Arautegia

Inprimatu

6/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 10
  • Hurrenkera-zk.: 224
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2022/01/11
  • Argitaratze-data: 2022/01/17

Testu legala

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez, Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroa eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorra sortu ziren, eta bertan inskribatu behar ziren, hurrenez hurren, kultura-ondasun kalifikatuak eta, horien adinako garrantzirik eta baliorik izan gabe ere, euskal kultura-ondarea osatzen zuten ondasunak. Ondoren, urriaren 5eko 342/1999 Dekretuaren bidez, Erregistroaren eta Inbentarioaren antolaketarako eta funtzionamendurako araubidea ezarri zen.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, 7/1990 Legea ia erabat indargabetu duenak, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa (Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa) eta Oinarrizko Babeseko Kultura Ondasunen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa sortzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzari esleitzen dio erregistro hori kudeatzeko eskumena. Lege berriari esker, gainera, aurreko testuan jasotako Ondasun Kalifikatu eta Inbentariatuen arteko dikotomia gainditu ahal izan da, eta, horren ordez, ondasunak babes bereziko, ertaineko eta oinarrizko babeseko ondasunetan sailkatu ahal izan dira.

Honako hauek deklaratuko dira babes bereziko kultura-ondasun: Euskal Autonomia Erkidegoko ondasun higiezin, higigarri eta immaterial nabarmenenak, baldin eta legean jasotako balio kulturaletako bat badute. Hauek izango dira babes ertainekoak: EAEko ondasun higiezin eta higigarri garrantzitsuak, baldin eta legean jasotako balioren bat badute. Azkenik, hauek izango dira oinarrizko babeseko kultura-ondasunak: interes kulturaleko higiezinak, baldin eta legean aipatutako balioren bat badute eta erregelamenduz zehazten badira udal hirigintza-plangintzako indarreko tresnen katalogoetan jasotako ondasunetatik abiatuta.

6/2019 Legearen 23. artikuluak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroaren sorrera konfiguratzen du, kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak babesteko eta kudeatzeko tresna gisa. Bertan inskribatuko dira deklarazio hori jaso duten babes bereziko eta ertaineko ondasunak. Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailak kudeatuko du erregistro hori. Dekretu honen bidez, erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua finkatzen dira.

Erregistroak babesaren esparruan duen funtsezko eginkizunak eskatzen du idazkunak modu erraz eta eraginkorrean kudeatzea, inskripzio-sistema bizi baten bidez, baina, aldi berean, erregistro publiko baten berezko bermeez hornituta, erregistratutako datuen zorroztasunari, formalismoari eta egiazkotasun frogagarriari dagokienez.

Era berean, titularren eta ukitutakoen eskubideak (haien irudi-eskubidea, intimitatea, datu pertsonalak...) kontuan hartuta, orekatu egin behar da artxiboetara eta erregistro publikoetara jotzeko eskubide unibertsala, eta soilik jaso behar dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroaren babes-helburuak betetzeko ezinbestekoak diren datuak.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroak atal berri bat sartzen du ondasun immaterialei buruz. Ondasun horiei dagozkien datuak Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan jasotakoarekin lotuta egongo dira. Inbentario hori 6/2019 Legean xedatutakoaren arabera garatuko da erregelamendu bidez.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko araudia honako hauekin osatzen da: Kalifikatutako Ondasunen Erregistroan eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean egindako inskripzioak dekretu honen xedapenetara egokitzeari buruzko xedapen iragankor bakarrarekin; horiek arautzen zituen urriaren 5eko 342/1999 Dekretuaren xedapen indargabetzailearekin; eta azken xedapenekin, non jasotzen baita kultura arloko eskumenak dituen sailburuaren ahalordetzea, dekretu hau garatzeko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jartzeko.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroaren antolamendu- eta funtzionamendu-baldintzak erregelamendu bidez garatzeko aurreikuspena 6/2019 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera gauzatzen da. Era berean, Legearen azken xedapenetako lehenengoaren lehenengo paragrafoak baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari 6/2019 Legean berariaz aurreikusitako erregelamendu-xedapenak emateko, bai eta haiek betetzeko beharrezkoak direnak emateko ere, bere eskumenen arabera.

Dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin; izan ere, arau beharrezkoa eta eraginkorra da, eta hura onartzea justifikatuta dago 6/2019 Legea indarrean sartu izanagatik; proportzionala da, ez duelako ezartzen beharrezkoak ez diren betebeharrik, 6/2019 Legeak ezartzen dituenetatik harago; eta efizientea, ez dituelako ezartzen lehendik dauden administrazio-karga osagarriak.

Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko urtarrilaren 11n egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroaren (Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa) antolaketa eta funtzionamendua arautzea.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuko dira babes berezikotzat deklaratutako kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak, eta babes ertainekotzat deklaratutako ondasun higiezinak eta higigarriak.

  1. Erregistroan inskribatuta dauden ondasunen titularrek edozein esku-hartze edo lekualdatzeren berri emango diote Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari, bai eta ondasun horiei eragiten dieten egintza juridiko eta gorabeheren berri ere, jasota gera daitezen.

  2. Era berean, foru-aldundiek eta udalek ere inskribatutako ondasunei eragiten dieten egintza administratibo eta jarduketen berri emango diote Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailari.

  3. Eusko Jaurlaritzak sei hilerik behin Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatuta dauden ondasun higigarriei buruzko informazioan egoten diren aldaketen berri eman beharko die foru-aldundiei, beren lurraldeei dagokienez.

Urtero, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako kultura-ondasunen zerrenda helaraziko zaio Eusko Jaurlaritzan ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzari, bermatu ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ondarea osatzen duten Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean inskribatuko direla.

  1. Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen gaineko eskumena duen sailak kudeatuko du Erregistroa, eta Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroari (Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroa) esleituko zaizkio haren ondoriozko administrazio-eginkizunak.

  2. Erregistroaren kudeaketa elektronikoa, erregistroaren publizitatea eta eska daitezkeen ziurtagiriak eman ahal izateko sinadura elektroniko aitortuen erabilera bermatzeko bitartekoak gaituko dira.

  3. Era berean, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistrora bitarteko telematikoen bidez sartzeko aukera bermatuko da.

  1. Babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasunak ofizioz inskribatuko dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan, kontserbazio egokirako eta denek horren berri izan dezaten, babes bereziko ondasunak deklaratzen dituen dekretua onartu ondoren edo babes ertaineko ondasunak deklaratzeko agindua onartu ondoren.

  2. Erregistroan inskribatutako ondasun bakoitzak kode bat jasoko du identifikaziorako, dekretu honen eranskinean aurreikusita dagoen moduan.

  3. Erregistroan idatziko da inskribatutako ondasunen gaineko edozein esku-hartze edo lekualdaketa, bai eta egintza juridiko guztiak eta ondasun horiei eragin diezaieketen inguruabarrak ere, dagozkien administrazio-egintza eta -jarduketez gain.

  4. Kultura Ondarearen zuzendariak ofizioz eskatuko du babes berezi eta ertainaren deklarazioa jasotzen duten kultura-ondasun higiezinak Jabetza Erregistroan doan inskribatzeko. Erregistroko arduradunek beharrezko neurriak hartuko dituzte inskripzioa egoki egin dadin.

Beste zenbait atal ere ezar daitezkeela kontuan hartuta, erregistroak atal hauek izango ditu:

  1. Ondasun higiezinen atala.

  2. Ondasun higigarrien atala.

  3. Ondasun immaterialen atala.

  1. Deklaratutako kultura-ondasunen inskripzioak, gutxienez, puntu hauek jaso beharko ditu:

    1. Izena eta identifikazio-kodea.

    2. Ondasunaren deskribapen argia eta zehatza, behar adina datu testual eta grafiko emanez, azkar eta erraz identifikatzeko moduan; eta ondasun higiezinei dagokienez, gainera, ondasunok behar bezala mugatzeko eta kokatzeko datuak. Deskribapenean, deklarazio-espedientean jasota dauden eta kutsadura bisuala eta akustikoa sortzen duten elementuei buruzko xehetasunak adieraziko dira.

    3. Zein egunetan deklaratu zen kultura-ondasun, eta zein egunetan argitaratu zen ebazpena aldizkari ofizialetan, berariaz adierazita kultura-ondare higiezin, higigarri edo immaterialaren babes-kategoria duen, 6/2019 Legearen 9., 10. eta 11. artikuluen arabera. Ondasun higigarrien eta immaterialen kasuan, berariaz adieraziko da higiezin bati atxikita dauden ala ez, ondasun higigarrien kasuan; edo bestelako ondasun higiezin edo higigarriei atxikita dauden, ondasun immaterialen kasuan. Atxikimendu-kasuetan, atxikita dituzten ondasunen identifikazio- eta kokapen-datuak ere adieraziko dira

    4. Jabeen identifikazioa eta harremanetarako datuak, eta, hala dagokionean, ondasunen gaineko edozein eskubide errealen edukitzaile eta titularrena, adieraziz zein tituluren arabera dituzten.

    5. Ondasun higiezinen kasuan, Jabetza Erregistroak emandako datuak (finka, folioa, liburua eta udalerria) eta jakinarazpen-data, 6/2019 Legearen 20. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

    6. Ondasun immaterialen kasuan, kontuan hartuko dira Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan jasotako datuak.

