Arautegia

Inprimatu

232/2021 DEKRETUA, azaroaren 9koa, enpresa- eta sindikatu-erakundeentzako dirulaguntzak arautzekoa, beren jarduera-esparruei dagozkien gaietan erakunde horiekin lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak garatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 230
  • Hurrenkera-zk.: 5870
  • Xedapen-zk.: 232
  • Xedapen-data: 2021/11/09
  • Argitaratze-data: 2021/11/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluan ezarrita dago sindikatuak eta enpresa-elkarteak erakunde garrantzitsuenak direla, Konstituzioaren arabera, eta berezko dituzten gizarte- eta ekonomia-interesak babesten eta sustatzen laguntzen dutela. Halaber, 28.1 artikuluan, libreki sindikatzeko funtsezko eskubidea aitortzen da, eta 22. artikuluan, elkartze-eskubidea.

Erakunde sindikalak eta enpresa-erakundeak funtsezkoak dira lan-baldintzak negoziazio kolektiboaren bidez zehazteko. Baina, gainera, funtsezkoak dira gizartearen ongizatea hobetuko duten politika sozioekonomikoak diseinatzeko eta ezartzeko orduan, garapen ekonomikoaren eta aurrerabide sozialaren bidez, eta gizarte-eragile gisa berezkoak dituzten jarduerak eginez. Hiruko elkarrizketak lan-munduko eragile nagusien parte-hartze demokratikoa eta adostasunak sustatzen ditu.

Enplegu gehiago eta hobea sortzea lehentasuna da, eta horrexek gidatzen du Eusko Jaurlaritzak bultzatutako politika soziolaborala. Eta enpresa- eta sindikatu-erakundeek zeregin erabakigarria dute lanpostuak sortzeko eta mantentzeko estrategiak garatzeko orduan, bai negoziazio kolektiboaren esparruan, bai gizarte-ekintza orokorraren esparruan. Horrek ahalegin ekonomikoa eskatzen die botere publikoei, erakunde horietako giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko eta, horrela, enplegu-maila kuantitatibo eta kualitatiboak modu orokorrean hobetzeko gaitasuna handitzeko, erakunde horietako bakoitzak legitimoki defendatzen dituen balio, interes eta jarduera-ildoetatik abiatuta.

Lan eta Enplegu Sailaren ustez, gizarte-eragileen prestakuntza onak, epe ertainean, enplegua hobetzea ekarriko du. Hain zuzen ere, hori da botere publikoen funtsezko helburua, horrek aberastasuna sorraraziko duelako, eta, beraz, herritarrei ongizatea ekarriko dielako. Enpresa- eta sindikatu-erakundeekin erlazionatutako pertsonei zuzendutako prestakuntza-planak apustu irmoa dira gizarte-eragile horien gaitasuna indartzeko, hartara Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomikoa eta gizarte osoaren bizi-maila hobetu ahal izateko.

Beste alde batetik, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 10.1.y) artikuluarekin bat etorrita, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari dagokio gizarte-eragileekin erlazionatutako pertsonen kualifikazioa sustatzea, prestakuntza-planen bitartez, pertsona horiek gizartearen garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alde egin dezaten.

Arau honen xedea da laguntza-neurriak berrestea eta finkatzea, enpresa-erakundeen eta erakunde sindikalen helburuen barruan prestakuntza-jarduerak egiteko. Alde horretatik, dekretu honek finantzaketa-sistema publiko berri bat ezartzen du, enpresa-erakundeen eta erakunde sindikalen barneko prestakuntza-programak indartzeko, integratzeko eta koherentzia emateko. Modu horretan, erakunde horiek tresna egokiak izango dira lantaldeak eta langileak kualifikatzeko, eta, horrela, egoera soziolaborala hobetzen lagunduko dute.

Hemezortzi urte baino gehiago igaro dira uztailaren 29ko 191/2003 Dekretua onartu zenetik (dekretu horrek arautzen du, hain zuzen ere, arlo honetan diruz lagundu daitekeena), eta, beraz, beharrezkoa da dekretu hori eguneratzea, dirulaguntzen arloko Estatuko oinarrizko legeria jasotzeko.

