Arautegia

Inprimatu

143/2021 DEKRETUA, maiatzaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasoko eta ur kontinentaletako turismo-arrantzari, arrantza-erakustaldiei eta marinel- edo arrantza-turismoari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 107
  • Hurrenkera-zk.: 3137
  • Xedapen-zk.: 143
  • Xedapen-data: 2021/05/25
  • Argitaratze-data: 2021/06/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Merkataritza eta turismoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskadi 2020 Arrantza eta Akuikulturaren Egitasmoaren helburua da arrantza-sektorea lehiakorra izan dadin lortzea, itsas elikagaien balio-kate osoan jardunbide jasangarri eta berritzaileak gauzatu ditzan eta, gainera, arrantzarako eta akuikulturarako guneetako sare sozioekonomikoa bateratu dezan.

Egitasmoaren lehentasunetako bat enplegua eta lurralde-kohesioa handitzea da, eta horretarako, arrantzaren esparruan gauzaturiko jardueren dibertsifikazioa ez ezik, itsas ekonomiaren sektore guztien errespetua ere lortu nahi du.

Marinel-turismoa lagungarria izan daiteke arrantzaguneetako ekonomia dibertsifikatzeko, diru-sarrera berriak sortzeaz eta arrantza-produktuak sustatzeaz gain, halako lanbideekin lotutako kultura, tradizioak eta ondarea berreskuratzea bultzatuko duten jarduera osagarrien bitartez, baita lanpostuak sortuz ere.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 Erregelamenduak (EB) Batzordearen 2328/2003 (EE), 861/2006 (EE) 1198/2006 (EE) eta 791/2007 (EE) Erregelamenduak, eta Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 1255/2011 (EB) Erregelamendua indargabetzen dituena dibertsifikazio-neurri horiek biltzen ditu Europar Batasunaren lehentasunen artean.

Bestalde, Estatuko Itsas Arrantzaren martxoaren 26ko 3/2001 Legeak VI. kapitulu berri bat sartu zuen 2014an, arrantza- eta akuikultura-dibertsifikazioko neurriei buruzkoa. Kapitulu hori turismo-arrantzako jarduera garatzeko baldintzak ezartzen dituen apirilaren 5eko 239/2019 Errege Dekretuan garatu zen.

Dekretu honen eraginpeko gaia arautzeko eskumen-titulu dira Euskal Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.c) artikulua Euskal Autonomia Erkidegoari bertako arrantza-sektorearen legegintza-garapenerako eskumenak eta gauzatze-eskumenak aitortzen dizkiona, eta testu horren 10.36 artikulua EAEri turismo-alorreko eskumen esklusiboa aitortzen diona.

Arrantza-sektorea eta akuikultura-sektorea dibertsifikatzeko neurrien erregulazioa arrantza-sektorearen antolamenduari buruzkoaren barnean harturiko araudi-gai bat da, eta arrantzaren ekonomia- eta ekoizpen-sektoreen erregulazioa hartzen du eraginpean, betiere zuzeneko erauzpenaren jardueraz bestelako gai guztietan.

Dekretuan aintzat hartu da genero-ikuspegia, bai dekretua bera egitean bai aplikatzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean adierazten denez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiei iritzia eskatu zaie dekretu hau egiteko garaian, bai eta sektorean esanguratsuak diren erakundeei ere.

Dagozkion nahitaezko txostenak eman ondoren, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraikiz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 25ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau eman da:

Dekretu honen xedea da, arrantza-sektorearen jarduera osagarri gisa, arrantza-turismoa, arrantza-erakustaldiak eta arrantza- edo itsas turismoa arautzea, itsas arrantzarekin eta akuikulturarekin guztiz edo partzialki lotutako jarduerak, arrantza-sektorea osatzen duten pertsonen errentak hobetzeko edo osatzeko.

