Arautegia

Inprimatu

169/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila; Ekonomia eta Ogasun Saila; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 133
  • Hurrenkera-zk.: 3855
  • Xedapen-zk.: 169
  • Xedapen-data: 2021/07/06
  • Argitaratze-data: 2021/07/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak onartuta, eta bertan eskatzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen xedea da, alde batetik, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren osoko bilkurak 2021eko maiatzaren 10ean hartu duen erabakia onartzea erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak, eta, beste alde batetik, eskualdatutako baliabide materialak adskribatu edo atxikitzea.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 6an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Ekainaren 29ko 474/2021 Errege-Dekretua, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen dizkion eginkizun eta zerbitzuei buruzkoa.

Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan dago ezarrita espetxe-legegintza Estatuaren eskumen esklusiboa dela.

Hala ere, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen zaizkio espetxe-erakunde eta -establezimenduen antolaketa, araubidea eta jarduera, espetxe-arloko lege orokorrekin bat etorriz. Halaber, 12.1 artikuluan dago adierazita Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola espetxe-arloan Estatutik datozen legeak betearaztea.

Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoaren 79. artikuluak xedatzen duenez, autonomia-erkidegoei dagokie lege horretan arautzen diren erakundeak zuzentzea, antolatzea eta ikuskatzea, baldin eta estatutuen bidez beren gain hartu badute espetxe-legeak betearaztea eta, ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzea.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazitako batzorde mistoak erabaki zuen, 2021eko maiatzaren 10eko bileran, Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak. Erabaki hori Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa betetzeko xedez, eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2021eko ekainaren 29ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, hau

Onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazitako batzorde mistoaren osokoak 2021eko maiatzaren 10eko bileran hartutako erabakia, hau da, Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzeko erabakia. Erabaki hori errege-dekretu honen eranskinean jaso da.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio Estatuko Administrazioak espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko dituen egitekoak eta zerbitzuak, batzorde mistoak hartu duen erabakian ezarritako moduan eta erabakian bertan adierazitako termino eta baldintzen arabera.

Batzorde Mistoaren erabakian adierazitako egunetik aurrera izango ditu ondorioak eskualdatzeak.

Errege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratuko da aldi berean, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2021eko ekainaren 29an.

Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa,

MIQUEL OCTAVI ICETA I LLORENS.

Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoko idazkariak baitira, hau

ZIURTATZEN DUTE:

2021eko maiatzaren 10eko osoko bilkuran, Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki zuen Estatuko Administrazioak espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko zituen egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea, honako hauen arabera:

  1. Eskualdatzea babesten duten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauen erreferentzia.

    Konstituzioaren 149.1.6 artikuluan dago ezarrita espetxe-legegintza Estatuaren eskumen esklusiboa dela.

    Hala ere, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen zaizkio espetxe-erakunde eta -establezimenduen antolaketa, araubidea eta jarduera, espetxe-arloko lege orokorrekin bat etorriz. Halaber, 12 artikuluan dago adierazita Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola espetxe-arloan Estatutik datozen legeak betearaztea.

    Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoaren 79. artikuluak xedatzen duenez, autonomia-erkidegoei dagokie lege horretan arautzen diren erakundeak zuzendu, antolatu eta ikuskatzea, baldin eta estatutuen bidez beren gain hartu badute espetxe-legeak betearaztea eta, ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzea.

    Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

    Xedapen horiek oinarri hartuta, eskualdatzea formalizatu behar da Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak eman diezazkion.

  2. Autonomia-erkidegoak bere gain hartzen dituen egitekoak eta zerbitzuak:

    1. Estatuak ezarritako legeen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio bere lurralde-eremuan dauden espetxeak ekonomikoki eta administratiboki kudeatu, zuzendu, gainbegiratu, antolatu eta ikuskatzeko egitekoak.

    2. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak, bere eskumen-eremuan, egiteko eta zerbitzu hauek hartuko ditu bere gain:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espetxeak eta zigor-betearazpeneko gainerako zerbitzuak antolatu eta kudeatzea, barnean hartuta egitura organikoa eta funtzionala, antolaketa eta funtzionamendua, erakundeen arteko lankidetza eta parte-hartze sozialaren sustapena.

      2. Zigorrak, segurtasun-neurriak, erregimen irekia, baldintzapeko askatasuna eta tratamendurako eta esku-hartzerako berariazko programak betearazi, kudeatu eta koordinatzea, bai eta jarraipena egitea ere. Horretarako, barneratuen behaketarekin, sailkapenarekin, destinoarekin, baimenekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztirako behar diren administrazio-ebazpenak ematea.

      3. Espetxe-eremuko prestazioak kudeatzea, arlo hauetan: hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxe-lana, lanerako prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea, kultura- eta kirol-jarduerak sustatzea, gobernuz kanpoko antolakundeen esku-hartzeko programak koordinatzea, droga-mendekotasunak prebenitu eta tratatzeko eta errehabilitatzeko jarduerak.

      4. Espetxe-ondarea, hau da, espetxe-higiezinak, -azpiegiturak eta -ekipamenduak administratu eta kudeatzea, barnean hartuta zentro berriak sustatzea eta badaudenak handitu, eraberritu eta birgaitzea.

      5. Espetxe-administrazioko zerbitzu, organismo eta zentroen jarraipena egitea, eta horiek guztiak aztertu eta ikuskatzea.

  3. Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetako egitekoak eta zerbitzuak.

    Egiteko hauek geratuko dira Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan:

    1. Espetxe-arloko legegintza, eta erregelamenduak egiteko ahalaz baliatzea.

    2. Espetxe-administrazioaren helburuak eta xedeak ahalik eta ondoen betetzen laguntzeko behar diren koordinazio-irizpideak ezartzea.

    3. Espetxe-datuak normalizatzeko irizpideak zehaztea, barneratuen tratamenduan oinarrizko espetxe-dokumentazioa homogeneizatzeko.

  4. Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia-Erkidegoak batera egin behar dituzten egitekoak, eta lankidetza horretarako moduak:

    1. Estatuko Administrazio Orokorreko edo Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-administrazioek onartu egin beharko dituzte, batetik, agintaritza judizialaren errekerimenduaren ondorioz administrazio horien establezimenduetan egon behar duten barneratu guztiak eta, bestetik, sailkapena eta destinoa direla kausa, indarreko espetxe-legeak aplikatuta, zigorra beren lurralde-esparruan bete behar duten zigortu guztiak.

    2. Administrazio biek elkarrekin zehaztuko dute zein den zigorrak betetzeko eskualdatzen den plaza-kopuru egokiena eta gehienekoa.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Administrazio Orokorrari eman beharko dio sarrera, lekualdatze, irteera, sailkapen eta baimen ororen berri, bai eta bere lurralde-eremuan kudeatzen dituen establezimenduetako barneratuen espetxe-egoerari eragiten dioten gainerako datuen berri ere.

    4. Arrazoia edozein dela ere, barneratuak espetxe-administrazio desberdinen establezimenduen artean lekualdatu behar badira, edo batetik bestera eraman, barneratuaren gaineko eskumena duen administrazioak emango du horretarako agindua, barneratua hartu behar duen administrazioari jakinarazi ondoren.

      Espetxe-sailkapen edo -destinoaren ondorioz lekualdatzen bada, barneratua hartu behar duen espetxe-administrazioari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik, eta lekualdatzearen aurka azaldu ahal izango da bidegabetzat jotzen badu edo plazarik ez badauka aldez aurretik ezarritako gehieneko edukieraren arabera.

    5. Salbuespenez, beharrezkoa bada barneratuak masiboki lekualdatzea beste espetxe-administrazio baten establezimenduetara, egoera kritikoa duen administrazioak erabaki eta antolatuko du lekualdatze hori. Establezimenduaren muturreko egoera, lekualdatu beharreko barneratuen kopurua eta barneratu horien espetxe-ezaugarriak kontuan hartua, Estatuko Administrazio Orokorrak barneratu guztiak banatuko ditu Estatuko establezimendu guztietako plaza hutsen arabera, barneratuak hartu behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-administrazioaren aldez aurretiko akordioa izanik, hala badagokio.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoak ematen dituen espetxe-zerbitzuei buruzko estatistika-datuak emango dizkio Estatuko Administrazio Orokorrari.

    7. Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak koordinazio- eta lankidetza-bide egokiak izango dituzte espetxe-arloan, eta, horretarako, behar dituzten hitzarmenak, akordioak edo bestelako lankidetza-tresnak ezarriko dituzte.

  5. Eskualdatutako ondasun, eskubide eta betebeharrak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkion ondasun, eskubide eta betebeharrak zerbitzu eskualdatuei dagozkie eta 1. eta 2. zerrenda erantsietan daude adierazita.

    2. Erabaki hau onartzen duen errege-dekretua indarrean jarri eta hiru hileko epean, higiezinen entrega-aktak eta altzarien, ekipamenduen eta material inbentariagarrien jasotze-aktak sinatuko dira.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoa erabat subrogatuko da Estatuko Administrazio Orokorrak amaitu gabe dituen 2.1 zerrendako kontratuetan duen posizioan; hala izanik, erabaki honen eraginkortasun-datan aitortuta ez zeuden eskubide eta betebehar guztiak hartuko ditu bere gain.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoa partzialki subrogatuko da amaitu gabe dauden 2.2 zerrendako kontratuetan; hala izanik, erabaki honen eraginkortasun-datan aitortuta ez zeuden eskubide eta betebeharretan dagokion zatia hartuko du bere gain. Eskualdatzearen eraginpeko kontratu horiei dagozkien zenbatekoen ehunekoak eta kudeaketa arautzeko, akordio osagarri bat egingo da.

    5. Aipaturiko zerrendetan zuzenketarik egin behar izanez gero, administrazio biek egiaztatu beharko dute puntu hori aldez aurretik, eta Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak egindako ziurtagiriaren bitartez zuzenduko da.

  6. Eskualdatutako giza baliabideak:

    1. Eskualdatzen diren egiteko eta zerbitzuei atxikitako langileak eta lanpostu hutsak 3. zerrenda erantsian ageri dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko izatera pasako dira Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eta kasu bakoitzean aplikagarri diren gainerako arauek legez aurreikusitako baldintzetan, eta langile-espedienteetan zehaztutako inguruabar beretan.

    2. Ministerioak jakinaraziko die eskualdatzea interesdunei, Gobernuak erabaki hau errege-dekretuz onartu bezain laster. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunei eskualdatu diren langileen espediente guztien kopia ziurtatua igorriko zaie, bai eta 2021ean sorrarazi beharko diren kopuruei buruzko hartzekoen ziurtagiriena ere.

    3. Langile-zerrenda horietan zuzenketarik egin behar izanez gero, administrazio biek egiaztatu beharko dute puntu hori aldez aurretik, eta Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak egindako ziurtagiriaren bitartez zuzenduko da.

  7. Eskualdatutako egitekoak eta zerbitzuak finantzatzeko araubidea:

    4. zerrendan dago adierazita zein den eskualdatze honi lotutako urteko kostu osoa estatu-mailan (2021eko ekitaldian).

    1. Espetxe Lanera eta Enplegurako Prestakuntzara bideratzen diren eta zuzeneko kudeaketa duten erreserba-kredituen tratamendua akordio osagarri baten bidez arautuko da. Kreditu horiek Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren gastu-aurrekontuetan eta Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioari atxikitako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan daude jasota.

  8. Eskualdatutako egiteko eta zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak.

    Eskualdatutako egiteko eta zerbitzuen dokumentuak eta espedienteak hilabeteko epean eman behar dira, erabaki hau onartzen duen errege-dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, eta, horretarako, entrega- eta jasotze-akta sinatuko da.

  9. Eskualdatzearen eraginkortasun-data.

    1. Eskualdatzeak eragina izango du 2021eko urritik aurrera.

    2. Aldi baterako, akordio osagarrien bidez, bi administrazioen lankidetza adostuko da eskualdatzearen eraginkortasun-datan indarrean dauden kudeaketa-enkarguak betetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetako zenbait zerbitzu kudeatzeko.

      Eta horrela jasota gera dadin, ziurtapen hau ematen dute Bilbon, 2021eko maiatzaren 10ean. Batzorde Mistoko idazkariak, Jorge García Carreño eta Begoña Pérez de Eulate González.

      (Ikus .PDF)