Arautegia
Inprimatu272/2006 DEKRETUA, abenduaren 26koa, nezakaritza-ustiategiei aholkuak emateko erakundeei buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 5
- Hurrenkera-zk.: 75
- Xedapen-zk.: 272
- Xedapen-data: 2006/12/26
- Argitaratze-data: 2007/01/08
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiaren bidez, nekazaritza-politika bateratuaren esparruan eman beharreko zuzeneko diru-laguntzen araubideei aplikatu ahal zaizkien xedapen orokorrak ezartzen dira, eta nekazariei laguntzeko araubide jakin batzuk finkatzen dira; halaber, beste araudi hauek aldatzen ditu: 2019/1993 (EEE), 1452/2001 (EE), 1453/2001 (EE), 1454/2001 (EE), 1868/1994 (EE), 1251/1999 (EE), 1254/1994 (EE), 1673/2000 (EE), 2358/1971 (EEE) eta 2529/2001 (EE). Hala, bada, 1782/2003 Araudiak ezartzen du 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen Europako Batasuneko kide diren agintari eskudunek sistema bat ezarriko dutela nekazariei lurren eta ustiategien kudeaketaren inguruko aholkuak emateko. Aholkularitza hori izendatutako erakunde baten edo gehiagoren kontura edo erakunde pribatuen kontura izango da.
Europako Batzordearen apirilaren 29ko 817/2004 (EE) Araudiak ezartzen duenez, nekazaritzaren inguruko aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko hautatu diren agintari edo erakunde pribatuek baliabide egokiak izan beharko dituzte, langile kualifikatuei nahiz administrazio-ekipamendu eta ekipamendu teknikoari dagokionez, bai eta jorratuko dituzten gaiei lotutako esperientzia eta fidagarritasuna ere. Araudi horrek Europako Batasuneko estatuetako agintari eskudunen irizpidearen arabera uzten du aholkularitza-zerbitzua eman behar duten eragileen hautatze-prozesua.
Bai Europako Batasuneko instituzioen bai euskal nekazaritza administrazioaren helburua da, nekazaritza-ustiategien kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuen bidez, jarduera profesionala sustatzea, ustiategi horien errendimendu orokorra hobetu, sektoreko enpresa-dinamika bultzatu eta ustiategietako ingurumen-jokaera hobetzeko. Ildo horri jarraiki, beharrezkotzat jotzen da gure lurralde eremuan aholkularitza-sistema hori martxan jartzea, Europako araudiari jarraiki eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluan ezarrita dagoen moduan, EAEk nekazaritza eta abeltzaintza arloan duen eskumen esklusiboaren arabera. Legezko aukeren artean, eragile pribatuen bidezko aholkularitza-sistemaren aldeko hautua egin da, izan ere, EAEko esparruan badaude zerbitzu hori eskain dezaketen erakundeak, Europako araudiak eskatutako esperientzia eta fidagarritasuna bermatuko dutenak.
Partekatutako helburu hori kontuan izanik, nekazariei zerbitzu horietarako sarrera erraztuko dieten beharrezko sustapen-neurriak eratuko dira, eta, horrez gain, arau egokiak tresnatzat harturik, instituzio eskudunek aholkularitzat aitortuko dituzten erakundeak sortzeko sustapen-neurriak ere ezarriko dira.
Europako egungo araudian ezarritakoaren arabera, nekazaritzaren inguruko aholkularitza-sistemek gaur egungo egoerarentzako hobekuntzak zehaztu eta proposatu beharko dituzte, ingurumenaren, osasun publikoaren, animalien osasunaren, landareen osasunaren eta animalien ongizatearen arloko arauei dagokienez. Hain zuzen ere, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak emateko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeari buruzko urtarrilaren 25eko 20/2005 Dekretuaren bidez ezarri dira nahitaezko aholkularitza-esparru minimoa osatzen duten legezko kudeaketa-betekizunak eta nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokiak EAErako. Dekretu horretako Azken Xedapenetatik bigarrenak zehazten duenez, aipatutako betekizunak eta baldintzak 2005eko urtarrilaren 1etik daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan.
Dekretu hau egiterakoan, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Foru Aldundiei eta, era berean, lanbideko erakundeei.