Honako hauek dira dekretu honen helburuak:

  1. Arrantzarekin, akuikulturarekin eta bi sektore horien ingurunearekin lotutako ondarea, tradizioak, lanbideak, gastronomia eta kultura zabaltzea.

  2. Arrantzako eta akuikulturako produktuak sustatzea eta horien balioa handitzea.

  3. Arrantzako teknikak, arteak eta lanabesak hedatzea, baita sektore horren bilakaera sozial, ekonomiko eta teknologikoa ere, eta, bereziki, itsas baliabideak eta ekosistemak gehiago babestera bideratutakoa.

  4. Arrantzako produktuen eta arrantza- eta akuikultura-jarduerarekin lotutako oroigarrien erosketa ahalbidetzea, baita dibulgazio materiala ere.

  5. Arrantza-sektorearen eta akuikultura-sektorearen dinamizazio ekonomikoa eta sustapena ahalbidetzea.

  6. Paketatzaileen, saregileen eta neskatilen lana ikusaraztea.

Honakoak dira dekretuaren aplikazio eremuak:

  1. Turismo-arrantza: arrantza profesionalaren jarduera osagarria, sektoreko profesionalek arrantza-ontzietan erauzketa- edo erakustaldi-arrantza gauzatzean datzana, kontraprestazio ekonomiko bidez, eta sektoreko jarduerak eta produktuak ez ezik, marinel-munduko ohiturak, tradizioak, ondarea eta kultura ere balorizatzeko eta zabaltzeko helburua duena.

  2. Arrantza-erakustaldia: edozein arrantza-arterekin egindako jarduera, kontraprestazio ekonomiko bidez, itsas baliabideak erauzteko tokian haren funtzionamendua eta ezaugarriak erakusteko xedea duena, hargatik eragotzi gabe erakustaldiaren ondorioz itsas baliabideen kantitate txiki bat halabeharrez erauztea.

  3. Marinel- edo arrantza-turismoa: arrantza-portuetan, akuikultura-instalazioetan eta arrantza, akuikultura eta itsaski-bilketarekin lotutako itsasertzeko edo kontinenteko guneetan, eta arrantza-ontzietatik kanpo, arrantza-sektoreko profesionalek kontraprestazio ekonomiko baten truke gauzatzen dituzten jarduerak, sektoreko jarduerak eta produktuak eta marinel-munduko ohiturak, tradizioak, ondarea eta kultura balorizatzeko eta zabaltzeko helburua dutenak.

  1. Turismo-arrantzako jarduerak eta arrantza-erakustaldiak egin ditzakete honako pertsona fisiko eta juridiko hauek:

    1. Arrantzarako, itsas akuikulturarako edo itsaskia ontzitik biltzeko baimenak, emakidak eta lizentziak dituzten pertsonak.

    2. Arrantzale-kofradiaz, armadoreen elkartez edo kooperatibaz, edo ekoizle-erakundez osatutako merkataritza-entitateak, a) atalean jasotako baimen, emakida eta lizentzien titularrekin batera.

  2. Marinel- edo arrantza-turismoko jarduerak egin ditzakete, 1. atalean aipatutakoez gain, merkataritza-entitateek, baldin eta 1. atalean aipatutako pertsonek turismo-operadoreekin edo bestelako zerbitzu-enpresekin osatzen badituzte entitate horiek dekretu honen xede diren turismoaren, jolasen, hezkuntzaren edo kulturaren alorretako jarduerak garatzearekin lotuta badaude, eta, betiere, merkataritza-entitate horiek osatzen dituzten enpresa edo entitate gehienak arrantzaren, itsaski-bilketaren edo akuikulturaren sektorekoak badira eta akzioen edo partizipazioen % 50 baino gehiago arrantza-sektoreko enpresa edo entitateei badagokie.

  3. Turismo-arrantzako edo arrantza-erakustaldiko jarduerak egin nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Ontzi bidez arrantzarako, itsas akuikulturarako edo itsaski-bilketarako baimen, emakida edo lizentzia profesionalaren titular izatea.

    2. Egin nahi dituzten jardueren eta horietarako baliatuko dituzten bitarteko teknikoen eta baliabideen deskribapen-memoria bat egitea. Bertan, sexuaren arabera bereiziko da jarduera horretan arituko diren emakumeen eta gizonen kopurua.

    3. Jarduerak eragin ditzakeen kalteak estaliko dituen erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatuta izatea, gutxienez 30.000,00 euroko kapitalarekin, baita aipaturiko jardueren erabiltzaile guztien kalte pertsonalak estaltzen dituen erantzukizun zibileko aseguru bat ere; aseguru horiek gutxieneko kapital hauek izan beharko dituzte biktima bakoitzeko: 30.000,00 euro, heriotzaren kasuan, 3.005,06 euroko azpimugarekin 14 urtetik beherako adingabe baten heriotzagatik (azpimuga-zenbateko hori ehorzketa-gastuak ordaintzeko erabili beharko da); 60.000,00 euro, baliaezintasunaren kasuan; eta gehienez 6.000,00 euro sendatzeko, erreskatatzeko eta lekuz aldatzeko gastuetarako.

  4. Orobat, jarduerak ontzietan egiten badira, ontzi bidezko arrantzan edo itsaski-bilketan aritzeko flota operatiboaren erroldan inskribatuta eta alta emanda egon beharko dute ontzi horiek.

  5. Arrantza-gaietan eskuduna den zuzendaritzaren ziurtagiria lortzeak ez du inor salbuesten baimenak eta lizentziak eskuratzetik, ezta araudia eta beste administrazio edo erakunde batzuek ezarritako eginbeharrak betetzetik ere, egiten diren dibertsifikazio-jarduera moten eta jarduera horiek gauzatzen diren lurralde-eremuaren edo tokiaren arabera. Nolanahi ere, baldintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den turismo-araudian ezarritako aurreikuspenen mende egon beharko dute turismo-jarduerak antolatzeari, planifikatzeari eta sustatzeari dagokionez, eta haiekin bat etorri beharko dute.

  1. Turismo-arrantza eta arrantza-erakustaldiak egiteko, derrigorrezkoa izango da agintaritza eskudunak aldeko txostena ematea, itsas segurtasuneko, nabigazioko, itsasoan giza bizitza bermatzeko eta kutsadura prebenitzeko baldintzei buruzkoa. Nabigazio motaren eta nabigaziogunearen arabera dagozkien bitartekoak izateaz gain, honako segurtasun- eta bizigarritasun-baldintza hauek ere bete beharko dituzte interesdunek:

    1. Turistentzat hala badagokio, baita desgaituentzat ere seguruak diren sarbideak izan beharko ditu ontziak. Ontziratzea eta lehorreratzea, nolanahi ere, ontziak erauzte-jarduera nagusirako baliatuko dituen portuetan egingo da.

    2. Kopuruari eta motari dagokienez, ontziratuko diren pertsona guztientzat nahikoak izango diren salbamendu- eta segurtasun-elementuak izan beharko dituzte ontziek.

      Zehazki, ontziak hartu ahalko dituen turisten kopurua bezainbeste salbamendu-txaleko eduki beharko dira, ontzia uzteko. Pertsonaren adinaren araberakoa izango da txaleko bakoitza, baita kopuru hori bezainbeste salbamendu-baltsa ere; 12 metroko edo gutxiagoko luzera (L) duten ontzien kasuan, ordea, automatikoki puzten den txaleko bat baino ezin du eraman turistak.

      Halaber, ontzia uzteko errespetu-txalekoak ere eduki beharko dituzte; zehazki, sei pertsonako txaleko bat, tripulazioa barnean hartuta.