Hori dela eta, dekretu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen ezinbesteko aplikazioa jasotzen da, dekretu honen edukia arau horietara egokituz. Hargatik eragotzi gabe Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea aplikatzea, zeinaren testu bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu baitzen.

Halaber, zuzenean aplikatzeko arau gisa, kontuan hartu behar da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotakoa, batez ere prozeduren izapidetze elektronikoari dagokionez.

Dekretu honek aldatu egiten ditu aurreko araudian jasotako zenbait alderdi, eta orain indargabetu egiten dira. Aipatutako egokitzapenez gain, nabarmendu beharra dago dirulaguntzak emateko norgehiagoka-prozedura arrazionalizatu eta sinplifikatu egingo dela. Alde batetik, lau taldetan berregituratzen dira diruz lagundu daitezkeen prestakuntza-ekintzak, eta, horietan, informazioaren teknologia berriek hartzen dute protagonismoa. Bestetik, diruz lagundu daitezkeen gastuak argitzen dira, prestakuntza-planetan jasotako ekintzen lau taldeetako bakoitzean.

Hirugarrenik, are gehiago zehazten eta hobeto objektibatzen dira laguntzak ebaluatzeko irizpideak, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa ematen die erakunde eskatzaileei. Hala, ebaluazio-irizpideak honela laburbil daitezke: prestakuntza-plana osatzen duten ekintzak dekretu honen edukietara egokitzea, erakundeek planean jasotako prestakuntza garatzeko duten gaitasuna, eta aurreko ekitaldian aurkeztutako prestakuntza-plana gauzatzea.

Arau honen indarraldiari dagokionez, eta sail honen helburua denez datozen urteotan laguntza-programa honen diseinuari eustea araudi honetan jasotako egiturazko elementuekin, pentsatu da operatiboagoa dela hura modu mugagabean arautzea. Horrenbestez, xedapen hau laguntza-programaren esparru-araua izango da. Horrekin batera, eta diruz lagundu daitekeen arloko publizitate-printzipioa beteko dela bermatzeko, arauak urteroko deialdia aurreikusten du etorkizuneko ekitaldietarako.

Ondorioz, Lan Harremanen Kontseiluari eta gainerako kontsulta-organo interesdunei entzun ondoren, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 9an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, lan-arloan eskumena duen sailaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa- eta sindikatu-erakundeei erakunde emango dizkien laguntzen esparrua zehaztea, prestakuntza-planak gara ditzaten, norgehiagoka-prozeduraren bidez.

  1. Dekretu honek aipatzen dituen prestakuntza-planen helburua da enpresa- eta sindikatu-erakundeekin erlazionatutako pertsonen kualifikazioa hobetzea, erakunde horiek, gizarte-eragile diren aldetik, berezkoak dituzten gaietan eta jarduera-eremuetan.

  2. Zehazki, honako hauek izango dira prestakuntzaren helburuak:

    1. Erakunde horiekin erlazionatutako pertsonen trebetasun espezifikoak eta gaitasun praktikoak hobetzea, batez ere negoziazio kolektiborako eta elkarrizketa sozialerako.

    2. Lan-araudiaren ezagutzan sakontzea, eta, bereziki, negoziazio kolektiboaren arloan, bai eta horiekin zerikusia duten beste gai ekonomiko eta sozial batzuetan ere.

    3. Enpresa- eta sindikatu-erakundeen kudeaketa hobetzen eta indartzen laguntzea.

    4. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko prestakuntza indartzea, negoziazio-eremuetan eta erakunde horiei dagozkien lan-dokumentuetan isla dadin, eta lan-eremuan genero-berdintasuna sustatzea.

    5. Euskara ikasteko programen ezarpena sustatzea, ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunean aurrera egiteko eta, horrela, lan-harremanetan euskararen erabilera sustatzeko.

    6. Ingurumen-jasangarritasunaren arloko gaikuntza handitzea lan-arloan.

    7. Lan-arloko aukera-berdintasunari eta diskriminazio ororen aurkako borrokari buruzko ezagutzak areagotzea.

    8. Enpresetan eredu inklusibo parte-hartzailea ezartzen lagunduko duten ezagutzak sustatzea.

    9. Enpresa- eta sindikatu-erakundeekin erlazionatutako pertsonen kualifikazioa hobetzen lagunduko duen beste edozein.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak lortzeko, erakundeek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

    1. Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako enpresa-elkarteak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira.

    2. Erakunde sindikalen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren edo haren ordezko arauaren arabera eratutako erakunde sindikalak izatea, baldin eta konfederalak, lurraldez gaindikoak eta sektorez gaindikoak badira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan ordezkatuta badaude.

  2. Dekretu honen ondorioetarako, erakundeak lurraldez gaindikoak direla ulertuko da beren eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, eta sektorez gaindikoak direla ulertuko da sektore edo jarduera-adar bat baino gehiago biltzen dituztenean.

  3. Artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatzen diren erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

    2. Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko debekurik ere, bat etorriz sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin. Halaber, ezingo dira laguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak.

    3. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

  4. Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura oro, nahiz eta izapidetze-prozesuan dagoen itzultze- edo zehapen-prozedurak ez lukeen eragotziko prozeduran parte hartzea. Nolanahi ere, itzultzeko betebeharrak bete ez dituzten pertsonak edo erakundeak ezin izango dira dekretu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan.

    Pertsona edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrik ez badute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren sektore publikoaren edozein erakunderekin, betearazpen-aldian dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, onuradunen edo premiamendu-bidea erabili behar ez duten erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu ez diren zorrak badituzte.

    Era berean, pertsona edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituztela ulertuko da zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean edo dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta haiek etetea erabaki denean.

    5 Erakunde eskatzaileek artikulu honetan eskatzen diren baldintzak beteta izan beharko dituzte eskabidea aurkezten duten unean, hargatik eragotzi gabe baldintzak bete izanaren egiaztagiriak geroago aurkeztea. Horretarako, azken mugaeguna eskabideak aurkezteko epearen amaiera izango da, eta, hala badagokio, baita zuzenketa egiteko epearen amaiera ere.

  1. Artikulu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen baldintza izan ezik.

  1. Laguntza hauen xede diren prestakuntza-planak enpresa-elkarteetako eta erakunde sindikaletako pertsonen kualifikaziorako eta prestakuntzarako ekintzak dira, elkarte eta erakunde horiek, gizarte-eragile diren aldetik, berezkoak dituzten jarduerak egiteko.

    Erakunde bakoitzak plan bakarra aurkeztu ahal izango du, diruz lagun daitezkeen ekintza-talde baten, batzuen edo guztien ekimenak jasotzeko.

  2. Prestakuntza-ekintza da edukiaren, data edo lekuaren, edo hartzaileen arabera indibidualizatu daitekeen jarduera edo ekintza oro.

  3. Prestakuntza-planen barruan sartutako ekintza oro lagundu ahal izango da diruz, ekintza horien ezaugarrien arabera:

    I. taldea, aurrez aurreko ekintzak: erakunde eskatzaileek antolatutako ekintzak dira, aurrez aurre ematen direnak. Talde txiki bati zuzenduta egon daitezke edo masiboak izan daitezke. Ekitaldi masibotzat hartuko dira jardunaldi batean edo bitan egiten direnak eta 60 parte-hartzaile baino gehiago dituztenak.

    Presentzialtzat hartuko dira, halaber, erakunde eskatzaileek antolatutako ekintzak, modu birtualean baina modu sinkronoan ematen direnak, irakasle bat eta haren ikasleak aldi berean konektatuta, horretarako plataforma telematikoak erabiliz.

    Hauek dira diruz lagunduko diren gastuak:

    Lokalak alokatu edo erabiltzea.

    Laguntza jasotzen duen erakundearen barneko zein kanpoko irakasleen kostua.

    Material suntsikorraren kostua: ekipamendu informatikoa alokatzea, laguntza-material didaktikoak erostea edo erreproduzitzea, eta ekipo teknikoak alokatzea.

    Pertsonen komunikazio-sistemak prestakuntza-jardueretan erabat txertatzeko asmoz egiten direnak.

    II. taldea, aurrez aurrekoak ez diren ekintzak: urrutitik ematen diren ekintzak dira, lineakoak edo mistoak, eta material didaktiko edo dibulgaziozkoen erabileran (inprimatuak edo elektronikoak) nahiz ikasketa elektronikoko plataformetan (propioak edo hirugarrenenak) oinarritu daitezke.

    Plataforma propioen kasuan, diruz lagundu beharreko gastuen artean sartzen dira gauzatze-fase osotik eratorritakoak, sorkuntzaren eta diseinuaren unetik hasi eta azken materiala ekoitzi eta eguneratzeko unera artekoak, bai eta informatikaren eta telekomunikazioen alorreko gastuak ere.

    Hirugarrenen plataformen kasuan, diruz lagundu beharreko gastuen artean sartzen dira lizentzia informatikoak, eta informatikaren eta telekomunikazioen alorreko beste gastu batzuk, mota honetako prestakuntza-ekintzak egiteko beharrezkoak direnak. Eta, nolanahi ere, horretan arituko diren irakasleak.

    III. taldea, baliabide materialak: material didaktikoak eta dibulgaziozkoak egiteko ekintzak dira, hala nola argitalpenak, liburuak, aldizkariak, liburuxkak edo antzeko beste edozein, paperezko euskarrian nahiz euskarri digitalean.

    Diruz lagundu beharreko gastuen artean daude baliabide horien prestaketa, lanketa, itzulpena, edizioa eta banaketa.

    IV. taldea, hirugarrenek antolatutako prestakuntza-jardueretara joatea: eskatzaileak ez diren beste erakunde batzuek (jorratuko den gaian adituak direnak) antolatutako edo emandako aurrez aurreko prestakuntza-jardueretara joatea.

    Diruz lagundu beharreko gastuen artean daude tasa akademikoak eta matrikula ordaintzea, ordainketa bakarrean zein hainbat ordainketatan.

    Modalitate mistoa da prestakuntza-ekintza bera emateko aurrez aurreko eta teleprestakuntzako modalitateak konbinatzen dituena, betiere aurrez aurreko zatia guztizko iraupenaren % 20 edo gutxiago bada; bestela, I. taldekotzat hartuko da.

  4. Dekretu honen arabera diruz lagunduko diren prestakuntza-planetan aurreikusitako prestakuntza-ekintza guztiak deialdia egiten den urtean hasi beharko dira, eta hurrengo ekitaldiko martxoaren 30a baino lehen amaitu.

  5. Erakunde onuradunek baliabide propioekin edo hirugarrenekin azpikontratatuta egin ahal izango dute dirulaguntzaren xede den jarduera, % 100era arte, prestakuntza-planaren plangintza- eta koordinazio-funtzioak izan ezik, onuradunak baliabide propioekin gauzatu beharko baititu. Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du lan-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzaren aurrean diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizuna eta onuradunak zein azpikontratistak ziurtatu beharko du behar bezala betetzen direla jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunak.

    Edonola ere, diruz lagundutako jarduera hirugarren batekin hitzartzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) xedatutakoa bete beharko da.

Diruz lagunduko diren prestakuntza-planetan jasotako ekintzen hartzaileak dekretu honen 3.1 artikuluan aipatutako erakundeen funtzionamenduan eta egituran zuzeneko dedikazioa duten langileak izango dira, bai eta haien ordezkariak, afiliatuak edo haiei lotutakoak ere.

  1. Publizitate-printzipioa betetze aldera, lan-arloan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez, urtero egingo da laguntza hauen deialdia, eta adieraziko da eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango dela, gutxienez, aginduak ondorioak sortzen dituenetik; era berean, dekretu honetan jasotako aurreikuspenak adieraziko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasoko den eta dagokion ekitaldian finantzaketarako bideratuko den zenbatekoa ere.

  2. Laguntza-programa honetara bideratutako urteroko aurrekontua Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako jasotakoa izango da.

  3. Ekitaldi bakoitzeko urteko deialdi-aginduak zehaztuko du, eman beharreko laguntzen zenbateko osoarekin batera, enpresa eta sindikatu-erakundeen arteko baliabide ekonomiko erabilgarrien banaketa. Zenbateko osoaren gain entitate onuradun bakoitzari esleitutako aipatu ehunekoak urtez urte aldatu daitezke, euren beharren arabera eta ordezkaritza zabalena duten enpresa- eta sindikatu-erakundeen aurretiazko adostasunarekin.

  1. Dekretu honetan araututako laguntzak jaso nahi dituzten erakundeek eskabide bakarra aurkeztuko dute, eta prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintza guztiak adieraziko dituzte bertan.

  2. Dekretu honen bidez araututako laguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera izapidetuko dira; beraz, erakunde interesdunek bitarteko elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedurako izapide guztiak.

    Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri (urteroko deialdi-aginduetan jasoko dira), eta eskabide-eredua, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak edo eranskinak ere egoitza berean eskuratu ahal izango dira.

  3. Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

  1. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Eskabide-orria sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza-gaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

    2. Prestakuntza-plana deskribatzeko inprimakia, erakunde eskatzailearen identifikazio-informazioarekin eta honako hauekin:

      Proposatutako prestakuntza-plana gauzatzeko beharrizanaren justifikazio arrazoitua, eta, horrekin batera, oinarrian duen plan estrategikoa, zerbitzuen kalitatea hobetzeko proiektua, eta planaren abiapuntuan dauden prestakuntza-beharrizanen aurretiazko azterketaren emaitzak.

      Ekintza bakoitzaren programazio zehatza, horietako bakoitza zein hizkuntzatan emango den adierazita.

      Planaren eta hura osatzen duten ekintza guztien bideragarritasunerako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.

    3. Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean ezarritako ereduaren arabera, eta adieraziz zein egoeratan dagoen dirulaguntzaren xede den prestakuntza-plana garatzeko edo hura osatzen duen edozein ekintzatarako eskaera (eskatuta, emanda edo izapidetzen).

    4. Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean ezarritako ereduaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduren egoerari buruzkoa.

    5. Eskabidea egiten den unean, dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudian eta dekretu honetan ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzeko konpromisoa.

    6. Nolanahi ere, laguntzak jasoko dituzten erakundeek konpromisoa hartu beharko dute laguntzak zertan eta zelan erabili diren ziurtatzeko, zerrenda bidezko bermeen bidez eta, hala badagokio, berme errealen bidez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

  2. Dirulaguntza emateko eskabidea aurkezteak berarekin ekarriko du organo kudeatzaileari baimena ematea automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatzeko betetzen direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eskatzaileen baimenik gabe. Hala ere, erakunde eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du; kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, erregelamenduz aurreikusitako moduan.

  1. Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoa betez, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Gainera, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, aipatutako legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

  2. Arestian adierazitakoa gorabehera, edozein unetan eskatu ahal izango zaio erakunde eskatzaileari beharrezko izapideak osa ditzala, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73. artikuluan aurreikusitakoarekin. Horretarako, hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, eta berariaz ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, adierazi ahal izango zaiola izapide hori egiteko eskubidea galdu duela. Hala ere, interesdunaren jarduketa onartuko da, eta legezko ondorioak izango ditu, baldin eta epea iragantzat ematen duen ebazpena jakinarazten den eguna baino lehen edo egun horretan gertatzen bada.

  1. Lan-arloko zuzendaritza eskudunari dagokio dekretu honen babesean deitzen diren laguntzak kudeatzea.

  2. Ebaluazio-batzorde bat arduratuko da dekretu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aurkeztutako proiektuak aztertzeaz eta ebaluatzeaz, bai eta ebazpen-proposamena egiteaz ere. Batzorde hori lan-arloko eskumena duen zuzendaritzako hiru teknikarik osatuko dute, zuzendaritza horretako titularrak izendatuta. Batzordekideen artean izendatuko da batzordeburua. Batzorde horrek aipatutako zuzendaritzako titularrari helaraziko dio ebazpen-proposamena.

  3. Batzordeak prestakuntza-planen eta horiek osatzen dituzten ekintzen kalitatea ebaluatuko du, dekretu honen 11. eta 12. artikuluetan araututako irizpideen arabera, eta urteko deialdiaren agindua.

  1. Hauek izango dira balorazio-irizpideak:

  1. Dekretuaren helburuetara egokitzea: prestakuntza-ekintza guztiak, diruz lagundu daitekeen taldea edozein dela ere, dekretu honen 2. artikuluan ezarritako helburuetara egokitzen ote diren baloratuko da. Horretarako, gehieneko puntuazioa emango zaio Dekretuaren araberako ekintza gehien aurkezten dituen erakundeari: 50 puntu. Gainerako erakundeei dekretu honetara egokitutako ekintza-kopuruaren araberako puntuazio proportzionala emango zaie, gehieneko puntuazioari dagokionez.

  2. Prestakuntza garatzeko gaitasuna: diruz lagundu daitezkeen I. eta II. taldeetan, erakunde eskatzaileak prestakuntza garatzeko duen gaitasuna baloratuko da, gehienez 25 punturekin. Kontuan hartuko dira prestakuntza-ekintzen lurralde-irismena, prestakuntzaren hartzaile izango diren pertsonen kopurua, prestakuntza-ekintza bakoitzaren orduak edo guztizkoak.

  3. Esperientzia:

    1. Diruz lagundu daitezkeen I, II eta IV. taldeetan, erakundeek prestakuntza-ekintzak emateko orduan duten esperientzia egiaztatua baloratuko da, gehienez 25 punturekin, emandako dirulaguntzen betearazpen-mailaren eta aurreko urteko deialdiko parte-hartzaileek izandako amaitze-tasaren artean banatuta.

      Emandako dirulaguntzen betearazpen-maila aurreko ekitaldiko deialdiari buruzkoa izango da, eta honako hauen batez bestekoa izango da, ehunekotan: aurreikusitako ekintzen eta benetan egindakoen arteko aldea, hartzaileen eta benetan parte hartu dutenen arteko aldea, eta aurreikusitako prestakuntza-ordu guztien eta benetan egindakoen arteko aldea.

      Parte-hartzaileen amaitze-tasa aurreko ekitaldiko deialdiari buruzkoa izango da, eta honako hau izango da, ehunekotan: erakundeak aurkeztutako eskaeraren arabera, jardueraren xede ziren pertsonen kopuruaren eta jarduera amaitu duten pertsonen kopuruaren arteko aldearen batez bestekoa.

    2. Diruz lagundu daitekeen III. taldean, erakundeek prestakuntza-ekintzak emateko orduan duten esperientzia egiaztatua baloratuko da, gehienez 25 punturekin, aurreikusitako ekintzen eta benetan egindakoen betearazpen-mailaren arabera, ehunekotan.

      1. Ekitaldi bakoitzeko urteko deialdi-aginduak zehaztuko ditu balorazio-irizpide bakoitzaren baremoak.

1. 10.2 artikuluan aurreikusitako ebaluazio-batzordeak, modu arrazoituan, erakundeak aurkeztutako prestakuntza-planetik kanpo utzi ahal izango ditu dekretu honetan ezarritako helburuak betetzen ez dituztela uste diren prestakuntza-ekintzak, soilik dirulaguntza kuantifikatzeko ondorioetarako.

  1. Erakunde bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa prestakuntza-ekintza bakoitzerako haiek aurkeztutako aurrekontuen batura izango da, artikulu honen 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera kanpo gelditzen ez bada prestakuntza-ekintza, baldin eta zenbatekoak ez badu gainditzen laguntza hauen urteko deialdiaren aginduan ezarritako gehieneko modulu ekonomikoak aplikatzearen emaitza, betiere.

    Ekitaldi bakoitzeko urteko deialdi-aginduak zehaztuko ditu gehieneko modulu ekonomikoak.

  2. Erakunde sindikalen kasuan, emandako dirulaguntzak ezingo du gainditu, gainera, jarraian ezartzen den ordezkagarritasun-irizpidea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa

    Erakunde sindikalei laguntzak esleitzeari dagokionez, 6.3 artikuluaren arabera azkenean eman dakiekeen zenbateko osoa zehaztu ondoren, ordezkagarritasun-irizpidea prozedura honen arabera kalkulatuko da:

    1. Laguntzak erakunde horien artean banatuko dira, eskaera egin aurreko urteko abenduari dagozkion eta Bulego Publiko eskudunean Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza sindikalari buruz erregistratuta dauden datu ofizialen arabera.

    2. Ordezkaritzaren araberako banaketa teorikoa murriztu ahal izango da erakunde eskatzaileren batek prestakuntza-plan akastuna aurkezten badu, artikulu honetako 1. puntuan xedatutakoaren arabera. Kasu horietan, eta deialdiko baldintzak ez betetzeagatik erakunde sindikal eskatzaileren bat deialditik kanpo uzten bada, beste erakunde sindikalen artean banatuko dira kopuruak, proportzioan eta ordezkaritzaren arabera.

  3. Enpresa-erakundeen kasuan, eskatzaile guztiei emandako dirulaguntzen baturak ezin izango du gainditu 6.3 artikuluaren arabera azkenean eman dakiekeen zenbateko osoa, eta, kopuru hori gaindituz gero, hasierako proportzioan banatuko da.

  4. Oro har, diruz lagundu daitekeen IV. taldeko prestakuntza-ekintzengatiko dirulaguntzaren zenbatekoa ezingo da izan erakunde bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren % 50 baino handiagoa.

  5. Artikulu honetan aurreikusitako esleipen-irizpideak aplikatu ondoren, aurrekontu-soberakinak badaude erakunde onuradunen bi kategorien artean banatutako zenbateko globalaren bi kopuruetako batean, kategoria horietako bakoitzak aurkeztutako prestakuntza-planen artean berresleituko dira, eta, soilik hori beharrezkoa ez bada, erakunde onuradunen taldeetako bati dagokion zuzkidura ekonomikoa handitu ahal izango da, bestetik eratorritako soberakinekin.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio honek edo beste batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek xede eta helburu bererako eman ditzaketen beste laguntza batzuekin, baina finantzaketa-iturri desberdinen bidez lortutako laguntzen zenbateko osoa ez da izango, inola ere, kostu osoa baino handiagoa helburu bererako. Kostu hori gaindituz gero, murriztu egingo da programa honen kontura diruz lagunduko den zenbatekoa.

  1. Dekretu honetako laguntzak emateko edo ukatzeko, lan-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren berariazko ebazpena beharko da. Ebazpen hori bakarra izango da, eta dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda eta dirulaguntza ukatu zaien erakundeen zerrenda jasoko ditu.

  2. Erakunde onuradunei dagokienez, honako hau adieraziko da ebazpen horretan:

    1. Diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak, onartutako aurrekontua adierazita, diruz lagundu daitekeen talde bakoitzaren arabera multzokatuta.

    2. Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa, urte anitzeko banaketa eta diruz lagundutako ekintzen aurrekontu osoa zehaztuta, diruz lagundu daitekeen taldearen arabera banakatuta.

    3. Ordaintzeko modua eta epeak.

    4. Justifikazioa egiteko modua eta epea.

    5. Administrazio honi dagozkion ebaluazio-, gainbegiratze-, jarraipen- eta kontrol-aurreikuspenak.

  3. Dekretu honen babesean egindako dirulaguntza-eskaerei buruzko berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, aurkeztutako eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

  4. Soilik publikotasun-printzipioa betetzeak dakartzan ondorioetarako, eta hargatik eragotzi gabe ebazpena berariaz eta banan-banan jakinaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, lan-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, xedapen honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren erakundeen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adierazita, bai eta emandako dirulaguntzak aldatu zaizkien erakundeen zerrenda ere.

  5. Laguntzak emateari buruzko ebazpenaren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote lan-arloan eskumena duen sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

  1. Dirulaguntza formula honen arabera ordainduko da:

    1. Lehenengo zatia, hots, emandako dirulaguntza osoaren % 70, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

    2. Bigarren ordainketa, hots, gainerako % 30a, diruz lagundutako prestakuntza-plana amaitu ondoren. Horretarako, prestakuntza-plana amaitu eta bi hilabeteko epean, amaierako memoria aurkeztu behar da, honako hauek jasoko dituena:

      Prestakuntza-plana eta hura osatzen duten ekintzak gauzatzeari buruzko deskripzio- eta ebaluazio-txostena, non jasoko baitira, diruz lagundu daitekeen III. taldeko prestakuntza-ekintzetarako izan ezik, horietan parte hartzen duten pertsonen zerrendak, sexuaren arabera bereizitako datuekin, eta honela identifikatuta: izena, bi abizen eta NAN.

      Laguntza jasotzen duen erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena edo akta, diru-sarreren eta gastuen azken balantzea onartu dela egiaztatzen duena.

      Ziurtagiri horrek diru-sarreren eta gastuen xehetasunak jasoko ditu, bai prestakuntza-plan osoari buruzkoak, bai plan horretan jasotako eta kontzesioari buruzko ebazpenean onartutako ekintza bakoitzari buruzkoak.

      Diru-sarreren balantzean berariaz aipatuko dira helburu bererako eman daitezkeen beste laguntza batzuk. Nolanahi ere, erakunde onuradunek lan-arloko zuzendaritza eskudunaren eskuragarri izango dituzte diruz lagundutako jarduera garatzean sortutako gastuen egiaztagiri eta frogagiri guztiak, dagozkion egiaztapenak egiteko.

      Parte-hartzaileei emandako dokumentazio didaktikoaren eta ekintzetan sortutako dokumentuen eta argitalpenen sorta osoa, euskarri elektronikoan. Dokumentazio hori erakunde onuradunaren egoitzan artxibatu beharko da bost urtez, bigarren ordainketa berrikusi eta agindu ondoren.

  2. Ordainketa bakoitza gauzatzeko, erakunde onuradunek ez badute baimendu zerga-erakundeekin eta Gizarte Segurantzarekin elkarreragingarritasun-kontsulta egitea, kasuan kasuko foru-ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion gizarte-aurreikuspeneko erakundearen ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko dituzte, ordainketa bakoitza eskatzen den egunean erakunde horiekin hartutako betebeharrak bete dituztela egiaztatzen dutenak.

  1. Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, dekretu honetan erakunde onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak bete behar dira. Ondorio horietarako, lan-arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.

  2. Egindako eta justifikatutako gastua aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa izan bada, dirulaguntza benetako zenbatekora egokituko da proportzionalki.

  1. Dekretu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta, zehazki, honako hau:

    1. Laguntza bere helburu zehatzerako erabiltzea.

    2. Dirulaguntza ematen duen sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako proiektuen hedapen, dibulgazio edo, hala badagokio, argitalpen guztietan.

    3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea, jasotako laguntzen erabileraren fiskalizazioari eta helburuen betearazpenari buruz.

    4. Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek laguntzaren bat edo dirulaguntzaren bat ematen badie helburu bererako, idatziz eman beharko diote horren berri lan-arloan eskumena duen sailari.

    5. Dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea lan-arloko eskumena duen sailari, eta sail horrekin lankidetzan aritzea aldaketa horien egiaztapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

    6. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan jasotako betebeharrak betetzea.

  2. Lan-arloan eskumena duen sailak beharrezkotzat jotako ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango ditu, dekretu honetan ezarritako helburuak betetzen direla bermatzeko.

  1. Ez-betetzeak izango dira dirulaguntzen araudi orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako aplikatzea.

    2. Aukeratutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkotzat hartzen ez direlako, lan-arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak baimentzen baditu.

    3. Onartutako aurrekontua eta dirulaguntza emateko ebazpenean jasotakoa ez justifikatzea.

    4. Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen bat faltsua izatea.

    5. Kontroleko administrazio-organoek laguntzei buruz eskatutako informazioa edo dokumentazioa ez ematea.

  2. Elkarte edo erakunde onuradunak ez badu betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean edo dekretu honetan ezarritako edozein baldintza, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta jasotako zenbatekoa eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio; gainera, dagozkion zehapenak ezarriko zaizkio, dirulaguntzei buruzko araudi orokorrean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Indargabetuta geratzen da uztailaren 29ko 191/2003 Dekretua, zeinaren bitartez arautzen baitira enpresa-elkarteei eta erakunde sindikalei beren jarduera-eremuko gaietan giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planetarako emandako dirulaguntzak, bai eta dekretu honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko beste xedapen oro ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko azaroaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.