Arautegia

Inprimatu

47/2021 DEKRETUA, abenduaren 14koa, lehendakariarena, zeinaren bidez xedatzen baita establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku gehiagotara zabaltzea Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez ezarritako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 249
  • Hurrenkera-zk.: 6203
  • Xedapen-zk.: 47
  • Xedapen-data: 2021/12/14
  • Argitaratze-data: 2021/12/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Industria; Herrizaingoa; Informazio etak komunikazioak; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

  1. 2021eko abenduaren 4an argitaratu zen (EHAA, 243. zk.) Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Agindua, zeinaren bidez ezartzen baita Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna, 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa. Lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da agindu hori. Agindu hori argitaratu zen egunean sartu zen indarrean. Agindu horretako neurriek dagokien berrespen judiziala lortu zuten Auzitegi Gorenaren 2021eko abenduaren 1eko 1412/2021 Epaiaren bidez. Epai hori kasazioan eman zen Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2021eko azaroaren 22ko Autoaren aurka jarritako errekurtsoaren aurrean, eta auto horrek ez zuen baimendu EAEn Covid Ziurtagiria eskatzea.

  2. Zirkulazio epidemikoaren intentsitateak gora egin du azken asteotan. Abenduaren 8an, 100.000 biztanleko 791,569 kasukoa zen 14 egunetako intzidentzia metatua, eta joera goranzkoa da Intzidentziak gora eginda, ospitaleetako oheen okupazioak ere gora egin du. 2021eko abenduaren 8an, COVID-19a duten pazienteek ospitaleko 293 ohe okupatzen zituzten, eta 73 zeuden ZIUn. Horregatik, dekretu honen xedea da osasun publikoaren zaintza eta kontrolaren berezko prebentzio- eta geldiarazte-neurriak ezartzea eta neurri horiek gaur egungo egoerara egokitzea, kontuan hartuta COVID-19aren pandemiaren aurrekaria, harik eta behin betiko amaitzen den arte. Oraindik ere, COVID-19aren inguruko zenbait prebentzio-neurri mantendu beharko dira, hala nola, maskara erabiltzea, distantzia, eskuen higienea, barruko espazioak aireztatzea eta jende-pilaketak saihestea. Oraindik ere lehentasuna da kasuen eta kontaktuen jarraipen sistematikoari eta kudeaketa eraginkorrari eustea. Beharrezko da, era berean, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) ildotik, beste neurri batzuk ere sartzea, hala nola, dekretu honetan zehazten diren establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetara sartzeko baldintza izatea ziurtagiri hori erakustea. Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren hitzetan, 2021eko irailaren 14ko 1112/2021 Epaian adieraziak, «sarrera borondatezkoa den eta funtsezko jarduerak egiten ez diren lokalak» dira. Hau da, «pertsonek era askotara erabil dezakete aisia, eta, jakina, lokal horietara joan daitezke, ala ez, terraza nahiago izan dezakete, ala ez, baina establezimenduaren barrura joan nahi izanez gero, zeina leku itxia eta gutxi aireztatua izan ohi baita hor, kutsatzeko arriskua handitzen da, dokumentazio hori erakutsi behar da, izan ere, une horretan SARS-CoV-2 infekzioa ez izateko bermea eskaintzen du horrek, berme osoa ez bada ere».

  3. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aurkeztutako txostenak azpimarratzen du datu zientifiko ugari daudela ziurtatzen dutenak erkidego-mailan gaixotasuna transmititzeari aurre egiteko eta dekretu honetan araututako jarduerak modu seguruagoan egiteko bai bertaratutako pertsonentzat, bai aipatutako lokal eta establezimenduetako langileentzat neurri eraginkor bat izango litzatekeela Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) edukitzeko eskakizuna ezartzea, jarduera horiek garatzen diren lekuetara sartzeko. Horrela, eta egungo egoera epidemiologikoak okerrera egin duenez, egun beharrezkoa da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) eskakizuna zabaltzea, beren jardueren izaera dela-eta SARS-CoV-2 transmititzeko arrisku handiagoa duten establezimenduetara. Hauek, kasu:

    1. Funtsezkoak ez diren eta arrisku handiena duten jarduerak, aerosolek birusaren transmisioa errazten duten eta pertsona kopuru handi baten aglomerazioa dakarten baldintzak biltzen direlako.

    2. Barrualdean jarduera fisikoa eta kirola egitea; izan ere, arnasketaren maiztasuna eta sakontasuna areagotu egiten dira, eta, ondorioz, aerosol gehiago sortzen dira, eta infekzioa gehiago barreiatzen da leku horietan dauden pertsonen artean.

    3. Adinekoei eta/edo minusbaliatuei arreta emateko ospitale eta zentro soziosanitarioetan, bai eta espetxeetan ere; izan ere, COVID-19aren aurrean kalteberatasun handiagoa eta, beraz, babes-premia handiagoa duten pertsonak daude leku horietan, ondoz ondoko olatu epidemikoetan frogatu den bezala.

      Era berean, jasotzen du «aplikatzen diren prebentzio-neurriez gain, unean kutsatutako pertsonen kopuruaren araberakoa dela komunitate batean COVID-19az kutsatzeko arriskua. Beraz, arestian aipatutako jardueretan Covid pasaportea eskatzeak onura esanguratsua izango du transmisio-egoera altuetan edo oso altuetan, hau da, intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa den egoeretan.

      Intzidentzia metatua zehazteko erreferentzia-eremua Autonomia Erkidegoa da, adierazitako jardueren izaera dela eta. Jarduera horiek Erkidegoko lurralde osoan zehar hainbat udalerritan egoitza izan dezaketen biztanleria-segmentu handiei zuzenduta daude.»

  4. Neurria aldi baterakoa da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan establezimendu, ekitaldi, jarduera eta tokietarako eskatzen den intzidentzia-tasarekin lotuta dago, eta osasun-egoerara eta bilakaerara mugatuta dago.

    Bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.8 artikuluan xedatutakoarekin, neurriak baimen edo berrespen judiziala behar du indarrean sartu aurretik, eragina izan baitezake pertsonaren berdintasunerako, intimitaterako eta datuen babeserako oinarrizko eskubideetan.

    Dena den, nahiz eta Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) erabilera gaitu, berresten da beharrezkoa dela zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioei eusten segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei dei egiten zaie horretan kolaboratu dezaten, sinetsirik pertsona bakoitzak arduraz jokatzea dela bermerik garrantzitsuenetako bat kutsatzeak areagotu ez daitezen.

  5. 2021eko abenduaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (242. zenbakia) argitaratu zen lehendakariaren abenduaren 2ko 44/2021 Dekretua, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko Euskadiko osasun-larrialdiko egoera deklaratzen duena, eta argitaratu zen egunetik beretik ditu ondorioak.

    Horrela, osasun-larrialdiko egoera deklaratuta, eta COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, COVID-19aren pandemiaren kudeaketan laguntzeko, Labi-ren Aholku Batzorde berri bat eratu da ezohiko eran, hargatik eragotzi gabe Planaren zuzendaritzak beste batzuk izendatzea edo mantentzea legez ezarritako beste helburu batzuetarako.

    COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 4. artikuluak arautzen du osasun-larrialdiko egoeraren adierazpena, eta bigarren puntuan, lehendakariari ahalmena ematen dio osasun-larrialdiko egoerak irauten duen artean ekainaren 24ko 2/2021 Legean jasotako larrialdi-jardueren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa bere gain hartzeko, bai eta COVID-19a hedatzearen ondoriozko osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean Labi-Euskadiko Babes Zibileko Planean aurreikusitako jarduerak ere.

    Dekretu honek hartzen dituen neurriak barne-osasunari buruzko eskumen-esparruan sartzen dira, eta, esparru horretan, proiektatutako arauak hartzen dituen neurriek adierazten dute Euskal Autonomia Erkidegoak erabili duela antolamendu juridikoak bere eskumen-esparruan aitortzen dion eskumena, Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan ezarritako esparruaren barruan egiten baita. Artikulu horren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa du kanpo-osasunaren eta osasunaren oinarrien eta koordinazio orokorraren arloan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen autonomikoa du barne-osasunaren arloko Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta betearazteko, Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak aurreikusten duen bezala.

    Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3. artikuluak dioenez, «Euskal Administrazio Sanitarioari dagokio osasun publikoaren babes orokorra bermatzea prebentzio-neurrien bidez, osasuna sustatzeko neurrien bidez eta prestazio sanitario indibidualen bidez. Halaber, haren zeregina izango da baliabide-dispositibo egokia bermatzea, izaera publikoz ziurtatutako prestazioak emateko, batez ere titulartasun publikoko baliabideen dotazioaren, mantenimenduaren eta antolamendu-hobekuntzaren bidez».

    Honako hau da, gainera, arau-oinarria: Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa; Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 26. artikulua; Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 27.2 eta 54. artikuluak, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 3., 2., 12.2.a) eta 34. artikuluak.

    Hain zuzen ere, aipatu beharra dago Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehenengo artikuluan aurreikusten dela administrazio publikoetako osasun agintari guztiek hartu ahal izango dituztela lege horretan aurreikusitako neurriak, beren eskumen-esparruan, urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiek hala eskatzen dutenean, osasun publikoa babesteko eta hura galtzeari edo hondatzeari aurrea hartzeko.

    Bigarren artikuluan, osasun-agintaritza eskudunak gaitzen dira osasun-azterketak, tratamenduak, ospitaleratzeak edo kontrolerako neurriak hartzeko, baldin eta arrazoizko zantzuak ikusten badituzte biztanleriaren osasunerako arriskua dagoela pentsatzeko, pertsona edo pertsona-talde baten osasun-egoera jakin bat dela tarteko edo jarduera baten osasun-baldintzak direla tarteko. Eta zehazki gaixotasun kutsakorren kasuan, hirugarren artikuluak xedatzen du, gaixotasun horiek kontrolatzeko, osasun-agintaritzak, prebentzio-ekintza orokorrak egiteaz gain, neurri egokiak hartu ahal izango dituela, gaixoak, haiekin kontaktuan dauden edo egon diren pertsonak eta haien hurbileko ingurunea kontrolatzeko, bai eta arrisku kutsakorren kasuan beharrezkotzat jotzen direnak kontrolatzeko ere. Eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 12.2.a) artikuluak aurreikusten ditu osasun publikoaren babes orokorra bermatzeko beharrezkoak diren aginpideaz baliatzea dakarten esku-hartzeak, lehen aipatutako apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako baldintza beretan.

    Azaldutakoagatik, honako hau

Dekretu honen xedea da establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku gehiagotara zabaltzea Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez ezarritako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna, COVID-19aren pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta osasun publikoaren zaintzaren eta kontrolaren berezko prebentzio- eta euste-neurri osagarri gisa. Eta honako hauek dira eremu berri horiek:

  1. Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.

  2. Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.

  3. Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.

  4. Kirol-instalazio itxiak, hala nola, estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.

  5. Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.

Azken 14 egunetan COVID-19ak Euskal Autonomia Erkidegoan izan dituen kasu positiboen intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo gehiagokoa den artean, aurreko artikuluan aipatutako establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetara sartzeko eta bertan egoteko, ezinbestekoa izango da erabiltzaileak Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) erakustea, izan paperean zein euskarri digitalean.

Betekizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat, adinagatik sartu daitezkeen establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetara sartzeko. Lokal horietako langileei ere ez zaie ziurtagiria eskatuko, beren lana egiteko lokal horietara sartzen direnean.

Horretarako, Osasun Sailaren web-orrian (https://www.euskadi.eus), aste bakoitzeko astelehen eta ostegunetan jakinaraziko da lehen paragrafoan finkatutako tasaren indizea, eta hurrengo egunetik aurrera izango da eraginkorra haren erreferentzia, agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) esteka honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/eb-ko-covid-egiaztagiri-digitala/web01-a3korona/eu/

Nolanahi ere, arau honen ondorioetarako, baliozkoak izango dira, halaber, beste osasun-administrazio batzuek emandako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalak (QR).

  1. Establezimenduan sartu aurretik Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) erakusteko eskatzeaz gain, bai establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku horien titularrek eta arduradunek, bai agintaritzaren agenteek edozein unetan eskatu ahal izango diete ziurtagiria leku horietan dauden pertsonei, ziurtagiri hori benetakoa dela egiaztatzeko.

  2. Establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetako arduradunek datuak babesteko indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatu beharko dute. Bereziki, egiaztatzeko unean soilik eskatu ahal izango da apartatu honetan aipatzen den informazioa erakusteko, eta ezin izango da gorde edo parte-hartzaileen osasunari eragiten dioten datuen fitxategirik sortu.

  3. Establezimenduko sarreratik ikusteko moduko kartelen bidez, lokalean sartzeko baldintzen eta bertan aplikatu beharreko neurrien berri emango zaie bezeroei, eta, bereziki, maskara erabiltzea nahitaezkoa dela gogoraraziko zaie.

  4. Establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuaren titularra izango da gerta daitezkeen ez-betetzeen erantzule, eta COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legean aurreikusitako moduan zehatuko dira.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aurreikusitako neurriek 2022ko urtarrilaren 31ra arteko iraupena izango dute, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaie, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira neurriok.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.m) artikuluan ezarritakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko abenduaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.