      Ontzigainean geratzen diren bitartean, salbamendu-txaleko bat edo automatikoki puzten den salbamendu-gailu bat ontzia uzteko txalekoaz bestelakoa jantzita eraman beharko dute turistek, eta txaleko edo gailu horrek egokia izan beharko du turista uretara eroriz gero flotatzen mantentzeko, baina ez dio mugitzea eragotzi behar. Salbamendu-txalekoek irratibaliza pertsonal bat izan behar dute txertatuta, 121.5 MHz-ko frekuentziaz funtzionatuko duena eta automatikoki aktibatuko dena pertsona uretara erortzen bada.

      Turismo-arrantzako jarduera egiteko baltsa bat txertatu behar bada ezinbestean eta baltsa bakar bat badago ontzian, nazioartean aitortutako arau teknikoak bete beharko ditu gutxienez, hala nola ISO arauak. Txertatutako baltsa beste baltsa baten osagarria bada, baltsa osagarri horrek bestearen agindu berberak bete beharko ditu.

    3. Ontzian tripulaziorako izan beharreko botikinari dagokionez, egokia izan behar du ontziak egingo duen nabigazio motarako, itsas langileen osasuna babesteko eta horiei osasun-laguntza emateko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 258/1999 Errege Dekretuari jarraikiz. Gainera, salbamendu-baltsen motako botikin bat izan beharko dute, otsailaren 12ko 258/1999 Errege Dekretuan agindutakoaren arabera, ontziko gainerako pertsonek izan ditzaketen osasun-premiei erantzuteko.

    4. Hala badagokio, desgaitasunen bat duten pertsonei egokitutako guneak gaituko dira ontzian, turistak inolako arriskurik gabe egon daitezen bertan, eta arriskuren bat dakarten maniobrak egiten ari diren bitartean debekatuta egongo da ontziko zona jakin batzuetara sartzea. Gune horiek behar bezala mugatuta egongo dira, lurrak ez-labaingarria izan beharko du, erorikorik ez gertatzeko, eta turistentzako heldulekuak ere izan beharko dituzte. Turismo-arrantzako jardueraren iraupena 16 ordutik gorakoa bada, ontziak horretarako bizigarritasun egokia izan beharko du, eta itsas kapitaintzak hori horrela dela egiaztatuko du.

      Edozelan ere, turistek debekatuta izango dute kontrol-postuetara, zerbitzuguneetara, makinak dauden tokietara eta ontziko leku jakin batzuetara sartzea arriskuren bat dakarten maniobrak egiten ari diren bitartean. Elementu birakor eta beroak behar bezala babestu behar dira, eta ez dira egongo turisten irispidean.

      Arrantza-arteak eta -elementuak maneiatzean, beti hartuko da kontuan arrantza-jarduerarekin ohituta ez dauden pertsonak daudela ontzian.

    5. Segurtasunerako gutxieneko tripulazioa berrikusiko da (nolanahi ere, tripulazioak ezingo du bi pertsona baino gutxiagokoa izan), baita larrialdietarako obligazio- eta jarraibide-koadroa ere, kontuan izanik tripulatzaileetako gutxienez batek turisten premiei erantzun behar diela halako kasuetan. Ontziak ez badu larrialdietarako obligazio- eta jarraibide-koadrorik, eskatu eta turismo-arrantzako jarduera egiten hasi baino lehen eskuratu beharko du.

    6. Desatrakatu baino lehen, ontziari buruzko informazio guztia eta bete beharreko segurtasun-neurriei buruzko gomendio batzuk emango zaizkie turistei idazki bidez, eta jarduera zer baldintzatan egingo den azalduko zaie, arrantza-ontzietan izan beharreko laneko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen uztailaren 18ko 1216/1997 Errege Dekretuari jarraikiz. Informazioak euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz egon beharko du gutxienez; halaber, turistek informazio horren edukia ulertzen dutela egiaztatuko du patroiak.

    7. Ontziaren patroiak ardura bere gain hartu behar du bermatzeko jarduera ez dela egingo baldintza meteorologikoak eta ontziaren baldintza operatiboak egokiak ez badira, eta, horretarako, AEMET Meteorologiako Estatu Agentziak emandako eguraldi-aurreikuspena izan beharko du, turismo-arrantzako jarduera arriskurik gabe egin nahi den guneetako itsas zabalari buruzko buletinen eta kostaldeari buruzko buletinen bitartez.

    8. Ontziaren ziurtagiriek, eraikuntza-egoera, baldintza operatiboak eta segurtasun- eta salbamendu-elementuak ezar ditzaketen mugak alde batera utzita, turisten gehieneko kopuru hau baimenduko da:

      a. 8 metroko gehieneko luzera (L) duten ontzietarako, 2 turista.

      a. 8-12 metroko luzera (L) duten ontzietarako, 4 turista.

      a. 12-20 metroko luzera (L) duten ontzietarako, 8 turista.

      a. 20 metrotik gorako luzera (L) duten ontzietarako, 12 turista.

  2. Beti eduki beharko da ontzian ahal dela, ikusteko moduan artikulu honen edukia bilduko duen dokumentu bat. Itsas kapitaintzak emandako dokumentu horrek baliozkotasuna galduko du derrigorrezko segurtasun- eta bizigarritasun-baldintzetako edozein aldatzen bada. Gainera, ontziaren adostasun-agirian jaso egin beharko da itsas kapitaintzak aldeko txostena eman diola ontziari.

  3. Ontziaren patroiak bere gain hartuko du turistak segurtasun-baldintza egokietan ontziratzen direla bermatzeko ardura. Ontziaren patroiak ez du onartuko adingabeak ontziratzea baldin eta gurasoen edo tutoreen idatzizko baimenik ez badute edota ontziratzerakoan ez badaude guraso edo tutoreekin, ezta jarduera segurtasunez egitearekin bateragarriak ez diren baldintzetan laguntza berezia behar duten pertsonak ontziratzea ere.

    Gainera, ontziratzerakoan, NAN edo pasaporte balioduna eskatuko zaie pertsonei, ontzi-izapideari buruzko araudiari jarraikiz.

  4. Turistak, behin ontzian direla, segurtasuneko, diziplinako eta funtzionamendu oneko arauen eta ontziaren patroiaren agintaritzaren eraginpean egongo dira.

  5. Neurri tekniko jakin batzuk betetzeko salbuespenen bat esleituta duten ontziek ezingo dute turismo-arrantzako edo arrantza-erakustaldiko jarduerarik egin, dela salbamendu-baltsei buruz dela urperatzeko jantziei edota eskudelei dagokionez.

  1. Dekretu honetan araututako jarduerak egin nahi dituzten pertsonek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute, jarduerari hasiera eman baino lehen, arrantza-gaietan eskuduna den zuzendaritzan.

  2. Jarduerari hasiera eman baino lehen aurkeztu beharko da adierazpen hori, arestian aipaturiko zuzendaritzan edota zehaztutako egoitza elektronikoan, www.euskadi.eus webgunean deskargatu daitekeen jakinarazpen-eredu normalizatuaren bitartez.

  3. Datu hauek bildu beharko ditu aurretiko adierazpen horrek:

    1. Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen identifikazio-datuak eta, hala badagokio, haren ordezkariarenak, ordezkaritza hori egiaztatzen dutenak.

    2. Garatuko direla aurreikusitako jarduerak eta horietarako bitarteko teknikoak eta baliabideak.

    3. Eskatzaileak dekretu honetan aurreikusitako erantzukizun zibileko estaldura eta beste administrazio edo erakunde batzuek dagokion jarduera garatzeko eskatzen dituzten lizentziak, emakidak eta baimenak dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

  4. Adierazpenean funtsezko daturen bat okerra bada, faltsua bada edo falta bada, ezinezkoa izango da jarduera gauzatzen jarraitzea, egitate horien berri jakiten den unetik aurrera.

