Arautegia
Inprimatu5/2012 DEKRETUA, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 14
- Hurrenkera-zk.: 307
- Xedapen-zk.: 5
- Xedapen-data: 2012/01/17
- Argitaratze-data: 2012/01/20
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Herrizaingoa; Nekazaritza eta arrantza; Funtzio publikoa
Testu legala
Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak 74. artikuluan ezartzen du Euskal Herriko Polizia osatzen duten kidegoetako egitura eta funtzionarioen ordainsari-araubidea Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. tituluko VII. kapituluan xedatutakoaren mende egongo direla.
Euskal Funtzioari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 79.2 artikuluak, aipatutako kapituluan baitago, hau ezartzen du: «zerbitzua dela eta, egin daitezen gastuen ordainak jasotzeko eskubidea izango dute funtzionariek, araudiz zehaztu daitezen zenbateko eta baldintzetan».
Legezko aurreikuspen hau zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak garatu zuen. Halaber, dekretu hori abenduaren 19ko 515/1995 Dekretuaren bidez aldatu zen, Ertzaintzako funtzionarioak bere zuzeneko aplikazioaren eremutik salbuesten baititu.
Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzeko akordio guztietan lan-esparruan gerta daitezkeen kasu edo egoera jakin batzuetarako kalte-ordainak edo konpentsazioak aurreikusi izan dira. Akordio arautzaile horiek Ertzaintzako langileei aplikatzekoak diren ordutegiak eta zerbitzuak jasotzen dituzte, baita zereginak egitearekin edo lanaldiaren luzapenarekin loturiko beste inguruabar batzuk ere; hain zuzen, funtzionarioei zerbitzuak burutzeagatik kalte-ordaina emateko erabakigarriak baitira.
Berariazko araudirik ez dagoenez, euskal funtzio publiko osoarentzat aurreikusitako araubidea ordezko moduan aplikatu behar izan da; hala ere, Ertzaintzako langileentzako lan-baldintzen erregulaziotik zetozen zenbait berezitasun kontuan hartuz.
Dena den, polizia-zerbitzu publikoa egiteko erregimenaren berariazkotasunek tratamendu berezia behar dute; funtzio publikoaren araudi orokorrak, ordea, batzuetan ez die erantzun egokirik ematen.
Arau honen xedea da, hortaz, Ertzaintzako funtzionarioentzat zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko berariazko araubidea ezartzea; baina, erkideak izateagatik, kalte-ordainak eman beharreko kasuetan funtzio publikoaren araudi orokorrari jarraituko zaio.
Ertzaintzak, polizia-kidegoa den aldetik, duen eginkizun nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan pertsonak eta ondasunak babestea, berorien eskubideak eta askatasunak bermatzea eta herritarren segurtasuna zaintzea. Horren ondorioz, beharrezkoa da Ertzaintza egituratuta dagoen unitate organiko askotako langileek ordutegi batzuen arabera zerbitzuak eman behar izatea, ordutegi horien helburua Ertzaintzako langileen benetako presentzia modu iraunkorrean eta inolako etenik gabe bermatzea dela. Horretarako, lan-txanda desberdinak daudela, lan-aste eta zerbitzurik gabeko asteen kadentzia batzuen segidak izatea aurreikusten da.
Kasu askotan, segurtasun-arloko premiak betetzeko eraginkortasunari eman beharreko erantzunak ez du atzerapenik onartzen, berorien kopuruagatik hala behar denean. Hori dela eta, ohiko premiei aurre egiteko, hasieran planifikatuta zegoena baino ertzain-kopuru handiagoak zerbitzua eman dezan prestaketa egin behar da. Horrek berekin dakar lanaldien luzapena eta poliziek beren urteko plangintzan zerbitzurik gabekotzat jotako egunetan lan egin dezaten deialdiak egitea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 77. artikuluan agindutakoaren arabera. Egoera horren ondorioz, lan-baldintzen ikuspuntutik behar den tratamenduaz gain, beharrezkoa da bertaratze horrek joan-etorriengatik eta mantenuagatik eragindako gastuei dagokien ordaina aurreikustea.
Ertzaintzako langileek planifikatutako lanaldietatik kanpo lana aipatu egoeretan egiteko premia areagotu egiten da, ezinezkoa baita kidego horretakoak ez diren langileekin bitartekotasunen bidez behar hori betetzea.
Beste alde batetik, sarritan polizia-jarduera burutu izanaren ondorioz, esku hartu duten agenteei epaiketetara bertaratzeko zitazioa egiten zaie. Izan ere, horrek eragiten du, behar diren izapideak betetzeaz gain, beren defentsa prestatzeko abokatu-laguntza jasotzera lehenago joan behar izatea. Operatiboak ez diren jarduera horiek baina, halaber, beren ertzain-izaeratik sortzen direnak ordaindu beharreko gastu batzuk eragiten dizkiete ertzainei. Horretarako, beren eragina kontuan hartu behar da, jarduerak burutzen diren lanaldien plangintzari loturik.
Beste batzuetan Herrizaingo Sailak berak lan egitea planifikatuta ez duten orduetan hainbat helburutarako bertaratzeko eskatzen die ertzainei, hala nola Diziplina Unitatearen edo zerbitzu medikoaren zitazioetara edo bileretara edo prestakuntza-jardunaldietara joateko. Horregatik, sortzen diren gastuengatiko kalte-ordaina aurreikusita izan behar dute.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak programatutako jardueren esparruan, Ertzaintzako langileak ikastaroetara joaten dira zerbitzuak ematea aurreikusita egon ez daitekeen egunetan eta ikastaro horiek ordaindu beharreko gastuak eragin ditzakete, betiere ikastaroa zein den eta, hortaz, berorietan parte hartzeko dagoen nahitaezkotasuna kontuan hartuta.
Ertzaintzaren barruan, Pertsonak Babesteko Unitateko langileek, beren egitekoen ondorioz egin behar dituzten gastuei dagokienez, baldintza berezi batzuk dituzte. Horrenbestez, horrek tratamendu berezia eskatzen du, zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruz inguruko beste administrazio batzuek emandako arauetan aurreikusita dagoen bezala.
Emandako zereginen izaerak batzuetan polizia-egitekoa betetzeko baldintzetan eragina izaten du. Horrek berekin dakar jarduten duten langileek zuhurtziaz jokatu behar izatea, helburu operatiboa modu egokian lortu eta horretarako segurtasun-neurriak gordetze aldera, horrek galarazten baitu lana egin bitartean sortutako gastuak justifikatzeko agiriak eskuratu ahal izatea.
Horregatik, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan ezarrita dagoen mahaian negoziazioa burutu eta gero, Ertzaintzaren Kontseiluak emandako txostena ikusita, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, eta 2012ko urtarrilaren 17an egindako bileran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren,
XEDATZENU DUT:
Dekretu honen xedea da Ertzaintzako funtzionarioentzat zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainak ezartzea eta arautzea.
Zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainak dira funtzionarioentzat beren eginkizunak betetzean sortutako eta beren gain hartu behar ez dituzten gastuengatiko konpentsazio ekonomikoak.
Dekretu hau Ertzaintzako karrerako funtzionarioei aplikatuko zaie, baita Kidegoan sartzeko prestakuntza-prozeduraren fasea gainditu duten praktiketako funtzionarioei ere, baina berorientzat ez dira aplikagarriak izango II. eta IV. kapituluetan jasota dauden aurreikuspenak.
Zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruz Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat aurreikusita dagoen araudi orokorra aplikagarria izango da bakarrik dekretu honen eremuaren barruan dauden langileentzat bertan berariaz aipatzen diren kasuetarako.
Dekretu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunen arabera, kalte-ordaina edo konpentsazioa eragingo duten kasuak hauek dira:
Lantokiz aldatzea.
Zerbitzuaren ondoriozko joan-etorriak.
Prestakuntza edo hobekuntza-ikastaroetara joatea.
Administrazioaren kide anitzeko organoen bileretara joatea, langileen hautaketa-prozesuak edo probak epaitzeaz arduratzen diren epaimahaietan parte hartzea, baldin eta prozesu edo proba horiek lanbideak edo jarduerak burutzeko gainditu behar badira eta; bestetik, noiz edo noiz, Administrazioaren prestakuntza-jardueretan laguntzea.
Destinoa atzerrian izatea.
Norberak erabiltzeko objektuak eta janzkiak birjartzea edo konpontzea.
Kalte-ordainak jasotzeko dekretu honetan aurreikusitako beste kasu batzuk.
Beste edozein arrazoirengatik ordaindu diren gastuengatik ez da kalte-ordainik jasoko. Partzialki ordaindutako gastuen kasuan bakarrik konpentsatu gabe dagoen zatiagatik emango da kalte-ordaina. Konpentsazio hori egingo da, nahiz eta ordainketa hori kalte-ordaina abonatu eta gero egiaztatzen den.
Dekretu honetan aurreikusitako kalte-ordainak ez dira aplikatuko Administrazioak gastua egitea beharrezkoa ez izateko behar diren baliabideak langileen esku uzten dituenean.
Kalte-ordainetarako eskubidea gauzatzeko, gastua benetan egin eta egiaztatu behar da eta, horretarako, dekretu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituen jatorrizko faktura edo tiketa aurkeztuko dira. Hala ere, ez da beharrezkoa izango egiaztatzea dekretu honetan berariaz aurreikusitako kasuetan.
Dekretu honen ondorioetarako, definizio hauek ditugu:
Bizitoki-udalerria: funtzionarioak bizitokia duen udalerria da, eta bat etorriko da Herrizaingo Sailaren langileen datu-basean jasota dagoen posta-helbidearekin.
Lan edo destino-zentroa: funtzionarioa atxikita dagoen lanpostuaren egoitzari dagokion udalerria da edo; hala egokituz gero, erreferentziazko lanaldia hasi eta amaitzen den udalerria, baldin eta aurreko egoitzaren udalerriarekin bat ez badator. Kokalekua erreferentziazko herriaren barruan duen posta-helbidea izango da.
Egutegiaren araberako egun librea: egun horretan funtzionarioak ez du zerbitzua emateko betebeharrik, aplikagarria zaion egutegian ezarritako plangintzaren arabera.
Egutegitik kanpoko egun librea: zerbitzua ematea aurreikusita ez dagoen lanegun planifikatua; hain zuzen, funtzionarioak metatutako gehiegizko orduak, oporrak edo beste lizentzia edo baimen batzuk hartzeagatik.
Txanda librea: funtzionarioak zerbitzua eman behar duen eguneko denbora librea.
Lan-txanda: funtzionarioak lan egitea planifikatuta duen eguneko ordutegi-aldia da.
Standby: funtzionarioa standby egoeran dagoela ulertuko da aurrerapen nahikoaz aurreikusitako zerbitzuak emateko gertu dagoenean, edo, oro har, zerbitzuan hasteko gertu dagoenean.
Dekretu honetan ezarritako kasu eta baldintzetan, langileek kalte-ordain eta konpentsazio hauek jaso ahalko dituzte:
Bidaia-gastuak.
Otordu-gastuak.
Mantenu-ordainak.
Ostatuko gastuak.
Aldi baterako bizilekuagatiko kalte-ordaina.
Lekualdatzeagatiko kalte-ordaina.
Eskolatze-gastuak.
Erosteko ahalmena eta bizi-baldintzak parekatzeagatiko kalte-ordaina.
Objektuak edo janzkiak birjarri edo konpontzeagatiko kalte-ordaina.
Orokorrean, joan-etorriak garraio publiko kolektiboetan egingo dira eta bizitoki-udalerritik edo lan edo destino-zentrotik bidaiaren xedea bete behar den tokiraino egindako bideagatik ordainduko dira, joan-etorriaren inguruabarrak eta funtzionarioarentzako kostu txikiagoa eta kasu bakoitzerako dekretu honek ezartzen dituen arau bereziak aintzat hartuta.
Dekretu honetan garraio publiko kolektiboa aipatzen denean, taxia ez da kategoria horretan sartzen.
Garraiobidea hegazkina edo trena direnean, turista-maila erabiliko da; salbu eta, presazko arrazoiak, nekagarritasuna edo dagokion mailan txartelik eza direla-eta, berariaz goragoko maila onartzen den. Bidaia-gastuak txartelaren zenbatekoarekin ordainduko dira.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko joan-etorriak direnean, ibilgailu partikularra salbuespenez eta bakarrik beharrezkoa den kasuetan erabili ahalko da. Horretarako, burutzaren edo zerbitzua agindu duen organoaren berariazko baimena beharko da.
Joan-etorrien irteerak eta helmugak udalerri beraren barruan egonez gero, bakarrik garraio publiko kolektiboari dagozkion gastuak ordainduko dira, baldin eta bi puntu horien arteko distantzia bi kilometrotik gorakoa ez bada, kasu horretan kalte-ordaina ibilgailu partikularra erabiltzeagatik abonatu ahalko baita.
Kilometroen gastuak ere ordaindu egingo dira joan-etorri mota horretan ibilgailu partikularra erabiltzeagatik, baldin eta joan-etorriak garraio publiko kolektiborik ez dagoen orduan egin behar badira.
Nork bere ibilgailua erabiliz gero, arau honetan jasotako baldintzetan zenbait gastu ordaindu ahalko dira, hala nola kilometroak; bidesariak, autobidea erabiltzeagatik, eta hala badagokio aparkalekua, irizpide hauen arabera:
Ibilbideko kilometroen gastuak ordainduko dira, arau hauek kontuan hartuta:
Joan-etorria eragin duen zerbitzua edo eginkizuna betetzeko egindako ibilbideko kilometro-kopurua Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako sistemaren arabera kalkulatuko da, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren.
Joan-etorrietan, ahal denean, autobideak erabiliko dira; baina, horretarako, egindako ibilbideko kilometro-kopuruak ez du izan behar beste bidea erabiltzean ateratzen dena baino % 20 handiagoa. Salbuespen gisa, hala erabakitzen denean, joan-etorrietan autobidea erabiltzea onartuko da.
Autobideak erabiliz gero, ibilbide bakoitzeko bidaia-gastuak ordaintzeko beharrezko baldintza izango da bidesaria ordaindu izanaren frogagiria aurkeztea.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko udalerrian bizi diren funtzionarioen kasuan, bakarrik hartuko da kontuan Autonomia Erkidegoaren eta berorien bizitoki-udalerriaren muga geografikoen arteko 50 kilometrorainoko distantzia. Irizpide hau aplikatuko da bizitoki-udalerria ibilbideko irteera edo helmuga denean.
Kilometroko ordain daitekeen zenbatekoa izango da zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruz Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat aplikagarria den araudi orokorrean kontzeptu horrengatik aurreikusitakoa.
Autobidea erabiltzeagatik izandako bidesari-gastuak ordainduko dira baldin eta autobidea erabiltzea bidezkoa bada eta bidesari-tiketa aurkeztuz gero. Bankuko laburpena egiaztagiri gisa ere onartuko da teleordainketarako sistema edo ordainketa dinamikoa erabiliz gero, baina gastua egin den eguna bertan agertzen bada.
Ibilgailu partikularra aparkatzeagatik sortutako gastuak konpentsatuko dira erabilitako ibilgailua tasa edo tarifa ordaindu behar den tokian aparkatzea premiazkoa bada, gainera bakarrik joan-etorriaren xedea betetzeko behar den denboran zehar. Ordaina jasotzeko ezinbestekoa izango da aparkalekuko tiketa eta funtzionarioa joan den egoitzan igarotako denboraren egiaztagiria aurkeztea.
Gastu horiek bakarrik ordainduko dira zitazio eta izapide judizialetara azaltzeko joan-etorrien kasuan.
Ibilgailu partikularra erabiltzeagatik sortutako gastuak bakarrik ibilgailu horren titularrari edo erabiltzeko baimena duen pertsonari ordainduko zaizkio, batera zenbat pertsonak erabili duten kontuan hartu gabe.
Taxia ordainduko da tren eta autobus-geltokietatik, portu eta aireportuetatik eta berorietara egindako joan-etorrietan erabili izanagatik, betiere Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko joan-etorriak direnean. Halaber, hiri barruko bideetan egindako joan-etorriak taxiz egiteagatik ere ordainduko da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren hirietatik igarotzen diren bideetatik egindakoak badira eta garraio kolektiboan egiterik ez badago. Nolanahi ere, ordainketa egiteko burutzaren edo zerbitzua agindu duen organoaren berariazko baimena behar da eta faktura ere aurkeztu beharra dago.
Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko egonaldiak hiru egun baino gehiago irauten ez duenean, helburuko tokian egindako hiri barruko joan-etorrietan taxiak erabili izanagatik sortutako gastuak konpentsatu ahalko dira.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan ibilgailu partikularra erabili izanagatiko joan-etorri gastuak ordaindu ahalko dira aireportutik eta aireporturainoko lekualdaketak direnean, baita aparkalekuko gastuak ere.
Dekretu honetan berariaz aurreikusita ez dagoen edozein garraiobide berezi erabiltzeko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren aldez aurreko baimena beharko da.
Otordu-gastutzat hartuko dira gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko gastuak, banaka hartuta, eta benetan gastatutako eta justifikatutako zenbatekoarekin ordainduko dira, dekretu honetan azaldutako mugen arabera.
Gosari-gastuengatik konpentsatu beharreko gehienezko zenbatekoa izango da zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruz Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat aplikagarria den araudi orokorrean aurreikusitako mantenu-ordainaren zenbatekoaren % 15.
Bazkari edo afari-gastuengatik konpentsatu beharreko gehienezko zenbatekoa izango da, banaka hartuta, zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruz Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat aplikagarria den araudi orokorrean aurreikusitako mantenu-ordainaren zenbatekoaren % 50.
Dena den, gastu horiek ordaintzeko beharrezkoa izango da eskabide-eredu normalizatua betetzea eta aurkeztea, eta gastuak egin direla egiaztatzen duen faktura edo tiketa erantsi beharko da.
Ez dira ordainduko:
Otordu-gastuak, baldin eta janari hori establezimendu saltzailetik kanpo kontsumitzeko bada edo berehala kontsumitzeko prestatuta ez dagoen janariaren erosketa eginez gero. Bakarrik balio izango dute janariak zerbitzatu eta kontsumitzen diren ostalaritza-establezimenduek emandako fakturek. Salbuespen gisa, otordu berezien fakturak onartuko dira, hala behar duten langileen kasuan.
Tabako-gastuak, kopak eta aparteko beste edozer, nahiz eta fakturaren barruan izan.
Otordu-gastuak, 16., 17., 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako kasuetan, baita dekretu honen IV. kapituluan aurreikusitakoak ere, bakarrik ordainduko dira joan behar duten udalerrian edo helmugara arteko bidean egiten direnean.
Mantenu-ordaina egunero sortzen den oroharreko zenbatekoa da; hain zuzen, bazkari eta afari-gastuak eta, hala badagokio, gosari-gastuak ordaintzeko, betiere dekretu honetan berariaz aurreikusitako kasuetarako dena eta, gainera, ez da beharrezkoa benetan egindako gastua faktura bidez justifikatzea.
Mantenu-ordainak, edo beren ehunekoa, sortzen diren egunengatik jasoko dira, dekretu honen eranskinean aurreikusitako zenbatekoen arabera, eta adierazitako eta berariaz baimendutako irteera eta itzulera-data eta orduetara egokituko dira.
Artikulu honek aipatzen dituen dietak jasotzea bateraezina izango da beste edozein kontzepturen ondoriozko kalte-ordainarekin, eta bateraezinak elkarren artean.
Ostatu-gastuak ditugu bizileku-udalerritik kanpoko ostatuari eta gosariari dagozkienak.
Joan-etorriak eragin dituen gertaera hotelean bertan ez bada, eta hotel horrek goragoko kategoria izanez gero, ostatua lau izar arteko ostalaritza-establezimenduetan hartuko da edo, akordioari edo hitzarmenari jarraituz, Administrazioak horretarako ezarrita dituenetan.
Ostatu-gastuengatik jaso beharreko zenbatekoa benetan gastatutakoa eta justifikatutakoa izango da, aurreko atalean ezarritako mugen arabera.
Ostatu-sariaren barruan gosaria ez baldin badago, benetan gastatutako eta justifikatutako zenbatekoarekin ordainduko da, baina zenbatekoa inoiz ezingo da mantenu-ordainerako finkatutakoaren % 15etik gorakoa izan.
Gastu hauek ez dira ordainduko: kafetegikoak, edaritegikoak, tabakoa, bideo-alokairua, laguntzaileak edo aparteko beste edozein gastu, hotel-establezimenduko fakturaren barruan egon arren.
Lekualdaketak lau egunetik gorako iraupena duenean, norberaren arropa garbitu eta/edo lisatzeagatik sortutako gastuak, justifikatutako zenbatekoarekin, ordaindu ahalko dira.
Zerbitzua hobeto betetzeko beharrezkoak diren telefono-dei ofizialen zenbateko zehatza ordainduko da, deiak agiri bidez behar bezala egiaztatuta eta zerbitzua agindu zuen burutzak edo agintariak onartuta. Ez dira ordaindu modukotzat joko telefono-deiak egiteagatik edo modema erabiltzeagatik sortutako gastuak; baldin eta Administrazioak, lehenago edo joan-etorria dela-eta, horiek edo beste mugikortasun-zerbitzu batzuk esleitu baditu.
Aldi baterako bizilekuagatiko kalte-ordaina jasoko da zerbitzu-arrazoiengatik funtzionarioek beren bizitoki-udalerritik kanpo bizi behar dutenean; hain zuzen, hilabetez edo denbora gehiagoz Estatuan edo hiru hilabetez edo denbora gehiagoz atzerrian, baina ez da inola urtebetetik gorakoa izango; baldin eta, salbuespen gisa, baimendu zen egitekoa betetzeko beharrezko denboraz luzatzen ez bada.
Aldi baterako bizilekuagatiko kalte-ordaina sortzen den egunengatik jasoko da. Zenbatekoa, bizileku-udalerritik kanpo gaua igarotzen den kasuetarako, mantenu-ordain moduan aurreikusitako zenbatekoaren % 150 izango da. Ostatua hitzartuta egonez gero, ehuneko hori % 55 izango da, eta % 65era igoko da itunean gosaria ez badago.
Aldi baterako bizilekuan dauden langileek bertatik lekualdaketa egin behar dutenean, aurreko atalean aurreikusitako zenbatekoaz gain, eskubidea izango dute, joan-etorriek irauten duten egunetan, bidaia eta ostatu-gastuengatiko kalte-ordaina jasotzeko dekretu honetan izaera orokorrez ezarritako baldintzetan.
Langileek, lantoki-aldaketek eraginda, zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango dute, dekretu honen 4. artikuluan zehazten den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzuan dauden langileentzat araudi aplikagarrian aurreikusitako kasuetan eta edukiarekin.
Ondorio horietarako, lantoki-aldaketatzat ez da joko kategorian edo espezialitatean sartzeko prozeduretan parte hartzeagatik eragindakoa, praktikaldian zein behin-behineko atxikipen-aldian, ezta lekualdatzeko diziplina-zehapena betetzeagatik eragindakoa ere.
Eragindako kalteak zehaztuko du kalte-ordainak eman beharreko kasua. Bere zenbatekoa gastu-diferentzia izango da, gastua handiago izanez gero.
Kapitulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, hauek hartuko dira zerbitzuaren ondoriozko joan-etorritzat artikulu honetan ezarritakoaren arabera:
Lantokia dagoen udalerritik kanpo egin behar direnak, aldi berean gaua bizileku-udalerritik kanpo igarotzea berekin ekartzen baitute.
Zerbitzuaren beharrak direla-eta, egun librean, txanda librean edo planifikatuaz bestelako lan-txandan lanera joategatik eragiten direnak.
Sailak edo unitate-burutzak deitutako bilera eta jardueretara joateagatik eragiten direnak.
Zitazio eta izapide judizialetara eta beroriek prestatze aldera abokatu-laguntza jasotzeko premiazkoak diren kontsultetara joateagatik eragiten direnak, betiere zitazio eta izapide horiek guztiak polizia-lana betetzearen ondorioz gertatzen badira eta polizia gisa azalduz gero.
Diziplina Unitatearen zitazioetara joatearen ondorioz eragiten direnak.
Sailaren zerbitzu medikoek edo Sailak hitzartuta izan ditzakeen kanpoko zerbitzu medikoek egin beharreko osasun-azterketetara edo kontsulta medikoetara joateagatik eragiten direnak.
Zerbitzuaren ondorioz lantokiaren lurralde-eremutik kanpo egin behar diren eta, halaber, berekin gaua igarotzea ekartzen duten joan-etorriek eragingo dute bidaia-gastuak, mantenu-ordainak, ostatu-gastuak edo aldi baterako bizilekuagatiko kalte-ordaina abonatzea, betiere hurrengo ataletan ezarritakoaren arabera.
Joan-etorriak eragindako bidaia-gastuak ordainduko dira; baita, hala badagokio eta emandako eginkizunen arabera, helmugako herritik kanpo geroago egin behar diren joan-etorriek eragindakoak ere. Halaber, egonaldiak urtebetea baino gehiago iraunez gero, langileek eskubidea izango dute helmugako herritik bizileku-udalerrirako eta itzulerako bidaia-gastuen abonua jasotzeko; hain zuzen, eginkizunak ematen dituen Ebazpenean xedatzen direnak, baina betiere urtean behin.
Funtzionarioek zerbitzuaren beharrengatik bizileku-udalerritik kanpo gaua igaro behar duten egun bakoitzeko mantenu-ordaina sortuko da, gehienez hilabeterako.
Kalte-ordaina sortze-aldera, bazkari- eta afari-gastuak banaka hartuko dira eta beren zenbatekoa baita banaka hartuta ere mantenu-ordainerako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzuko langileentzat aurreikusitakoren % 50 izango da. Gosari-gastuak ordainduko dira bakarrik ostatu-gastuetan sartuta ez badaude, eta kasu honetan mantenu-ordainerako ezarritako zenbatekoaren % 15ari dagokion kopuruarekin.
Ordaina Estatutik kanpo sortzen denean, aurreikusitako kopurua % 50 igoko da.
Bidaia egiteko irteera eta itzulera-egunetan mantenu-ordaina honela sortuko da:
Joaneko bidaia 13:00ak baino lehenago hasiz gero, dieta osoa ordainduko da; 20:00ak baino lehenago hasiz gero, dieta-erdia; eta 08:00ak baino lehenago hasten bada, gosari-gastuak sartuko dira.
Itzulerako bidaian, 22:00 orduen ondoren helduz gero, horrek dieta osoa izateko eskubidea eragingo du; 14:00 orduen ondoren, aldiz, dieta-erdia.
Irteera-egunean egindako ostatu-gastuak ordainduko dira eta, gehienez hilabeterako, haren eta itzulera-egunaren arteko bitarteetan. Era berean, aldi baterako bizilekuagatiko kalte-ordaina jaso dezaketen langileei eragindakoak ordainduko dira; betiere, eman zaizkien eginkizunen arabera, helmugako herritik kanpo gaua igaro behar dutenean.
Araubide honetatik salbuetsita geratzen da langileek polizia-instalazioetan edo Euskal Autonomia Erkidegoaren instalazioetan, beren eginkizunak betetzeko duten ordutegiaren arabera, gaua igarotzea.
Bizileku-udalerritik kanpoko egonaldia hilabetetik gorakoa denean, aldi baterako bizilekuagatiko kalte-ordaina jaso ahalko da, eta itzulera-dataren eta mantenu-ordaina eta ostatu-gastuak jasotzeari uzten zaion dataren arteko egunetan sortuko da, behin sortzeko artikulu honetan ezartzen den denbora-muga betez gero.
Zerbitzuak berezkoak dituen edo horrek eragindako beharrengatik egun librean lanera joan behar duten langileek artikulu honen hirugarren atalean zerrendatzen diren gastuen konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta hauetako kasuren baten barruan badaude:
Zerbitzurik gabeko egun planifikatuan edo prestasun edo standby egoeran egindako deiaren ondorioz, benetako zerbitzuak ematen dituzten langileak, baldin eta txandakako ordutegia edo ezarritako berariazko ordutegietako bat badute.
Ordutegi malgua duten langileak, zerbitzuak benetan emateak berekin ordutegi mota horretarako aurreikusitako atseden-bermeak ez betetzea ekartzen duenean.
Ohiko ordutegia duten langileak, benetako zerbitzuak larunbatean, igandean edo jaiegunean egin behar dituztenean.
Zerbitzu-beharrizanengatik planifikatuaz bestelako lan-txandan zerbitzuak ematea.
Ez da atal honen arabera konpentsatuko edo ordainduko prestakuntza-jardueretara eta bileretara joatea, ezta zerbitzurik gabeko egunetan edo standby egoeran jasotako deien kasua ere, baldin eta ezarritako edozein kontzepturengatik egun libretzat hartutako lanaldiak errekuperatzeko bada.
Lehenengo ataleko kasuen barruan dauden funtzionarioek arrazoi horrengatik sorrarazitako bidaia-gastuen konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute.
Halaber, benetako lana gutxienez sei orduz egiten dutenean, eskubidea izango dute dekretu honen eranskinaren 4. atalak aipatzen duen mantenu-ordainaren zenbatekoa jasotzeko edo; bestela, lan-ordutegitik kanpo egindako bazkari-gastuaren konpentsazioa jasotzeko, dekretu honen 7. artikuluan aurreikusita baitago.
Zerbitzuaren beharrengatik lanera joateko langileek txanda librean, benetan burututako lan planifikatuaren txandarekiko jarraitutasunik gabe, egindako joan-etorri gehigarriek arrazoi horregatik sorrarazitako bidaia-gastuen konpentsazioa jasotzeko eskubidea ekarriko dute.
Zerbitzu-agindu hori betetzeak etxean otordurik ezin egitea eragiten baldin badu, funtzionarioek eskubidea izango dute mantenu-ordainaren zenbatekoa jasotzeko, dekretu honen eranskinean aurreikusitako kopuruarekin; edo, bestela, bazkari-gastuaren konpentsazioa jasotzeko, dekretu honen 7. artikuluan aurreikusita baitago. Konpentsazio hori jasotzea ez da bateragarria izango joan-etorrietarako aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordainarekin.
Zerbitzu-beharrizanengatik planifikatutakoaz bestelako lan-txandan zerbitzuak eman behar dituzten funtzionarioek eskubidea izango dute mantenu-ordainaren zenbatekoa jasotzeko, dekretu honen eranskinaren 4. atalean aurreikusitako kopuruarekin; edo, bestela, otordu-gastuaren konpentsazioa jasotzeko, dekretu honen 7. artikuluan aurreikusita baitago.
Gainera, langile horiek arrazoi horrengatik eragindako bidaia-gastuen konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute.
Oporrak edo baimena hartzea aldez aurretik onartuta dutela, zerbitzua ematera joateko deitzen zaienean, langileek arrazoi horrengatik beren behin-behineko bizilekutik egindako joan-etorrien ondoriozko bidaia-gastuaren konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute.
Era berean, bidaia-gastuaren konpentsazioa jasotzeko eskubidea egongo da zitazio judizialetara behin-behineko bizilekutik joateko, oporretan edo baimena hartuta egonez gero, betiere beroriek hartzeko onarpena zitazioaren aurretik izan bada.
Artikulu honetan aurreikusitako kasuetan, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan dadin aldi baterako bizilekua egiaztatu egin beharko da eta; ostatua kontratatuz gero, baita kontratazioa joan-etorriaren xedea jakinarazi aurretik egin zela ere.
Sailak eta unitate-burutzak deitutako bileretara eta jardueretara joateko joan-etorrietan laneratzeko behar dena baino distantzia handiago egonez gero, egun horretako plangintzaren arabera, eta joan-etorri horiek funtzionarioaren baliabideak erabiliz egin behar izanez gero, baldin eta beharrezko frogagiria aurkeztuz egiaztatzen bada, honetarako eskubidea egongo da:
bidaia-gastuengatiko kalte-ordaina jasotzeko, kilometroen diferentziaren arabera, eta
otordu-gastuengatiko kalte-ordaina jasotzeko; baldin eta, joan izanagatik, otordua bizileku-udalerrian egiterik egon ez bada.
Bilera edo jarduera funtzionarioak atxikita dauden lantokian burutuz gero eta txanda librean bada eta, halaber, etxean otordurik ezin egitea eragiten baldin badu, funtzionarioek eskubidea izango dute otordu-gastuaren konpentsazioa jasotzeko, dekretu honen 7. artikuluan aurreikusita baitago.
Zitazio eta izapide judizialetarako joan-etorriek dekretu honetan aurreikusitako konpentsazioak jasotzeko eskubidea sortuko dute, betiere hurrengo ataletan ezarritako baldintzen arabera.
Ondorio horietarako, jarduera edo izapide judizialtzat hartzen dira hurrengo xedea dutenak: epaiketetan bertaratzeak, lekukotasunen berrespenak, errekerimenduak, taldeko identifikazio-saioak, karakterizazioak, epaien jakinarazpenak, zitazioak jasotzeko zitazioak, deklarazioak, abokatu eta prokuradore-izendapenak, aditu-probak egitea eta auzitegiko medikuarengana joatea, betiere berorietara ertzain gisa agertuz gero.
