Arautegia

Inprimatu

254/2021 DEKRETUA, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 116
  • Xedapen-zk.: 254
  • Xedapen-data: 2021/12/22
  • Argitaratze-data: 2022/01/11

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin lotutako Lanbide Heziketako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak zeinaren bidez aldatzen baitira Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa ekonomia lehiakorrago eta berritzaileago bat, produkzio-sektore tradizionalak berrituko dituena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarako bidea zabalduko duena, sustatzeko eta bizkortzeko behar ziren hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte.

Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da Lanbide Heziketako tituluen egitura. Horretarako, kontuan hartu dira Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk.

Titulu horien lanbide-profila errege-dekretu horren 7. artikuluan zehazten da, barne sartzen direla konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala behar denean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-unitateak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat hartuko du barnean, gutxienez, helburua delarik Lanbide Heziketako tituluek eraginkortasunez erantzutea produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei.

Apirilaren 22ko 283/2019 Errege Dekretuak Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du, eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten du maiatzaren 28ko 812/1993 Errege Dekretua, Kimikako goi-mailako teknikariaren titulua eta dagozkion gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena, eta 540/1995 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, Ingurumen Osasuneko Goi Mailako Teknikariaren titulua eta dagozkion gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena.

Bestalde, Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatuan xedatzen da hezkuntza-administrazioek ezarriko dituztela Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak, errege-dekretu horretan bertan eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatzen direnak errespetatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari kalterik egin gabe».

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen xedea Lanbide Heziketako Euskal Sistema antolatzea eta arautzea da, eta haren helburua da Euskadik egungo eta etorkizuneko erronkei modu egokian erantzungo dien lanbide-heziketako sistema bat izatea.

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da, Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluari Lanbide Heziketako irakaskuntzan dagokion curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere ekainaren 23ko 283/2019 Errege Dekretuaren babesean, hark ezartzen baititu Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren titulua eta curriculumaren oinarrizko alderdiak.

Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren titulu honen curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila, hura osatzen duten kualifikazioak eta konpetentzia-unitateak, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak; eta, bestetik, titulu horren helburu orokorrak eta lanbide-moduluak ezartzen dituzten ikasgaiak, hala nola haietako bakoitzari dagozkien ikaskuntza-emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, barne direla horiek guztiak antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak.

Profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik eratorri diren helburu orokorrek ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dituzte, eta haiek dira lehenengo iturria eratortzeko heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleek bereganatu beharreko ikaskuntza-emaitzak.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak dira irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuaren euskarria, eta horien bidez eskuratuko ditu ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-identitate koherentea islatuko duten portaerak.

Dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta, eta Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2020ko abenduaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta ontzat eman ondoren, honako hau

  1. Dekretu honek Lanbide Heziketako irakaskuntzako Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeari dagokio, pedagogia zein antolamendu aldetik duen autonomiaren baitan, bere curriculum-proiektua ezartzea, eta proiektu horretan erabakiko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna, eta halaber, lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak.

  3. Ikastetxearen curriculum-proiektuaren markoan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari, eta zehazki irakasle bakoitzari, dagokie programazioak prestatzea, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuta, lanbide-modulu bakoitzean jasotzen diren ikaskuntza-emaitzak eta edukiak errespetatuz, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profilaren euskarrian oinarrituta.

Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Kimika eta Ingurumen Osasuna.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Segurtasuna eta Ingurumena.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra da ingurumen- eta elikadura-arriskuko faktoreek osasunean dituzten ondorioak zaintzea eta kontrolatzea, ingurumen-kudeaketako sistemak abian jartzen eta garatzen parte hartzea, eta osasun publikorako eta komunitariorako hezkuntza-programetan esku hartzea, hala badagokio, goiko arduradunak gainbegiratuta, ezarritako protokoloen arabera, eta erreferentziazko araudia errespetatuz, kalitate- eta segurtasun-baldintzetan.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Ingurumen-osasuneko unitateak eta ingurumen-kudeaketako sistemen arauzko dokumentazioa kudeatzea, kontroleko, zaintzako eta segurtasuneko planak aplikatuz.

    2. Ingurumen-kontrol eta -analisietan lortutako emaitzen koherentzia eta fidagarritasuna ebaluatzea, lortutako datuak baliozkotuz.

    3. Pertsonen ohitura osasungarriak sustatzea, ingurumen-heziketako eta osasun-sustapeneko programen garapenean parte hartuz.

    4. Laginak protokolo espezifikoen arabera lortu eta kontserbatzea, prozedura normalizatuak aplikatuz.

    5. Kontroleko, tratamenduko eta analisiko ekipoen funtzionamendua egiaztatzea, lehen mailako mantentzea eginez.

    6. Erabiltzen eta kontsumitzen diren uren kalitatea zaintzea eta kontrolatzea, tratamendu- eta analisi-teknikak aplikatuta.

    7. Hondakinen kudeaketa zaindu eta kontrolatzea, horri lotutako arriskuak identifikatuz eta ezarritako plana aplikatuz.

    8. Ingurune eraikiaren eta bertan gauzatutako jardueren kalitatea zaindu eta kontrolatzea, lotutako arriskuak identifikatuz eta araudia betetzeko jarduketak proposatuz.

    9. Elikagaien kalitatea zaindu eta kontrolatzea, analisi-teknikak eta elikagai-segurtasuneko protokoloak aplikatuz.

    10. Airearen kalitatea egiaztatzea eta atmosferarako isurketak kontrolatzea, arazketa- eta analisi-teknikak aplikatuz.

    11. Osasun publikoaren arloko interes-bektoreei lotutako arriskuak zaindu eta kontrolatzea, horrela dagokionean horiek kontrolatzeko biozidak eta produktu fitosanitarioak aplikatuz.

    12. Prozesuen trazabilitatea ziurtatzea, sortutako dokumentazioa ezarritako euskarrian eginez eta erregistratuz.

    1. Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizitza osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

    2. Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoz norberaren eta lantaldearen zereginetan.

    1. Lantaldeak erantzukizunez antolatzea eta koordinatzea, lanaren garapena ikuskatuz, harreman atseginak mantenduz, lidergoz jokatuz eta sortzen diren talde-arazoei konponbideak emanez.

    2. Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere ardurapeko pertsonekin komunikatzea, komunikazio-bide eraginkorrak erabiliz, informazioa edo ezagupen egokiak emanez, eta dagokion lan-eremuan parte hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuz.

    3. Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuz eta aplikatuz, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    4. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitatea kudeatzeko prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

    5. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea erantzukizun sozialez jokatuta.

    6. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dauden legeetan xedatutakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

    7. Gizon-emakumeen arteko egiazko berdintasun eraginkorra sustatzea bere lanbidearen eta lanaren esparruan, genero-baldintzatzaileak saihestuz, ikasketa zein laneko ibilbidean.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-unitateen zerrenda:

    Lanbide-kualifikazio osoak:

    1. Ingurumen-osasuna eta elikagai-segurtasuna SAN490_3 (140/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, osasuneko lanbide-arloko lau lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-unitate hauek barne hartzen ditu:

      UC1597_3: Ingurumen-osasuneko unitate bat kudeatzea.

      UC1598_3: Ura erabili eta kontsumitzearekin lotuta, herritarren osasunari kalte egiteko moduko arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko eragiketa teknikoak burutzea.

      UC1599_3: Hondakin solidoak sortu eta kudeatzearekin lotuta, herritarren osasunari kalte egiteko moduko arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko eragiketa teknikoak burutzea.

      UC1600_3: Ingurune eraikiarekin lotuta, herritarren osasunari kalte egiteko moduko arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko eragiketa teknikoak burutzea.

      UC1601_3: Elikagaiekin lotuta, herritarren osasunari kalte egiteko moduko arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko eragiketa teknikoak burutzea.

      UC1602_3: Kutsadura atmosferikoarekin lotuta, herritarren osasunari kalte egiteko moduko arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko eragiketa teknikoak burutzea.

      UC1603_3: Bektoreen prebentzio eta kontrol integraleko eragiketa teknikoak egitea, osasun publikoaren testuinguruan, produktu kimiko bioziden eta fitosanitarioen erabileraren kudeaketa barne.

      UC1604_3: Pertsonen eta komunitatearen osasuna sustatzea, osasun publikoko hezkuntza-jardueren bidez.

    2. Ingurumen-kudeaketa SEA597_3 (1031/2011 Errege Dekretua, uztailaren 15ekoa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatzen duena, Segurtasuna eta Ingurumena lanbide-arloko hiru lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-unitate hauek barne hartzen ditu:

      UC1971_3: Erakundearen Ingurumena Kudeatzeko Sistemari (IKS) buruzko araudiaren dokumentazioa kudeatzea.

      UC1972_3: Erakundearen ingurumen-alderdiak dokumentatzea.

      UC1973_3: Ingurumena Kudeatzeko Sistema (IKS) abian jartzea eta mantentzea.

      UC1974_3: Istripuak prebenitzeko ingurumen-arriskuak ebaluatzea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Organismo kaltegarriak kontrolatzeko zerbitzuak kudeatzea: SEA251_3 (814/2007 Errege Dekretua, ekainaren 22koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, Segurtasuna eta Ingurumena lanbide-arloko bi lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez):

      UC0800_3: Organismo kaltegarriak kontrolatzeko plana ezartzea, abiaburuko egoeraren arabera, eta haren gauzatzea ikuskatzea.

    2. Kutsadura atmosferikoa kontrolatzea: SEA493_3 (1223/2010 Errege Dekretua, urriaren 1ekoa. Horren bidez, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen da, Segurtasuna eta Ingurumena lanbide-arloari dagozkion hiru lanbide-prestakuntza ezartzearen bidez).

      UC1615_3: Kutsadura atmosferikoa neurtzeko eta laginak hartzeko eragiketak egitea.

  1. Titulu hau lortzen dutenek osasunaren eremuan lan egiten dute nagusiki, osasun publikoaren edo pribatuaren barruan, kutsatzaileak izan daitezkeen ekoizpen-sektoreetan eta estatu-, autonomia- eta toki-mailako administrazioan osasunarekin eta/edo ingurumenarekin lotutako zerbitzuetan. Parte har dezakete osasun-ikuskaritzako taldeetan, analisi-laborategietan, ikerketa-zentroetan, unibertsitate-zentroetan, nekazaritza-ustiategietan, ingurumen-kontroleko zerbitzuen enpresetan. Besteren kontura lan egiten dutenean, goragoko arduradun baten mende daude, eta, hala badagokio, beste sail batzuetako arduradunekin lankidetzan aritzen dira. Osasunaren arloan lan egiten dutenean, eskumena duen administrazioak arautuko du haien lanbide-jarduera.

  2. Zeregin eta lanpostu aipagarrienak hauek dira:

    Ingurumen-kudeaketako teknikaria.

    Ingurumen-kudeaketako sistemen koordinatzailea.

    Ingurumen-jardueren programatzailea.

    Ingurumen-dokumentalista.

    Osasun-kontroleko teknikaria (elikagaiak, urak, atmosfera, hondakinak...).

    Kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko teknikaria.

    Kutsadura akustikoa kontrolatzeko teknikaria.

    Organismo kaltegarriak kontrolatzeko teknikaria.

    Hiri-ingurunean eta lotutako natura-ingurunean Izurriteak kontrolatzeko teknikaria.

    Produktu biozida eta fitosanitarioen berri emateko komertziala.

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Ingurumen-kontrol, -zaintza eta -segurtasuneko planak interpretatzea, eta erakundearen edo, hala badagokio, ingurumen-osasuneko unitatearen eskakizunekin lotzea, haiek kudeatzeko.

    2. Kontroletan eta analisietan lortutako datuak erreferentziazko parametroekin alderatzea, eta tratamendu estatistikoko teknikak aplikatzea haien koherentzia eta fidagarritasuna ebaluatzeko.

    3. Ingurumen-hezkuntzako eta osasun-sustapeneko programak egitea, ingurumen-kutsadurak pertsonengan dituen ondorioak aztertuz, eta, horrela, pertsonen artean jarduera osasungarriak sustatzeko.

    4. Ezarritako protokoloen arabera laginak hartzea, eta lortzeko eta kontserbatzeko prozesuan esku hartzen duten aldagaiak identifikatzea.

    5. Kontrol-, tratamendu- eta analisi-ekipoen lehen mailako mantentze-teknikak aplikatzea, kalitate- eta segurtasun-protokoloei jarraituz, haien funtzionamendua ziurtatzeko.

    6. Erabiltzeko eta kontsumitzeko urak tratatzeko eragiketak egitea, haien kalitatea ziurtatzeko ezarritako protokoloei jarraiki.

    7. Erabiltzeko eta kontsumitzeko urak aztertzea, eta ur horien kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko ezarritako parametroak identifikatzea.

    8. Hondakinak tratatzeko eragiketak egitea, kudeaketa kontrolatzeko ezarritako protokoloei jarraituz.

    9. Ingurune eraikiarekin lotutako araudia betetzen dela egiaztatzea, eta haren kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko neurketa-teknikak hautatzea eta aplikatzea.

    10. Elikagaien azterketa egitea, elikagaien segurtasun-protokoloak aplikatuta, haien kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko.

    11. Gasak eta partikulak tratatzea eta protokoloen arabera aztertzea, airearen kalitatea egiaztatzeko eta atmosferara egiten diren isurketak kontrolatzeko.

    12. Izurriteen, bektoreen eta organismo kaltegarrien kontrol integraturako erabilitako biozidak eta produktu fitosanitarioak aplikatzeko baldintzak zehaztea.

    1. Erlazionatutako txostenak eta dokumentazio teknikoa betetzea eta artxibatzea, lan-prozedura normalizatuak aplikatuta, trazabilitatea ziurtatzeko.

    2. Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotutako ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratzeko gogoari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

    1. Sormena eta berrikuntzarako gogoa garatzea, lanarekin eta norberaren bizitzarekin lotutako prozesuetan eta antolamenduan agertzen diren erronkei erantzuteko.

    2. Erabakiak arrazoituta hartzea, eta, horretarako, tartean diren aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo kontingentziei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

    3. Gidaritza-, motibazio-, gainbegiratze- eta komunikazio-teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lantaldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    4. Komunikazio-estrategiak eta -teknikak aplikatzea eta transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokitzea, komunikazio-prozesuen eraginkortasuna ziurtatzeko.

    5. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, ingurune seguruak bermatzeko.

    6. Irisgarritasun unibertsalari eta «guztiontzako diseinua»ri erantzuteko beharrezkoak diren lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.

    7. Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioesteko eta kalitate-kudeaketako prozedurak gainbegiratu eta hobetzeko gai izateko.

    8. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    9. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza-eskubideak babesten dituen legeria eta euskararen ezarpena eta garapena bideratzen duen araudia ezagutzea.

  2. Honako hau da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    Ingurumen-kudeaketako sistemak.

    Osasunerako eta ingurumenerako hezkuntza.

    Uren kontrola.

    Hondakinen kontrola.

    Ingurune eraikiaren osasuna eta arriskuak.

    Elikagaien kontrola eta segurtasuna.

    Kutsadura atmosferikoa eta ingurumenaren kutsadura.

    Organismo kaltegarrien kontrola.

    Ingurumen-osasuneko unitatea.

    Kimikako eta ingurumen-osasuneko proiektua.

    Ingeles teknikoa.

    Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    Enpresa eta ekimen sortzailea.

    Lantokiko prestakuntza.

    1. eranskinean zehazten da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta zer kurtsotan eman behar diren.

      Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak araututako prestakuntza-eskaintzaren arabera egokitu daiteke moduluen ordu-esleipena eta horren arabera zehaztu daiteke moduluak zer kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluak arautzen duenarekin bat.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak ezartzen dira, prestakuntza-aldia amaitzean ikasleek jakitea, ulertzea eta egin ahal izatea espero dena deskribatzen dutenak, bai eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ere.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken hamahiru asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 28. artikuluan arautzen da atzerriko hizkuntzak, batez ere ingelesa, Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-prozesuetara eramateko modua.

    Europar Batasuneko Kontseiluak 2018ko maiatzaren 22an etengabeko prestakuntzarako oinarrizko konpetentziei buruz emandako gomendioei jarraituz eta Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza lantzeko, Ingeles Teknikoko modulu bat erantsiko da haren curriculumean.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak honako irakaskuntza-kidego hauetako irakasleek emango dituzte: Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleek, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleek, eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek, betiere dekretu honen IV. eranskineko 1. apartatuan ezarritako espezialitateen arabera.

  2. Aipatutako irakaskuntza-kidegoetako irakasleei eskatzen zaizkien titulazioak, oro har, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, errege-dekretu horrek onartzen du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta haiek eskuratzeko araudia, eta arautzen du lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Ondorio horietarako, aipatutako titulazioen baliokideak irakaskuntza-espezialitateen arabera dekretu honen IV. eranskineko 2. apartatuan jasotakoak dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetako titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko behar diren titulazioak eta eskakizunak dekretu honen IV. eranskinaren 3. apartatuan eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» baten bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

    Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-konpetentziak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatuko da lan-esperientzia.

    Ondorio horietarako, eta apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren hamabosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, dekretu honen IV. eranskineko 4. apartatuan jasotako titulazioak gaituko dira lanbide-moduluetarako.

  4. Sailaren ardura izango da lanbide-moduluak ematen dituzten irakasleek zehaztutako eskakizunak bete ditzaten, bermatuz horrela irakaskuntza horien kalitatea.

Zientzien batxilergo-modalitatea ikasi dutenek izango dute heziketa-ziklo honetara sartzeko lehentasuna.

  1. Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du erdi-mailako zein goi-mailako beste heziketa-ziklo orotara sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41.2 eta 41.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  2. Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du graduko unibertsitate-ikasketetara sartzeko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak zehaztuko du Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluak eta berarekin loturaren bat duten unibertsitate mailako tituluak baliozkotzeko araubidea. Baliozkotze-erregimena errazte aldera, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloaren lanbide-moduluen artean, goi-mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak aintzatesteari buruzko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  1. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezartzen diren Lanbide Heziketako tituluen lanbide-moduluen eta dekretu honetan Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren titulurako ezartzen diren lanbide-moduluen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  2. Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen arteko korrespondentzia horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-unitateen arteko korrespondentzia horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jaso da.

  3. Heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetarako baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan biltzen dira (32/2008 Dekretua, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena) eta, halaber, ondorio horretarako betetzekoa den gainerako araudian.

  4. Tituluan barne hartutako konpetentzia-unitate guztiak Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez egiaztatu dituztenek Laneko Prestakuntza eta Orientabidea lanbide-modulua baliozkotzea eskatzeko aukera izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko eginkizunak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak arautuko ditu ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa).

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotura.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, dekretu honetan ezarritako Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialisten titulu hauek:

    1. Ingurumen Osasuneko teknikari espezialista, Osasungintza adarra.

    2. Ingurumeneko teknikari espezialista, Kimika adarra.

    3. Ur-tratamenduko instalazioko langintzako teknikari espezialista, Kimika adarra.

  2. Kimikako goi-mailako teknikariaren titulua eta dagozkion gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen maiatzaren 28ko 812/1993 Errege Dekretuak ezarritako Ingurumen Kimikako goi-mailako teknikariaren tituluak, eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren titulua eta dagozkion gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen apirilaren 7ko 540/1995 Errege Dekretuak ezarritako Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluak, dekretu honen bidez ezartzen den Kimikako eta Ingurumen Osasuneko goi-mailako teknikariaren tituluaren eragin profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

  3. Errege-dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidearen lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueren pareko lanbide-ardurak betetzeko Prebentzio-zerbitzuen Araudia onartzeko urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan arautzen dira jarduerok, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen baldin badira modulu horretan.

  4. Dekretu honetan ezarritako prestakuntzak, bere lanbide-moduluetan, bermatzen du produktu fitosanitarioen erabiltzaile profesionalaren eta saltzailearen agirian eskatzen den ezagutza-maila, gaikuntza-maila «kualifikatua», produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duen irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren 18.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Metodologia berriekin egindako proiektuak baimentzea.

    Ikastetxeek aukera izango dute, beren autonomia pedagogikoaz eta antolamendukoaz baliatuta, eta ikasketa-proiektuko xedapenen arabera, dekretu honen eranskinetan lanbide-moduluek duten iraupena zertxobait aldatzea proposatzen duten proiektuak prestatzeko, heziketa-zikloak emateari buruzko estrategietan eta metodologietan oinarrituta. Hori egin ahal izango da, baldin eta ez bada aldatzen kurtsokako banaketa, eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzerako ezarri diren gutxieneko ordutegiak errespetatzen badira. Hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailaren baimena beharko dute proiektuek.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko abenduaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.