Arautegia

Inprimatu

166/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, Euskadin Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroa sortu eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 4183
  • Xedapen-zk.: 166
  • Xedapen-data: 2021/07/06
  • Argitaratze-data: 2021/07/27

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Nazio Batuen Batzar Nagusiak «Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda» onartu zuen 2015eko irailaren 25ean; pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza-plana da, eta bake unibertsala eta justiziaren eskuragarritasuna indartzeko asmoa ere badu.

Agendak 17 helburu proposatzen ditu, arlo ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa barnean hartzen dituzten 169 helmuga integratu eta banaezinekin.

Ondoren, Etxebizitzari eta Hiri Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Konferentzian Habitat III (Quito 2016ko urria), «Guztiontzako Hiri eta Giza Egonleku Jasangarriei buruzko Quitoko Adierazpena» onartu zen, eta bertan Hiri Agenda Berria (HAB) zehazten da. Adierazpen horrek, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan definitutako Garapen Jasangarriko Helburuak (GIH) barneratzen ditu.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016ko abenduaren 23an egindako hirurogeita zortzigarren bilkuran berretsi zuen HAB.

Gerora, Eusko Jaurlaritzak, 2018ko apirilaren 10eko Erabakiaren bidez, Euskadi Basque Country 2030 Agenda onartu zuen, Nazio Batuen 2030 Agendarako euskal ekarpen gisa, bere politikak Garapen Jasangarriaren Helburuekin lerrokatuz.

Eusko Jaurlaritzak, 2019ko azaroaren 19ko akordioaren bidez, Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050 onartu zuen, hiri eta herri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak lortzeko helburuarekin, pertsonak eta lekuak baztertuko ez dituztenak. Hori dena 2050era arteko denbora-ikuspegian jartzen du, jakitun izanik egituratzen dituen dimentsioen ezaugarriengatik -sozioekonomikoa, energetikoa, klimatikoa, lurraldekoa- epe luzean aurre egin beharreko erronkak direla, nahiz eta berrikuspenak epe ertainean egiteko dimentsio dinamiko bat izan behar duten.

Esparru horretan, eta XII. legegintzaldia 2020an hasi delarik, Eusko Jaurlaritzak lau urterako programa bat prestatu du, errealitate horri hainbat tresna eta proiekturen bidez aurre egiten saiatzeko.

Tresna horietako bat Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia sortzea izan da, eta Idazkaritza horren proiektuetako bat 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa egitea da.

Programa honen barruan eta sailarteko eta erakunde arteko gobernantza-mekanismoak ezartzeko eta horrekin lankidetza eta partaidetza publiko, pribatu eta soziala errazteko helburuarekin sortzen da Euskadin Trantsizio Sozialerako eta 2030 Agendarako Eragile Anitzeko Foroa. Bertan, Eusko Jaurlaritzako sailak, hiru foru-aldundiak, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen eta hiriburuetako udalak elkartzeko guneak eratu dira, bai eta lankidetza publiko-pribatua ordezkatzen duten erakundeak elkartzeko guneak ere. Foroaren helburua da GJHen sustapenean inplikatutako erakunde eta entitate guztien bateratze operatiboa ahalbidetzea.

Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050ek ere Hiri Agendaren Foroa eratuz planteatzen zuen bere gobernantza. Foro horren osaera eta helburuak bat datoz, funtsean, Euskadin Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren eragile anitzeko Foroarekin. Euskadiko Hiri Agendaren eta Euskadi Basque Country 2030 Agendaren artean dagoen lotura estua kontuan hartuz, koherentea da bi prozesuen jarraipena egin dezakeen gobernantza-organo bakarra egotea.

Horrenbestez, lehendakariak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 28an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

Dekretu honen xedea da Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroa sortzea eta arautzea.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroa, lankidetza- eta aholkularitza-organo bat da, Euskadiko politika publikoetan 2030 Agenda harmonizatzen eta garatzen laguntzeko, bai eta euskal erakundeak garapen jasangarriaren helburuak (GJH) bultzatzeko eta betetzeko nazioarteko ahaleginik onenekin lerrokatzea sustatzeko ere. Kide anitzeko organo horren osaera maila anitzeko erakundeartekoa eta aktore anitzekoa da.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroa Lehendakaritzari atxikita dago, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren mende, baina ez da haren egitura organikoan sartuko.

  1. Foroaren osaera honakoa da:

    1. Presidentea.

      Eusko Jaurlaritzako lehendakaria da Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren presidentea.

    2. Presidenteordea.

      Foroaren presidenteordea 2030 Agendaren inguruan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako idazkari nagusia edo sailburuordea izango da.

    3. Bokalak.

      Hauek dira Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren kide:

      1. Berrikuntza Sozialaren arloan eskuduna den sailaren zuzendaria.

      2. Hiri Agenda arloan eskuduna den sailaren zuzendaria.

      3. Lehendakaritzako Koordinazio arloan eskuduna den zuzendaria.

      4. Kanpo-harremanen eremuan kargu publikoa duen pertsona bat.

      5. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua.

      6. Eusko Jaurlaritza osatzen duten Sail bakoitzak aukeratutako ordezkari bana, kargu publiko izaera duena.

      7. IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendaria.

      8. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria.

      9. Foru-aldundi bakoitzaren ordezkari gisa, kargu publikoa duen pertsona bat, organo edo agintaritza eskudunak izendatua.

      10. Udalen ordezkari gisa, Euskadiko hiru lurralde historikoetako hiriburu bakoitzeko ordezkari bat; eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat. Dagozkien korporazioen eta elkartearen funtzionamendu-arauen arabera izendatuko dira.