  1. Arrantza-modalitatearen arabera aplikatu behar den araudi espezifikoan finkatutako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira aurreko artikuluan zehaztutako arrantza-jarduerak, garaiei, ordutegiei, harrapakin-mugei eta baimendutako guneei dagokienez.

  2. Ontziratutako turistek ezingo dute arrantza-jardueran jardun.

  3. Arrantza-erakustaldiko jardueren kasuan, arrantza-gaietan eskuduna den sailak agindu bidez zehaztuko ditu horietarako garaiak, ordutegiak eta baimendutako guneak.

  4. Halako jardueren ondoriozko arrantza-produktuak saldu edo/eta kontsumitzeari dagokionez, arrantza-produktuak merkaturatzeko araudiari eta merkataritzari eta kontsumoari buruzko araudiari jarraituko zaie.

  5. Turismo-arrantzako jardueretan parte hartzen duten pertsonek eros ditzaketen arrantza-produktuen gehieneko kantitatea itsasaldian eskuratutako harrapakinen guztizko kantitatera iritsi ahalko da.

  6. Debekatuta dago turismo-arrantzako jardueretan parte hartzen duten pertsonei bizirik dauden molusku bibalbioak, ekinodermoak, tunikadunak eta itsas gasteropodoak saltzea.

  7. Arrantza-erakustaldiko jardueren ondoriozko harrapakinek gutxieneko neurriei eta babestutako espezieei buruzko araudi espezifikoa bete behar dute, eta dastatzeko edo benefizentziarako baino ezin dira baliatu.

Turismo-arrantzan, arrantza-erakustaldietan eta arrantza- edo itsas turismoan aritzen diren pertsonek eta enpresek edo erakundeek ikusteko moduko leku batean erakutsi beharko dute, bai ontzian, bai jarduerak egiten diren instalazioetan edo bulegoetan, dekretu honetan jasotako edozein jarduera egiteko egiaztatutako leku gisa identifikatzen dituen egiaztagiria.

  1. Urte bakoitzeko abenduaren 10a baino lehen, dekretu honetan araututako jarduerak egiten dituzten pertsona, enpresa edo entitateek urteko jarduera-memoria bat aurkeztu beharko dute arrantza-gaietan eskuduna den zuzendaritzan; hau bildu beharko du, gutxienez, memoria horrek:

    1. Ontzi bakoitzak turismo-arrantzako zenbat irteera egin dituen.

    2. Zenbat turista ontziratu diren.

    3. Turismo-jarduerarengatik izandako diru-sarrerak.

    4. Egindako jarduerei zer balorazio egiten zaien eta etorkizunean zer aldaketa egin nahi diren, hala badagokio.

  2. Arrantza-gaietan eskuduna den zuzendaritzak edozein unetan egin ditzake beharrezkotzat jotako kontrolak, dekretu honetan araututako jarduerak egiten dituzten pertsona, enpresa edo entitateek araudiari jarraikiz jokatzen dutela egiaztatzeko.

  3. Horiez aparte, beste administrazio batzuek ere egin ditzakete kontrolak, bakoitzari dagokion eskumen-eremuan.

Turismo-arrantzaren, arrantza-erakustaldien eta marinel- edo arrantza-turismoaren jardueretan diharduten arrantza-ontzien, pertsonen, enpresen eta entitateen erregistro bat sortzen da. Pertsonen kasuan, sexuaren arabera bereiziko da jarduera horretan arituko diren emakumeen eta gizonen kopurua.

Erregistroa publikoa izango da; arrantza arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari atxikita egongo da, eta hura izango da fitxategiaren arduraduna datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusitako ondoreetarako; halaber, haren aurrean egikaritu ahal izango dira datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak.

Erregistro hori aldian behin eguneratu eta hemen argitaratuko da: www.euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aseguratutako kapitalen zenbatekoak eguneratzea.

Baimena ematen zaio arrantzaren arloan eskumena duen zuzendariari aseguratutako kapitalen zenbatekoak eguneratzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik