Arautegia
Inprimatu204/2007 DEKRETUA, azaroaren 20koa, Euskadiko Unibertsitate Kontseilua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 234
- Hurrenkera-zk.: 6789
- Xedapen-zk.: 204
- Xedapen-data: 2007/11/20
- Argitaratze-data: 2007/12/05
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eginkizunak eta osaera aldatzen du (kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Antolamenduari buruzko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen bidez sortu zen).
Euskadiko Unibertsitate Kontseilua euskal unibertsitate-sistemaren koordinazio-organoa da eta unibertsitateen gaietan Eusko Jaurlaritzak duen kontsulta- eta aholku-organoa. Organo horrek informazioa trukatzeko aukera ematen die Jaurlaritzako instantziei -euskal unibertsitate-sistemaren funtzionamendua bermatzearen erantzuleak diren heinean-, unibertsitateetako instantziei -euskal gizartearen interes orokorrei eragiten dien prestazioa egiten duen zerbitzu publikoa izaki- eta euskal gizarteari berari -unibertsitate-zerbitzuen helburuko hartzailea den heinean-. Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, egindako aldaketen bidez, unibertsitatea gizartera gehiago hurbildu nahi da eta, horretarako, gizarteari euskal unibertsitate-sistemaren koordinazio-organoetan parte hartzeko aukera ematen zaio.
Dekretu honen helburua kide anitzeko organo honen araubide juridikoari dagozkion oinarrizko alderdiak arautzea da, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean jasotako araudi berrira albait arinen egokitu dadin.
Horrenbestez, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenari jarraiki, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari horren berri emanda, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko azaroaren 20an egindako bileran horren gainean eztabaidatu eta erabaki ondoren, honakoa
– Euskadiko Unibertsitate Kontseilua euskal unibertsitate-sistemaren koordinazio-organoa da eta unibertsitateen gaietan Eusko Jaurlaritzak duen kontsulta- eta aholku-organoa.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseilua, erakundeen eta gizartearen partaidetzarako organo den heinean, informazioa emateaz eta erabakiak hartzeaz arduratuko da.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak unibertsitateen gaietan eskumena duen sailaren edo Eusko Jaurlaritzaren gaiei buruz egiten dituen txostenak ez dira lotesleak izango Jaurlaritzarentzat. Gainerako erabakiak, aho batez hartzen direnean, kasuan kasu ematen zaien eraginkortasuna izango dute, baina inolaz ere ez dira lotesleak izango Jaurlaritzarentzat.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseilua unibertsitateen gaietan eskumena duen sailera atxikita egongo da eta honen aurrekontuen kontura finantzatuko da.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseilua unibertsitateen gaietan eskumena duen sailaren egoitza nagusian kokatuta egongo da, sail horretara atxikitako organo den heinean.
Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 65.2 artikuluarekin bat etorriz, hauexek dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eginkizunak:
Jaurlaritzari, unibertsitateen gaietan eskumena duen sailari eta unibertsitate bakoitzari aurkezten dizkioten gai guztien inguruan aholku ematea.
Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legea garatze aldera ematen diren xedapen orokorreko proiektuen berri izatea.
Jaurlaritzak berak jaso aurretik, unibertsitate berriak sortzeko edo onartzeko lege-proiektuen berri izatea.
Unibertsitateko ezagutza- eta prestakuntza-premien berri izatea eta ematea, baita alderdi horiei dagokienez dagoen gizarte eskaerari zenbateraino erantzuten zaion jakitea eta ezagutaraztea ere.
Unibertsitate bakoitzean ezarritako titulazioen eta ikasketa-planen egoerari eta bilakaerari buruzko informazioa jasotzea eta ematea eta, bereziki, titulazioen sistema goi-mailako irakaskuntzaren Europako sisteman barnera dadila sustatzea.
Unibertsitateei elkarren artean informazioa trukatzeko aukera ematea.
Unibertsitateek batera jarduteko programak bultzatzea, nagusiki ikerketaren eremuari eta irakaskuntzan eta kudeaketan kalitatea ezartzeko eremuari dagokienez, eta unibertsitateak Europako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sisteman barnera daitezela sustatzea.
Euskal kulturaren arloan beste unibertsitate batzuekiko lankidetza-programak bultzatzea.
Unibertsitateek, interes orokorreko programak gauzatze aldera, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuekin elkarlanean aritu daitezen sustatzea. Bereziki, unibertsitateek enpresekin dituzten harremanak sustatuko ditu eta Jaurlaritzak eremu honetan abiarazten dituen ekimenen berri emango du.
Ikasketetarako beken eta laguntzen arloko oinarrizko arauen berri ematea.
Oro har, unibertsitateen arteko lankidetzari eta euskal unibertsitate-sistemaren kalitate eta nahikotasunari dagokienez interesgarritzat jotzen diren gaiak ezagutzea, ezagutaraztea eta proposatzea.
Unibertsitateen euskal sarea sustatzea, irakaskuntza, ikerketa eta kultura-ekimenak koordinatuta eta unibertsitate horietako ikasleen eta irakasleen mugikortasuna ahalbidetuta, euskara eta euskal kultura indartzearren.
Legez edo arauz ematen zaion beste edozein eginkizun.
– Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 66.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskadiko Unibertsitate Kontseilua honakoek osatuta egongo da:
Unibertsitateen gaietan eskumena duen saileko sailburua, presidente.
Unibertsitateen gaietan eskumena duen saileko sailburuak hautatutako bost kide, horien artean, unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuordea, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko presidenteorde gisa.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
Euskal unibertsitate-sistemako gainerako unibertsitateetako errektoreak.
Unibertsitateetako edo indarreko legeriarekin bat etorriz sortutako organo baliokideetako gizarte-kontseiluetako presidenteak.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izendatutako bi kide.
Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurralde historikoetako diputatu nagusiak, edo horien ordezkoak.
Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) ordezkari bat.
Gizarteko kide bat, unibertsitateen arlokoa ez dena, baina unibertsitateen ordezkari gisa jardungo duena. Kide hau Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoak izendatuko du, presidentearen proposamenari jarraiki.
Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluko burua.
– Dagokien ordezkaritza gorabehera, Kontseiluko kideek une oro unibertsitate-hezkuntzaren interes orokorrak aintzat hartuta gauzatuko dituzte beren eginkizunak eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean adierazitako helburuak betetzen direla zainduko dute.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko idazkaria presidenteak izendatuko du, Kontseiluko kideen artetik edo unibertsitateen gaietan eskumena duen sailera atxikita dauden A taldeko kidegoetako funtzionarioen artetik.
– 1.b) idatz-zatian aipatu den kideen izendapena Eusko Jaurlaritzak egingo du, dekretu bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 1.f) eta 1.h) idatz-zatietan aipatu diren kideen izendapenak, hurrenez hurren, errektoreak eta presidenteak jakinaraziko dizkiote Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko idazkariari, eraginkorrak izan daitezen. Ondoren, izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. 1.i) idatz-zatian aipatu den kidearen izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
– Hauexek dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko presidentearen eginkizunak:
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren ordezkari gisa aritzea eta horren bozeramailea izatea.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko zuzendari gisa aritzea eta horren funtzionamendua egokia dela ziurtatzea.
Legeak betetzen direla ziurtatzea.
Bilkura arrunt eta apartekoetarako deialdia eta eguneko aztergaien zerrendaren finkapena erabakitzea. Horretarako, kontuan hartuko ditu Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko gainerako kideek deialdia egin baino behar beste denbora lehenago egindako eskaerak.
Bilkuren buru izatea, eztabaiden garapena moderatzea eta berauek justifikatutako kariengatik etetea.
Berdinketak ebaztea, erabakiak hartze aldera.
Batzorde Iraunkorra, Goi Mailako Irakaskuntzaren Europako Sistemaren Bilakaera Batzordea eta, hala bada, lan-batzordeak osatuko dituzten Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideak aukeratzea.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren erabakien ziurtagiriak eta aktak ikusi eta onestea.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Araudian zehazten den edo kide anitzeko organoko presidente den heinean datxekion beste edozein eginkizun betetzea.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko presidentea presidenteordeak ordeztuko du hura kanpoan edo gaixorik dagoenean, kargua hutsik geratzen bada eta legezko gainerako zioengatik.
– Hauexek dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko idazkariaren eginkizunak:
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoak nahiz haren baitan sortzen diren batzordeek egiten dituzten bileretan hitz eta botoarekin jardutea, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko idazkari gisa bertako kide batek diharduenean, eta hitzarekin baina botorik gabe funtzionarioren batek diharduenean. Bilera horietako akta egingo du eta, bertan, hartutako erabakiak jasoko ditu; horiek ziurtatu egingo ditu eta erakunde eskudunei edo prozeduran interesatuta dauden erakundeei haien berri emango die.
Presidentearen aginduz aurreko idatz-zatian aipatutako organoen bilkuretarako deialdia egitea eta organo horietako kideei abisatzea.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak eta Euskadiko Udalen Elkarteak Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideak aukeratzeko egiten dituzten izendapenak jasotzea.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideek egindako komunikazioak jasotzea, baita jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak ere.
Aferak nola aztertuko diren prestatzea eta bilkuretako aktak baimentzea.
Kontsulta, irizpide eta onartutako erabakien ziurtagiriak ematea.
Urtero, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren gastuen plana eta jardueren memoria prestatzea.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Araudiak ematen dion edo kide anitzeko organoko idazkari den heinean datxekion beste edozein eginkizun.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko idazkaria kanpoan edo gaixorik badago edo dagokion lanpostua hutsik badago, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko presidenteak izendatuko du haren ordezkaria.
Hauexek dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideen eginkizunak:
Deialdia behar beste denbora lehenago jasotzea. Deialdiei bilkuretako aztergaien zerrenda eta bertan aipatzen diren gaiei buruzko informazioa erantsiko zaie.
Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.
Galderak eta eskaerak egitea.
Esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren argibideak eskuratzea.
Kontseiluko kide izateari datxekion beste edozein eginkizun.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko berezko kideek dagokien karguaz jabetzen diren egunetik aurrera gauzatuko dituzte beren eginkizunak eta, horiek amaitzean, kargua utziko dute.
– Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 66.1 artikuluak a), e), g) eta h) idatz-zatietan aipatzen diren berezkoak ez diren kideak bi urterako izendatuko dira eta honako kasu hauetan utziko dute kargua:
Agintaldia amaitzen bada.
Hiltzen badira.
Uko egiten badiote. Hori onartzeko ardura haiek izendatu zituen organoari dagokio. Uko-egitea Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko presidenteak jakinaraziko dio izendapena egin zuen organoari eta honek, hala badagokio, beste kide bat izendatuko du.
Epai irmo bidez zigortzen badira eta horrek enplegu edo kargu publikorako desgaitzea edo halakorik gabe uztea badakar.
Eurak hautatzea edo izendatzea eragin zuen egoera desagertzen bada.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz ordeztuko dira haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, kargua hutsik geratzen bada eta justifikatutako zioren bat dagoenean.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoari dagozkio dekretu honen 2. artikuluan zehaztutako eginkizunak.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoa gutxienez hiru hilez behin bilduko da, edo presidenteak edo gutxienez bost kidek hala egiteko eskatzen dutenean.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, presidenteak eta idazkariak bertan egon behar dute, edo, bestela, beren ordezkoek, eta, gutxienez, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideen erdiak.
– Erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak bere gain hartuko ditu Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak programen eta harremanen inguruan egin behar dituen aholkularitza-, informazio- eta sustapen-lanak. Zehazki, txostenak prestatzeaz eta proposamenak egiteaz arduratuko da; horiek, ondoren, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoari aurkeztuko zaizkio, onets ditzan.
– Batzorde Iraunkorra honakoek osatuta egongo da:
Unibertsitateen gaietan eskumena duen saileko sailburua, presidente gisa.
Unibertsitateen gaietan eskumena duen saileko sailburuak aukeratutako bost kideak.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
Euskal unibertsitate-sistemako gainerako unibertsitateetako errektoreak.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluko burua.
Hiru foru aldundien ordezkari bat.
– Batzorde Iraunkorra hiru hilez behin bilduko da, betiere, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak bilera egin aurretik, edo hala egiteari egoki irizten dionean.
Batzorde Iraunkorra balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, presidenteak bertan egon behar du, edo, bestela, bere ordezkoak, eta, gutxienez, Batzorde Iraunkorreko kideen erdiak. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko idazkaria izango da Batzorde Iraunkorreko idazkaria eta, hala, honek hitza eta botoa izango du. Hura eta hau bera ez direnean, Batzordeko Iraunkorreko idazkariak hitza baino ez du izango.
Erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira.
– Batzorde Iraunkorreko kideei dekretu honen 7. artikuluan horien izendapenari eta kargu-uzteari dagokionez ezarritakoa aplikatuko zaie.
– Hauexek dira Goi Mailako Irakaskuntzaren Europako Sistemaren Bilakaera Batzordearen eginkizunak:
Goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemak duen bilakaeraren jarraipena egitea.
Unibertsitateak eta beren ikasketa-planak goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistemara egokitzeko neurriak sustatzea eta indartzea.
Goi-mailako irakaskuntzaren Europako sistema eraikitzera bideratutako foroetan parte hartzea.
Europako unibertsitateen eta euskal unibertsitate-sistemaren arteko harremanak bultzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak goi-mailako irakaskuntzaren Europako esparruan erabat integratzeko prozesua bultzatzearen ondorioetarako erabilgarria izan daitekeen beste edozein eginkizun.
– Goi Mailako Irakaskuntzaren Europako Sistemaren Bilakaera Batzordea honakoek osatuko dute:
Unibertsitateen gaietan eskumena duen saileko sailburua, presidente gisa.
Unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuordea.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.
Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateetako errektoreak.
Unibertsitateetako edo indarreko legeriarekin bat etorriz sortutako organo baliokideetako gizarte-kontseiluetako presidenteak.
– Goi Mailako Irakaskuntzaren Europako Sistemaren Bilakaera Batzordeari 7. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio.
– Goi Mailako Irakaskuntzaren Europako Sistemaren Bilakaera Batzordean Unibertsitateen Euskal Sarearen Azpibatzordea sortuko da. Azpibatzorde horren eginkizuna unibertsitateen euskal sarea sustatzea izango da, irakaskuntza, ikerketa eta kultura-ekimenak koordinatuta eta unibertsitate horietako ikasleen eta irakasleen mugikortasuna ahalbidetuta, euskara eta euskal kultura indartzearren.
Azpibatzordea honakoek osatuko dute:
Unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuordea.
Unibertsitateetako edo indarreko legeriarekin bat etorriz sortutako organo baliokideetako gizarte-kontseiluetako presidenteak.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak, ezarri zaizkion eginkizunak betetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen lan-batzorde zehatzak sortu ahal izango ditu eta horietan parte hartzeko eskatu ahal izango die interes sozial, profesional, akademiko, sindikal edo ekonomikoen ordezkari gisa diharduten eta, beren eskumen, jarduera, ezagutza edo esperientziak aintzat hartuta, dekretu honen 2. artikuluan adierazitako eginkizunak hobeto betetzen lagun dezaketen pertsonei edo erakundeei.
– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko lan-batzordeetan hori osatzen duten unibertsitateak egongo dira ordezkatuta.
– Sortzen diren lan-batzordeetako buruak eta dagozkien eginkizunak Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko Araudiarekin bat etorriz zehaztuko dira.
– Lan-batzordeek hartutako erabakien berri emango diote Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Osokoari eta horiei buruzko akta egingo dute.
Dagozkion eginkizunak behar bezala betetzeko, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak unibertsitateen gaietan eskumena duen sailak ematen dizkion giza baliabideak, baliabide materialak eta aurrekontukoak erabili ahal izango ditu.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideek zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta horren ondorengo aldarazpenetan jasotakoarekin bat etorriz dagozkion kalte-ordainak jaso ahal izango dituzte.
Kalte-ordain horiek jaso arren, kontzeptu berdinengatik ematen den beste edozein haborokin jaso ahal izango dute.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kideak izendatu eta hautatzerakoan, ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluak ezarritakoaren arabera.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak dekretu honetan eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean jasotako araubide juridiko berrira egokitu behar izango du barne-funtzionamenduko bere araudia. Araudi hori Jaurlaritzaren Kontseiluak onetsi behar du, unibertsitateen gaietan eskumena duen sailak hala proposatuta, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren urteko memorian unibertsitateko hezkuntzak eta goi-mailako hezkuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan duten egoera adieraziko da.
Indarrik gabe geratzen da Euskadiko Unibertsitate Kontseilua arautzen duen azaroaren 17ko 315/1998 Dekretua.
Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko azaroaren 20an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.