Arautegia

Inprimatu

63/2012 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilua sortzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 100
  • Hurrenkera-zk.: 2273
  • Xedapen-zk.: 63
  • Xedapen-data: 2012/05/08
  • Argitaratze-data: 2012/05/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Gizarte Gaiak; Instituzional

Testu legala

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio honako eskumen osoa: Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideetan jardutearen arlokoa, betiere kontuan izanik Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Tituludun Lanbideetan jarduteari eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen bitartez garatu zen eskumen hori; eta lege horren 41. artikuluan ezartzen denez, tituludun lanbide batek elkargo-antolakuntza baldin badu, profesionalen elkargoak batuta, badu aukerarik profesionalen kontseilu bat sortzeko.

Artikulu horretako 3. paragrafoan ezarritakoan oinarriturik, eta aldez aurretik aldeko akordioa eginik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Elkargo Ofizialek ekimen bat bideratu zuten Justizia eta Herri Administrazio Sailean, hain zuzen Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilua sortzeko.

Era horretan, batetik, profesionalen elkargoei ordenamendu juridikoak ematen dizkien helburuak lortzen lagunduko duen tresna eraginkorra eman nahi zaio lanbideari, eta, bestetik, lanbidearen egiturak autonomien lurralde-egoerari egokitu, hain justu ere, oro har administrazio publiko guztiekiko harremanak erraztu eta azkartuz, eta bereziki, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseiluak operatibitate osoa izateko, beharrezkoa da bere gobernu-organoak eratzea, eta horretarako, honako artikulu hau aplikatuko da: Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekreturen 35. artikulua; izan ere, Kontseilua sortzeko dekretuak indarra hartzen duenetik bere gobernu-organoak eratzen diren arte aplika daitekeen aldi baterako erregimena jasotzen da artikulu horretan.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko maiatzaren 8an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Harremanetako Graduatuen Kontseilua sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbidearen defentsa eta goreneko ordezkaritza gauzatzeko, betiere gizartearen interes eta beharrizan orokorrekin bat etorriz.

  2. Kontseiluak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango du, betiere Lanbideetan jarduteari eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Kontseiluak, gutxienez, osoko bilkura bat, gobernu-organo bat eta lehendakaritza-organo bat izan beharko ditu; horretaz gain, estatutuek zehazturako funtzioak eta osaera dituzten beste organo batzuk ere izan ditzake.

Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 42. artikuluan ezarritakoak dira Kontseiluaren funtzio orokorrak, bai eta estatutuetan ezartzen direnak eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio autonomikoak, foru-administrazioak eta tokikoak ematen dizkiotenak ere, betiere 18/1997 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Lehenengoa. Estatutuak egitea.

Kontseiluaren estatutuak batzorde batek egingo ditu, eta batzorde horretan izango dira Kontseilua osatzen duten elkargo guztietako ordezkariak, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 46.2 artikulua betez. Estatutuak, onartu aurretik, elkargo eta elkargokideen aurrean jarriko dira, gutxienez, hilabetez, bidezkotzat jotako alegazioak egin daitezen.

Bigarrena. Estatutuak egiaztatu eta argitaratzea.

Behin estatutuak onartuta, Batzordeak justizia-arloko eskumena duen sailaren bitartez horien berri emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, hain zuzen ere, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.5 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoa betez, legearen araberakoak direla egiazta dezan, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua eman dezan.

Hirugarrena. Gobernu-organoak eratzea.

Behin estatutuak argitaratuta, Kontseiluaren gobernu-organoak eratuko dira, estatutuetako arau horietan ezarritakoaren arabera. Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 8an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik