Arautegia

Inprimatu

99/2020 DEKRETUA, uztailaren 28koa, Euskararen Aholku Batzordeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 155
  • Hurrenkera-zk.: 3197
  • Xedapen-zk.: 99
  • Xedapen-data: 2020/07/28
  • Argitaratze-data: 2020/08/10

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, 29. artikuluan, euskararen erabileraren normalizazio-lanean laguntzeko harreman-organoa eratzea aurreikusten du, esandako legea ezarri eta gauzatzeari begira erakundeen ahaleginak aztertu, bideratu eta koordinatzeko, hain zuzen.

Lehenago, urtarrilaren 11ko 5/1982 Dekretuak jada Euskararen Aholku Batzordea sortu zuen. Eta abenduaren 15eko 370/1987 Dekretuaren bidez antzaldatu egin zen, Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Legeak hainbat ataletan eta, bereziki 29. artikuluan, elkargune bat sortarazteaz diona betetzeko. Horrela, Batzordearen egitura eta funtzionamendua egokitu ziren. Zentzu horretan, Euskararen Aholku Batzordea elkarrizketarako bilgune gisa eratu zen. Eta izaera hori islatzeko, hauek osatu zuten Batzordea: Lurralde Historikoetako ordezkariek, Euskal Herrian sendo errotutako erakunde eta elkarteek, eta euskararen arloan ospe eta itzal handia irabazia zuten norbanakoek. Horrela, oinarriak ezarri ziren Euskararen Aholku Batzordea, instrumentalizazio politikoen gainetik, gure hizkuntza sendotu eta zabaltzen lagunduko duen Organoa izan dadin.

Ordutik hona, Organo horrek hainbat eguneratze izan ditu, indarrean dagoen urriaren 16ko 176/2007 azken Dekretua onartu arte, 176/2007 Dekretua, urriaren 16koa, Euskararen Aholku Batzordeari buruzkoa. Dekretu horren arabera, Euskararen Aholku Batzordea azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 29. atalean aurreikusitako harreman organoa izango da, hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko.

Urriaren 16ko 176/2007 Dekretuan oinarrituta, eta Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren ildotik, Euskararen Aholku Batzordeari buruzko Dekretu berri hau osatu da. Izan ere, 2018. urtean Euskararen Aholku Batzordea arrazionalizatzeko eta hobetzeko ebaluazioa egin zen, eta Organo horren funtzionamendua, osaera eta araudia egokitzeko beharra antzeman zen. Beraz, Dekretu berri honetan egindako aldaketa nagusiak Batzordearen funtzionamendua hobetzeko eguneratze eta doitze teknikoaren aldetik egindako moldaketak dira. Besteak beste, honako aldaketa hauek egin dira: Batzordearen organoak murriztu, batzordekide kopurua murriztu eta funtzionamendu-arau batzuk aldatu.

Horren guztiaren ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2020ko uztailaren 28ko egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Euskararen Aholku Batzordea azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 29. atalean aurreikusitako harreman-organoa da, hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinatzeko.

  2. Euskararen Aholku Batzordea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita egongo da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, baina bere egitura organikoan txertatu gabe.

Euskararen Aholku Batzordeak bere jarduera gauzatzeko Batzorde Osoa eta Batzorde-atal bereziak izango ditu.

  1. Honako hauek osatuko dute Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoa:

    1. Presidentea: Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria.

    2. Presidenteordea: Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

    3. Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

    4. Hezkuntza sailburuordea.

    5. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendari nagusia.

    6. Euskaltzainburua.

    7. Hiru foru-aldundietako ordezkari bana, gutxienez zuzendari mailakoak.

    8. Euskal Udalen Elkarteko (EUDEL) ordezkaria.

    9. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkaria.

    10. Hamabost kide, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako pertsona ezagunen artean hautatuak:

      1. Legebiltzarrak izendatutako bost kide. 2) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatutako hamar kide. Euskararen hizkuntza-komunitatearen lurraldeetako ordezkariak izateari begiratuko zaio.

  2. Batzorde Osoaren bilkuretara, eztabaidatzekoak diren gaietako adituak eraman ahal izango dira. Aditu horiek hitza izango dute, baina ez botorik.

  3. Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoa osatzerakoan, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatuko da. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza lortzen badu. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dira.

  1. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak izendatuko ditu, Agindu baten bidez, 3.1 artikuluko g) h) i) eta j) idatz-zatietako kideak. Agindua, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  2. Dekretuaren 3.1 artikuluko g) h) i) eta j) idatz-zatietan aipatzen diren kideen kargualdia lau urtekoa izango da; kargualdia berritu egin daiteke. Kargualdia amaitutakoan, Euskararen Aholku Batzorde Osoko kide izaten jarraituko dute behin-behinean, harik eta Euskararen Aholku Batzorde berria izendatzen den arte, baldin eta kargualdiaren amaiera gertatzen ez bada kideak Batzordea uzteko eskaera egin duelako. Administrazioak, udalen elkarteek edo Legebiltzarrak edozein unetan kargutik kendu ahal izango ditu g) h) i) eta j.1) idatz-zatietako kideak.

  3. Baldin eta Aholku Batzordearen Batzorde Osoko kideen artean, 3.1 artikuluko g) h), i) eta j.1) idatz-zatietan aipatzen direnen artean, karguren bat hutsik geratzen bada, jakinarazi egin beharko zaio kargu hori betetzeko kidea proposatu edo hautatu zuen erakunde edo organoari, beste kide bat proposatu edo hauta dezan, hilabeteko epean.

  4. Dekretuaren 3.1 artikuluko j.2) idatz-zatian aipatzen diren kideen artean, karguren bat hutsik geratzen bada Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak beste kide berri bat izendatuko du.

  1. Aholku Batzordearen Batzorde Osoko presidenteari dagokio, besteak beste:

    1. Euskararen Aholku Batzordearen ordezkari izatea.

    2. Bilkuretarako deia egitea, Idazkaritzaren bidez.

    3. Bilkuretako gai-zerrenda finkatzea.

    4. Bilkurei hasiera eta amaiera ematea.

    5. Bilkuretako buru izatea eta eztabaidak bideratzea.

    6. Erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada, bere botoaz erabakitzea.

    7. Legeak betetzen direla ziurtatzea.

    8. Presidente izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

  2. Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko presidentearen kargua hutsik geratuz gero, edo bera kanpoan nahiz gaixorik izanez gero, edo bestelako legezko arrazoirik gertatzen bada, presidenteordeak ordezkatuko du presidentea, eta, halakorik ezean, adin handieneko kideak ordezkatuko du.

  1. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zuzendarietako bat izendatuko du Batzordearen idazkari. Horrek hitza izango du baina ez botorik, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zerbitzu teknikoak izango ditu eskura. Idazkariaren izendapenaren berri emango zaio Euskararen Aholku Batzorde Osoari.

  2. Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko idazkariari dagokio, besteak beste:

    1. Batzordeko bilkuretara joatea.

    2. Bilkuretako gai-zerrenda prestatu eta bideratzea, bai eta bilkuretan eztabaidatu beharreko gaiei buruzko dokumentazioa ere.

    3. Presidentearen aginduz, Batzordearen bilkuretarako deia egitea.

    4. Kideek Batzordeari egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

    5. Bilkuretako aktak idaztea eta baimentzea, presidentearen oniritziarekin.

    6. Onartutako akta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea, presidenteak aginduta eta oniritzia emanda.

    7. Euskararen Aholku Batzordearen batzorde-atal bereziak koordinatzeko lanak burutzea.

    8. Kide anitzeko organo bateko idazkari izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

  3. Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko idazkariaren kargua hutsik geratuz gero, edo bera kanpoan nahiz gaixorik izanez gero, edo bestelako legezko arrazoirik gertatzen bada, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Hizkuntza Politikarako zuzendarien artean izendatutako batek ordezkatuko du.

Hauek dira Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren egitekoak:

  1. Jaurlaritzak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-normalizazioari buruzko gaiak aztertzea eta ikertzea.

  2. Euskararen erabilerari buruzko xedapenak ondo ezartzeko behar diren neurriak proposatzea Eusko Jaurlaritzari eta dagokien erakundeei.

  3. Hizkuntzari loturiko gaietan eskumena duten aginte publikoen jarduera koordinatua bermatzeko neurriak proposatzea.

  4. Indarrean dagoen euskara sustatzeko plan nagusiaren garapenari eta betetzeari buruzko txostenak egitea.

  5. Batzorde Osoaren nahiz batzorde-atal berezien jarduera-arauak ezartzea.

  6. Euskararen Aholku Batzordearen urteko oroitidazkia onartzea.

  7. Batzorde-atal bereziek proposamenak eta txostenak eginez gero, horiek aztertzea.

  8. Legeek edo erregelamenduek aitortutako beste edozein egiteko.

  1. Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak batzorde-atal bereziak sortzea erabaki dezake gai zehatzei buruzko lanak eta txostenak egiteko.

  2. Batzorde-atal berezien egiteko orokorrak izango dira: Batzorde Osoari laguntzea beren eginkizunetan; Euskararen Aholku Batzordeak eskatutako oinarrizko azterlanak eta txostenak egitea.

  3. Batzorde-atal berezien jarduketa Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoaren orientazio eta jarraibideei lotuko zaie; jarduketa horri buruz eskatzen dizkieten argibide guztiak eman beharko dizkiote batzorde-atal bereziek Batzorde Osoari.

  4. Batzorde-atal berezien egiteko zehatzak, funtzionamendu-arauak, osaera eta iraupena Euskararen Aholku Batzorde Osoak erabakiko ditu. Euskararen Aholku Batzordearen egitekoekin erlazionaturiko jardueretan aintzatespena duten pertsonak izango dira batzorde-atal berezietako kide, Euskararen Aholku Batzordeko kide izan edo ez.

  5. Batzorde-atal bereziek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako zerbitzu teknikoak izango dituzte eskura; dagokion Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek emango dute laguntza, lan-arloa kontuan hartuta.

  6. Dekretu honen 3.1 artikuluan aipatzen diren kideetako batek Euskararen Aholku Batzorde Osoko kide izateari uzten dion unean, batzorde-atal bereziko kide izateari ere utziko dio.

  7. Euskararen Aholku Batzordearen batzorde-atal bereziak osatzerakoan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela bermatuko da. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza lortzen badu. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dira.

Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko eta haren batzorde-atal berezietako kideek eskubidea izango dute Zerbitzuagatiko Kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako kalte-ordainak eta konpentsazioak jasotzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskararen Aholku Batzordeak, bere egitekoak gauzatzean, kontuan izan beharko ditu antzeko erakundeen jarduketak, bereziki euskararen lurraldeetako erakundeenak. Euskararen Aholku Batzordeak erakunde horiekiko harremanak eta lankidetza sustatuko ditu, euskararen hizkuntza-elkarteen batasun soziokulturalari eusteko eta bizitasun linguistikoa bultzatzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetako 3.1 artikuluko g), h), eta i) idatz-zatietan aipatutako kideek ordezkatzen dituzten erakundeek, beren ordezkoak izendatu ahal izango dituzte, beraiei aplikatzekoak diren arauen arabera.

XEDAPENA INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da, urriaren 16ko, 176/2007 Dekretua, Euskararen Aholku Batzordeari buruzkoa, bai eta maila bereko edo txikiagoko xedapenak ere, Dekretu honetan ezarritakoaren aurkakorik diotenetan.

Indargabetzen den urriaren 16ko 176/2007 Dekretuaren arabera indarrean dauden Euskararen Aholku Batzordeko kideen izendapenek behin-behinean jarraituko dute, Euskararen Aholku Batzordeko kide berriak izendatzen diren arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sei hilabeteko epea izango du Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoko kide berriak izendatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honetan ezarri ez direnetan eta Euskararen Aholku Batzordeak onartzen dituen jarduera-arauetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz zehaztutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko uztailaren 28an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik