Arautegia

Inprimatu

4/2020 DEKRETUA, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetzen baita Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzea eta ingurumenean eragina duten jardueren EAEko erregistroa sortzea eta arautzea xede dituen irailaren 25eko 183/2012 Dekretua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 17
  • Hurrenkera-zk.: 357
  • Xedapen-zk.: 4
  • Xedapen-data: 2020/01/21
  • Argitaratze-data: 2020/01/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Gobernua eta herri administrazioa; Ingurumena

Testu legala

2012ko urriaren 3an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, irailaren 25eko 183/2012 Dekretua argitaratu zen, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko zena.

Dekretu horren indarraldia etenda geratu zen; izan ere, abenduaren 23ko 468/2013 Dekretuaren bidez aldi baterako eten zen Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzea eta ingurumenean eragina duten jardueren EAEko erregistroa sortzea eta arautzea xede dituen irailaren 25eko 183/2012 Dekretua. Azken dekretu hori 2014ko urtarrilaren 20ko EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean.

Kontuan hartu da irailaren 25eko 183/2012 Dekretua aplikagarria dela prozedura bakan batzuetan, eta, argitaratu zenetik, arau berriagoak jarri direla indarrean. Zehatzago esanda, arau berri horietan arautzen da, modu orokor eta oinarrizko batean, administrazio publikoekin elektronikoki komunikatzeko eskubidea eta betebeharra dagoela kasu jakin batzuetan. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan funtzionalitate gehiago eta informazio- eta izapidetze-sistema berriak jarri dira. Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailean ezinbesteko suertatu da aldi baterako etendako irailaren 25eko 183/2012 Dekretuaren berariazko indargabetzeari ekitea, administrazio elektronikoari buruzko arauak aplikatzeko orduan disfuntziorik izan ez dadin Euskal Autonomia Erkidegoan izapidetzen diren ingurumen-prozedurei dagokienez.

Horretaz gain, adierazi behar da irailaren 25eko 183/2012 Dekretuak horren etenaldi luzea izateak operadoreei segurtasun falta eragin diela eta, egoera horri aurre egiteko xedez, arauaren aplikagarritasuna definitzeko behar diren neurriak hartu behar direla bai operadore pribatuei dagokienez bai Administrazio publikoari berari dagokionez.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurunet informazio-sistema berria baliatu beharko da indarrean diren legeen arabera ingurumen-interesagatik nahitaez erregistratu behar diren egintzak edo datuak inskribatzeko edo erregistratzeko. Egoera, beraz, erregistroa IKS-eeM sisteman txertatuta zegoenaren antzekoa da. Halaber, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritako betebeharretarako euskarria izango da sistema hori. Izan ere, lege horretan arautzen dira ingurumen-arloan informaziorako irispidea izateko, publikoki parte hartzeko eta justiziara iristeko eskubideak.

Legegintzako ekimen honetan, beharrizanaren eta eraginkortasunaren printzipioak bermatu dira, interes orokorra egon baita Euskal Autonomia Erkidegoko egoera juridikoa argitzeko, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuaren aldi baterako etenaldi luze horren ondorioz. Ezinbesteko bihurtu da etendako dekretua indargabetzeko arauzko neurri espezifiko bat egitea, eta, dauden arauak harmonizatu beharra kontuan hartuta, ezin da bestelako aukerarik hartu.

Proportzionaltasun-printzipioarekiko egokitzapena justifikatuta dago, dekretu honetan ezinbesteko arauak daudelako bete behar den beharrizan horri erantzuna emateko, eta argi ikusi delako ez dagoela eskubideak gutxiago murrizten duen bestelako neurririk, edo hartzaileei betebehar gutxiago ezartzen dienik.

Bestetik, ekimen arauemaile honi ekiteko, autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europar Batasuneko ordenamendu juridikoarekiko koherentziari erreparatu zaio, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko xedez; horretarako, arau-esparru egonkor, aurresangarri, integratu, argi eta ziur bat sortu da, erraz ezagutu eta uler dadin eta, ondorioz, pertsonek eta enpresek errazago jardun dezaten, eta erabakiak errazago hartu.

Gardentasunari dagokionez, adierazi behar da sail sustatzaileak sarbide erraz, unibertsal eta eguneratu bat gauzatu duela dekretu-proiektu hau egiteko prozesuko berezko dokumentuetara iristeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren gardentasunaren ataritik, hain zuzen. Halaber, bermatuta utzi du hartzailegai zuzenek dekretu-proiektua egiten parte-hartze aktiboa izateko aukera, uztailaren 18ko 26/2007 Legean xedatutakoarekin bat, zeinaren bitartez arautzen baitira ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikoa izateko eta justizia erabiltzeko eskubideak.

Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, adierazi behar da ezen, dekretu hau indarrean jarrita, behar ez diren karga administratiboak edo osagarriak kenduko direla; izan ere, dekretua aplikatzeko orduan, baliabide publikoen kudeaketa arrazionala lortu nahi da. Beraz, arau-proiektuak ez die izapide osagarririk gehituko indarreko araudian adierazitako izapideei, eta administrazio-erregistroen arloan sustatzen du ingurumen-administrazioak modu eraginkorrago batean bete ahal izatea bai erregistro-betebeharrak bai publizitate aktiboaren betebeharrak, izapidetze elektronikoko sistema berriak erabilita.

Dekretu honi entzunaldi-izapidea egin zaio xedapenaren xedearekiko lotura zuzena duten edo haren eragina izango duten herritarrak bildu edo ordezkatzen dituzten erakunde edo elkarte legez aitortuen bidez; halaber, informazio publikoaren, parte-hartzearen eta kontsultaren izapideak ere bete dira. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio batzuei kontsulta egin zaienez, sektore-arauek ezarritako nahitaezko txosten guztiak ere eginda daude.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak xedatutakoarekin bat etorriz, nahitaezko kontsulta-organoei entzun ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko urtarrilaren 21ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onetsi ondoren, hau

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ingurumeneko inskripzioak eta erregistroak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurunet informazio-sistema berria baliatu beharko da, indarrean diren legeen arabera ingurumen-interesagatik nahitaez erregistratu behar diren egintzak edo datuak inskribatzeko edo erregistratzeko. Halaber, uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritako betebeharretarako euskarria izango da sistema hori. Izan ere, lege horretan arautzen dira ingurumen-arloan informaziora iristeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara iristeko eskubideak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Beste arau edo baimen-titulu batzuetan IKS-eeM sistemari egindako aipamenak.

Beste arau batzuetan edo emandako beste baimen-titulu batzuetan IKS-eeM sistemari egin zaizkion aipamenei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bitarteko elektronikoen bidezko ingurumen-prozesuetako interesdunekiko harremanak ahalbidetzeko eskura jarritako bestelako kanal, sistema edo aplikazio informatikoei egindako aipamen gisa ulertuko dira.

Indargabetuta geratzen da honako hau: 468/2013 Dekretua, abenduaren 23koa, irailaren 25eko 183/2012 Dekretua behin-behinean bertan behera uzteko dena. Dekretu horren bidez, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortu eta arautu zen.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urtarrilaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.