Arautegia

Inprimatu

29/2019 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 45
  • Hurrenkera-zk.: 1180
  • Xedapen-zk.: 29
  • Xedapen-data: 2019/02/26
  • Argitaratze-data: 2019/03/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskadiko biztanle kopurua egonkor mantendu da azken urteotan; bizi-itxaropena, ordea, gorabidean doa eta uneotan munduko altuenetakoa da. Errealitate honek paradigma sozial eta sanitario berri bat dakar, bai adinekoen kopuruaren hazkundea dela eta, bai eritasun kronikoak dituzten eta hainbatetan mendekotasun-egoeran dauden pertsonen eredu berria dela eta.

Biztanleriaren etengabeko zahartzearen eraginez, bizitzan zehar sortzen joandako osasun-arazoak metatzen ari dira; horiek horrela, gero eta zaintza- eta babes-neurri gehiago behar dira, eta aldaketa sozial eta kultural nabarmenak ari dira gertatzen.

Aldaketen ondorioz, berariazko baliabide gehiago behar dira gaixotasunak eta mendekotasun funtzionala edo kognitiboa dituzten adinekoak artatzeko, baita gaixotasun kronikoak, gaixotasun terminalak eta abar dituztenak artatzeko ere.

Sendagaiak dira gehien eskatzen den baliabideetako bat, eta nabarmen hazi da sendagai-aginduen kopurua eta kontsumoa pertsona bakoitzeko. Hala, erabilerak, ezin konta ahalako onurak ez ezik, kontrako efektuak, sendagaien elkarreraginak eta toxikotasunaren ondoriozko arazo ugari ere ekarri ohi ditu. Horrez gainera, tratamendu-pauta farmakologikoei kasu gutxiago egiten zaie eta, oro har, porrot terapeutikorako arriskua handiagoa da.

Deskribatutako arazoari aurre egiteko neurrietako bat adineko pertsonentzako egoitzetan jardun farmazeutikoa antolatzea da eta, horretarako, farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak ezartzea.

Dekretu honen ondorioetarako, adineko pertsonentzako egoitzen kontzeptuak, dekretu honen artikuluetan baliatzen denak, hiru hauek hartzen ditu barnean: lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako 11/1994 Legearen 27.4 artikuluan aurreikusitako zentro soziosanitarioaren terminoa; bigarrenik, Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 22. artikuluan jasotako adineko pertsonentzako egoitzen kontzeptua; hirugarrenik, 16/2012 Legegintzako Errege Dekretuan erabiltzen den gizarte-laguntzako zentroaren kontzeptua.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legeak 27. artikuluan betebehar hau agintzen die zentro soziosanitarioei: farmazia-zerbitzuak edo sendagai-biltegiak ezar ditzatela, araudian zehaztutako baldintzetan, establezimenduaren gaitasunaren eta artatutako biztanleek behar duten arreta mediko eta farmakologikoaren arabera.

Gerora, betebehar hori osatu zuen apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak (Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta sistemaren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa).

Aipatutako lege-testuen arabera, baimendutako ehun ohe edo gehiago dituzten zentro soziosanitarioek beren farmazia-zerbitzua izan behar dute; establezimenduak edukiera txikiagoa badu baimenduta, sendagai-biltegi bat izan behar du, berezko farmazia-zerbitzua edukitzeko borondatezko erabakia hartzen ez badu.

Arau orokor horrez gainera, aipatutako arauetan salbuespen bat erregulatzen da, zeinaren arabera, ehun ohe edo gehiago dituzten zentro soziosanitarioek ez baitute zertan ezarri farmazia-zerbitzu bat, baldin eta sare publikoko ospitale bateko farmazia-zerbitzu bati lotutako sendagai-biltegi bat badute.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoaren barruan txertatzen ditu egoitza-zentroak, eta horien artean sartzen ditu adinekoentzako egoitzak, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzak, eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako egoitzak.

Adinekoei dagokienez, eta lege-aurreikuspen hori garatzeko, Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuak zerbitzu horiek baimentzeko eskakizunak eta prozedura jasotzen ditu. Desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, gaur egun lantzen ari dira haientzako gizarte-zerbitzuak baimentzeko eskakizunen eta prozeduraren erregulazioa.

Deskribatutako arau-esparrua garatzeko, dekretu honek adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei baimen sanitarioa emateko eskakizunak eta prozedurak arautzen ditu, aipatutako zentro horietan sartuta dauden pertsonei arreta farmazeutikoaren arloan dituzten berariazko premiei erantzun egokia emateko.

Farmazia-prestazioa kudeatzeko lortu nahi den ereduak, integrazio soziosanitarioko estrategiaren ildoari jarraituz, farmazia komunitarioaren garrantzia nabarmenduko luke; horrez gain, farmazia-bulegoak osasun-sistemaren barruan txertatuko lirateke, lehen mailako arretarekin, arreta espezializatuarekin eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta.

Horrenbestez, egoiliarrei zuzendutako arreta medikofarmazeutikoa, oro har, oso-osorik eta era koordinatuan eman dadila sustatu nahi da; horrela, arreta medikoaren eta arreta farmazeutikoaren arduradunek sendagaiak eta osasun-produktuak agindu eta banatzeko zereginak erakundeetatik egoiliarren premiei ematen zaizkien erantzunekin bat etorriko dira.

Dena dela, egoera jakin batzuetan, egoitzaz besteko egiturek agindu eta banatu ditzakete sendagai eta osasun-produktuak.

Dekretuan zehazten da noiz den derrigorrezkoa farmazia-zerbitzu bat ezartzea eta noiz sendagai-biltegi bat.

Deskribatutako arau-esparruaren arabera, ehun oheko edo gehiagoko edukiera duten egoitzetan farmazia-zerbitzu bat ezarri behar da; hala ere, betekizun horretatik salbuetsita egon daiteke zentroa, baldin eta Euskal Osasun Sistemako ospitale bateko farmazia-zerbitzuari lotutako sendagai-biltegi bat instalatzen badu. Horrez gainera, ehun ohe baino gutxiagoko baina hogeita bost ohe baino gehiagoko edukiera duten egoitzek sendagai-biltegi bat izan beharko dute derrigorrean, martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren II. eranskineko 8. zehaztapen teknikoarekin bat etorrita; zehaztapen tekniko horren arabera, 25 plaza baino gehiago dituzten adineko pertsonentzako egoitzek osasun-egitura jakin bat izan behar dute.

Orobat, instalazio horietarako lokalek zer instalazio eta baldintza bete behar dituzten ere zehazten du dekretu horrek. Erregulazioak 41/1998 Dekretuaren II. eranskineko aurreikuspenak aldatzen ditu (Egoitzetarako baldintza material eta funtzional bereziak), osasun-eremuaren egiturari eta banaketari dagokienez. Testuko azken xedapenetako lehenengoan aurreikusten da kontu hori.

Bestalde, EAEko egoitzetan txertaturiko informazio-sistemei esker (errezeta elektronikoa agintzea eta historia kliniko elektroniko bakarrera sartzea), farmazialariek izan beharreko eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako 11/1994 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarriak, eraginkortasunez gauzatu daitezke, eta eraginkortasun hori lortzeko, farmazialariek ez dute zertan fisikoki egon egoitzetako sendagai-biltegietan.

Baimenen araubide juridikoa ere erregulatzen da; hala, sortzeko baimenen, funtsezko aldaketak egiteko baimenen eta funtzionamendu-baimenen arteko bereizketa egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario guztietarako indarrean den ereduari jarraituz. Era berean, eskaerak modu elektronikoan izapidetzea erabakitzen denean, kasu horietarako arauak ezarri dira.

Azkenik, xedapen iragankorraren bitartez, urtebeteko epea ezartzen zaie arauaren aplikazio-eremuaren barruko zentro soziosanitarioei, bidezkoa denaren arabera, farmazia-zerbitzu edo sendagai-biltegi baterako baimena eska dezaten.

Halaber, xedapen gehigarri bat sartu da dekretuan. Xedapen gehigarri horren bitartez, adineko pertsonentzako egoitzetan farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak baimentzeko ezartzen diren arauak desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetara eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako egoitzetara ere zabaltzen dira.

Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 27.4 artikuluaren bigarren paragrafoan jasotako aurreikuspena betetzera dator. Aurreikuspen horri jarraituz, zentro soziosanitarioek nahitaez ezarri behar dituzte farmazia-zerbitzuak edo sendagai-biltegiak, araudiaren arabera zehaztutako kasu eta baldintzetan, arlo horretako sail eskudunek proposatuta.

Hori guztia kontuan hartuta, Osasuneko sailburuak eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 26an egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak arautzea, haien instalazio eta funtzionamendurako betebeharrak finkatuz eta baimen sanitariorako prozedurak arautuz.

  1. Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako adineko pertsonentzako egoitzei aplikatuko zaie, baldin eta ezaugarri hauek badituzte:

    1. Titulartasun publikokoak izanik, Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrean edo gizarte-zerbitzuen foru-erregistroetan erregistratuta badaude.

    2. Titulartasun pribatukoak izanik, egoitza gisa sailkatu badira, Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren 2.c) artikuluarekin bat, eta Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrean edo gizarte-zerbitzuen foru-erregistroetan erregistratuta badaude.

  2. Halaber, aplikagarri izango da aurreko puntuan aipatutako zentroetan artatutako pertsonei prestazio farmazeutikoa emateko sendagaiak eta osasun-produktuak agintzen, ematen eta banatzen esku hartzen duten pertsonen kasuan ere.

  1. Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren zentroetarako baimendu diren zerbitzu medikoek agindutako sendagaiak eta osasun-produktuak, oro har, zentro horietan baimendutako farmazia-zerbitzu eta sendagai-biltegien bitartez emango dira.

  2. Zentroko osasun-zerbitzuaz kanpoko profesionalek eman badute agindua, sendagaiak eta osasun-produktuak farmazia-bulegoetan banatu daitezke, sendagaien banaketaren arloko arau orokorren arabera.

  3. Osasun Sistema Nazionalak finantzatutako eta zentro horietako egoiliarrei banatutako sendagaien eta osasun-produktuen finantzaketa sendagai eta osasun-produktu horiek finantzatzeko arau orokorren araberakoa izango da.

  1. Ehun ohe edo gehiagoko edukiera duten adineko pertsonentzako egoitzek berezko farmazia-zerbitzua izan behar dute.

  2. Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, Osasun Administrazioak betekizun horretatik salbuetsi dezake zentroa, baldin eta zentro horren titularrak hala eskatzen badu, eta egiaztatzen badu Euskal Osasun Sistemako osasun-zentro bateko farmazia-zerbitzuarekin lotutako sendagai-biltegi bat duela bere osasun-eremuaren barruan.

  3. Aurreko apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 29.2 artikuluaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren zerbitzu-erakunde sanitarioek eta itundutako egitura sanitarioek osatzen dute Euskadiko osasun-sistema.

  4. Artikulu honen 2. apartatuan aurreikusitako salbuespen-eskaera ukatu ahal izango da baldin eta adineko pertsonentzako egoitzak ez badu ehun oheko edo gehiagoko edukiera edo Euskal Osasun Sisteman ez dagoen ospitale bati lotzeko asmoa badu.

    2. apartatuan aipatutako lotura-akordioa hitzarmen baten bitartez gauzatuko da, eta bi alderdi hauek sinatu beharko dute hitzarmen hori: alde batetik, egoitzaren titularra; bestetik, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra edo itundutako zentroaren zuzendaria, erakunde publikoaren osasun-zerbitzuen erakundea edo itundutako egitura sanitarioa den kontuan hartuta; nolanahi ere, aldez aurretik ordenazio farmazeutikoaren alorrean eskumena duen organoak emandako txostena ezinbestekoa izango da.

  1. Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen badira, ehun ohe baino gutxiagoko edukiera duten adineko pertsonentzako egoitzek sendagai-biltegi bat izan behar dute.

  2. Sendagai-biltegiak titulartasun publikoko egoitzetan badaude, Euskal Osasun Sistemaren barruan osasun-eremu berean dagoen ospitale bateko farmazia-zerbitzu bati lotuko zaizkio.

  3. Titulartasun pribatuko egoitzetan badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleren bateko farmazia-bulego edo farmazia-zerbitzu bati lotuko zaizkio sendagai-biltegiak.

  4. Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren osasun-zerbitzuen erakunde bateko farmazia-zerbitzu bati loti lotu nahi bazaio, ordenazio farmazeutikoaren alorrean eskumena duen osasun-administrazioari eskatuko zaio erabakitzeko zein farmazia-zerbitzuri lotu behar zaion sendagai-biltegia, egoitza titulartasun publikokoa edo pribatukoa den kontuan hartu gabe. Erabaki hori dagokion osasun-administrazioaren ebazpen baten bidez hartuko da, kontuan hartuz egoitzak zer motatako pazienteak hartzen dituen, zer ezaugarri dituen eta non dagoen kokatuta.

  5. Titulartasun publiko edo pribatuko egoitzetako sendagai-biltegien eta Euskal Osasun Sistemaren barruko osasun-zentroetako sendagai-biltegien arteko lotura hitzarmen baten bitartez gauzatuko da, eta bi alderdi hauek sinatu beharko dute hitzarmen hori: alde batetik, egoitzaren titularrak; bestetik, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak edo itundutako zentroaren zuzendariak, erakunde publikoaren osasun-zerbitzuen erakundea edo itundutako egitura sanitarioa den kontuan hartuta.

  6. Titulartasun pribatuko egoitzetako sendagai-biltegiak titulartasun pribatuko farmazia-zerbitzuekin edo askatasunez aukeratu duten farmazia-bulegoarekin lotzeko, bi aldeek hitzarmen bat sinatu beharko dute.

  7. Artikulu honen 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako lotura-akordioa formalizatu baino lehen, eta dekretu honen 16.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, akordio-proposamena osasun-administrazioari helaraziko zaio; osasun-administrazioak dekretu honen aurreikuspenetara egokitzen ote den egiaztatuko du eta, hala bada, baimendu egingo du.

Adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzu eta sendagai-biltegien funtzionamenduak honako arau hauetara egokitu behar du:

  1. Sendagaiak egunean hogeita lau orduz eskuratzeko aukera eman behar dute.

  2. Artatutako biztanleen ohiko patologiak tratatzeko nahikoak eta egokiak diren sendagaiez eta osasun-produktuez hornitu behar dira.

  3. Lan-prozedurak izan beharko dituzte, sendagaiak eta osasun-produktuak hornitu, biltegiratu, banatu eta emateko.

  4. Laguntza-taldearekin batera, egoiliarren arreta farmazeutikorako beharrezko diren sendagaien eta gainerako farmazia-produktuen hautaketan parte hartu behar dute, eraginkortasun, segurtasun, kalitate eta kostu irizpideei jarraikiz. Horretarako, egoiliarrei osasun-laguntza egokia emateko gida farmakoterapeutiko bat egingo da.

  5. Pertsonalizatutako dosifikazio-sistemak izan behar dituzte, tratamendu terapeutikoa betetzen dela bermatzen laguntzeko, baita sendagai eta osasun-produktuak hobeto erabiltzen eta kontrolatzen laguntzeko ere.

  6. Egiaztatu behar dute sendagai guztiak dagokion aginduaren bitartez bermatuta eskatzen direla.

  7. Formula magistralak eta farmazia-prestakinak egin eta banatu behar dituzte, otsailaren 23ko 175/2001 Errege Dekretuari jarraikiz (formula magistralak eta farmazia-prestakinak egoki prestatzeko eta kalitatea kontrolatzeko arauak onartzen ditu dekretu horrek).

  8. Barne-banaketarako sistema eraginkor bat ezarri behar dute, artatutako egoiliarrei sendagaiak dosifikazio-sistema pertsonalizatuen bitartez emateko.

  9. Egoitzako laguntza-taldearekin eta gainerako laguntza-egiturekin lankidetzan aritu behar dute, artatutako pertsonen artean txertatutako farmakoterapia-tratamenduak optimizatzeko.

  10. Estupefazienteen, psikotropikoen eta jarraipen berezia behar duen edozein sendagairen gaineko kontrola egin behar dute.

  11. Gida farmakoterapeutikoa erabili behar dute, baita egoiliarren premiak eta zentroaren laguntza-maila kontuan hartzen dituzten protokolo eskuragarri, eguneratu eta adostuak ere.

  12. Egoiliarrei arreta farmazeutiko egokia ematen zaiela bermatzeko informazio-sistemak izan behar dituzte.

  1. Pazienteei, zaintzaileei eta pazienteekin zerikusia duten profesionalei eta senideei sendagaien, espero daitezkeen emaitzen eta egon litezkeen kontrako efektuen gaineko hezkuntza eta informazioa emateko programak garatu beharko dituzte.

  1. Funtzionamendu-ordutegiaren barnean, adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuek ospitaleko farmazian espezializatutako farmazialari bat eduki beharko dute gutxienez.

  2. Adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuek egiteko hauek izango dituzte:

    1. Egoiliarren arreta farmazeutikorako beharrezko sendagaiak eta gainerako farmazia-produktuaren erantzukizun teknikoa (erosketak, kalitatea, premiak betetzea, biltegiratzea, balio-denbora, kontserbazioa, zaintza eta banaketa) bermatzea eta beren gain hartzea.

    2. Arreta farmazeutikorako jarduerak egitea, hala nola egoiliarren farmakoterapia-tratamenduaren jarraipen pertsonalizatua, tratamendua betetzen dela egiaztatzea, eta sendagaiekin zerikusia duten arazoak prebenitzea, atzematea eta konpontzea.

    3. Ikerketa klinikoko fasean dauden produktuak zaintzea eta banatzea.

    4. Zentroan sendagaiak zaintzeko jarduerak egitea; zentroan sendagaien erabilerari buruzko azterketa eta ebaluazio jarraitua gauzatzea.

    5. Egoiliarrekin erabil litezkeen sendagaiak eta osasun-produktuak ebaluatzeko batzordeetan eta foroetan parte hartzea.

    6. Ikerketa-programak garatzea eta sendagai eta osasun-produktu berrien saiakuntza klinikoetan parte hartzea.

    7. Eskatzen zaizkion osasun-informazioak eta -estatistikak sortzea eta osasun-administrazioari igortzea.

  1. Farmazia-zerbitzuak egoitzaren barruan kokatu behar dira, esleituta dituzten eginkizunak behar bezala betetzeko aukera emango duen gune batean.

  2. Farmazia-zerbitzuek behar bezala identifikatuta egon behar dute; gainera, instalazio independente, seguru eta aproposak izan behar dituzte, sendagaien eta osasun-produktuen kontserbazio eta zaintza ezin hobea eta zerbitzuaren funtzionamendu zuzena bermatzeko.

  3. Lokalaren higiene- eta osasun-baldintzak eta giro-baldintzak (argiztapena, hezetasun-maila eta tenperatura) egokiak izango dira sendagaiak eta osasun-produktuak zaintzeko.

  4. Instalazioek eremu bereizi hauek izan beharko dituzte:

    1. Administraziorako eta kudeaketarako gunea. Bertan artxibatuko da dagokion dokumentazioa.

    2. Sendagaiak eta osasun-produktuak hartzeko, aztertzeko eta biltegiratzeko gunea, eta hortik bereizitako beste eremu bat, iraungita, egoera txarrean, kenduta edo ibilgetuta dauden sendagai eta farmazia-produktuetarako.

    3. Sendagaiak eta osasun-produktuak prestatzeko eta banatzeko gunea.

    4. Formula magistralak eta farmazia-prestakinak egiteko gunea, aplikatu beharreko araudiari egokituta.

    5. Farmazia-zerbitzutik kanpo sendagaiak eta osasun-produktuak biltegiratzeko eta banatzeko botikinak daudenean ere prestatu beharko dira arestian aipatutako gune horiek guztiak. Biltegiratzeko eta banatzeko gune horiek ere farmazia-zerbitzuko langileen ikuskapenaren mende egon beharko dute.

  5. Farmazia-zerbitzua dagozkion eginkizunak eta jarduerak gauzatzeko behar duen ekipamendu tekniko eta teknologikoarekin eta beharrezko materialarekin hornitu behar da. Gutxienez, honako hauek izan behar ditu:

    1. Altzariak eta estupefazienteak zaintzeko segurtasun-armairua edo kutxa gotorra.

    2. Tenperatura- eta hezetasun-baldintzak kontrolatzeko eta erregistratzeko sistemak.

    3. Tenperatura-kontrola duen hozkailu-sistema bat, bertan bakarrik erabiltzeko.

    4. Dagozkien zereginak gauzatzeko aproposak diren informazio-sistemak eta informatika- eta komunikazio-bitartekoak.

    5. Hornidura bibliografiko eguneratua edo eduki hauetara elektronikoki sartzeko aukera: terapeutika, farmakologia, sendagaien elkarreraginak, kontrako efektuak, toxikologia, farmaziaren arloko legedia, gida farmakoterapeutikoa eta egoiliarrei arreta farmazeutikoa emateko interesgarritzat jotzen diren beste eduki batzuk.

    6. Estupefazienteen Liburu Ofiziala, paperean edo formatu elektronikoan.

  1. Egoitzetako sendagai-biltegiei dagokie, farmazialari baten ardurapean, dekretu honen 4.2 eta 5.1 artikuluetan aipatutako zentro publikoetan nahiz pribatuetan arreta farmazeutikoa emateko eginkizuna.

  2. Biltegi horien bitartez emandako arreta farmazeutikoa biltegiei lotutako farmazia-zerbitzu edo farmazia-bulegoekin modu integratuan eta koordinatuan gauzatuko da.

  3. Sendagai-biltegia Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren zerbitzu-erakunde bateko farmazia-zerbitzu bati lotuta badago, Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langileetako bat izango da farmazialari arduraduna.

    Jarduna Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko langile den farmazialari arduradun batek ikuskatzen duenean ere, kontratu bidez Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuari lotutako farmazialarien bitartez gauzatu daitezke arreta farmazeutikoaren arloan sendagai-biltegien bitartez egin beharreko jarduerak. Halaber, farmazia-bulegoak ere kontrata daitezke sendagai-biltegian egin beharreko jardunetarako.

Egoitzetako sendagai-biltegiek honako eginkizun hauek izango dituzte gutxienez:

  1. Lotura-akordioa sinatuta duen farmazia-zerbitzu edo farmazia-bulegoarekin koordinatzea.

  2. Pazientea egoitzan sartzean eman zaion agindu medikoa baliozkotzea, pazientearen ezaugarriei eta sendagaiaren erabilera egokiari jarraikiz.

  3. Egoiliarren farmakoterapia-tratamenduaren bana-banako jarraipena egitea eta tratamendua betetzen dela egiaztatzea.

  4. Sendagaiak bateratzea egoitzan sartzean eta asistentzia-trantsizioa dagoen guztietan pazientea egoitzara itzultzen den bakoitzean.

  5. Sendagaiekin zerikusia duten arazoak prebenitzea, hautematea eta konpontzea.

  1. Sendagai-biltegiak egoitzaren barruan kokatuko dira, esleituta dauzkaten eginkizunak behar bezala betetzea ahalbidetuko duen gune batean.

  2. Sendagai-biltegiek behar bezala identifikatuta egon behar dute; gainera, instalazio seguruak eta aproposak izan behar dituzte, sendagaien eta osasun-produktuen kontserbazio eta zaintza ezin hobea eta zerbitzuaren funtzionamendu zuzena bermatzeko.

  3. Lokalaren higiene- eta osasun-baldintzak eta giro-baldintzek (argiztapena, hezetasun-maila eta tenperatura) egokiak izan beharko dute sendagaiak eta osasun-produktuak ezin hobeki zaintzeko.

  4. Halaber, botikinak ere egon daitezke sendagai-biltegietatik kanpo, sendagaiak eta osasun-produktuak biltegiratzeko eta banatzeko gune moduan kokatuta. Biltegiratzeko eta banatzeko gune horiek ere sendagai-biltegiko langileen ikuskapenaren mende egon beharko dute.

  5. Sendagai-biltegia bere eginkizun eta jarduerak gauzatzeko behar duen ekipamendu tekniko eta teknologikoarekin eta beharrezko materialarekin hornitu behar da. Gutxienez, honako hauek izan behar ditu:

    1. Altzariak eta estupefazienteak zaintzeko segurtasun-armairua edo kutxa gotorra.

    2. Tenperatura-kontrola duen hozkailu-sistema bat, bertan bakarrik erabiltzeko.

    3. Beren zereginak betetzeko aproposak diren informazio-sistemak eta informatika- eta komunikazio-bitartekoak.

    4. Hornidura bibliografiko eguneratua edo eduki hauetara elektronikoki sartzeko aukera: terapeutika, farmakologia, sendagaien elkarreraginak, kontrako efektuak, toxikologia, farmaziaren arloko legedia, gida farmakoterapeutikoa eta egoiliarrei arreta farmazeutikoa emateko interesgarritzat jotzen diren beste eduki batzuk.

    5. Estupefazienteen kontabilitate-erregistro ofizialdua, paperean edo formatu elektronikoan.

  6. 51 ohe baino gutxiago dituzten adineko pertsonentzako egoitzek gune bera erabil dezakete sendagai-biltegirako eta kontsulta sanitario-asistentzialerako.

  1. Egoitzetako farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak baimen hauen mende egongo dira, dekretu honetan jasotako aurreikuspenen arabera:

    1. Sortzeko baimen sanitarioa.

    2. Funtsezko aldaketak egiteko baimen sanitarioa.

    3. Funtzionamendurako baimen sanitarioa.

    4. Ixteko baimen sanitarioa.

  2. Aldaketak ez badira funtsezkoak, eta farmazia-zerbitzuak eta sendagai-biltegiak gehienez ere hilabetez ixten badira, komunikazio-araubidearen mende jarriko dira.

  1. Titulartasun pribatuko adineko pertsonentzako egoitzek, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzeko martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan aurreikusitako funtzionamendu-baimen administratiboa lortu baino lehen, farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren funtzionamendu-baimen sanitarioa lortu beharko dute, dekretu horretan aurreikusitako kasuetan.

    Funtzionamendu-baimen sanitario hori, gainera, 40/1998 Dekretuaren 9.2 artikuluari jarraikiz adineko pertsonentzako egoitzen funtzionamendu-baimenerako eskaerarekin batera eman beharreko dokumentazioari erantsiko zaio.

  2. Titulartasun publikoko adineko pertsonentzako egoitzen titularrek, bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 51. artikuluan aurreikusitako gizarte-zerbitzuen foru-erregistroan erregistratu baino lehen, farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren funtzionamendu-baimen sanitarioa lortu beharko dute, dekretu horretan aurreikusitako kasuetan. Horretarako, dekretu honen 28. artikuluan aurreikusitako baimen-erregistroko arduradunak dagokion lurralde historikoko foru-erregistrora igorriko du farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren funtzionamendu-baimen sanitarioaren ziurtagiria.

  1. Egoitzetako farmazia-zerbitzu eta sendagai-biltegiek, beren jarduera gauzatzeko, aldez aurretik lortu behar dituzte sortzeko baimen sanitarioa eta funtzionamendu-baimen sanitarioa.

  2. Funtsezko aldaketak egiteko baimen sanitarioa ere eskuratu behar dute, horretarako aurreikusitako baldintzak biltzen direnean.

  3. Farmazia-zerbitzu edo sendagai-biltegi bati baimen sanitarioa emateko prozedura abiarazteko eskaera titulartasun publikoko egoitza publikoaren zuzendariak edo gerenteak edo egoitza pribatuaren lege-ordezkariak egingo du; eskabidearekin batera, dagozkion tasen ordainagiria ere aurkeztu beharko du, bai eta dekretu honen 16., 18. eta 20. artikuluetan kasuan kasurako zehaztutako agiriak ere.

  4. Farmazia-zerbitzu edo sendagai-biltegi bat sortzeko baimena eta funtzionamendu-baimena batera eska daitezke, baldin eta sorrerak ez badakar obra berririk edo jada badagoen higiezin baten banaketaren edo egituraren aldaketarik. Kasu horretan, bi eskaerei dagozkien agiriak erantsi behar dira.

  5. Batera eska daitezke, halaber, jada funtzionatzen ari den farmazia-zerbitzu edo sendagai-biltegi baten funtsezko aldaketa motei dagozkien baimenak, baldin eta funtsezko aldaketa horiek batera egingo badira. Kasu horretan, haiei guztiei dagozkien agiriak erantsi behar dira.

  6. Dekretu honetan aurreikusitako baimen sanitariorako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da.

    Aipatutako epean ebatzi ez diren eskaerak onetsitzat joko dira.

  7. Aurkeztutako dokumentazioa ez bada osatzen edo betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zuzendu ditzala hutsak edo aurkez ditzala beharrezko agiriak hamar eguneko epean; hala egin ezean ukatutzat joko dela ere adieraziko zaio.

  8. Ordenazio farmazeutikoaren arloan eskumena duen organoak emandako ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio goragoko organoari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduan eta epeetan.

  9. Emandako baimen sanitarioek indarrean jarraitzeko, baimena emateko oinarri izan ziren eskakizunei eutsi behar zaie.

    Funtsezko aldaketak badaude baimena emateko oinarri izan ziren eskakizunetan, baimenak eraginik gabe geratuko dira.

  1. Farmazia-zerbitzuei edo sendagai-biltegiei baimen sanitarioa emateko prozeduren administrazio-izapidea egin nahi duten pertsona juridikoek bide elektronikoak baliatu behar dituzte prozeduren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

    Pertsona fisikoek edozein unetan izango dute bi bitartekoetako edozein (bide elektronikoak edo ez-elektronikoak) baliatzeko aukera, osasun-administrazioarekin harremanetan jartzeko.

  2. Dekretu honetan aurreikusitako prozeduren erregulazioa gorabehera, izapide elektronikoekin lotutako alderdiak Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen dituela ulertuko da.

  3. Izapideetan eskabideak eta ereduak aurrez aurre edo elektronikoki nola bideratu jakiteko zehaztapenak Osasun Sailari dagokion egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri; betiere, kontuan hartu beharko da eskabidea izapidetzean aurrez aurreko bidea nahiz elektronikoa erabiltzeak ez duela berekin ekarriko bide bera erabili behar izatea prozedurako hurrengo izapideetan, bidea edozein unetan aldatu ahal izango baita.

  1. Farmazia-zerbitzu bat edo sendagai-biltegi bat sortzeko eskabideak xedapen honen 14. artikuluaren 3. zenbakiaren arabera egin behar dira eta ordenazio farmazeutikoaren arloan eskudun den organoari helarazi behar zaizkio, agiri hauekin batera:

    1. Instalazioa deskribatzeko memoria bat, zer kokaleku, ezaugarri, instalazio eta barne-egitura dituen bilduko duena. Horrekin batera, multzoaren planoak eta lokalaren xehetasun-planoak aurkeztuko dira, sarbideak eta espazioen eta azaleren banaketa zehaztuta.

    2. Funtzionamendu-ordutegia eta hornikuntza eguneko hogeita lau orduetan emango dela bermatzeko sistema.

    3. Sendagaiak eta osasun-produktuak erosteko, kontserbatzeko, zaintzeko, banatzeko eta emateko, eta formula magistralak eta farmazia-prestakinak egiteko sistemen deskribapena.

    4. Erizaintzako unitateetan, botikinetan, larrialdietan eta antzekoetan utzitako sendagaien eta osasun-produktuen kontrola.

    5. Batzordeetan parte-hartzeari, laguntza-taldearekin lankidetzan aritzeari, sendagaiei eta sendagaiak zentzuz erabiltzeari buruzko jardueren deskribapena.

    6. Sendagaien eta osasun-produktuen sarrerak, irteerak, itzultzeak eta tenperatura-kontrolak erregistratzeko sistemen deskribapena.

    7. Sendagai eta osasun-produktuak kalitate-akatsak direla-eta merkatutik kenduko direla bermatzeko larrialdi-planaren deskribapena.

  2. Eskaera sendagai-biltegi bat sortzeari buruzkoa bada, aurreko puntuan aurreikusitako agiriez gain, dekretu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituen farmazia-zerbitzu edo farmazia-bulego bati lotzeko akordioaren proposamena ere erantsi behar zaio eskabideari.

  1. Honako hauek jotzen dira funtzionamendu-baimen sanitarioa duen farmazia-zerbitzu edo sendagai-biltegi baten funtsezko aldaketatzat:

    1. Lokal edo instalazioen egituran, banaketan eta azaleran, edo, hala badagokio, farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren kokagunean aldaketak eragiten dituzten egokitzapenak, obrak eta lekualdaketak.

    2. Zentroaren titulartasunaren edo nortasun juridikoaren aldaketa.

    3. Farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren jarduera, osorik edo partez, aldi baterako etetea, hilabetez baino gehiagoz.

  2. Sendagai-biltegien kasuan, funtsezko aldaketatzat joko da, halaber, haiekin lotura-akordioa sinatu duen farmazia-zerbitzu edo farmazia-bulegoaren aldaketa.

  1. Farmazia-zerbitzu batean edo sendagai-biltegi batean funtsezko aldaketak egiteko eskaerak xedapen honetako 14. artikuluaren 3. zenbakiaren arabera aurkeztu behar dira, eta ordenazio farmazeutikoaren arloan eskudun den organoari helarazi behar zaizkio.

  2. Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Obra edo lekualdatze batzuek eragindako aldaketak badira:

      1. Proposatutako aldaketa justifikatzeko memoria, aurreikusitako gauzatze-epea adierazita.

      2. Obrak gauzatu bitartean arreta farmazeutiko egokia bermatzeko hartu beharreko neurriak.

      3. Proiektu teknikoa, lokal eta instalazio multzoaren planoekin eta xehetasun-planoekin batera, aldaketa egin aurrekoak eta egin ostekoak.

      4. Instalazioen deskribapena eta aurreikusitako aldaketaren aurretik eta ondoren baliagarri duten ekipamenduaren deskribapena.

    2. Egoitzaren titulartasuna aldatu bada, honako agiri hauek erantsi behar zaizkio eskabideari:

      1. Titular berriaren egiaztagiria. Pertsona juridikoa bada, egoitzaren eraketa-agiria, estatutuak eta haren ordezkaria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko ditu.

      2. Zentroaren titulartasun-aldaketaren egiaztagiria.

    3. Jarduera, osorik edo partez, aldi baterako eten bada, hilabetez baino gehiagoz:

      1. Itxieraren zergatia justifikatzeko memoria.

      2. Egoitza itxita dagoen bitartean arreta farmazeutiko egokia bermatzeko hartu beharreko neurriak.

    4. Haiekin lotura-akordioa sinatu duen farmazia-zerbitzu edo farmazia-bulegoa aldatu bada:

      1. Aldaketa justifikatzeko memoria.

      2. Beste lotura-akordio baterako proposamena.

  1. Funtzionamendu-baimen sanitarioa lortu behar da:

    1. Sortzeko baimena duten farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren jarduna hasi baino lehen.

    2. Farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren funtsezko aldaketak egin ondoren, eta dagozkien jarduerak hasi baino lehen.

  2. Eskabideak xedapen honen 14. artikuluaren 3. zenbakiaren arabera aurkeztu behar dira, eta ordenazio farmazeutikoaren arloan eskudun den organoari helarazi behar zaizkio.

Farmazia-zerbitzu baten funtzionamendu-baimen sanitariorako eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio:

  1. Farmazia-zerbitzuaren arduradunaren ospitale-farmaziako espezialitatearen titulua.

  2. Farmazia-zerbitzuaren arduradunak egoitzarekin duen kontratu-loturaren egiaztagiria eta haren lanaldiaren ordutegia.

  3. Dagokion farmazialari-elkargo ofizialeko kide dela frogatzen duen egiaztagiria.

  4. Indarreko legediaren arabera bateraezintasunerako arrazoirik ez dela dioen deklarazioa.

  1. Titulartasun publikoko adineko pertsonentzako egoitzetan dauden sendagai-biltegiak badira, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Euskal Osasun Sisteman integratutako ospitale baten farmazia-zerbitzuarekin sinatutako lotura-akordioa.

    2. Sendagai-biltegiaren arduradunaren farmaziako lizentziadunaren titulua.

    3. Sendagai-biltegiaren arduradunaren eta Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuaren edo itundutako ospitalearen arteko kontratu-loturaren egiaztagiria.

    4. Dagokion farmazialari-elkargo ofizialeko kide dela egiaztatzeko agiria.

    5. Euskal Osasun Sisteman integratutako ospitale bati edo farmazia-bulego bati lotutako farmazialariaren identifikazioa, dekretu honen 9.3 artikuluan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko, betiere farmazialari arduradunaren ikuskaritzaren mende.

  2. Titulartasun pribatuko adineko pertsonen egoitzetan dauden sendagai-biltegiak badira, honako agiri hauek bidali behar dira eskabidearekin batera:

    1. Sendagai-biltegia Osakidetza-Euskal osasun-zerbitzuko osasun-zerbitzuen erakunde bateko farmazia-zerbitzuren batekin edo itundutako osasun-egituraren batekin lotuta badago, titulartasun publikoko adineko pertsonentzako egoitzetan dauden biltegietarako agiri berberak aurkeztu beharko dira (aurreko apartatuan aurreikusita daude agiri horiek).

    2. Sendagai-biltegia ospitale pribatu batean kokatutako farmazia-zerbitzu batekin edo farmazia-bulego batekin lotuta badago:

      1. Ospitale pribatuko farmazia-zerbitzuarekin edo dagokion farmazia-bulegoarekin sinatutako lotura-akordioa.

      2. Sendagai-biltegiaren arduradunaren farmaziako lizentziadunaren titulua.

      3. Sendagai-biltegiaren arduradunaren eta ospitale pribatuaren edo farmazia-bulegoaren arteko kontratu-loturaren egiaztagiria.

      4. Dagokion farmazialari-elkargo ofizialeko kide dela egiaztatzeko agiria.

      5. Ospitale pribatu bati edo farmazia-bulego bati lotutako farmazialariaren identifikazioa, dekretu honen 9.3 artikuluan aurreikusitako jarduketak egiteko, farmazialari arduradunaren ikuskaritzaren mende.

  1. Farmazia-zerbitzu baten edo sendagai-biltegi baten funtzionamendua baimentzeko eskaera bat ebatzi aurretik, ikuskapen-bisita baten bitartez egiaztatuko da ea betetzen diren dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudian aurreikusitako eskakizunak; hau da, sortzeko edo, hala bazegokion, funtsezko aldaketak egiteko baimena emateko oinarri izan zirenak. Ikuskapenaren emaitza aktan jaso behar da.

  2. Ikuskapen-bisitan agerian geratzen bada ez direla betetzen ezarritako baldintza eta betekizunak, ikuskatzaileak hilabeteko epea emango dio interesdunari eskakizun horiek betetzen dituela frogatzeko; hala behar izanez gero, haien betearazpena egiaztatzeko beste bisita bat egingo du.

  3. Ezarritako betekizunak betetzen diren ala ez egiaztatu ostean, funtzionamendurako baimen sanitarioa eman edo ukatuko zaio egoitzako farmazia-zerbitzuari edo sendagai-biltegiari, ordenazio farmazeutikoaren arloan eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez.

  1. Farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien funtzionamendu-baimen sanitarioa bost urterako da.

  2. Adineko pertsonentzako egoitzen titularrek funtzionamendu-baimenaren baliozkotasuna amaitu baino hiru hilabete lehenago egin behar dute baimen hori berritzeko eskabidea; horretarako, dokumentazio hau erantsita:

    1. Farmazia-zerbitzuko edo sendagai-biltegiko langileen zerrenda, titulua, zereginak eta arduraldia adierazita.

    2. Funtzionamendu-baimena eman zeneko baldintzek bere horretan jarraitzen dutela justifikatzeko deklarazioa.

    3. Funtsezkoak ez diren aldaketak gertatu badira eta, 21. artikuluan aurreikusten den gisan, haien berri eman ez bada, aldaketa horiek azaltzeko memoria.

    4. Dagokion tasaren ordainagiria.

  3. Funtzionamendu-baimena berriztatzen ote den ebatzi aurretik, eta beharrezkotzat jotzen bada, dagokion egiaztapena egin daiteke, ikuskapen-bisita baten bitartez.

  1. Hauek joko dira farmazia-zerbitzuen eta sendagai-biltegien aldaketa ez-funtsezkotzat:

    1. Kokalekuan edo jatorrizko baimenaren funtsezko elementuetan aldaketarik eragiten ez duten obrak.

    2. Farmazia-zerbitzuaren edo sendagai-biltegiaren arduradun-aldaketa.

    3. Aldi baterako itxierak, gehienez ere hilabetekoak.

  2. Aldaketa ez-funtsezkoak ordenazio farmazeutikoaren arloan eskumena duen organoari jakinarazi behar zaizkio, hilabeteko epean aldaketak egiten direnetik.

  3. Jakinarazpena honako agiri hauekin batera bidali behar da:

    1.a puntuan aurreikusitako kasuetan, aldaketak justifikatzeko memoria bat igorriko da, eta beharrezkoa bada, dagozkion plano eta informazioak erantsiko zaizkio.

    1.b puntuan aurreikusitako kasuetan, honako hauek egiaztatzeko agiriak helarazi behar dira: arduradunari eskatutako titulua, lan-harremana, lan-arduraldia eta, hala behar denean, dagokion profesional-elkargoaren kide den egiaztagiria eta bateraezintasuneko egoera batean ez dagoela ziurtatzeko deklarazioa.

    1.c puntuan aurreikusitako kasuetan, memoria bat bidaliko dute, aldi baterako itxieraren zergatiak eta arreta farmazeutikoaren gaineko eragina txikiagotzeko zer neurri hartu diren azaltzeko.

  4. Dokumentazioa aztertu ostean funtsezkotzat jotzen bada egin nahi den aldaketa, interesdunari jakinaraziko zaio, hark dagokion baimena izapidetu dezan.

  1. Farmazia-zerbitzu bat edo sendagai-biltegi bat hilabetez baino gehiagoz ixteko, osasun-administrazioko baimena beharko da, nola aldi baterako hala behin betiko itxi nahi denean.

  2. Farmazia-zerbitzua edo sendagai-biltegia aldi baterako edo behin betiko itxi nahi bada, titularrak horren berri eman behar du, gutxienez, ixteko aurreikusitako data baino hiru hilabete lehenago. Ordenazio farmazeutikoaren arloan eskumena duen organoari jakinarazi behar dio, itxiera justifikatzeko arrazoiak egiaztatuta, eta txosten bat erantsi beharko du, higiene- eta osasun-baldintzen eta sendagaiak eta osasun-produktuak kontserbatzeko baldintzen arloan hartu beharreko neurriei buruzkoa.

Farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei emandako sortzeko baimen sanitarioak eta funtzionamendu-baimen sanitarioak honako arrazoi hauengatik amaitzen dira:

  1. Dagokien egoitzaren titularra zendu delako edo haren nortasun juridikoa iraungi delako.

  2. Egoitza behin betiko itxi delako edo egoitzari emandako baimena baliogabetu delako, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzeko dena) jasotako aurreikuspenei jarraikiz.

  3. Ordenazio farmazeutikoaren arloan eskumena duten organoak baliogabetu egin duelako farmazia-zerbitzuari edo sendagai-biltegiari emandako sortzeko baimen sanitarioa edo funtzionamendu-baimen sanitarioa, baimen hori emateko oinarri izan ziren baldintzak aldatzeagatik edo baldintza horiek ez betetzeagatik.

  1. Antolamendu farmazeutikoaren arloan eskumena duen organoak, osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiak direla-eta, farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei emandako baimenen eraginkortasuna aldi baterako etetea erabaki dezake.

  2. Eteteko prozedurak izapidetzean, entzunaldia eskaini behar zaio farmazia-zerbitzua edo sendagai-biltegia barne hartzen duen egoitzako titularrari.

  3. Aldi baterako etetea bertan behera geratuko da, baldin eta etenaldia eragin zuten arrazoiak desagertu direla egiaztatzen bada.

  1. Adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuetarako eta sendagai-biltegietarako baimenen erregistroa sortzen da, eta osasun-alorrean eskumena duen sailari atxikita egongo zaio erregistro hori.

  2. Hauek inskribatuko dira erregistroan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei emandako sortzeko baimen sanitarioak, aldatzeko baimen sanitarioak eta funtzionamendu-baimen sanitarioak.

    2. Dekretu honetan arautzen diren aldaketa ez-funtsezkoei eta zentroa aldi baterako ixteko aldaketei buruzko jakinarazpenak.

    3. Sendagai-biltegiek sinatzen dituzten lotura-akordioak.

  3. Ordenazio farmazeutikoaren arloan eskumena duen organoak ofizioz erregistratuko ditu baimen eta jakinarazpen horiek.

  4. Erregistroaren osaera eta bertan inskribatzea Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 7. artikuluaren aurreikuspenei egokituko zaizkie.

Farmazia-zerbitzuetarako eta sendagai-biltegietarako baimenen erregistroak eginkizun hauek ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei emandako baimen sanitarioei buruzko informazioa ematea.

  2. Beharrezko baliabideak planifikatzeko eta programatzeko informazioa ematea, baliabideok zentzuz antolatzeko eta artatutako egoiliarrei arreta farmazeutiko hobea emateko.

Dekretu honetan aurreikusitakoak ez betetzeagatik gerta daitezkeen arau-hausteak eta zehapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen XIV. kapituluan eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen VI. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 27. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzei eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako egoitzei (Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrean edota gizarte-zerbitzuen foru-erregistroetan erregistratuta daudenei), baimen administratiboa emateko eskakizunen eta prozeduren arauketari ekin bitartean, adineko pertsonentzako egoitzetako farmazia-zerbitzuei eta sendagai-biltegiei buruz dekretu honetan ezarritako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie.

Dekretu honen indarraldia hastean dekretu honen 2. artikuluan aipatutako erregistroetan inskribatuta dauden adineko pertsonentzako egoitzek urtebeteko epea izango dute, dekretu honen indarraldiaren lehen egunetik hasita, dagokion farmazia-zerbitzua edo sendagai-biltegia sortzeko baimena eskatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Adintsuentzako etxeetako gizarte-zerbitzuei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretuaren II. eranskinean jasotako 8. zehaztapen teknikoari (osasun-eremua) 4) puntua gehitzen zaio, eta honela geratu da idatzita:

  1. Aurreko puntuetan xedatutakoa gorabehera, baimendutako 25 plaza baino gehiago dituzten adineko pertsonentzako egoitza guztiek farmazia-zerbitzuari edo sendagai-biltegiari buruzko osasun-araudi aplikagarria bete beharko dute.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.