Arautegia

Inprimatu

133/2021 DEKRETUA, maiatzaren 4koa, zeinaren bidez Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta egitekoak arautzen baitira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 90
  • Hurrenkera-zk.: 2604
  • Xedapen-zk.: 133
  • Xedapen-data: 2021/05/04
  • Argitaratze-data: 2021/05/10

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) 1983. urtean sortu zen, eta, harrezkero, hainbat erregelamenduk arautu dute haren egitura eta funtzionamendua. Hain zuzen ere, erregelamendu horietan dago zehaztuta zer egiteko eta eskumen esleitu zaizkion organismo horri sorkuntza-legearen bidez eta erakundearen jardun-eremuei aplikatu beharreko beste lege eta arau batzuen bidez. Orobat, zehaztuta dago zer-nolako barne-antolamendu instituzionala izango duen erakundeak, gomendatu zaizkion egitekoak eta eskumenak betetzeko.

Organismoaren egiturari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduek etengabe eguneratu beharrari erantzun izan diote beti, kontuan hartuta administrazio publikoek zer premia dituzten erakundearen jardun-arloei dagokienez, eta zer joera, lan egiteko modu eta tresna dauden une bakoitzean, gugandik gertu dauden inguruneetan eta beste ingurune batzuetan. Gainera, erregelamendu horietan, aintzat hartu da tresna eta teknika egokienak eduki behar direla, administrazio publikoen kudeaketa aurreratua garatu ahal izateko.

IVAPen egitura organikoari buruzko egungo dekretuaren eduki gehienak indarrean daude eta egokiak dira, jardun-arlo gehienei dagokienez.

Hala ere, terminologiaren arloko eskumenak eta egitekoak beren gain dituzten Eusko Jaurlaritzako administrazio-unitateek alegia, hizkuntza-politikaren arloko eskumena duen sailak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak terminologia-arloaren egituraketa organikoa aztertu, eta ondorioztatu zuten premiazkoa zela arlo horretako egitekoak orain arte hainbat organoren bidez betetzen zirenak organo bakar batean elkartzea, zeren eta, hori horrela izanda, arreta hobea eskainiko baita eta arloa hobeto garatuko baita. Bestela esanda, nahitaezkoa da terminologia-arloak are arreta espezializatuagoa jasotzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak IVAPi esleitzen dizkio, besteak beste, eskumen hauek: euskara Administrazio publikoan sartu, hedatu, aplikatu eta normalizatzea, bai eta administrazio-hizkera finkatzea ere, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legean xedatutakoa betez. Horiek horrela, pentsatu da aproposena dela terminologiari dagozkion egiteko guztiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean elkartzea, eta, beraz, organismo horren esku uztea, batetik, hizkuntza-politikaren arloko eskumena zuen sailari lehen zegozkion egitekoak eta, bestetik, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko uztailaren 28ko 99/2020 Dekretua indarrean jarri zen arte erakunde horren terminologia-batzorde iraungiak garatzen zituenak.

Egiteko eta eskumen horiek guztiak IVAPera ekarriz eta lehendik haren gain zeuden egiteko eta eskumenekin elkartuz, administrazio-eremu garrantzitsu bat sendotuko da terminologiaren esparruan; izan ere, behar bezala garatzeko, arreta espezializatua beharko du, hau da, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean atal gisa txertatuta jasotzen duen baino arreta handiagoa behar du terminologia-arloak.

Horrenbestez, zerbitzu espezializatu berri bat txertatu beharra dago IVAPen egitura organikoan hain zuzen ere, Euskara Zuzendariordetzaren barruan, organismo horrek terminologiaren eremuan dituen eskumen eta egitekoei erantzuteko.

Zerbitzu hori sortzeak berekin dakar orain arte indarrean egon den IVAPen egitura-dekretua aldatzea, eta zerbitzu berria eta egitekoak arautzea. Horrez gainera, zerbitzu hori sortzeak IVAPeko unitateen erregulazioari eragingo dizkion aldaketak jaso behar dira; batez ere, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialari dagozkionak.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak legezkotasunari buruz eman duen txostenarekin bat etorriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, lehendakariak aldez aurretik onarturik, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko maiatzaren 4an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 1. artikuluan jasotakoaren arabera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea organismo autonomo administratiboa da, eta funtzio publikoaren arloko eskumena duen sailari atxikita dago.

  2. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak nortasun juridiko propioa du, eta helburuak betetzen jarduteko gaitasun osoa; haren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organismo autonomoei aplikatu beharreko arauen bidez erregulatuko da.

  3. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen misioa da EAEko administrazio publikoekiko elkarlanean aritzea, herritarrei ematen dieten zerbitzua efikazagoa, efizienteagoa eta elebiduna izan dadin. Lankidetza hori zerbitzu publikoaren balio komunetan oinarritzen da, eta honako hauen bidez gauzatzen:

    EAEko administrazio publikoetako langileak hautatzea eta etengabe prestatzea.

    Administrazioan euskararen erabileraren normalizazioa sustatzea.

    Itzulpen ofizialak egitea eta euskarazko terminologia juridiko-administratiboa lantzea.

    Hizkuntza-arloko eta arlo juridiko-administratiboko aholkularitza eskaintzea eta ikerketak egitea.

  4. Misio hori betetzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak funtzio publikoari buruzko legeek oinarrian dituzten printzipioen arabera lan egingo du, eta bereziki honako hauen arabera: herritarrei eskaini beharreko zerbitzu publikoaren etika; kudeaketan erantzukizunez jardutea; efizientzia; efikazia; ekitatea; gardentasuna, eta erakundearen barruko eta erakundearteko lankidetza. Orobat, beste printzipio eta balio batzuek ere gidatuko dute haren jarduera: berrikuntzaren eta hobekuntzak sartzearen aldeko jarrera izan eta horiek sustatzea; erakundeko langileek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea; kalitatea kudeatzea; euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa izatea; Administrazio barruko zein kanpoko bezeroek zerbitzua irispidean izatea; aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioak betetzea, eta ingurumena errespetatzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helburuak dira:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta ente instituzionaletako langileak hautatzea, betiere IVAP organismo autonomoa atxikita dagoen sailean funtzio publikoaren arloko eskumena duen zuzendaritzarekin koordinatuta, hargatik eragotzi gabe hezkuntza-, osasun- eta polizia-arloetako sail eskudunek irakaskuntzako, osasun-arloko eta Ertzaintzako langileei dagokienez eskuordetuta dituzten eskumenak. Horretarako, funtzio publikoari buruzko oinarrizko legeetan ezarritakoaren arabera, erakundeari atxikita geratuko dira hautaketa-prozesuak antolatzeko diren organo espezializatu eta iraunkor guztiak.

  2. EAEko beste administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, administrazio horiek beroriek eskatzen badiote, eta EAEko administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, funtzio publikoari buruzko legeetan xedatzen denarekin bat etorriz.

  3. Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko langileak hautatu eta prestatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileak prestatzea, eta EAEko gainerako administrazio publikoekiko lankidetzan aritzea hango langileak prestatzeko.

  5. Euskara Administrazio publikoan sartu, zabaldu, ezarri eta normalizatzea eta euskarazko administrazio-hizkera finkatzea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian xedatutakoa betetzeko.

  6. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu ahal izateko, jendeak euskaraz zenbat dakien ebaluatzeko proben edukia eta modua zehaztea, betiere funtzio publikoari buruzko lege orokorretan jasotakoarekin bat etorriz, eta irakaskuntzako, osasun-arloko eta Ertzaintzako langileei buruzko lege espezifikoetan xedatutakoaren arabera.

  7. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatu behar direnean, EAEko edozein administrazio publikotan sartzeko hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, betiere funtzio publikoari buruzko lege orokorretan jasotakoarekin bat etorriz, eta irakaskuntzako, osasun-arloko eta Ertzaintzako langileei buruzko lege espezifikoetan xedatutakoaren arabera.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza-arloko gaitasuna indartzea, horretarako jarduerak antolatzea eta gaitasuna ebaluatzea, betiere funtzio publikoari buruzko legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

  9. Itzulpenak, interpretazio-lanak eta terminologia-lanak egitea administrazio publikoentzat, eta gizartearentzat, oro har, terminologiaren alorrean, euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak zehatzak eta juridikoki baliokideak direla bermatuta.

  10. Administrazio publikoen eta zuzenbide publikoaren funtzionamenduaren eta antolaketaren inguruko ikerketak eta azterlanak egin, aholkularitza eman, dokumentazioa landu, informazioa zabaldu eta argitalpenak egiteko jarduerak antolatzea, aurrera eramatea eta bultzatzea, zerbitzu publikoa etengabe hobetu eta zerbitzu horren efikazia eta efizientzia areagotzeko.

  11. Euskal Autonomia Erkidegoak eta EAEko administrazio publikoek legeen, finantzen, ekonomiaren, gizartearen eta estatistikaren arloan edo beste edozein arlotan dituzten berezitasunak ikertu, irakatsi eta ezagutzera emateko jarduerak antolatzea, aurrera eramatea eta bultzatzea.

  12. Espainiako zein atzerriko antzeko beste entitate batzuekin truke-harremanak izatea eta hitzarmenak egitea.

  1. Azaldutako xedeak lortzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prozesuen araberako kudeaketa-sistema bat baliatuko du, etengabeko hobekuntzan eta berrikuntzan oinarritua.

  2. Lau urtean behin, plan estrategiko bat idatzi eta onartuko da, eta, plan hori garatu eta ezartzeko, kudeaketa-planak idatzi beharko dira urtero.

  3. Organismoaren jarduera prozesuetan oinarritzen da, eta horien bidez deskribatzen eta dokumentatzen da zer egiten duen organismoak; prozesuok jarduera-kate bat dira, eta produktu edo zerbitzu jakin bat sortzen ari den artean balioa erantsia ematen dute.

Hauek dira Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen gobernu-organoak:

  1. Zaingo Batzordea.

  2. Zuzendaria.

  1. Zaingo Batzordea kide anitzeko organoa da, eta erakundearen jardueren plangintza orokorra, ikuskapena eta jarraipena egiteko ardura du.

  2. Hauek dira Zaingo Batzordea osatuko duten kideak:

    1. Batzordeburua: funtzio publikoaren arloko eskumena duen sailaren titularra.

    2. Batzordeburuordea: toki-administrazioaren arloko eskumena duen organoaren titularra.

    3. Batzordekideak:

      Lurralde historikoetako diputatu nagusiak edo haiek ordezko aukeratzen dituztenak.

      Funtzio publikoaren arloko eskumena duen sailburuordea.

      Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaria.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari bat lurralde historiko bakoitzeko, zeina IVAP atxikita dagoen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularrak izendatuko baitu.

      Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioaren ordezkari bat lurralde historiko bakoitzeko, zeina ordezkaritza handiena duen EAEko udalerrien elkarteak izendatuko baitu.

    4. IVAPeko Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria izango da Zaingo Batzordeko idazkaria; hitza izango du, baina botorik ez.

  3. IVAPeko Zaingo Batzordearen eskumen propioak izango dira Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen 10. artikuluan ezarrita daudenak.

  1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaria Gobernu Kontseiluaren dekretu baten bidez izendatuko da, bai eta kargutik kendu ere, organismo autonomoa atxikita dagoen saileko titularrak proposatuta.

  2. Hauek dira zuzendariaren egitekoak:

    1. Erakundea ordezkatzea.

    2. Erakundeko zerbitzuak eta unitateak zuzendu, bultzatu eta kontrolatzea, egitekoak bete ditzaten.

    3. Erakundeko langileen buru izatea, eta, egin behar denean, izendapen librez bete beharreko lanpostuetako langileak izendatu eta kargutik kentzea.

    4. Aurrekontuaren aurreproiektua bultzatu eta gainbegiratzea eta aurrekontu-exekuzioari jarraipena egitea, indarrean dagoen aurrekontu-araudia betez.

    5. Aurrekontua exekutatzeko eragiketak egitea; hain zuzen ere, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren 111. artikuluan jasota daudenak (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), ezertan eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren legeek gastua baimentzeari dagokionez erabakitzen dutena.

    6. Kontratazio-organo gisa jardutea, organismo autonomoari gomendatutako egitekoak eta arloak bete ahal izateko behar diren kontratazio-espedienteetan, baldin eta ordenamendu juridikoak eskumen hori ez badu beste organo batzuen eskuetan utzi.

    7. Ikasketa-planak, jarduera-programak, tituluak eta hautaketako eta prestakuntzako sistemak eta prozesuak proposatzea, gero organo eskudunak onar ditzan.

    8. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eskainitako prestakuntza-jardueren homologazioa onartzea.

    9. Erakundeak antolatutako jardueretan parte hartzen duten pertsonei diziplina akademikoko arauak aplikatzea.

    10. Organismo autonomoaren berezko helburuak betetzeko egindako prestakuntza-jarduerengatik eta elkarlan zehatzengatik eman behar diren ordainsariak onartzea, ezarrita dauden aurrekontu-kontsignazioen barruan.

    11. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea atxikita dagoen saileko sailburuari proposatzea zer prezio publiko ezarri behar diren erakundearen jarduerak egiteagatik eta zerbitzuak emateagatik.

    12. Administrazio publikoetako hautaketa-prozesuetan parte hartu behar duten epaimahaikideak izendatzea, izendapen horiek egitea IVAPen eskumena den kasuetan.

    1. IVAP osatzen duten zerbitzuen helburuak bete eta dagozkien egitekoak aurrera eramateko behar diren deialdiak eta ebazpenak onartzea.

    2. Erakundeak antolatzen dituen prestakuntza-jardueretan parte hartu izana egiaztatzen duten tituluak, diplomak eta ziurtagiriak egitea; erakundearen erregistroan hizkuntza-eskakizunen bat lortu izana jasota badago, horien egiaztagiriak egitea, eta erakundearen erregistroan jasota dagoen beste edozein gairi buruzko ziurtagiriak egitea.

    1. Legeak haren esku utzitako beste edozein eskumen, eta, IVAPen eskumen propioa izanik, Zaingo Batzordearen esku utzi ez den edozein.

  3. Aurreko apartatuan jasotako eskudantziak Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren esku edo, salbuespenez, erakundearen zuzendariorderen baten esku utz ditzake zuzendariak, betiere gai honen inguruan indarrean dauden legeei jarraituz.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren mende egongo dira unitate hauek:

  1. Unitate organikoak.

    1. Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritza; haren barruan, honako hauek daude:

      Zerbitzu Orokorrak.

      Azterlan eta Argitalpen Zerbitzua.

      Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (EVETU).

    2. Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetza; haren barruan, honako hauek daude:

      Hautaketa Zerbitzua.

      Prestakuntza Zerbitzua.

    3. Euskara Zuzendariordetza, eta haren barruan:

      Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua.

      Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

      Terminologia Zerbitzua.

  2. Kudeaketa-unitateak:

    1. Estrategia Batzordea: zuzendaritzako prozesuak kudeatzea izango du eginkizun, eta zuzendariak, Koordinazio eta Kudeaketako idazkariak eta erakundeko bi zuzendariordeek osatuko dute.

    2. Koordinazio Batzordea: erakundeko unitateen jarduna koordinatua izan dadin hain zuzen ere, erakundearen helburuak betetzeko, Koordinazio Batzordea eratuko da, eta honako hauek osatuko dute: Estrategia Batzordeko kideek, zerbitzuburuek, EVETUko arduradunak eta, dituzten egitekoen zeharkakotasuna edo irismena aintzat hartuta, Estrategia Batzordeak aukeratzen dituen beste kide batzuk. Zuzendariaren kargua hutsik badago, edo zuzendaria absente edo gaixorik badago, batzordeburua Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria izango da.

    3. Gaien araberako prozesuak kudeatzeko batzordeak: erakundearen kudeaketa-sistemak oinarrian dituen prozesuak kudeatzeko, batzordeak sortuko dira esparruen edo gaien arabera. Batzorde horien egiteko nagusiak hauek izango dira: indarrean diren prozesuei buruzko dokumentazioa eguneratuta mantentzea; adierazleen eta kasuan kasuko hobekuntza-planen jarraipena egitea, eta hobekuntza zehatzak proposatzea hurrengo kudeaketa-aldirako.

  1. Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzak erakundeko zerbitzu eta unitate organiko guztiak koordinatuko ditu.

  2. Esandakoez gainera, egiteko hauek ere izango ditu Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzak:

    1. Zaingo Batzordearen Idazkaritzaz arduratzea eta batzorde horretan hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea.

    2. Zuzendariaren eskumenak ezertan eragotzi gabe, Zerbitzu Orokorrek, Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak eta Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (EVETU) dituzten egiteko guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea.

    3. Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren (EVETU) artezkaritza-kontseiluko burua izatea.

    4. Idazkaritzak esleituta dituen baliabide material eta ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta gainbegiratzea.

    5. Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzarenak edo haren barruko zerbitzuenak diren egitekoei buruzko prozesuak kudeatzeko batzordeak koordinatu eta gainbegiratzea.

    6. IVAPen Zuzendaritzaren eskuetan utzitako eskumenak egikaritzea zuzendariaren kargua hutsik dagoenean edo zuzendaria absente edo gaixorik dagoenean, baldin eta eskumen horiek beste organo baten eskuetan utzi ez badira, eskuordetza bidez, zuzendariaren kargua hutsik geratu aurretik edo zuzendariaren absentzia edo gaixotasuna gertatu aurretik.

  3. Helburuak betetzeko, egitura hau izango du Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzak:

    1. Zerbitzu Orokorrak.

    2. Azterlan eta Argitalpen Zerbitzua.

    3. Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (EVETU).

  1. Zerbitzu Orokorrak zuzenean Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren mende egongo dira, eta laguntza eskaintzeko unitatea izango dira; hain zuzen ere, Idazkaritzak dituen eskudantziak behar bezala egikaritzeko eta IVAPeko gainerako zerbitzuei beren eginkizunetan laguntzeko.

  2. Helburuak betetzeko, Zerbitzu Orokorrek egiteko hauek izango dituzte:

    1. Erakundeko langileak administratu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe unitate bakoitzeko arduradunei dagokien mendetasun funtzionala.

    2. Erakundearen baliabide ekonomikoak kudeatzea, eta aurrekontuaren aurreproiektua egiteko lanak eta aurrekontu-exekuzioaren jarraipen-lanak koordinatzea.

    3. Herritarrei arreta eskaini eta informazioa ematea, eta agirien sarrera- eta irteera-erregistroaz arduratzea, erakundeko gainerako unitateekiko elkarlanean.

    4. Erakundeak bultzatuko dituen kontratuak izapidetzea.

    5. Erakundearen ondasunak administratzea.

    6. Erakundearen aholkulari juridikoa izatea.

    7. Entitate ofizial edo pribatuekiko lankidetzan aritzeko hitzarmen eta akordioetarako proiektuak egitea.

    8. Administrazioaren antolaketari eta sinplifikazioari buruzko azterlanak egitea sustatzea eta horiek kudeatzea; horien bidez, prozedurak hobetu eta hobekuntzak martxan jartzea sustatu nahi da, ezertan eragotzi gabe administrazio-berrikuntzaren arloko organo eskudunek dituzten eskumenak.

    9. Barruko kudeaketako prozedurak sortu, ezarri eta garatzea, erakundeak emandako zerbitzuetan kalitatea etengabe hobetzeko behar diren tresnak eskaini ahal izateko erakundeko unitate eta zerbitzu guztiei.

    10. Aplikazio informatikoen azpiegitura sustatu eta kudeatzea, ekipamendu informatikoak erosi eta mantentzea eta zerbitzu guztiei informatikaren arloko laguntza teknikoa eskaintzea.

    11. Erakundearen artxiboa eta liburutegia nahiz dokumentazio-zentroa kudeatu eta, gainerako zerbitzuekin koordinatuta, haien eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    12. Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitako neurriak bete daitezen bultzatzea eta neurri horiek koordinatzea.

    1. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    2. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    1. Zerbitzuaren eskudantzien esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak gomendatutako gainerakoak.

  1. Administrazio publikoarekin zerikusia duten gaiak eta ikasgaiak ikertu, aztertu, zabaldu eta argitaratzeko IVAPek dituen egitekoak Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak garatuko ditu, Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren agindupean zuzen-zuzenean.

  2. Helburuak lortzeko, Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak egiteko hauek beteko ditu:

    1. Euskal autonomiarekin, zuzenbide publikoarekin eta Administrazio publikoarekin zerikusia duten ikasketa-, irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak antolatu, aurrera eraman eta sustatzea, bai berak bakarrik, bai unibertsitateekiko, administrazio-arloko beste institutu edo eskola batzuekiko eta beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuekiko lankidetzan, baldin eta haien helburu sozialak eremu komunetan eragiten badu.

    2. Zerbitzuari dagozkion gaien inguruko ikerketa-beka eta -sarietarako deialdiak proposatzea, eta bekadunen jarraipenerako eta orientabiderako lan guztiak egitea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak antolatu eta hobetzearekin zerikusia duten gaien gainean, eskatzen dizkioten azterlan eta txostenak egitea, aholku-eskaerei erantzutea eta gai horiei buruzko arauen aurreproiektuak gertatzea.

    4. Zerbitzu Orokorrei elkarlana eskaintzea, organismoari aholkularitza juridikoa emateko orduan.

    5. Erakundeak argitaratu nahi dituen lanei buruzko azterlanak egitea eta proiektu horiek ezagutzera ematea, interesgarriak eta zientifikoki zuzenak direla bermatzeko.

    6. Erakundeak argitaratu nahi dituen lanen inguruko urteko programazioa egitea, eta lan horiek guztiak editatzeko prozesua kudeatzea.

    7. Eremu funtzional bereko beste zentro batzuekin eta unibertsitatearekin harremanak izatea eta trukeak egitea.

    8. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    9. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    10. Zerbitzuaren eskudantzien esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak gomendatutako gainerakoak.

  1. Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola prestakuntzarako zentroa da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen barruan dago, eta organismo autonomo horrek lurralde-antolamendu, hirigintza eta ingurumenaren arloko gaiak irakatsi, ikertu eta ezagutzera emateko egin behar dituen jarduerak garatzen ditu, Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren agindupean zuzen-zuzenean.

  2. Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren egitura eta funtzionamendua honako hauen arabera arautuko da: 80/1986 Dekretua, martxoaren 11koa, «Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» eskolaren sorrera, funtzionamendu eta eraketari buruzkoa (indarrean dagoen idazkuntza hartu behar da; hau da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 15eko 200/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren bidez txertatutako aldaketen ondorengoa), eta, hala badagokio, hura ordezteko onartzen den araudi espezifikoa.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileak hautatu eta prestatzeko arloan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion eskudantziak bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea izango da Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetzaren xedea, eta lan hori IVAPen Zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera egingo du.

  2. Helburuak betetzeko, Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Zuzendariordetzaren ardurapean dauden baliabide material eta ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta gainbegiratzea.

    2. Zuzendariordetzarenak edo haren barruko zerbitzuenak diren egitekoei buruzko prozesuak kudeatzeko batzordeak koordinatu eta gainbegiratzea.

  3. Dagozkion eskudantziak behar bezala betetzeko, Hautaketa eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak zerbitzu hauek izango ditu:

    1. Hautaketa Zerbitzua.

    2. Prestakuntza Zerbitzua.

  1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak EAEko Administrazio publikoko langileak hautatzeko izendatuta dituen egitekoak Hautaketa Zerbitzuak garatu behar ditu, Hautaketa eta Prestakuntzako zuzendariordearen agindupean zuzen-zuzenean.

  2. Helburuak betetzeko, Hautaketa Zerbitzuak egiteko hauek izango ditu:

    1. EAEko administrazio publiko guztietan karrerako funtzionario edo langile lan-kontratudun finko moduan sartzeko komunak izango diren gutxieneko programa eta eduki homogeneizatzaileei buruzko txostenak egitea, funtzio publikoari buruzko legeetan ezarritakoaren arabera.

    2. Hala eskatzen zaionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, langile lan-kontratudun finkoak eta aldi baterako langile lan-kontratudunak hautatzeko prozesuetako alderdi tekniko eta metodologikoei buruzko txostenak egitea, eta beste horrenbeste egitea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoan, Ertzaintzan eta unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetan sartzeko hautaprobei buruz ere.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, langile lan-kontratudun finkoak eta aldi baterako langile lan-kontratudunak hautatzeko prozesuak kudeatzea, erakundea atxikita dagoen sailean funtzio publikoko eskumenak dituzten organoekin koordinatuta.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko zuzendaritza-kide profesionalak hautatzeko prozesuak kudeatzea, bereziki.

    5. EAEko administrazio publikoek egindako deialdietako hautaketa-prozesuetako epaimahaikideak proposatzea, funtzio publikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko, eta epaimahaikide horien jarraipena egin eta horien prestakuntzaz arduratzea.

    6. EAEko lurralde historikoetako foru-organoekin, udalekin eta gainerako toki-entitateekin beren langileak hautatzeko prozesuetan elkarlanean jardutea, bai prozesu osoaren zatiren batean parte hartuz, edo prozesuak oso-osorik kudeatuz. Horretarako, beharrezkoak diren hitzarmenak, kudeaketa-gomendioak eta lankidetza-akordioak egingo dira.

    7. EAEko beste administrazio publiko batzuetako bitarteko funtzionarioak eta langile lan-kontratudunak hautatzeko prozesua kudeatzea, baldin eta administrazio horiek berek eskatzen badiote edo egiteko hori ordenamendu juridikoak gomendatu badio.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioetan Estaturako gaikuntza duten funtzionarioak hautatzeko prozesua kudeatzea.

    9. Hautaketa-gaietan harremanak lotu eta izatea eta esperientziak trukatzea, Estatuko zein atzerriko antzeko beste eskola eta erakunde batzuekin.

    10. Prestakuntza Zerbitzuarekiko elkarlan estuan, hautaketako prestakuntza-ikastaroak taxutu eta aurrera eramaten parte hartzea eta probaldiaren eta praktikaldiaren jarraipena egitea.

    11. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    12. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    1. Zerbitzuaren eskudantzien esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak gomendatutako gainerakoak.

  1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak EAEko Administrazio publikoko langileak prestatzeko esleituta dituen egitekoak Prestakuntza Zerbitzuak garatu behar ditu, Hautaketa eta Prestakuntzako zuzendariordearen agindupean zuzen-zuzenean.

  2. Helburuak betetzeko, Prestakuntza Zerbitzuak egiteko hauek izango ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren ente instituzionaletako langileek lanpostuan hasteko, lanpostua betetzeko eta karrera profesionala garatzeko behar dituzten prestakuntza-planak diseinatu, kudeatu eta ebaluatzea, prestakuntzaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera.

    2. EAEko lurralde historikoetako foru-organoetako, udaletako eta toki-administrazioko beste entitate batzuetako langileak prestatzeko prozesuetan laguntzea, eta lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak egitea horretarako. Laguntza hori prozesuaren edozein esparrutan eskaini ahal izango da: prestakuntza-beharrizanen diagnosia egitean, plangintza eta programazioa egitean, edo ebaluazioaren unean.

    3. Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko langileen prestakuntza kudeatzea.

    4. Zeharkako prestakuntza-planen diseinua, plangintza eta ezarpena sustatzea.

    5. EAEko administrazio publikoek sarean eta koordinatuta lan egin dezaten sustatzea, prestakuntza-plan koordinatuak diseinatzeko.

    6. Helduak prestatzeko metodo eta eredu pedagogiko berritzaileak lantzea sustatu, horiek garatu eta esperimentatzea, eta irakasleen gaitasunak bultzatzea.

    7. Era askotako prestakuntza-jarduerak diseinatu, antolatu eta ebaluatzea, zuzendaritza-egitekoak betetzen dituzten pertsonen konpetentziak hobetzeko.

    8. Konpetentziak egiaztatzeko sistemak garatzea, eta prestakuntza-planak, ikasleen gogobetetze-pertzepzioa eta ikaskuntza sistematikoki ebaluatzea.

    9. Egoki deritzonean, ebaluazioak egiteko sistemak garatu eta prestakuntza-edukiak nola jaso diren eta zer-nolako inpaktua izan duten ebaluatzea, prestakuntza-planen arloan lankidetzan diharduten EAEko administrazio publikoek hala eskatzen badiote.

    10. Hala eskatzen dioten EAEko administrazio publikoei aholkularitza eskaintzea prestakuntza-prozesuaren edozein arlori buruz; eta, horrekin batera, EAEko administrazio publikoetako langileen prestakuntzari eta garapen profesionalari buruzko azterlanak sustatzea.

    11. Prestakuntza dela-eta, Estatuko zein atzerriko antzeko beste eskola edo erakunde batzuekin harremanak eta esperientzia-trukeak bideratzea eta erraztea, eta prestakuntza-ekintzak antolatzea.

    12. Hautaketako prestakuntza-ikastaroak taxutzea eta kudeatzea, eta praktikaldiak ikuskatzea, halakorik balego, hargatik eragotzi gabe Hautaketa Zerbitzuak gai horretan dituen eskudantziak; izan ere, bi zerbitzuek lankidetza estuan jardun behar dute.

    1. Prestakuntza-ekintzak homologatzea, gai horren inguruan indarrean dagoen araudia betez.

    2. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    1. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    2. Zerbitzuaren eskudantzien esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak gomendatutako gainerakoak.

  1. Euskara Zuzendariordetzaren ardura da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak arlo hauetan dituen eskudantziak bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea: Administrazio publikoan euskara sartu, zabaldu, ezarri eta normalizatzea; administrazio-hizkera finkatzea, itzulpengintza, eta euskarazko terminologia. Lan hori IVAPen Zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera egingo du.

  2. Helburuak betetzeko, Euskara Zuzendariordetzak egiteko hauek izango ditu:

    1. Zuzendariordetzaren ardurapean dauden baliabide material eta ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta gainbegiratzea.

    2. Zuzendariordetzarenak edo haren barruko zerbitzuenak diren egitekoei buruzko prozesuak kudeatzeko batzordeak koordinatu eta gainbegiratzea.

  3. Helburuak betetzeko, zuzendariordetza hau hiru zerbitzutan egituratu da:

    1. Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua.

    2. Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

    3. Terminologia Zerbitzua.

  1. Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuaren ardura da euskararen erabileraren normalizazioa sustatzea; horretarako, langileak euskaraz lan egiteko gaitu, edo langileen euskarazko ezagutzak ebaluatuko ditu, lanpostuek esleituta duten hizkuntza-eskakizuna kontuan izanda; administrazio-hizkera ikertu, normalizatu eta hedatzeko egitekoekin batera.

    Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuak, bere egitura-arlo bakoitzari gomendatutako egitekoez gain, hauek ere beteko ditu:

    1. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    2. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    3. Zerbitzuaren eskudantzien esparruan sartzen diren edo ordenamendu juridikoak haren gomendio uzten dituen gainerakoak.

  2. Esleiturik dituen egitekoak egikaritzeko, Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuak honako arlo hauek izango ditu, eta bakoitzak bere egitekoak izango ditu:

    1. Hizkuntza Prestakuntzaren arloa.

      Foru-administrazioekin, toki-administrazioekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste ente batzuekin hizkuntza-normalizazioaren arloko lankidetza-hitzarmenak egitea, organo eskudunak sina ditzan, eta gero horiek bete eta gainbegiratzea.

      Hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak bultzatu eta antolatzea, dela lanpostuek jarrita duten hizkuntza-eskakizunari dagokion maila lortzeko, dela lanpostuan ele bitan lan egiteko gauza izateko.

      Beste administrazio publiko batzuei aholkularitza eskaintzea eta lankidetzan aritzea, administrazio publikoetan euskararen erabilera sustatzeko helburu duten planak diseinatu eta aplikatzeko orduan, bat etorriz hizkuntza-politikako eskumenak dituen organoak ezarriko dituen jarraibideekin.

      Egoki iritzitako lankidetzarako bideak zehaztea, hizkuntza-normalizazioaren arloan eskudunak diren organismo edo instituzio ofizialekin aritzeko.

    2. Ebaluazioaren arloa.

      Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben edukia eta forma diseinatzea, eta proba horiek ebaluatzeko irizpideak zehaztu eta aplikatzea.

      Administrazio publikoetako langileek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, aldian-aldian deialdiak antolatu eta gauzatzea, eta beste horrenbeste egitea beste administrazio publiko batzuek eskatutako deialdi bereziekin ere.

      Hizkuntza-eskakizunen egiaztagiriak jasota dituen erregistroa kudeatzea, eta zehaztuta dagoen dena delako arrazoia dela-eta salbuetsita dauden kasuekin ere berdin egitea. EAEko administrazio publikoetako langileei eta Administrazioan sartzeko prozesuetan parte hartu duten pertsonei buruzkoak dira erregistro horiek. Nolanahi ere, kontuan izan behar da badirela beste erregistro batzuk ere, irakaskuntzako, osasun-arloko eta Ertzaintzako langileei buruzkoak, eta bakoitzak bere organo eskuduna duela.

    3. Administrazio Hizkeraren arloa.

      Administrazio-hizkera aztertu eta horren berri ematea, eta berariazko prestakuntza, laguntzarako materialak eta hizkuntza-baliabideak diseinatzea, lanpostuan ele bitan jardun ahal izatea errazteko.

      Hizkera juridiko-administratiboari buruzko ikastaro bereziak diseinatzea, euskaraz zein gaztelaniaz, gai hauei buruz: estiloa lantzeko teknikak, administrazio-dokumentuak idatzi eta diseinatzea, edo ahozko komunikazioa hobetzea.

  1. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpenen arloan esleituta dituen egitekoak garatzeaz arduratzen den unitatea da.

    Gaztelaniatik euskarara eta alderantziz egiten diren itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa bermatzeko eskumena duen organoa da Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

    Horrez gainera, arlo horretako agintaritza zentralizatua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren barruko itzulpenak koordinatzeaz arduratzen da, bai euskaratik gaztelaniara egiten diren itzulpenak, bai gaztelaniatik euskara egiten direnak.

  2. Helburuak betetzeko, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak egiteko hauek izango ditu:

    1. Itzulpen-, interpretazio- eta egiaztapen-zerbitzuak ematea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoan gaztelaniatik euskarara eta alderantziz egiten diren itzulpenak estandarizatu eta homologatzeko asmoz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren arabera, alderdi hauei buruzko proposamenak egin ahal izango ditu: zerbitzua eskaintzeko moduaren ezaugarri teknikoak eta betekizunak, hizkuntza eta terminologia bateratzeko klausulak, eta bete beharreko kalitatezko estandarrak eta arauak; eta horren barruan sartuko da itzulita dauden testuak berrikusteko aukera ere.

    3. Euskaratik gaztelaniara eta alderantziz egiten diren itzulpenen jarraibide teknikoak lantzea.

    4. Administrazioan maiz edo aldian-aldian sortzen diren eta zati komun eta aldaezinak dituzten administrazio-dokumentuak, inprimaki-ereduak, idazkiak edo komunikazioak hizkuntza bietan estandarizatzea; multzo horretan sartzen dira, besteak beste, ofizioak, ohiko jakinarazpenak, gonbidapenak, ziurtagiriak, iragarkiak eta agindu edo ebazpen jakin batzuk. Administrazio-hizkera erabiltzeko irizpideak aplikatzea eta berrikustea izango da helburua.

    5. Itzultzen diharduten langileei eta, oro har, euskaraz idazten dutenei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

    6. Euskaraz idaztea errazteko programa informatikoak, datu-baseak eta bestelako tresna batzuk ezarri eta garatzea.

    7. Itzultzen diharduten langileak prestatu eta beren lanean hobetzeko planak eta programak egitea, hargatik eragotzi gabe langile horien ardura duten administrazio publikoek eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Prestakuntza Zerbitzuak dituzten eskumenak.

    8. Euskarazko itzulpengintzaren eremuan, honako hauekin lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak sina daitezen proposatzea: Estatuko Administrazio orokorra eta Administrazio instituzionala, beste autonomia-erkidego batzuk, lurralde historikoak eta toki-korporazioak, eta beste entitate edo pertsona publiko zein pribatu batzuk.

    9. Euskarazko itzulpengintzaren arloan, itzultzaile guztientzako arauak, prozedura orokorrak eta gidalerro teknikoak ezartzea, esleituta duen agintaritza funtzional zentralizatua egikarituz.

    10. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    11. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    12. Ordenamendu juridikoak esleitutako beste edozein.

  3. Egitekoak garatzeko, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak zerbitzu hauek eskainiko ditu:

    1. Euskara eta gaztelania arteko itzulpen-zerbitzuak.

      Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden administrazio publikoek eskatutako testuak itzuli, egiaztatu eta zuzenduko ditu.

      Bereziki, honako hauek itzuli beharko ditu, gaztelaniatik euskarara edo alderantziz: Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuak, Eusko Legebiltzarrera bidali aurretik; eta Euskal Autonomia Erkidegoko jurisdikzio-organoek, Eusko Jaurlaritzan justiziaren arloko eskumena duen sailaren bidez, itzultzeko eskatzen dituzten dokumentu judizialak.

      Era berean, hala hitzartzen bada testua sortu duen pertsona publiko edo pribatuarekin, hedapen handikoak edo interes publikokoak izateagatik era berezian landu behar diren testuak ere itzuliko ditu.

    2. Euskara eta gaztelania arteko interpretazio-zerbitzuak.

      Orokorrean, interpretazio-lana egin beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kide anitzeko administrazio-organoetan egiten diren mintzaldietan, bilera ofizialetan, edo administrazio horrek antolatutako kongresu eta jardunaldietan.

      Zehazki, euskara eta gaztelania arteko interprete-lana egin beharko du ahozko jardun judizialetan hala nola ikustaldietan, aurrez aurrekoetan edo lekukoen deklarazioetan, baldin eta hala egiteko eskatzen badiote jurisdikzio-organoek, Eusko Jaurlaritzan justiziaren arloko eskumena duen sailaren bidez.

    3. Egiaztapen-zerbitzuak.

      Oro har, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren eta entitate publikoen zerbitzura egongo da, euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa egiaztatzeko.

      Zehazki, hirugarrenek euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskara egiten dituzten itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasuna egiaztatu beharko du, hala eskatzen diote administrazio publikoek, jurisdikzio-organoek edo erregistro publikoek, fede publikoa emateko xedez.

    4. Arau-testuen idazketa elebiduneko zerbitzuak. Horretarako, bide hauek erabil ditzake:

      1. Itzulpena Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko itzultzaile batek egitea eta gai horretan eskuduna den sailak edo organismo autonomoak izendatutako teknikari-legelari elebidun batek gainbegiratzea.

      2. Arauaren hizkuntza bateko bertsioa dagokion gaian eskumena duen saileko lantalde tekniko batek idaztea, eta beste hizkuntzako bertsioa, berriz, sail horrek izendatutako teknikari-legelari elebidun batek edo gehiagok idaztea; ondoren, Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak egiaztatuko du bi bertsioak zehatzak eta baliokideak direla.

      3. Testua bi hizkuntza ofizialetan idaztea, aldi berean eta paraleloki (idazketa elebiduna); lan horretan arituko den taldeak kide hauek izango ditu: itzultzaile bat edo gehiago hizkuntza-teknikari eta idazle gisa eta teknikari-legelari elebidun bat edo gehiago. Horiek guztiak Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak izendatuko ditu, arau-ekimenaren ardura duen sailarekin adostuta.

      Arau-testuen idazketa elebiduneko zerbitzuak prestatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikastaroak antolatu ahal izango ditu, arau-testuen idazketa elebiduneko formuletan parte har dezaketen pertsonak gaitzeko.

    5. Euskaratik beste hizkuntza batzuetara edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara zinpeko itzultzaile eta interprete aritzeko gaikuntza profesionala lortzeko prozesuak kudeatzea, eta, horrekin batera, lanbide horretako gaikuntza duten profesionalen erregistroa kudeatzea.

  4. Egitekoak betetzeko, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala hainbat unitate funtzionaletan egituratu ahal izango da, kontuan hartuta itzuli behar diren testuen tipologia, bolumena, ezaugarriak edo gaiak, jatorria, edo beste edozein faktore, balio dezakeena definitzeko une bakoitzean zein den unitate egokiena zerbitzuari gomendatutako egitekoak garatzeko.

  1. Terminologia Zerbitzua Euskara Zuzendariordetzaren barruko unitate bat da, eta IVAPek euskarazko terminologia juridiko-administratiboaren arloan dituen egitekoak kudeatzen ditu. Halaber, arlo horretako agintaritza zentralizatua denez, Terminologia Zerbitzuaren ardura da koordinazio- eta sustapen-lanak egitea euskarazko terminologia bateratu eta normalizatu dadin eta beste administrazio publiko batzuekiko eta arlo horretan diharduten entitate publiko zein pribatuekiko lankidetza eta elkarlana ezar dadin.

  2. Helburuak betetzeko, Terminologia Zerbitzuak egiteko hauek izango ditu:

    1. Terminologia-zerbitzuak ematea.

    2. Euskarazko terminologia juridiko-administratiboa biltzea, hustuketak egitea, fitxak osatu eta aztertzea, eta glosarioak, hiztegi terminologikoak eta abar prestatu eta argitaratzea.

    3. Euskarazko terminologiaren estandarizazioa eta modernizazioa bultzatzea.

    4. Euskarazko terminologiaren arloan, prozedura orokorrak eta gidalerro teknikoak ezartzea, esleituta duen agintaritza funtzional zentralizatua egikarituta.

    5. Euskalterm terminologia-banku publikoa kudeatzea, bai eta gerora sor daitezkeen beste batzuk ere.

    6. Administrazioan maiz eta aldian-aldian sortzen diren administrazio-dokumentuak, inprimaki-ereduak, idazkiak edo komunikazioak berrikustea eta egokitzapen terminologikoa egitea, hau guztia Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialarekin eta Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuko Administrazio Hizkeraren arloarekin koordinaturik.

    7. Euskarazko terminologia erabiltzea errazteko programa informatikoak, datu-baseak eta bestelako tresna batzuk ezarri eta garatzea.

    8. Terminologian diharduten langileei eta, oro har, euskaraz idazten duten langileei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea. Oro har, euskarazko hizkera eta terminologia juridiko-administratiboaren inguruko galderei erantzutea, eta lan-tresnak eta baliabideak eskaintzea, hala nola banku terminologikoekiko lotura, glosarioak, eta bestelakoak.

    9. Terminologian diharduten langileak prestatu eta beren lanean hobetzeko planak eta programak egitea, hargatik eragotzi gabe langile horien ardura duten administrazio publikoek eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Prestakuntza Zerbitzuak dituzten eskumenak.

    10. Erakundeko liburutegiarekin eta dokumentazio-zentroarekin koordinatuta, zerbitzuaren eskumenekoak diren gaiei buruzko bibliografia eskuratzeko politika zehaztea.

    11. Euskarazko terminologiaren eremuko entitate eta pertsona adituekiko elkarlana eta koordinazioa sustatzea, helburu hauekin:

      1. Terminologiaren arloan dauden lehentasunak finkatzea.

      2. Lan-proposamenak egin, eta urteko jarduera-planean jasotzea.

      3. Terminologia-lanerako irizpideak proposatzea.

      4. Termino bat baino gehiago dagoenean, termino hobetsia proposatzea.

      5. Beste batzuekin batera landutako terminologia-lanak onartzea.

      6. Finkatutako terminologia zabaltzeko bideak proposatzea, eta terminologia hori zabaltzea.

      7. Onetsitako terminologiaren erabilera gomendatzea.

      8. Terminologiaren arloan egindako jardueren urteko memoria idaztea.

      9. Terminologiari buruzko oinarrizko azterlanak egitea.

    12. Euskarazko terminologia juridiko-administratiboaren eremuan, honako hauekiko lankidetza-hitzarmenak eta -akordioak sina daitezen proposatzea: lurralde historikoak eta toki-korporazioak, beste autonomia-erkidego batzuk, Estatuko Administrazio orokorra eta Administrazio instituzionala, eta beste entitate edo pertsona publiko zein pribatu batzuk.

    1. Zerbitzuan zehaztu diren prozesuak sistematikoki berrikusi eta ebaluatzea.

    2. Ordenamendu juridikoak esleitutako beste edozein.

Helburuak betetzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urteko aurrekontu propioa izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren barruan sartuta egongo da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak egindako ekarpenetatik jasotako diru-sarrerez gainera, baliabide hauek ere osatuko dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aurrekontuaren sarreren egoera-orria:

  1. Erregelamendu bidez ezartzen diren eskubideak: ikastaroen matrikuletarako; tituluak, diplomak eta ziurtagiriak egiteko; ondasunak sortzeko, eta tasak edo prezio publikoak ordaintzea eskatzen duten zerbitzuak emateko.

  2. Edozein pertsona edo entitatek erakundeari emandako dirulaguntza, laguntza edo dohaintzak.

  3. Erakundeak berak dituen ondasunek ematen duten errenta, Euskadiko Ondarearen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuarekin bat etorriz.

  4. Ordenamendu juridikoan aipatzen den beste edozein baliabide.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-jardueren diplomak eta bertaratze- eta aprobetxamendu-egiaztagiriak egingo ditu. Halaber, gaitasuna izatea eta jarduera akademikoan edo ikerketa-lanean aritu izana ere egiaztatuko du. Egiaztagiri horiek merezimendu izan daitezke administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko lehiaketetan eta hautaketa-prozesuetan.

Helburuak betetzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak beka, laguntza eta bestelako sustapen-neurrietarako deialdiak egin eta eman ahal izango ditu.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lankidetza eskatu ahal izango die gaitasun nahikoa duten irakasle, profesional edo funtzionarioei, prestakuntza- edo dibulgazio-ekintzetako irakasleak daitezen eta epaimahaietan edo organismoaren beste edozein jarduera propiotan parte har dezaten.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretua.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du ezertan eragozten 200/2012 dekretu iraungi berriaren azken xedapenetako lehenengoaren bidez martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuan egin zen aldaketak indarrean jarraitzea (80/1986 Dekretua, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren eraketa, funtzionamendua eta antolaketa arautzen dituena); aldaketa horrek 4. artikuluaren g), h) eta i) letrak erantsi zizkion 80/1986 Dekretuari.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko maiatzaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik