Arautegia

Inprimatu

1/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 27
  • Hurrenkera-zk.: 673
  • Xedapen-zk.: 1
  • Xedapen-data: 2021/01/12
  • Argitaratze-data: 2021/02/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40. artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua aurreikusten du (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

Abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuaren bidez onartutako Diru-bilketa Erregelamendua 1998ko azaroaren 1ean jarri zen indarrean, eta, harrezkero, aldaketa bakar bat egin zaio, partziala, maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez. Diru-bilketari dagokionez, berritasun garrantzitsuak izan dira arau- eta jurisprudentzia-esparruan, eta berritasun horiek zuzeneko eragina izan dute diru-bilketaren arautzean. Horrez gain, antolaketa- eta gardentasun-alderdietan eta bitarteko elektronikoen erabileran ere hainbat gauza aldatu dira. Horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da aipatutako diru-bilketa erregelamendua goitik behera berrikustea, betiere haren egitura errespetatuz eta, nola ez, aipatutako aldaketen eraginpean ez dauden atalei eutsiz, orain arte efikazak, operatiboak eta funtzionalak izan baitira. Horrekin lotuta, kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoa hartzekodun den zuzenbide publikoko sarrera gehienak zergaz kanpokoak direla.

Horrela, dekretu honen bidez onartzen den erregelamenduak 108 artikulu ditu, bost titulutan egituratuta. Berritasunen artean, hauek nabarmendu behar dira: i) zuzenbide pribatuko ente publikoak sartzea erregelamenduaren aplikazio-esparruan, ii) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta Administrazio instituzional osoa sartzea ordainketak eta kobrantzak egiteko kudeaketa-tresna automatizatuan, iii) ordainketak egozteko erregimena arautzea ordainarazitako zenbatekoak nahikoak ez direnean zor guztia ordaintzeko, iv) bikoiztutako, gehiegizko edo bidegabeko sarrerak itzultzeko prozedurak eta bidegabeko ordainketak itzultzeko prozedurak v) geroratzeak arautzea, vi) ente publikoen premiamendu-gaitasuna arautzea, konpentsazio-prozedura ezarri ezin denerako, vii) premiamendu-prozedura administratiboa arautzea, viii) erantzukizun subsidiarioa deribatzeko prozedura arautzea, ix) bitarteko elektronikoen bidezko enkanteak arautzea, x) kobratzeko dauden eskubide jakin batzuei baja emateko aukera zehaztea, xi) Administrazioaren aurkako auzilariei ezarritako kostu prozesalak biltzea eta xii) herri-ogasunaren aurkako delitua egiteagatiko erantzukizun zibilaren ordainarazpena.

Xedapen gehigarri batekin, bi xedapen iragankorrekin, xedapen indargabetzaile batekin eta azken xedapen batekin osatzen da araua.

Horrenbestez, dagozkion izapideen ondoren, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2021eko urtarrilaren 12an eginiko bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

Onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua, zeinaren testua jarraian txertatzen baita.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan eta 52.1 artikuluaren amaierako paragrafoaren azken tartekian aurreikusita dauden ondoreetarako, pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren sektore publikoaren ezein erakundetan dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko zorrik ez badute epe exekutiboan edo, premiamendu-bidea aplikatu ezin zaien onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan, ordaindu gabeko zorrik ez badute borondatezko epean.

  2. Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, baldin eta zorrak geroratuta edo bermatuta badaude edo, itzulketaren ebazpena aurkaratu izanagatik, zorra etetea erabaki bada.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Izapidetzen ari diren espedienteak.

    Onartzen den erregelamendua indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak erregelamenduan xedatutakoaren arabera arautuko dira, hura indarrean jarri osteko jarduerei dagokienez.

    BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA. Aurreko likidazio eta ebazpenak.

    Honen bidez onartzen den erregelamendua indarrean jarri aurreko zergaz besteko zorrei buruzko likidazio eta ebazpenen ondoriozko ordainketa likidazio eta ebazpen horietan ezarritakoaren arabera egingo da.

Indargabeturik geratzen dira abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena) eta dekretu honen bidez onartzen den erregelamenduan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabetera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO OGASUN NAGUSIAREN DIRU-BILKETA ERREGELAMENDUA

  1. Diru-bilketaren kudeaketa honetan datza: administrazio-eginkizuna betetzea, zuzenbide publikoko zerga-sarrerak eta zergaz kanpokoak gauzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40. artikuluaren arabera, eta, hala badagokio, zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak gauzatzeko, haien titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio orokorrarena, haren organismo autonomoena eta zuzenbide pribatuko ente publikoena bada, haien sarrerak administrazio-ahalak egikaritzetik datozenean.

  2. Erregelamendu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzional osoan aplikatuko da.

Honako hauek arautzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren diru-bilketaren kudeaketa:

  1. euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina,

  2. 1/2007 Legegintzako Dekretua, irailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena,

  3. estatuaren arauak, haren eskumenekoak diren arloetan, bereziki Aurrekontuen Lege Orokorra eta Tributuen Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoan zuzenean aplikatu behar diren edo oinarrizko izaera duten puntuetan,

  4. tratatuak, erabakiak, hitzarmenak eta nazioarteko gainerako arauak edo arlo horretan nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeetatik eratorritakoak,

  5. erregelamendu hau, berau garatzeko arauak eta arau osagarriak, eta

  6. arlo honetan Estatuak eman dituen arauak aurreko c) letran jasota ez daudenak, bereziki uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru-bilketa Erregelamendu Orokorra, araudi autonomikoan araututa ez badago.

Diru-bilketaren kudeaketa bi epetan egiten da: borondatezkoa eta exekutiboa, erregelamendu honen III. eta IV. tituluetan aurreikusitakoaren arabera, hurrenez hurren.

Honako hauek zuzendu eta gainbegiratuko dute diru-bilketaren kudeaketa:

  1. zerga-administrazioko gaietan eskumena duen zuzendaritzak, borondatezko epean, zerga-baliabideak, prezio publikoak edo zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoak direnean, eta

  2. gainerakoetan, diruzaintzako gaietan eskumena duen zuzendaritzak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren diru-bilketaren kudeaketa honako hauei dagokie:

    1. Tasen, zergaz kanpoko ondare-prestazio publikoen eta, oro har, zergaz kanpoko zuzenbide publikoko sarreren kudeaketa, borondatezko epean: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailetako eta haren organismo autonomoetako organoei, bai eta zuzenbide pribatuko ente publikoetakoei ere, euren eskumen administratiboei dagokienez, non eta egiteko hori ez zaion espresuki organo jakin bati esleitu.

    2. Gainerako zerga-sarreren kudeaketa, borondatezko epean: zerga-administrazioaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari.

    3. Epe exekutiboan eta erantzukizun subsidiarioa deribatzeko arloan: diruzaintza-arloko eskumena duen zuzendaritzari.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren diru-bilketa organoak honako hauek dira: aurreko apartatuaren a) letran aipatzen direnak, eta, apartatu bereko b) eta c) letren kasuan, arau organikoen bidez dagokion eskumena esleituta dutenak.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziotik kanpoko erakundeekin izenpetutako hitzarmenen bidez egin daiteke diru-bilketaren kudeaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40.3 eta 40.4 artikuluen arabera.

  1. Diruzaintzaren arloan eskumena duen sailarekin hitzarmena sinatu duten kreditu-erakundeek kutxa-zerbitzua eman diezaiekete diru-bilketa organoei.

  2. Diruzaintzaren arloan eskumena duen saileko titularrak emandako agindu baten bidez ezarri diren betekizunak betetzen dituzten kreditu-erakundeek lagundu dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren diru-bilketa kudeatzen.

  3. Erakunde laguntzaile modura jarduteko baimena hainbat kontzepturi buruzkoa izan daiteke, hots, esparrua, zorraren jatorria edo ordaintzeko epea. Baimen hori erakunde laguntzailearen bulego guztientzat edo batzuentzat izan daiteke.

  1. Diru-bilketa kudeatzeko egintzen aurka, berraztertze-errekurtsoa aukerakoa eta ekonomiko-administratiboaren aurrekoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkez daitezke, maiatzaren 13ko 520/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (520/2005 Errege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Tributuen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorra garatzen duen erregelamendu orokorra, administrazio-bidean berrikustearen arloan).

  2. Aurkaratutako egintza eman zuen organo berak izango du berraztertze-errekurtsoa ebazteko eskumena. Diru-bilketaren kudeaketa kanpoko erakunde batekin itundu bada, erakunde horri dagokio berak emandako egintzen aurkako errekurtsoa ebaztea, baldin eta horrela badago hitzartuta. Hitzarmenik ez badago, aurkaratutako egintza emateko eskumena duen organoak ebatzi beharko du.

  3. Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegiak funtzionamendurako araudi organiko propioa du. Diru-bilketaren kudeaketa beste administrazio publiko batekin itundu bada, bide horretan eskumena duten haren organoei egotz dakieke administrazio horrek emandako egintzen aurkako erreklamazio ekonomiko-administratiboez arduratzea. Horrela ez bada, aipatutako epaitegiari dagokio horretaz arduratzea.

  1. Errekurtsoez eta erreklamazio ekonomiko-administratiboez arduratzeko eskumena duten organoek diru-bilketako organoei jakinaraziko dizkiete horiek garatzen duten diru-bilketaren kudeaketari eragiten dioten erabakiak.

  2. Organo ekonomiko-administratibo eskudunak eginiko jakinarazpenaren bidez, berrikusitako egintza eman zuen organoak betearaziko du epaitza materialki, eta administrazio-zuzenbidearen xedapen orokorretan arlo hauei buruz aurreikusita dauden arauak aplikatuko dira: eskualdagarritasuna, egintza akastunen bihurketa, egintzak eta izapideak kontserbatzea, eta baliozkotzea.

  3. Borondatezko epean likidazioaren jakinarazpen akastuna egiteagatik errekurtsoa edo erreklamazioa baiesten bada, organo kudeatzaileak atzera eraman beharko ditu jarduketak, jakinarazpenean ustezko akats horiek sortu ziren unera, eta, preskripziorik gertatzen ez bada, beste bat egin beharko du.

  1. Kasu bakoitzean aplikatu beharreko arauen indarrez ordaintzeko betebeharra duten pertsona edo erakundeez gain, edozeinek ordain dezake borondatezko epean edo epe exekutiboan, pertsona horrek betebeharra betetzeko interesa izan ala ez izan, ordaintzeko betebeharra duen pertsonak jakin ala ez jakin, onartu ala ez onartu.

  2. Modu judizialean edo administratiboan kontu hartutako edo administratutako ondasun edo negozioei dagozkien zorrak ordaintzeko legitimazioa horretarako izendatuko diren administratzaileek dute.

  3. Zorra ordaintzen duen hirugarrena, ordea, ez da inolaz ere legitimaturik egongo ordaintzeko betebeharra duenari dagozkion eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren aurrean egikaritzeko. Halere, ordainketaren egintzaren ondorioz bere alde sortzen diren eskubideak egikaritu ahal izango ditu.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailek eta haren organismo autonomoek bai eta zuzenbide pribatuko ente publikoek ere, ahal publikoak egikaritzen dituztenean salbuespenik gabe erabili beharko dituzte diruzaintza-arloko sail eskudunak haien esku jarri dituen programa eta aplikazio elektronikoak zuzenbide publikoko sarreren erregistro eta kobrantza automatizatua egiteko, borondatezko epean zein epe exekutiboan.

  2. Horretarako, diruzaintzaren arloko zuzendaritza eskudunak diru-bilketako organo bakoitzari atzizki bat emango dio, eta, atzizki horri esker, dokumentuen organo jaulkitzaileak identifikatu ahali zango dira; horrez gainera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak diru-sarreraren kontzeptu-kode bat emango dio, sarrera behar bezala kontabilizatu dadin.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian diru-bilketako organoari esleituta dauden kutxa edo kontuetan ordaindu beharko dira zorrak; edo, bestela, erregelamendu honen edo arau berezien arabera ordainketa onartzeko baimena duten organoen edo pertsonen kutxa edo kontuetan.

  2. Ordainketak jasotzeko eskumenik ez duten organoei edo horretarako baimenik ez duten pertsonei egindako ordainketek ez diote ordaintzeko betebeharra kenduko zordunari, hargatik eragotzi ordainketa bidegabe jaso duenaren erantzukizuna.

  1. Erregelamendu honen 59. artikuluan borondatezko eperako adierazita dagoen epean ordaindu beharko dira zorrak.

  2. Borondatezko epean ordaindu ez diren zorrak epe exekutiboan exijituko dira, premiamendu-prozedura administratiboaren bidez; horrela, epez kanpo ordaindutako zenbatekoak zorraren zenbateko nagusiaren konturako ordainketa gisa zenbatuko dira. Aldez aurretiko errekerimendurik gabe epez kanpo egindako aitorpen-likidazioei edo zerga-autolikidazioei dagozkien sarrerek tributuen araudi orokorrean kasu horietarako zehazten diren errekarguak izango dituzte.

  3. Ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskatu bada, titulu honen II. kapituluan xedatutakoa beteko da.

  1. Modu automatikoan gertatutako eteteek edo eskumena duen organo administratibo, ekonomiko-administratibo edo judizial batek erabakitakoek borondatezko epeko zorrei dagozkienak geldiarazi egingo dituzte horretarako finkatutako epeak. Etetea eragin zuen errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa ebatzi ostean, baldin eta erabakiak ez badu deuseztatzen edo aldatzen aurkaratutako likidazioa, erregelamendu honen 59. artikuluaren 1. apartatuko a) edo b) letran jasotako epeetan ordaindu beharko da, emandako ebazpenaren jakinarazpen-dataren arabera. Ebazpenak egintza aldatzea badakar edo prozeduraren atzeraeragina agintzen badu, erabaki hori betetzeko ematen den egintzatik ondorioztatzen den zorra epe berberetan ordaindu beharko da. Errekurtsoari edo erreklamazioari buruzko ebazpena edo egintza berria jakinaraztean, espresuki adieraziko da ordaintzeko epea.

  2. Aurreko apartatuetan adierazitakoa gorabehera, egintzaren exekuzioa etenda egon bada, bide ekonomiko-administratiboa amaitu ondoren, dirua biltzeko organoek, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea amaitu ez den bitartean, ez dituzte hasiko edo berriz hasiko premiamendu-prozeduraren jarduerak; horretarako, hasiera batean aurkeztutako bermearen indarraldiak eta eraginkortasunak ordura arte iraun beharko dute. Epe horretan interesdunak organo horri jakinarazten badio errekurtsoa aurkeztu duela, eta eteteko eskaera egin badu eta zorra ordaintzeko bermea eskaini badu, prozeduraren geldialdiari eutsi egingo zaio, administrazio-bidean jarritako bermeak indarrean dirauen artean eta eraginkorra den bitartean. Prozedura berriz hasi edo eten egingo da, organo judizialak etete-piezan hartzen duen erabakiaren arabera.

  3. Zehapen-prozeduren kasuan, ebazpena betearazlea denean, kautelaz eten ahal izango da, baldin eta interesdunak adierazten badu administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko asmoa duela. Kautelazko etete hori amaitu egingo da, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko legez aurreikusitako epea amaitu denean halakorik jarri gabe; edo errekurtsoa jarrita ere, izapide berean ebazpenaren kautelazko etetea eskatu ez denean; edo organo judizialak irizpena ematen duenean eskatutako kautelazko eteteaz, dagokion ebazpen judizialean aurreikusitako moduan.

  1. Borondatezko epean, ordainketak berezko ondorioak izan ditzan, zor guztia ordaindu beharko da. Epe exekutiboan, erregelamendu honen 80. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitakoa beteko da.

  2. Ordainketa zatikatzeko aukera eman bada, titulu honen II. kapituluan xedatutakoa beteko da.

  1. Dagokion ordainbidearen arau propioek eskatzen badute ordainketa sarrera-dokumentu zehatz batzuk erabiliz egin behar dela, beharrezko betekizuna izango da, hura onartzeko, eskatutako dokumentazioa eranstea.

  2. Zuzenbide publikoko edozein betebehar ordaintzeko, Administrazioak «Ordainketa Pasabidea» aplikazio informatikoaren bidez sortutako sarrera-dokumentu bat emango dio zergapeko pertsona edo erakundeari. Diruzaintzaren arloko sail eskuduneko titularraren agindu baten bidez ezarritako betekizunak bete beharko ditu dokumentu horrek, honako hauei dagokienez: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, haren organismo autonomoen eta zuzenbide pribatuko ente publikoen zuzenbide publikoko sarreren erregistro eta kobrantza automatizatuak. Dokumentu horrek organo kudeatzaile guztientzako gutxieneko informazio-eremu komunak izango ditu, bai eta identifikazio-kode bakar bat ere, eta datuak barra-kodeen eta zenbakien bidez adieraziko ditu.

  1. Zerga-zorrak eta zergaz bestekoak eskudirutan ordaindu beharko dira, zuzenean edo telematikoki, 11. artikuluan adierazitako tokietan.

  2. Gauzatan ordaintzea ere onartu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen hirugarren xedapen gehigarriaren arabera. Xedapen horretan aipatzen den eskaerak datu hauek bilduko ditu, nahitaez:

    1. Ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren edo erakundearen izen-abizenak, sozietate-izena edo izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga-egoitza, eta, hala badagokio, haren ordezkariarena.

    2. Zorraren identifikazioa, gutxienez hauek adierazita: zenbatekoa, kontzeptua eta borondatezko epean ordaintzeko epea noiz amaitzen den.

    3. Pertsona edo erakunde zordunak garatzen duen jarduera ekonomikoa larri kaltetu gabe dirutan ordaintzea ezinezkoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa, jarduera horren interes publikoa edo EAEko sektore publikoan sustatutako planetan edo programatan sartuta egotea, eta enpresaren bideragarritasuna.

    4. Ondasunen deskribapena eta balorazioa, eta ordainketa-modu hori onartzeko interesari buruzko txostena; bata zein bestea ondare-arloko sail eskudunak egingo ditu, edo, bestela, kultura-ondarearen arloko sail eskudunak. Txostenik ezean, haiek eskatu izanaren egiaztagiria erantsiko da.

    5. Lekua, data eta eskatzailearen sinadura.

  3. Eskudiruzko ordainketa honako modu hauetakoren baten bidez egin beharko da, ordainbide bakoitzaren araudi erregulatzailean eta 17., 18., 19. eta 20. artikuluetan xedatzen diren betekizun eta baldintzekin:

    1. Legezko dirua, eskudiruzko sarrera baten bidez edo kobratzeko dokumentua aurkezten den erakundearen kontuan zordunduta.

    2. Txekea.

    3. Finantza-erakundeen zordunketa- edo kreditu-txartelak.

    4. Banku-transferentzia.

    5. Banku-helbideratzea.

    6. Diruzaintza-arloan eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez baimentzen den beste edozein.

  4. Administrazioak bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera sustatuko du ordainketak egiteko, erregelamendu honen aurreikuspenen garapenean ezartzen diren betekizun eta baldintzekin bat. Zuzenbide publikoko sarreren ordainketa online egitea ordainketa-pasabidearen bitartez borondatezkoa izango da pertsona fisikoentzat.

Legezko diruz ordaindu ahal izango dira zor guztiak, honako hauek gorabehera: ordainketa jasoko duen diru-bilketako organoa, zein diru-bilketa epetan egiten den eta zorraren zenbatekoa.

  1. Arau bereziren batek kontrakoa adierazi ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kutxetan eta kontuetan ordaintzeko erabiliko den txekeak merkataritza-legerian eskatutako baldintza orokorrak bete beharko ditu, eta horrez gainera:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren alde egin beharko da, inoiz ere ez entregaren aurreko bigarren eguna baino lehen.

    2. Igorlearen izen-abizenak edo sozietate-izena adierazi beharko dira, irakurtzeko moduan, sinaduraren azpian.

  2. Txekea entregatzeak, efektibo egiten bada, libratu egingo du zorduna ordaindutako kopurutik. Kasu horretan, ondorioak izango ditu dagokion kutxan edo kontuan sartu den datatik aurrera.

  3. Txekea ez bada efektibo egin kopuru osoan edo zati batean, borondatezko epea igaro ondoren, epe exekutiboari ekingo zaio ordaindu gabeko zatiari dagokionez. Txekea baliozko eran adostuta edo ziurtatuta badago, adostu edo ziurtatu zuen erakundeari exijituko zaio; bestela, zordunari exijituko zaio.

  1. Diru-bilketa kudeatzeko kreditu-erakunde laguntzaileek unean-unean onartzen dituzten txartelak izango dira egokiak ordainketak egiteko.

  2. Zordunketa- eta kreditu-txartelen bidez egin beharreko ordainketen zenbatekoaren muga erakunde emaileak txartel bakoitzari bakarka emandakoa izango da, eta gutxieneko edo gehieneko muga ekonomikoak errespetatu beharko ditu, kobrantzen kudeaketan antiekonomikotasun-, arrisku- eta kostu-irizpideei kasu eginik; hain zuzen ere, diruzaintza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduan ezartzen direnei.

  3. Ordainketa txartelen bidez egin behar dutenek sarrera-agirian jasotako zenbatekoa osorik eta batera ordaindu beharko dute, eta ezin izango dira zenbatekoak murriztu txartel horiek erabiltzeagatiko deskontuen edo bestelako arrazoien ondorioz. Erakunde laguntzaileek halako ordainketen ondoriozko komisioak jaso ahal izango dituzte, berariaz hala aurreikusten bada laguntzaren baldintzak arautzen dituen aginduan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, erregelamendu honen 6. artikuluarekin bat etorriz.

  1. Eskudirutan ordaintzeko modu gisa banku-helbideratzea erabili ahal izango da, zordun berak ordainketak ohikotasunez egiten dituenean, eta nahitaezkoa izango da ordainketa geroratuak edo zatikatuak egiteko.

  2. Helbideratzeak betekizun hauek bete beharko ditu:

    1. Kontuaren titularrak espresuki adierazi beharko dio Administrazioari, horretarako ezarritako prozeduren bidez, kontu horretan zordunduko diren ordainketen helbideratzea bere gain hartzeko nahia.

    2. Ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak espresuki jakinarazi beharko dio Administrazioari helbideratze-agindua, horretarako ezarritako prozeduren bidez.

  3. Ordaintzeko modua banku-helbideratzea denean, ordaintzeko epea amaitzean egingo da zordunketa adierazitako kontuan.

  4. Kontuko zordunketa egiten ez bada edo dagokion egunaren biharamunean egiten bada, eta horren arrazoia ezin bazaio egotzi ordaintzeko betebeharra duen pertsonari edo erakundeari, ez zaio errekargurik, ez berandutze-interesik, ez zehapenik ezarriko, hargatik eragotzi gabe sarrera ez egitearen edo berandu egitearen erantzule den erakundeari berandutze-interesak exijitzea eta likidatzea.

  1. Zor bat eskudirutan ordaindutzat joko da, zorraren zenbatekoa sartu denean ordainketa jasotzeko organo eskudunen edo pertsona baimenduen kutxetan.

  2. Ordainketa kreditu-erakundeen bidez egiten denean, sarreraren ziurtagiria zordunari emateak libratu egingo du azken hori ziurtagirian jartzen den datatik aurrera eta ziurtagirian ageri den zenbatekoagatik. Une horretatik aurrera, erakundea edo bitartekaria izango da betebeharpekoa Administrazioaren aurrean.

  3. Zordunak kreditu-erakundeari ematen dizkion ordainketa-aginduek ez dute, berez, ondoriorik Administrazioaren aurrean. Horrek ez du kentzen agindu-emaileak erakundearen aurkako egintzak abiarazi ahal izatea, erakunde horrek agindua bete ez duelako.

  1. Erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera zor bat ordaintzen duenak eskubidea izango du eginiko ordainketaren ziurtagiria jasotzeko.

  2. Kasuaren arabera, hauek izango dira ordainketa-ziurtagiriak:

    1. ordainagiriak,

    2. organo eskudunek edo ordainketa jasotzeko baimendutako erakundeek baliozkotutako edo sinatutako ordainketa-gutunak,

    3. eginiko sarrera egiaztatzeko ziurtagiriak. Zordunak Administrazioari eskatu ahal izango dizkio, eta, horrek, ziurtagiri horiek egin beharko ditu, sarreraren kontabilitate-idatzoharrari erreferentzia eginez, eta

    4. diruzaintzaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua espresuki ordainketa-ziurtagiriaren izaera eman zaion bestelako edozein dokumentu.

  3. Ordainketa-ziurtagiri orok, gutxienez, datu hauek adierazi beharko ditu:

    1. Zordunaren izen-abizenak, sozietate-izena edo izena, identifikazio fiskaleko zenbakia jasota badago, herria eta helbidea.

    2. Kontzeptua, zorraren zenbatekoa eta zein eperi dagokion.

    3. Kobrantza-data.

    4. Ziurtagiria egiten duen organoa, pertsona edo erakundea.

  4. Ordainketa-ziurtagiriak baliabide mekanikoen edo informatikoen bidez egiten badira, honen aurretik aipatu diren datuak zorduna eta ordaindutako zorra behar bezala identifikatzeko moduko gakoez edo laburdurez adieraz daitezke.

  1. Erregelamendu honek eskatutako betekizunekin eginiko ordainketak zorra azkentzen du, eta zorduna eta gainerako erantzuleak libratzen ditu.

  2. Geroagoko epemuga duen zordunketa bat ordaintzeak ez du esan nahi aurrekoak ordaindu direnik, eta ez du azkentzen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, haren organismo autonomoek eta zuzenbide pribatuko ente publikoek duten eskubidea zorpekoan daudenak jasotzeko, hargatik eragotzi gabe preskripzioak dituen ondorioak.

  1. Zorrak autonomotzat hartzen dira.

  2. Hainbat zor dituen zordunak, ordainketa egiterakoan, berak nahi duen zorrari edo zorrei egotzi ahal izango dio ordainketa.

  3. Ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakunde beraren hainbat zor pilatu badira jarraipen exekutiboa izan dutenak eta ezinezkoa bada guztiak ordaintzea, zenbait kredituren hurrenkera ezartzen duten arauak alde batera utzi gabe, zordunaren borondaterik gabe lortutako ordainketa antzinatasun handienetik txikienera ezarritako hurrenkera erabiliz aplikatuko zaie zorrei, eta, antzinatasun hori finkatzeko, zor bakoitza ordaintzeko borondatezko epearen muga-eguna hartuko da oinarritzat.

  4. Ordainketak ez badu zor guztia estaltzen, bildutako zatiagatik bakarrik azkenduko da zor hori. Ordaindu gabe geratu den zatiari dagokionez, epe exekutiboa hasiko da, bidezko errekargu eta interesekin. Premiamendu-prozeduran lortutako zenbatekoak ez badira nahikoak zor osoa kitatzeko, lehenengo prozeduraren beraren kostuak kitatu beharko dira, eta, gero, zorraren zenbateko nagusiarekin jarraitu beharko da. Ondoren, premiamendu-errekargu arrunta kitatuko da, eta, azkenik, sortutako interesak.

  5. Zorra borondatezko epean badago eta, hura amaitzean, zor osoa ordaindu ez bada edo zorra geroratzeko edo zatikatzeko eskatu ez bada, premiamendu-bideari ekingo zaio, ordaintzeko dagoen zenbatekoari dagokionez. Zorra premiamendu-bidean badago, jarduketek aurrera jarraituko dute, ordaintzeko dagoen saldoari dagokionez.

  1. Erregelamendu honetan eskatutako epeetan eta betekizunekin ez ordaintzeak premiamendu-prozedura eragingo du, ordenamendu juridikoan xedatutako ondorioekin, eta Administrazioak prozedura hori zuzenduko du ordaintzeko betebeharra duten pertsonen edo erakundeen aurka.

  2. Premiamendu-prozedura amaitutakoan oraindik ere ordaindu ez bada, kobraezintzat deklaratuko dira zordun nagusia eta erantzule solidarioa halakorik bada, eta, hala badagokio, administrazio-egintza erantzule subsidiarioaren aurka bideratuko da.

  1. Ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak eskudirutan kontsignatu ahal izango du zorraren eta, hala badagokio, kostuen zenbatekoa:

    1. Bidezko errekurtsoak edo erreklamazioak jartzen direnean, aurkaratutako egintzaren exekuzioa eteteko ondorioekin, araudi erregulatzailearen arabera.

    2. Diru-bilketako organo eskudunak edo ordainketa jasotzeko baimena duen erakundeak ez duenean onartu, bidegabeki, edo ezin duenean onartu, ezinbesteko arrazoiren batengatik. Kontsignazioak zor osoa hartzen badu eta diru-bilketako organoari jakinarazten bazaio, kontsignazioa egiten den datatik aurrera izango ditu ordainketatik libratzeko ondorioak.

  2. Kontsignazioa diruzaintzaren arloan eskumena duen sailean egin behar da, arlo horretan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera. Diru-bilketaren kudeaketa itundu egin denean, erakunde horren alde egindakoetarako eskumena duen zerbitzuan egin beharko da kontsignazioa.

  1. Kasu hauetan aplikatuko da bikoiztutako, gehiegizko edo bidegabeko sarrerak itzultzeko eskubidea onartzeko prozedura:

    1. Ordainketa bi aldiz egin denean.

    2. Sartutako zenbatekoa beharrezkoa zena baino handiagoa izan denean.

    3. Sartutako zenbatekoa ezein zorrekin bat ez datorrenean.

    4. Kobratzeko eskubidearen preskripzio-epea igaro ondoren ordaindu direnean zorren zenbatekoak.

    5. Kobrantza legez ez zegozkien exekuzio-jarduketen ondorioz gertatu denean, dela enbargaezinak diren ondasun edo eskubideak izateagatik, dela Prozedura Zibilaren Legean aurreikusitako eskala gainditu izanagatik, eta jarduketa horiek administrazio-prozedura erkidearen araudiarekin bat etorriz errebokatzen direnean.

    6. Administrazio-errekurtso edo erreklamazio ekonomiko-administratibo baten ebazpen irmoaren arabera erabakitzen denean, edo ebazpen judizial irmo bati jarraikiz.

    7. Diru-bilketako araudian edo araudi zibilean aurreikusitako beste arrazoi batzuk daudenean.

  2. Diru-bilketa kudeatzeko arloan eskumena duen sailak, zorra ordaindu den epearen arabera, bidegabeko sarreren itzulketa izapidetuko die hartzekodunei edo haien oinordekoei, ofizioz edo interesdunek eskatuta.

  3. Itzultzeko eskaera ordainketaren egiaztagiriekin batera aurkeztuko da, eta itzulketa eskatzeko eskubidea izango dute ordainketa-betebeharrak betetzean bidegabeko edo bikoiztutako sarrerak egin dituztenek, bai eta haien oinordekoek ere.

  4. Diru-sarreraren titularraren heriotzagatiko oinordetza-kasuetan, honako hauek aurkeztu beharko dira: heriotza-ziurtagiria; jaraunspena onartzeko titulua, eta kontuaren titulartasunaren banku-ziurtagiria, zeina itzulketa kobratuko duten pertsonen izenean egongo baita.

  5. Ofiziozko itzulketak izapidetzean, interesdunei eskatuko zaie itzulketa egiteko kontu-zenbakia eman dezatela. Kobrantza bikoiztua banku-helbideratzearen bidez egin bazen, itzulketa helbideratze-kontu berean egingo da. Bikoiztutako edo bidegabeko kobrantza kontu korronteetako enbargo baten ondorioz gertatu bada, itzulketa, izapide gehiagorik gabe, traba egin zen kontu berean egingo da.

  6. Bidegabeko sarrera baten ondorioz itzuli beharreko zenbatekoa honako zenbateko hauen baturak osatuko du:

    1. Bidegabe egindako diru-sarreraren zenbatekoa.

    2. Ordaindutako kostuak, bidegabeko sarrera premiamendu-prozeduran egin bada.

    3. Bidegabe sartutako kopuruen gainean galdagarria den epean indarrean dagoen berandutze-interesa, betebeharpeko pertsonak edo erakundeak eskatu beharrik izan gabe. Ondorio horietarako, berandutze-interesa sortuko da bidegabeko sarrera egin den egunetik itzulketa ordaintzeko agintzen den egunera arte.

  7. Bidegabeko sarrerak itzultzeko prozeduraren izapidetzeak urrats hauek izango ditu:

    1. eskubidea onartzeko ebazpena, eta

    2. bidegabeko sarrerari dagozkion berandutze-interesak kalkulatzea. Horretarako, formula hau erabiliko da: I = C × i × t / B.

      Non:

      I = epe bateko interesa.

      C = ordaindu beharreko zenbatekoa.

      i = aplikatutako interes-tasa, bateko hainbestean.

      B = oinarria: 365 (366 bisurteetan).

      Denbora (t) interesak zenbatzen hasten diren egunaren eta amaieraren arteko aldea da.

  8. Itzuli beharreko sarrera horiei zorren konpentsazioari buruzko guztia aplikatuko zaie.

  1. Zorraren ordainketa geroratu edo zatikatu ahal izango da, bai borondatezko epean bai epe exekutiboan, betebeharpeko pertsonak edo erakundeak aldez aurretik hala eskatuta, baldin eta bere egoera ekonomiko-finantzarioak, Administrazioaren iritziaren arabera, behin-behinean zorrak ordaintzea eragozten badio. Aurrekoa gorabehera, ezin izango da geroratu edo zatikatu trafiko-isunen ordainketa borondatezko epean.

  2. Ordainketa zatikatzea, geroratzeko modalitate gisa, ordainketa zatikatzeari aplikatu beharreko arauek eraenduko dute bereziki araututa ez dagoen guztian.

  3. Ordaintzeko nahitaezko modalitatea, geroratze edo zatikatze kasuetan, banku-helbideratzea izango da.

  4. Ordaintzeko atzeratzen diren zenbatekoek, hala badagokio premiamendu-errekargua kenduta, erregelamendu honen 42. artikuluaren arabera legez ezarritako berandutze-interesa sortuko dute.

  5. Muga-eguna igaro eta ez badira ordaindu geroratutako edo zatikatutako zenbatekoak, ondorioak erregelamendu honen 46. artikuluan ezarritakoak izango dira.

  1. Zorrak geroratzeko eskaerak izapidetzea eta ebaztea diruzaintzaren arloan eskumena duen sailari dagokio, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek duten zehatzeko ahalari buruzko legerian ondorio horietarako xedatuta dagoena.

  2. Diru-bilketaren kudeaketa kanpoko erakunde batekin itundu bada, erakunde horri dagokio geroratze-eskaerak izapidetzea eta ebaztea, baldin eta hala hitzartu bada.

  1. Oro har, diruzaintzaren arloan eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez ezarritako zenbatekoa gainditzen duten zorren kasuan, geroratzea eraginkorra izan dadin, kreditu-erakundearen edo elkar bermatzeko sozietatearen abal solidario gisako bermea edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria eratu beharko da, salbu eta zorduna lurralde-administrazio publiko bat edo zuzenbide publikoko ente bat bada.

  2. Justifikatzen bada abal edo ziurtagiri hori lortzea ezinezkoa dela edo horrekin enpresa baten bideragarritasuna arriskuan jartzen dela, berme hauetakoren bat onartu ahal izango da:

    1. Higiezinen edo higigarrien hipoteka.

    2. Bahia, lekualdaketarekin edo lekualdaketarik gabe.

    3. Fidantza pertsonal edo solidarioa, edo

    4. Nahikotzat jotzen den beste edozein.

  3. Abala edo kauzio-asegurua ez den beste berme bat jartzeko aurkeztutako justifikazioa nahikotzat jotzen ez bada, geroratzea izapidetzeko eskumena duen organoak eskatzaileari jakinaraziko dio hori, eta izapidea emango dio konpromiso errebokaezina edo abal edo poliza irmoa aurkez dezan, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela.

  4. Zorraren zenbateko nagusia eta geroratzeak sortzen dituen berandutze-interesak estaliko ditu bermeak, gehi bi partiden baturaren % 20. Zatikatzearen kasuan, epe baterako edo batzuetarako berme partzialak aurkeztu ahal izango dira, honako hauek estaltzeko: dagokion zatikia eta sortzen dituen berandutze-interesak, gehi % 20.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruz indarrean dagoen araudian onartutako eredua bete beharko du abalak, erregelamendu honen edukira egokitzeko beharrezko aldaketak eginda. Eredu hori betetzen ez duten abalen ordez, abal egokiak jarri ahal izango dira zuzenketa-izapidean.

  2. Abal baten bidez gauzatutako bermeek betekizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Abalak solidarioa izan behar du zordun nagusiarekiko; lehenengo errekerimenduan ordaintzekoa izan behar du, eta espresuki uko egin behar die eskusio-, zatiketa- eta hurrenkera-onurei.

    2. Iraupen mugagabea izan beharko du, edo, gutxienez, geroratzeko adierazitako epea gehi sei hilabetekoa.

    3. Abaldunaren izen-abizenak edo, hala badagokio, sozietate-izena eta IFZ bat etorri beharko dira zatikatutako edo geroratutako zorraren titularrarenekin.

    4. Abalaren xede den zorra identifikatzea.

    5. Abalaren onuraduna diruzaintzaren arloan eskumena duen saila izango da.

Kauzio-aseguruaren bidezko bermearen modalitatea erabili ahal izango da, baldin eta Aseguruen Zuzendaritza Nagusiak baimendutako aseguru-entitate batek ematen badu, eta kauzio-aseguruaren kontratu horrek ezaugarri hauek izango ditu:

  1. Bermea ematera behartuta dagoen pertsona edo erakundea aseguru-hartzailea izango da, eta, Administrazioa, berriz, aseguratua.

  2. Honako inguruabar hauek berariaz jaso beharko dira:

    1. Aseguru-entitateak ezingo dio aurkaratu ebazteko eskumena duen organoari hartzaileak prima ez ordaintzea, ez eta harekiko harremanetik eratorritako beste edozein salbuespen ere.

    2. Prima ez ordaintzeak bakarra izan, lehenbizikoa izan edo ondorengoak izan ez dio aseguratzaileari eskubiderik emango kontratua suntsiarazteko; asegurua ez da azkenduko, aseguruaren babesa ez da etengo, eta aseguratzailea ez da aske geratuko bermea ordaintzeko betebeharretik, berak ordaindu behar badu bermea.

    3. Aseguru-kontratuaren iraupena bat etorriko da bermatutako betebeharraren iraupenarekin.

  1. Geroratzeak ebaztea diruzaintzaren arloan eskumena duen sailari badagokio, orduan, ondarearen arloan eskumena duen organoari dagokio besteren gauzaren gaineko eskubide errealak dituzten bermeak onartzea eta berme horiek ekonomikoki eta juridikoki nahikoak diren aztertzea. Fede-emaile publikoaren aurrean egingo du hori, edo, bestela, administrazio-agiri baten bidez. Agiri hori, hala badagokio, kasuan kasuko erregistro publikoetako arduradunei bidaliko zaie, agiriaren edukia erregistroetan jasota gera dadin.

  2. Ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzak, aurkeztu den dokumentazioa ikusita, txosten espezifikoa egingo du, eta, txosten horretan, zordunak proposatutako berme errealak estaltzen duen zenbatekoa kuantifikatuko du.

  1. Aseguramendu-bide tradizionalen gehiegizko kostuak zordunari kalte egin diezaiokeenean eta jarduera ekonomikoaren bideragarritasuna arrisku larrian jar dezakeenean, zordunak, kautelazko neurri gisa, bere ondasunetako baten prebentziozko enbargoa eskatu ahal izango du, dagokion Jabetza Erregistroan idatzoharra eginez.

  2. Kautelazko neurri hori hartzeko eskaera idatziz egingo da, eta, geroratzea edo zatikatzea betetzen ez bada, zorra kobratuko dela ziurtatzeko gaitasunaren eta betearazpenaren ikuspegitik egokia den aztertu beharko da. Eskaera onartuz gero, zordunaren kontura izango dira hura hartzeko sortutako gastuak.

  3. Organo eskudunak kautelazko neurria onartu ahal izateko, nahitaezkoa izango da prebentziozko enbargoa dagokion erregistroan inskribatuta egotea aurretiaz. Horretarako, errekerimendua egingo zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamabost egun balioduneko epe luzaezinean dagokion erregistro-egiaztagiria aurkez dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, kautelazko neurriak hartzeko eskaera ukatzea proposatuko dela. Geroratzea ebazteko eskumena duen organoaren balorazioa kontrakoa bada, eskaera ukatzeko proposamena egingo da.

  4. Halakoetan, geroratzearen indarraldi osoan eutsiko zaie kautelazko neurriei.

Bermea eratzetik erabat edo partzialki dispentsatu ahal izango da honako kasu hauetan:

  1. Ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak zorra bermatzeko behar adina ondasunik ez badu eta haren ondarea exekutatzeak nabarmen eragin badiezaieke kasuan kasuko jarduera ekonomikoaren ekoizpen-ahalmenari eta enplegu-mailari, edo kalte larriak eragin badiezazkieke Ogasun Publikoaren interesei, betiere geroratzea ebazteko eskumena duen organoaren aholkularitza juridikoaren aldeko txostena jaso ondoren. Txosten horrek argi eta garbi egiaztatuko du, batetik, ez dagoela nahikoa ondasunik berme gisa aurkezteko, eta, bestetik, ondarea exekutatuz gero, horrek eragina izango lukeela zatikatzea eskatu duen enpresaren ekoizpen-ahalmenean eta enplegu-mailan.

  2. Salbuespenezko inguruabarrek justifikatzen dutenean eta horiek espedientean egiaztatuta daudenean, geroratzea ebazteko eskumena duen organoko aholkularitza juridikoaren aldeko txostena jaso ondoren, salbuespenezko inguruabar horiek badaudela justifikatzeko.

  3. Ordainketa zatikatzeko eskaerek hileko epemuga dutenean, zorren zenbateko osoa 500.000 eurokoa edo txikiagoa denean, zatikatzeko epea urtebetekoa edo laburragoa denean eta eskatzaileak, eskaera egitean, zatikatu beharreko zorraren ehuneko 20 gutxienez ordaintzen duenean.

  1. Ondasun enbargatuak besterentzeko erabakiaren aurreko edozein unetan aurkeztu ahal izango da geroratzeko eskaera, premiamendu-prozeduraren barruan. Premiamenduzkoa ez den hipoteka exekutatzeko prozedura bat bideratzen ari denean, geroratze-eskaera enkanterako deialdia egin aurretik aurkeztu ahal izango da.

  2. Geroratzeko eskaerak aurkezteko, diru-bilketako organoak emango duen eredu normalizatua bete beharko da. Eredu hori interesdunen eskura dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan, eta datu hauek jaso beharko ditu nahitaez:

    1. Ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren edo erakundearen izen-abizenak, sozietate-izena edo izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga-egoitza, eta, hala badagokio, haren ordezkariarena egiaztatu egin beharko da.

    2. Geroratzeko edo zatikatzeko eskatzen den zorraren identifikazioa, gutxienez hauek adierazita: zenbatekoa, kontzeptua eta borondatez ordaintzeko epea noiz amaitzen den.

    3. Geroratzeko edo zatikatzeko eskaera eragin duten arrazoiak.

    4. Eskatzen den geroratzearen edo zatikatzearen epeak eta gainerako baldintzak.

    5. Telefono mugikorraren zenbaki bat edo helbide elektroniko bat, zeinetara interesdunari bidaliko baitzaizkio geroratzeari edo zatikatzeari buruzko izapide hutseko komunikazioak, bai eta eskatzailearen zerga- eta ondare-datuak biltzeko berariazko baimena ere, zorra geroratzeko edo zatikatzeko eskaera eragin duen ordaintzeko zailtasun iragankorreko egoera zehazteko.

    6. Hala badagokio, eskaintzen den bermea.

    7. Banku-helbideratzearen agindua, zordunketa egin behar den kontuaren IBAN kodea adierazita.

    8. Data eta eskatzailearen sinadura.

  3. Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

    1. kreditu-erakundearen edo elkar bermatzeko sozietatearen abal solidarioaren edo kauzio-aseguruaren ziurtagiriaren konpromiso errebokaezina,

    2. kreditu-erakunde baten edo elkar bermatzeko sozietate baten abala edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria ez den bermea onartzeko eskatzen denean, honako agiri hauek aurkeztuko dira geroratze- edo zatikatze-eskaerarekin batera:

      1. Abala edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria lortzea ezinezkoa izan dela dioen erantzukizunpeko adierazpena eta hori agiri bidez justifikatzea, hura lortzeko egin diren kudeaketak jasota. Ondorio horietarako, interesdunak jardun ohi duen kreditu- edo kauzio-erakundeetako batek gutxienez egindako txosten negatiboa eskatuko da.

      2. Berme gisa eskainitako ondasunen balorazioa, enpresa edo profesional espezializatu eta independenteek egina. Ondasun mota jakin baten balorazioan espezializatutako enpresen edo profesionalen erregistro bat dagoenean, tasazioa, ahal dela, erregistro horretan inskribatutako pertsona fisiko edo juridiko batek egin beharko du. Berme gisa eskaintzen diren ondasun higigarri edo higiezinen tasazio-txostena edo -ziurtagiria 6 hilabetera iraungiko da, egiten den datatik kontatzen hasita, salbu eta bertan iraungitze-epe laburragoa adierazten bada. Sei hilabetetik gorako eta lau urtetik beherako antzinatasuna duten tasazioen kasuan, nahikoa izango da tasazioa eguneratzea.

      3. Eskainitako bermea higiezinen hipoteka bada, aipatutako balorazioarekin batera ondasunei dagozkien jabetzaren eta zamen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko da, Jabetza Erregistroak emana, eta, hipoteka-kredituen kasuan, finantza-erakundearen ziurtagiri eguneratua, amortizatzeko dagoen zenbatekoari buruzkoa, edo ordaintzeko dagoen zenbatekoa adierazten duen azken hiru ordainagirien kopia, mailegua amortizatzeko falta den hilabete-kopuruarekin batera.

      4. Eskainitako bermea ondasun higigarrien hipoteka edo bahia bada, aipatutako balorazioaz gain, hauek aurkeztuko dira: eskainitako ondasun edo eskubideen ezaugarrien xehetasuna, horien zerrenda eta non dauden, ondasunak eskuratu izanaren faktura eta eskubideen balioa, beste berme bati lotuta edo konprometituta ez daudela dioen adierazpena eta Ondasun Higigarrien Erregistroaren ziurtagiria, ondasunak kargatuta eta inskribatuta dauden adierazita.

      5. Eskainitako bermea fidantza pertsonal eta solidarioa bada, kaudimen ekonomiko nahikoa duen pertsona fisiko edo juridiko baten edo batzuen fidantza-konpromisoa, zeinak egunean izan behar baititu zerga-betebeharrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoarekiko betebeharrak. Kaudimena egiaztatzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aurkeztutako azken aitorpena hartuko da kontuan, eta, hala badagokio, ondarearen gaineko zergarena, edo, pertsona juridikoa bada, sozietateen gaineko zergarena. Abal-emaileak pertsona fisikoak badira, gainera, enplegu-harremana dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatu ahal izango da, eta, pertsona juridikoak badira, haien ibilgetua osatzen duten ondasun guztien xehetasuna.

      6. Itxitako azken ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua eta auditoretza-txostena, halakorik badago, legez kontabilitatea eramatera behartuta dauden enpresaburuen edo profesionalen kasuan.

    3. bermearen dispentsa osoa edo partziala eskatzen denean, aurreko apartatuan aipatutako agiriez gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira eskaerarekin batera:

      1. Erantzukizunpeko adierazpena eta agiri bidezko justifikazioa, ondasunik ez duela edo berme gisa eskainitakoez gaiz bestelakorik ez duela adierazten duena.

      2. Azken hiru urteetako balantzea eta emaitzen kontua eta auditoretza-txostena, halakorik badago, legez kontabilitatea eramatera behartuta dauden enpresaburuen edo profesionalen kasuan.

      3. Bideragarritasun-plana eta eskatutako geroratzea edo zatikatzea betetzeko aukera justifikatzen duen beste edozein informazio.

    4. ebazpena emateko egokitzat jotzen denean, geroratzeko edo zatikatzeko eskaera ebazteko beharrezkotzat hartzen den informazioa eta dokumentazioa eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari, eta

    5. enpresaburu edo profesional diren eskatzaileen betebeharra izango da merkataritza-legeriaren arabera nahitaez aurkeztu behar duten dokumentazioa aurkeztea, likideziarik ezaren egoera hori adierazteko. Jarduera ekonomikorik egiten ez duten partikularren kasuan, ekonomia-, finantza- eta ondare-arloko garrantzia duen edozein agiri aurkeztu beharko dute.

  1. Eskaeran edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ikusten bada zuzendu beharreko akatsen bat dagoela edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela, interesdunari errekerimendua egingo zaio, eta hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, atzemandako akatsak zuzen ditzan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan. Halaber, adieraziko zaio errekerimenduari adierazitako epean erantzuten ez badio, eskaera ez duela aurkeztu ulertuko dela. Ondorioz, eskaera artxibatu egingo da, bestelako izapiderik gabe.

  2. Ordaintzeko borondatezko epean aurkeztu bada geroratze- edo zatikatze-eskaera, eta zuzentzeko errekerimenduari erantzuteko epea borondatezko epean ordaintzekoa baino geroago amaitzen bada eta errekerimenduari erantzuten ez bazaio, premiamendu-prozedura hasiko da, dagokion premiamendu-probidentzia jakinaraziz.

  3. Interesdunak epe barruan erantzun badio zuzentzeko errekerimenduari baina akatsak zuzendu ez direla ondorioztatu bada, ukatu egingo zaio geroratu edo zatikatzeko eskaera.

  1. Borondatezko epean geroratze- edo zatikatze-eskaera aurkeztuz gero, ezingo da epe exekutiboa hasi. Horretarako, eskaera jaso ondoren, kobrantza-akzioa berehala etengo da, eta hori espedientean jasoko da. Geroratze- edo zatikatze-eskaera epe exekutiboan aurkezten bada, kobrantza-jarduketak ez dira etengo prozedura amaitu arte, salbu eta hura emateko organo eskudunak uste badu behar beste arrazoi dagoela kobrantza-jarduketak kautelaz etetea justifikatzeko. Hori guztia espedientean arrazoitu behar da.

  2. Zorraren zenbatekoa dela-eta bermea jartzea nahitaezkoa duten espedienteak ebazteko, betiere balizko dispentsa alde batera utzita, horiek ebazteko eskumena duen organoak zera ebaluatuko du: ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundearen zailtasun ekonomiko-finantzarioak iragankorrak diren ala ez. Zailtasun iragankortzat joko da baliabide likido nahikorik ez izatea koiunturazko egoera, ez egiturazkoa eta, horren ondorioz, ordainketa-betebeharrak ezarrita dauden epeetan ezin kitatzea.

  1. Espedientearen konplexutasunaren ondorioz eskaeraren ebazpena atzeratu badaiteke, geroratzea ebazteko eskumena duen organoak behin-behineko ordainketa-egutegi bat ezartzea baloratuko du, dagokion erabakia hartu arte.

  2. Ordainketen behin-behineko egutegiak 6 hilabeteko iraupena izango du, gehienez ere, jakinarazten den egunetik aurrera. Hileko ordainketak ezarriko dira, eta epemuga hurrengo hilaren 5ean edo 20an izango dute. Zordunari jakinaraziko zaio, egutegi hori ezartzeko arrazoiak eta ez-betetzearen ondorioak adierazita. Era berean, adieraziko zaio ezen, izapide-egintza bat denez, ezin dela jarri haren aurkako errekurtsorik edo erreklamaziorik, hargatik eragotzi gabe bere garaian emango den ebazpenaren aurka jar daitezkeenak.

  3. Geroratzea ebazteko eskumena duen organoak berehala aplikatuko du ordainketen zenbatekoa, zor nagusiaren konturako sarrera gisa. Ordainketen behin-behineko egutegia ondoriorik gabe geratu eta gero, dagozkion etendura-interesak likidatu eta jakinaraziko dira.

Geroratze-eskaera bat aurkezten denean, ebazteko eskumena duen organoak uste badu diru-bilketako arriskua dagoela, egokitzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu geroratzea izapidetzen ari den bitartean zorra kobratuko dela bermatzeko, hargatik eragotzi gabe egindako eskaerari dagokionez eman daitekeen ebazpena, hura izapidetzen ari den bitartean.

Horretarako, besteak beste, honako neurri hauek agindu ahal izango dira: Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zordunari egin beharreko ordainketak kautelaz atxikitzea edo dagozkion erregistro publikoetan zordunaren ondasunak prebentzioz enbargatzeko idatzoharra egitea. Neurri horiek behin betikoak izan daitezke premiamendu-prozeduraren esparruan.

  1. Prozedura modu hauetako batean amaituko da: eskaera ez onartuta, artxibatuta, ukatuta edo baietsita.

  2. Eskaera ez onartzea. Aurkezten diren geroratze- edo zatikatze-eskaerak aldez aurretik ukatu diren beste eskaera batzuen errepikapenak badira, eskaera horiek ez dira onartuko, baldin eta ez badute funtsezko aldaketarik aurrez ukatutako eskaerarekin alderatuta, eta, bereziki, diruzaintzaren arloko zuzendaritza eskudunaren iritziz errepikatze horren helburua bada diru-bilketaren kudeaketa luzatzea, zailtzea edo eragoztea. Eskaera onartzen ez bada, geroratzea edo zatikatzea ez dela aurkeztu ulertuko da ondorio guztietarako, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Orobat, horrek zer ondorio dituen ohartaraziko zaio, eta azalduko zaio horren aurka berraztertze-errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkez dezakeela Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegian.

  3. Eskaera artxibatzea. Interesdunak ez badio erantzuten erregelamendu honen 37. artikuluko baldintzetan egindako zuzenketa-errekerimenduari, eskaera ez duela aurkeztu joko da, eta, bestelako izapiderik gabe, artxibatuko da. Nolanahi ere, izapidetzeko eskumena duen organoak, dituen ahalmenez baliatuta, beste edozein dokumentazio osagarri aurkezteko eskatzen badio ordaintzeko betebeharra duenari, betiere erregelamenduz nahitaezkoa ez den dokumentazioa bada, errekerimendu hori ez betetzeak edo horri ez erantzuteak ez du ekarriko eskaera artxibatzea; aitzitik, hala badagokio, Administrazioak bere esku dituen datuetan oinarrituta eskaera ebazteko duen betebeharretik erator daitezkeen ondorioak soilik izango ditu.

  4. Eskaera ukatzea. Kasu hauetan, ebazteko eskumena duen organoak geroratze- edo zatikatze-eskaerak ukatu ahal izango ditu:

    1. baietsitako geroratze- edo zatikatze-eskaera errepikatuak, behar bezala oinarrituak ez badaude eta helburu bakarra betebeharra betetzea atzeratzea bada,

    2. onartutako geroratzeak behin eta berriz bete ez dituzten zordunek aurkeztutako eskaerak, edo bermeak formalizatu ez dituztenek aurkeztutakoak,

    3. eskatzailearen errenta erabilgarriarekin alderatuta oso zenbateko txikia duten zorrei dagozkien eskaerak, eta betiere 100 eurotik beherakoak,

    4. finantza-egoerari dagokionez oinarririk ez duten eskaera lauso eta zehaztugabeak,

    5. egiturazko zailtasun ekonomiko-finantzarioak dituzten eskaerak,

    6. interesdunak eskaeran behar bezala ez justifikatzea, errekerimendua egin ondoren, ezin duela eskaini kreditu-erakundearen edo elkar bermatzeko sozietatearen abal solidariorik edo kauzio-aseguruaren ziurtagiririk, edota ez erantzutea berme osagarria aurkezteko errekerimenduari,

    7. dispentsa duten geroratze- edo zatikatze-eskaerak, baldin eta, ondasunak egonik eta errekerimenduaren ondoren, eskatzaileak bermerik aurkezten ez badu,

    8. borondatezko epeko eskaerak, baldin eta ordaintzeko betebeharra duten pertsonak edo erakundeak etendura, geroratze edo zatikatzerik izan gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zordunak badira epe exekutiboko zordunketengatik, eta

    9. epe exekutiboko eskaerak, baldin eta ordaintzeko betebeharra duten pertsonak etendura, geroratze edo zatikatzerik izan gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zordunak badira eskaeran jasotakoak baino zordunketa gehiagorengatik, epe exekutibokoak betiere.

  5. Eskaera baiestea. Eskatzaileak alegatutako inguruabarrak aztertu ondoren uste bada eskaera baietsi egin behar dela, ordainketen geroratzeak eta zatikatzeak onartzen dituzten ebazpenetan zehaztuko dira horien epeak, zenbatekoak eta gainerako baldintzak, bai eta bermea eratzen ez bada edo ordaintzen ez bada sortuko diren ondorioak eta interesen kalkulua ere. Ebazpen horrek eskatutakoez bestelako epeak eta baldintzak zehaztu ahal izango ditu, eta haren edukiak honako irizpide hauek bete beharko ditu:

    1. Geroratzeak, guztira, ezin izango du bost urte baino gehiago iraun, behar bezala egiaztatutako ezohiko kausak daudenean izan ezik.

    2. Gabealdiak ematea salbuespenezkoa izango da, eta, edonola ere, ezin izango dira 3 hilabete baino gehiagokoak izan, geroratzeko erabakia hartzen denetik kontatzen hasita.

    3. Ordainketa-kuotak konstanteak izango dira. Hala ere, diru-bilketako organoak beharrezkotzat jotzen badu kuota ez-konstanteak ezartzea, baldintza hau bete beharko da: geroratze- edo zatikatze-erabakian emandako epearen erdia igaro ondoren, ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak erabakian jasotako zorraren zenbateko osoaren % 50 ordainduta izan beharko du gutxienez.

    4. Zatikatzeetan, zatikiak nagusiki hilero ordainduko dira, hilaren 5ean edo 20an.

    5. Emandako epeak ezin du inola ere gainditu interesdunak proposatutakoa.

  1. Ordainketak geroratzen edo zatikatzen badira, zenbateko horiek epe exekutiboko errekarguak kenduta, hala badagokio zergen berandutze-interesa, diruaren legezko interesa edo dirulaguntzen arloko legeriaren interes espezifikoa sortuko dute, aplikatu behar den Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz, kontuan hartuta zerga-zorrak, zergaz kanpoko zorrak edo dirulaguntzak itzultzekoak diren, hurrenez hurren. Interes horiek egunero sortzen dira, kapitalizazio sinplearen arauei jarraituz, eta honako apartatu hauen arabera kalkulatuko dira:

    1. Ematen bada:

      1. Geroratzea ematen bada, geroratutako zorraren gaineko berandutze-interesak kalkulatuko dira, denbora-tarte honi dagokionez: borondatezko epea amaitzen den egunaren biharamunetik, emandako geroratze-epea amaitzen den egunera arte. Geroratzea epe exekutiboan eskatu bada, interesak kalkulatzeko oinarriak ez du barnean hartuko dagokion epe exekutiboko errekargua.

      2. Zor-zatiki bakoitzeko berandutze-interesak kalkulatuko dira. Borondatezko epean eskatu bada, zatiki bakoitzeko sortutako interesak zenbatuko dira, borondatezko epea amaitu eta biharamunetik, emandako epeak amaitu arte. Zatikatzea epe exekutiboan eskatu bada, interesak kalkulatzeko oinarriak ez du barnean hartuko dagokion epe exekutiboko errekargua.

    2. Zorrak geroratzea edo zatikatzea ukatzen bada:

      1. Borondatezko epean eskatu bada, berandutze-interesak likidatuko dira borondatezko epea amaitzen denetik ukatzeko ebazpena ematen den egunera arte igarotako aldiagatik.

      2. Epe exekutiboan eskatu bada, ordainketa egin ondoren likidatuko dira interesak.

    3. Geroratzea edo zatikatzea izapidetzean, interesdunak edozein unetan ordainketak egiten baditu organo izapidegileak edo interesdunak berak proposatutako egutegi baten arabera, diru-sarrera horiek zorraren zenbateko nagusia kitatzeari egotziko zaizkio.

  2. Interesa sortzen den aldian indarrean dagoena izango da aplikatu beharreko tasa. Geroratzea edo zatikatzea indarrean dagoen bitartean interes-tasa aldatzen bada urteko aurrekontu-legeek egindako aldaketen arabera, mugaeguneratu gabe dauden epeen interesak berriro kalkulatuko dira, erreferentzia gisa hartuta aldaketa hori indarrean jarri den data eta epemuga horien datak. Horrenbestez, indarrean dagoen tasa berria aplikatuko da, eta, hala badagokio, dagozkion doikuntzak egingo dira. Interesdunari horren berri emango zaio, zatikatzea emateko erabakiaren jakinarazpenean.

  3. Aritmetikoki, interesen zenbatekoa formula hau erabiliz kalkulatuko da: kalkulu-oinarria edo zati zatikatua x interesaren % x /365 (366 bisurteetan).

  1. Behin erabakia harturik, interesdunak eskaeran adierazitako helbidera bidaliko da jakinarazpena, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40.2 artikuluarekin.

  2. Ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskaera sail eskudunaren erregistroan sartzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat joko da, eta dagokion errekurtsoa abiarazi hala izango da, hargatik eragotzi gabe prozedura espresuki ebazteko eginbeharra.

    Jakinarazpenean, erabakiaren testu osoa ez ezik, honako hauek ere jasoko dira:

    1. Ebazpena ematekoa edo ukatzekoa izan, ebazpenaren aurka jar daitezkeen errekurtsoak eta horretarako ezarritako epeak adieraziko dira beti, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

    2. Emateko erabakia bada, erregelamendu honen 41.5 artikuluan adierazitako alderdi guztiak eta epe edo zatiki bakoitzaren berandutze-interesen likidazioa. Era berean, adieraziko da bermea epe barruan ez formalizatzeak eta erabakian jasotako epemugetako edozein ez ordaintzeak zer ondorio izango dituen.

    3. Ebazpenak eskaera ukatzen badu, interesen likidazioaz gain, ordainketa adierazitako epeetan egin beharko dela jakinaraziko da.

  1. Bermeak beren izaera juridikoaren arabera formalizatu beharko dira, eta zuzenbide zibil, merkataritza-zuzenbide edo administrazio-zuzenbideko arauek ezartzen dituzten irismen, forma eta edukiekin egin beharko dira, kasuaren arabera. Bi hilabeteko epean formalizatu beharko dira, geroratzea edo zatikatzea emateko erabakia jakinarazten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta bermeak formalizatzea beharrezkoa izango da geroratzeak edo zatikatzeak eragina izan dezan.

  2. Ezarritako epe horretan bermea formalizatzen ez bada erabakia horren baldintzapean dago, erabakia ondoriorik gabe geratuko da. Emandako epea betetzen ez bada, automatikoki irekiko da epe exekutiboa.

  3. Bermeak formalizatzeko epea amaitu eta hurrengo egunean hasiko da epe exekutiboa; premiamendu-prozedura hasi beharko da, eta zorraren zenbateko nagusia eta epe exekutiboko errekargua ordaindu beharko dira. Borondatezko epean ordaintzeko epea mugaeguneratu eta hurrengo egunetik aurrera eta bermeak formalizatzeko epea amaitu arte sortu diren berandutze-interesak likidatuko dira.

  1. Organo eskudunak, geroratzea eskatu zen unearen arabera, geroratutako zorra biltzeko egiaztatu beharko du geroratzea ematerakoan adierazi ziren ordainketa-baldintzak betetzen direla.

  2. Geroratze bermedunak betetzen ez badira, egoera hori jakinaraziko zaio organo emaileari.

  1. Geroratzeetan, emandako epea igaro eta ordaintzen ez bada, honela jokatuko da:

    1. Borondatezko epean eskatu bada, premiamendu-prozeduraren bidez exijituko dira geroratutako zorra eta dagozkion interesak eta errekargua.

    2. Geroratzea epe exekutiboan eskatu bada, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da, eta, lehenik eta behin, dagoen bermea exekutatuko da.

  2. Ordainketen zatikatzeetan, epeetako baten epemuga iritsita ordainketa egiten ez bada, honela jokatuko da:

    1. Zatikatzea borondatezko epean eskatu bada, premiamendu-prozedura hasteko jarduketak egingo dira, ordaindu gabeko zatikiari dagokionez, sortutako interesekin eta errekarguarekin. Bigarren zatiki bat ordaintzen ez bada, ordaindu gabe dauden zatikiak aurretiaz mugaeguneratuko dira. Bigarren ez-betetzearen berri izatean, ordaindu gabeko lehenengo zatikiaren premiamendu-prozedura hasteko jarduketak egin ez badira, jarduketa horiek batera egin ahal izango dira.

    2. Zatikatzea epe exekutiboan eskatu bada, premiamendu-prozedurarekin jarraituko da ordaindu gabe dagoen zor guztiagatik, eta, lehenik eta behin, dagoen bermea exekutatuko da.

    3. Aurrekoaren ondorioz ordaindu gabe dauden zatikiak aurretiaz mugaeguneratzen badira, horiei dagozkien interesak, emandako epeen gainean aldez aurretik kalkulatuak, deuseztatu egingo dira, eta aurreko 42. artikuluan ezarritako kasu eta moduetan likidatuko dira.

  3. Ordainketa-zatikatzeetan epe bakoitzerako berme partzial eta independenteak eratu badira, honela jokatuko da:

    1. Zatikatzea borondatezko epean eskatu bada, zatiki baten ordainketa ez betetzeak premiamendu-prozedura hastea ekarriko du, betiere soilik zatiki horri dagokionez eta horri lotutako berandutze-interesekin eta errekarguarekin.

    2. Zatikatzea epe exekutiboan eskatu bada, berehala exekutatuko dira ordaindu gabeko zatikiari dagokion bermea gehi dagozkion berandutze-interesak eta errekargua.

    3. Bi kasuetan, zatikatzearen gainerakoa eman zen moduan mantenduko da.

  1. Zordunak emandako geroratzearen baldintzak aldatzeko eskatu arren, hasierako baldintzak bete behar ditu, horiek aldatzeko ebazpena ematen ez den bitartean.

  2. Hasierako ebazpena emateko eskumena duen organoari dagokio aukerako eskaera horiek izapidetzea eta ebaztea.

  3. Geroratzea emateko ebazpenean jasotako epeak eta interesak ofizioz aldatuko dira, ebazpena lehenengo epea mugaeguneratu baino lehen jakinarazi ez bada.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo haren organismo autonomoen aldeko zorrak borondatezko epean zein epe exekutiboan egon guztiz edo zati batean azkendu ahal izango dira konpentsazio bidez, Administrazio hartzekodunak zordunaren alde aitortutako kredituekin, zenbateko mugaeguneratu, likido eta galdagarri batean.

  2. Zordun baten betebeharra deklaratzen duen ebazpen bat edo likidazio bat zeinaren zenbatekoa guztiz edo zati batean ordaindu baita deuseztatu eta beste batekin ordezten denean, zorra gutxitu ahal izango da, aldez aurretik ordaindutako kopurua bezainbeste.

Zordunaren aldeko kredituaren ondoriozko ordainketa-agindua emateko eskumena duen organoak emango du zorra konpentsatzeari buruzko ebazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari aplikatu beharreko araudian eta araudi organikoan ezarritakoaren arabera.

  1. Zuzenbide pribatuaren pean ez dauden beste administrazio eta erakunde publiko batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekin edo haren organismo autonomoekin dituzten zor irmo eta mugaeguneratuen kasuan, zor horiek osorik edo zati batean konpentsazio bidez kobratu ahal izango dira, borondatez ordaintzeko epea igaro eta gero.

  2. Aurreko apartatuan aipatutako erakunde publikoen zorrak azkentzeko bitarteko gisa konpentsazioa aplikatu ezin denean erakunde horiek ez dutelako krediturik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo haren organismo autonomoen aurka, premiamendu-bidea aplikatuko da haien zorrak ordainarazteko, eta ondasunak enbargatzeko aukera egongo da, salbu eta jabari publikokoak eta erabilera edo zerbitzu publiko bati lotuta dauden ondare-ondasunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo haren organismo autonomoen zordun bat aurreko artikuluan aipatzen ez dena aldi berean haren hartzekodun ere bada, kreditu aitortu bat duelako, orduan, borondatezko epea igarotakoan, zorra ofizioz konpentsatuko da kredituarekin, errekargua eta, hala badagokio, dagozkion berandutze-interesak barnean direla.

  1. Bere alde kreditu bat aitortuta duen zordunak zorra konpentsatzeko eskatu ahal izango du, ebazteko eskumena duen organoari idazki bat bidalita, honako betekizun hauekin:

    1. Ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren edo erakundearen izen-abizenak, sozietate-izena edo izena, zerga-egoitza eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta jakinarazpenetarako adierazitako tokia.

    2. Konpentsatu nahi den zorraren identifikazioa, gutxienez honako hauek adierazita: zenbatekoa, kontzeptua, eta zorra edo horren likidazioa deklaratzeko ebazpena eman duen organoa.

    3. Eskatzailearen alde aitortutako kredituaren identifikazioa, zeinaren konpentsazioa eskaintzen baita, gutxienez zenbatekoa, kontzeptua, eta kreditu hori deklaratzeko ebazpena eman duen organoa adierazita.

    4. Kreditua eskualdatu edo laga ez dela adierazten duen deklarazio espresua.

    5. Eskaeraren tokia eta data, eta eskatzailearen sinadura.

  2. Konpentsatu nahi den zerga-zorra autolikidazio bidez zehaztu bada, konpentsazio-eskaerarekin batera aitorpen-likidazioaren edo autolikidazioaren eredu ofiziala aurkeztuko da, behar bezala beteta, zeina subjektu pasiboak edo atxikitzaileak aurkeztu behar baitu tributua erregulatzen duen araudian xedatutakoaren arabera.

  3. Konpentsazioa eskatu ondoren, kreditua ordaintzeko izapideak eten egingo dira, konpentsazioa ebatzi arte.

  4. Konpentsazio-eskaera borondatezko epean aurkezten denean, epe hori amaitzean ebazpenaren zain badago, ez dira egingo premiamendu-prozedura hasteko jarduketak. Epe exekutiboan aurkezten bada, prozedura ez etetea eragotzi gabe, ondasun enbargatuak besterentzeko jarduketak geldiarazi ahal izango dira, eskaera ebatzi arte.

  5. Eskaerak betekizunak betetzen ez baditu edo artikulu honetan adierazten diren agiriak eransten ez badira, administrazio-prozedura erkidearen araudian ezarritako izapideak egingo dira. Zehazki, eskaera zorra ordaintzeko borondatezko epearen barruan aurkeztu bada, hau ohartaraziko da: ordainketa egiteko arauzko epea igaro bada zuzentzeko epea amaitzean eta ordainketa egin ez bada eta agiriak aurkeztu ez badira, zor hori premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko da, dagozkion errekargu eta interesekin.

  6. Konpentsazioa ebazteko eskumena duen organoak konpentsazioa erabakiko du, baldin eta tributu-araudian eta araudi zibilean edo, hala badagokio, aplikatu behar den legeria espezifikoan oro har ezarrita dauden betekizunak betetzen badira.

  7. Konpentsazioa ukatzen bada eta borondatezko epean eskatu bada, ebazpenaren jakinarazpenean, zeina arrazoitua izango baita, eskatzaileari ohartaraziko zaio zorra ordaindu beharko dela, ebazpenaren egunera arte sortutako interesekin batera, erregelamendu honen 59. artikuluaren 1. eta 3. apartatuetan ezarritako epean. Epe hori igarotakoan, diru-sarrera egiten ez bada, ordaintzeko dagoen zorra eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez. Konpentsazioa epe exekutiboan eskatu bada eta ukatu egiten bada, premiamendu-prozedurak aurrera jarraituko du.

  8. Eskaera aurkeztu eta sei hilabeteko epean eman beharko da ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, eskaera ezetsitzat jo ahal izango da, administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduan eta ondorioekin.

  1. Konpentsazio-ebazpenean, zorrak eta kredituak azkendutzat deklaratuko dira horiek bat datozen kopuruan.

  2. Kreditua zorra baino txikiagoa bada, premiamendu-prozedura hasi edo horrekin jarraituko da, kreditua gainditzen duen zorraren zatiagatik; hala ere, aurrerantzean ere konpentsazioak egin ahal izango dira.

  3. Kreditua zorra baino handiagoa bada, bien arteko aldea interesdunari ordainduko zaio.

  1. Zorrak kudeatzen dituen araudi partikularrean zehaztuta dago zein den zorrak preskribatzeko epea, noiz geldiarazten den eta preskripzioaren ondorioak zein diren. Halako araudirik ezean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Nagusia erregulatzen duen araudia aplikatuko da, honako kasu hauetarako:

    1. izaera publikoko kredituak aitortu edo likidatzeko: eskubide hori egikaritu zitekeen egunetik hasiko da zenbatzen preskripzio-epea, eta

    2. aitortutako edo likidatutako izaera publikoko kredituak kobratzeko: kreditu horiek jakinarazten diren egunetik edo, jakinarazpena nahitaezkoa ez bada, epemugatik hasiko da zenbatzen.

  2. Diru-bilketaren kudeaketa garatzeko eskumena duen organoak deklaratuko du, ofizioz, preskripzioa.

  3. Preskripzio-epea geldiarazi egingo da, arrazoi hauek tarteko: ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak egindako jarduketaren bat, zorra azkentzea helburu duena, edo erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu izana; eta diru-bilketako organoen jarduketaren bat, ordaintzera behartuta dagoena formalki jakitun dela egina, zorra ordainaraztera edo aseguratzera bideratuta dagoena. Behin geldiarazita, preskripzio-epearen zenbaketa berriz hasiko da, betebeharpekoaren edo Administrazioaren azken jarduketatik aurrera.

  4. Espediente kolektibo bidez izapidetu daitezke aldi jakin batean preskribatutako zorrak, baldin eta haien preskripzioa banaka deklaratu ez bada.

Premiamendu-prozedura erregulatzen duten arauekin bat etorriz, behin-behinean azkendutzat joko dira zorren ordaindu gabeko zenbatekoak, baldin eta ordaintzera behartuta daudenak edo zorren erantzuleak kobraezinak direla deklaratu bada. Preskripzio-epea bukatu aurretik zorra birgaitu ez bada, azkenduta geratuko da behin betiko.

Legedian ezarritakoaren arabera soilik barkatu ahal izango dira zorrak, eta, betiere, han ezarritako zenbateko eta irizpideekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra edo haren organismo autonomoak edo zuzenbide pribatuko ente publikoak aldi berean hartzekodun eta zordun izateak ez du eragotziko kontabilitate-araudia aplikatzea; ulertu beharra dago, ondore horietarako, betebeharra sortzen dela, ez baita azkentzen aipatutako konkurrentzia dela eta.

  1. Data hauetatik aurrera hasiko dira biltzen zerga-zorrak borondatezko epean:

    1. likidazioaren jakinarazpen indibiduala edo kolektiboa egiten den egunetik,

    2. diru-bilketa egiteko dagokion epea hasten den egunetik, baldin eta aldian-aldian edo kolektiboki jakinarazten diren baliabideak badira, eta

    3. aitorpen-likidazio edo autolikidazioen kasuan, erregelamendu bidez haiek aurkezteko ezarritako epea hasten den egunetik.

  2. Zergaz besteko zorrak biltzeko borondatezko epea, berriz, ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundeari ebazpen exekutiboa jakinarazten zaion egunetik hasiko da, arlo horretan indarrean dagoen araudiari jarraituz. Ebazpen hori, zehazki, honelakoa izango da:

    1. zehapen-arloan, zehapen exekutiboa ezartzen duen ebazpena, administrazio-bideari amaiera ematen diolako edo garaiz eta forman aurkaratu ez delako; edo, bestela, errekurtsoa ebazten duena, zehapena berretsiz. Diru-bilketa hasiko da, era berean, ordainketa egiten denean, aplikatzekoa den zehapen-prozedurari jarraituz eta salaketa baten ondorioz, zehapen-ebazpena eman baino lehen,

    2. emandako mailegu eta bermeen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.l) artikuluan zehazten diren zenbatekoak ordaintzeko eskatuz ematen den ebazpena,

    3. dirulaguntzen arloan, aurretik jasotako diru-zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari itzuli beharra ezartzen duen ebazpena, ez-betetze baten ondoriozkoa, eta

    4. diru-bilketa egiteko epea irekitzen duena, baldin eta borondatezko epean egindako birjartzeak badira edo erantzukizun subsidiarioa deribatzeko egintzen ondoriozko likidazioak badira.

  1. Administrazioak egindako likidazioen ondoriozko zerga-zorrak epe hauetan ordainduko dira:

    1. Jakinarazpena hilaren 1etik 15era bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hurrengo hilaren 20ra arte, edo, hilaren 20a balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

    2. Jakinarazpena hilaren 16tik hilaren azken egunera bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hurrengo bigarren hilaren 5era arte, edo, hil horren 5a balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

  2. Aldian-aldian eta kolektiboki jakinarazten diren zerga-zorrak eta aitorpen-likidazio edo autolikidazio bidez ordaindu behar direnak zerga bakoitzaren arauetan zehaztutako epe edo egunetan ordaindu beharko dira.

  3. Zergaz besteko zorrak, berriz, artikulu honen 1. apartatuan ezarritako epeetan ordaindu beharko dira, non eta zorrak exijitzen dituzten arauek bestelako epeak ezartzen ez dituzten.

  4. Zehapen-ebazpenek amaiera ematen ez badiote administrazio-bideari, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea oro har ezarritako ordainketa-epea baino geroago amaitzen bada, luzatu egingo da ordaintzeko epea, errekurtsoa aurkezteko epea amaitu ondorengo lehen egun baliodunera arte, baldin eta ez bada errekurtsorik aurkezten.

  5. Zehapena zatikatu, eten, murriztu edo ordezten baldin bada, zehapen-araudiarekin bat etorriz, neurri horiek hartzeko ezarritako baldintzak hartuko dira aintzat.

  1. Honela ordainduko dira zorren zenbatekoak borondatezko epean:

    1. euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak diru-bilketako organoaren eskura jarritako kutxan,

    2. diruzaintza-arloko eskumena duen sailak helburu horretarako baimendutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kontuan,

    3. kasuan kasuko zuzenbide pribatuko ente publikoak bidalitako itzulketa-betebeharrari buruzko jakinarazpenean ageri den sarrera-kontuan, eta

    4. kreditu-erakunde laguntzaile baten bidez, erregelamendu honen 6. artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.

  2. Zerga-likidazioen eta ebazpenen jakinarazpenean 58.2 artikuluan aipatua zehaztuko da ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak zein bide erabili behar duen lehenago adierazitakoen artetik, kasuan-kasuan aplikatu beharreko xedapenen arabera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kontuan dirua sartzeko, bide hauek erabil daitezke: transferentzia, beste kontu batetik egindako intsuldaketa, edo bankuen jardueran onartutako beste edozein prozedura, hargatik eragotzi gabe 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak.

Diru-bilketa itundu baldin bada, zorrei dagozkien erakunde laguntzaileetan, hala badagokio, eta bide berak erabilita ordainduko dira zenbatekoak, kudeaketaren ardura duen erakundearen alde.

  1. Diru-sarrerak egiteko 59. artikuluan zehaztutako epeak amaitzen diren egunean bukatuko da diru-bilketa egiteko borondatezko epea.

  2. Borondatezko epean, honako jarduketa hauek gauzatu daitezke, berez aldi horri dagozkion jarduketez gainera:

    1. preskripzio-deklarazioa, baldin eta premiamendu-prozedurari hasiera emateko jarduketak egin ez badira,

    2. epe exekutiboan diru-bilketari ekiteko beharrezkoak diren jarduketak,

    3. beharrezkoak diren jarduketak, behin borondatezko epea amaiturik egin diren diru-sarrerei erregelamenduzko destinoa eman eta epe exekutiboko organo eskudunen eskura jartzeko, eta

    4. bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzeko ebazpenak, borondatezko epean agindutako egintzen efikaziarik ezaren ondorio direnak.

  1. Diruzaintzaren arloko eskumena duen sailburuak erabaki dezake zor jakin batzuk ez likidatzea edo, hala badagokio, deuseztatu eta kontabilitatean baja ematea; hain zuzen ere, hala jokatu ahal izango du eskubide publikoetatik eratorritako zorrekin, baldin eta haien zenbatekoa txikiagoa bada zorra ordainarazteak eta biltzeak berekin dakarren kostua estaltzeko ez-nahikotzat jotzen dena baino.

  2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, organo eskudunek zenbateko txikiagoak likidatu ahal izango dituzte, baldin eta hala egitea komeni bada zorren izaera edo ondorio ekonomikoak direla-eta.

  3. Horrek guztiak ez du ezertan eragotziko premiatutako zorrei buruz erregelamendu honetan xedatutakoa.

  1. Borondatezko epean ordaindu ez diren zenbatekoekin lotuta hasiko da epe exekutiboa, automatikoki, eta premiamendu-prozedura hasi aurreko denboraldia da.

  2. Noiz hasten den epe exekutiboa:

    1. aldez aurretik jakinarazitako zorren kasuan, borondatezko epean dirua sartzeko jarritako epemugaren hurrengo egunean, dirua sartu ez bada, edo eskaerarik egin ez bada ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko edo zorra konpentsatzeko,

    2. aitorpen-likidazio edo autolikidazio bidez ordaindu beharreko zorren kasuan, epearen barruan aurkeztu badira baina diru-sarrera partez edo osorik egin ez bada, edo ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko edo zorra konpentsatzeko eskaerarik egin ez bada, diru-sarrera hori egiteko ezarritako arauzko epea amaitzen denean,

    3. aitorpen-likidazioak garaiz kanpo egin badira, diru-sarrerarik gabe, edo ordainketa geroratu edo zatikatzeko edo zorra konpentsatzeko eskaerarik gabe, aitorpen-likidazio horiek aurkezten direnean.

  3. Epe exekutiboaren hasierak berekin dakar epe horretako errekarguak eskatzea eta Administrazioak ahalmena izatea zorrak derrigorrean kobratzeko premiamendu-prozeduraren bidez.

  1. Epe exekutiboaren hasierak epe horri dagozkion errekarguak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia arautzen duen legedian aurreikusitako berandutze-interesak sortuko ditu, era honetan:

    1. Errekargu exekutiboa % 5 izango da, baldin eta zordunak borondatezko epean ordaindu ez duen zorra osorik ordaintzen badu premiamendu-probidentzia jakinarazi aurretik. Horretarako, epe exekutiboko diru-bilketaren kudeaketa zuzentzeko eskumena duen organoak ordainketa-gutuna egingo du.

    2. % 10eko premiamendu-errekargu murriztua aplikatuko da, baldin eta borondatezko epean ordaindu gabeko zorra, osorik, eta errekargua ordaintzen badira erregelamendu honen 77. artikuluan zehaztutako epea bukatu baino lehen.

    3. % 20ko premiamendu-errekargu arrunta aplikatuko da, baldin eta a) eta b) apartatuetan aipatutako baldintzak betetzen ez badira.

  2. Premiamendu-errekargu arrunta bateragarria da berandutze-interesekin. Errekargu exekutiboa edo premiamendu-errekargu murriztua eskatu behar direnean, ez dira eskatuko epe exekutiboaren hasieratik sortutako berandutze-interesak.

  3. Borondatezko epean geroratze-, zatikatze- edo konpentsatze-eskaera bat aurkeztuz gero, ezin izango da epe exekutiboa hasi espediente horiek izapidetu bitartean, baina horrek ez du eragotziko dagozkion berandutze-interesak sortzea.

  4. Zehapen baten aurka errekurtso edo erreklamazio bat garaiz eta forman aurkezteak eragotzi egingo du epe exekutiboari hasiera ematea, harik eta zehapena administrazio-bidean irmoa izan arte eta ordainketa borondatez egiteko epea bukatu arte.

  1. Borondatezko epean dirua biltzen duten organoek, zuzenbide publikoko sarreren erregistro eta kobrantza automatikorako tresnaren bidez erregelamendu honen 10. artikuluan jasoa, diru-bilketarako epe exekutiboa hasita duten zorren zerrenda kolektiboak prestatuko dituzte hilero, eta diruzaintzaren arloko eskumena duen organora bidaliko. Zerrenda horiek barnean hartuko dituzte epe exekutiboko diru-bilketa kudeatzeko beharrezkoak diren datuak eta datu osagarriak, aipatutako zuzendaritza-organoak onartzen duen formatuan emanak.

  2. Era berean, jasota geratuko dira, hala badagokio, zordunen erantzule solidario eta subsidiarioen identifikazioa, zorren eraginpeko ondasun eta eskubideak, aurkeztutako bermeak eta kobrantza kudeatzeko esanguratsua den beste edozein informazio.

  3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari emango zaio zerrenda horien edukiaren berri, eta hark, ezarritako kontabilitate- eta ekonomia-kontrola egin ondoren, neurri egokiak hartuko ditu, erregelamendu honen 48. artikuluan eta hurrengoetan araututako konpentsazioa gauzatu dadin, zordunaren aldeko betebehar bat aitortzen denean.

  4. Bai epe exekutiboko diru-bilketa zuzentzeko eskumena duen organoak bai Kontrol Ekonomikoko Bulegoak atzera bidaliko dizkiete borondatezko epeko kudeatzaileei legezko eta arauzko baldintzak betetzen ez dituzten zerrendak. Betiere, funtsezko datuak izango dira: ordaintzera behartuta dagoenaren izen osoa edo sozietate-izena, IFZ/IFK edo pasaportea eta helbidea.

Ordaintzeko betebeharra duen pertsonari probidentzia bat jakinarazita hasten da premiamendu-prozedura. Probidentzia horretan, ordaindu gabeko zorra zehaztuko da, errekarguak likidatuko dira eta ordainketa egiteko errekerimendua egingo da. Premiamendu-probidentzian eskatutakoa bete ezean, bermeak exekutatuko dira; hala ere zorrak ordaindu gabe jarraitzen badu, haren zenbatekoa estaltzeko behar beste ondasun enbargatu, eta enkante bidez besterenduko dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren organismo autonomoek dute premiamendu-prozedura administratiboa baliatzeko ahala, zuzenbide publikoko zorren diru-bilketa exekutiboan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40. artikuluan. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren sailei atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoek premiamendu-probidentziak emango dituzte, administrazio-ahalak baliatzetik eratorritako eduki ekonomikoko eskubideei dagokienez, eskubide horiek borondatezko epean ordaindu ez badira.

  2. Baldin eta, kudeaketa-gomendiorako hitzarmen baten ondorioz, beste erakunde publiko batzuen aldeko kredituen bilketa egiten bada premiamendu-bide administratiboaren bidez, erregelamendu honetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio, hitzarmenean bertan berariaz arautu gabe dagoen guztian.

  3. Zorduna ente publiko bat baldin bada (Estatua; autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak; foru-aldundiak, eta organismo autonomoak eta gainerako enpresa-erakunde publikoak, aurreko horien egitura organikoaren parte izan daitezkeenak), eta erregelamendu honen 48. artikuluan aipatzen den ofiziozko konpentsazioa posible izan ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta, hala badagokio, haren organismo autonomoek eta zuzenbide pribatuko ente publikoek premiamendu-prozedura erabiliko dute beren kreditu publikoak kobratzeko. Bide exekutiboa ondorio guztiekin agortu arte luzatuko da prozedura hori; areago, ente publiko zordunaren ondasun eta eskubideak enbargatu ere egingo dituzte, salbu eta jabari publikoko ondasunak edo ondare-ondasunak badira, erabilera edo zerbitzu publiko bati materialki lotuta daudenak.

  1. Premiamendu-prozedura administrazio-mailakoa da soil-soilik, eta Administrazioari baino ez dagokio hartaz arduratzeko eta haren gorabehera guztiak ebazteko eskumena.

  2. Premiamendu-prozedura ezin zaie metatu prozedura judizialei, ez eta bestelako exekuzio-prozedurei ere. Ofizioz hasi eta jarraituko du izapide guztietan, eta ez da etengo beste prozedura horiek hasteagatik, salbu eta hala behar badu jurisdikzio-gatazkei buruzko araudian edo hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

Alde batera utzi gabe legediak kredituak haien izaeraren arabera kobratzeko ezartzen duen lehentasun-hurrenkera, premiamendu-prozedurarekin batera beste exekuzio-prozedura batzuk gertatzen direnean berezi, unibertsal, judizial edo ez-judizial, honako arau hauekin bat etorriz finkatuko da prozeduran trabatutako ondasunak exekutatzeko lehentasuna:

  1. Premiamendu-prozedurak, beste exekuzio-prozesu edo -prozedura berezi batzuekin batera gertatzen denean, lehentasuna izango du, baldin eta prozedura horretan zehar egindako enbargoa zaharrena bada.

  2. Premiamendu-prozedurak, beste exekuzio-prozedura edo -prozesu konkurtsalekin edo unibertsalekin batera gertatzen denean, lehentasuna izango du prozeduran zehar enbargatutako ondasun eta eskubideak exekutatzeko, baldin eta enbargo hori prozesu konkurtsala hasi baino lehenago burutu bada.

Zehapenak, errekarguak edo kuotaz besteko zor-osagai batzuk deuseztatzeak zerga-zorren kasuan edo zor nagusiz bestekoak deuseztatzeak zergaz besteko zorren kasuan ez du berekin ekarriko kuota edo zor nagusia deuseztatzea, deuseztapenaren kausak ukitzen ez dituen gainerako osagaiak deuseztatzea, ez eta deuseztatu gabeko elementuei dagozkien errekarguak, interesak eta kostuak deuseztatzea ere.

Egiazkotzat joko dira premiamendu-prozeduran jasotako eginbideak, gertakariei, datei eta bertaratutakoek egindako adierazpenei dagokienez, baldin eta diru-bilketako organoek edo agenteek beren eskumenak betetzen dihardutela ikusitakoak badira.

  1. Premiamendu-prozedurako jakinarazpenei tributuen legeria orokorra edo administrazio-prozedura erkidearena aplikatuko zaie, aintzat hartuta bildu beharreko zuzenbide publikoko sarrerak zerga-sarrerak edo zergaz kanpokoak diren.

  2. Zordunari jakinarazpen bat bidaliko zaio premiamendu-probidentziaren berri emateko, eta han alderdi hauek jasoko dira:

    1. Zorra ordaintzeko epea eta modua.

    2. Geroratzea edo zatikatzea eskatzeko aukera.

    3. Informazio-atal bat, non adieraziko baita etendura soilik onartuko dela indarrean dagoen araudian zehaztutako kasuetan eta baldintzetan.

    4. Aurkez daitezkeen errekurtsoak, eta zer organotan eta epetan aurkeztu behar diren.

      BIGARREN ATALA

      PREMIAMENDU-PROBIDENTZIA

  1. Erregelamendu honen 66. artikuluan aipatzen den zordunen zerrenda kolektiboak jaso ondoren, epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak premiamendu-probidentzia emango du, aldian-aldian eta kolektiboki, zerrendak erregelamendu honek xedatutakora egokitzen direla egiaztatu eta gero. Titulu hori nahikoa izango da premiamendu-prozedura hasteko, eta epai judizial baten betearazte-indar bera izango du, ordaintzeko betebeharra duten pertsonen ondasun eta eskubideen aurka jarduteko.

  2. Ez da premiamendu-probidentziarik emango, kasu eta zor hauek tarteko direla:

    1. Diru-bilketa exekutiboaren eskumena duen sailaren iritziz, zorduna eta zorra identifikatzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez dituztenak. Halakoetan, atzera bidaliko zaio espedientea borondatezko epeko kudeaketaren arduradunari.

    2. Inguruabarren bat ezagutzen bada, likidazioaren exekuzioa edo ordaintzeko betebeharra deklaratzeko ebazpena eteten duena, edo, ordenamendu juridikoaren arabera, galarazten duena ordaintzeko borondatezko epea amaitutzat hartzea.

    3. Ordainduta daudenak, errekargu eta guzti, hala badagokio; legez azkendu direnak, edo ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundea eta gainerako erantzuleak erreferentziaz kobraezintzat deklaratu behar direnak, erregelamendu honen 99. artikuluan ezarritakoaren arabera.

    4. Premiamendu-probidentzia jakinarazi aurretik preskribaturik egon daitezkeenak, non eta ez dagoen preskripzio-epea geldiaraziko duen administrazio-jarduketaren bat.

    5. Premiamendu-prozedurarekin jarraitzea legez galarazten duten egoeretan daudenak.

    6. Kobratu gabe dagoen zorraren zenbatekoak, alde batera utzita premiamendu-errekargua, gainditzen ez badu diruzaintza-arloko eskumena duen sailaren titularrak aginduz ezarritako zenbatekoa; halakoetan, izan ere, zorra ez da nahikotzat jotzen hura jaulkitzeko, jakinarazteko eta ordainarazteko kostua estaltzeko, eta, horregatik, kontuetan baja emango zaio. Zenbateko hori kalkulatzeko, betebeharra duen pertsona edo erakundearen zor guztiak zenbatuko dira, metatuta. Halere, zenbateko txikiagoengatik ere eman ahal izango dira premiamendu-probidentziak, baldin eta hala egitea komeni bada zorren izaera edo ondorio ekonomikoak direla eta.

  3. Premiamendu-probidentzian datu hauek jaso beharko dira, gutxienez:

    1. premiatuaren identifikazio osoa, NAN, IFZ, AIZ edo pasaportea eta helbidea emanda,

    2. premiatutako zorraren edo zorren kontzeptua, zenbatekoa eta epealdia,

    3. berariaz adieraziko da zorra ez dela ordaindu borondatezko epean eta berandutze-interesak sortzen hasi direla.

    4. epe exekutiboko errekarguaren likidazioa,

    5. errekerimendua, zorra eta premiamendu-errekargu murriztua ordaindu ditzan erregelamendu honen 77. artikuluan ezarritako epeetan. Gainera, berariaz ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere ondasunak enbargatuko direla edo izan daitezkeen bermeak exekutatuko, % 20ko errekargua aplikatuta eta zorra kitatu arte sortutako berandutze-interesak ezarrita, eta

    6. premiamendu-probidentziaren jaulkipen-data.

  1. Premiamendu-bidearen bidezkotasunaren aurka egiteko, honako arrazoi hauek baino ez dira onartuko:

    1. Zorra erabat azkentzea, edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatzea.

    2. Zorra geroratzeko, zatikatzeko edo konpentsatzeko eskatzea borondatezko epean, eta diru-bilketako prozedura eteteko beste zenbait arrazoi.

    3. Zergaz besteko zorra deklaratzen duen ebazpenaren edo likidazioaren berri ez ematea.

    4. Zergaz besteko zorra deklaratzen duen ebazpena edo likidazioa deuseztatzea.

    5. Premiamendu-probidentziaren edukian egindako akatsa edo omisioa, zorduna edo premiatutako zorra identifikatzea eragozten duena.

  2. Premiamendu-prozeduraren zenbait jarduketa deusezak direla deklaratzen bada, deuseztapena eragin duen kausaren pean ez dauden jarduketei eutsiko zaie. Zorraren errekarguak edo kuotaz besteko osagaiak deuseztatzeak ez ditu baliogabetuko premiamendu-prozeduran zehar egindako jarduketak, betebehar nagusitik eratortzen diren eta bete beharrekoak diren zorraren osagai deuseztatu gabeei dagokienez.

  3. Zehapen-arloan, ebazpena preskribatzeko eta ez jakinarazteko arrazoiak zehapenari buruzkoak dira, eta inola ere ez zehapen-ebazpen exekutiboaren aurreko arau-hausteari, salaketari edo izapideei buruzkoak, hala xedatzen baita administrazio-prozedurari buruzko araudian; hala ere, arrazoi horiek baliatu ahal izango dira eskumena duen organoaren aurrean, behar den unean eta forman.

  4. Premiamendu-probidentzia ez jakinaraztea arrazoi izango da premiamendu-prozeduran zehar burututako egintzak aurkaratzeko.

  1. Errekurtso eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak arautzen dituzten xedapenetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan etengo da premiamendu-prozedura.

  2. Berehala etengo da premiamendu-prozedura, bermea jarri beharrik gabe, interesdunak frogatzen badu zorra zehazterakoan bere kalterako huts materiala, aritmetikoa edo egitatezkoa gertatu dela; berdin gertatuko da zor hori ordaindu, barkatu, konpentsatu, geroratu edo eten denean, edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatu denean.

  3. Zergaz besteko zorrak biltzen direnean, erregelamendu honen 58. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren ebazpenak emateko eskumena duen organoari edo ebazpenok berrikusteko eskumena duenari dagokio aztertzea ebazpenotan akatsik egin ote den, administrazio-prozedurari buruzko arauekin bat etorriz.

  1. Behin epe exekutiboa hasita eta premiamendu-probidentzia jakinarazita, zorra epe hauetan ordaindu beharko da:

    1. Probidentziaren jakinarazpena hilaren 1etik 15era bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hil horren 20ra arte, edo, hilaren 20a balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

    2. Probidentziaren jakinarazpena hilaren 16tik azken egunera bitartean egiten bada, jakinarazpena jasotzen den egunetik hurrengo hilaren 5era arte, edo, hil horren 5a balioduna ez bada, hurrengo egun baliodunera arte.

  2. Betebeharpeko pertsonak edo erakundeak ez badu ordaintzen aurreko apartatuan aipatutako epean, haren ondasunak enbargatu egingo dira.

  3. Zordun batek hainbat zor baldin baditu, premiamendu-prozedura berean metatuko dira, eta hark egindako ordainketak zor guztiak estaltzen ez baditu, zor zaharrenei aplikatuko zaie. Antzinatasuna zehazteko, borondatezko epearen muga-eguna hartuko da kontuan.

  1. Zorra abal bidez, kauzio-aseguruko poliza bidez edo beste edozein berme pertsonalen bidez bermatuta badago, premiamendu-probidentzia eman eta berehala, epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak bermea exekutatuko du, salbu eta bermea ez denean zor bermatuarekiko proportzionala edo ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak hala eskatzen duenean, horretarako nahikoa ondasun zehaztuta. Halakoetan, diru-bilketako organoak erabaki dezake beste ondasun edo eskubide batzuk enbargatu eta besterentzea.

  2. Aurreko apartatuan aipatzen den kasuan, errekerimendua helaraziko zaio bermatzaileari, zenbateko bermatua estaltzeko bezainbeste diru sar dezan. Erregelamendu honen 59.1 artikuluan ezarritako epean egin beharko da diru-sarrera hori, bermearen idazkian bestelakorik ezarri ezean.

  3. Aurreko apartatuan adierazitako epean egiten ez bada diru-sarrera, bermatzailearen ondasunen aurka egingo da premiamendu-prozeduraren bidez, zordun nagusiaren aurka dagoen premiamendu-probidentzia berari jarraituz.

  4. Bermatzailea kaudimengabea dela jakinez gero, artikulu honetan ezarritako izapideen ordez, 79. artikuluan aurreikusita daudenak aplikatuko dira.

  5. Bermeak zorraren zati bat baino hartzen ez badu, hasiera emango zaie 79. artikuluan aurreikusitako izapideei.

  6. Dirutan egindako gordailuren bat badago, gordailuzainari bidaliko zaio aurreko 2. apartatuan ezarritako errekerimendua. Gordailuzaina Administrazioa bera bada, zorra kitatzeko erabiliko da.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako bermerik edo gordailurik ez dagoenean, edo artikulu horren 4. eta 5. apartatuak aplikatu behar direnean, exekuzioa premiamendu-prozeduraren bidez egingo da, baldin eta hipoteka- edo bahi-bermeak edo beste berme erreal batzuk badaude, zordunaren edo zorduna ez den beste norbaiten ondasun edo eskubideen gainean eratuak. Zorduna ez den beste norbaitenak baldin badira ondasunak edo eskubideak, haien titularrari errekerimendua egingo zaio, diru-bilketako organoaren esku jar ditzan edo zorra ordain dezan, erregelamendu honen 59.1 artikuluan ezarritako epean. Berme errealik ez dagoenean, zordunaren ondasunak enbargatzeko jarduketei ekingo zaie.

  2. Epe exekutiboko diru-bilketa itundu bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor edo instituzionaletik kanpoko erakundeekin, erakunde horietako organoek egingo dituzte aurreko apartatuan aipaturiko kudeaketak, izenpetutako hitzarmenean aurreikusitakoari jarraikiz; horretarako, itun horretan aurreikusitako agiriak bidaliko zaizkie.

  3. Ez zaie hasiera emango artikulu honen 1. apartatuan aipatutako izapideei, eta ez zaizkio bidaliko dena delako hitzarmenean aurreikusitako agiriak diru-bilketaren kudeaketa itundua duen erakundeari, baldin eta hipoteka- eta bahi-bermeen edo beste berme erreal batzuen exekutatzen hasi badira, premiamendu administratiboaz besteko prozeduren bidez, edo hasita badago finantza-arloko araudian zorrak ondasun edo eskubideen bitartez ordaintzeko aurreikusita dagoen prozedura. Halakoetan, hasiera emango zaie izapide horiei, edo aipatutako agiriak erakundeari bidaliko zaizkio, zorra erabat azkendu gabe amaitu bada diru-bilketakoa ez den prozedura.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak finantza-erakunde laguntzaileetan epe exekutiboko diru-sarrerak biltzeko izendatuak dituen banku-kontuetan egingo dira premiamendu-prozedura bidezko diru-sarrerak.

  2. Premiamendu-prozeduraren edozein unetan onartuko da ordainketa. Prozedura horrek aurrera jarraituko du, ordaindu gabeko gainerako zenbatekoetarako, baldin eta egindako ordainketak estaltzen ez baditu zorraren zenbateko nagusia eta, hala badagokio, errekarguak, berandutze-interesak eta sortutako kostuak.

  1. Zordundutako zenbatekoek, errekarguak izan ezik, berandutze-interesa sortuko dute, zor motaren arabera, epe exekutiboaren hasieratik zenbatekoak ordaindu arte. Interesa zehazteko, aintzat hartuko da epean zehar indarrean dagoen interes-tasa.

  2. Zor bat osorik ordaintzen bada eten, geroratu edo zatikatu gabe premiatutako zorrak ordaintzeko 77.1 artikuluan ezarritako epea amaitu baino lehen, ez dira eskatuko epe exekutiboaren hasieratik sortutako berandutze-interesak.

  3. Zerga- eta aurrekontu-arloko lege orokorrek xedatutakoaren arabera ezarriko da interesen likidazioa, aintzat hartuta zer motatako zorra den: zerga-zorra edo zergaz besteko zorra.

  4. Berandutze-interesak ez dira likidatuko, baldin eta haien zenbatekoa txikiagoa bada diruzaintza-arloko eskumena duen sailburuak agindu bidez ezarritako gutxieneko zenbatekoa baino.

    HIRUGARREN ATALA

    ENBARGO-JARDUKETAK

  1. Zorraren zenbatekoa, interesak, epe exekutiboko errekarguak eta prozeduraren kostuak estaltzeko beharrezkoak diren ondasun guztiak enbargatuko zaizkio zordunari, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz; prozedura garatuko da Tributuen Lege Orokorrak, Diru-bilketa Erregelamendu Orokorrak eta aplikatu behar diren gainerako arauek arlo horretarako ezartzen dutenaren arabera.

  2. Administrazioak eta betebeharpeko pertsona edo erakundeak beste hurrenkera bat adostu ezean, lehenik, besterentzen errazen diren eta betebeharpeko pertsona edo erakundearentzat kalte txikiena dakarten ondasunak enbargatuko dira.

  3. Ez dira enbargatuko legeek oro har enbargaezin deklaratutako ondasun eta eskubideak, eta ez da enbargorik egingo, orobat, uste baldin bada ondasunak diru bihurtuta ez dela aterako haren kostua estaltzeko adina.

  4. Jarduketa bakoitzerako enbargo-eginbide bat emango da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, exekuzioa gauzatzeko. Ondasun eta eskubideak enbargatu ondoren, eginbidea zordunari jakinaraziko zaio, bai eta, hala badagokio, honako hauei ere: ondasunen hirugarren titularrari, edukitzaileari edo gordailuzainari, bide exekutiboko zordunaren ezkontideari edo legez eratutako izatezko bikoteko kideari, eta ondasunen titularkideei. Enbargoa nahikoa ez bada zor osoa estaltzeko, jakinarazpenean zehaztuko da zenbat den ordaindu gabeko zorra, zeinaren gainean premiamendu-prozedura abiaraziko baita.

  5. Enbargo-eginbidea aurkaratzeko, arrazoi hauek bakarrik onartuko dira:

    1. Premiamendu-probidentzia ez jakinaraztea.

    2. Zorra azkentzea edo ordainketa eskatzeko eskubidea preskribatzea.

    3. Diru-bilketako prozedura etetea.

    4. Enbargoen arauak ez betetzea.

    5. Ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko baimena izatea.

  6. Enbargoa kenduko da, baldin eta frogatzen bada badela arrazoi horietako baten bat, edo zordunak ordaintzeko modu bat proposatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren interesak hobeki defendatzen dituena.

  1. Banku-kontuak enbargatzeko, enbargo-prozedura zentralizatuari jarraituko zaio nagusiki, banku-araudiarekin bat etorriz. Nolanahi ere, banakako enbargo-aginduak eman ahal izango dira, baldin eta uste bada horrela hobeki defendatzen direla Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideak.

  2. Trabak kentzea. Legez ezarritako epean, prozedura exekutiboko diru-bilketarako eskumena duen organoak trabak kentzeko agindua eman dezake. Agindu hori betetzen ez bada, bidegabeko sarrerak itzultzeko prozeduraren bidez itzularaziko da trabatutako zenbatekoa.

  3. Soldaten edo pentsioen moduko diru-sarrerak bakarrik dituzten kontu korronteetan enbargoa egiteko, Prozedura Zibilaren Legearen 607. artikuluan aurreikusitako eskala aplikatuko da. Interesdunak, egoera hori frogatzeko, baliozko frogabideren bat erabili beharko du. Traba osorik edo partez kenduko da, legez enbargatu daitekeen zenbatekoa gainditzen badu.

  4. Enbargatutako kontu korrontea titulartasun solidariokoa edo mankomunatua baldin bada, zordunari dagokion saldoaren proportzioa errespetatu beharko du enbargoak. Ondore horietarako, saldoa parte berdinetan zatituko da titularren artean, non eta ez den frogatzen proportzio desberdin bat dagoela. Enbargatutako titularrak frogatu beharko du hori. Finantza-erakundeak ez badu proportzionaltasuna aplikatzen trabaren unean, traba partez kenduko da, dagokion zenbatekoaren arabera. Interesdunak, kontua partitua dela frogatzeko, banku-ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, edo legezko beste edozein frogabide. Baterako kontuen kasuan, titularrak izatezko bikote baldin badira, Eusko Legebiltzarraren 2/2003 Legearen arabera eratua, edo senar-emazteak baldin badira, irabazpidezko araubidean edo ondasunen komunikazioko araubidean, bi kasuetan, saldoa osorik enbargatuko da. Aitzitik, ondasunak banatzeko araubidea ezarria badute, saldoa zati berdinetan banatuta dagoela joko da, eta, hortaz, zordunari dagokion saldoaren proportzioan egingo da traba. Betiere, interesdunek frogatu beharko dute araubide hori, agiri bidez.

  5. Aldez aurretik horretarako zehaztu den diru-bilketako kontuan sartu beharko ditu finantza-erakundeak trabatutako zenbatekoak, enbargo-prozedura zentralizatuaren protokoloan ezarritako epeetan. Banakako enbargo-aginduak direnean, traba-egunaren biharamunetik hogei egun igarotakoan sartu beharko da dirua. Epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak diru-sarrera efektiboa egiten den egunean aplikatuko ditu enbargatutako zenbatekoak, diru-bilketaren ondore guztietarako (interesen-likidazioa, itzulketak, etab.).

  6. Eperako kontuen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako egunean egin beharko da diru-sarrera, edo epea amaitu eta hurrengo egunean, bi datetatik zein den geroagokoa. Gordailugileak ahalmena badu gordailututako dirua aurretiaz erabiltzeko, enbargo-eginbidea jakinarazten denean, ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundeari ohartaraziko zaio ahalmen hori balia dezakeela entitate gordailuzainaren aurrean, ezarrita dauden baldintzen arabera; halako kasuetan, ezereztearen hurrengo egunean sartu beharko da dirua.

  7. Enbargoa zabaldu ahal izango da, aurretik identifikatu beharrik izan gabe, ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundea titular den eta kreditu-erakunde horretan diren gainerako ondasun eta eskubideetara, ordaindu gabeko zorraren zenbatekoa osorik estali arte, honako hauek barnean direla: epe exekutiboko errekargua, interesak eta, hala badagokio, eragindako kostuak.

  1. Prozedura Zibilaren Legearen 607. artikuluan ezarritako atxikipen-eskalari jarraituz enbargatuko dira soldata, lansari eta pentsioak; ezin izango dira enbargatu, ordea, lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak diren zenbatekoak. Hala ere, zordunak soldata, lansari edo pentsio bat baino gehiago jasotzen badu, metatu egingo dira denak, enbargatu daitekeen zatia zehazte aldera.

  2. Enbargoa eginbidean dokumentatuko da, eta zordunari eta soldata, lansaria edo pentsioa ordaintzen duen pertsona edo erakundeari jakinaraziko zaie.

  3. Pertsona edo erakunde ordaintzailea behartuta egongo da enbargatutako zenbatekoak atxikitzera eta eginbidean jakinaraziko zaion diru-bilketa kontuan sartzera. Epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak diru-sarrera efektiboa egiten den egunean aplikatuko ditu enbargatutako zenbatekoak, diru-bilketaren ondore guztietarako (interesen-likidazioa, itzulketak, etab.). Zenbatekoak atxikitzeko eta atxikitakoa sartzeko betebeharra ez betetzeak erantzukizun solidarioa eragin dezake. Behin zorra osorik ordainduta, atxikipenak etenda geratzen direla jakinaraziko dio epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak pertsona edo erakunde ordaintzaileari.

  1. artikula. Pentsio-funtsetako edo gizarte-aurreikuspeneko entitate edo erakundeetako partaide edo bazkideek jasotzen dituzten zenbatekoak enbargatzea.

  1. Pentsio-plan, mutualitate edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bateko partaideek, edo gizarte-aurreikuspeneko beste tresna alternatibo batzuetako partaideek, jasotzen dituzten edo jaso ditzaketen hartzekoetarako eskubidea enbargatu ahal izango da, kasuan kasuko araudian baimendutakoari jarraikiz. Enbargoa honela exekutatuko da: bazkide arruntek dagokion kontingentziatik eratorritako diru-prestazioa ordain diezaieten eskatzen dutenean, edo bazkide aktiboek edo suspentsuan daudenek dagokien erreskate aurreratua baliatzetik eratorritako prestazioa ordain diezaieten eskatzen dutenean.

  2. Aurreko apartatuan adierazten den enbargo-eginbidea ematen den unetik, dagokion araudian aurreikusitako baldintzak betetzeagatik enbargoa exekutatu daitekeen arte, geldiarazitzat joko dira izaera publikoko kredituak kobratzeko preskripzio-epeak, eta ez da premiarik izango aurrerago beste geldiarazte-jarduketa exekutiborik egiteko.

  3. Enbargo-eginbidea dagokien erakundeei aurkeztuko zaie, premiatuaren aldeko eskubideak zein diren identifikatu beharrik izan gabe, eta ordaindu gabeko zorraren zenbatekoa estali arte gauzatuko da. Erakunde horiek enbargoaren jakitun egingo dira, eta haren berri emango diote diru-bilketako organo jarduleari, hamar eguneko epean gehienez; gainera, beharrezkoa den informazioa emango dute alderdi hauei buruz: kontratatutako planaren edo funtsaren ezaugarriak; eskubide kontsolidatuak, aurretiazko erreskatea gauzatzeko aukera eta data; zer prestazio hartzen dituen barnean, eta exekuziorako esanguratsua den beste edozein datu ekonomiko. Lehendik trabaren bat egonez gero, horren berri emango diote diru-bilketako organoari, jakinarazpen horretan bertan, trabaren ezaugarriak aletuta.

  4. Erakunde kudeatzaile eta gordailuzainek, enbargoaren berri ematen zaien unetik diru-bilketako organoak hura kendu dela jakinarazi arte, nahitaez atxiki beharko dituzte ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundearen alde aurrerago sor litezkeen zenbatekoak, eta, halaber, atxikipen horren berri eman beharko diote aipatutako organoari.

  5. Eskubide kontsolidatuak beste plan batera aldatuz gero, erakunde kudeatzaileak horren berri eman beharko dio diru-bilketako organoari, eta haren aurrean egiaztatu beharko du enbargoa jakinarazi diela destino-planaren erakunde kudeatzaileei eta gordailuzainei.

  1. Honela jardungo da aurreko artikulukoez besteko kreditu, efektu edo eskubideen kasuan:

    1. Bermerik ez duten kreditu, efektu eta eskubideak baldin badira, ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundearen zordunari pertsona zein erakunde aurkeztuko zaio enbargo-eginbidea, eta ohartaraziko zaio ezen, handik aurrera, betebeharpeko pertsonari edo erakundeari egindako ordainketek ez dutela kitatzeko ahalmenik izango. Enbargatutako kreditua edo eskubidea mugaeguneratuta badago, ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundearen zordunak pertsona zein erakunde zorra estaltzeko bezainbesteko zenbateko bat sartu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kontuetan. Mugaeguneratu gabeko kredituak, berriz, zorrari atxikita geratuko dira, mugaeguneratu arte, non eta zorra ez den lehenago kitatzen. Ondoz-ondoko ordainketetan oinarritutako kredituak edo eskubideak badira, pertsona edo erakunde ordaintzaileari aginduko zaio haien zenbatekoa sartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren kontuetan, zorraren zenbatekoaren mugara arte.

    2. Kreditu bermatuen kasuan, bermatzaileari ere jakinarazi beharko zaio enbargo-eginbidea, edo, hala badagokio, berme gisara eskainitako ondasunaren edo eskubidearen edukitzaileari; kreditua mugaeguneratu arte gordailutu ahal izango da bermea. Behin kreditua mugaeguneratuta zorra ordaintzen ez bada, bermearen exekuzioa sustatuko da, erregelamendu honen 78. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

  2. Enbargoaren ondorioz zenbait kreditu edo eskubide sortzen badira jarduera profesional, autonomo edo merkataritzako batetik datozen ordainsarietatik eratorriak, 84. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

  1. Enbargoa eginbidearen bidez gauzatuko da, eta eginbide horretan inguruabar hauek bilduko dira, jasota badaude:

    1. Enbargatutako finkaren titularraren eta, hala badagokio, edukitzailearen izen-abizenak, sozietate-izena edo izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta identifikaziorako erabilgarria izan daitekeen datu oro.

    2. Landa-finkak badira, finkaren izaera eta izena, zein udal-mugartetan kokatuta dagoen, kokaleku horri herrian nola esaten zaion, mugak, azalera eta edukiera, eta erregistroko identifikazioa edo, halakorik ezean, katastroko identifikazioa.

    3. Hiri-finkak badira, herria, kalea eta zenbakia, hura osatzen duten lokalak eta pisuak, azalera, eta erregistroko identifikazioa edo, halakorik ezean, katastrokoa.

    4. Enbargatutako higiezinen gainean zordunak dituen eskubideak.

    5. Zorraren zenbateko osoa, haren kontzeptua edo kontzeptuak eta higiezinari lotzen zaion erantzukizunaren zenbatekoa, zorraren zenbateko nagusia, errekarguak, interesak eta kostuak direla eta.

    6. Ohartarazpena, adierazten duena enbargoaren prebentziozko idatzoharra egingo dela jabetza-erregistroan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde edo, bestela, exekuzioa eragin duen kredituaren erakunde edo organismo titularraren alde.

  2. Enbargo-eginbidea jakinarazten den unean, jabetza-tituluak eskatuko zaizkie ondasun edo eskubideen titularrei.

  3. Mugaketarik egin behar izanez gero, epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak erabakiko du sail horri atxikita dagoen funtzionario teknikari bat izendatu edo enpresa espezializatuen zerbitzuak kontratatu. Kasu batean zein bestean, gomendioan emandako kudeaketa 15 eguneko epean egin beharko da.

  1. Ondasun higiezinen enbargoaz prebentziozko idatzoharra egingo da dagokion jabetza-erregistroan.

  2. Horretarako, diru-bilketako organo eskudunak manamendua bidaliko dio erregistratzaileari, hipoteka-legeriak xedatutakoari eta hurrengo artikuluek ezartzen dutenari jarraikiz, eta, horrez gainera, eskatuko dio erregistroan finka bakoitzari buruz jasota dauden zamen ziurtagiria egin dezala, zehatz-mehatz adierazita zer zama diren, titularrak nor diren eta ziurtagiria egin den unean finkaren jabea eta haren egoitza zein diren.

    Ziurtagiria ikusirik, begiratuko da ea titular guztiei jakinarazi zaien enbargoa, eta, hala ez bada, dagozkion jakinarazpenak bidaliko dira.

  1. Ondasun higiezinen eta haien gaineko eskubide errealen enbargoaren prebentziozko idatzoharra bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da, baldin eta hala adosten badute erregistroen titularrek eta diru-bilketako organo eskudunak.

    Premiamendu-prozeduraren jarduketek horretara behartuz gero, enbargoaren prebentziozko idatzoharren luzapena eskatuko da, hipoteka-legeriak xedatutakoaren arabera.

  2. Diru-bilketako organo eskudunak higiezinen enbargoaren prebentziozko idatzoharra egiteko ematen duen manamenduak baldintza hauek bete behar ditu:

    1. Premiamendu-probidentziaren kopia eta kasuan kasuko higiezinaren edo higiezinen enbargo-eginbidearen kopia, non adieraziko baita nori eta zer gisara jakinarazi zitzaion enbargoa.

    2. Ondasun enbargatuen gainean zordunak duen eskubideari buruzko azalpena.

    3. Manamendua zer finkari buruzkoa den, finka horren edukitzailearen izena eta abizenak, hala badagokio.

    4. Zorraren zenbateko osoa, haren kontzeptua edo kontzeptuak eta higiezinari lotzen zaion erantzukizunaren zenbatekoa, zorraren zenbateko nagusia, errekarguak, interesak eta kostuak direla eta.

    5. Aipamen bat, azaltzen duena idatzoharra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren alde edo ente publiko hartzekodunaren alde egin beharko dela.

    6. Aipamen bat, adierazten duena manamendua egin den unean Administrazioak ezin duela bestelako daturik eman ondasun edo eskubide enbargatuei buruz.

  1. Behin manamendua jabetza-erregistroan aurkeztu denean, manamendua aurkeztu izanaren idazpenari dagokion oharra entregatuko du erregistroak, bai eta idatzoharra egin dela edo hura egitea ezinezkoa izan dela ziurtatzen duen oharra ere, eta zehatz azalduko du zer akats atzeman diren eta horiek zuzentzeko zer modu eta bitarteko dagoen.

  2. Finka edo finkak ez badaude inskribatuta, edo ezinezkoa bada idatzoharra egitea zuzendu beharreko akats bat dagoelako, enbargoa kontuan hartuko da, eta hala jasota geratuko da manamenduaren erantzunean.

  1. Jabetza-erregistroek manamendua itzultzen badute esanez idatzoharra eten dutela zuzendu beharreko akats bat dagoelako, akats hori berehala zuzenduko da, ahal izanez gero; bestela, aurrerago zuzenduko da.

  2. Hipoteka-legerian ezarritakoaren arabera zuzendu beharreko akatsak daudelako idatzoharra iraungi ez dadin, diru-bilketako organo eskudunak luzapena eskatuko du, beharrezkoa bada; izan ere, legeriak aukera hori baimentzen du.

  3. Ukoaren arrazoia bada ondasunak hirugarren baten izenean inskribatuta daudela, eta isilbidezko lege-hipoteka batez ari bagara, hirugarren horri eskatuko zaio zorra kita dezala errekargurik gabe horretarako ezarriko den borondatezko epean; hala egiten ez badu, premiamendu-probidentzia emango da haren aurka, bai eta ondoren prozedura bideratuko ere.

  4. Jabetza-erregistroaren erabakiekin ados egon ezean, erregistro-kalifikazioaren aurkako errekurtsoa jarriko da, hala badagokio.

  1. Ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo hirugarrenak lokaletan pertsonatuta eta edukitzaileari ondasunak entrega ditzala aginduta enbargatu ahal izango dira gainerako ondasun higigarriak eta aziendak. Hori guztia eginbidean jasota geratuko da.

  2. Enbargoaren xedea Ondasun Higigarrien Erregistroan inskriba daitezkeen ondasunak badira, diru-bilketako organoak enbargo-manamendua emango du, dagokion herriko erregistroan prebentziozko idatzoharra egin dadin. Manamenduak beren araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

  3. Autoak, kamioiak, motozikletak, ontziak, aireontziak edo beste ibilgailu batzuk enbargatu behar direnean, aurreko apartatuetan adierazitakoaren arabera jokatuko da, eta, enbargoaren berri eman ondoren, ordaintzeko betebeharra duen pertsonari eskatuko zaio diru-bilketako organo eskudunaren esku utz ditzala bost eguneko epean; dokumentazioa eta giltzak ere entregatu beharko ditu. Esandakoa betetzen ez badu, zirkulazioa zaintzeaz arduratzen diren agintariei eta egoki direnei aginduko zaie aipatutako ondasunak atzeman, gordailutu eta zigilatu ditzatela topatzen dituzten lekuan bertan eta galaraz dezatela ondasunen eskualdatzea edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideen kalterako den beste edozein jarduketa.

  4. Epekako salmentaren sistema erabiliz eskuratu diren ondasunak enbargatzeko, sistema horren araudi erregulatzailearen xedapenak hartuko dira kontuan.

  5. Patenteak, markak, izen komertzialak eta erabilgarritasun-ereduak enbargatu behar direnean, haien araudi erregulatzailearen xedapenak hartuko dira kontuan.

  1. Funtsak, baloreak, tituluak, efektu publiko zein pribatuak edo kreditu-erakunde bati edo beste pertsona edo erakunde gordailuzain edo kudeatzaile bati entregatutako edo haren esku utzitako beste ondasun batzuk enbargatzeko, enbargo-eginbidea aurkeztu behar da erakundean; enbargoa zabaldu ahal izango da, aurretik identifikatu beharrik izan gabe, ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundearen gainerako ondasun eta eskubideetara, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarentzat ezagun edo ezezagun izan, ordaindu gabeko zorraren zenbatekoa estali arte, premiamendu-errekargua, interesak eta, hala badagokio, eragindako kostuak barnean hartuta.

  2. Aurkezpen-egintzan bertan, erakundeak diru-bilketako organoari jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiak enbargatutako baloreak dauden ala ez. Nolanahi ere, enbargatutako baloreak trabatutzat hartuko dira enbargo-eginbidea aurkezten den egunean.

    LAUGARREN ATALA

    ONDASUN ENBARGATUEN GORDAILUA

  1. Bide exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak zehaztuko du, hala badagokio, non gordailutuko diren ondasun enbargatuak diru bihurtu arte, artikulu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

  2. Ondasun enbargatuak gordailu-erakundeetan baldin badaude edo, diru-bilketako organoaren iritziz, segurtasun- eta kaudimen-bermeak eskaintzen dituzten beste erakunde batzuetan, erakunde horietan jarraituko dute gordailututa, organo horren eskura.

  3. Gainerako ondasunak, berriz, diru-bilketako organoak erabakitzen duen tokirik egokienean gordailutuko dira; hona hemen:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren lokaletan, baldin eta ondasunak gordailutzeko baldintza egokiak badituzte.

    2. zuzenbide pribatuko beste ente publiko batzuen lokaletan, betiere gordailu gisa erabiltzen badira edo horretarako baldintzak betetzen badituzte, ibilgailuen edo antzekoen gordailuak barnean direla,

    3. gordailutze-lanetan jardun ohi duten enpresen lokaletan,

    4. aipatutakoetatik bat ere ez badago, zordunaz besteko pertsona fisiko edo juridikoen lokaletan, baldin eta segurtasun- eta kaudimen-bermeak eskaintzen badituzte, eta

    5. salbuespenez, zordunaren lokaletan, baldin eta garraiatzen edo lekualdatzen zailak diren ondasunak badira. Halakoetan, zigilatu egingo dira, edo haien segurtasuna eta osotasuna bermatzen duten neurriak hartuko, eta zorduna gordailuzainaren eginbehar eta erantzukizunen mende geratuko da; erregelamendu honen 95. eta 96. artikuluetan aipatzen dira eginbehar eta erantzukizunok.

  4. Aurreko apartatuko c) eta d) letren kasuetan, sektore publikoko kontratuei buruzko legediaren arabera arautuko dira diru-bilketa exekutiboaren ardura duen organoaren eta gordailuzainaren arteko harremanak, atal honetan aurreikusita ez dagoen guztian.

  1. Pertsona fisiko edo juridiko gordailuzainak nahitaez zaindu eta kontserbatu behar ditu ondasun enbargatuak, eta, gainera, itzuli egin beharko ditu, hala eskatzen zaionean. Behar den arduraz bete beharko du zeregin hori.

  2. Pertsona horrek beste eginkizun batzuk bete behar baditu, ondasun enbargatuak zaindu, kontserbatu eta itzultzeko lan soilez harago doazenak, epe exekutiboko diru-bilketaren gaineko eskumena duen organoaren baimena beharko du.

  3. Aurreko artikuluan ezarritako kasuan gordailuzain edo administratzaile bat izendatuz gero, haren eginkizunetako bat ondasun eta negozioen ohiko kudeaketa egitea izango da, 1. apartatuan adierazitako eginkizunez gainera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartu beharko ditu kudeaketa horretatik erator daitezkeen zenbatekoak.

    Izendapenean zehaztuko da zer eragiketa motatan eta zer zenbatekotan beharko den diru-bilketako organoaren baimena.

  1. Pertsona fisiko edo juridiko gordailuzainak, salbu eta zorduna bera bada, eskubidea izango du bere zerbitzuen truke itundutako ordainsariak jasotzeko eta gordailua dela-eta izan dituen gastuak bueltan eskuratzeko, baldin eta ordainsarien barruan sartuta ez badaude.

  2. Gordailuzain gisa eta, hala badagokio, administratzaile gisa berez dagozkion eginbeharrez gainera, kontuak eman behar ditu, diru-bilketako organoak hala eskatzen dionean, eta organo horrek erabakitako neurriak bete beharko ditu, ondasunak hobeki administratu eta kontserbatze aldera.

  3. Gordailuzainak erantzukizun zibila edo penala izango du, dagozkion betebeharrak ez betetzeagatik. Gainera, zorraren erantzule solidarioa izango da, ostendutako ostutako edo ezkutatutako zenbatekoaren mugaraino, baldin eta ondasun enbargatuak ostentzen laguntzen badu edo horretarako oniritzia ematen badu.

    BOSGARREN ATALA

    ONDASUN ENBARGATUAK BESTERENTZEA

  1. Ondasun enbargatuak edo bermea eratuta daukaten ondasunak besterentzeko, enkante publikoa, lehiaketa publikoa edo zuzeneko adjudikazioa baliatuko da.

  2. Enkante publikoa izango da halako ondasunak adjudikatzeko prozedura arrunta. Diru-bilketaren Erregelamendu Orokorrean ezarritako kasuetan soilik besterenduko dira ondasunak lehiaketaren edo zuzeneko adjudikazioaren bidez, eta erregelamendu horretan adierazitako xedapenak bete beharko dira.

  3. Estatuko Aldizkaria Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriko da enkantea, eta han zehaztuko da noiz hasiko den. Posible izango da, halaber, iragarkia zabalkunde handiko komunikabideetan agertzea, edo argitalpen espezializatu batean, ondasunen izaera aintzat hartuta, diruzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak komenigarria dela uste badu. Interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz parte hartuko dute enkantean, eta, horretarako, Estatuko Aldizkari Ofizialaren Estatu Agentziaren Enkanteen Ataria edo, haren baliokide, autonomia-erkidego honetan ezar daitekeen ataria erabiliko dute, epe exekutiboko diru-bilketaren kudeaketan enbargatu diren ondasun eta eskubideak besterentzeko.

  4. Eskaintza elektronikoak egiteko, 20 eguneko epea egongo da, aurreko apartatuan adierazitako egunetik zenbatzen hasita. Eskaintzak dagokion enkanteen atarira bidaliko dira elektronikoki, komunikazio-sistema seguruen bidez, eta atari horrek hartu izanaren mezua bidaliko du bueltan, eskaintza zehazki noiz jaso duen eta zenbatekoa den zehaztuta. Elektronikoki argitaratuko da eskaintza, eta beste handiagoa bat jasoz gero, hala jakinaraziko zaio eskaintzaileari. Lehendik egindako eskaintza handiena baino eskaintza handiagoak, berdinak edo txikiagoak onartuko dira.

  5. Enkantea ez da itxiko, harik eta ordubete igaro arte azken eskaintza egin denetik, nahiz eta, horren ondorioz, aurretiaz ezarritako epea zabaldu behar izan; gehienez, 24 orduz zabalduko da.

  6. Enkantearen funtsezko datuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan argitaratu ahal izango dira.

  7. Ondasunak dauden tokiko udalari eta erakunde hartzekodunari eskatu ahal izango zaie enkantearen berri emateko haien ediktu-taulan edo egoitza elektronikoan.

  8. Ondasunen enkate-mahaia hauek osatuko dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren arduradunak, zeina mahaiburu izango baita, eta bi bokalek, zeinetatik bat idazkari-lanetan arituko baita. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak izendatutako pertsona bat, eta ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzak izendatutako beste bat. Norbaitek ezin badu bertaratu, dagokion unitateko beste funtzionario bat eskuordetu beharko du.

  1. Enkante bakarra egingo da ondasunak adjudikatzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz, aurreko artikuluan aipatutako Enkanteen Atarian.

  2. Behin enkantea Enkanteen Atarian hasita, eskaintza elektronikoak baino ezingo dira egin. Enkantean parte hartu nahi dutenek alta emanda egon behar dute sistemaren erabiltzaile gisa, eta hara sartzeko, identitatea egiaztatzeko legez onartu dagoen bitarteko elektronikoren bat erabiliko dute.

  3. Lizitatzaileek, halakotzat onartuak izateko, gordailu bat egin beharko dute, eskaintzen bidez eskuratu nahi dituzten ondasunen enkante-tasaren ehuneko 5ekoa.

  4. Lizitatzaileak, eskaintza egiteaz batera, adierazi beharko du bere gordailua erreserbatuta utzi nahi duen, badaezpada enkanteko eskaintzailerik onenak betetzen ez badu adjudikazio-prezioaren gainerako zenbatekoa sartzeko betebeharra horretarako ezarritako epean.

  5. Enkantearen iragarkian adierazitako egunean hasiko da enkantea. Behin hasita, hogei egun naturaleko epean egin daitezke eskaintza elektronikoak, enkantea hasten den egunetik aurrera. Elektronikoki helaraziko dira eskaintzak Enkanteen Atarira, komunikazio-sistema seguruen bitartez.

  6. Ondasunak adjudikatzeko aktaren ziurtagiria egin aurreko edozein unetan, edo, hala badagokio, salmenta-eskritura publikoa egiletsi aurreko edozein unetan, zordunak bere ondasunak askatu ahal izango ditu, osorik ordainduz zorraren zenbatekoa, sortutako interesak, epe exekutiboko errekarguak eta premiamendu-prozeduraren kostuak.

  7. Eskaintzak aurkezteko fasea bukatu ondoren, mahaiak bilera egingo du 15 egun naturaleko epean, eta ondasunak edo sortak adjudikatuko ditu.

  8. Enkanteko tasa honako hau izango da, gutxienez:

    1. Kargarik edo zamarik ez badago, balorazioaren zenbatekoa.

    2. Ondasun enbargatuen gainean lehendik karga edo zama errealak baldin badaude:

      1. karga edo zamak handiagoak ez badira ondasunaren balorazioa baino, idatzoharrean jasotako eskubidea baino lehenagoko kargen edo zamen egungo balioaren eta balorazio horren arteko aldea, eta

      2. Karga edo zamek ondasunaren balorazioa gainditzen badute, zordunketen eta kostuen zenbatekoa izango da tasa, non eta ez duen ondasunari ezarritako balioa gainditzen; gainditzen badu, berriz, ondasunaren balorazioa izango da tasa.

        Lehenagoko karga eta zamek indarrean jarraituko dute, eta, azkentzen direnean, ez zaie erremateko prezioa aplikatuko.

  9. Enkante-tasan ez dira sartzen ondasun horien eskualdatzea kargatzen duten zeharkako zergak. Adjudikaziodunaren kontura izango dira eskualdatzetik eratorritako gastu eta zerga guztiak, barnean hartuta geroagoko zamak ezerezteko manamendua dagokion erregistroan inskribatzearen ondoriozkoak.

  10. Eskala hauetara egokitu beharko da lizitazio-tarteen zenbatekoa:

    6.000 eurotik beherako enkante-tasetarako, 100 euro.

    6.000 eurotik 30.000 eurora bitarteko enkante-tasetarako, 300 euro.

    30.000 eurotik 150.000 eurora bitarteko enkante-tasetarako, 600 euro.

    1. 150.000 eurotik gorako enkante-tasetarako, 1.000 euro.

  11. Ondasunak edo sortak arau hauen arabera adjudikatuko dira:

    1. Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkante-tasaren ehuneko 50 edo handiagoa bada, mahaiak eskaintza hori egin duen lizitatzaileari adjudikatuko dio ondasuna edo sorta.

    2. Aurkeztutako eskaintzarik onena ondasunaren enkante-tasaren ehuneko 50 baino txikiagoa bada, mahaiak, interes publikoa aintzat hartuta, eta adjudikaziorako gutxieneko preziorik ez badago, erabakiko du eskaintza hori nahikoa den, hau da, ondasuna edo sorta adjudikatuko duen, ala enkantea adjudikatu gabe utziko duen.

    3. Zordun baten hainbat ondasun batera enkantean jartzea erabakitzen bada, eta, eskaintza elektronikoak egiteko epea bukatuta, eskainitako zenbatekoak kontuan hartuta beharrezkoa ez bada ondasun guztiak adjudikatzea erreklamatutako zorra osorik estaltzeko, mahaiak jarraitu beharreko adjudikazio-hurrenkera Diru-bilketa Erregelamendu Orokorraren 99. artikuluan jasotako arauen arabera zehaztuko da.

  12. Kasuan kasuko erabakia hartuta, enkantea bukatutzat joko da, eta mahaiko idazkariak akta egingo du.

  1. Kreditu kobraezinak dira diru-bilketako prozeduran gauzatu ezin direnak, ordaintzeko betebeharra duten pertsonak eta gainerako erantzuleak, halakorik balego, kobraezinak direlako, guztiz edo partzialki.

  2. Behin premiamendu-prozeduran egiaztatu denean zordun nagusiak eta erantzule solidarioak kaudimengabeak direla guztiz edo partzialki, hurrengo artikuluaren arabera, kobraezin deklaratuko ditu diru-bilketako organoak, eta ez da nahitaezkoa izango horren berri ematea.

  3. Ondoren, ikertuko da ba ote dagoen erantzule subsidiariorik. Halakorik ez badago, edo haiek ere kobraezinak badira, epe exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak kreditua kobraezina dela deklaratuko du, salbu eta diru-bilketa beste erakunde batekin itundu bada eta eskumena hari esleitu bazaio dagokion hitzarmenari jarraituz.

  4. Kreditua guztiz edo partzialki kobraezina dela deklaratzeak berekin dakar hari baja ematea kontabilitatean. Deklarazio horrek ez du eragotziko legeen arabera egikaritu daitezkeen akzioak egikaritzea, kobratzeko administrazio-akzioa azkentzen ez den bitartean.

  5. Prozeduraren legezkotasun-printzipioarekiko errespetua bateragarri izan dadin administrazio-proportzionaltasunaren, -efikaziaren eta -efizientziaren printzipioarekin, diruzaintzaren arloan eskumena duen sailari dagokio, titularraren agindu baten bidez, kreditu kobraezinen deklarazioa justifikatzeko kontuan hartu beharko diren jardun-irizpide orokorrak finkatzea. Hala badagokio, zorduna kobraezina dela dioen deklarazioa ez ezik, administrazio-kudeaketaren egokitasun- eta efikazia-irizpideak ere hartuko dira kontuan, hala nola zorren zenbatekoak, enbargo-prozeduraren faseen kostu zenbatetsia, jarduketen eta lortu nahi den helburuaren arteko proportzionaltasuna, eta zorrak baliogabetzeko moduko inguruabarrak baloratzea esaterako, ez jakitea zein den zorduna.

  6. Kobraezin deklaratutako kredituak, Merkataritza Erregistroan inskribatutako pertsona fisiko edo juridikoei dagozkienak, erregistro horretan jasoko dira, diru-bilketako organoak emandako manamenduari jarraituz. Merkataritza Erregistroak organo horri jakinaraziko dio delako pertsona horri buruz inskribatzeko aurkezten zaion edozein egintza.

  7. Ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakunde bat kobraezintzat deklaraturik, iraungitzat joko dira deklarazioaren ondoren mugaeguneratzen diren zorrak, eta baja eman ahal izango zaie deklarazioari erreferentzia eginez, ez badago beste pertsona edo erakunderik ordaintzera behartuta.

  8. Baldin eta kobraezin deklaratutako betebeharpeko pertsona edo erakunde bat edo erantzule bat kaudimendun gertatzen bada preskripzio-epearen barruan, kobratu gabeko kredituak edo erreferentziaz baja emanda daudenak birgaitu egingo dira. Birgaitzearen ondorioz, berriro irekiko da premiamendu-prozedura, eta dirua biltzeko jarduketek aurrera jarraituko dute, beste premiamendu-probidentzia bat eman beharrik izan gabe.

100. artikulua. Zorrak ordaintzeko erantzukizun solidarioa eta subsidiarioa.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren aldeko zerga-zorrak ordaintzean sortzen den erantzukizun solidarioa eta subsidiarioa arautzeko, tributuei buruzko arau orokorrak eta tributu bakoitzaren arau espezifikoak aplikatuko dira.

  2. Dirulaguntzen eta bidegabeko ordainketen itzulketa-betebeharretik eratorritako zorrak eta diruzko zehapenak nahiz zergaz besteko zorrak ordaintzeko erantzukizun solidarioa eta subsidiarioa arautzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta araudi espezifikoan gai horietarako aurreikusitako araubideari jarraituko zaio.

    101. artikulua. Erantzukizuna deribatzeko prozedura.

  1. Interesdunei jakinarazten zaien erabakiaren bidez hasten da erantzuleen aurka erantzukizuna deribatzeko prozedura. 15 eguneko entzunaldi-izapidea emango zaie interesdun horiei, egokitzat jotzen dituzten alegazioak eta beharrezkotzat jotzen dituzten agiriak aurkez ditzaten.

  2. Erantzukizuna deklaratzeko egintza erantzuleari jakinaraziko zaio, eta eduki hau izango du:

    1. Erantzukizuna deklaratzeko erabakiaren testu osoa, hauek adierazita: erantzukizuna deklaratzeko egitatezko premisa eta hark hartzen dituen likidazioak.

    2. Zer aurkaratze-bide balia daitekeen egintza horren aurka, zer organotan aurkeztu behar den eta zer epetan.

    3. Non, zer epetan eta nola ordaindu behar den erantzuleari eskatzen zaion zenbatekoa.

  3. Erantzukizuna deklaratzeko erabakiaren aurkako errekurtsoan edo erreklamazioan, erantzukizuna deklaratzeko egitatezko premisa eta hark hartzen dituen likidazioak aurkaratu ahal izango dira. Errekurtso edo erreklamazio horiek ebaztearen ondorioz, ezin izango dira berrikusi ordaintzeko betebeharra duten beste pertsona edo erakunde batzuentzat irmo bihurtu diren likidazioak, baizik eta errekurtsoa edo erreklamazioa jarri duen erantzulearen betebeharraren zenbatekoa soilik.

    102. artikulua. Dirua biltzeko prozedura oinordetza-kasuetan.

    Pertsona fisiko zein juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko erakundeen oinordekoei aplikatu behar zaien diru-bilketako prozedura Diru-bilketa Erregelamendu Orokorrak eta aplikatu behar diren gainerako arauek arlo horretarako arautzen dutenaren arabera gauzatuko da.

103. artikulua. Premiamendu-prozedura amaitzea.

  1. Honela amaituko da premiamendu-prozedura:

    1. epe exekutiboko zorra, interesak, kostuak eta errekarguak ordainduta,

    2. kreditua guztiz edo partez kobraezina dela deklaratzen duen erabakiaren bidez, ordaintzeko betebeharra duten pertsona edo erakunde guztiak kobraezin deklaratu ondoren, edo kreditua kobraezin deklaratu ondoren, oinarri hartuta administrazio-kudeaketaren arloko egokitasun- eta efikazia-irizpideak, o

    3. honako baja-arrazoi hauetakoren bat dela-eta zorra azkendu dela dioen deklarazioaren bidez:

      1. Deuseztapen administratibo edo judiziala.

      2. Kobratzeko eskubidearen preskripzioa.

      3. Datu-falta edo balioetan egindako akatsak, diru-bilketa eragozten dutenak.

      4. Heriotza, oinordekoei eskatu ezin zaizkien administrazio- eta zerga-zehapenak azkentzen diren kasuetan.

      5. Bide exekutiboan dirua biltzeko eskumena duen organoak behin betiko azkentzea ekitaldi itxietan kobratzeke dauden eta kontabilitatean alta emanda dauden kredituak, kontuan hartuta zein den eragindako zorren zenbatekoa, jatorria, izaera eta antzinatasuna. Deklarazio hori modu kolektiboan egin ahal izango da, hargatik eragotzi gabe kasuan-kasuan aplikatu beharreko kontabilitate-araudia.

      6. Beste arrazoi batzuk.

104. artikulua. Hirugarrengotzak.

  1. Epaitegi eta auzitegi zibiletan hirugarrengotza-egintza egikaritzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik administrazio-bidean erreklamatzea.

  2. Hirugarrengotza bakarrik oinarritu ahalko da zordunari enbargatutako ondasunen jabarian, edo hirugarrengotza aurkezten duenak bere kreditua berreskuratzeko daukan eskubidean, premiamendu-espedientean bilatutakoaren aurretik.

  3. Hirugarrengotzak ebazteko eskumena diru-bilketa exekutiboa egiteko eskumena duen organoari dagokio. Epe exekutiboan dirua biltzeko kudeaketa itundu bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziotik kanpoko erakundeekin, organo eta erakunde horiek ebatziko dituzte hirugarrengotzak, dagokion hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

  4. Hirugarrengotza ebatzi baino lehen, araudietan ezarritako izapideak beteko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari badagokio ebazteko eskumena, egoki ikusten diren txosten juridikoak edo teknikoak eska daitezke.

  5. Ondasunak enbargatzerakoan gertatzen bada haiek dagoeneko enbargatuta daudela beste prozedura exekutibo, judizial edo administratibo baten ondorioz, eta oraingo enbargoa lehentasunezkoa dela aitortuz gero, horren berri emango zaio diru-bilketa exekutiboko zuzendaritza-organoari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kasuan kasuko organo eskudunari eska diezaion Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubide onena defendatzeko ekintzak egikaritu ditzala.

105. artikulua. Zerrendatzea.

  1. Premiamendu-prozeduraren kostutzat hartuko dira prozedura horretan zehar sortutako gastuak. Ordaintzeko betebeharra duen pertsona edo erakundeari eskatuko zaizkio kostu horiek, ordaindu gabeko zorrarekin batera.

  2. Besteak beste, honako hauek dira prozedura-kostuak:

    1. Premiamendu-prozeduran posta-zerbitzuaren bidez ezinbestez egin beharreko jakinarazpenen gastuak.

    2. Ondasun enbargatuen balorazioetan, mugaketetan eta besterentzean esku hartzen duten enpresen edo profesionalen ordainsariak.

    3. Erregistratzaileen ordainsariak eta erregistro publikoetako jarduketengatik ordaindu beharreko gainerako gastuak.

    4. Ondasun enbargatuak gordailutu eta administratzeagatik ordaindu beharrekoak.

    5. Exekuzioak ezinbestez eta zehazki eskatzen dituen gainerako gastuak, Administrazioaren gastu arrunt gisa hartu ezin direnak, zorra bera kudeatzetik zuzenean eratortzen direlako.

106. artikulua. Partikularrei ezarritako prozesuko kostuak ordainaraztea.

  1. Borondatezko epean dirua biltzeko eskumena duen organoak bilduko ditu prozesuko kostuak, baldin eta, dagokion organo judizialaren erabakien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, haren organismo autonomoen edo zuzenbide pribatuko ente publikoen aurka auzitan aritu den alderdia kondenatzen bada kostu horiek ordaintzera.

  2. Justizia Administrazioaren letraduak kostuen tasazioari buruz emandako dekretua irmoa denean, ez da beharrezkoa izango borondatezko epean egindako likidazioaren jakinarazpenik egitea, ezta premiamendu-probidentziarena ere, premiamendu-prozedura hasteko egintza gisa, zordunaren ondasunak eta/edo eskubideak enbargatzeko, trabatzeko eta besterentzeko eginbideak gauzatze aldera.

    107. artikulua. Herri-ogasunaren aurkako delituagatiko erantzukizun zibila ordainaraztea.

  1. Administrazio orokorreko edo instituzionaleko zorduna erantzule zibila bada herri-ogasunaren aurkako delitu batengatik, behin kondena-epaia irmoa denean, eta epai horren lekukotza Administrazioari igorri ondoren, Administrazioak erantzukizun zibil hori eta epaileak edo auzitegiak erabakitako isun zigorra ordainaraziko ditu, zuzenean premiamendu-prozeduraren bidez.

  2. Kasu horretan, herri-ogasunaren aurkako delituagatik emandako epai irmoa bera hartuko da exekuzio-titulutzat, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango borondatezko epean egindako likidazioaren jakinarazpenik egitea, ezta premiamendu-probidentziarena ere, premiamendu-prozedura hasteko egintza gisa, zordunaren ondasunak eta/edo eskubideak enbargatzeko, trabatzeko eta besterentzeko eginbideak gauzatze aldera.

  3. Erantzukizun zibilaren eta isun zigorraren zenbatekoa ezin izango da handitu epe exekutiboko errekarguak gehituta, baina administrazio hartzekodunak zenbateko horrek sortzen diren interesak eskatuko ditu, ebazpen judiziala irmo bihurtzen denetik Administrazioan sartzen den egunera artekoak, bai eta premiamendu-prozeduraren kostuak ere, organo judizialak besterik erabaki ezean.

  4. Administrazioaren diru-bilketako organoek herri-ogasunaren aurkako delituagatiko erantzukizun zibila eta isuna ordainarazteko emandako premiamendu-prozedura administratiboko egintzen aurka, berraztertze-errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ahal izango da, salbu eta aurkaratzeko emandako arrazoien oinarria hau bada: aurkaratutako exekuzio-egintzak bat datozen edo egokitzen diren epaiarekin, hau da, herri-ogasunaren aurkako delituagatiko erantzukizun zibila premiamendu-prozedura bidez ordainaraztekoa dena finkatu zuen epaiarekin; kasu horretan, gaia exekuziorako organo judizial eskudunaren aurrean planteatu beharko da.

  5. Zigor Kodearen 125. artikuluaren arabera organo judizialak erabakitako erantzukizun zibilaren edo isunaren ordainketa zatikatua betetzen ez bada, ordaintzeke dagoen zenbateko osoa eskatuko da, premiamendu-prozeduraren bidez. Halakoetan, ez da aplikatuko epe exekutiboko errekargurik, baina dagozkion interesak eskatuko dira.

    108. artikulua. Bidegabeko ordainketak eta itzulketak.

  1. Erregelamendu honen ondorioetarako, bidegabeko ordainketatzat hartuko da akats material, aritmetiko edo egitatezkoengatik egiten dena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren aldetik zenbateko hori kobratzeko eskubiderik ez duen pertsonaren alde, edo hartzekodunaren eskubidea aitortu zuen egintzan edo agirian kontsignatutakoa gainditzen duen zenbatekoan.

  2. Bidegabeko ordainketa bat osoa edo zati bat jasotzen duenak hura itzuli egin behar du nahitaez. Bidegabeko ordainketa eragin duen egintza edo jarduketa egin duen organoak berehala xedatuko du, ofizioz, bidegabe ordaindutako zenbatekoak itzultzea, itzulketa-prozedura honen arabera:

    1. Itzulketa-prozedura hasteko erabakia ofizioz emango du, behar bezala arrazoituta; interesdunari jakinaraziko dio, eta hamabost eguneko epea emango dio alegazioak egin eta egoki iritzitako agiri edo egiaztagiriak aurkez ditzan.

    2. Aurreko letran aurreikusitako epea igarotakoan, organo eskudunak prozeduran sortzen diren arazoak ebatziko ditu, eta ebazpena emango du; hala badagokio, bidegabeko ordainketa deklaratu eta itzulketa erabakiko du, sartu beharreko zenbatekoa zehaztuta, legezko interesak barnean direla. Halaber, ordainketa-gutuna egingo du, ebazpenean agertzen den zenbatekoan, eta interesdunari jakinaraziko zaio ebazpenarekin batera. Aurrekoa gorabehera, ordaintzeko betebeharra duen pertsonak edo erakundeak bidegabe jaso duen zenbatekoa ordainketa bakarrean ordaindu ahal izango du, prozeduraren edozein unetan.

    3. Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, itzulketa-prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik zenbatzen hasita.

    4. Ebazpenean, honako hauek jasoko dira: diru-sarrera borondatezko epean egiteko epea eta ebazpenaren aurka jar daitezkeen administrazio-errekurtsoak edo, hala badagokio, administrazioarekiko auzi-errekurtsoak, administrazio-prozeduraren arloko legeriarekin bat etorriz, bai eta horiek zein organotan eta epetan aurkeztu behar diren ere.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.