      11. Pertsona bat euskal unibertsitate-sistema osatzen duten hiru unibertsitateetako bakoitzeko: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

      12. Euskadiko hirugarren sektoreko hiru ordezkari, Sareen Sareak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitateen sareak biltzen dituen elkarteak proposatua.

      13. Basque Center for Climate Change (BC3) bikaintasun-zentroaren ordezkari bat.

      14. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Partzuergo zientifiko-teknologikoaren ordezkari bat.

      15. ACLIMA, Basque Environment Clusterraren ordezkari bat.

  2. Foroa osatzen duen pertsona bakoitzeko ordezko bat izendatu ahal izango da, kargua hutsik geratzen bada, titularra kanpoan badago edo gaixorik badago.

    Beren karguaren ondorioz kide direnak, lehendakariak, dagokion sailburuak edo dena-delako entitate publikoak izendatuko ditu, eta ordezkoek kargu publikoa izan beharko dute.

  3. Eragile Anitzeko Foroko kideek, beren karguaren ondorioz badira kide, kide izateari utziko diote izendapenaren arrazoia izan zen kargu hori uzten duten momentuan bertan.

  4. Foroaren Presidentetzak baimena eman ahal izango du bilkuretan edo batzordeetan aztertzen diren gaietan adituak diren pertsonak egoteko. Aditu horiek dagozkien gaiei buruz hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ezingo dute botorik eman.

    Pertsona horiek izendatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: ordezkaritza, aniztasuna, genero-berdintasuna, eta Foroaren oinarri diren gaietan duten ospea aintzat hartzea.

Hauek dira Trantsizio Sozialaren eta Agenda 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren eginkizunak:

  1. Munduko joera garrantzitsuenak eta horiek munduan duten eragina aztertzea, 2030 Agenda Euskadin testuinguruan jartzen laguntzeko.

  2. Euskadin Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) ezartzeko gidalerroak eta orientazio estrategikoko ildoak ezartzen eta lantzen laguntzea.

  3. 2030 Euskal Agenda koordinatu eta integrala aztertu, bultzatu, sustatu, eta haren planifikazioa proposatzea, bertan jasotako helburuak lortzeko eta 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programa garatzen laguntzeko.

  4. Jaurlaritzari bidaltzea Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) arloko jarduerak hobetzeko egoki iritzitako ekimen eta proposamen ez-lotesleak.

  5. Euskadin 2030 Agenda sustatzen, bultzatzen eta garatzen lagunduko duen beste edozein eginkizun, erakundeen arteko koordinazioaren eta maila anitzeko lankidetzaren bidez.

  1. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroak osoko bilkuran jarduten du. Horren barruan, Batzorde Iraunkor bat eta Batzordeak edo Lantaldeak sortu ahal izango dira, bai sailen arteko osaerakoak, bai erakunde arteko edo eragile anitzeko osaerakoak, izaera espezifikoa edo zeharkakoa duten gai edo helburuetan.

  2. Foroaren presidenteordearen ardura da osoko bilkuretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda prestatzea, bai eta horiek banatzea ere. Deialdiak kide anitzeko organoko kideei bitarteko elektronikoen bidez bidaliko zaizkie, eta bertan gai-zerrenda jasoko da, eztabaidatzeko beharrezko dokumentazioarekin batera.

  3. Berrikuntza Sozialaren arloko zuzendariari dagokio Foroaren jarduerak bultzatzea eta koordinatzea.

  4. Foroaren idazkaritza, foroa bera atxikita dagoen saileko teknikari bati esleituko zaio, eta hitza izango du foroan, baina botorik ez. Pertsona horrek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako funtzioak betetzeko adina gaitasun izango duela bermatu beharko da.

  5. Osoko bilkurak egiten duen saio bakoitzaren akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek zehaztuko dira: bertaratutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz egin den, eztabaiden puntu nagusiak, eta hartutako erabakien edukia.

    Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartu ahalko da edo hurrengo bilkuran. Idazkariak egingo du akta, osoko bilkurako presidentearen oniritziarekin, eta bitarteko elektronikoz helaraziko die kideei. Kideek, bitarteko horien bidez adierazi ahal izango dute testuarekin ados dauden ala ez. Eragozpenik ez badute hilabeteko epean, akta onartutzat joko da bileran bertan.

  6. Batzorde Iraunkorraren, batzordeen edo lantaldeen kopurua eta jarduera-eremua Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroaren barruan adostuko dira.

  7. Foroak bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du bere barne-funtzionamenduan.

  1. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroak gutxienez urtean bitan egingo du ohiko bilera, eta telematikoki egingo da, ahal den guztietan, jasangarritasun-irizpideekin konpromisoa hartuta. Presidentearen ekimenez ere bildu ahal izango da, egokitzat jotzen badu, edo kideen gehiengoak idatziz eskatuta.

  2. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroko kide izateak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik emango.

  3. Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Eragile Anitzeko Foroan parte hartzen duten Administrazio honetatik kanpoko pertsonek, foroan parte hartzeagatik izandako gastuen dietak eta konpentsazioak jasotzeko eskubidea dute, indarrean dauden arauek eta Gobernu Kontseiluak xedatzen dutenarekin bat etorriz.

  4. Batzordeak edo lantaldeak beren kideek adostutako aldizkakotasunarekin bilduko dira. Koordinazio-eginkizunetan, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren arloan kargu publikoa duen pertsona bat arituko da, edota honek izendatutako norbait.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Osagarritasuna.

    Dekretu honetan jaso ez diren prozedura-arloko gai guztietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa beteko da.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 6an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik