Arautegia

Inprimatu

20/2020 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, zeinaren bidez garatzen baita motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen biktimen errekonozimendu eta erreparaziorako prozedura.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 44
  • Hurrenkera-zk.: 1322
  • Xedapen-zk.: 20
  • Xedapen-data: 2020/02/25
  • Argitaratze-data: 2020/03/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia; Herrizaingoa

Testu legala

Uztailaren 28ko 12/2016 Legeak errekonozimendua eta erreparazioa eman zien Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei, eta, ondoren, apirilaren 4 ko 5/2019 Legeak aldatu zuen uztailaren 28ko 12/2016 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoa. Bada, 5/2019 Lege horrek arautzen du motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei eman beharreko errekonozimendurako eta, hala badagokio, erreparaziorako eskubideen konfigurazioa.

Uztailaren 28ko 12/2016 Legeak xedatutakoaren arabera, biktimatzat jotzeak beti sortuko du biktima-izaera publikoki aitortzeko eskubidea, eta, lege horretan berariaz aurreikusitako kasuetan, baita erreparaziorako eskubidea ere, hots, ordain ekonomikoa, eta, hala behar bada, osasun-asistentzia jasotzeko eskubidea, gertatutako giza eskubideen urraketen ondorioz jasandako kalteak gainditzeko.

Uztailaren 28ko 12/2016 Legean aintzatetsitako eskubideak aitortzeko prozedura orokorra haren IV. kapituluan araututakoa da.

Halaber, uztailaren 28ko 12/2016 Legeak ezartzen du araudia atzeraeraginez aplikatuko zaiela, nahiz eta ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren 2.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete, dekretu horrek babestu ez zituen biktimei (107/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa).

Era berean, apirilaren 4ko 5/2019 Legeak hamabi hileko aparteko epea ezartzen du, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuan ezarritako baldintzak bete arren, errekonozimendua eta erreparazioa eskatu ez zutenek edo epez kanpo egin zutenek berriz ere eskatzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak erregelamendu baten bidez garatuko ditu biktima-izaera aitortzeko aurkezten zaizkion eskakizunetako kasuei heltzeko erabiliko dituen prozedurak, Balorazio Batzordeak hartzen dituen administrazio-ebazpenen proposamenek segurtasun juridiko osoa izan dezaten.

Hori dela bide, Lehendakariak hala proposatuta, behar diren txostenak aldez aurretik emanda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluaren 2020ko otsailaren 25eko saioan eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da, 5/2019 apirilaren 4ko Legeak aldatutako uztailaren 28ko 12/2016 Legearen babesean (Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa), Balorazio Batzordeari aurkez dakizkiokeen kasuetan jarraitu beharreko prozedura garatzea, batzordeak egindako proposamenek segurtasun juridiko osoa izan dezaten.

Uztailaren 28ko 12/2016 Legean ezarritakoari jarraikiz, honako kasu hauek azaldu ahalko dira Balorazio Batzordean, bertan azter daitezen:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan 1978ko abenduaren 29tik 1999ko abenduaren 31ra bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen biktimak:

    1. Giza eskubideen urraketen ondorioz hildako biktimak.

    2. Giza eskubideen urraketek eragindako lesio iraunkorrak dituzten biktimak, ezintasun iraunkorren mailaren bat dutenak.

    3. Giza eskubideen urraketek eragindako baliaezintasunik gabeko lesio iraunkorrak dituzten biktimak.

    4. Tratu txar larriak jasan eta lesio ez-iraunkorrak izan zituzten biktimak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960ko urtarrilaren 1etik 1978ko abenduaren 28ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen biktimak:

    1. Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren babespean egon ez arren, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 2.2 artikuluan aipatutako baldintza guztiak betetzen dituzten biktimak, zeinak aurreko a) letran zehaztutakoaren arabera azpi-sailkatuko baitira.

    2. Errekonozimendua eta erreparazioa eskatu ez dutelako edo epez kanpo eskatu dutelako ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuaren arabera aitortu ez diren biktimak, zeinak, halaber, artikulu honen a) letran ezarritakoaren arabera azpi-sailkatuko baitira.

Uztailaren 28ko 12/2016 Legean aintzatetsitako eskubideak aitortzeko prozedura, aurreko artikuluan ezarritako kasu guztietan, aipatutako legearen IV. kapituluan adierazitakoa da. Hala ere, instrukzio-fasean, dekretu honen hurrengo artikuluetan jasotako aurreikuspenen arabera ere jokatu beharko du Balorazio Batzordeak.

  1. Uztailaren 28ko 12/2016 Legearen V. kapituluan arautzen dira Balorazio Batzordearen osaera eta funtzionamendua, eta haren ardura izango da aurkeztutako eskabideak balioestea, eta era arrazoituan proposatzea eskabideak ez diren onartzen edo, hala badagokio, biktima-izaera deklaratzen den.

  2. Balorazio Batzordearen funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen II. kapituluko III. atalean jasotako aurreikuspenak bete beharko ditu.

  3. Aipatutako uztailaren 28ko 12/2016 Legeak zehazten dituen Balorazio Batzordearen eginkizunak, batzorde horretan aurkeztutako eskabideen bidez egiaztatzen diren egitateen ezagutzari dagokionez, beti gauzatuko dira Konstituzioaren 117. artikuluak epaile eta auzitegientzat gordetako jurisdikzio-funtzioan ez sartzea edo hori ez inbaditzea bermatzen duten baldintzetan.

    Aurreikuspen horri lotuta daude Balorazio Batzordeari dagozkion betebeharrak, hots, jarduerak bertan behera uztea eta jarduerak agintari judizialei helaraztea (uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 7.2.b) eta 14.5 artikuluetan ezarriak), eta, hala badagokio, erreparaziorako neurriak hartzea edo aurkeztutako eskabidea ukatzea.

    Ondorioz, Balorazio Batzordeak jakiten badu kausa judizialak irekita daudela, espedientea ebazteaz arduratzen den organoak eten egingo du prozeduraren izapidetzea, harik eta auzibidea amaitu arte. Izapidetzea eten egingo da, era berean, jakiten badu administrazio-prozedura zehatzaileren bat irekita dagoela, harik eta prozedura horiek administrazio-bidean irmoak izan arte.

  4. Balorazio Batzordeko kideek printzipio hauen arabera jardungo dute: legezkotasuna, independentzia, inpartzialtasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, konfidentzialtasuna, lankidetza eta eraginkortasuna. Biktimekiko eta haien senideekiko erantzukizun etikoen jakitun izanik, beti errespetatu beharko dituzte eragindako pertsona ororen eta haien senideen pribatutasuna, segurtasuna, ongizatea, duintasuna eta giza eskubideak.

  5. Administrazio publikoaren kide ez diren Balorazio Batzordeko kideek eskubidea dute 300 euro gordineko kalte-ordaina jasotzeko, dagokion zerga-araubideari lotutakoa, formalki deitutako saio bakoitzean parte hartzeagatik. Horretarako, beharrezkoa da Balorazio Batzordeko idazkariak emandako ziurtagiria, non zehaztuko baitira, bertaratu dela egiaztatzeaz gain, aztertutako gaien zerrenda eta saioaren iraupena; agiri horrek presidentearen oniritzia beharko du.

    Balorazio Batzordeko kideek eskubidea izango dute, halaber, bilkuretarako joan-etorriek eragindako gastuengatik kalte-ordaina jasotzeko, dagozkion fakturak egiaztatu ondoren. Fakturak Balorazio Batzordeko idazkariak osatuko ditu, lehendakariaren oniritziarekin. Aireko zein itsasoko garraio-gastuak, berriz, soilik ordainduko dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ohiko bizilekua duten eta hala egiaztatu duten Balorazio Batzordeko kideek egiten dituzten bilkuretarako joan-etorriengatik.

  6. Uneoro ahaldeginduko da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatzen, betiere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan araututakoaren arabera.

  1. Balorazio Batzordeko kideek, beren eginkizunak hasi aurretik, konfidentzialtasun-konpromisoa sinatuko dute uztailaren 28ko 12/2016 Legean esleitutako zereginak betez eskuratzen duten informazioaren gainean. Betebehar hau Balorazio Batzordeari unean-unean laguntzen dioten adituei ere aplikatuko zaie.

    Konfidentzialtasun-konpromiso horri arestian aipatutako pertsonak kargua utzi ondoren ere eutsiko zaio.

  2. Balorazio Batzordeak, eskuratzen dituen datu pertsonalak tratatzean, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legedia bete beharko du uneoro.

Behin espedienteak dagokion bezala beteta eta eskura izan ondoren, Balorazio Batzordeak aztertu egingo ditu, eta, egokitzat jotzen dituen jarduerak egingo ofizioz, espedienteen ebazpena ahalik eta osatuena izan dadin. Honako ordena honen arabera egingo dira instrukzio-izapideak:

  1. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeetan eta sailetan nahiz administrazio bereko beste erregistro publiko batzuetan egon litezkeen aurrekariak, datuak edo txostenak bilduko dira, halakorik balego.

  2. Bigarrenik, bidezkoa bada eta interesdunak aurretiaz baimena eman badu, espedienteak izapidetzeko beharrezkoak izan daitezkeen aurrekari, datu edo txostenei buruzko informazioa eskatuko zaie beste administrazio publiko, erakunde edo organo pribatu edo publiko batzuei, gardentasunaren eta datu-babesaren gaineko indarreko legedian ezarritako mugen barruan. Horretarako, honako hauek eskatuko dira:

    1. Jarritako salaketak.

    2. Poliziaren eginbideak.

    3. Espediente judizialak.

    4. Txosten medikoak.

    5. Autopsiaren txostena, hala badagokio.

    6. Egunkari-iturri, artxibo, dokumentazio-zentro edo argitalpenetan kasu horri buruz egon daitekeen informazioa.

    7. Espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentu oro.

  3. Hirugarrenik, espedienteari buruzko informazio guztia jaso ondoren, elkarrizketak egin ahal izango zaizkie pertsona eskatzaileei, bidezkotzat jotzen bada eta eskatzaileak ados baldin badaude, betiere.

  4. Laugarrenik, gertaerak zuzenean edo zeharka ezagutzen dituztelako edo esperientzia edo trebetasun teknikoa dutelako, aurkeztutako eskabideari buruzko informazio esanguratsua eman dezaketen pertsonen lekukotasuna edo txostena eskatuko da. Halaber, horien aitorpena grabatu ahalko da, baina, edonola ere, eskatzaileei elkarrizketak egiteko ezarritako berme berberak zainduko dira.

  5. Azkenik, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 14.6 artikuluan aipatutako txosten teknikoa egingo da.

  1. Uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 4.2.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, espedienteetan batera gerta litezkeen hirugarren interesdunen eskubideak bermatu beharko dira, hots, ohorerako eskubidea, errugabetasun-presuntzio eskubidea eta izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubidea, eta batera gertatze horrek ezin izango du inolaz ere urraketa edo kalterik eragin berme juridiko eta konstituzionaletan.

  2. Hirugarren pertsona konkurrenteen berme horiek babesten laguntze aldera, dekretu honetan datu pertsonalen babesaren eta konfidentzialtasunaren gainean ezarri diren neurriez gain, honako hauek aplikatuko dira:

    1. Motibazio politikoko indarkeria-egoera batean giza eskubideen urraketa egiaztatu ahal izango da legez kontrako egitate horien errealitatea aitortzen duten administrazio-ebazpenaren edo ebazpen judizialaren bitartez, baldin eta egitate horiek kausazko lotura badute alegatzen diren kalteekin edo eskubideen afekzioarekin. Bestela, zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahal izango da, aurretik prozesu judizial bat egon beharrik gabe. Nolanahi ere, zigor-arloko jurisdikzioak ebatzitakoa aintzat hartu beharko du paragrafo honetan aipatzen den egiaztapenak.

    2. Ukatu egingo dira ebazpen judizial edo administratibo bidez frogatutzat emandako kalte edo ondorio alegatuekin lotutako egitateen egiletza berrikustea dakarten eskabideak.

  3. Dena den, legeak xedatzen duenez, Balorazio Batzordeak uste badu espedientearen edukitik ondoriozta daitekeela preskribatu gabe dauden legez kanpoko jarduerak gertatu izana, epaitegi eskudunei eta, hala badagokio, administrazio eskudunari emango die horren berri, eta prozedura etetea erabakiko du dagokion organoak prozedura ebatzi arte.

  1. Elkarrizketak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen gaineko eskumena duen organoak horretarako ezarri dituen jarduera-protokoloa eta elkarrizketa-gidoia jarraitu beharko ditu Balorazio Batzordeak.

  2. Jarduera-protokoloari eta elkarrizketa-gidoiari buruzko hobekuntzak proposatu ahal izango dizkio Balorazio Batzordeak Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen gaineko eskumena duen organoari.

  3. Elkarrizketak grabatzen badira, elkarrizketatutako pertsona bakoitzaren baimena jasoko du Balorazio Batzordeak. Horretarako, eskatzaileak baimena sinatu beharko du, Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen gaineko eskumena duen organoak aldez aurretik emango dion ereduari jarraikiz.

  4. Elkarrizketa grabatzeko baimenik ematen ez bada, haren laburpena transkribatuko da; transkripzioaren edukia elkarrizketatutako pertsonarekin egiaztatuko da, eta azken horrek orrietako bakoitza sinatuko du, berretsita gera dadin.

  5. Balorazio Batzordeko Idazkaritza Teknikoak idatziko du burututako elkarrizketen akta, eta horiei elkarrizketen grabazio edo laburpen bat erantsiko die.

  1. Uztailaren 28ko 12/2013 Legearen 4.2.c) artikuluaren arabera, erakundeen arteko elkarlanaren printzipioa bete beharko da Balorazio Batzordearekin elkarlanean aritzeko harremanetan, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen III. tituluan xedatutakoaren araberakoak izango dira harremanok.

    Era berean, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 14.4 artikuluan ezarritakoaren arabera emango diote laguntza pertsona fisiko edo juridiko pribatuek Balorazio Batzordeari.

  2. Espediente bakoitzean, Balorazio Batzordeak agintaritza, organismo eta erakunde edo pertsona publiko edo pribatuei egindako kontsulten edo eskabideen agiriak jaso beharko dira, bai eta kontsulta edo eskabide horien emaitza ere.

  1. Balorazio Batzordeko kide diren adituek txosten tekniko bat egingo dute izapidetutako espediente bakoitzeko, non adierazi beharko baitute alegatutako lesioak bateragarriak diren edo ez lesio horiek eragin zituzten gertaerekin.

  2. Baldin eta aurkeztutako txosten edo agirietan ebidentzia mediko edo/eta psikologiko nahikoa badago aipatu giza eskubideen urraketen eta alegatutako lesioen arteko kausalitate-harremana ezartzeko, adituek egindako txostenaren bidez ebatzi ahalko da kasua, eskatzaileari inolako elkarrizketarik egin behar izanik gabe.

  3. Baldin eta ondorioztatzen bada ez dagoela alegatutako lesioen eta horiek eragin zituzten gertaeren bateragarritasunari buruzko froga nahikorik, beharrezkoa izango da elkarrizketa edo azterketa psikologiko bat egitea, edo/eta froga osagarriak gehitzea (test psikologikoak), eta, sekuela fisikorik baldin badago, aukeran, azterketa medikoa egitea.

  4. Ebaluazioaren fase teknikoa amaituta, auzitegi-txostena beteko da, eta ahalik eta lasterren bidaliko zaio Balorazio Batzordeko Idazkaritza Teknikoari.

  5. Txosten teknikoa Batzordeko kide diren bi adituk gutxienez emango dute, eta honela egiturako da:

    1. Medikuen datuak:

      Izen-abizenak, zenbakizko kode pertsonala.

      Azterketaren eguna, ordua eta lekua.

    2. Biktimaren filiazio-datuak:

      Izen-abizenak.

      NAN edo AIZ (atzerritarren identifikazio-zenbakia).

      Sexua, egoera zibila, jaiotza-data.

      Helbidea eta harremanetarako telefonoa.

    3. Txostenaren xedea.

    4. Materiala eta metodoak.

    5. Intereseko aurrekari medikoak eta psikologikoak.

    6. Jasandako giza eskubideen urraketei buruzko alegazioen deskribapena.

    7. Osasun psikologikoan izandako inpaktuak (sintomak):

      Jasandako giza eskubideen urraketaren unean.

      Epe laburrean.

      Epe ertain edo luzean.

      Sekuelak.

    8. Test psikologikoen emaitza.

    9. Osasun fisikoan izandako inpaktuak (sintomak):

      Jasandako giza eskubideen urraketaren unean.

      Epe motzean.

      Epe ertain edo luzean.

      Sekuelak.

    10. Aurkikuntza traumatikoak:

      Jasandako giza eskubideen urraketaren unean.

      Epe motzean.

      Epe ertain edo luzean.

      Sekuelak.

    11. Proba diagnostikoen emaitzak.

    12. Ondorioak.

  1. Balorazio Batzordeak, espedientean agertzen diren agiriak eta froga-elementuak aztertu ondoren, bere osotasunean balioetsiko ditu, eta txosten arrazoitu bat igorriko du aurkeztutako eskabide bakoitzeko. Txosten horretan, eduki hau gutxienez jasoko da:

    1. Aurrekariak:

      Pertsona interesdunaren datuak, eta, hala badagokio, pertsona kausadunarenak, giza eskubideen urraketaren ondorioz heriotza eragin bada.

      Espedientean aurkeztutako agirien zerrenda.

      Egindako jarduera guztien laburpena.

    2. Aurrekarien balorazioa:

      Giza eskubideen urraketa eragin zuten gertaeren laburpena.

      Uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 2. artikuluan ezarritako baldintzen betearazpen-mailari buruzko azterketa.

      Giza eskubideen urraketa gertatu zen testuingurua.

      Egiaztatutako lesioen eta gertaeren arteko kausalitate-harremanari buruzko balorazioa, oinarrian dituen froga-bitartekoak zehaztuta.

    3. Ondorioak:

      Batzordeak aurrekariak aztertu eta balioetsi eta gero atera dituen ondorioen deskribapen arrazoitua.

    4. Erabakia:

      Batzordeak proposatu ahalko du eskabidea ez onartzea, pertsona eskatzaileari biktima-izaera aitortzea (dagozkion erreparazio-neurriak aipatuta, hala badagokio), edo eskabidea ukatzea.

  2. Balorazio Batzordeak egindako txostena, batzordeburuak behar bezala sinatua, Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen gaineko eskumena daukan sailburuordetzako edo idazkaritza nagusiko titularrari jakinaraziko zaio, dagokion ebazpena eman dezan, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 15. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

  1. Balorazio Batzordeak urtero egin beharko du txosten bat, non azaldu beharko baititu egindako lanaren alderdi hauek, gutxienez:

    1. Sarrera bat, txostena dagokion garai eta moduan kokatzeko.

    2. Egindako zereginen kontu-ematea, non, uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 18.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek gutxienez jaso beharko baitira: lanaren emaitzak, ikerketen emaitzak, bildutako datuen ezaugarriak, aurkeztutako eskabideak, eta gertatutakoa zehatz-mehatz eta benetan ezagutzen laguntzen duen bestelako datu oro.

    3. Hobetu beharreko arloei edo garatu beharreko ekimenei buruzko gomendioak uztailaren 28ko 2/2016 Legea ezartzean, zehazki, eta giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko politiketan, orokorrean.

  2. Urteko txostenean jasoko da gizonengan eta emakumeengan izandako egoeren eta inpaktuen gaineko azterketa, eta sexuen arabera bereizi beharko dira bertan adierazitako informazioa eta datuak.

  1. Uztailaren 28ko 12/2016 Legearen 18.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Balorazio Batzordeak, bere eginkizuna amaitzean, txosten bat egin beharko du, orokorrean lortu dituen emaitzen berri emateko. Halaber, urteko txostenerako eskatzen diren gutxieneko datuak jaso beharko ditu.

  2. Balorazio Batzordeak azken txosten horretan jasoko ditu, era berean, elkarrizketatutako biktimek egin dituzten eskariak eta iradoki dituzten gomendioak, baita Balorazio Batzordearen beraren lanetik eratorritakoak ere.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko otsailaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.