Arautegia

Inprimatu

78/2022 DEKRETUA, ekainaren 21ekoa, Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretua aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 133
  • Hurrenkera-zk.: 3135
  • Xedapen-zk.: 78
  • Xedapen-data: 2022/06/21
  • Argitaratze-data: 2022/07/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Sailak

Testu legala

Otsailaren 25eko 3/2004 legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.1 artikuluan xedatzen duenez, Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak eta haien aldaketak ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera egin, onartu eta publikatuko dira. Lege horren 10.2 artikuluak adierazten duenez, estatutu horiek, horien aldaketak eta era orokorrean aplikatzeko Unibertsitatearen gobernu-organoek ematen dituzten xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean emango dira argitara eta testuak erabat publikatu arte ez dira indarrean sartuko.

Euskal Herriko Unibertsitatearen klaustroak bere estatutuen erreforma onartu du 2021eko azaroaren 25ean eta onartutako aldaketak eta estatutu berrien testua Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuari helarazi dizkio, legezkotasun-kontrolerako.

Ildo horretan, Euskal Herriko Unibertsitatearen Klaustroaren estatutuak indarreko legeriara nola egokitzen diren aztertu ondoren, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 21ean egindako bileran onartu ondoren, hau

Lehenengoa. 20. artikuluaren 1. apartatuaren aldaketa. Erredakzio hau izango du:

Campusetako ikasleen kontseiluetako ordezkariek, ikasleek Gobernu Kontseiluan dituzten ordezkariek eta, gutxienez, zentro eta atal bakoitzeko ikasleen kontseiluko ordezkari banak osatuko dute ikasleen ordezkaritza-organoa den EHUko Ikasleen Kontseilua. Zentro edo ataleko ikasleen kontseiluetako ordezkarien kopurua zentro bakoitzeko ikasleen araberakoa izango da eta zentro edo atal bakoitzeko ordezkari bat, gutxienez, bermatuko da. Kideek kideen artean aukeratuko dute presidentea.

Bigarrena. 21. artikuluaren aldaketa. Erredakzio hau izango du:

  1. Campus Batzordeko ikasleen ordezkariek eta Campuseko ikasleek Gobernu Kontseiluan dituzten ordezkariek osatuko dute Campuseko Ikasleen Kontseilua.

  2. Campuseko ikasleen kontseilu bakoitzak kideen artean izendatuko du presidentea. Presidenteak edo eskuordetzen duen pertsonak EHUko Ikasleen Kontseilua osatuko du.

  3. Hauek izango dira Campuseko Ikasleen Kontseiluaren egitekoak:

    1. EHUren aurrekontuetan jasota agertzen den aurrekontua nola banatuko den erabakitzea.

    2. Campusean kokatzen diren zentroko ikasleen kontseiluen jarduerak lagundu eta sustatzea.

    3. Ekimenak eta ikasleei dagozkien gatazkak konpontzeko prozesuak, dituen eskuduntzen markoan, kudeatzea.

    4. Behar izanez gero, ikasleen eskubideak bermatzeko neurrietan Ikuskaritza Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea.

    5. Estatutu hauetan eta berauek garatzeko araudian agintzen zaizkion jarduerak aurrera eramatea.

  4. Campus bakoitzak du, Unibertsitateko organo orokorrekin lankidetzan, Campus horretako Ikasleen Kontseiluak sustatuko dituen jarduerak antolatu eta aurrera eramateko laguntza ematearen ardura.

    Hirugarrena. 22. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak aldatzea. Erredakzio hau izango dute:

  1. Ikasleek Zentroko Batzordean dituzten ordezkariek, zentroko ikasleek Klaustroan dituzten ordezkariek eta zentroko delegatuen ordezkariek osatuko dute zentro edo atal bakoitzeko Ikasleen Kontseilua. EHUko Ikasleen Araudian xedatutakoaren arabera jokatuko da Ikasleen Kontseilu hori gobernatzeko orduan.

  2. Zentro bakoitzeko Ikasleen Kontseiluak bere kideen artean aukeratuko du presidentea. Presidenteak, edo eskuordetzen duen pertsonak, EHUko Ikasleen Kontseilua osatuko du.

    Laugarrena. 169. artikuluaren bigarren eta hirugarren tartekiak aldatzea. Erredakzio hau izango dute:

    19 (% 8) lotura iraunkorra duten irakasle ez-doktoreei eta lotura iraunkorrik ez duten irakasle doktoreei dagozkie.

    4 (% 1,59) pertsonal irakasle eta ikertzaileari dagozkio.

    Bosgarrena. 175. artikuluaren 1. apartatuaren b) letra aldatzea. Erredakzio hau izango du:

    1. Unibertsitate Klaustroan aukeratutako 20 pertsona gehiago. Haietako 8 Unibertsitateari era iraunkorrean lotuta dauden irakasle doktoreen ordezkariak izango dira, 2 doktorea den pertsonal irakasle eta ikertzaile ez iraunkorraren eta irakasle ez-doktore iraunkorren ordezkariak, 1 beste pertsonal irakasle eta ikertzailearen ordezkaria, 5 ikasleen ordezkariak, haietako 1, gutxienez, graduondokoa, eta 4 administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkariak. Aipatutako sektore bakoitzak kideen artean aukeratuko ditu pertsona horiek.

      Seigarrena. 245. artikuluaren 1. apartatua aldatzea. Erredakzio hau izango du:

      Errektorea, edo eskuordetzen duen pertsona, izango da Klaustroko Estatutu Batzordeko burua, eta idazkari orokorra izango da batzordekidea. Gainera, pertsonal irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorreko lau ordezkarik, pertsonal irakasle eta ikertzaile doktore ez iraunkorreko eta pertsonal ez doktore iraunkorreko ordezkari batek, pertsonal irakasle eta ikertzailearen ordezkari batek, ikasleen bi ordezkarik eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren bi ordezkarik osatuko dute Estatutu Batzorde hori eta aipatutako sektore bakoitzeko kideek Klaustroan aukeratuko dituzte ordezkari horiek. Aukeratzeko prozesuan, emakume eta gizonen presentzia orekatua izateko bitartekoak jarriko dira.

      Zazpigarrena. Xedapen gehigarri bakarra. Lotura iraunkorreko pertsonal irakasle eta ikertzaile ez doktorearen unibertsitate-komunitateko sektoreari estatutuetan egiten zaizkion aipamenak.

      Estatutuen erreforma hau indarrean sartzen denetik, pertsonal ez doktore iraunkorraren unibertsitate-komunitateko sektoreari egiten zaizkion erreferentziak pertsonal irakasle eta ikertzaile ez doktore iraunkorraren eta pertsonal doktore ez iraunkorraren sektoreari egiten zaizkiola interpretatuko da.

      Zortzigarrena. Lehen xedapen iragankorra. EHUko Ikasleen Kontseiluaren, campusetako Ikasleen Kontseiluen eta zentro edo ataleko Ikasleen Kontseiluen osaketa.

      Azken xedapenetako lehenean aipatzen diren arau-aldaketak indarrean sartu arte, EHUko Ikasleen Araudian ezarritakoaren arabera jokatuko da EHUko Ikasleen Kontseiluaren, campusetako Ikasleen Kontseiluen eta zentro edo ataleko Ikasleen Kontseiluen osaketa erabakitzeko orduan, eta araudi horretan ezarritakoaren arabera beteko dira bakanteak.

      Bederatzigarrena. Bigarren xedapen iragankorra. Pertsonal irakasle eta ikertzaile ez doktore iraunkorraren sektoreko eta beste pertsonal irakasle eta ikertzailearen sektoreko agintaldiaren iraupena.

      169. artikuluaren bigarren eta hirugarren tartekien, 175. artikuluaren 1. atalaren b) letraren eta 245. artikuluaren 1. atalaren aldaketa indarrean sartzen denean, aukeratuak izan ziren aldiak bukatu arte iraungo du, Klaustroan eta Gobernu Kontseiluan, pertsonal irakasle eta ikertzaile ez doktore iraunkorraren sektoreko eta beste pertsonal irakasle eta ikertzailearen sektoreko ordezkarien agintaldiak. Ordezkariak aukeratuak izan ziren unean indarrean zegoen erregimenaren arabera jokatuko da bakanteak betetzeko orduan.

      Halaber, unibertsitateko gobernu-organo eta ordezkari batzuei aplikatuko zaie aurreko paragrafoan ezarritakoa, haien osaketa unibertsitate-komunitateko sektore desberdinek klaustroan dutenaren antzekoa baldin bada.

      Hamargarrena. Azken xedapenetako lehena. Ikasleen erregelamenduaren arau-egokitzea.

      Gobernu Kontseiluak, EHUko Ikasleen Kontseiluari entzun ondoren, behar diren arau-aldaketak onartuko ditu, EHUko Ikasleen Araudia eta EHUko Ikasleen Kontseiluaren, campusetako Ikasleen Kontseiluen eta zentro edo ataleko Ikasleen Kontseiluen arautzea estatutuetara egokitzeko, bederatzi hilabeteko epean, EHUko estatutuen 20., 21. eta 22. artikuluen aldaketa indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.

      Hamaikagarrena. Azken xedapenetako bigarrena. Beste erregelamendu batzuen arau-egokitzea.

      EHUko organo eskudunek behar diren arau-aldaketak onartuko dituzte, Klaustroan ordezkariak dituzten unibertsitate-komunitateko sektoreen kide anitzeko gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaketa estatutuetara egokitzeko asmoz, bederatzi hilabeteko epean, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuen 169. artikuluaren bigarren eta hirugarren tartekien, 175. artikuluaren 1. apartatuaren b) letra eta 245. artikuluaren 1. apartatuaren aldaketa indarrean sartu zenetik kontatzen hasita.

      Halaber, arau-egokitze hori EHUko Hauteskunde Erregimen Orokorraren Erregelamenduari ere aplikatuko zaio.

      Vitoria-Gasteizen, 2022ko ekainaren 21ean.

      Lehendakaria,

      IÑIGO URKULLU RENTERIA.

      Hezkuntzako sailburua,

      JOKIN BILDARRATZ SORRON.