Horrenbestez, ez dira halakotzat hartuko berez izaera pertsonala duten bertaratzeak, nahiz eta polizia-zerbitzua egin bitartean gertatutako inguruabarrek eragindakoak izan.
Zitazio eta izapide judizialetarako joan-etorriek behar diren kalte-ordainak eragingo dituzte kasu hauetan:
Planifikatutako lan-txandara joateak laneratzeko baino distantzia luzeagoko joan-etorriak egitea berekin dakarrenean eta funtzionarioaren baliabideak erabiliz egin behar direnean, eskubidea egongo da kilometro-kopuruaren edo gastu-zenbatekoaren diferentziari dagokion gastuaren kalte-ordaina jasotzeko. Gainera, dagokion bazkari-gastua konpentsatzeko eskubidea egongo da, dekretu honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, epaiketara joanez gero; baldin eta lanaldia, kasu bakoitzean aplikatzekoa den ordutegian ezarritako lanaldi-motarekiko, gutxienez bi orduz luzatzen bada.
Zerbitzurik gabeko egun planifikatuan joanez gero, langileek eskubidea izango dute arrazoi horrengatik egindako joan-etorriaren ondoriozko gastuaren konpentsazioa jasotzeko.
Txanda librean joanez gero, langileek arrazoi horrengatik egindako joan-etorriaren ondoriozko gastuaren konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute.
Etxean bazkaria egiterik ez dagoen orduan joanez gero, dagoen distantzia dela eta, langileek gastu horren konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute, lan-ordutegitik kanpo egindakoa baita, dekretu honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lanegun planifikatuko txanda librean eta goizean edo zerbitzurik gabeko egun planifikatuan joanez gero, bezperan gaueko txanda planifikatuta dagoela, langileek eskubidea izango dute arrazoi horrengatik egindako joan-etorriaren ondoriozko gastuaren konpentsazioa jasotzeko, kasu horietarako aurreikusitako baimena hartuta egon arren.
Bidaia-gastuengatiko kalte-ordaina jaso ahalko da, aurreko artikuluan azaldutako baldintzetan, hurrengo kasuotan:
Herrizaingo Saileko abokatuekiko bileretara agertzea; hain zuzen, polizia-lanak betetzetik sortutako egintzetan ustez nahasita egoteagatik inputatu edo lekuko gisa funtzionarioak azaltzen diren zigor-prozeduretako defentsa prestatzeko.
Diziplina Unitatearen zitazioetara lekuko gisa agertzea.
Sailaren zerbitzu medikoek edo Sailak hitzartuta izan ditzakeen kanpoko zerbitzu medikoek egin beharreko nahitaezko osasun-azterketetara edo kontsulta medikoetara joateagatik eragindako joan-etorriak.
Herrizaingo Sailetik kanpoko abokatuekin egoteko joan-etorrien kasuan hain zuzen, inputatu gisa agertzen den prozedura penaletarako defentsa prestatze aldera bidaia-gastua behin baino ez da konpentsatuko, eta kilometro-kopuruak inoiz ere ezin izango du gainditu Saileko abokatu-zerbitzua erabili izan balitz egingo zatekeen distantzia.
Goi-mailako eta Egiterapen Eskalen barruan dauden lanbide-kategorientzat erreserbatutako lanpostuak betetzen dituztenean, langileek eskubidea izango dute ibilgailu partikularrean zerbitzuaren beharrizanengatik egindako joan-etorrien ondoriozko gastuaren konpentsazioa jasotzeko, baldin eta Sailak beren esku ibilgailu ofizialik jarri ez badu.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak antolatutako edo hitzartutako prestakuntza-ikastaro edo jardueretan parte hartzeak eskubidea eragingo du bidaia eta otordu-gastuen kalte-ordaina jasotzeko, jarraian aipatzen diren kasuetan:
Lanpostuan jarraitzeko gainditu behar diren ikastaroak; hala nola eguneratu, birziklatu eta hobetzeko ikastaroak, lanpostu jakin batzuk edo eginkizun berezi batzuk betetzen dituzten langileek nahitaez egin behar baitituzte.
Behin betiko esleipenean dauden funtzionarioentzako hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak, baldin eta beren lanpostuei derrigorrezkotasun-data duen hizkuntza-eskakizuna jarri bazaie.
Lan-ordutegiaren barruan egindako euskalduntze-ikastaroak, lan-baldintzak arautzeko akordioan aurreikusitakoak.
Ikastegiak programatutako borondatezko beste prestakuntza-ikastaro edo jarduera batzuk, Herrizaingo Sailak hala ezartzen duenean eta beren deialdiaren ebazpenean aurreikusten denean.
Hurrengo hauek ez dute kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik eragingo:
Sartzeko edo gora egiteko ikastaroetan, espezializazio eta gaikuntza-ikastaroetan parte hartzea, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1993 Legearen 59.2 artikuluak aipatzen baititu.
Azterketetara, ebaluazio-probetara edo proba praktikoetara joatea eta, lehen atalak aipatzen dituen prestakuntza-ikastaro edo jardueren garapen edo amaieragatik, parte hartu beharra dagoen ekitaldi guztietara joatea; ezta lanpostuak betetzeko deialdiaren eremuan azterketetara joateagatik eragindako gastuak ere.
Lehen atalaren a) letrarekin loturiko ikastaroetara joanez gero, kasu hauek hartuko dira kontuan:
Eskola-egunetan egindako bidaia-gastua konpentsazioa egun horiek lanegun planifikatuak badira, udalerriaren eta ikastaroa ematen den tokiaren arteko distantzia bizilekuaren eta lantokiaren artean dagoena baino handiagoa denean, bi distantzien arteko kilometro-diferentziak zehaztuko du.
Eskola-egunetan egindako bidaia-gastuaren konpentsazioa egun horiek lanik gabeko egun planifikatuak badira, bizilekuaren eta ikastaroa ematen den zentroaren arteko lekualdaketak zehaztuko du.
1. atalaren b) eta c) letrekin loturiko ikastaroen kasuan, bizileku-udalerriaren eta jarduerak egiten diren tokiaren arteko distantzia haren eta lantokiaren artean dagoena baino handiagoa bada, ikastaroa egiteko egunetan burututako bidaia-gastua bi distantzien arteko kilometro-diferentziarekin konpentsatuko da.
Gainera, artikulu honen 2. atalaren b) letran xedatutakoaren salbuespen moduan, gastua konpentsatuko da azterketetara, ebaluazio-probetara, atariko probetara edo horiekin lotutako probetara joateagatik.
Manu honetan joan-etorriengatik ezarritako kalte-ordainen arauketak behar diren egokitzapenak izan beharko ditu, hain zuzen, ikastaroetara joatearen ondoriozko joan-etorrietarako Sailak berariazko neurriak hartzen dituenean.
Ikastaroak barnetegi-erregimenean egin ahal direnean, bidaia-gastuei dagokienez, bakarrik asteko joan-etorri bat ordainduko da; hain zuzen, bizileku-udalerriaren eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren edo barnetegia dagoen tokiaren artean.
Ikastaroetan bazkaltzeko etenaldia aurreikusita dagoen egunengatik bertaratutakoei ordainduko zaie kontzeptu horrengatik sortutako gastua, baldin eta Sailak bazkaria berorien esku jartzen ez badu.
Artikulu honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko etengabeko prestakuntza-jarduerei eta entrenamenduei, lan-egutegietan beroriek burutzea aurreikusita baitu.
Artikulu honetan xedatutakoa bazter utzi gabe, Herrizaingo Sailak kalte-ordainak abonatzeko berariazko baldintzak jarri ahalko ditu, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren, deitutako ikastaroen ezaugarri bereziak kontuan hartuta.
Betetzen ari den funtzioarekin edo lanpostuarekin zuzeneko zerikusia duten lanbide-hobekuntzako ikastaroak edo ikasketak egiteak, funtzionarioek eskatuta, kalte-ordainak eragingo ditu. Kalte-ordain horiek, egoeraren inguruabarrak eta dekretu honen aurreikuspenak aintzat harturik, horietara joatea baimentzen duen ebazpenean zehaztuko dira.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren ikastaro edo ikasketetan parte hartzeko agindua Administrazioak ematen duenean, dekretu honen 20. artikuluan nahitaezko ikastaroetara joateko aurreikusitako araubidea aplikatuko da. Dena den, funtzionarioek ikastaro edo ikasketa horiek egin behar dituztela adierazten duen ebazpenak kalte-ordainen araubide aplikagarri zehatza ezarriko du.
Bertaratzeen araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileentzat beren araudi aplikagarrian ezarritakoa izango da.
Zerbitzua atzerrian egin den kasuen araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileentzat beren araudi aplikagarrian ezarritakoa izango da.
Afari edo bazkarietara joateko gonbidapenak ordaintzeko moduko gastuak izango dira, horretarako baimena jaso ondoren, baldin eta ordezkaritza-arrazoiengatik egin behar badira. Gastu horiek zenbateko zehatzarekin ordainduko dira justifikatu ondoren, eta bertan adierazi beharko da nortzuk diren bertaratutakoak, zein kargu edo lanpostu duten eta gonbidapenaren zioa.
Ertzaintzaren Zuzendaritzari dagokio ordezkaritza-arrazoiengatiko gastuak egiteko baimena ematea.
Ordezkaritza-gastuengatik dirua jasotzea bateraezina izango da kontzeptu horren pean abonatutako gastuak ordaintzeko edozein sari edo kalte-ordainen sortzapenarekin.
Laneguna planifikatuta dutela, zerbitzuaren beharrengatik, lanaldia gutxienez bi orduz kasu bakoitzean aplikatzekoa den ordutegian ezarritako lanaldi-motarekiko luzatu behar duten langileek eskubidea izango dute mantenu-ordainari dagokion zenbatekoa jasotzeko, betiere dekretu honen eranskinaren 4. atalean aurreikusitako kopuruarekin; edo, bestela, dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako otordu-gastuaren konpentsazioa jasotzeko, gastu hori lan-ordutegitik kanpo eginda egonez gero.
Ondorio horietarako, lanaldiaren luzapentzat joko da lanaldi planifikatuaren iraupenari eransten zaion benetako lan-denbora, horrekiko inolako etenik gabe eginda, lanaldiaren hasiera aurreratuz zein bere amaiera-ordu aurreikusiaren jarraipenaren bidez.
Ordutegi malgua duten langileen kasuan, lanaldiaren luzapentzat joko da beren taldean edo arloan egiten duten lanaldiaren iraupena gainditzen duen lana.
Pertsonak babesteko berariazko zerbitzua egiten duten langileek konpentsazio hauek jasotzeko eskubidea izango dute:
Oro har, dekretu honen eranskinaren 4. atalak aipatzen duen mantenu-ordainaren zenbatekoa jasotzeko eskubidea egongo da edo; bestela, benetako zerbitzu-egun bakoitzeko, otordu-gastuen konpentsazioa hartzeko.
Lanaldi-amaieraren eta hurrengo lanaldi-hasieraren artean hamabi ordu baino gutxiago egonez gero, amaitzen den lanaldiagatiko konpentsazioa dekretu honen eranskinaren 4. atalean aurreikusitako bi mantenu-ordainen zenbatekoa izango da edo bi otordu-gastu.
Asteko azken lanegunean zerbitzua 24:00ak jo ondoren amaituz gero, dekretu honen eranskinaren 4. atalean aurreikusitako bi mantenu-ordainen zenbatekoa ordainduko da edo bi otordu-gastu.
Dena den, lanaldia 16:00etatik aurrera hasten denean, bakarrik eranskinaren 4. atalak aipatzen duen mantenu-ordaina ordainduko da edo bazkari-gastua.
Salbuespen gisa, otordu-gastuetan benetan gastatutako zenbatekoa ordaindu ahalko da, faktura bidez justifikatuta, nahiz eta zenbatekoa dietarako aurreikusitakoa baino handiago izan, unitate-burutzak behar bezala arrazoitutako aparteko zioak azaltzen direnean. Faktura horiek abonatzea bateraezina da dieta edo bere ehunekoa ordaintzearekin.
Zerbitzu-egun bakoitzeko, joan-etorrien gastuak jasotzeko eskubidea izango dute beren bizileku-udalerriaren eta zerbitzuaren hasiera dela-eta ibilgailua hartzeko edo, zerbitzua amaitzean ibilgailua aparkatzeko agindu zaien tokiaren arteko kilometro-kopuruaren arabera.
Ostatu-gastuen konpentsazioa jaso ahalko dute zerbitzuaren beharrengatik gaua bizilekutik kanpo igaro behar dutenean, unitate-burutzak baimendu ondoren.
Babestutako pertsonaren segurtasunarekin loturiko zerbitzuaren premiengatik zenbait gastu egin beharra dagoenean hala nola, aparkalekua, esparru publikoetarako sarrerak, garraio-txartelak, etab. langileek konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dute, egindako gastuaren frogagiria eta unitate-burutzaren baimena aurkeztu ondoren.
Giza Baliabideen zuzendariak, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren txostena jaso ondoren, gastuen konpentsazioa baimendu ahal izango du dekretu honetan aurreikusita ez dauden baldintzetan; hain zuzen, langileak ikerketa jakin batean lanean ari diren aparteko kasuetan gertatzen bada eta, zerbitzu horiek ematen diren egoera berezia dela-eta, zerbitzuaren premiengatik sortzen diren gastuak ordaindu behar izanez gero.
Ertzaintzaren berariazko ordutegiei buruzko Ebazpenean ezarritakoarekin bat, beren ordutegian zaintaldean eman beharreko lanaldiak dituzten langileek eskubidea izango dute eranskinaren 4. atalak aipatzen duen mantenu-ordainaren zenbatekoa jasotzeko edo; bestela, eranskinaren 2. atalean aurreikusitako otordu-gastuaren konpentsazioa hartzeko; betiere, zerbitzuaren premiak direla-eta, mantenua lantokitik kanpo egin behar bada.
Goi-mailako eta Egiterapen Eskaletako kategorientzat erreserbatutako lanpostuak betetzen dituzten langileek eskubidea izango dute dekretu honen 4. eranskinean aurreikusitako mantenu-ordainaren zenbatekoa jasotzeko edo; bestela, 2. eranskinaren atalean aurreikusitako otordu-gastuaren konpentsazioa hartzeko; betiere, zerbitzuaren premiak direla-eta, ordutegi zatitua duten lanaldiak egin behar dituztenean.
Abenduaren 24an eta 31n gaueko txandan eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean goizeko edo arratsaldeko txandetan laneguna planifikatuta duten eta benetako zerbitzuak berorien iraupen osoan egiten dituzten langileek eskubidea izango dute bi otordu-gasturen konpentsazioa jasotzeko justifikatuta, edo 42 euro justifikatu gabe, baldin eta jantoki-zerbitzua duten polizia-instalazioetan ez badaude.
Ekintza terroristaren edo kale borrokaren ondorioz, ertzainen ibilgailu partikularrek izandako kalteak Herrizaingo Sailak ordainduko ditu, ibilgailuaren salmenta-prezioaren eta erabilera-balioaren arteko diferentziaren zenbatekoarekin. Ezbeharra jasandako ibilgailu bakoitzeko 1.500 euroko gutxieneko kalte-ordaina bermatuko da, baina beti ezinbesteko baldintza izango da ibilgailua aseguratuta egotea. Kalte-ordaina ordainduko da Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eta/edo Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak izapideak eta abonua egin eta gero. Peritatze-lana Peritu Tasatzaileen Lanbide Elkargoaren bidez burutuko da. Kalte-ordain hori bakarrik ordainduko da Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoak aldeko ebazpena eginez gero.
Herrizaingo Sailak, interesdunek hala eskatuta, segurtasun-arrazoiengatik matrikula-aldaketa izapidetuko du, berorientzat gasturik eragin gabe, eta eskubidea izango dute arrazoi horrengatik sortutako gastu hauen kalte-ordaina jasotzeko: tasak (egonez gero), matrikula-plaken kostua eta IATaren kostua.
Herrizaingo Sailak BTP eta C-1 gidabaimenen berritzea osorik ordainduko du, argazki-gastuetarako gehienez 10 euro jarriz.
Esku-hartze polizialaren ondorio zuzenagatik funtzionarioaren jabetza pertsonaleko objektu edo janzki bat hondatzen denean, eta berori konpondu edo birjarri egin behar bada, funtzionarioak gastuaren konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango du dekretu honen eranskin honetako 7. paragrafoan ezarritako zenbatekora arte.
Helburu horrekin, funtzionarioak Herrizaingo Sailak ezarritako inprimakia bete eta, horrekin batera, polizia-jarduera eragin zuen egitate eta gorabeherei buruzko txostena aurkeztu beharko du, unitate-burutzaren oniritziarekin; konpentsatzeko eskatu nahi den gastuaren jatorrizko faktura erantsita.
Agindu honen babesean ordain daitezkeen kasuak hauek dira:
Funtzionarioen objektuen edo janzkien hondaketa; hain zuzen, esku-hartzeetan edo entrenamenduetan besterekiko jazarpena, erasoa edo borroka direla-eta gertatutakoa.
Funtzionarioen elementu baten narriadura edo kaltea, zabarkeriaz erabili ez bada, beren lana betetzeko baliatzen denean eta burututako jarduera lanpostu bakoitzari esleitutako zereginen barruan egonez gero.
Ez dira ordainduko objektuak edo janzkiak konpondu edo birjartzeko gastuak polizia-zerbitzua egiteko beroriek erabiltzea egokia edo bidezkoa ez denean.
Kanpoan gelditzen dira interesdunaren zabarkeriaz, utzikeriaz, iruzurkeriaz edo fede txarrez gertatutako kalteak, baita ezinbesteko kasuak ere.
Unitate-burutzak ertzainari agintzen badio uniformeaz bestelako jantziekin lan egiteko eta lanaldi hori benetan gertatzen bada urte natural bereko berrogeita bost eta laurogeita hamar egunen artean, horrek eskubidea izango du urte bakoitzaren amaieran 129,47 euroko konpentsazioa jasotzeko. Egoera hori urte berean laurogeita hamar egunetan baino gehiagotan luzatuz gero, konpentsazioaren zenbatekoa 388,43 eurokoa izango da. Kalte-ordain hori ez zaie aplikatuko artikulu honen bigarren atalak aipatzen dituen langileei.
Xede horietarako, kontuan hartuko da uniformeaz bestelako jantziekin zerbitzua egiteko agindua ematen den lanaldi bakoitza, taktikaren benetako iraupena edozein dela ere.
Behar den zenbatekoaren sarrera hurrengo urteko lehenengo bi hilabeteetan egingo da; baina, horretarako, unitate-burutzak zerbitzu-aginduaren zioak eta urte natural bakoitzeko indarraldi-denbora azaltzeko idazkia eman beharko du.
Ertzaintzako babes eta esku-hartze unitateetan zerbitzuak ematen dituzten langileek urtero 930,78 euroko kopurua jaso ahalko dute uniformeaz bestelako jantziak erosteagatik egindako gastuen konpentsazio gisa, beharrezko justifikazio-faktura aurkeztu ondoren. Konpentsazioaren zenbatekoa ez da inola ere aurkeztutako fakturen bidez egiaztatutako gastua baino handiago izango.
Konpentsazioa ordaindu ahal izateko unitate-burutzak emandako aldeko txostena beharko da; hain zuzen, lana egin behar den moduarekiko eskuratutako jantzi-motaren egokitasunari buruzkoa, hori baita konpentsazio horren funtsa.
Goi-mailako eta Egiterapen Eskaletako kategorientzat erreserbatutako lanpostuak betetzen dituzten langileek, uniformeaz bestelako jantziak beharrezkoak diren ordezkaritza-lanak egin behar dituztenean, urtero horretarako kalte-ordaina jaso ahalko dute, zenbateko berarekin eta aurreko atalean ezarritako baldintza berberetan.
Ordain daitezkeen gastuen justifikazioa kalte-ordain mota guztietarako diren betekizun hauetara egokituko da:
Gastuak likidatzeko Giza Baliabideen Zuzendaritzak onartutako eredu normalizatua betetzea. Eredu hori interesdunak sinatu eta, halaber, unitate-burutzak ontzat eman behar du, gastua eragin duen zerbitzuaren beharrari dagokionez. Gainera, Segurtasun Administrazioko Laguntza Zerbitzuaren administrazio-buru arduradunaren onespena behar da araudi aplikagarriaren betetzearen inguruan.
Egindako gastuen jatorrizko frogagiri guztiak aurkeztea, dekretu honetan berariaz salbuetsitako kasuetan izan ezik.
Otordu-gastuak fakturen bitartez justifikatu beharko dira. Frogagiria mahaikide batzuei dagokienean, berorien izen-abizenak eta kargua agertuko dira. Kreditu-txartelen frogagiriak ez dira onartuko.
Mantenu-ordainen kasuan ez da beharrezkoa izango gastuaren frogagiririk aurkeztea.
Garraio publikoan egindako bidaiengatiko gastuen kasuan jatorrizko txartela edo faktura aurkeztu beharko da eta beroriek, ahal denean, eskatzailearen izenean egon beharko dute. Ibilgailu partikularra erabiliz gero, ibilgailuaren datuak jasoko dira; baita egozteko moduko gastuengatik eskatzailearen izenean emandako jatorrizko ordainagiria, tiketa edo faktura ere.
Nahitaezko zerbitzu eginkizunen kasuan, beharrezko kalte-ordainak abonatzeko, organo eskudunaren ebazpena beharko da. Ebazpen horretan jatorrizko lantokia, zerbitzu eginkizunetarako destinoa eta horren iraunaldia zehaztuko dira.
Izapide judizial, abokatuekiko kontsulta edo Diziplina Unitatearen zitazioetara joan behar den kasuetan, likidazioarekin batera jatorrizko ziurtagiri hauek erantsiko dira: Epaitegiak emandakoa, Herrizaingo Saileko zerbitzu juridikoarena, abokatu partikularrarena edo Diziplina Unitatearena. Guztietan hasiera eta amaiera-ordua agertuko dira.
Nahitaezko osasun-azterketa edo mediku-kontsultetara joan behar den kasuetan, bertaratzeko nahitaezkotasuna eta hasiera eta amaiera orduak jasotzen dituen zerbitzu medikoaren frogagiria erantsi eta, halaber, Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako eredu normalizatua beteko da.
Gastua faktura bidez egiaztatzen denean, jatorrizkoa izan beharko du eta ezarritako legezko baldintzak bete beharko ditu (zenbakia eta, hala badagokio, fakturaren seriea; emailearen izen-abizenak edo izen sozial osoa, egoitza eta IFZ; eman den eguna eta egindako zerbitzuen xehetasuna, zerga-aurreko unitate-prezioa barne; baita BEZaren arauzko zehaztapena ere).
Gastua tiket bidez egiaztatzen denean, tiket horrek indarreko legeriak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak bete beharko ditu, hau da: zenbakia eta seriea, tiketa eman duenaren IFZ, zerga-tasa aplikagarria edo «BEZa barne» espresioa eta zenbateko osoa, egindako zerbitzuen xehetasuna eta eman den eguna.
Polizia-zerbitzu bereziak egiteagatik funtzionarioei eragindako gastuen kasuan, hala gomendagarri egiten duten segurtasun pertsonaleko edo ikerketa isilean gordetzeko arrazoiak daudenean, Ertzaintzaren zuzendariak erabaki arrazoitua eman ahalko du funtzionarioak ostatuko frogagiriak aurkeztetik salbuesteko, jasotzaileen izen-zerrenda eta abonatu beharreko zenbatekoa adierazita.
Ebazpenak zehaztu egin behar du salbuespena ematen duen aldia. Nolanahi ere, salbuespena hiru hilez behin berritu beharko da.
artikulu. Konturako aurrerakinak.
Aurretiaz jaso ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko edo barruko lekualdaketei dagozkien bidaia-sari eta gastuengatiko kalte-ordainen zenbateko balioetsiak; hain zuzen, Sailak edo unitate-burutzak deitutako bilera edo jardueretara joateko, baina horrek ez du aurrerakin osoaren edo zati baten itzulketa egitea edo kalte-ordain handiagoa ematea eragotziko, betiere frogagirien arabera.
Aurrerakinak izan daitezke:
Iraunkorrak, denboraren joanean iraunkorra den zenbateko finkoko gastu-aurreikuspenari dagozkionean, polizia-lanarekin zuzen loturik dagoen eta lantokiaren kokapenarekin eta prestakuntza-ikastaroekin zerikusirik ez duen aurreikuspena baita. Aurrerakin horien helmuga banakoa edo lan-taldekoa izan daiteke.
Noizbehinkakoak, bidaia bakarrerako egiten direnean; justifikatutako lan-arrazoien ondorioz, hurrengo bidaia egin baino lehen interesdunek likidazioa aurkezterik ez dutenean izan ezik. Aurrerakin horiek pertsona batentzat edo batzuentzat izan daitezke.
Aurrerakinak eman ahal izateko hau behar da:
Giza Baliabideen Zuzendaritzak aurrerakina eskatzeko ezarritako eredua betetzea, interesdunak sinatuta.
Oniritzia emateko baimendutako pertsonen berariazko baimena edo onarpena, hauek izango baitira: unitate-burutza, egin beharreko zerbitzuari dagokionez; eta Segurtasun Administrazioko Laguntza Zerbitzuen administrazio-buru arduraduna, araudi aplikagarriaren betetzearen inguruan.
Dagokion aurrekontu-atalean saldoa egotea.
Eskatzaileak lehenagoko aurrerakinik justifikatu gabe ez izatea.
Ez da inola ere zerbitzuarengatiko kalte-ordainen gaineko konturako aurrerakinik emango ez baimenduko, baldin eta ordaindu beharreko zenbatekoa 100 eurotik beherakoa bada edo artikulu honetan ezarritako baldintzak guztiak betetzen ez badira.
Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ematen duen jarduera edo zerbitzu-eginkizuna amaituta, interesdunak aurkeztu beharko ditu gehienez hamar eguneko epean noizbehinkako aurrerakinen kasuan eta hilabeteko gehienezko epean aurrerakin iraunkorretarako eskubidez dagozkion kalte-ordainen frogagiriak, aurreratuta egon edo ez, eta hori Giza Baliabideen Zuzendaritzak onartuko duen eredu normalizatuan formalizatuko da, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena jaso ondoren. Eredu horrek gutxieneko edukia izan beharko du likidatutako zenbatekoak egiaztatu ahal izateko.
Gastu aurreratuen likidazioak Administrazioaren aldeko saldorik badu, interesdunak hamar eguneko epe berean soberako zenbatekoaren itzulketa-frogagiria aurkeztuko du justifikatzeko ereduan adierazten den kontuan dirua sartuta.
Aurreratutako kopuruak justifikatu ezik edo itzuli beharreko kopuruak aurreikusitako epean bueltatu ezik, Administrazioak ez du beste aurrerakinik izapidetuko, ezta emango ere. Giza Baliabideen Zuzendaritzak Ertzaintzaren Diziplina Unitateari horren berri emango dio.
Lehenengoa. Salbuespenezko kasuak.
Dekretu honetan jasota ez dauden salbuespenezko kasuetan, uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 79.2 artikuluan xedatutakoaren arabera ordaindu behar diren zerbitzuaren ondoriozko gastuak sortzen direnean, beharrezko ordainketa Herrizaingo Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak onartuko du, Segurtasuneko sailburuordearen txostena jaso ondoren.
Bigarrena. Zerbitzu enpresekin itunak egitea.
Herrizaingo Sailak agentziako prestazioak kontratatu ahal izan ditu, baita dekretu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eragin ditzaketen gastuak ordaintzeko beste batzuk ere; baina, dekretu honetan aurreikusten diren gastuetarako muga eta baldintzetara egokituko dira.
Hirugarrena. Prestakuntza jardueretarako bertaratzeen baremoak.
Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak gaitasuna izango du Dekretu hau indarrean sartzen denetik hiru hilabeteko epean bertaratzeen zenbatekoak finkatzen dituzten baremoak eguneratu eta argitaratzeko, hain zuzen, Ikastegiak antolatutako prestakuntza-jardueretan behin-behingoz eta ohikoa ez den moduan emandako laguntzagatik.
Laugarrena. Izapidetze elektronikoa.
Herrizaingo Sailak eredu normalizatuak digitalizatu egingo ditu; horrela, dekretu honetan aurreikusitako kalte-ordainak telematikoki bete eta izapidetzeko.
Dekretu hau indarrean sartu baino lehenago sortutako kalte-ordainek bere garaian aplikatzekoa zen araudian ezarritakoa beteko dute.
Dena den, dekretu honetan aurreikusitakoa atzeraeraginez aplikatuko zaie 2012ko urtarrilaren 1etik eragindako kalte-ordainei.
Halaber, 27. artikuluaren laugarren atalean xedatutakoa atzeraeraginez aplikatuko zaie 2011ko abenduaren 24tik eragindako kalte-ordainei.
Era berean, lehen idatzzatiko bigarren paragrafoan jasotako aurreikuspenak, bigarren idatzzatikoak, Interbentzio Unitatean zerbitzu ematen duen pertsonala ukitzen duten heinean, eta hirugarren idatzzatian jasotakoak, guztiak 29. artikulukoak, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo beheragoko xedapenak.
Lehenengoa. Zenbatekoen berrikusketa.
Dekretu honen eranskinean ezarritako kalte-ordainen zenbatekoa aldatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen eremuan zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruz aplikagarria den Dekretuan aurreikusitako zenbatekoen une eta proportzio berean, horiek berrikusten direnean eta beroien zenbatekoen azpitik egonez gero.
Bigarrena. Kalte-ordainen fiskalizazioa.
Gastuen gain dekretu honetan aditzera ematen den kontu-hartzeko kontrola aurreratutako fondoen gaineko kontralari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuko 18.3 artikuluan aurreikusitako moduan gauzatuko da.
Dekretu honen III. eta IV. kapituluetan aipatzen diren zerbitzuarengatiko gastuen Abil Construcciones, S.L., aurrerakinei, hala egokituz gero, funts arrunt aurreratuen erregimenari dagokion araudia eta berori garatzeko xedapenak aplikatuko zaizkie.
Hirugarrena. Garapen-xedapenak.
Herrizaingo Sailak, dekretu honetan ezarritakoa aplikatze aldera, beharrezkoak diren garapen-xedapen guztiak emango ditu.
Laugarrena. Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko urtarrilaren 17an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.
Bidaia-gastuak:
Ibilgailu partikularra edo motozikleta erabiltzeagatiko kalte-ordainari aplikatuko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat izaera orokorrez aplikatu beharreko araudian aurreikusitako zenbatekoak.
Otordu-gastuak:
Bazkari eta afariei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat izaera orokorrez aplikatu beharreko araudian aurreikusitako mugak ezarriko dira.
Gosari-gastua, abonatzea bidezkoa denean, gehienez mantenu-ordain osoaren % 15az ordainduko da. Mantenu-ordain hori Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat izaera orokorrez aplikatu beharreko araudian aurreikusita dago.
Mantenu-ordain orokorra:
Mantenu-ordain orokorrak erreferentziatzat hartuko du Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat izaera orokorrez aplikatu beharreko araudian aurreikusita dagoena. Kasu bakoitzean ordain daitekeen dietaren zenbatekoa dieta osoari edo dieta erdiari dagokiona izan daiteke; baina, hala egokituz gero, horrek ez du eragotziko gosariagatiko dieta osoaren % 15 abonatu ahal izatea.
Mantenu-ordain berezia:
Aukerako mantenu-ordaina 14 eurokoa izango da artikulu hauetan aurreikusten diren kasu hauetan: 14.a (Egun librean lana egitea), 15.a (Zerbitzurik gabeko txanda planifikatuan lana egitea), 25.a (Lan-txanda luzatzeagatiko kalte-ordaina), 26.a (Pertsonak babesteko berariazko zerbitzua emateagatiko kalte-ordaina); baita 27. artikuluaren 2., 3. eta 4. paragrafoak ere.
Etxez aldatzeagatiko kalte-ordaina:
Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat izaera orokorrez aplikatu beharreko araudian aurreikusita dauden zenbatekoak aplikatuko dira.
Langileak hautatzeko prozesuak ebazteko ardura duten epaimahaietan parte hartzeko bertaratzeak:
Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioentzat izaera orokorrez aplikatu beharreko araudian aurreikusita dauden zenbatekoak aplikatuko dira.
Objektuen eta janzkien birjarpena edo konponketa, 28. artikuluan aurreikusita baitago.
Muga kuantitatibo hauek ordaindu ahalko dira:
Betaurrekoak/ lentillak: 120 euroraino.
Ordularia, 120 euroraino.
Galtzak eta gona, 60 euroraino.
Alkandora edo antzekoa, 48 euroraino.
Txamarra, 150 euroraino.
Jaka, 150 euroraino.
Oinetakoak, 60 euroraino.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Aldatutakoa: 215/2025 DEKRETUA, azaroaren 4koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua.
- Aldatutakoa: 267/2017 DEKRETUA, abenduaren 5ekoa, Ertzaintzan jasotzen diren ordainsarien eta konpentsazioen araubidea zati batean aldatzen duena.