  2. Aurreko d) eta e) apartatuetako betekizunak ez dira aplikatuko ondasun immaterialak, monumentu-multzoak, eremu arkeologiko edo paleontologikoak, lorategi historikoak, ibilbide kulturalak edo paisaia kulturalak inskribatzen direnean.

  1. Babes bereziko eta ertaineko ondasunak deklaratzeko espedienteei hasiera emateko, prebentziozko idazpena egingo da Erregistroan.

  2. Prebentziozko idazpenak espedientearen ebazpen bidez ezereztuko dira, edo, bestela, espedientea iraungi dela deklaratzean. Lehenengo kasuan, ebazpena aldekoa bada, inskripzio bihurtuko dira.

  1. Babes bereziko eta ertaineko ondasunen gainean egindako egintza juridiko guztiek, bai eta dekretuan edo deklarazio-aginduan jasotako datuen aldaketek ere, Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroari jakinarazten bazaizkio edo hark ezagutzen baditu, horiek aldatzeko, eguneratzeko edo zuzentzeko eginbidea abiaraziko da.

  2. Inskripzioaren osteko idazpen guztiak albo-ohar gisa jasoko dira, inskripzio hori zuzendu beharra ez dakartenean. Modu horretan idatzitako egintza juridikoak iraungitze-eperen baten edo baldintzaren baten mende badaude, egintza horiek ezereztu ahal izango dira gorabehera hori betetzen dela ziurtatzen duen administrazio-espedientean.

  1. Inskripzioa eta ondorengo idazpenak ofizioz ezereztuko dira, osorik edo zati batean, kultura-ondasunaren adierazpena ondoriorik gabe uzteko erabaki arrazoitua irmoa denean, 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera.

  2. Jabetza Erregistroari jakinaraziko zaio ondasun higiezinen inskripzioa ezereztatu egin dela, bi erregistro publikoetan dauden datuak koordinatu eta bat etor daitezen.

  1. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistrorako irispidea publikoa da bertan jasotako idazpenei dagokienez, baina ez arlo hauen inguruan babestu beharreko informazioei dagokienez:

    1. Segurtasuna eta ordena publikoa.

    2. Pertsonen bizitza pribatua eta intimitatea; kasu horretan, aipatutako datuak pertsona jakin horientzat daude erreserbatuta.

    3. Legeak babestutako sekretu komertzial eta zientifikoak.

    4. Kultura-ondarearen eskumena duen zuzendaritzak irizten dionean irispide horrek arriskua eragin dezakeela erregistratutako ondasunen segurtasunean.

  2. Kultura ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzak Erregistrorako irispidea ukatzeko edo baldintzatzeko ematen duen ebazpena pertsonalki arrazoitu eta jakinarazi beharko da, eta berariaz adierazi beharko da zer administrazio-errekurtso jar daitezkeen ebazpen horren aurka.

  1. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroak honako hauen fede emango du:

    1. Bertan jasotako datuak.

    2. Ondasunen identifikazioari eta kokapenari eragiten dioten jarduerak.

    3. Haien inguruan egiten diren ekintzak.

  2. Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa kudeatzeko ardura duen pertsonak Erregistroko datuei buruzko testigantzak edo ziurtagiriak emango ditu, betiere organo jurisdikzionalek (aztertzen ari diren gaietan) zein erakunde publiko, pribatu eta partikularrek idatziz eskatzen badituzte.

  1. Erregistroan jasotako datu pertsonalak ondorengoak betez tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa (DBEO), datu pertsonalen tratamenduan eta datu horien zirkulazio librean pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, zeinaren bidez 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen baita; eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta berau garatzeko araudia.

  2. Erregistroan dauden datu pertsonalen titularrak eskubidea izango du datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta transferitzeko, datu pertsonalak babesteari buruzko araudian aurreikusitakoaren arabera.

Dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Kalifikatutako Ondasunen Erregistroan eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean orain arte egindako inskripzioen eta idazpenen edukia dekretu honetan xedatutakora egokituko da.

Indargabetuta geratzen da urriaren 5eko 342/1999 Dekretua, Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroari eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusiari buruzkoa, bai eta dekretu honetan xedatutakoaren aurka doan kultura-ondasunen erregistroari buruzko beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garatzeko xedapenak.

Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio kultura arloan eskumena duen sailburuari.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroko idazpenak informazio-eremu hauen bitartez kodetuko dira:

  1. Erregistro-motaren identifikazioa: EKOE

  2. Beharrezkoak diren digituen zenbaki korrelatiboa. Zenbaki hori erregistratutako kultura-ondasunari lotuta egongo da beti.

  3. Idazpen-motaren identifikazioa, ondorengoaren arabera:

    Prebentziozko idazpena / Anotación preventiva.

    Inskripzioa / Inscripción.

    Ezereztea / Cancelación.

    Albo-oharra / Nota marginal.

  4. Idazpen-mota zein egunetan egin den.