Arautegia

Inprimatu

10/2020 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Lehendakariarena, zeinaren bidez indarrik gabe uzten baita Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), zuzentzeko eskumenak bereganatzea. Eskumen horiek bereganatzeko erabakia Lehendakariaren martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez hartu zen.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 1990
  • Xedapen-zk.: 10
  • Xedapen-data: 2020/05/17
  • Argitaratze-data: 2020/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2020ko martxoaren 13an, Osasuneko sailburuak eskatuta, Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), formalki aktibatzea, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertak sortutako egoeraren aurrean.

Plan horretan eta Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 11. artikuluaren g) letran horren testu bategina apirilaren 27ko 1/2017 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen xedatutakoaren arabera, segurtasun publikoaren arloko eskumena duen saileko titularrari dagokio LABI plana egikaritzeko baliabideak eta ekintzak zuzendu eta koordinatzea.

Hala ere, kontuan hartuta LABI plana aktibatu zenean epidemiak zuen larritasuna eta hedapena, «gizarte osoari eragin ziezaiokeena», beharrezkoa izan zen, LABI planaren IV. tituluaren 3.2.a) puntuan xedatutakoa aplikatuz, lehendakariak bere gain hartzea plan horri lotutako larrialdi-jarduerak zuzentzea eta koordinatzea, eta planaren antolaketa-egitura zuzenean bere mende jartzea.

Horretarako eman zen honako dekretu hau: 6/2020 Dekretua, martxoaren 13koa, Lehendakariarena, zeinaren bidez Lehendakariak Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI), zuzentzeko eskumenak bereganatzen baititu.

Bi hilabete igaro dira pandemia kudeatzeko lanak hasi zirenetik, eta, haren bilakaeraren adierazleen arabera, gaur egun pandemia geldiarazteko eta gutxitzeko fasean gaude. Horren azken helburua da, lehenik, kurba epidemiologikoak berriro goranzko joerarik ez erakustea, eta, bigarrenik, izaera finalistarekin, normaltasun-egoera baterantz aurrera egitea, askatasun indibidual eta kolektiboari gutxiago eragingo dioten prebentzio-neurriekin.

Testuinguru horretan, Osasuneko sailburuak dagoeneko desaktibatu egin ditu birusa ez zabaltzeko orain arte eman dituen arau asko. Eta, maiatzaren 14an, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman du, honako hau ezarriz: egungo osasun-adierazleen arabera, gainditu egin da martxoaren 13an ezohiko eta premiazko neurriak hartzea gomendatzen zuen egoera epidemiologikoa; une hartan zegoen osasun publikoko larrialdi-egoerari erantzuteko hartu ziren neurri haiek. Ebazpen horren arabera, osasun-larrialdiko fasea gainditutzat jotzen da, zeinaren helburu nagusia osasun-sistema ez kolapsatzea baitzen. Orain, osasun-zaintzako fase bati ekin behar zaio, eta fase horren helburua da epidemia geldiaraztea eta gutxitzea, kasuak eta kontaktuak kudeatuz.

Horrekin guztiarekin bat etorriz, Osasuneko sailburuak 2020ko maiatzaren 14ko Agindua eman du, zeinaren bidez eskatzen baitu Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurregiteko Bidea (LABI) modulatzea eta orain hasiko den osasun-zaintzako fasera egokitzea.

Bestalde, kontuan hartu behar da Estatuak, segurtasun publikoaren arloan dagokion eskumena baliatuz, Babes Zibileko eta Larrialdietako Sistema Nazionala delakoa ere aktibatu duela, COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela eta. Sistema horrek autonomia-erkidego guztietako babes zibileko sistemak biltzen ditu.

Ildo horretan, Alarma-egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak 5.4 artikuluan ezartzen zuen ezen Babes Zibileko Sistema Nazionalaren Legearen 17. artikuluan definitutako babes zibileko larrialdietan esku hartzeko eta laguntzeko zerbitzuek Barne Ministerioaren mende jardungo zutela (zerbitzu horien barruan «autonomia-erkidegoetako larrialdiak koordinatzeko organo eskudunak» daude).

Eta egoera horretan, martxoaren 15eko INT/228/2020 Aginduak (2020ko martxoaren 15eko BOE, 68. zk.) erabaki zuen Estatuko Koordinazio Batzordeari berehala dei egitea. Autonomia-erkidegoetan babes zibilaren eta larrialdien arloan eskumena duten sailburuak eta autonomia-erkidegoetako gobernu-ordezkariak izango ziren batzorde horretako kide.

Harrezkero, Babes Zibileko Estatuko Koordinazio Batzordeak bost bilera egin ditu, autonomia-erkidego guztien ordezkariak izan direlarik bertan.

Hori guztia ikusita, LABI aktibatuta mantentzea komeni da, nahiz eta aktibatzeko osasun-larrialdiko arrazoiak desagertu diren, orain hasten den osasun-zaintzako faseari erantzuteko beharrezkoa izan daitekeen babes zibileko azpiegitura edukitzen jarraitzeko eta, antolaketa- eta forma-ondorioetarako, alegia, Babes Zibileko eta Larrialdietako Sistema Nazionalaren Babes Zibila Koordinatzeko Estatuko Batzordean parte hartzen jarraitzeko.

Gaur egun desagertuak dira bere garaian Lehendakariak LABIren zuzendaritza eta koordinazioa bereganatzea justifikatu zuten ohiz besteko osasun-larrialdiko arrazoiak. Hori dela eta, komeni da ahalmen horiek itzultzea oro har dagozkion organoari: segurtasun publikoaren arloan eskumena duen Saileko titularrari.

Horren ondorioz, honako hau

Lehenengoa. Indarrik gabe uztea Lehendakariaren martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez erabakitako LABIren zuzendaritza- eta koordinazio-ahalmenak bereganatzea, eta eskumena Segurtasuneko sailburuari itzultzen zaio, hari baitagozkio, oro har, LABIren zuzendaritza eta koordinazioa.

Bigarrena. LABIren Aholku Batzordea desegitea, 2020ko martxoaren 14an eratu zena, baina hori ez da eragozpen izango Planaren zuzendaritza berriak beste bat izendatzeko, legez aurreikusitako helburuetarako.

Hirugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.