Arautegia

Inprimatu

90/2022 DEKRETUA, uztailaren 19koa, zeinaren bitartez arautzen baita unibertsitate-titulu ofizialak ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txostena egiteko prozedura.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 168
  • Hurrenkera-zk.: 3802
  • Xedapen-zk.: 90
  • Xedapen-data: 2022/07/19
  • Argitaratze-data: 2022/09/01

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak unibertsitate-ikasketen antolamendua eta ikasketa horien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen ditu, eta, 26.3 artikuluan ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuko unibertsitate-programazioari eta titulazio ofizialen mapa antolatzeari buruzko eskumenak baliatuz, unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txosten bat egingo dute, egiaztatze-prozedura hasi aurretik.

Unibertsitateei buruzko apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak ezartzen dutenez, ikasketa-planak egin eta onartzeko, nahitaezkoa da Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) edo horretarako eskumena duen ebaluazio autonomikoko agentzia batek txosten bat egitea. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Euskal Unibertsitate Sistemari (EUS) buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 48. artikuluak eta Unibasq-i buruzko ekainaren 28ko 13/2012 Legeak agentzia horri (Unibasq) esleitzen diote egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen titulazioak ebaluatzeko eskumena.

Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuak unibertsitate-prestakuntzako euskal esparru sendo, berritzaile eta jasangarri baterantz joateko oinarriak ezartzen ditu, funtsezko helburu bati erantzuteko: Euskal Autonomia Erkidegoko beharrizan sozioekonomikoei erantzun egokia emango dien gaitasun handiko giza kapitala prestatzea. Beste alde batetik, aintzat hartu behar ditu euskal hezkuntza-sistemaren bereizgarritasunak eta indarguneak, bai eta euskal gizartearenak eta, oro har, europar gizartearenak ere. Hori dela eta, Dekretu honen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak definitzerakoan eta antolatzerakoan, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren (GMHEE) oinarrian dauden eta berau arautzen duten printzipio eta irizpideei jarraitu beharko zaie. Era berean, Dekretuan aipatzen denez, ikasketa hauek EAEko egitura sozioekonomikoa hartu beharko dute aintzat, eta bertako lan-merkatuaren potentzialtasunak eta beharrizanak jaso beharko dituzte, bai eta, graduondokoen kasuan, jadanik finkatuta dauden ikerketa-lerroak ere. Beste alde batetik, Graduko eta graduondoko titulazio ofizialei lotutako hiru bektore proposatzen dira metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, nazioartekotzea, eta enpresa, instituzio eta beste erakunde batzuekiko harremana, EUSen egungo eta etorkizuneko eskaintzan aurrera egiteko ardatz gisa.

Bestetik, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak eta horren ondorengo aldaketek, eta Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuak zenbait ildo, baldintza eta prozedura jasotzen dituzte egiaztatzeari eta baimentzeari dagokienez, eta ikasketa-planek horiek guztiak gainditu beharko dituzte Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan sartu aurretik. 822/2021 Errege Dekretuaren 25.2 artikuluak ezartzen duenez, Espainiako unibertsitate-sistemaren kalitatea ziurtatzeko prozedurak izapidetzeko ardura duten kanpo-ebaluazioko organoak honako hauek dira: ANECA, eta, dagokien lurralde-eremurako, Goi Mailako Hezkuntzaren Kalitatea Bermatzeko Agentzien Europako Erregistroan (The European Quality Assurance Register for Higher Education, EQAR) inskribatutako autonomia-erkidegoetako kalitate-agentziak. Horiek, aldez aurretik, ESGekin (European Standards and Guidelines for Quality Assurance of Higher Education) bat datorren kanpo-ebaluazio bat gainditu beharko dute. Unibasq-ek baldintza hori betetzen du; izan ere, 2014ko azaroan EQARen erregistratu zen, urte bereko irailean ENQAren kanpo-ebaluazioa gainditu ondoren. Aitorpen horrek, beraz, eskumen-titulua ematen dio Agentziari, Gradu, Master eta Doktoregoko titulazio ofizialak egiazta ditzan EUSen Legean ezarritako baldintzetan. Modu horretan, bere gain hartzen ditu egoitza soziala EAEn duten unibertsitateetako unibertsitate-tituluak ebaluatzeko eskumen guztiak.

Era berean, 822/2021 Errege Dekretuaren 26.5 artikuluak ezartzen duenez, kalitate-agentziek txosten bat egingo dute unibertsitate-titulu ofizialaren ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko, agentzia horiek unibertsitate-sistema osorako ezarri dituzten protokolo espezifikoen arabera, eta Errege Dekretu horretan xedatutakoa kontuan hartuta. Euskal Unibertsitate Ekosistemak, EUS osatzen duten hiru unibertsitateez gain Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea, errealitate aberatsagoa hartzen du bere baitan, eta errealitate horretan sartzen dira, alde batetik, sistemari laguntzeko eragileak, bai nazioarteko talentua erakartzeko orduan Ikerbasque eta bai titulazio, irakasle eta zentroen kalitatea ebaluatu eta ziurtatzeko orduan Unibasq; bestetik, bitarteko eragileak, gaitasuna izango dutenak mota askotako eragile zientifiko eta teknologikoak koordinatzeko Euskampus; 4Gune Prestakuntza Klusterra, non biltzen baitira EUSeko unibertsitateetako Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia Fakultateak; eta Kultura eta Sormen Industrien KSIgune Klusterra; eta, azkenik, eragile zientifikoak, EUSekin harreman estua duten zeharkako ezagutza-arloetako oinarrizko ikerketan espezializatutakoak, besteak beste Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak BERC.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-politikaren plangintzak hiru etapa izan ditu bi hamarkadatan: lehenengo etapan, 2000-2006 bitartekoan, unibertsitateen eta Eusko Jaurlaritzaren artean garatu beharreko ekintzak adostu ziren; bigarren etapan, 2007-2018 bitartekoan, funtsezko hiru gai egon ziren: plan integralak egitea plangintzaren antolamenduan eta sistematizazioan oinarritutako ikuspegiarekin; GMHEE eta Europako Ikerketa Esparrua finkatzea, esparru-programen bidez; eta EUSen aurrera egitea, plangintzaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren inguruko gaitasunei dagokienez.

Hirugarren etapa Eusko Jaurlaritzaren 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planarekin hasi zen. Oraindik ere indarrean dagoen plan horrek EUSen bikaintasunean aurrera egiteko lehentasunak identifikatzeko plangintza-eredu berri bat garatzen du, eta EUS osatzen duten unibertsitateei eskatzen die euren garapen-ardatzetan plangintza txertatzeko. Plan horrek, mobilizatu beharreko ekintzen eta baliabideen ikuspegi osotik, Eusko Jaurlaritzaren baliabideak bideratzen ditu, ezinbesteko elementuak sustatzeko asmoz.

Hirugarren etapa horretan, araudia aldatzeko aukera aztertu da, eta, horretarako, unibertsitate-titulu ofizialak ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txostenak egin behar dira. Denboran, arau-garapen hori bat dator Euskal Unibertsitate Sistemaren heldutasunarekin, zeina unibertsitate-zentroen akreditazio instituzionalaren hedapenean oinarritzen baita, unibertsitateek eta zentroek horretarako dituzten barne-sistemen kalitate akademikoa bermatzeko gaitasunaren aitorpena kontuan hartuta.

Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren txostenak aztertuta, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 19an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak unibertsitate-titulu ofizialak ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txostena egiteko prozedura arautzea.

Dekretu honetan jasotako xedapenak Euskal Unibertsitate Sistemako (EUS) unibertsitateek ematen dituzten Gradu, Unibertsitate-master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialei aplikatuko zaizkie, bai eta unibertsitate-ikasketa ofizial bateratuei ere, azken horietan EUSeko unibertsitateren batek parte hartzen badu.

Unibertsitate-titulu ofizial bat proposatzen duen unibertsitateak eskaera-memoria bat bidali beharko dio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari, eta hor, gutxienez, atal eta azpiatal hauei buruzko informazioa emango da:

  1. Tituluari buruzko informazio orokorra.

    Proposatutako titulazioaren izena; horretaz arduratuko den unibertsitatea; hala badagokio, parte hartuko duten unibertsitateak; zein ikasturtetan eskatuko den tituluaren egiaztapena; zein hizkuntzatan emango den; eta zenbat plaza eskainiko diren.

