Arautegia

Inprimatu

33/2022 DEKRETUA, martxoaren 8koa, zeinaren bitartez Lekeitioko Kirol Portuaren kudeaketa eta horretarako behar diren baliabideak esleitzen baitzaizkio Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila; Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 56
  • Hurrenkera-zk.: 1284
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2022/03/08
  • Argitaratze-data: 2022/03/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Portuei eta Itsas Garraioei buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 23. artikuluak Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zuen. Erakunde horrek izaera juridiko propioa du, eta, bere zereginak betetzeko orduan, jarduteko ahalmen erabatekoa ere badu, eta portuei buruzko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dago atxikita. Erakunde berriari legez esleitutako eginkizun horiek, ordura arte, Euskadiko Kirol Portua SA sozietate publikoak betetzen zituen, zeina 2000ko ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuaren bidez sortu baitzen.

Aipatutako 23. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez, Euskadiko Kirol Portuak erakundeak legean eta estatutuetan xedatutakoaren arabera jokatuko du, eta azken horiek Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartuko dira, gaiaren arloan eskumena duen sailak hala proposatuta. Gainera, ekainaren 28ko 2/2018 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarriaren 1. apartatuak ezartzen duenez, erakundearen jardueren hasiera Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko da.

Hori horrela, maiatzaren 12ko 58/2020 Dekretuaren bidez, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen estatutuak onartzen dira eta erakundearen jardueren hasiera zehazten da. Bestetik, maiatzaren 12ko 59/2020 Dekretuak bere eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren baliabideak esleitzen dizkio «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari, eta, azkenik, abenduaren 29ko 288/2020 Dekretuaren bidez, baimena ematen da «Euskadiko Kirol Portua SA» sozietate publikoa azkentzeko. Horrela, sozietate publikoa likidatzeko eta azkentzeko legezko agindua betetzen zen, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen jardueren hasierari buruzko dekretua onartu ondoren.

Esan beharra dago maiatzaren 12ko 59/2020 Dekretuak «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari esleitu ziola sozietate publikoak kudeatzen zituen kirol-portuen kudeaketa. Hauek dira aipatutako kirol-portuak: Hondarribia, Hondarribiko Molla-Beteranoen kirol-dartsena, Donostiako kirol-dartsena, Orioko kirol-portua, Getariako kirol-dartsena, Debako kirol-dartsena, Mutrikuko kirol-portua, Mundakako kirol-portua, Bermeoko kirol-dartsena, Armintzako kirol-portua, Plentziako kirol-portua eta Zumaiako portua. Modu horretan, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroako portuen kudeaketa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren esku geratzen zen, Euskadiko Kirol Portuak erakundeari kirol-portu guztien kudeaketa integrala esleitzeko helburuarekin. Dekretu honen bidez, Lekeitioko portuaren kudeaketa eta beharrezko baliabideak esleitzen dira.

Langileei dagokienez, adierazi behar dugu gaur egun ez dagoela Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako funtzionario edo lan-kontratudun langilerik Lekeitioko kirol-portuari dagozkion zereginetan. Beste alde batetik, kudeaketa-esleipen horrek ez dakar lanpostu berriak sortzea.

Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 8an egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskadiko Kirol Portuak erakundeari esleitzea kirol-portuaren zerbitzu publikoaren kudeaketa, Lekeitioko kirol-portuan.

  1. Dekretu honen 1. artikuluan egindako esleipenak berekin dakar eskuragarri jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko ondasunak; hain zuzen ere, ondasun horiek Lekeitioko kirol-portuaren zerbitzu publikoari daude atxikita, eta I. eranskinean daude zerrendatuta. Ondasun horiek Euskadiko Kirol Portuak erakundeak kudeatuko ditu, azaroaren 6ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen dituen baldintza eta mugekin.

  2. Eskuragarri jartzeko, emate-akta bat sinatuko dute Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak eta Euskadiko Kirol Portuak erakundearen ordezkariak. Akta horretan, eskuragarri jarritako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jasoko da. Sinatu ondoren, kopia bat igorriko zaio Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jasota gera dadin. Ematea erabat gauzatu dadin, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak ados egon beharko du haren edukiarekin.

Euskadiko Kirol Portuak erakundea subrogatu egingo da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren lekuan, II. eranskinean zerrendatutako portuen jabari publikoa okupatzeko kontzesioak emateko egintzetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Beronen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, aurkaratu egin daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu, hari buruz berariaz ebazpena eman arte edo aukerako berraztertze-errekurtsoaren ustezko ezespena gertatu arte, halakorik balego. Ohartarazten da, halaber, berraztertzeko errekurtsoa ustez ezesten bada, errekurtso jurisdikzionala jartzeko epea sei hilabetekoa dela, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123.2 artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko martxoaren 8an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Euskadiko Kirol Portuak erakundearen esku jartzen diren portuko jabari publikoko ondasunak:

Kirol-dartsenako ur-xafla, pantalanen azpiegiturarekin: 14.768,54 m2.

216,56 m2-ko lehorreko azalera, eremu hauetan banatuta:

Sarbiderako arrapala, Abadeen Moilaren hasieran: 93,83 m2. Hauek dira bere neurriak: 23,57 metroko luzera eta 3,98 metroko zabalera, % 15eko maldarekin.

Sarbiderako sei (6) eskailera, kirol-dartsenan banatuta; guztira, 72,73 m2.

6,3 tonako itsas besoaren ondoko lan-eremua, 50,0 m2-ko azalerarekin, Txatxo Moilan.

Ontzietarako garabia, 6,3 tonakoa.

Portuko jabari publikoa okupatzeko tituluak, Euskadiko Kirol Portuak erakundea administrazioaren lekuan subrogatuko den kasuetan:

Lekeitioko Portuko Erabiltzaileen Elkarteari (LEAKAI) emandako kontzesioa, itsasontziak erregaiz hornitzeko instalaziorako. Indarraldia, 2027ko abenduaren 15era arte.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik