Arautegia

Inprimatu

48/2020 DEKRETUA, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 1901
  • Xedapen-zk.: 48
  • Xedapen-data: 2020/03/31
  • Argitaratze-data: 2020/04/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legeak arautzen duenez, administrazio-baimenak behar dira energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraiki, eraldatu, ustiatu, transmititu eta ixteko, bai eta energia elektrikoa ekoizteko instalazioak aldi baterako ixteko ere.

Instalazioetako baimenak emateko eskumena autonomia-erkidegoek dute (aipatutako lege-testu horren 3.13 artikuluaren arabera), bakoitzak bere estatutuen barruan, eta, edonola ere, instalazio horien aprobetxamenduak ez badie eragiten beste erkidego batzuei edo garraiatzeko nahiz banatzeko lanak ez badira bere lurraldetik kanpora zabaltzen. Instalazio horien gaineko ikuskapenak eta zehapenak ere autonomia-erkidego bakoitzaren eskumenekoak dira.

Horregatik, testu horren azken xedapenetako bigarrenak finkatzen badu ere Legea oinarrizkoa dela, testutik kanpo laga dira kasuan-kasuan eskumena daukan administrazioaren gain utzita dauden prozeduren inguruko erreferentzia guztiak.

Horiek horrela, Energia elektrikoaren instalazioak baimentzeko prozedurak eta energia elektrikoaren garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornitze-jarduerak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatzen da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren instalazio elektriko guztietarako baimen-araubidea; alabaina, formulatzeke geratu dira autonomia-erkidegoen eskumenekoak diren administrazio-prozedurak.

Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuak arautu zituen energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraiki, eraldatu, ustiatu, transmititu eta ixteko baimen administratiboa emateko prozedurak, bai eta hartuneak, zuzeneko lineak eta kontsumitzaileak konektatzeko instalazioak ere (lehen aipatu den eta indarrean dagoen 23/2013 Legearen aurrekoa den azaroaren 27ko Sektore Elektrikoko 54/1997 Legearen esparruan).

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko eskumeneko instalazioetarako administrazio-baimenak eskuratzeko prozedura gaurkotzeko, dekretu hau eratu da, lege-aldaketetara egokitu dadin eta onura publikoaren deklarazioa egin beharrik ez dagoenean edo ingurumen-inpaktuaren azterketa egin beharrik ez dagoenean bizkorrago jokatzeko modua izan dadin, hartara gehienetan eskatzen diren instalazio berriak egin eta martxan jartzeko baimenak errazago eskuratzeko. Era berean, egokitzat jotzen da instalazio elektriko horiei buruzko eskualdatzeen, ixteen, azterketen, ikuskatzeen, erantzukizunen eta zigorren araubidea arautzea.

Horren ondorioz, Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2020ko martxoaren 31n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak emateko prozedurak arautzea.

  2. Halaber, instalazio horien aldian behingo egiaztapenak eta ikuskapenak arautzen dira, eta, azkenik, instalazioen gaineko ardurak eta zehapenak.

  1. Dekretu honetako manuak goi-tentsioko energia elektrikoa ekoizten, garraiatzen eta banatzen duten instalazioei aplikatuko zaizkie, baldin eta instalazio guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan badaude, haien aprobetxamenduak beste erkidego batzuetan eraginik ez badu eta baimena Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoa ez bada.

  2. Dekretu hau aplikatuko zaie, halaber, zuzeneko lineei eta generazio-zentralak edo kontsumo-instalazioak garraio- edo banaketa-sarera konektatzeko instalazioei, baldin eta pertsona fisiko edo juridiko eskatzailearen titulartasunekoak ez diren lursailetan 50 metro egiten badituzte.

  3. Dekretu honen aplikazio-eremutik at daude instalazio hauek:

    Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, Estatuko administrazio orokorraren eskumenekoak direnak.

    Tentsio izendatua 1 kV-koa edo txikiagoa dutenak, salbu eta onura publikoaren deklarazioa eskatzen denean.

    Potentzia txikiko ekoizpen-sarera konektatzea arautzen duen azaroaren 18ko 1699/2011 Errege Dekretuak eragindako ekoizpen-instalazioak.

    Soberakinik gabeko auto-kontsumorako generaziokoak, potentzia edozein dela ere.

    Aerosorgailu bat edo gehiagoko parke eolikoen bidezko generaziokoak, guztira, 500 kW-ko edo gehiago instalatuta. Horiek araudi berezi bidez arautuko dira.

Dekretu honen aplikazio-eremuaren baitako instalazio elektrikoak talde hauetan sailkatuta daude, administrazio-izapidearen ondorioetarako:

  1. Lehenengo taldea:

    1 MW baino gehiagoko potentzia ekoizteko instalazioak eta haien transformazioa eta ebakuazio-lerroak.

    Kategoria bereziko eta lehen kategoriako instalazioak (> 66 kV).

    Aurrekoetan sartzen ez den edozein instalazio, baldin eta onura publikoaren izendapena eskatzen bada edo, indarreko legeriaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende badago.

  2. Bigarren taldea:

    1 MWko edo gutxiagoko potentzia ekoizteko instalazioak eta haien transformazioa eta ebakuazio-lerroak.

    Bigarren eta hirugarren kategoriako instalazioak ( 66 kV).

    Titularraren instalazioen barnean kokatutako kategoria bereziko eta lehen kategoriako instalazioen aldaketak.

  3. Hirugarren taldea: aldi baterako instalazioak.

  1. Aldez aurretiko administrazio-baimena.

    Dekretu honen mende dauden instalazioek beharko dute baimen mota hori, abian jarri ahal izateko, funtsezko aldaketak egiteko eta behin betiko ixteko. Energia elektrikoa ekoizteko instalazioak aldi baterako ixteko, halaber, baimen mota hori beharko da.

    Instalazioaren aurreproiektutik edo proiektutik abiatuta, dokumentu tekniko gisa izapidetuko da eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera, eta baimendutako enpresari instalazio zehatz bat baldintza jakin batzuetan egiteko eskubidea emango zaio.

  2. Eraikitzeko administrazio-baimena.

    Dagokien aurretiazko administrazio-baimena lortuta, aipatu baimena beharko dute instalazio berri eta funtsezko aldaketa guztiek, gauzatu aurretik.

    Izapidetzeko, exekuzio-proiektua aurkeztuko du, aplikatu beharreko araudia betetzen duela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera. Horren bitartez, titularrak instalazioa eraiki ahalko du, bete beharreko eskakizun teknikoak beteta.

  3. Ustiatzeko eta abian jartzeko baimena.

    Baimen horrekin, instalazioak tentsioan jarri eta ustiatu ahalko dira, behin proiektua gauzatu eta egin beharreko egiaztapenak eginda.

    Baimen mota hori beharko dute instalazioek, martxan jartzeko, eta aldaketa funtsezkoak eta hizpide dugun dekretuaren 30. artikuluan zehazten diren funtsezkoak ez direnak egiteko.

    Aldi baterako instalazioen kasuan, martxan jartzeko, 21. artikuluan xedatzen dena bete beharko da.

Energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzak egikarituko ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunaren mendeko baimenak emateko eskumenak.

1. 4. artikuluan adierazten diren baimen-eskabideak eta eskatzen den dokumentazioa energia-arloan eskuduna den zuzendaritzari igorri beharko zaizkio, www.euskadi.eus gunean horretarako erabilgarri dagoen aplikazio elektronikoa erabilita.

  1. Eskaerok Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako eskakizunak bete behar dituzte.

  2. Lurralde historiko bati baino gehiagoari eragiten dioten instalazioen kasuan, eragindako lurralde bakoitzeko eskaera bana egin behar da.

  3. Kapitulu honetan bildutako baimenak emango dira aplikatu beharreko xedapenekin bat etorrita beharrezkoa den beste edozein baimen kontuan hartu gabe.

Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen baimenaren eskatzaileek abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 121. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar dituzte, jarduteko; izan ere, dekretu horretan arautzen dira energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta energia elektrikoen instalazioak baimentzeko prozedurak.

Aurretiko administrazio-baimenaren eskaera agiri hauekin batera aurkeztu beharko da formatu elektronikoan:

a) 7. artikuluan adierazitako eran, eskatzailearen ahalmena egiaztatzen duen dokumentazioa.

  1. Instalazioaren aurreproiektua, edo proiektua, eskatzaileak egoki iritziz gero, teknikari eskudun batek sinatuta; aurreproiektu horrek, gutxienez, dagokion araudiak eskatzen duen informazioa eduki behar du.

    Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien instalazioetan, eskatzaileak ezinbestean aurkeztu beharko du instalazioaren exekuzio-proiektua, ez ordea aurreproiektua.

    Lurralde historiko batean baino gehiagotan kokatutako instalazioen kasuan, oro har, instalazio osoaren informazioa bildu behar du, zehaztuta instalazioko zein zatik duen eragina lurralde bakoitzean.

  2. Separatak administrazio publikoentzat, organismoentzat eta, hala badagokio, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuko enpresentzat, formatu elektronikoan, baldin eta instalazioak eragindako ondasun edo zerbitzuak badituzte. Separatek instalazioaren ezaugarri orokorrak eta dagokion dokumentazio kartografikoa eta, hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren sintesi-dokumentu bat bildu behar dituzte.

  3. Ingurumen-inpaktuaren dokumentazioa, beharrezkoa izanez gero.

  4. Generazio-instalazioen kasuan, egiaztagiria aurkeztu beharko da kasuan kasuko abala administrazio eskudunaren organoari eman zaiola frogatzeko.

  1. Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko nahiz banatzeko instalazioen proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egingo zaie, ingurumenaren arloko legedian zehaztutako baldintzetan eta kasuetan.

  2. Kasu horietan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduran aurreikusitako jendaurreko informazioa eta kontsulta-izapidea aldez aurretiko administrazio-baimenerako 10. eta 11. artikuluetan araututako informazioarekin batera emango da.

  1. Aldez aurretiko administrazio-baimenaren eskaerei jendaurreko informazio-erakustaldiaren izapidea egingo zaie. Hala, bada, jendaurrean izango dira hogei egunez. Horretarako, eskaeren laburpen-iragarkia argitaratuko da instalazioa dagoen lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  2. Aurretiko administrazio-baimena, eta zehazki, onura publikoaren izendapena aldi berean eskatuz gero, aurreko apartatuan adierazitako jendaurreko informazioa batera egingo da bi eskabideetarako, are ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako ere, hala dagokionean.

    Jendaurreko informazioaren izapidea batera egiten bada, aurreko lerrokadan eta ingurumen-prozedurari buruzko 9. artikuluan zehazten den eran, betetzeko epea prozeduretan zehazten direnetatik luzeena izango da.

  3. Baldin eta instalazioak lurralde historiko bati baino gehiagori eragiten badio, instalazioak sorburu duen probintziako lurralde-bulegoak egingo ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia argitaratzeko izapideak.

  4. Alegaziorik aurkezten bada, alegazio horiek eskatzaileari helaraziko zaizkio. Eskatzaileak egoki deritzona jakinaraziko dio organo eskudunari, gehienez ere hamabost eguneko epean.

  5. Ez da beharrezkoa honako hauek jendaurreko informazio-izapidera berriz aurkeztea: alegazioak baiestearen ondorioz gerta daitezkeen aldaketa ez funtsezkoak; eta partikularrek edo administrazioek, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuko organismoek edo enpresek, aipatutako instalazioen administrazio-baimenen eskaerak izapidetzean, aurkeztutako baldintza edo neurri zuzentzaileak, baldin eta ukitutako jabeek bide-eskubidea edo erabilera-eskubidea laga badiete.

  1. Aurreproiektuaren edo proiektuaren separata bat emango zaie dagokien administrazio, erakunde edo zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak beren ardurapeko ondasun eta eskubideei eragiten dien heinean, eskatutako baimena hilabeteko epean eman edo uka dezaten. Epe hori igaro ondoren, berariazko erantzunik jasotzen ez bada, instalazioaren baimenarekin bat datozela ulertuko da.

    Kontsulta-izapide hori ingurumeneko legedian xedatzen denarekin batera egiten den kasuetan, betetzeko epea prozeduretan zehazten direnetatik luzeena izango da.

  2. Kontrakotasunik balego, eskatzaileari horren berri emango zaio. Eskatzaileak hamabost eguneko epea izango du adostasuna agertzeko edo egoki iritzitako eragozpenak adierazteko.

  3. Eskatzaileak kontrakotasun horren aurrean eragozpenik adierazten badu, aurka agertu den administrazioari, erakundeari edo enpresari jakinaraziko zaizkio eragozpen horiek, eta hark hamabost eguneko epea izango du erantzun horren alde agertzeko edo eragozpenak adierazteko.

    Baldin epe hori igarota administrazio, erakunde edo enpresa horiek beste eragozpen-idatzi bat egin ez badute, eskatzailearen erantzunarekin bat datozela ulertuko da.

    Artikulu honen aurreko paragrafoetan ezarritako izapideak bertan behera utz daitezke, baldin eta, eskaera aurkeztearekin batera, administrazio-baimenaren eskatzaileak adierazten badu ados dagoela administrazioek, erakundeek edo, halakorik izanez gero, zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresek instalazio elektrikoaren eraginpeko ondasunak edo eskubideak dituzten heinean emandako baldintzekin eta aldeko txostenekin.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako baimena emateko, aldez aurretik, Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiaren txostena eskatuko du organo eskudunak, bat etorrita Sektore Elektrikoaren 24/2013 Legearen 35.2 artikuluarekin eta Energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta energia elektrikoen instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 114. artikulurekin.

    Horretarako, Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusira bidaliko ditu eskaera eta eskaerarekin batera doazen dokumentuak. Zuzendaritza horrek txostena emango du, hiru hilabeteko epean.

    Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiaren txostena eskatzaileari helaraziko zaio. Baldin eta Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiak hiru hilabeteko epean erantzuten ez badu, ulertuko da txostena ez dela aldekoa, eta horixe jakinaraziko zaio eskatzaileari.

  1. Energiaren gaietan eskumenak dituen zuzendaritzak sei hilabeteko epean emango du eta jakinaraziko du ebazpena. Administrazio-baimenaren eskaera aurkezten denetik hasiko da epe hori, salbu eta instalazioaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa beharrezkoa izan denean; halakoetan, ebaluazio hori ebazten denetik hasiko da epea.

  2. Aurretiko administrazio-baimenak berariaz ebazten ez badira, ezetsi direla ulertuko da, Elektrizitate-sektorearen abenduaren 23ko 24/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

  3. Instalazioa dagoen lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da ebazpena, eta haren berri eman beharko zaie bai eskatzaileari, bai espedienteak ukitutako administrazio, erakunde publiko eta interes orokorreko zerbitzuen enpresa guztiei.

  4. Administrazio-baimenak adieraziko du baiezkoa jasotzen denetik zer epe dagoen eraikitzeko administrazio-baimena eskatzeko. Epe hori baimen horren titularraren eskariz luzatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat, edo, hala badagokio, araudi bereziak xeda dezakeenaren arabera.

    Orobat, administrazio-baimenean adierazi beharko da ezen eraikitze-baimena adierazitako epealdi horren barruan eskatzen ez bada administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango dela.

  5. Aurretiko administrazio-baimenaren eskaeraren esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek energian eskuduna den sailburuordetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  1. Eskatzaileak edo aurretiko administrazio-baimenaren titularrak eraikitzeko administrazio-baimena aurkeztuko du, teknikari eskudunak sinatutako exekuzio-proiektuarekin batera. Administrazio eskudunak onartutako erregelamendu teknikoei, banaketa-enpresen arau bereziei eta aplikatu beharreko gainerako arau teknikoei jarraikiz taxutu behar da exekuzio-proiektu hori, eta honako dokumentu hauek jaso behar ditu:

    Memoria, non, gutxienez, kasuan kasuko erregelamenduen jarraibide tekniko osagarrietan eskatutakoa jaso behar baita.

    Baldintzen agiria.

    Aurrekontua.

    Instalazioaren planoak, dagozkien erregelamenduetan eskatutakoari jarraituz.

    Bestelako azterlanak: besteak beste, lan-arriskuen prebentzioari buruzkoak.

    Hala badagokio, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 16ko Agindua betetzen dela justifikatu beharko da. Agindu horretan zehazten dira hegazti-espezie mehatxatuen ugalketa-, elikadura-, aisia- eta topaketa-gune lehenetsiak, abifauna babesteko eremuak argitaratzeaz gain.

    Lurralde historiko batean baino gehiagotan kokatutako instalazioen kasuan, proiektuak instalazio osoaren informazioa bildu behar du, zehaztuta instalazioko zein zatik duen eragina lurralde bakoitzean.

  2. Bestelako administrazioen, organismoen edo zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresen mende dauden ondasun, instalazio, obra, zerbitzu, zentro edo zonei eragiten dieten proiektuaren zatiak separata edo eranskin gisa aurkeztuko dira elektronikoki; eurei helaraziko zaizkie, hilabete bateko epean, kasuan kasuko baldintza teknikoak ezar ditzaten.

  3. Ez da beharrezkoa izango baldintzen zerrenda hori eskuratzea, honako egoera hauetan:

    1. Administrazio, erakunde eta enpresa horiek energiaren gaietan eskumenak dituen zuzendaritzarekin arau orokorrak hitzartu dituztenean, dela instalazioak ezartzeko, dela linea elektrikoek zeharkatuta edo linea elektrikoak mugakide dituztela egon daitezen artikulu honen 2. apartatuan aipatutako ondasun, instalazio, obra, zerbitzu, zentro edo zonak.

    2. Dagozkien separatak bidali eta hilabete igaro denean erantzunik jaso gabe, onartutzat joko dira instalazioaren eskatzaileak gauzatze-proiektuan proposaturiko zehaztapen teknikoak.

  4. Ezarritako baldintzak jakinaraziko zaizkio eskatzaileari. Eskatzaileak hamabost eguneko epea izango du adostasuna agertzeko edo eragozpenak adierazteko.

  5. Eskatzaileak eragozpenik adieraziz gero, haren erantzuna baldintza teknikoen zerrenda eman zuen administrazioari, erakundeari edo enpresari jakinaraziko zaio. Jakinarazi zaion horrek hamabost eguneko epea izango du erantzun horren alde agertzeko edo eragozpenak adierazteko.

    Baldin epe hori igarota administrazio, erakunde edo enpresa horiek euren baldintzen zerrendari buruzko beste eragozpen-idatzi bat egin ez badute, eskatzaileak baldintzei buruz emandako erantzunarekin bat datozela ulertuko da.

  6. Instalazioak kontsumitzaile edo sortzaile batek egindakoak badira, eta banaketa- edo garraio-enpresa bati lagatzen bazaizkio, instalazioaren titularrak eskatu ahalko du hirugarrenen aurrean ordaina emateko hitzarmena sinatzeko, energia elektrikoa banatzeko jardueraren ordaina kalkulatzeko metodologia ezartzen duen abenduaren 27ko 1048/2013 Errege Dekretuaren 25. artikuluan jasotakoaren arabera.

    Lagatzaileak aipatu ordaina ematera bideratutako hitzarmena sinatzeko eskubidea duela badakiela bermatzearren, enpresa banatzaileek eskubide hori zertan datzan eta zein baldintzatan eta unetan baliatu daitekeen argi eta garbi jakinarazi beharko dute eskatzaileari bidalitako baldintza tekniko-ekonomikoen agirian.

  7. Aipatu izapideak amaituta, energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzak hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko du ebazpena, eskaeraren datatik zenbatzen hasita.

    Eraikitzeko administrazio-baimenak berariaz ebazten ez badira, ezetsi egin direla ulertuko da, Elektrizitate-sektorearen abenduaren 23ko 24/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

  8. Ebazpena eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, baita prozeduran parte hartu duten interesdun guztiei eta espedientean baldintza teknikoen zerrenda eman zuten edo eman zezaketen administrazio, organismo edota zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresa guztiei ere.

  9. Titularrari instalazio proiektatua eraikitzeko aukera ematen dion eraikitzeko administrazio-baimenean, instalazioa noiz amaitu behar den adierazi behar da. Epe hori baimen horren titularraren eskariz luzatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat, edo, hala badagokio, araudi bereziak xeda dezakeenaren arabera.

    Orobat, administrazio-baimenean adierazi beharko da ezen ustiatze-baimena adierazitako epealdi horren barruan eskatzen ez bada administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango dela.

  10. Eraikitzeko administrazio-eskaeraren esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek energian eskuduna den sailbururordetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

  11. Aldez aurreko administrazio-baimena eta eraikuntza-baimena aldi berean eskatuz gero, bi espedienteak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta ebazpen bakar baten bidez amaituko da.

  1. Proiektua gauzatu eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, administrazio-baimenaren titularrak dagokion ustiatze-baimenaren edo zerbitzuan jartzeko aktaren eskaera egingo du.

    Kasuan kasuko erregelamendu teknikoetan adierazitako dokumentazioa atxikiko zaio eskabide horri.

  2. Eskabidea eta horri atxiki beharreko dokumentazioa arestian adierazitakoa aurkeztu ondoren, instalazioak behin-behinean abiarazi ahalko dira, titularra eta obra-zuzendaritza izanik horren erantzule.

  3. Lurralde historiko batean baino gehiagotan kokatutako instalazioen kasuan, espediente bat izapidetu behar da lurralde bakoitzeko, instalazioon kokapen zehatza adierazita. Dokumentazioak instalazio osoko datuak bilduko ditu, baita lurralde bakoitzari zer-nola eragiten dion ere.

  4. Ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena hilabeteko epean eman behar da, kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzak eskaera egin duen datatik zenbatzen hasita, egoki iritzitako egiaztapenak egin ondoren, instalazioaren zati garrantzitsu baten ikuskapena barne.

  5. Lehendik dauden instalazioak eraberritzen badira, eraberritzea burututakoan, banaketa- eta garraio-instalazioak energizatzeko aukera dago; titularra eta obra-zuzendaria izango dira erantzule, baldin eta hornidura-eten bat gertatzen bada instalazioak ez energizatzeagatik. Gehienez hiru eguneko epean aurkeztu behar da 1. puntuko dokumentazioa, energizatu zenetik hasita.

Generazio-instalazioek abian jartzeko baimena lortu ondoren, energia elektrikoaren ekoizleen erregistroan inskribatzeko eskatu beharko dute titularrek.

Energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik sortutako energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen kasuan, ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar da. Dekretu horren bidez, energia-iturri berriztagarrietan, kogenerazioan eta hondakinetan oinarritutako energia elektrikoa ekoizteko jarduera arautzen da. Hona hemen dokumentazioa:

  1. Eskatzaileak aurretiko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko baimenaren eskaera aurkeztu behar ditu, dekretu honetako 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

  2. Eskaerak batera eta dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko dira:

    Eskatzailearen ahalmena egiaztatzen duen dokumentazioa, 7. artikuluan adierazitako eran.

    Exekuzio-proiektua, dekretu honen 13.1 artikuluan adierazitakoaren arabera.

  1. Energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzak hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko du ebazpena. Epe hori aurretiko administrazio-baimenaren eta eraikuntza-baimenaren eskaera aurkezten den egunean hasiko da.

  2. Ezarritako epean esanbidezko ebazpenik eman ezean, aurkeztutako baimen-eskaerak ezetsi direla ulertuko da.

  3. Esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute energian eskuduna den sailburuordetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Instalazioa abian jartzeko akta egiteko, 14. artikuluan ezarritako izapideei jarraituko zaie; salbuespen izango da aurretiko ikuskapena, ez baita nahitaezkoa.

Ekoizleen erregistroetan inskribatzeko, hala dagokionean, hizpide dugun dekretuaren 15. artikuluan xedatzen denari jarraituko zaio.

  1. Dekretu honen aplikazioaren ondorioetarako, energia elektrikoa garraiatu eta banatzeko aldi baterako instalaziotzat jotzen dira honako hauek:

    1. Zerbitzuko instalazioetako matxurak konpontzean gauzatutakoak.

    2. Laguntzakoak, instalazio berriak egiten direnean eta egun daudenak aldatzen direnean.

    3. Gehienez ere sei hilabeteko iraupena duten hornikuntzak.

  2. Aldi baterako instalazio horien motak:

    Transformazio-azpiestazioak eta transformazio-zentro mugikorrak.

    Eraikitzen diren behin-behineko linea elektrikoak, gerora kendu edo behin betiko instalazioekin ordeztuko direnak.

    Ekoizpen-instalazio mugikorrak.

  1. Aldi baterako instalazioa egindakoan, garraiatzeko edo banatzeko enpresak abian jarri ahal izango du, eta hamabost eguneko epea izango du energia-gainetan eskumenak dituen zuzendaritzari jakinarazteko. Jakinarazpen horretan, aldi baterako instalazioaren helburua, ezaugarri nagusiak, kokagune-planoa eta gutxi gorabehera iraungo duen aldia adierazi beharko ditu.

    Halaber, teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiria atxiki beharko da, eta, bertan, erregelamenduko segurtasun-baldintzak eta aplikatu beharreko arauak betetzen direla adierazi beharko da.

  2. Ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena hilabeteko epean eman beharko da, jakinarazpena egiten den datatik zenbatzen hasita.

Behar bezala justifikatutako salbuespenetan izan ezik, aldi baterako instalazioak gehienez sei hilabeteko epean desmuntatu beharko dira, eta bost eguneko epean eman beharko zaio horren berri energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzari.

  1. Dekretu honen 3. artikuluko lehenengo eta bigarren taldeetako instalazioen titulartasuna garraio- eta banaketa-enpresen artean eskualdatzeko, aurretiko administrazio-baimena beharko da.

  2. Garraio- eta banaketa-enpresek 3. artikuluko lehen eta bigarren taldeetako instalazioak titular pribatu bati eskualdatzen badizkiote, dagoeneko ez dira banaketa- edo garraio-instalazioak izango.

    Horretarako, eskualdaketa egin baino lehen, instalazioaren titularrak partikular bati eskualdatzeko administrazio-baimena eskatu beharko du, eta banaketa- edo garraio-instalazioaren izaera galduko da.

  3. Dekretuaren 3. artikuluko lehenengo eta bigarren taldeetako instalazioen titulartasuna eskualdatzeko, aurretiko administrazio-baimena beharko da.

    Haize- edo eguzki-jatorriko energia elektrikoa ekoizten duten instalazioetarako, mantentze-kontratu berri bat eta kontrol-organismo batek egindako aldeko ikuskapen-ziurtagiri bat hiru urte baino gutxiagokoa aurkeztu behar dira.

  4. Kontsumitzaile edo sortzaile bati baino gehiagori bideratutako instalazioen kasuan, banaketa-sarearen izaerakoetan, instalaziook enpresa banatzaile bati lagatzeko, lagapen-baimena eskatu beharko da.

  5. Titulartasuna eskuratzeko asmoa duen pertsonak eskatu beharko ditu eskualdatzeko administrazio-baimenak, eta honako hauek ere aurkeztu behar ditu: eskatzailearen ahalmen juridikoa, teknikoa eta ekonomikoa frogatu ahal izateko dokumentazioa eta instalazioaren titularraren deklarazioa, non titulartasun hori eskualdatzeko asmoa adierazten baita.

  1. Organo eskudunak eskaerari buruzko ebazpena emango du, hilabeteko epean. Ezarritako epean berariazko ebazpenik eman ezean, aurkeztutako eskaera ezetsi dela ulertuko da.

  2. Ebazpena instalazioa eskualdatzen duenari eta eskuratzen duenari jakinarazi beharko zaie.

  3. Baimena ematen denetik aurrera, eskatzaileak sei hilabeteko epea izango du instalazioaren titulartasuna eskualdatzeko. Epea eskualdatzerik gabe igaro bada, baimena iraungitzat jo ahal izango da.

  4. Hilabeteko epean, titulartasuna eskualdatu denetik zenbatzen hasita, eskuratzaileak horren berri eman behar dio energia-gaietan eskumena duen zuzendaritzari, eta eskualdatzea egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.

    Administrazioak titulartasun berria jasoko du.

  5. Esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute energian eskuduna den sailburuordetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  1. Dekretu honen 3. artikuluko lehenengo eta bigarren taldeetan sartzen diren instalazioak ixteko, aurretiko administrazio-baimena beharko da.

  2. Energia-gaietan eskumena duen zuzendaritzari aurkeztu behar zaio ixteko eskaera bitarteko elektronikoak erabiliz. Eta horrekin batera, honako eduki hau duen memoria bat ere aurkeztu beharko da: ixtea eragin duten teknika-, ekonomia- nahiz ingurumen-arloko gorabeherak, edo beste arloren batekoak; instalazioaren plano eguneratuak; eta, eraistekoa bada, instalazioa eraisteko plana.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren garraio-instalazioak ixteko baimena emateko, aldez aurretik, Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiaren txostena beharko da, Sektore Elektrikoaren 24/2013 Legeko 35.2 artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 137. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Dekretu horretan, energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta energia elektrikoen instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dira.

Horretarako, instalazioa ixteko baimena emateko eskumena duen organoak Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusira bidaliko ditu eskaera eta eskaerarekin batera doazen dokumentuak. Zuzendaritza horrek txostena emango du, hiru hilabeteko epean.

Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiaren txostena eskatzaileari helaraziko zaio. Baldin eta Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiak hiru hilabeteko epean erantzuten ez badu, ulertuko da txostena ez dela aldekoa, eta horixe jakinaraziko zaio eskatzaileari.

  1. Organo eskudunak instalazioa ixteko baimenaz erabakiko du hilabeteko epean, Energia Politikako eta Meategietako Zuzendaritza Nagusiaren txostena jasotzen denetik edo, hala badagokio, txostena emateko epea igaro zenetik zenbatzen hasita. Esanbidezko ebazpenik eman ezean, aurkeztutako eskaera ezetsi dela ulertuko da.

  2. Instalazioa ixteko baimenak, betiere, titularrari instalazioa eraisteko betebeharra ezar diezaioke, bai eta ingurumena oneratzeko egoki irizten diren beste betebehar batzuk ere.

  3. Ebazpena eskatzaileari eta eragindako organismo eta administrazioei jakinaraziko zaie.

  4. Esanbidezko edo ustezko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute energian eskuduna den sailburuordetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

  1. Behin instalazioa itxi eta, beharrezkoa bada, desmuntatu ondoren, titularrak horren berri eman behar dio baimena eman zionari, hamabost eguneko epean.

  2. Itxiera jakinarazita eta egokitzat jotzen diren egiaztapenak egin ondoren, itxiera-akta egingo da.

Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei eta haien jarraibide tekniko osagarriei (ITC-RAT, 01.tik 23.era artekoa) buruzko Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuaren ITC-RAT-20aren 4. puntuan eta Goi-tentsioko airetiko linea elektrikoen erregelamendu teknikoa eta beraren jarraibide tekniko osagarriei (ITC-LAT 01.tik 09.era) buruzko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 15eko 223/2008 Dekretuaren ITC-LAT-09aren 4. puntuan jasotako aldaketak aldaketa ez funtsezkotzat joko dira, ordainsari-aldaketak eragiten dituztenak barne, eta ez dute beharko inolako administrazio-baimenik.

Inola ere ez dira artikulu honetara bilduko aldaketak, baldin eta hirugarrenei eragiten zaizkien ondorioetan aldaketaren bat badakarte eta ukitutakoek berariazko adostasuna adierazten ez badute.

Hala ere, jarduera horien guztien zerrenda bidali behar da energia-gaietan eskumena duen zuzendaritzara, linearen edo instalazioaren egoera eguneratuaren berri izateko. Informazio hori modu telematikoan igorri beharko da aldaketak egin ondorengo urteko martxoaren 31 baino lehen.

Aldaketak jakinarazi ondoren administrazioak sortuko duen agiria aldaketon ustiatze-aktatzat hartuko da.

Ez da nahitaez eskatu beharko aurretiko administrazio-baimena, ezta eraikuntza-baimena ere, bai ordea ustiatze-baimena, bigarren taldeko instalazioetan egiten diren aldaketak honelakoak badira:

Transformazio-, sekzionamendu- edo maniobra-zentro baten aldaketak, indarreko araudia betetzen badute eta ez badira jatorriz baimendutakoa baino potentzia handiagokoak.

Euskarriak aldatzea, ordezkatzea edo kentzea, sare-etenen organoen instalazioa barne, salbu eta hirugarrenenganako eragina handiagoa denean eta ados jarri ez direnean.

Aireko lineak lurperatzea hirigunean, lurpeko lineen ibilbidea aldatzea hiri-lurzoruan.

Ustiatze-baimenaren eskaera 18. artikuluan xedatzen denaren arabera egin beharko da, eta exekuzio-proiektua atxiki beharko da, 13.1 artikuluari jarraikiz, ez bada aipatu proiektua jada energian eskuduna den organoaren eskutan dagoela.

  1. Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko goi-tentsioko instalazioak eta linea elektrikoak gutxienez hiru urtean behin ikuskatu behar dira, ezartzeko unean indarrean ziren erregelamendu-baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, lehendik dauden instalazioak ikuskatzeko unean indarrean diren baldintza eta preskripzio teknikoak bete beharko dituzte, baldin euren egoera orokorragatik, kokaguneagatik edo ezaugarriengatik pertsona edo ondasunentzako arrisku larria badakarte, edo beste instalazio batzuen funtzionamenduan asaldura onartezinak eragiten badituzte.

  2. Dekretu hau indarrean jarri ondorengo sei hilabeteetan barnean, elektrizitate-garraio edo -banaketako enpresak egiaztapenok egiteko eta jakinarazteko prozedura aurkeztu beharko dio energian eskuduna den zuzendaritzari, onartu dezan.

    Egiaztapen guztiak aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera onartutako prozedurei jarraikiz egin beharko dira.

  1. Garraio- eta banaketa-enpresenak ez diren instalazioak gutxienez hiru urtean behin ikuskatu behar dira, ezarri zirenean indarrean zeuden erregelamendu-baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

    Aurreko paragrafoan xedatua gorabehera, lehendik dauden instalazioak ikuskatzeko unean indarrean diren baldintza eta preskripzio teknikoak bete beharko dituzte, baldin euren egoera orokorragatik, kokaguneagatik edo ezaugarriengatik pertsona edo ondasunentzako arrisku larria badakarte, edo beste instalazio batzuen funtzionamenduan asaldura onartezinak eragiten badituzte.

  2. Baimendutako kontrol-organismoek egin behar dituzte aldian aldiko ikuskapenak.

    30 kV-koa baino tentsio izendatu handiagoa ez duten linea elektrikoen kasuan, ikuskapenen ordez, teknikari titulatuek egiaztapenak egin ditzakete aldian-aldian, Goi-tentsioko airetiko linea elektrikoen erregelamendu teknikoa eta beraren jarraibide tekniko osagarriei (ITC-LAT 01etik 09ra) buruzko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 15eko 223/2008 Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Aldian aldiko ikuskapenak egiten dituzten profesionalek aldizkako aintzatespen-buletinak bete behar dituzte horretarako ezarritako eredu ofizialean, eta honako dekretu honetan ezarritakoaren arabera egin beharko dituzte izapideak: 5/2018 Dekretua, urtarrilaren 16koa, industria-segurtasunari buruzko erregelamendua bete behar duten instalazio eta ekipamenduak aldizka ikuskatzeko kudeaketa-prozedurari buruzkoa.

  1. Energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzak dekretu honetan jasotako instalazio elektrikoen nahi beste ikuskapen egin ahal izango ditu, ofizioz edo alderdiak eskatuta.

  2. Baldin eta egindako ikuskapenen ondorioz, edo aldizkako egiaztapenen edo ikuskapenen ondorioz, irregulartasunen bat agerian geratzen bada, instalazioaren titularrari agindu ahal izango zaio egoki iritzitako neurri zuzentzaileak hartzeko, horretarako dituen epeak adierazita.

  1. Hala badagokio, energia-gaietan eskumenak dituen organo eskudunak onartuko du dekretu honen esparrura bildutako instalazioen onura publikoaren deklarazioa.

  2. Onarpena lortzeko, interesdunak halaxe eskatu behar du, hauek erantsita:

    Eskatzailearen aburuz, desjabetu behar diren ondasunen edo eskubideen bana-banako zerrenda zehatza, finkaren eta berorren titularraren datuen (harremanetarako datuak: posta-helbidea eta helbide elektronikoa) zerrenda barne.

    Separata euskarri elektronikoan, instalazioak eragindako ondasunak edo eskubideak dauden udal-mugartearen udala bakoitzarentzat, jendaurrean jar dezan.

    Finka bakoitzari eragindako afekzioen plano zehatza.

    Aurretiko administrazio- edo eraikuntza-baimenerako behar den gainerako dokumentazioa.

  3. Onura publikoaren deklarazioak berekin dakar, betiere, eragindako eskubideak okupatu eta eskuratu beharra, eta presakako okupazioa ekarriko du, Nahitaezko Desjabetzearen 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

    Era berean, instalazio elektrikoa Estatuaren edo autonomia-erkidegoen jabetza, erabilera edo zerbitzu publikoko lurretan nahiz ondare-lurretan, edo probintzia edo udalerriaren erabilera publiko, propio edo herri-erabilerako lurretan, horien obra edo zerbitzuetan eta zortasun-zonetan ezartzeko, igarotzeko edo okupatzeko dagokion baimena emateko eskubidea ere emango dio, herri-onuraren deklarazioan zehaztutako baldintzetan.

  1. Proiektuaren egilearen erantzukizuna da proiektuak araudia eta aplikatu beharreko arau teknikoak betetzea.

  2. Obra-zuzendaritzako ziurtagiria egiten duen teknikari eskudunaren erantzukizuna da instalazioak proiektura egokitzea eta, prozesu horretan, aplikatu beharreko erregelamendu-baldintzak eta arau teknikoak betetzen direla bermatzea.

  3. Instalazioaren titularrari dagokio kasuan kasuko administrazio-baimenak lortzeko administrazio-izapideak egitea, baita erregelamendu-baldintzei eustea eta instalazioaren aldizkako ikuskapenak garaiz eta behar bezala egitea ere.

  4. Enpresa instalatzailea arduratu behar da goi-tentsioko instalazioei loturiko jarduerak egiteko gaitzen duten eskakizunak betetzeaz, baita goi-tentsioko instalazioen exekuzio, aldaketa, handitze, mantentze, konpontze eta desmuntatze egokiaz ere, indarrean den araudiari eta exekuzio-proiektuari jarraikiz.

Sektore elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legean xedatutako arau-hausteak zigortzeko eskumena, autonomia-erkidegoaren eskumen-eremuaren barruan, honako hauei dagokie:

  1. Energia-gaietan eskumenak esleituta dituen sailburuordetzaren titularrari, oso astuntzat tipifikatutako arau-hausteei dagozkien zehapenak ezartzeko.

  2. Energia-gaietan eskumenak dituen zuzendaritzaren titularrari, astun edo arintzat tipifikatutako arau-hausteei dagozkien zehapenak ezartzeko.

Dekretu honen indarraldia hastean izapidetan diren espedienteak espedientea hasteko unean aplikatu beharreko araudiari jarraituz ebatzi arte izapidetzen jarraituko dira.

  1. Honako hauek berariaz indargabeturik geratzen dira:

    282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, zeinaren bidez arautzen baitira honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio baimenerako prozedurak: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.

    2001eko azaroaren 30eko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, araubide bereziko energia elektrikoa ekoizten duten instalazioen gaineko kontrolari eta jarraipenari buruzkoa.

    2001eko uztailaren 11ko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, eguzki-energia fotovoltaikoaren zenbait instalaziori ezarri behar zaien administrazio-prozedura arautzen duena.

  2. Gainera, indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz beheragoko mailako arau guztiak.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Arauak onartzeko gaikuntza.

    Energiaren arloko eskumena duen sailburuari ematen zaio dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko xedapen beharrezkoak egiteko ahalmena.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 31n.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.