  2. Beharrizan eta bideragarritasun akademikoa.

    1. Euskal Unibertsitate Sistemaren eskaintzaren sendotasunari, jasangarritasunari eta osagarritasunari buruzko justifikazioa, gutxieneko eduki honekin:

      1. Titulazio ofiziala nola txertatzen den EUSeko Gradu, Master eta Doktoregoko prestakuntza-eskaintza ofizialean.

      2. EUSeko tituluen eskaintza harmonizatzea, haien osagarritasunari eta jasangarritasunari dagokienez. Eskaintza jasangarritzat hartuko da gaur egungo eskakizunei (hezkuntza-, demografia-, ingurumen-, gizarte-, ekonomia- eta lan-joerek markatutakoak) eta EAEko erronka estrategikoei (bereziki, gazteen enpleguari arreta berezia jarriz gazteen enpleguaren kalitatean eta ekonomia suspertzeari) erantzun egokiena emateko gai dena.

      3. EUSen eskaintza akademiko osoaren proportzioa eta egokitasuna, titulazioen eskari sozialarekiko. Ildo horretan, unibertsitate bakoitzaren titulazio-eskaintzak lehentasuna eman beharko dio eskaintzaren kalitateari, gainerako irizpideen gainetik; eta EUSen titulazio-eskaintzak barne-osagarritasunaren irizpidea bete beharko du.

      4. Gradu eta Master tituluetarako ezarritako plaza-kopuruak eta euskarazko plaza-kopuruak nahikoa izan beharko du Euskal Unibertsitate Ekosistemaren jasangarritasuna eta kalitatea bermatzeko.

        1. Graduko unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan eta haien ikasketa-planetan, oinarrizko prestakuntzako eta nahitaezko irakasgai guztiak euskaraz eta gaztelaniaz eskaini ahal izango dira, hirugarren hizkuntzen kasuetan salbu.

        2. Master eta Doktoregoko ikasketen euskarazko eskaintza, oro har, gaztelaniazkoaren parekoa izango da, eta, horretarako, planifikazio egokia egin beharko da.

      5. Euskarazko sustapena, bai oinarrizko prestakuntzako eta nahitaezko irakasgaien eskaintzarena, bai jakintza-arlo bakoitzeko irakaskuntza eta ikerketa-lanena. Funts publikoekin finantzatutako Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzean, euskara lehentasunezko irizpide gisa erabiliko da taldeak antolatzeko orduan.

    2. Espezializazio egokia duten eta beharrezkoak diren unibertsitate-langileak eskuragarri daudela justifikatzea.

      1. Bermatu beharko da titulazioa eskainiko duen unibertsitateak beharrezkoak diren langile akademikoak eta zerbitzuak izango dituela, eta langile horiek espezializazio egokia izango dutela. Modu horretan, bermatu ahal izango da eskuratutako ezagutzak, edukiak, konpetentziak, trebetasunak eta gaitasunak kalitatezkoak direla, bai eta planifikatutako prestakuntza-jarduerak bete egingo direla ere.

      2. Txostena eskatzen den unean espezializazio egokia duen eta beharrezkoa den langile akademikorik eta zerbitzu-langilerik ez badago, aurreikuspen hori garatzeko gaitasuna bermatu beharko da, eta kontratazio-plangintza zehatza adierazi beharko da.

    3. Instalazio eta baliabide material egokiak eskuragarri daudela justifikatzea.

      1. Bermatu beharko da eskuragarri dauden baliabide materialak eta zerbitzu propioak, eta, hala badagokio, unibertsitatetik kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartutakoak (besteak beste, irakaskuntza-espazioak; instalazio eta ekipamendu akademikoak; laborategiak; informatika-gelak; ekipamendu zientifikoa, teknikoa, humanistikoa edo artistikoa; liburutegia eta irakurketa-gelak; eta teknologia berriak internet, irakaskuntzako campus birtuala) egokiak direla bi arlo hauek bermatzeko: alde batetik, ezagutzak, edukiak, konpetentziak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratuko direla, eta, bestetik, planifikatutako prestakuntza-jarduerak kalitatez beteko direla, betiere irisgarritasun unibertsalari eta diseinuari buruzko irizpideak kontuan hartuta.

      2. Bermatu beharko da titulazioen eremu bakoitzerako ezarritako eskakizun bereziak betetzen direla; esate baterako, Osasun Zientzien esparruko ikasketetarako eskakizun bereziak.

      3. Txostena eskatzen den unean beharrezkoak diren baliabide material eta zerbitzu guztiak ez badaude eskuragarri, aurreikuspen hori garatzeko gaitasuna bermatu beharko da, eta eskuratze-plangintza zehatza adierazi beharko da.

  3. Beharrizan eta bideragarritasun soziala.

    1. Titulazioaren benetako eskariaren justifikazioa.

      1. Benetako eskariaren analisia, bai gizartearen eskariaren aldetik, bai ikasle potentzialen eskariaren aldetik. Analisi hori kanpoko azterlan eta berme kontrastatu eta zorrotzetan oinarritu beharko da.

      2. EUSen lehen aldiz proposatzen diren Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen kasuan, ikasle berrien eskariaren aurreikuspenak kontuan hartu beharko du azken ikasturte akademikoetan antzeko titulazioetan izandako eskaria, bai eta horien enplegagarritasun-maila ere.

      3. Eskari txikia izan arren, euskal gizartearen beharrizanei erantzuteko beharrezkotzat jotzen diren titulazioak bereizita hartu ahal izango dira kontuan.

    2. Tituludunak lan-merkatuan sartu izanaren justifikazioa, titulazio-proposamenari dagokionez.

      1. Justifikatu beharko da titulazio estrategikoen eskaintzak euskal gizartearen beharrizanei erantzuten diela.

      2. Justifikatu beharko da titulazioek kontuan hartzen dutela EAEko egitura sozioekonomikoa, eta bertako lan-merkatuaren potentzialtasunak eta beharrizanak jasotzen dituztela. Graduondokoen kasuan, jadanik finkatuta dauden ikerketa-lerroak jasotzen dituztela ere justifikatu beharko da.

    3. Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna justifikatzea.

      1. Titulazioek emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatuko dute, irakasle-karrerari dagokionez. Gainera, generoa kontuan hartuta, ikasleen parte-hartze orekatua sustatuko da, jakintzaren diziplina eta arlo guztietan.

      2. Titulazioetako irakaskuntzan eta jakintza-alor guztiei buruzko ikerketa-lanetan, hiru puntu hauek sustatuko dira: genero-ikuspegia txertatzea, hizkuntza modu sexistan ez erabiltzea, eta emakumeek Gizateriaren garapenari eman dioten jakintza eta egin dioten ekarpen sozial eta historikoa barneratzea.

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak egingo du dekretu honen 1. artikuluan aipatzen den txostena. Unibertsitateak aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko, beharrezkotzat jotzen badu, aholkua eskatu ahal izango dio Unibasq-i. Txostena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Txostena kontrakoa izango da, dekretu honen 3. artikuluko atalen baten justifikazioa desegokia bada. Halaber, baldintzak sartu ahal izango dira aldeko txostenean.

  1. Kontuan hartuta zein ikasturte akademikotan hasi nahi den ematen unibertsitate-titulu ofiziala, aurreko urteko ekainaren 30era arte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango da 1. artikuluan aipatzen den txosten-eskaera. Unibertsitate-ikasketa ofizial bateratuen eskaerak ez dira aurkezpen-epe bati lotuta egongo.

  2. Txostenak egiaztapen-eskaera bakarrerako balio du: hain zuzen ere, txostenaren eskaeran ezartzen den horretarako, dekretu honen 3. artikuluarekin bat etorriz. Beste epe batean beste egiaztapen-eskaera bat aurkezten bada, beste txosten-eskaera bat egin beharko da.

  3. Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak, eskaera jaso eta hiru hilabeteko epean, txostena emango du ebazpen baten bidez, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari. Txostena egin ondoren, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak horren gaineko jakinarazpena helaraziko dio unibertsitate eskatzaileari.

2023-2024 ikasturtean ematen hasi nahi diren titulazio ofizial berriei ez zaie aplikatuko 5. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako epea. Kasu horietan, proposamena egiten duten unibertsitateek nahitaezko txosten-eskaera aurkeztu beharko dute, dokumentazio guztiarekin batera, dekretu hau argitaratu eta hilabeteko epean.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik