Arautegia

Inprimatu

204/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen osaera eta funtzionamenduari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 5
  • Hurrenkera-zk.: 43
  • Xedapen-zk.: 204
  • Xedapen-data: 2019/12/17
  • Argitaratze-data: 2020/01/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak 35. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea kontsulta-, aholku- partaidetza- eta administrazioen arteko koordinazio-organoa da, eta lankidetza sustatzen du kontsumoan diharduten gizarte-eragileen artean eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteaz arduratzen diren administrazio publikoen artean, kontsumitzaile-erabiltzaileek babes handiagoa izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Aipatu 6/2003 Legearen 36. artikuluan, funtzio hauek izendatzen zaizkio aipatu batzordeari: egiten zaizkion kontsultei erantzutea, legearen garapenean sortzen diren xedapen orokorrak garatzeko prozeduran eta, oro har, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesetan eragina duten gaietan; kontsumitzaileak eta erabiltzaileak ordezkatuta egon behar duten autonomia-eremuko organoetan eta erakundeetan zer kidek parte hartu behar duten proposatzea; arlo honetan interesgarriak izan daitezkeen proposamenak aurkeztea; kontsumoaren arloan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoei aholkua ematea; administrazio publiko eskudunei informazioa eskatzea kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina duten interes orokorreko edo sektorialeko gaiei buruz; azterlan espezifikoak egitea produktu eta zerbitzuen kontsumo, merkatu eta hornikuntzari buruz; eta, azkenik, urteroko txostena egitea kontsumoaren arloko jarduera, politika orokorra eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei zuzendutako iradokizunak jasotzeko.

Aipatu 36. artikuluaren 3. apartatuan xedatzen denez, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea osatuko dute gizarteko, lan-munduko eta ekonomiako interesen ordezkariek, kontsumoko sektoreari lotutako administrazio publikoen ordezkariek eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteetako ordezkariek; halaber xedatzen da erregelamenduz ezarriko dela Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen osaera eta funtzionamendu-araubidea.

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari buruzko uztailaren 9ko 231/1985 Dekretua, indarrean baitago egun, Kontsumitzaileen Estatutuari buruzko azaroaren 18ko 10/1981 Legea garatuz eman zen. Lege horren 27. artikuluan ere partaidetza- eta kontsulta-organo bat aurreikusten zen. Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen osaera 2001ean aldatu zen, maiatzaren 22ko 88/2001 Dekretuaren bidez (88/2001 Dekretua, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea arautzen duen Dekretua aldatzekoa).

Beraz, hiru hamarkada baino gehiago igarota Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea arautzen duen dekretua eman zenetik eta ia hogei urte igarota batzordearen osaera eguneratu zenetik, beharrezkoa da araua egungo inguruabarretara egokitzea, bi ildotan: batetik, batzordearen osaera egokitzea Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Erakundea sortzeari buruzko ekainaren 29ko 9/2007 Legean xedatutakora, eta, bestetik, batzordearen funtzionamendua egokitzea kide anitzeko organoen araubide juridikoaren arloan indarrean den oinarrizko araudira.

Horiek horrela, dekretu honek Batzordearen osaera aldatzen du: hamaika kide izatetik zortzi kide izatera. Horren haritik, bi partaidetza kentzen dira: Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordearena eta Kontsumoko zuzendariarena, egun horrelako organorik ez dagoenez gero. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Erakundea sortzeari buruzko ekainaren 29ko 9/2007 Legea onartuta, antolamendua eraldatu zen, eta, ondorioz, erakunde autonomo horri esleitu zitzaizkion Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren eskumena zuen organoaren eskumenak eta eginkizunak. Eraldaketa horren ondorioz, Kontsumobideko zuzendaria da kontsulta-organoaren burua.

Erakunde sindikalen eta familia-elkarteen ordezkaritza ere kentzen da, elkartegintzak pixkanaka izan duen espezializazioa kontuan hartuta. Izan ere, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defendatzen ziharduten erakunde sindikalen eta familia-elkarteen jarduerak beste eragile batzuengana hurbilduz joan dira, eta, horiek, kontsumitzaileen elkarte, federazio eta kooperatibek bezala, jarduera horretan baino ez dihardute, eta horiek osaera berrian sartzea (zortzi kidetik lau izanda) nahikotzat jotzen da herritarren interesak defendatzeko, herritarrak kontsumitzaile eta erabiltzaile diren aldetik.

Azkenik, kontsumo-kooperatiben ordezkaritza eguneratzen da: kontsumo-kooperatiben federazioaren erreferentziaren ordez, Erkide Euskadiko lan elkartu, irakaskuntza, kontsumo eta kreditu kooperatiben federazioarena jarri da.

Bestalde, dekretuaren bidez, Batzordearen funtzionatzeko modua kide anitzeko organoen araudira egokitzen da, oinarrizko izaeraz eman baitu Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak. Horren haritik, espresuki ahalbidetzen da bilkuren aktak saio berean onartzea, bide elektronikoz, eta, horretaz gainera, aplikazio osagarrizkotzat jotzen dira aipatu oinarrizko arauak kide anitzeko organoen funtzionamendu eta jarduera-araubideari buruz ezarritako gainerako xedapenak.

Araua argiagoa izateko, kontuan hartuta Batzordearen funtzionamenduan eta osaeran aldaketa handiak egin direla, dekretu berri bat idaztea hobetsi da, aurrekoa indargabetuko duena.

Dekretu-proiektuak honako hauek ditu: azalpen-zati bat, 10 artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen indargabetzaile bat, eta azken xedapen bi.

  1. artikuluan xedatzen denez, Batzordea Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Erakundeari atxikita geratuko da; 2. artikuluan, Batzordeko kide nor izango den ezartzen da, gorago esandakoaren arabera; 3. artikuluan, idazkaritzaren funtzioak arautzen dira; 4. artikuluan, egokitzat jotzen denean bilkuretara beste pertsona batzuk joatea aurreikusten da; 5. artikuluan, deialdiak arautzen dira, eta 6. artikuluan, eratzeko eta erabakiak hartzeko zer quorum behar den arautzen da; 7. artikuluan, bide ematen da xedapen orokorrei buruzko txostena aldekotzat jotzeko, batzordeko kideei kontsulta-eskaera bat egin eta haietako batek ere ez duenean alegaziorik aurkezten ez eta horretarako deialdia eskatzen ere; 8. artikuluan, aktak nola egin arautzen da; 9. artikuluan, Batzordearen egoitza, eta 10. artikuluan, azkenik, kendu egiten da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Erakundeak bilkuretara joateagatiko dietak edo kalte-ordainak ordaindu beharra.

    Artikuluen osagarri, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bi daude: zer araudi osagarri aplikatu behar den eta dekretua indarrean noiz sartzen den jasotzen da, hurrenez hurren.

    Dekretu hau tramitatzerakoan nahitaezko txostenak egin dira, honako hauek betetzeko: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea eta, bestetik, Gobernu Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21ean hartutako erabakiaz onartutako Jarraibideak, Genero-inpaktuaren aurretiazko ebaluazioa egiteko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzekoak.

    Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea kontsulta-, aholku-, partaidetza- eta administrazioen arteko koordinazio-organoa da, eta lankidetza sustatzen du kontsumoan diharduten gizarte-eragileen artean eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteaz arduratzen diren administrazio publikoen artean, kontsumitzaile-erabiltzaileek babes handiagoa izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikitzen zaio, baina bere egitura hierarkikoan sartu gabe.

  1. Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea osatzerakoan, ahalegina egingo da emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, guztiek ere trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia dutela.

  2. Hauek izango dira Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeko kide:

    1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria; lehendakari izango da.

    2. Hiru pertsona, Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen Erregistroan inskribatuta daudenen artean ordezkaritzarik handiena duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek edo horien federazioek izendatuta. Horiek bi urteka izendatuko dira, elkarteen artean adostuta. Adostasunik ezean, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak izendatuko ditu, ordezkagarritasun eta partaidetza irizpideak kontuan hartuta.

    3. Euskadiko Kontsumoko Kooperatiben ordezkari bat, Erkide Euskadiko Lan Elkarteen, Irakaskuntza, Kontsumo eta Kreditu Kooperatiben Federazioak izendatuta.

    4. Kontsumitzaileari arreta emateko udal- edo eskualde-zerbitzuak dauzkaten EAEko udalerrietako bi ordezkari, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuta.

    5. Euskadiko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek elkarrekin izendatutako kide bat.

  3. Ordezkoak izendatuko dira artikulu honen 2. apartatuko b) letratik e) letrara bitartean aipatutako kideentzat.

  4. Ezertan eragotzi gabe eratzeko bete beharreko baldintzak, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordean ordezkaritza duten entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan jardun beharko dute esklusiboki edo nagusiki.

  1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutura atxikitako funtzionario batek egingo ditu Batzordeko idazkari-lanak, Zuzendaritzak izendatuta.

  2. Batzordeko idazkariak, bilkuretara joaten denean, ahotsa izango du, baina botorik ez.

Batzordera egokitzat jotzen diren bezainbeste pertsona joan daitezke: kontsumoaren arloan kualifikazio berezia dutenak edo Batzordeak aztertu beharreko gai zehatz bati buruzko ezagutza dutenak, hain zuzen ere.

  1. Lehendakariak egingo du bilkuretarako deia, bere ekimenez edo lau batzordekidek eskatuta.

  2. Deialdia gutxienez zazpi egun baliodun lehenago jakinarazi behar zaie batzordekideei, premiazko kasuetan salbu.

    Deialdiarekin batera, bilkuraren gai-zerrenda bidali behar da.

  3. Gai-zerrenda lehendakariak ezarriko du, eta horretarako, batzordekideen eskaerak hartuko ditu kontuan, baldin eta garaiz egin badira.

  1. Batzordea balioz eratzeko, Batzordeko bost kide agertu behar dira.

  2. Bigarren deialdian, lehenengoa baino ordu erdi geroago egingo baita, Batzordea balioz eratuko da baldin eta lau kide badaude.

  3. Edonola ere, balioz eratzeko, batzordeko lehendakaria eta idazkaria egon beharko dira.

  4. Halaber, Batzordea balioz eratuta geratuko da, aldez aurretik deialdia egin beharrik gabe, baldin eta idazkaria eta kide guztiak badaude eta hala erabakitzen badute aho batez.

  5. Erabakiak gehiengoz hartuko dira; berdinketak, berriz, lehendakariaren botoaz ebatziko dira.

  6. Ezingo da gai bati buruz erabakirik hartu gai-zerrendan jasota ez badago, salbu eta batzordekide guztiak presente badaude eta gaia premiazkotzat jotzen badute gehiengoaren aldeko botoz.

  1. Batzordeari xedapen orokor bat kontsultatzen bazaio, txostena aldekoa dela joko da hogei egun natural igaro badira txostena eskatu zenetik eta Batzordeak ezer adierazi ez badu, eta, betiere, betekizun bi hauek konplitzen badira: lehendakariak kontsulta-eskaera bere kideei helarazi izana, aipatu epearen lehen hiru egunetan, eta kide horietako batek ere alegaziorik aurkeztu ez izana eta Batzorderako deia berariaz eskatu ez izana txosten hori egiteko.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, Batzordeko idazkariak aipatutako inguruabarrak egiaztatzen dituen agiri bat bidaliko dio kontsultaren eskatzaileari.

  1. Bilkura bakoitzaren akta egingo da, honako hauek adierazita: bertaratuak; bilkuraren eguna, ordua eta iraupena; eztabaidagai nagusiak; bozketa-moduak eta emaitzak, eta erabakien edukia.

  2. Aktak idazkariak egingo ditu, lehendakariaren oniritziarekin, eta bilkura berean edo hurrengoan onar daitezke. Horretarako, testua bidaliko zaie batzordekideei, modu elektronikoz, ados daudela edo eragozpenen bat dutela adieraz dezaten, bide bera erabilita. Ados badaude, akta bilkuran bertan onartu dela joko da.

  3. Batzordeko kideek aukera izango dute aktan jasota uzteko bai hartutako erabakiaren aurkako botoa, bai aurkako botoa justifikatzeko arrazoiak.

  4. Kontsumoko Kontsulta Batzordeak txostenak edo proposamenak egiten badizkie Administrazioko beste organo batzuei edo beste hirugarren batzuei, kideek boto partikularrak eman ditzakete, zeinak aktan jasoko baitira.

Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordearen egoitza Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuarena izango da.

Kontsumoko Kontsulta Batzordearen bilkuretara joateak ez du eskubiderik emango kalte-ordain edo dietak jasotzeko Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kontura.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluaren xedatutakoa betez, Kontsumoko Kontsulta Batzordeak bere funtzioen eremuan azterlanak eta txostenak egiten dituenean, sexuaren aldagaia sartu beharko du datuak batzerakoan, datu horiek gero bereizita bildu eta ustiatu ahal izateko.

Indargabetuta geratzen dira uztailaren 9ko 231/1985 Dekretua, Kontsumoko Kontsulta Batzordearena, eta dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoa den beste edozein xedapen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Araudi osagarria.

Dekretu honetan xedatu ez den guztirako, Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeko xedapenak aplikatuko zaizkio, kide anitzeko organoen funtzionamendu eta jarduera-araubideari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Indarrean jartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.