Arautegia

Inprimatu

248/2020 DEKRETUA, azaroaren 3koa, 2020ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 4758
  • Xedapen-zk.: 248
  • Xedapen-data: 2020/11/03
  • Argitaratze-data: 2020/11/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ogasun; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoa ezin izango da izan ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa baino 171.640.354 euro handiagoa. Beraz, 2019. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2020ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez gero, 885.961.041 euro da.

Otsailaren 18ko 18/2020 Dekretuaren bidez, 2020ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimendu zen zenbateko horretarako.

COVID-19ak eragindako nazioarteko pandemiaren ondoriozko osasun- eta ekonomia-krisiak gastu handiagoa ekarri du pandemiak bereziki kaltetutako zerbitzuetan, baita tributu itundu gutxiago biltzea eta, horrenbestez, ekitaldi honetarako aurrekontuko diru-sarreretan aurreikusitako ekarpenak murriztea ere; bestalde, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak berrikustea 2020ko ekitaldirako.

Bi gorabehera horiek, hau da, ekarpenen bidez diru-sarrera gutxiago jasoko diren aurreikuspena eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean adostutako defizit-marjina handitzea, nahikoa oinarri dira epe luzerako zorpetze-maila arrazoizko kopuru bateraino igotzea komenigarria izateko, hartara gastu handiagoen eta diru-sarrera txikiagoen ondorioak arindu eta EAEko ekonomiaren susperraldia eta dinamizazioa bultzatuko dira, hargatik eragotzi gabe 2020ko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuei buruz onartutako aurrekontu-orekari eustea.

Bi inguruabar horien ondorioz, urriaren 29ko 1/2020 Legeak aldatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legearen 10. artikulua, eta handitu egiten du arau horretan 2020ko ekitaldirako aurreikusitako zorpetze-gehikuntzaren gehieneko muga, 1.546.237.355 euroraino.

Otsailaren 18ko 18/2020 Dekretu bidez baimendutako zenbatekoa kalkulatzerakoan, 171.640.354 euroko gehikuntza zenbatu da, eta, hortaz, baimendu beharreko zorpetze-gehikuntzaren zenbateko eskuragarria 1.374.597.001 euro da.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.

Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluak xedatzen du ezen zor publikoa jaulkitzea Gobernu Kontseiluak erabakiko duela, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera dela bide eta ekitaldiaren zein unetan gauden kontuan izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko baliabide eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.

Horregatik, eta dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartze aldera, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehaztuko da zer baliabide eta modalitate zehatz erabiliko diren zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko eta zer finantza-baldintza ezarriko diren.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2020ko azaroaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duen urriaren 29ko 1/2020 Legearen artikulu bakarraren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egin ditzan adosten da, eta baimena ematen da mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, mila hirurehun eta hirurogeita hamalau milioi bostehun eta laurogeita hamazazpi mila eta bat (1.374.597.001) euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:

  1. Gehieneko zenbatekoa, guztira: 1.374.597.001 euro.

  2. Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

  3. Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

  4. Epea: 50 urte, gehienez.

  5. Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:

    1. Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarrita, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.

    2. Beste edozein motatako mailegu- edo kreditu-eragiketen bidez.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.

Indarrean dagoen araudiarekin bat, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira, erakunde hauen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako: elkar bermatzeko sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren bateragarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki eta baimendu diren zorpetze-eragiketak egiteko baliabideak eta modalitateak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta dekretu honetan aipatu ez diren eragiketen gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere dekretuaren aurreikuspenen barruan. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

  2. Baimena ematen zaie Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuko sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko.

Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko azaroaren 3an.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.