Arautegia

Inprimatu

169/2019 DEKRETUA, urriaren 29koa, zeinaren bidez onartzen baita Gorbeiako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko II. Planaren zati arauemailea, eta agintzen Parke Naturalaren eta Gorbeia ES2110009 Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko II. Plana eta Kudeaketarako Gidalerroen eta Jarduketen Dokumentua osorik argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 220
  • Hurrenkera-zk.: 5333
  • Xedapen-zk.: 169
  • Xedapen-data: 2019/10/29
  • Argitaratze-data: 2019/11/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ingurumena

Testu legala

Gorbeiari, bere natura-balio handiagatik, Naturagune Babestuaren izaera aitortu zitzaion. Naturagune babestuak apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onesten duenak (aurrerantzean, NKLTB), arautzen ditu. Arau horretan, bi tipologia gainjartzen dira: batetik, parke naturala da Gorbeia, ekainaren 28ko 228/1994 Dekretu bidez deklaratua, eta, bestetik, martxoaren 8ko 40/2016 Dekretuaren arabera, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KEB) ere bada.

Parke Naturalari dagokionez, NKLTBren 20. artikuluak honako hau galdatzen du: Natura Baliabideak Antolatzeko Plan (NBAP) bat izatea; 20. artikuluak aipatutako NBAP ekainaren 28ko 227/1994 Dekretuaren bidez onetsi zen. Halaber, 27. artikuluaren arabera, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana egin beharko da, honako eduki honekin egin ere: naturagunea kudeatzeko arauak, gidalerroak eta irizpideak; naturagunean egingo diren ekonomia- eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak eta naturagunearen helburu zehatzak garatzeko programak lantzeko gidalerroak.

Bestalde, Natura 2000 Sarea tipologiaren ondorioz, beharrezkoak diren kontserbazio-neurriak hartu beharko dira. Xede hori betetzeko, NKLTBren 22.5 artikuluak, batetik, Eusko Jaurlaritzari agintzen dio kontserbazio-arauak ezartzeko arau horiek jada aipatu den martxoaren 8ko 40/2016 Dekretuaren bidez onetsi ziren, eta, bestetik, foru-organoei galdatzen die naturagunea kudeatzeko gidalerroak onesteko.

Gainera, NKLTBren 18. artikuluak xedatzen du naturagune babestuetako zenbait figura leku berean gainezarriko balira, eta hori da Gorbeiaren kasua, horien arauak zein plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko direla, eremuaren kudeaketa-planean, kategoria bakoitzaren arabera aplika daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.

Aurrekoa betetzeko, II. NBAP honek izaera bikoitza dauka: batetik, NKLTBren 27. artikuluan aurreikusiriko tresna da Gorbeiako Parke Naturalarentzat, eta, bestetik, Natura 2000 Sarea kudeatzeko ezartzen diren gidalerroak onesten ditu, NKLTBren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoan adierazitakoa betez. Hori guztia, dokumentu bakar batean jasotzen da, NKLTBren 18. artikuluak aurreikusitako moduan.

Izapidetzerakoan, NKLTBren 29. artikuluan ezarritako urratsak jarraitu dira; era berean, nabarmendu beharrekoa da, izapidetze horretan, EAEko Administrazio Orokorraren, Arabako Foru Aldundiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean izandako koordinazioa. Gorbeiako kudeatzaileak diren Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, NKLTBren 25. artikuluan eta 228/1994 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Gorbeiako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko II. Plana landu eta izapidetu dute. Arabako Foru Aldundiak urtarrilaren 26ko 14/2017 Foru Aginduaren bidez eta Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilaren 26ko 817/2017 Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuten: hasiera ematea Gorbeiako II. NBAP onesteko prozedurari; plan horrek bi helburu erdiesteko balio behar zuen: bai parke naturalarentzat, bai KBEren kudeaketa-gidalerroei eta -jarduerei dagokienez. Dokumentu horrek, aldi berean, bi hilabetez, honako izapideak bete zituen: entzunaldi-izapidea egin zen, planak eragiten zien administrazioekin zein gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-interesen ordezkari diren elkarteekin; informazio publikoaren izapidea, ostera, pertsona interesdunekin bete zen. Kide anitzeko organoen nahitaezko txostenak ere eskatu ziren. Parke Naturalaren Patronatuak II. NBAPren dokumentua eta kudeaketarako gidalerroen eta jarduketen dokumentua onetsi zituen 2017ko urriaren 30ean. Ondoren, hasierako onespena eman zioten dokumentuari Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2018ko otsailaren 27an eta 2018ko apirilaren 10ean, hurrenez hurren, eta hirigintza-gaietan eskudunak diren EAEko Administrazio Orokorreko eta foru-aldundietako organoei bidali zitzaien, zeinek aldeko txostenak eman baitzituzten.

Aurreko izapideen ostean, II. NBAP behin betiko onetsi zuten Arabako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak, hurrenez hurren 2018ko maiatzaren 29an eta 2018ko ekainaren 19an egindako bileretan. II. NBAPean ezartzen dira, alde batetik, NKLTBren 29.e) artikuluaren arabera parke naturalaren kudeaketan erabiliko diren gidalerroak, irizpideak eta erregela orokorrak, eta, beste alde batetik, 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat etorriz, Natura 2000 Sarearentzako kudeaketa-irizpideak. Kudeaketa-irizpide horiek, kontserbazio-helburuak erdietsi ahal izateko, barnean hartzen dituzte naturagunea kontserbazio-egoera onenean mantentzeko neurri egokiak zein habitat naturalak eta espezieen habitatak hondatzea saihesteko neurri aproposak, bai eta eremu horien izendapena ekarri duten espezieei eragiten dieten aldaketak ere.

Parke naturalari aplikatuko zaion zati arauemailea Eusko Jaurlaritzaren esku utzi dute Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek, hark dekretu bidez onar dezan, eta argitara dadin Gorbeiako naturaguneak eraenduko dituen dokumentuarekin batera. Dekretu honen bidez, bi eginkizun horiek betetzen dira.

Orobat, adierazi behar da naturaguneak NBAP daukala, 227/1994 Dekretuaren bidez onetsia izan zena, bai eta Natura 2000 Sarea eraentzeko arauak ere, 40/2016 Dekretuaren II. eranskinean jasota daudenak. 40/2016 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenean ezarritako gidalerroak betez, dokumentu bakar batean bateratzen dira 227/1994 Dekretua eta 40/2016 Dekretua; dokumentu bakar hori, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da, eta bateratzeko prozedura hasi zen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko ekainaren 30eko Agindu bidez (Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren Agindua, hasiera ematekoa Gorbeiako Parke Naturaleko Natura-baliabideak Antolatzeko Plana landu eta prestatzeko prozedurari eta Parke Naturalaren mugak aldatzeko prozedurari). Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana aipaturiko bi dokumentuekin bat dator.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenari jarraituz, NKLTBren 22.5 eta 29. artikuluekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Behin betiko onestea Gorbeiako Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko II. Planaren zati arauemailea, planaren lehenengo zatiaren bigarren atalean jasota dagoena.

Dekretu honen eranskin gisa argitaratzea Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko II. Planaren testu osoa eta Parke Naturalaren zein Gorbeia ES2110009 Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBEren) Kudeaketarako Gidalerro eta Jarduketen Dokumentua.

Indargabetuta geratzen da martxoaren 31ko 66/1998 Dekretua, Gorbeiako Parke Naturalaren erabilerarako eta kudeaketarako plan zuzentzailearen zati arautzailea onartzen duena eta osorik argitaratzeko agintzen duena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 29an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.