    1. Izena eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia pertsona fisikoen kasuan, eta izendapena eta Identifikazio Fiskaleko Kodea, eraketa-eskriturari eta dagokion erregistroko inskripzioari buruzko datuak, hala badagokio, pertsona juridikoen kasuan.

    2. Hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen pertsonaren alde emandako ahalorde-eskriturari buruzko datuak edota pertsona horren ordezkaria dela egiaztatzen duen dokumentuari buruzkoak.

    3. Kaudimengabeziaren aurkako bermea eratu dela egiaztatzen duten datuak.

    4. Erantzukizun zibileko aseguru-polizaren zenbakia, aseguru-poliza horrek estaltzen duen zenbatekoa, aseguru-poliza ordaindu dela egiaztatzen duten datuak eta aseguru-entitatea.

    5. Agentzia Dekretu honetan ezarritako zein taldetan sailkatuta dagoen, eta zerbitzua jendearentzat irekita dagoen establezimendu batean ematen badu, establezimendu nagusiaren, sukurtsalen eta saltokien kokapenak.

    6. Hala badagokio, jarduera egiteko lokala erabilgarri duela egiaztatzen duten datuak.

  3. Interesdunak edo haren ordezkariak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena. Horretarako, inprimaki normalizatu bat igorriko dio turismoaren arloko eskumena duen zuzendaritzari, bide elektronikoz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari jarraikiz.

  4. Administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako, bidaia-agentziak nahitaez bide elektronikoz jarri behar dira harremanetan EAEko turismoko administrazioarekin.

  5. Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak aukera emango du jarduera aurkezpenaren egunetik beretik hasteko, hargatik eragotzi gabe Turismo Administrazioak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak eta beren eskumenei jarraikiz beste erakunde batzuei dagozkien ahalmenak.

  6. Erantzukizunpeko adierazpen hori aurkeztu ondoren, eta, hala badagokio, funtsezkoak ez diren datuak edo adierazpenak zuzendu eta hobetu ondoren dagokion lurralde-ordezkaritzak eskatutakoak, ofizioz inskribatuko da Euskadiko turismo-enpresa eta -establezimenduen Erregistroan.

  7. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datu eta adierazpenei dagokienez, taldeari eta eska daitezkeen berme edota aseguruei eragiten dietenak funtsezkotzat hartuko dira, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 21.4 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Funtsezko zehaztugabetasuna, faltsutasuna edo omisioa edo Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 21.2 artikuluan aurreikusitako gainerako inguruabarren bat dagoela deklaratzen duen administrazio-ebazpenak berekin ekar dezake interesduna behartzea egoera juridikoa jarduera hasi aurreko unera itzultzera.

Bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 6. artikulua aldatu da, eta honela geratuko da idatzita:

  1. Bidaia-agentziek, jardunean hasi baino lehen, nahitaez eratu behar dute berme bat, eta hura mantendu eta, beharrezkoa denean, egokitu egin behar dute. Hain zuzen ere, bidaia konbinatuen edo lotutako bidaia-zerbitzuen kontratatzaileen aurrean erantzuteko da berme hori, kaudimengabezia egonez gero, bidaiariek edo, haien izenean, hirugarrenek egindako ordainketa guztiak modu efektiboan itzultzeko, baldin eta hauek gertatzen badira: bidaia-zerbitzuak ez direla egin, ez direla egingo, edo soilik hein batean egingo direla, edo zerbitzu-emaileek bidaiariei eskatzen dietenean zerbitzu horiengatik ordaindu behar dutela. Era berean, bidaia konbinatuaren edo lotutako bidaia-zerbitzuen kontratuan garraioa sartuta badago, bermeak bidaiarien herriratze efektiboa jasoko du barnean, bidaia konbinatuarekin jarraitzeko aukera eskaintzeari kalterik egin gabe.

  2. Bidaia konbinatuen arloan jarduteko eratutako bermearen mota, modalitatea eta zenbatekoa erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko dira, jarduera hasi aurretik eta urteko ekitaldi bakoitzaren hasieran aurkeztuta, dekretu honen 5.1 artikuluan agindutakoaren arabera.

  3. Bermea hiru motatakoa izan daiteke:

    1. Berme indibiduala: aseguru, abal edo beste finantza-bermeren baten bitartez.

      Jardueraren lehenengo urtean, bermeak, gutxienez, 100.000 euroko zenbatekoa hartu behar du bere gain. Jardueraren bigarren urtetik aurrera, bermearen zenbatekoak, gutxienez, bidaia-agentziak aurreko ekitaldian bidaia konbinatuen edo lotutako bidaia-zerbitzuen salmentagatiko diru-sarreretatik lortutako negozio-bolumenaren % 5aren baliokidea izan beharko du, eta, edonola ere, zenbatekoa ez da izango 100.000 eurotik beherakoa.

      Arriskuak areagotzen badira, estaldura egokitu egin beharko da, batez ere bidaia konbinatuen salmentek oso gora egiten badute.

    2. Berme kolektiboa: bidaia-agentziek berme kolektiboa eratu dezakete, legez eratutako enpresa-elkarteen bitartez, ekarpenak eginez berme-funts solidario batean.

      Berme kolektibo horren zenbatekoa hau izango da: bidaia-agentziek, aurreko apartatuaren arabera, modu indibidualean eratu beharko lituzketen bermeen arteko baturaren % 50ekoa, gutxienez. Funtsaren zenbateko globala inoiz ez da izango 2.500.000 eurotik beherakoa.

    3. Bidaia konbinatu bakoitzeko bermea: bidaia-agentziak aseguru bat kontratatuko du bidaia konbinatu baten edo lotutako bidaia-zerbitzuen erabiltzaile bakoitzeko.

  4. Artikulu honetan aurreikusitako bermea (aurreko paragrafoan aurreikusitako moduetako edozeinetan) eratu izana egiaztatzen duen dokumentazioa eskura izan beharko dute bidaia-agentziek, turismoaren arloan eskumena duen organoari aurkezteko moduan.

  5. Edonola ere, bidaiariak bidaia konbinatuaren edo lotutako bidaia-zerbitzuen lehenengo konturako ordainketa egiten duenean, bidaia-agentziak ziurtagiri bat emango dio. Kaudimengabezia-kasuan, ziurtagiri horrek egiaztatzen du bidaiariak eskubidea duela erakunde bermatzaileari zuzenean erreklamatzeko, baita erakunde bermatzailearen izena eta harremanetarako datuak ere.

  6. Bidaia-agentziaren likidezia eza dela-eta, argi geratu denean bidaia-zerbitzuak ez direla egin, ez direla egingo, edo soilik hein batean egingo direla, edo zerbitzu-emaileek bidaiariei eskatzen dietenean zerbitzu horiengatik ordaindu behar dutela, kaudimengabezia dagoela ulertuko da, eta bermeak eskuragarri egon beharko du; ondorioz, bidaiariak erraz eskuratu ahal izango du bermatutako babesa, hartara eragotzi gabe bidaia konbinatuarekin jarraitzeko aukera eskaintzea.

  7. Bidaia-agentziaren kaudimengabeziak eragina baldin badu bidaia konbinatua edo lotutako bidaia-zerbitzuak egiteko orduan, bermea dohainik aktibatuko da bidaiariak herriratzeko eta, behar izanez gero, herriratu aurreko ostatua finantzatzeko, eta bidaiariek ez dute aurrerakinik ordaindu beharko.

  8. Egin gabeko bidaia-zerbitzuen itzulketak, edo bidaiariek zein, haien izenean, hirugarren batek egindako ordainketa guztien itzulketak, bidegabeko atzerapenik gabe egingo dira, aldez aurretik eskaera eginda. Itzulketa horiek hilabeteko epean egingo dira beti, eskaera egiten denetik.

  9. Bidaia-agentziek Euskadiko Turismo Administrazioari jakinaraziko diote bermea osorik edo zati batean exekutatu dela, gehienez ere hamar eguneko epean, berme hori exekutatzen denetik zenbatzen hasita, eta berriro jarri beharko dute hamabost eguneko epean, harik eta hasierako zenbatekoa berriro estali arte. Epe horren barruan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, dekretu honen 5.1 artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.

  10. Bidaia-agentziaren jarduerari uko egiteko, jarduera eteteko, bertan behera uzteko edo baja emateko prozeduraren tramitazioak irauten duen bitartean, ezin izango da bidaia konbinatuen eta lotutako bidaien bermea baliogabetu, ez eta dagokion prozedurari buruzko ebazpena irmoa denetik urtebete igaro arte ere.

    Turismo-arloko zuzendaritza eskudunak bidaia konbinatuen kontratuei loturiko zenbait erreklamazio zibil ebatzi gabe daudela baleki, bermea ezin izango da ezereztu, harik eta ebazpen judizial edo judizioz kanpoko batez ezerezten diren arte. Ondorio horietarako, bidaia-agentziek aurkeztu zaizkien erreklamazioen kopia bat bidali beharko diote turismo-arloko zuzendaritza eskudunari 10 eguneko epean, aurkeztu diren datatik hasita.

  11. Artikulu honen ondorioetarako, herriratzeaz ulertuko da bidaiariak irten ziren lekura edo alderdi kontratatugileek hitzartutako beste lekuren batera itzultzea.

Bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren xedapen gehigarriaren izenburua aldatzea, eta honela idaztea:

Lehenengo xedapen gehigarria. Ereduak eta inprimakiak.

Bigarren xedapen gehigarria gehitu zaio bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuari. Honakoa dio:

Bigarren xedapen gehigarria. Lotutako bidaia-zerbitzuak.

  1. Lotutako bidaia-zerbitzuak ematen dituzten enpresaburuek berme bat eratu beharko dute kaudimengabeziatik babesteko betekizun gisa, dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Bidaiarien segurtasunaren aurkako arriskua egoteagatik, eta Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 20.7 artikuluaren arabera, lotutako bidaia-zerbitzuak ematen dituzten enpresaburuek erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko dute, dekretu honen zazpigarren artikuluaren arabera.

    Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta dauden ostatu-enpresaburu turistikoak edo turismo-lanbide bat garatzen dutenak, baldin eta lotutako bidaia-zerbitzuak eskaintzen badituzte eta gutxienez zerbitzu-konbinazioan sartutako bidaia-zerbitzuetako bat ematen badute, betebehar horretatik salbuetsita geratuko dira. Hala ere, aplikatu beharreko turismo-araudian ezarritako erantzukizun zibileko asegurua indarrean dutela egiaztatu beharko dute.

  3. Administrazio-prozedura baten edozein izapide egiteko, lotutako bidaia-zerbitzuak kontratatzea eskaintzen duten enpresaburuak nahitaez bide elektronikoz jarri behar dira harremanetan Euskadiko Turismo Administrazioarekin.

Hirugarren xedapen gehigarria gehitu zaio bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuari. Honakoa dio:

Hirugarren xedapen gehigarria. Kanpoan utziak.

Dekretu honetan aurreikusitako betebeharretatik kanpo uzten dira pertsona juridiko pribatuek noizean behin ematen dituzten bidaia-zerbitzu konbinatuak eta lotutako bidaia-zerbitzuak urte berean errepikatu gabe eta irabazi-asmorik gabe, baldin eta antolatzen dituen erakundeko kideentzat soilik badira eta ez publiko orokorrarentzat, eta publizitate-bitartekorik erabiltzen ez bada; bidaiariei entregatzen zaien bidaia-dokumentazioan berariaz emango zaie salbuespen horren berri.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Bermeak dekretu honetara egokitzeko araubidea.

  1. Bidaia konbinatuak merkaturatzen edo antolatzen dituzten edo lotutako bidaia-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresaburuek bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakora egokitu beharko dute beren bermea, dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean. Horretarako, eratuta duten bermea ezerezteko eskaera aurkeztu beharko dute, berme berria eratzeko egiaztagiria erantsita, Dekretu honetan ezarritakoa betez.

  2. Egokitzapena egin ondoren eta hiru hilabete igaro eta gero, ofizioz itzuliko dira 1. apartatuan adierazitako enpresaburuek Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde eratutako bermeak, bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 6.10 artikuluan ezarritako baldintzen arabera, betiere berme berriak berariaz adierazten badu erakunde bermatzaileak konpromisoa hartzen duela bermatutako jardueren fidantzamendurako, kontratatutako bermearen indarraldia amaitu baino urtebete lehenagora arte egindakoak barnean direla.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Dekretua indarrean jarri aurretik hasitako bermeak betearazteko prozedurak.

    Dekretu hau ez da aplikatuko bermeak betearazteko prozeduretan, baldin eta berau indarrean sartu aurretik hasiak badira prozedurok; izan ere, hasi zirenean indarrean zeuden xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik