Arautegia

Inprimatu

168/2017 DEKRETUA, ekainaren 13koa, Ogasun eta Ekonomia sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Ekonomia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 114
  • Hurrenkera-zk.: 3014
  • Xedapen-zk.: 168
  • Xedapen-data: 2017/06/13
  • Argitaratze-data: 2017/06/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitekoak eta jardun-arloak Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 10. artikuluan jasota datoz. Dekretu hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa da.

Arau horren Lehenengo Azken Xedapenean aurreikusitakoaren arabera, dekretu honek sail horren egitura eta zereginak finkatzen ditu, aipatutako xedapenean ezarritako antolaketa-irizpideei eta aurreikuspenei jarraituz. Egitura horrek Sailaren arlo nagusiez arduratuko diren bi sailburuordetza ditu; gainera, sailburuordetza horiei Kontrol Ekonomikoko Bulegoa lotzen zaie, egitura-maila bera duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan jardun ekonomikoa fiskalizatzen duena, bere sortze-legearen eta ondorengo garapenen arabera.

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren ardura izango da Jaurlaritzaren epe ertainerako plangintza ekonomikoa zuzendu eta koordinatzea. Era berean, beste eginkizun edo esparru hauetan guztietan zuzendaritza- eta koordinazio-lana betetzea dagokio: azterlan ekonomikoen, koiunturaren eta aurreikuspen ekonomikoaren inguruko politiketan; Eusko Jaurlaritzak bideratutako egitura-politiken jarraipena egiteko, aurrekontuen eta gastu publikoaren inguruko programazioan; Euskal Autonomia Erkidegoak eskualde-politikan eta erkidegoko funtsen arloko politikan eta lehiaren defentsan egiten duen guztian. Beste esparru hauekin zerikusia duten jardun-arloetatik eratorrita sailak bere baitan dituen eskumenak ere bere ardurapean ditu: finantza-politika eta finantza-erakundeekiko eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeekiko harremanak, zorpetzea, bermea ematea eta Euskadiko Diruzaintza Orokorraren araubidea. Bestalde, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak prestatzeaz, horien kudeaketa orokorraz, horiei jarraipena egiteaz eta aurrera eramateaz arduratzen da.

Bestalde, Ogasun Sailburuordetzan biltzen dira Kontzertu Ekonomikoaren, Estaturako Kupoaren eta Lurralde Historikoen ekarpenen arloan administrazio honi dagozkion eskumenak eta egitekoak. Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-erakunde batzuen artean transferitzekoak diren eskumenak edo zerbitzuak baloratzeko eskumena ere sailburuordetza honek izango du. Aldi berean, autonomia-erkidegoko zerga-administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboen erregimena zuzentzeko eta ikuskatzeko ardura ere badu, horretarako jarritako organoak erabiliz. Ondarearen, kontratazioaren eta arrisku eta aseguruen kudeaketaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea ere organo honi dagokio.

Sailaren egitura organikoa Zerbitzu Zuzendaritzarekin eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzarekin osatzen da. Zerbitzu Zuzendaritza saileko arlo desberdinetako gai komunetan eskumena duen sail barruko organoa da. Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak, berriz, honako egitekoak ditu, betiere sailburuaren zuzendaritzapean: sailaren politika estrategiko sektorialak gauzatzea erraztea, batik bat komunikazioari eta komunikabideekiko harremanei dagokienez, eta erakunde-harremanak izatea beste entitate, instituzio eta erakunde publikoekin, esaterako Eusko Legebiltzarrarekin, foru-aldundiekin, toki-administrazioarekin eta Jaurlaritzaren beste sailekin, bere eskumeneko berezko gaietan.

Ogasun eta Ekonomia Sailari atxikitzen zaizkio Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística (EEE/IVE) eta Lehiaren Euskal Agintaritza administrazioko erakunde autonomoak; eta Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.

Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

  1. Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitekoak eta jardun-arloak Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 10. artikuluan jasota datoz. Dekretu hori, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoa da.

  2. Halaber, aurreko paragrafoan jasota dauden gai horiekin zerikusia duen eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko beste organo edo erakunderen bati beren beregi atxiki gabe dagoen bestelako ezein eskumen ere Ogasun eta Ekonomia Sailarena izango da.

  3. Beste egiteko hauek ere Ogasun eta Ekonomia Sailari dagozkio:

    1. Hitzarmenak eta akordioak sinatzea eta harremanak izatea Estatuko administrazio orokorrarekin eta instituzionalarekin, beste autonomia-erkidego batzuekin, lurralde historikoekin eta toki-korporazioekin, beste erakunde batzuekin eta pertsona publikoekin eta pribatuekin, artikulu honetako orain arteko epigrafeetan zehazturiko gaietan edo, legez edo Jaurlaritzaren erabakiz, agintzen zaizkion bestelako gaietan, betiere, indarreko legeetan hala ezarrita badago.

    2. Orokorrean Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egiturako sailen esku uzten diren eskumen komunak.

  4. Artikulu honetan aipatzen diren gaietan, administrazio-prozeduraren fase guztiak Ogasun eta Ekonomia Sailaren ardurapekoak izango dira, eta, orokorrean, betearaztea izango da haren egitekoa, non eta ez den beste zer edo zer ulertzen dekretu hau irakurrita edo maila bereko beste xedapen batzuk irakurrita.

  1. Aurreko artikuluan zehazturiko gaiei buruzko eskumenak betetzeko, Ogasun eta Ekonomia Sailak honako organo hauek izango ditu bere egituran:

    1. Ogasun eta Ekonomiako sailburua:

      Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

      Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

      Zerbitzu Zuzendaritza.

    2. Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetza:

      Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.

      Finantza Politikako Zuzendaritza.

      Aurrekontu Zuzendaritza.

    3. Ogasun Sailburuordetza:

      Zerga Administrazioko Zuzendaritza.

      Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza.

      Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

  2. Aurreko paragrafoko organo horiek baino beheragoko administrazio-unitateak Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren agindu bidez garatuko dira.

  3. Organo hauek ere Ogasun eta Ekonomia Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehaztutako moduan:

    1. Bahitutako Ondasunak eta Eskubideak Itzultzeko Batzorde Instrukziogilea.

    2. Euskadiko Prezioen Batzordea.

    3. Euskal Estatistika Batzordea.

    4. Euskal Estatistika Kontseilua.

    5. Kontratazio Batzorde Nagusia.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordea.

    7. Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa.

    8. Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

    10. Gizarte Aurreikuspenaren Euskal Kontseilua.

  4. Organismo autonomo eta erakunde hauek ere Ogasun eta Ekonomia Sailari atxikita daude:

    1. Euskal Estatistika Erakundea / Instituto Vasco de Estadística (EEE/IVE) administrazio-erakunde autonomoa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren bitartez.

    2. Lehiaren Euskal Agintaritza administrazio-erakunde autonomoa, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren bitartez, betiere haren autonomia organiko eta funtzionalari kalterik egin gabe, otsailaren 2ko 1/2012 Legeak ezarritako baldintzetan.

    3. Finantzen Euskal Institutua / Instituto Vasco de Finanzas zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren bitartez.

  5. Bada Zuzendaritza Kontseilu bat ere, saileko politika gauzatzen laguntzeko. Ogasun eta Ekonomiako sailburua izango da kontseilu horretako burua, eta gainerako kideak, berriz, hauek izango dira: Ogasun eta Ekonomia Saileko sailburuordeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendaria, eta horiei atxikitako konfiantzazko edo behin-behineko langileak. Zuzendaritza Kontseiluan parte hartu ahal izango dute, izan iraunkorki zein puntualki, sailaren titular den sailburuak egoki iritzitako Ogasun eta Ekonomia Saileko goi-kargudunek zein konfiantzazko edo behin-behineko langileek.

  1. Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak erabiltzea, bai eta indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkionak ere, azaroaren 26ko Lehendakariaren 24/2016 Dekretuaren arabera sail honi esleitutako egiteko eta jardun-arloen esparruan (24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

  2. Ogasun eta Ekonomiako sailburuak egiteko hauek ere izango ditu:

    1. Autonomia-erkidegoen eta estatuko ogasunaren finantza-jardunak ondo koordinatzeko organorik sortzen baldin bada, dena delako organo horretan parte hartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak koordinatzea, bai zerga- eta finantza-gaietan beste herri-administrazio batzuen aitzinean azalpenik eskatu edo eman behar denean, bai Kontzertu Ekonomikotik datozen baliabideak banatzeko sistemaren puntu erkideetan, hargatik eragotzi gabe Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren berezko egitekoak.

    3. Saileko organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

    4. Sailaren 1.000.000 euroko edo hortik gorako gastuak baimentzea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

    5. Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretik deialdi publikoa eginda.

    6. Ogasun eta Ekonomia Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak erabiltzea, baldin eta oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000 eurokoa edo hortik gorakoa duten kontratuak eta hitzarmenak badira.

      Halaber, prestazioen zenbatekoa aurreko paragrafoan zehaztutakoaren berdina bada edo kopuru hori gainditzen badu, baliabide propioaren edo zerbitzu teknikoaren izaera duten erakundeei enkarguak egiteko eskumena berari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusi bezala.

    7. Saileko organoek emandako egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-espedienteak hasi eta ebaztea.

    8. Saileko organoek emandako xedapenak eta egintza deusezak berrikusteko espedienteak hasi eta ebaztea, salbuetsita dekretu honen 13.1 artikuluko f) letran xedatutakoa.

    9. Indarreko arauek Ogasun eta Ekonomia Sailari esleitutako egitekoak izanik, saileko beste ezein organori edo sailaren menpeko beste ezein erakunderi eman ez zaizkion egitekoak, eta, dekretu honen 1. artikuluko gaiekin zerikusia duten eskumenen artetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko beste organo batzuei berariaz eman ez zaizkienak.

  3. Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren mende daude, zuzenean eta hierarkikoki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza eta Zerbitzu Zuzendaritza.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak sailburuordetzaren maila organiko bera izango du, eta, dekretu honen 7. artikuluan adierazitakoez gain, honako egitekoak izango ditu:

  1. Kontabilitatearen eta barne-kontrol ekonomikoaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari dagozkion ahalmen guztiak erabiltzea, Ogasun eta Ekonomia Saileko beste organo batzuei emandakoak izan ezik, betiere, gai horiek erregulatzen dituen araudiak zehazten duen moduan.

  2. Kontabilitatearekin zerikusia duten dokumentu, kontu eta txostenak prestatu eta hedatzea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeen eta partaide direneko enpresen jardun ekonomiko eta finantzarioari buruzkoak ere, eta bai Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoak diren aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioen informazioari eta kontrolari buruzkoak ere, hargatik eragotzi gabe bestelako organoek gai honetan dituzten eskudantziak.

  3. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen kontabilitatearen eta barne-kontrol ekonomikoaren arloan bitartekoak nahiz baliabide elektroniko eta informatikoak nola aplikatzen eta ezartzen diren gainbegiratu eta kontrolatzea, kontabilitatea informatizatzeko plan eta programak jarriz, trataera informatikoa zein kontabilitate-lanek eduki behar duten erabakiz, kontabilitate publikoaren arloan egin beharreko garapen informatikoei onespena emanez, eta informatizatutako kontabilitate-informazioa eskuera izan eta erabiltzeko baimenak emanez.

  4. Arlo ekonomikoan gobernu arduratsua eta arriskuen kudeaketa eta barruko kontrola egiteko politikak jartzearen alde egin, eta politikok koordinatu eta gainbegiratzea, helburu hartuta Euskal Autonomia Erkidegoan sektore publikoaren kudeaketa hobetzea eta xedeak erdiesten laguntzea.

  5. Koordinaturik eta, egoki denean, elkarlanean aritzea Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin, Estatuko Kontuen Epaitegiarekin eta kanpoko kontrola eramaten duten bestelako organoekin, eta koordinaturik jardutea beste administrazio publikoetako ikuskapen-organoekin eta barruko kontrol ekonomikoa daramaten organoekin.

Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzak, dekretu honen 8. artikuluan ematen zaizkion egiteko orokorrez gain, honako egiteko hauek ere izango ditu:

  1. Sailburuaren lan-programa eta -jarduna antolatzea eta horri jarraipena egitea.

  2. Sailburuari sailaren eskumen eta politikak ongi garatu eta burutzeko behar dituen laguntza eta aholkuak ematea, sailaren eskudantzien jardun-irizpideak eta -planak identifikatuz.

  3. Sailburuak eskatuta, sailaren politika garatzeko interesgarriak diren ikerlan eta azterketak identifikatzea eta, hala behar bada, lantzea.

  4. Saileko ekitaldi ofizialak eta protokolozkoak antolatzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkionak, eta sailaren biltzarrak, jardunaldiak edo mintegiak koordinatzea.

  5. Sailaren eskumenekoak diren politika publikoei dagokienean, haren jardunei buruzko informazioa eta publizitatea behar bezala ematen dela bermatzea.

  6. Sailaren egitekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea, gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin elkarlanean.

  7. Komunikabideekiko harremanak planifikatu, ezarri eta artatzea.

  8. Sailaren komunikazio-ekintzak burutzea, sailetako organoei laguntzeko atal gisa jardunez.

  9. Beste entitate, instituzio edo erakunde publikoekin harremanak erraztu, garatu eta mantentzea, esaterako Eusko Legebiltzarrarekin, foru-aldundiekin, toki-administrazioarekin eta Jaurlaritzako beste sailekin, bere eskumeneko berezko gaietan.

  1. Zerbitzu Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Sailari atxikita dauden langileen burua izango da, sailarekin zerikusia duten administrazio-egintzak eta ohiko kudeaketa-egintzak gauzatzeko ardura izango du, baita indarreko arautegiak agintzen dion beste edozein egiteko ere. Bereziki, egiteko hauek izango ditu:

      1. Langile-gaietan Euskal Funtzio Publikoaren arauek sail bakoitzari ematen dizkioten eskumenak erabiltzea.

      2. Langileen prestakuntzarako eta hobekuntzarako planak eta programak prestatzea, hargatik eragotzi gabe funtzio publikoaren ardura duen zuzendaritzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eskudantziak.

      3. Langileen arloan jartzen diren errekurtsoak ebazteko izapideak eta proposamenak egitea, hargatik eragotzi gabe funtzio publikoaren arloan ardura duten organoen eskudantziak.

    2. Sailaren aurrekontuei buruzko aurreproiektua koordinatu eta lantzea, eta haren jarraipena egitea; erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sailari atxikitako sektore publikoko gainerako erakundeen aurrekontu-proiektuak koordinatu eta sailarenarekin bateratzea; aurrekontuan egin beharreko aldaketak izapidetzea, eta saileko gastu-programak ebaluatzea.

    3. Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, behar den informazio-, etengabeko ebaluaketa- eta jarraipen-sistemak ezarri eta mantenduz.

    4. Sailaren 1.000.000 eurotik beherako gastuak baimentzea.

    5. Saileko atalek lanpostuak fisikoki kokatzeko eta ekipamendua banatzeko egiten duten lana eta lekua eraberritzeko eta hobetzeko egiten dituzten obrak zuzentzea, hargatik eragotzi gabe hainbat sailetarako diren zerbitzuen ardura duten organo eskudunen eskumenak.

    6. Sailaren egoitzetako barne-araubidea bete eta zaintzea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua kudeatu eta zaintzea.

    7. Sailaren erregistro nagusia, artxibategia, liburutegia eta gainerako agiritegiak kudeatzea, hargatik eragotzi gabe hainbat sailetarako diren zerbitzuen ardura duten organo eskudunen eskudantziak.

    8. Sailaren zerbitzu eta lan-moldeen barne-antolaketari, arrazionalizazioari eta informatizazioari buruzko proposamenak egitea, saileko gainerako organoekin eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunekin koordinaturik.

    9. Saileko Segurtasun eta Osasun Atalaren lanak zuzendu eta antolatzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuaren eskudantziak.

    10. Sailaren arau-ekoizpena egituratu eta gauzatzea, zerikusia duten beste arlo batzuekin arau-koherentzia bilatuz, honela balizko gatazkak konpontzeko, eta sailaren aholkularitza eta laguntza juridikoko jarduerak burutzea, bertako gainerako organoek bereganatu gabeko arloetan, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legeak saileko aholkularitzei esleitutako gainerako egitekoak.

    11. Sailaren gaien artetik Jaurlaritzaren Kontseiluak eta gobernu-batzordeek onartu beharrekoak direnak hara bidaltzeko izapideak egitea, berariaz bestelakorik adierazi ezean, baita Legebiltzarrerakoak ere, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    12. Egunkari ofizialetan argitaratu behar diren dokumentuak bidaltzea eta gardentasunari buruzko arau aplikagarrietatik sortutako publikotasun aktiboaren betebeharrak betetzea.

    1. Sailean dauden informazio publikoa eskuratzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea, gardentasunari buruzko arau aplikagarriei jarraituz.

    2. Komunikazio-organo gisa jardutea gainerako sailekin eta sailarekin harremanetan dauden organoekin edo erakundeekin, eta, sail arteko batzorde eta kontseiluetan parte hartzea, baldin eta aztergaien artean zuzendaritza honen ardurapeko egitekorik badute.

    1. Sailaren jardunarekin lotuta sortzen diren ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea, ondoren sailburuari emateko, ebatz ditzan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berariazko gaien, antolaketaren eta informatikaren inguruan sailari dagozkion eskumenak kudeatzea.

  2. Zerbitzu zuzendariak erabiliko ditu Ogasun eta Ekonomia Saileko kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak, oinarrizko lizitazio-aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia, BEZa barne, 1.000.000,00 eurotik beherakoa duten kontratu eta hitzarmenetan.

    Halaber, prestazioen zenbatekoak aurreko paragrafoan zehaztutako kopurua gainditzen ez badu, baliabide propioaren edo zerbitzu teknikoaren izaera duten erakundeei enkarguak egiteko eskumena berari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren IV. tituluan aurreikusi bezala.

  3. Gainera, Ogasun eta Ekonomia Sailaren arloan, Zerbitzu Zuzendaritzak ardura hauek izango ditu:

    1. Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen eta administrazio elektronikoaren, kudeaketa aurreratuaren, gobernantzaren eta berrikuntzaren inguruan eskumena duten organoek mahai gainean jarritako ekimenak eta gidalerroak garatzeko eta gauzatzeko behar diren euskarriak bermatzea, gobernu-programan gai horien inguruan ezarri diren aurreikuspenak sailaren jarduketa-arloan garatzeko.

    2. Sailaren barneko koordinazioa Europar Batasuneko arauak eta politikak landu eta aplikatzerakoan, gaien izapidetzea eta saileko organoen harremanak Europar Batasuneko Erakundeekin bideratuz, Lehendakaritzako organo eskudunaren bidez.

    3. Saileko gainerako zuzendaritza eta arloekin eta sailera atxikitako erakunde autonomo, entitate eta organoekin koordinatu eta lankidetzan aritzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko arauetan eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako berdintasun-planean jasota datozen neurriak betearazteko.

    4. Euskararen erabilera sustatzea, saileko euskara atalaren bidez, zeinaren egitekoa izango baita, beste batzuen artean, Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta Sailaren Erabilerako Urteko Kudeaketa Plana garatu, jarraipena egin eta ebaluatzea, eta jardun-eremuan aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak definitzea, betiere hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren gidalerroei jarraituz.

    5. Saileko gainerako organoek hizkuntza-normalizazioaren arloan egindako lana koordinatu eta dinamizatzea, hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoaren laguntzarekin, eta euskara sustatzea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein alorretan.

    6. Sailak herritarrei harrera egiteko eta informazioa emateko dituen zerbitzuek lana ondo egiten dutela bermatzea (harrera egiteko 2. eta 3. mailak), eta Jaurlaritzak herritarrei harrera egiteko duen zerbitzuarekiko Zuzenean harremanak behar bezala taxutzea, eta, horretarako, eskumen pean dituen gai guztietarako solaskideren bat beti lanerako prest edukitzea.

    7. Herritarrekin interakzioa izateko jarritako kanal elektronikoei dagokienez sailak egiten duen erabilera koordinatu eta jarraitzea, eta plangintza-prozesuetan, arauak lantzekoetan eta politikak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzekoetan parte hartzeko aurrez aurreko kanalak edo kanal birtualak irekitzeari bultzada ematea.

      III. KAPITULU

      SAILEKO GOI-KARGUDUNAK

Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ogasun eta Ekonomia Saileko sailburuordeek:

  1. Saila ordezkatzea sailburuaren eskuordetzeaz.

  2. Sailburuordetzako eta sailburuordetzaren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduketa guztiak zuzendu, koordinatu, sustatu, programatu eta ikuskatzea; halaber, mendeko zerbitzu eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

  3. Jardute-politikak prestatu eta sailburuari proposatzea, eta sailburuari laguntza teknikoa ematea agintzen zaizkion egitekoen alorrean.

  4. Xedapen-proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikarekin bat.

  5. Sailburuordetzaren menpeko organoen ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea.

  6. Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

  7. Indarrean dagoen antolamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkiotenak, eta komunak direnak sailburuordeei oro har esleitzen zaizkielako.

Orokorrean, egiteko hauek izango dituzte Ogasun eta Ekonomia Saileko zuzendariek:

  1. Sailburuaren eta sailburuordeen ebazpenak betearaztea eta eskuordetzen zaizkien eskudantziak baliatzea.

  2. Saila ordezkatzea sailburuaren eskuordetzeaz.

  3. Zuzendaritzaren jarduera guztiak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  4. Zuzendaritza barruko zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea organo eskudunek ezarritako arauak aintzat harturik, eta, batez ere, espediente-erregistroak eta -artxibategiak antolatzea.

  5. Errekurtsoak ebaztea, indarreko arauetan zehazturik dauden kasuetan.

  6. Bere eskumen-eremu materialean emandako egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-espedienteak kudeatzea.

  7. Bere eskumen-eremu materialean emandako xedapenak eta egintza deusezak berrikusteko espedienteak kudeatzea.

  8. Bere eremuan indarreko Hizkuntza-normalizazio Planaren helburuak zehaztea, eta helburu horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatzea, euskararen kudeaketa integratua bideratuz zuzendaritzako zerbitzu-burutzekin elkarlanean, betiere Zerbitzu Zuzendaritzak koordinatuta eta hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoarekin lankidetzan.

  9. Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak inplementatzea eta horien jarraipena egitea zuzendaritzaren jarduketa-alorretan, esaterako: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako ekitaldi publikoak. Halaber, hala dagokionean administrazio-kontratuetan eta diru-laguntzak emateko deialdietan hizkuntza-irizpideak sartzea.

  10. Indarreko araubide juridikoak berariaz esleitzen dizkionak, eta komunak direnak zuzendariei oro har esleitzen zaizkielako.

1. ATALA

EKONOMIA, FINANTZA ETA AURREKONTU SAILBURUORDETZA

  1. Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak Ogasun eta Ekonomia Sailari esleitutako eskumenak erabiliko ditu honako gai hauetan, betiere sailburuaren zuzendaritzapean: plangintza ekonomikoa; azterlan eta metodo ekonomikoak; koiuntura eta aurreikuspen ekonomikoa; eskualde-politika; lehiaren defentsa; Autonomia Erkidegoko aurrekontuak zuzendu, landu, kudeatu, jarraipena egin eta kontrolatzea; finantza-politika eta finantza-erakundeekiko harremanak; diruzaintza, zorpetzea eta bermeak ematea; aseguru-bitartekaritzako eta gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera baimendu eta kontrolatzea; Sailburuordetzaren titularrari dagozkio, dekretu honen 7. artikuluan adierazitakoez gain, honako egitekoak:

    1. Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoa eta ekonomia-azterlanen, koiunturaren, eta azterketa ekonomikoen arloak zuzendu eta koordinatzea, eta egonkortasuneko aurrekontu-agiriak landu eta garatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskualde-politikaren arloan egiten dituen jarduketak zuzendu eta koordinatzea.

    3. Urteko aurrekontuetan errespetatu behar diren gidalerro ekonomikoak eta teknikoak lantzea, eta Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren aurreproiektua eta aurrekontu horiek onartzeko lege-aurreproiektua egitea, gai horri buruzko indarreko legediaren arabera.

    4. Aurrekonturako kargaren bat dakarten lege-proiektu guztiek berekin eraman behar duten finantzaketa-eranskina prestatzea, eta Autonomia Erkidegora beste eskumen edo zerbitzu batzuk eskualdatzearen edo Autonomia Erkidegotik beste administrazio publiko batzuetara eskualdatzearen ondorioz aurrekontu-kredituak gehitzeko edo kentzeko proiektuak egitea.

    5. Urte anitzeko aurrekontu-plangintza zuzendu, taxutu eta ezartzea, eta, horretarako, sailak eta gainerako erakunde eta ente publikoak koordinatzea.

    6. Autonomia Erkidego guztiaren interesekoak diren gastu publikoko ekimenak ekitaldi bakoitzeko programa eta aurrekontuetan nola zehaztu behar diren koordinatzea, eta Ogasun eta Ekonomia Sailak ekonomiaren eta gastu publikoaren arloan egiten duen lana koordinatzea.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxa, banku-fundazio eta kreditu-kooperatiben antolaketari, dependentzia-araubideari eta araubide juridikoari lotutako berariazko baimen, onespen eta kontzesioak ematea, baldin eta indarreko legediaren arabera Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egitekoak badira.

      Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxen Kontroleko Batzordea osatzen duten ordezkariez gain, beste ordezkari bat gehiago izendatzea dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxei buruzko ekainaren 14ko 11/2012 Legearen 66. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    8. Arauak hausteagatik aurrezki-kutxek, banku-fundazioek eta kreditu-kooperatibek eragindako zehapenak proposatzea eskumena duen organoari, eta zehapenei dagozkien espedienteak izapidetzea, indarrean dagoen legediaren arabera.

    9. Aseguruen bitartekaritzako jarduna dagokion erregistroan inskribatzea eta baliogabetzea.

    10. Aurrerakinak eskatzea, autonomia-erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 25.2 artikuluari jarraituz.

    11. Diruzaintza-arloan eskumena daukan sailak eragindako zorrak atzeratzeko edo zatika ordaintzeko eskabideak izapidetu eta ebaztea, borondatezko epean zein betearazpenekoan, bermea jartzea eskatzen denean, betiere aplikatu beharreko araudiaren arabera.

    12. Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan indarreko araudiak Ogasun eta Ekonomia Sailari agindutako egitekoak betetzea, bermeak formalizatu, aldatu eta berresteari buruzkoak.

    1. Finantzen arloan Euskal Autonomia Erkidegoaren gain utzitako harremanak koordinatzea, eta gai horretan eskumena duten organoetan erkidegoaren ordezkari izatea, bereziki Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalean eta edozein arlotako finantza-erakundeetan.

    2. Orokorrean, ekonomiari, aurrekontuei, ogasunari, finantza-politikari eta finantza-erakundeekiko zein gizarte-aurreikuspeneko erakundeekiko harremanei, diruzaintzari, zorpetzeari eta bermeak emateari buruzko legeak bete daitezela ziurtatzea, horretarako beharrezko neurriak hartuz edo, hala badagokio, proposatuz, eta indarreko araudiak agintzen dizkion bestelako egiteko guztiak burutzea.

  2. Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzaren menpe daude, zuzenean eta hierarkikoki, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza, Finantza Politikako Zuzendaritza eta Aurrekontu Zuzendaritza.

  1. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Jaurlaritzaren erdi-eperako politika ekonomikoaren gidalerro eta norabideak zehaztea; sailen eta administrazio-atalen jarduna koordinatzen laguntzea, ekonomian eraginik baldin badute; eta jardun hori politika ekonomiko orokorrarekiko koherenteak izango dela zaintzea.

    2. Jaurlaritzaren plangintza ekonomikoak bere baitan izan behar dituen tresnak eta edukiak definitu eta sortzea, eta programa eta politika publikoen ebaluazioa sustatu eta bultzatzea, hargatik eragotzi gabe Kontrol Ekonomikoko Bulegoari barne-kontrol ekonomikoaren arloan dagozkion eskumenak.

    3. Euskal Sektore Publiko osoaren, administrazio publikoen eta azken horri atxikitako sektore publikoaren jardun ekonomiko eta finantzarioaren jarraipena eta azterketa egitea, hartara, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren urte anitzerako programazioa errazago doitu eta eguneratzeko.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoa parte den gainerako erakunde publikoen jarduna planifikatzen parte hartzea, Jaurlaritzak erabakitzen duen moduan; eta gizarteko eta ekonomiako eragileek parte hartu ahal izateko moduak dinamizatu eta sustatzea, ekonomiaren egiazko plangintza hitzartua lortzeko.

    5. Indarreko arauen arabera lurraldea antolatzeko tresnak sortzeko prozesuetan parte hartzea, hain zuzen ere, eskualdearen plangintzan eragina duten eta ekonomiarekin zerikusia duten erabakietan.

    6. Euskal ekonomiari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egitea, bai orokorrak bai arlokakoak.

    7. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiten dituen eta jardun ekonomikoan eragina duten azterlanak koordinatzea, eta ekonomiaren arloan diharduen edozein organori laguntza teknikoa ematea, Gobernu Kontseiluak, hala badagokio, ezarritako baldintzetan.

    8. Ikerketa ekonomikorako metodoak garatzea, bereziki euskal ekonomiarako ereduak eta ekonomia horren arloetarako edota zatietarako ereduak.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera ekonomikoari buruzko urteroko eta sei hileroko txostenak egitea. Txosten horiek Euskadiko aurrekontu-erregimenaren arauetan eta Euskadiko Gizarte eta Ekonomia Kontseiluaren arauetan daude aurreikusita.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta politika ekonomikoaren egoeraren eta eboluzio orokor eta sektorialaren jarraipena egitea erkidegoarena zein erkidegoan eragina duenarena baita nazioko eta nazioarteko koiuntura ekonomikoarena ere, aurreikuspen-teknikak sortuz eta erabiliz eta koiuntura ekonomikoari buruzko azterlanak, txostenak eta argitalpenak eginez.

    11. Jaurlaritzak, urteko aurrekontua baino haratago, aparteko ekonomia- eta finantza-neurririk hartu behar badu, neurri horiek aztertu eta analizatzea.

    12. Sailaren estatistikak ekoizteko lanak bultzatzea, proposatzea eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Estatistika Erakundearen (EEE) eskumenak.

    1. Euskadik Europar Batasunean izan behar duen Esparru Estrategikorako proposamena egitea, eta Euskadirako Estatu Laguntzen Maparako proposamena egitea, erkidegoko bete beharreko arauetan jartzen duen moduan.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren esku-hartze programak eta ekimenak lantzea, horien jarraipena egitea eta kontrolatzea, europar eskualde-politikaren arloan, nekazaritza, arrantza eta elikagaietan eskumena duten sailek lantzen dituzten programak eta ekimenak izan ezik.

    1. Europar Batasuneko politika ekonomikoaren eta, batez ere, eskualde-politikaren bilakaera eta garapenaren gaineko informazioa Jaurlaritzari ematea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko barneko eskualde-politikari buruzko programak egin, proposatu eta kudeatzea.

  2. Euskadiko Prezioen Batzordea eta Saileko Estatistikarako Organo Berezia ere Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari atxikita daude.

Finantza Politikako Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako eskudantziak izango ditu:

  1. Aurrezki-kutxen, banku-fundazioen eta kreditu-kooperatiben antolaketa, mendekotasun-araubide eta araubide juridikoari dagokienez indarreko legeriaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden egitekoak, dekretu honen 9. artikuluko 1.g) atalean daudenak izan ezik. Bereziki, erakunde horiek Ogasun eta Ekonomia Sailari bidali behar dizkioten agirien jarraipena eta gainbegiratzea egingo du.

    Nolanahi ere, zuzendaritza horri dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen eta kreditu-kooperatiben erregistroak kudeatu, zaindu eta bideratzea, eta, baita entitate horien zuzentza-organoetako goi-karguena ere.

  2. Finantza-politikari eta finantza-erakundeekiko harremanei buruz elkarrekiko berme-baltzuen arloan autonomia-erkidegoko araudiak sailari emandako egitekoak, autonomia-erkidegoaz kanpoko administrazioekin erlazionatutakoak izan ezik, horiek sailburuari baitagozkio.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak diruzaintza-arloko eskumenak dituen sailari emandako egitekoak, ordainketa-aginduak bereziki, eta Euskal Autonomia Erkidegoko finantzen arloan indarreko araudiaren babespean burututako diruzaintza-eragiketen kudeaketa.

  4. Zerga bidezkoak ez diren zuzenbide publikoko diru-sarreren bilketaren kudeaketa zuzentzea borondatezko epean, prezio publikoak izan ezik. Diru-bilketaren kudeaketa betearazpen-epean, edozein kontzeptugatik, baita zorra erantzule subsidiarioei bideratzea ere. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko Erregelamenduan diruzaintza-alorrean eskumena duen sailari esleitutako eskumenak dagozkio, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari esleitutakoak izan ezik.

  5. Euskadiko Zor Publikoaren eta kreditu- edo mailegu-eragiketen kudeaketa osoa; sailburuak baimendutako zorpetze-eragiketek zein ezaugarri izango duten zehaztea; eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen zorpetze-eragiketak baimentzea.

  6. Emandako Bermeen Erregistroaren kudeaketa. Hala ere, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek bermeak eman ahal izateko baimena sailburuak eman behar du.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Baloreak Kontratatzeko Zentroen araubide juridikoa arautzen duen araudiaren arabera Ogasun eta Ekonomia Sailari dagozkion eskudantziak, arau-hauste oso astunengatik zehapenak ezartzeko ahalmena izan ezik, ahalmen hori sailburuarena baita.

  8. Ogasun eta Ekonomia Sailaren eskumeneko diren finantzen, finantza-entitateekiko harremanen eta diru-zaintzaren inguruko prozedurak izapidetzea, horiek ebaztea berari ez dagokionean, eta indarreko araudiak esleitzen dizkion bestelako egitekoak burutzea.

  9. Erregistroak kudeatu, jardueren jarraipena egin, ikuskatu, zigor-espedienteak izapidetu eta aseguru-bitartekarien arloan burutu beharreko gainerako egitekoak gauzatzea, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari esleitutakoak eta zehapen-ahalmena erabiltzea erregistro-inskripzioa baliogabetzea badakar izan ezik, hori sailburuordeari baitagokio.

  10. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko araudia betetzen den kontrolatu, gainbegiratu eta ikuskatzea, antolaketa eta funtzionamenduari eta, batez ere, erakundeen kaudimenari eta jarduera ekonomiko eta finantzarioari dagokienez.

  11. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari igorri behar dioten ekonomia- eta finantza-dokumentazioa arautu, garatu, horren jarraipena egin eta gainbegiratzea, baita borondatezko gizarte- aurreikuspeneko erakundeen sustapen- eta garapen-programak landu eta kudeatzea ere.

  12. Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan politika publiko orokorrak ikertu, aztertu, diseinatu eta proposatzea, baita Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa zuzendu, antolatu eta kudeatzea ere.

Aurrekontu Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako zereginak izango ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren organo eta erakundeen aurrekontu-egitura prestatu eta dagokion organo eskudunari proposatzea, onets dezan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoari aplikatzeko aurrekontu-egonkortasunaren printzipioaren urteko eta urte anitzeko prestaketa gauzatu, eta erabakitako egonkortasun-helburuen jarraipenean Euskal Autonomia Erkidegoari aplikagarri zaizkion gastu- eta gardentasun-arauen bidezko jarraipena egitea.

  3. Urteko aurrekontu-ikuspenak prestatzea, nola diru-sarrerenak hala gastuenak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako baliabideen esleipen organiko, ekonomiko eta funtzionala proposatzeko behar diren azterlan eta txostenak egitea ere.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren aurrekontu orokorren aurreproiektuak egituratzeko oinarri izango diren gidalerro ekonomikoak garatu eta gidalerro teknikoak prestatzea, dagokion organo eskudunak onesteko.

  5. Aurrekontuak prestatzeko teknika modernoak jartzeko beharrezko azterlanak egitea eta Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organoetan ezartzea, lortu beharreko helburuak behar bezala identifikatzeko, helburuak zenbateraino bete diren ikusteko adierazle operatiboak formulatzeko eta gastu-programen emaitzen ebaluazioa egiteko programaz programako aurrekontuaren arabera, aukerak nahiz jarri beharreko baliabide globalak aztertuz eta zehaztuz.

  6. Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotako helburuak bete ahal izateko ekintzen betearazpenari jarraipena egin eta bultzada ematea, aurreikusitako xede horiek betetzeko bidea emango duten neurriak proposatuz eta, hala badagokio, baliabideak berresleitzea aurrekontuetako diru-sarrerak eta gastuak optimizatu ahal izateko.

  7. Eduki ekonomiko esanguratsuen arau-proposamenei, planei, hitzarmenei eta erabakiei buruzko beharrezko txostenak egitea, aurrekontu-eragina ebaluatzeko eta dagozkion doitze-neurriak proposatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol ekonomikoari eta kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen 27.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

  8. Urte anitzeko gastuen inguruan eta aurrekontuen aldaketa ororen inguruan lege-antolamenduak Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dizkion egitekoak, Jaurlaritzari edo bestelako organoei esleitutakoak izan ezik.

  9. Laguntza teknikoa ematea Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak aurrekontuen inguruan daukaten hartu-emanean.

  10. Aurrekontuen inguruko prozedurak izapidetzea eta, hala badagokio, proposatzea, horiek ebaztea ez badagokio, nahiz eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren eskumenekoak izan. Dena den, Administrazio Orokorraren Aurrekontuak osatzen dituzten aurrekontu-atalen hasierako baimena eta kudeaketa orokorra egiteko eskumena berea izango da, betiere, sail jakinei ez badagokie.

  11. Estatuko, Aldundietako eta toki-administrazioetako aurrekontu-organoekin koordinatzea eta, egokitzen bada, elkarlanean aritzea.

  12. Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak prestatu, kudeatu, ebaluatu eta horien jarraipena egiteari buruzko beste edozein egiteko betetzea, egitekook gai hau erregulatzen duen araudian edo indarreko ordenamendu juridikoan jasotakoak eta inongo beste organori esleitu gabeak badira.

    2. ATALA

    OGASUN SAILBURUORDETZA

  1. Ogasun Sailburuordetzak erabiliko ditu, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak zuzenduta, honako gai hauetan Ogasun eta Ekonomia Sailari esleitu zaizkion eskumenak: kontzertu ekonomikoa, estatuari eman beharreko kupoa eta lurralde historikoen ekarpenak, transferitzekoak diren eskumen eta zerbitzuen balorazioa, eta estatuarekin izan beharreko finantza-fluxuak zehaztea gai hauen inguruan: gizarte-segurantzaren finantziazioa, zerga-administrazioa eta ekonomia- eta administrazio-erreklamazioak, baita ondare eta kontratazio alorrean esleitutakoak ere. Sailburuordeari dagozkio, halaber, dekretu honetako 7. artikuluan zehaztutako egitekoak betetzea. Honako hauek dira:

    1. Ordenamendu juridikoak Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dizkion eskumen guztiak, Kontzertu Ekonomikoaren kudeaketatik eratorritako baliabideen banaketa-sistemaren ingurukoak zein Kontzertutik eratorritako finantza-gaien ingurukoak, non eta ez dauden Eusko Jaurlaritzari edo bestelako organoren bati emanda.

    2. Euskal Gizarte Segurantzaren finantzazioaren inguruan estatuko administrazioarekin ezar daitezkeen finantza-fluxuak zein izango diren zehaztea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-erakunde batzuen artean transferitzekoak diren eskumenak edo zerbitzuak baloratzea.

    4. Lurralde Historikoen arteko koordinazio, harmonizazio fiskal eta lankidetzari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zerga-alorreko eskumenak erabiltzea, ordenamendu juridikoak xedatutakoaren arabera.

    5. Zerga-alorreko eta zergen araubideko eskumenak, Kontzertu Ekonomikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eman zaizkionak, Eusko Jaurlaritzari emandakoak izan ezik.

    6. Autonomia Erkidegoko Administrazioaren nahiz haren erakunde autonomoen organoek emandako zerga-egintza guztien ofiziozko berrikusketei buruzko espedienteak ebaztea.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotuta dauden finantza-fluxu europarren jarraipena egitea.

  2. Bere jurisdikzio bereziaren barruan egindako erreklamazioak ebazteko independentzia funtzionala izango duen arren, Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegia Ogasun eta Ekonomia Sailari atxikita dago, Ogasun Sailburuordetzaren bitartez.

  3. Ogasun Sailburuordetzaren mende daude zuzenean eta hierarkikoki honako zuzendaritza hauek: Zerga Administrazioko Zuzendaritza, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza, eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritza.

Zerga Administrazioko Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako eskudantziak izango ditu:

  1. Ordenamendu juridikoak zerga-administrazioaren arloan Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta Instituzionalari ematen dizkion eskumen guztiak, tasa eta kontribuzio berezien kudeaketarekin lotutako egintza administratiboak izan ezik, baldin horien egintza zergagarria ez bada Ogasun eta Ekonomia Sailaren eskumenekoa, diru-bilketa eta ekonomia- eta administrazio-erreklamazioa kanpo utzita. Atal honetan xedatutakoak ezin du erakunde autonomoek beren eskubide ekonomiko propioak administratu, kudeatu eta eraginkor egiteko duten eskumenaren aurka egin, indarreko xedapenek adierazten duten moduan.

  2. Zergadun edo ordezko gisa, Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zerga-betebehar guztiak betetzea, bere organo guztien laguntza bilduta, sailak berak, orokorrean eta kasu bakoitzerako, ezarritako baldintzen arabera.

  3. Zergadun edo ordezko gisa, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei eta Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko beste erakundeei dagozkien zerga-betebeharrak betetzen direla kontrolatzea eta betebehar horiei buruzko aholkuak ematea.

  4. Autonomia Erkidegoko Administrazioaren nahiz bere erakunde autonomoen organoek emandako zerga-egintza guztien ofiziozko berrikusketei buruzko espedienteak izapidetzea.

  5. Zerga Koordinazioko Organoari laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

  6. Zerga-kontuetan Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion harmonizazio, koordinazio eta elkarlan fiskalari buruzko ikerketa, azterlan eta txostenak egitea, ordenamendu juridikoak agintzen duenaren arabera.

  7. Zerga-araudiak zerga-bilketan duen eraginari buruzko azterketak eta ikerlanak egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako zerga-baliabideei buruzkoak ere.

  8. Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari izatea edozein erakunde publikoren aurrean, bien artean zerga-harremanak badaude eta administrazioa, zergadun edo ordezko gisa, harreman horietako partaide bada.

  9. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea esleituta dituen egitekoak betetzeko, Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  10. Foru-aldundien eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean adosten dituzten zerga-informazioa trukatzeko baliabideak kudeatzeko organoetan parte hartzea, eta organo horietan egiten den informazio-trukaketa kudeatzea.

Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako egiteko hauek izango ditu:

  1. Ondare-kontuetan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko eta Euskadiko ondare diren ondasun eta eskubideen gaineko jabari-ahalmenak erabiltzea, ondasun eta eskubide horiek kudeatu, administratu eta ustiatzea, ordezkatu eta auzitegietatik kanpora defendatzea, betearaztea Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean arauturiko sailaren eskumeneko gaiei buruz Gobernu Kontseiluak hartzen dituen erabakiak, eta auzitegietan ondasunen eta eskubideen alde egitea, berariaz beste organo edo erakunderen bati agindu zaionean salbu, eta hargatik eragotzi gabe atxikitze-egintzak berekin dakartzan ahalmenak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko eta Euskadiko ondare diren ondasunak eta eskubideak kudeatu, administratu eta ustiatzea, baldin eta beste organo edo entitate batzuei atxikita ez badaude.

    3. Euskadiko ondare diren ondasun eta eskubideen lotura, lotura eza, atxikipena, atxikipena kentzea eta helburua aldatzea, bai eta higiezinen errentamendua ere, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatzen den bezala.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari edozein eratako enpresa eta sozietatetan partaide izateagatik dagozkion eskubideak erabiltzea, beste organo bati berariaz izendatu zaizkion kasuetan izan ezik.

    5. Ustez Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondarearen parte diren ondasun eta eskubideen ikerketa egitea; edozein tituluren bidez horiek erabiltzeko baimena duen pertsona edo erakunderen erabilpena ikertzea; banatzea eta mugak zehaztea; babestu, defendatu, eta errebindikatzea, zigor-ahalmenak erabiltzea eta horiekiko erantzukizunak eskatzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondarearen aurkako ekintzak jurisdikzio penalari jakinaraztea, delitu edo falta izan badaitezke.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ondarea osatzen duten Ondasun eta Eskubideen Errolda Nagusia egin eta eguneratzea, eta, halaber, horien egoera fisikoa eta juridikoa finkatzea eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatzea.

    8. Ondarearen arloan Ogasun eta Ekonomia Sailaren eskumenekoak diren prozedura guztiak izapidetu eta dagozkien agiriak formalizatzea; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Ondarearen ondasun edo eskubideak adierazten edo gauzatzen dituzten agiri, eskritura, titulu eta balore guztiak eduki eta zaintzea.

    9. Eskubide ukiezinak eskuratzeari, aldatzeari edo besterentzeari buruzko espedienteak izapidetzea, Interneteko domeinu-izenak erreserbatzeari eta aldatzeari buruzkoak barne.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetza publiko edo pribatuko ondasun eta eskubideen arloan indarreko arauek ematen dioten beste edozein eskumen.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan kontratazio- araubidea garatu eta koordinatzen duen zentro zuzentzaile denez, orokorrean Ogasun eta Ekonomia Sailari dagozkion eskumenak izango ditu. Arlo horri dagokionez, jardunerako eta barne-antolaketarako arauak ezar ditzake kontratazio-espedienteak izapidetzeko eta kontratuen eta kontratisten erregistroko kontuetarako.

  3. Hauek ere badagozkio:

    1. Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumeneko kontratazio- espedienteak izapidetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontratazio-araubidea arautzen duen araudiarekin bat etorriz.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere esleitzaileen kontratu-jardueraren alorrean kontratazio-araubidearen gainean indarrean dagoen legedian xedatzen diren txostenak egitea.

    3. Sektore publikoan integratutako erakundeei bultzada, laguntza eta aholkuak ematea kontratazioaren arloan. Eskumen hori baliatzeari dagokionez, hauek dagozkio:

      Kontratazioaren alorrean beharrezkotzat jotzen diren arau-proiektuak sustatzea, kontratazio publikoan orokorrean aplika daitezen.

      Kontratazioaren alorrean zirkularrak egiteko eta gomendioak emateko ahalmena.

      Kontratazio publikoaren alorrean bitarteko elektronikoak eta informatikoak ezar daitezen sustatzea eta bitarteko horiek garatzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari iritzia eskatzea, titularraren bidez, garrantzi bereziko edo botere esleitzaileentzako interes orokorreko gaien inguruan, aholku-organo horren iritzia txosten, gomendio edo orokorrean aplikatu beharreko irizpideak ezarriz beharrezkoa, egokia edo komenigarria dela uste duenean.

      Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeei laguntza eta aholkuak ematea, hargatik eragotzi gabe erakunde horietako organoek alor horretan dituzten eskumenak.

      Laguntza teknikoa eta administratiboa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeari.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren horniduren, obren eta zerbitzuen kontratazioa kontratazio zentralizatu izendatzeko administrazio-espedientea osatu eta izapidetzea, eta mota horretakotzat jotako prestazioak eskuratzeko kontratazio irekiko espedienteak kudeatzea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko kontratuen eta lizitatzaile eta enpresa sailkatuen erregistroak ikuskatu eta kudeatzea.

    6. Kontratisten sailkapenari buruzko espedienteak izapidetzea.

    7. Kontratazio elektronikoaren definizio funtzionala ematea eta ezarpena koordinatzea.

    8. Kontratazio Publikoa Euskadin plataforma kudeatu eta mantentzea.

  4. Arrisku eta aseguruen kudeaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren langile, ondare eta jardunaren gainean eragina duten arriskuen azterketa, balorazio, kudeaketa eta bermeari buruzko araudian ezarritako eskumenak izango ditu.

  5. Lehiaketa-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak sinatzea; dena dela, zenbait kasutan, baliteke Ogasun eta Ekonomiako sailburuak edo Gobernu Kontseiluak aurretik baimena eman behar izatea.

  6. Ondarearen, kontratazioaren eta arrisku eta aseguruen kudeaketaren alorrean indarreko legeriak ematen dion beste edozein eskumen.

Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzak, dekretu honetako 8. artikuluan adierazitakoez gain, honako eskudantziak izango ditu:

  1. Kontzertu Ekonomikoaren edo finantzaketako bestelako tresna juridikoen arabera, Estatuko administrazioarekin edo foru-aldundiekin dituen harremanetan Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskubideak edo betebeharrak kudeatu eta izapidetzea.

  2. Autonomia Erkidegoaren, Estatuko Administrazioaren eta bestelako lurralde-erakundeen artean transferitzekoak diren eskumen edo zerbitzuen balorazioari buruzko txostena prestatzea, eta erkidegoaren barruan balorazioak onesteko ardura duten organoei laguntza ematea.

  3. Estatuko Administrazioarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioekin eta beste administrazio publikoekin dituen harremanetan Autonomia Erkidegoko Administrazioak alor ekonomikoan dituen eskubide eta obligazio guztiak izapidetzea, indarreko araudiak hala agintzen duenez eta bete behar denez; alde batera utzita zerga- edo finantza-arloko eskubide eta obligazioak.

  4. Tarteko diren erakundeekin batera, kupoaren osagaien eta metodologiaren eta urteko zenbatekoaren kalkuluari eta balorazioari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, eta horretan arituko diren organoetan lotu beharreko arau eta akordioen metodologia eta artikulazioa zehaztea.

  5. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea bere zereginak egiteko, Zerga Administrazioko Zuzendaritzarekin koordinazioan jardunez.

  6. Kontzertu Ekonomikoaren baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen artean banatzeko sistemari buruzko azterlan eta ikerlanak egitea, zehazki, sistemaren arauak nola egituratuko diren eta horretarako jarritako organoek arauok etengabe nola interpretatuko dituzten; halaber, baliabideak banatzeko sistemei jarraipena egin eta txostenak prestatzea, bereziki, foru aldundiek Euskadiko Ogasun Nagusira egin beharreko ekarpenei buruzkoak, hala agintzen baitute organo eskudunen akordioek eta indarreko araudiak.

  7. Babesa eta laguntza tekniko eta administratiboa ematea Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari, agindutako egitekoak bete ditzan.

  8. Kontzertu Ekonomikoan eta bestelako finantzaketa-sistema orokorretan bildutako zergei buruzko araudiak finantzaketa-arloan duen eraginari buruzko ikerketa eta azterlanak egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegokoan bildutako zerga-baliabideei dagozkienak ere, honela, Euskal Autonomia Erkidegoaren finantzaketa-sistemaren jarraipena egitea ahalbidetuz, gainerako Administrazio Publikoekin alderatuta.

  9. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak erakundeetatik jasotzen dituen eskubide ekonomikoei buruzko ikerlan, azterketa eta txostenak egitea, bai eta erkidegotik kanpoko edozein iturritatik nahiz beste organo batzuek, beren lanean, ezartzen dituzten determinazioetatik autonomia-erkidegoak eskura dezakeen finantzazioaren optimizazioari buruzko ikerlan, azterketa eta txostenak ere.

  10. Euskadiko administrazioek daukaten eskumen-mailaren kalkulua eta balorazioa egiteko beharrezko diren azterketa eta ikerlanak egitea, udaletako finantzazioa ere barne dela, eta, orokorrean, Euskadiko administrazioen barruan, erakundeen finantzazioari eragiten dioten beste edozein egite ekonomikori buruzko azterketak eta ikerlanak egitea.

  11. Gaiaren arabera eskumena daukaten sailekin elkarlanean jardunez, Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotura daukaten finantza-fluxu europarrei aplikatu beharreko gidalerro eta irizpideak ezartzea.

  12. Europako Batzordearen Kohesio Funtsaren edo pareko figuraren baten kargura finantzatzekoak izan daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko proposamen eta ekimenak zuzendu, prestatu, landu eta horien jarraipena egitea, gai horretan eskudun diren sailekin lankidetzan.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ordezkapen-araubidea.

    Ogasun eta Ekonomia Saileko organoetako titularren lanpostuak bete gabe badaude, titularra ez badago edo gaixorik badago, eta egoera hori gertatu baino lehen eskuordetu ez baziren, honako hauek beteko dituzte horien egitekoak egoera horrek irauten duen bitartean: goragoko hurbileneko agintariek eta, era berean, lanpostu hori bete gabe dagoenean, edo titularra ez badago edo gaixorik badago, goragoko hurrengo agintariek, eta horrela gainerakoek, berariazko erabakiren batek edo lege-xedapenen batek aurkakoa agindu ezean.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak.

    Indarreko arauek EAEko Gizarte Aurreikuspeneko arloan dagoeneko deseginda dagoen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari egiten dizkioten aipamenak Ogasun eta Ekonomia Sailari egindakotzat joko dira, hain zuzen ere, dekretu honetan eta aplikagarri zaizkion arauetan sail honi esleitutako eskumenei dagokienez.

  1. Indargabetu egiten dira Ogasun eta Finantza Saila zenaren egitura eta egitekoak ezartzen dituen apirilaren 9ko 192/2013 Dekretua eta dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko zein beheragoko xedapenak.

  2. Halaber, indargabetu egiten da Ogasun eta Finantzetako sailburuordearen 2006ko urriaren 16ko Ebazpena. Ebazpen horren bidez, trafikoko isunen ondorio diren zorrak betearazpen-epean geroratzeko izapideak eskuordetzen dira.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Lanpostuen zerrendak.

    Dekretu honetan ezarritako egitura organikoak lanpostuen zerrendetan eragingo dituen aldaketak funtzio publikoaren alorreko organo eskudunek egindako ereduzko agirian jasoko dira, zeinean zerrenda horiei buruzko informazioa aldiro eguneratuko baita.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Garapena eta aplikazioa.

    Baimena ematen zaio Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

    Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 13an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

    PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.