Arautegia

Inprimatu

47/2020 DEKRETUA, abenduaren 22koa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 257
  • Hurrenkera-zk.: 5528
  • Xedapen-zk.: 47
  • Xedapen-data: 2020/12/22
  • Argitaratze-data: 2020/12/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa

Testu legala

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin. Estatuko araudiaren erreferentzia Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren 2020ko abenduaren 9ko Akordioarekin osatzen da. Akordio horren bidez, COVID-19aren aurkako osasun publikoko neurriak aurreikusten dira Gabonetako jaiak ospatzeko.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Etengabeko ebaluazioak eta jarraipenak, egoera epidemiologikora etengabe egokitzen dela bermatze aldera, aldaketa hau egin beharra ekarri dute, Labiren foroko zehaztapenak eta neurri sakonak aztertu ondoren. Hori guztia, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

Aldatu egiten da 44/2020 Dekretuaren 1. artikuluaren 2. paragrafoa (44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratzekoa, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko). Honela idatzita geratuko da:

  1. Erabaki da, 2020ko abenduaren 24tik 25era eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, 00:30ean hastea zirkulatzeko askatasuna mugatzeko ordua, eta, betiere, etxera itzuli ahal izateko soilik. Ordutegi hori ez da inola ere erabiliko bilkura sozialetara joateko.

Aldatu egiten da 44/2020 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. paragrafoa (44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratzekoa, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko). Honela idatzita geratuko da:

  1. 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era, Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko edo irteteko joan-etorrietarako muga kentzen da, baldin eta pertsonak senideen edo hurbileko pertsonen ohiko bizilekura joateko bada. Nolanahi ere, joan-etorri horiek egiteko aukera egongo da, helburuko erkidegoan ezarritako pertsona-taldeen mugak betetzen badira, betiere.

Aldatu egiten da 44/2020 Dekretuaren 3. artikuluaren 2. paragrafoa (44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratzekoa, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko). Honela idatzita geratuko da:

  1. 2020ko abenduaren 24an eta 25ean, Eguberri-bazkariak eta -afariak egiteko familia-bilkuretan, hamar lagun bilduko dira gehienez. Gomendatzen da bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez elkartzea, unitate horiek beti berak izatea, eta, nolanahi ere, arreta eta zaintza berezia izatea COVID-19aren aurrean egoera ahulean dauden pertsonekin. Aurrekoaz gain, 2020ko abenduaren 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, urteari agurra eta sarrera emateko bazkariak eta afariak egiteko familia-bilkurak ezingo dira sei lagunetik gorakoak izan.

Aldatu egiten da 44/2020 Dekretuaren eranskina (44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratzekoa, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko). Ondoren ezartzen diren neurriak txertatuko dira:

2020ko abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta 2021eko urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, merkataritza-establezimendu guztiak eta ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzu guztiak 18:00etan itxi beharko dira. Gasolindegietarako, zerbitzuguneetarako eta farmazietarako salbuespenak mantenduko dira.

2020ko abenduaren 25ean eta 2021eko urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza-guneak eta ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuak oro ezin izango dira 09:00ak baino lehen ireki.

2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra bitartean, kanpinek debekatuta dute abenduaren 28a baino lehen ostatu hartu ez duten bezeroak onartzea.

Debekatuta dago 2020ko abenduaren 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an kotilioiak edo oturuntzak egitea hotel, landetxe, kanpin edo beste edozein establezimendutan, espazio komunetan, zein gela, bungalow edo apartamentuetan. Jatetxe-zerbitzua duten establezimenduetan, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean, 20:00etatik aurrera, bertan ostatu hartu eta behar bezala erregistratuta dauden pertsonei soilik zerbitzatu ahal izango zaizkie afariak, eta 23:30ak baino lehen hustuko dira jantokiak. Bazkarietan eta afarietan ezingo da inolaz ere mahai bakoitzeko sei pertsona baino gehiago elkartu, eta edukierari, distantziari eta maskaren erabilerari buruzko gainerako prebentzio-neurriak errespetatu beharko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek 2020ko abenduaren 24ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.