Arautegia
Inprimatu368/2013 DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako goi-mailako arte-irakaskuntzak arautzen dituena, Konposizio, Zuzentze, Interpretazio eta Pedagogia espezialitateetan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 143
- Hurrenkera-zk.: 3437
- Xedapen-zk.: 368
- Xedapen-data: 2013/06/25
- Argitaratze-data: 2013/07/29
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 45. artikuluan dio Musikako Goi Mailako Ikasketak Goi Mailako Arte Irakaskuntzak direla. Aipatu lege horrek irakaskuntza hauei esleitzen dien xedea hau da: ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea eta etorkizuneko musika-profesionalen kualifikazioa bermatzea espezialitate guztietan.
Geroago, lehen aipatutako legean araututako goi-mailako arte-irakaskuntzak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak 7. artikuluan dio kontserbatorioek edo musikako eta dantzako goi-mailako ikastetxeek emango dituztela musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak.
Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak autonomia-maila handia onartzen die goi-mailako zentroei pedagogian, antolaketan eta kudeaketan, irakaskuntza-, interpretazio-, ikerketa- eta ezagutzaren hedapen-jarduerak egin ditzaten, eta Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Esparruko goi-mailako ikastetxe gisa esleituta dauzkaten eginkizunak betetzen dituztela bermatzeko.
Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretu horrek aldatu egiten ditu musikako goi-mailako irakaskuntzen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatu eta ikasketa horietara sartzeko proba arautzen duen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuaren arabera ematen ziren espezialitateak. Aldi berean, Musikako Goi Mailako Titulua lortzeko ikasketa-planen oinarrizko edukia zehazten du eta, unibertsitateekin egindako hitzarmenen bidez, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuan araututako doktoregoko arte-irakaskuntzak ematea baimentzen du.
Musikako Goi Mailako Irakaskuntzetako ikasketa-plan berriak Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Esparruaren proposamena oinarri hartuta taxutzen dira; haren arabera, funtsezkoa da ikasleek gaitasunak eskuratzea, ikaskuntza-metodologia berria aplikatzea eta ebaluazio-prozedurak egokitzea. Horrenbestez, ikasketaren emaitzak eta ikasleak egindako lan-bolumena neurtzeko unitatea europar kredituak direlakoak (ECTS) izatea proposatzen da, eta ikasleen mugikortasuna bermatuko da, Tituluaren Europar Gehigarria lortzeko aukera emanez.
Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzek honako hauek hartzen dituzte barruan: oinarrizko prestakuntza eta lanbidean jarduteko prestaketara bideratutako prestakuntza espezifikoa. Helburu hori lortzeko, ikasketa horiek gaitasun artistikoak, zientifikoak eta teknologikoak garatu behar dituzte modu integratzailean. Horregatik, ikasketa-planek zeharkako gaitasunak, gaitasun orokorrak, gaitasun espezifikoak eta espezialitate bakoitzerako zehaztutako lanbide-profilak jaso behar dituzte.
Nolanahi ere, maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak dio hezkuntza-administrazioek, musikako goi-mailako irakaskuntzak ematen dituzten zentroen proposamena ikusita, espezialitate bakoitzari dagokion ikasketa-plana erabakiko dutela. Ezartzen diren ikasketa-planak maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuan zehaztutako egiturara eta oinarrizko edukietara egokitzen dira, eta lanbidean aritzeko beharrezkoa den gutxieneko oinarrizko prestakuntza eta berariazkoa jasotzen dituzte.
Horrenbestez, aginduzko txostenak egin, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatu, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritzia jaso eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko ekainaren 25ean egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako musikako goi-mailako arte-irakaskuntzetako espezialitateei, hau da, konposizio-, zuzentze-, interpretazio- eta pedagogia-espezialitateei dagokien ikasketa-plana zehazten du, eta espezialitateok Goi Mailako Hezkuntzaren Europar Esparrua arautzen duten oinarri orokorren arabera, goi-mailako arte-irakaskuntzak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren arabera eta musikako goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren arabera ezartzen ditu.
Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzek honako hauek hartuko dituzte barruan: lanbidean jarduteko prestaketara bideratutako oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza espezifikoa. Helburu hori lortzeko, ikasketa horiek gaitasun artistikoak, zientifikoak eta teknologikoak garatzen dituzte modu integratzailean.
Musikako goi-mailako irakaskuntzen iraupenari dagokionez, espezialitate bakoitzean lau ikasturte egongo dira, eta ikasturte bakoitzean 60 ECTS kreditu emango dira; beraz, guztira, 240 ECTS kreditu izango dira, kredituak transferitzeko europar sistemaren arabera. Kredituak ikasketa-plana osatzen duten gai eta ikasgai guztien artean banatuko dira, oinarrizko edukiari dagokion banaketa hau izanik:
Oinarrizko prestakuntzak gutxienez 24 kreditu izango ditu. Gutxieneko oinarrizko prestakuntza horri dagozkion gaiak, edukiak eta kredituak Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinean agertzen dira.
Prestakuntza espezializatuak gutxienez 102 kreditu izango ditu. Gutxieneko prestakuntza espezializatu horri dagozkion espezialitateko derrigorrezko gaiak, edukiak eta kredituak, Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean agertzen dira.
Ikasketen amaierako lanak 6 kreditu izango ditu gutxienez, eta ikasketa-planaren azken fasean egingo da. Gutxieneko honi dagozkion edukiak eta kredituak Musikako Goi Mailako Arte Irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren III. eranskinean agertzen dira.
Musikako goi-mailako arte-irakaskuntzetan sartzeko, nahitaezkoa izango da batxiler-titulua edo titulu baliokide bat izatea, hogeita bost urtetik gorakoek unibertsitatean sartzeko egin beharreko proba gainditzea edo lanbide-heziketako goi-mailako prestakuntza-zikloetan sartzeko proba gaindituta edukitzea.
Eskatutako titulazioa ez duten hemeretzi urtetik gorakoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak araututako proba bat gaindituta sartu ahal izango dira. Proba horretan, izangaiek hauek egiaztatu beharko dituzte: alde batetik, behar bezain helduak direla batxilergoaren helburuei dagokienez; bestetik, kasuan kasuko ikasketak emaitza ona lortuz egiteko beharrezko ezagutzak, trebetasunak eta gaitasunak dituztela.
Gainera, 1. eta 2. idatz-zatietan jasotako kasuetan, sarrera-proba espezifiko bat gainditu beharko da, hori ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak arautua, eta ikasketa hauek emaitza onak atereaz egiteko beharrezko gaitasunak, ezagutzak eta heldutasuna neurtzeko balioko duena.
Proba gainditzeak aukera emango du ikasketa horiek ematen dituen Estatuko edozein zentrotan sartzeko, betiere zentro horietan plaza libreak baldin badaude. Probaren deialdiari dagokion ikasturtean matrikulatzeko baino ez du eskubiderik ematen proba gainditzeak.
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, Musikenek, musikako goi-mailako ikasketetan sartzeko proba espezifikoaren deialdi bat egingo du gutxienez urte guztietan.
631/2010 Errege Dekretuan aipatutako gai bakoitzaren ikasketa-plana ikasgai baten edo batzuen bidez antolatzen da. I. eranskineko ikasketa-planak derrigorrezko eta hautazko ikasgaietako bakoitzari dagozkion kredituak jasotzen ditu, bai eta haiek zer ikasturtetan egin beharko diren ere; kredituak, guztira, 240 ECTS dira.
Eranskin berean, espezialitate bakoitzeko ikasgaien ratioak agertzen dira; hala ere, kontuan hartu behar da banakoak ez diren ikasgaien ratioak orientagarriak direla.
Gai eta ikasgai bakoitzerako kredituak egokitzean, honako ordu hauek sartuta daude: eskola-orduak, teorikoak edo praktikoak, ikasketa-orduak, mintegietarako, lanetarako, praktiketarako eta proiektuetarako orduak eta azterketak eta ebaluazio-probak prestatzeko eta egiteko eskatutakoak.
Kredituak egokitzean eta bakoitzari dagokion ordu-kopurua kalkulatzean, ikasturte bakoitzean 36 astez eta denbora osoz diharduen ikasle bat hartuko da oinarri moduan. Kreditu bakoitzeko ordu-kopurua 25 izango da.
Musikako goi-mailako ikasketetako zeharkako gaitasunak, musikako goi-mailako ikasketetako gaitasun orokorrak eta musikako goi-mailako ikasketetako gaitasun espezifikoak dekretu honetako II. eranskinean agertzen dira.
Ikasketa-plan honetako gaiei dagozkien edukiak dekretu honetako III. eranskinean jasota daude.
Ikasle bakoitzaren ikasketa-prozesuaren ebaluazioa ikasketa hauetarako zehaztutako zeharkako gaitasunen, gaitasun orokorren eta espezifikoen eskuratze- eta finkatze-mailan oinarrituko da.
Ebaluazioa desberdina izango da ikasgaien arabera, eta integratzailea izango da ikasketa-planetan haietako bakoitzerako zehaztutako gaitasunei dagokienez. Ikasketen amaierako lanaren ebaluazioa eta kalifikazioa bakarra izango da, eta, hura gainditzeko, nahitaezkoa izango da aprobatuta edukitzea kasuan kasuko ikasketa-plana osatzen duten ikasgai guztiak.
Espezialitate bakoitzeko ebaluazio-irizpideak IV. eranskinean daude zehaztuta.
Ikasgai bati dagozkion kredituak lortzeko, beharrezkoa izango da dagozkion ebaluazio-probak gainditzea.
Ikasleek lortutako ikasketa-maila zenbakizko kalifikazioen bidez adieraziko da, eta kalifikazio horiek haien espediente akademikoan agertuko dira.
Ikasle bakoitzaren espediente akademikoaren batez bestekoa honela lortuko da: ikasleak lortutako kredituetako bakoitza hari dagokion kalifikazioaz biderkatuko da, kreditu guztiei dagozkien biderkadurak batu egingo dira, eta lortutako emaitza ikasleak guztira lortutako kreditu-kopuruaz zatituko da.
Ikasleak ikasketa-planeko ikasgaietako bakoitzean lortutako emaitzak 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskala baten arabera kalifikatuko dira; zenbakizko kalifikazioak dezimal bat izango du, eta dagokion kalifikazio kualitatiboa ere gehitu ahal izango zaio. Eskala hau da:
0 4,9: Suspentso (S)
5,0 6,9: Nahiko (N)
7,0 8,9: Oso ongi (O)
9,0 10: Bikain (B)
«Ohorezko Matrikula» aipamena 9.0 kalifikazioa edo hobea lortu duten ikasleei eman ahal izango zaie. Haien kopurua ezingo da izan ikasturte berean ikasgai batean matrikulatutako ikasleen ehuneko bost baino handiagoa, matrikulatutako ikasleak 20 baino gutxiago izan ezean; kasu horretan, «Ohorezko Matrikula» bakarra eman ahal izango da.
Titulua lortzeko, ezinbestekoa izango da ikasketa-planeko ikasgai guztiak, praktikak (programatzen badira) eta ikasketen amaierako lana gainditzea.
Ikasleek gehienez ere lau deialdi izango dituzte ikasgai bakoitza gainditzeko, eta gehienez ere bi deialdi ikasketen amaierako lana gainditzeko. Kasu batean zein bestean, ikasleek eskatuta, salbuespen moduan eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, goi-mailako ikastegiek beste deialdi bat egiteko baimena eman ahal izango dute.
Deialdiak ez amaitzeari begira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak matrikula eta deialdia deuseztatzeko betebeharrak eta baldintzak zehaztuko ditu.
Ikasleak ezingo dira egon zentro batean bost ikasturte baino gehiago espezialitate bakoitzeko.
Lehen kurtsotik gorako kurtsoetako ikasgaietan matrikulatzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez aurreko kurtsoko 40 ECTS kreditu gainditzea.
Hirugarren kurtsoko ikasgaietan matrikulatzeko, lehen kurtsoko ikasgai guztiak gaindituta eduki behar dira. Laugarren kurtsoko ikasgaietan matrikulatzeko, bigarren kurtsoko ikasgai guztiak gaindituta eduki behar dira. Espedientea lekualdatzen denean, arau hori ez da aplikatzen.
Goragoko kurtso bateko ikasgaietan matrikulatzeko, nahitaezkoa da ikasturte berean gainditu gabe dauden aurreko kurtsoko ikasgai guztietan matrikulatzea.
Hautazko ikasgairen bat gainditzen ez bada, hurrengo ikasturtean hautazko beste ikasgai bat aukeratzea onartuko da, zentroak eskaintzen dituenen artetik, baina hautazko ikasgai hartan erabilitako deialdiak kontuan hartuko dira.
Musikako goi-mailako arte-ikasketak gainditzeak berekin ekarriko du titulua lortzea, eta horren barruan egongo da aipatuta kasuan kasuko espezialitatea. Titulu horiek ofizialak izango dira, eta balio akademiko eta profesionala izango dute lurralde nazional osoan.
Musikako goi-mailako arte-ikasketei dagokien tituluak aukera emango du master-mailako unibertsitate-ikasketa ofizialetan sartzeko, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan eta urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuan adierazitako moduan.
Oro har, lortutako kredituak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu ahal izango ditu, kontuan hartuta gaitasunen eta gainditutako ikasgaien edukien arteko egokitzapena eta ikaslea egiten ari den ikasketa-planean aurreikusitako edukiak.
Espedientea autonomia-erkidego batetik beste batera aldatzen bada ikasketa berarekin jarraitzeko, lortutako kreditu guztiak aitortuko dira.
Ikasgai bateko kredituak aitortzen direnean, jatorriko zentroan lortutako kalifikazioa hartuko da kontuan. Kalifikaziorik ez duten kredituen aitorpena ez da kontuan hartuko haztapen-ondorioetarako.
Titulu bereko beste espezialitate batean hastean, oinarrizko prestakuntzako gaietan lortutako kreditu guztiak aitortuko dira.
Inoiz ez dira onartuko egiten ari diren ikasketetako ikasketa-amaierako lanari egokitutako kredituak.
Ikasleek gehienez ere 6 kreditu onartzea lortu ahal izango dute kultura-, arte-, kirol-, elkartasun- eta lankidetza-jardueretan parte hartzeagatik nahiz ikasleen ordezkari aritzeagatik. Ez dira zenbaki bidez kalifikatuko, eta ez dira kontuan hartuko espediente akademikoaren batez bestekoaren kalkuluan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Ikasle ezinduak.
Erabilerraztasunaren sustapenari dagokionez, indarreko xedapenak bete beharko dira, ezinduen aukera berdinerako, bereizkeriarik ezerako eta erabilerraztasun unibertsalerako abenduaren 2ko 51/2003 Legean xedatutakoaren barruan.
Hezkuntza-arloan eskuduna den sailak neurri egokiak hartuko ditu ikasketa-plana ikasle ezinduen beharretara egokitzeko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren eta lehenagoko planen ondorio diren musikako goi-mailako irakaskuntzen ikasketa-plana iraungitzea.
Hirugarren edo laugarren maila 2011-2012 ikasturtean egin duten ikasleek ohiko eta ezohiko deialdiak izan ahal izango dituzte, dagozkienak amaitu artean, 2012-2013 eta 2013-2014, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan, hurrenez hurren, iraungitzear dagoen planean gainditu gabe dauzkaten ikasgaiak gainditzeko. Deialdi horiek ez dute berekin ekarriko eskoletara joateko eskubiderik, eta berariaz osatutako epaimahai baten aurrean egindako proben bidez ebatziko dira; epaimahaikide izango diren irakasleak zentroko zuzendariak aukeratuko ditu, kide horien kopurua bakoitia izango da, eta irakasleak ikasgaiarekin zerikusi zuzena duen sailekoak izango dira.
2014-2015 ikasturtea izango da, musikako goi-mailako ikasketen curriculumaren oinarrizko alderdiak zehaztu eta ikasketa horietara sartzeko proba arautzen duen apirilaren 21eko 617/1995 Errege Dekretuari dagozkion ikasgaien ezohiko probak egiteko azkeneko urtea. Horrenbestez, dagokion ikasketa-plana desagertu egingo da.
Bestalde, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren barruan prestatutako musikako goi-mailako ikasketak hasi eta, ikasketa-planaren pixkanakako iraungipenak eragin dielako, ikasketa plan berriko lehen kurtsoan hasi behar dutenei dagokienez, kredituak banaka aitortuko dira, eta aitortze horren bidez zehaztuko da desagertzen ari den ikasketa-planeko ikasketetan lortutako kredituetatik zein kontuan hartuko diren musikako goi-mailako arte-ikasketei dagokien egungo titulua lortzeko. Kasu horretan, dekretu honen 8. artikuluan aipatutako prozesua aplikatuz onartuko dira kredituak. Espezialitatearen izenean bat ez etorriz gero, gehitze hori maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren IV. eranskinean adierazitakoaren arabera egingo da (errege-dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehaztutako musikako goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du).
Gainera, Musika Kontserbatorioen arauketa orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren babesean prestatutako musikako goi-mailako ikasketak hasi, edo, bestela, Solistentzako Espezializazioko Goi Mailako Diploma lortzeko ikasketak hasi (urtarrilaren 29ko 313/1970 Dekretuaren babesean araututa) eta, LOGSEri lotutako ikasketetan hasi gabe, ikasketa-plan berriko lehen kurtsoan aritzeko eskatzen dutenei dagokienez, kredituak banaka aitortuko dira, eta aitortze horren bidez zehaztuko da desagertutako ikasketa-planeko musika-ikasketetan lortutako kredituetatik zein kontuan hartuko diren musikako goi-mailako arte-ikasketei dagokien egungo titulua lortzeko Kasu horretan, kredituak 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera onartuko dira. Lehendabizikoak gehitzeari dagokionez, espezialitatearen izenean bat ez etorriz gero, gehitze hori maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren V. eranskinean adierazitakoaren arabera egingo da (errege-dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehaztutako musikako goi-mailako arte-irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen du); bigarrenak, berriz, Interpretazio-espezialitatean gehituko dira, ahots gaiaren arabera. Kasu batean zein bestean, honako hauek beharrezkoak izango dira sartu ahal izateko: batxiler-titulua edukitzea; hogeita bost urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gaindituta edukitzea; baldintza akademikoen ordezko heldutasun-proba gaindituta edukitzea; edo Lanbide Heziketako goi-mailako prestakuntza-zikloetan sartzeko proba gaindituta edukitzea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Titulazioak irakasteko baimena.
Baimena ematen zaio Musikeneri, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiari, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak zehaztutako musikako goi-mailako arte-ikasketak irakasteko espezialitate hauetan: Konposizioa, Zuzentzea, Interpretazioa eta Pedagogia.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Hezkuntza-gaietan eskumenak dituen sailburuak dekretu honetako eranskinak eguneratu ahal izango ditu.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko ekainaren 25ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Aldatutakoa: 30/2024 DEKRETUA, martxoaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako Goi-mailako Arte Irakaskuntzak Konposizio, Zuzendaritza, Interpretazio eta Pedagogia espezialitateetan arautzen dituen Dekretua aldatzen duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko irailaren 18koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan Musikako goi-mailako arte-irakaskuntzak (konposizio, zuzendaritza, interpretazio eta pedagogiako espezialitateetan) arautzen dituen ekainaren 25eko 368/2013 Dekretua aldatzeko dekretu-proiektua.