Horrenbestez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak proposaturik, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2006ko abenduaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan nekazaritza-ustiategientzako aholkularitza-zerbitzuek bete behar dituzten baldintzak arautzea, Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Arautegiko II. tituluko 3. kapituluan xedaturikoaren ondorioetarako, bai eta aholkularitza-zerbitzua eskaintzen duten erakunde pribatuak aitortzea ere.
– Erabateko aholkularitza eskaintzeko asmoz, EAEko esparruan zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeek beren aholkularitza-jarduera ondorengo gai hauetara zabaldu beharko dute nahitaez:
Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiaren 4. artikuluan eta III. eranskinean biltzen diren osasun publikoaren, animalien osasunaren, landareen osasunaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen arloko kudeaketari buruzko legezko betekizunetan hobekuntzak gauzatzeko diagnostikoa eta proposamena. Xedapen horiek urtarrilaren 25eko 20/2005 Dekretuaren II. eranskinean jasotzen dira.
Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiaren IV. eranskinean ezarritako esparruaren oinarriari buruzko urtarrilaren 25eko 20/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutako nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokien esparruan hobekuntzak egiteko diagnostikoa eta proposamena. Kontuan hartuko dira barne hartutako azaleren ezaugarri bereziak, hala nola, baldintza klimatikoak eta lurzoruaren baldintzak, ustiapen-sistema posibleak, lurren erabilera, laboreak txandakatzea, nekazaritza-ustiapen motak eta ustiategiaren egiturak. Hala ere, nekazaritzako jardunbide egokiak araupetzen dituzten arauak eta nekazaritzako jardunbide egokien erreferentzia-maila gainditzen duten aplikatutako ingurumen-neurriak aintzat hartu beharko dira beti.
Nekazaritzako jarduerara nekazari gazteak sartzeko proiektuen monitorizazioa eta tutorizazioa.
Nekazaritza-ustiategietako lan-segurtasunari buruzko arauak, Europako legedian oinarritutakoak.
Ustiategietako titularrek ordezko langileak kontratatzeko aholkularitza.
Ustiategiko produktibitatea hobetzeko gomendioak barne hartuko dituen aholkularitza teknikoa, eta hori baloratzeko adierazle partzialak eta azkenak ezartzea.
Aholkularitza ekonomikoa eta finantzarioa, balantzeak eta emaitza-kontuak egitea, indize ekonomikoak interpretatzea, bideragarritasun azterlanak egitea, produkzio-kostuak aztertzea eta kontabilitatea oro har kudeatzea barne hartzen duena.
Lan-aholkularitza, aholkularitza fiskala eta aholkularitza juridikoa, lan-kontratuekin, nominekin, Gizarte Segurantzari egindako likidazioekin eta PFEZ, BEZ, Sozietateen gaineko Zerga eta hirugarrengoekin egindako eragiketekin lotuta.
– Aurreko idatz-zatian aipatutako gaiez gain, aholkularitza beste gai batzuetara ere zabaldu ahalko da kudeaketa-, ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzu are osoagoa eta integralagoa eskaintzeko.
– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazari guztiek, nahi izanez gero, aholkularitza-zerbitzua izango dute.
– Aholkularitza-zerbitzua izateko orduan, hauek lehentasuna izango dute:
Zuzeneko ordainketa gisa urtean 15.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten nekazariak, irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiko 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasuna duten nekazaritza-ustiategiak arautzen dituen eta EAEko Lurralde Historikoetako eta eskualdeetako laborantzako gutxieneko unitateak zehazten dituen uztailaren 8ko 168/1997 Dekretuari jarraiki, lehentasunezko ustiategi gisa kalifikatutako ustiategien titularrak.
Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1257/1999 (EE) Araudian aurreikusitakoaren arabera, eremu behartsuetan edo Natura 2000 eremuetan dauden ustiategien titularrak.
Ingurumen-konpromisoak hartu dituzten, elikagaien kalitatearen inguruko programetan parte hartzen duten edo Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako programaketa berritik erator daitezkeen ustiapen-kontratuak sinatzen dituzten ustiategietako titularrak, baldin eta gazteak edo emakumeak badira.
Aurreko hiru urteetan nekazaritzako euskal administrazioak lagundutako edo finantzatutako inbertsioak egin dituzten nekazariak. Inbertsioen guztizko zenbatekoak 120.000 euro baino gehiagokoa izan beharko du, edo, inbertsioak Hobekuntza Plan baten barruan badaude, 60.000 euro baino gehiagokoa.
Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiaren ondoreetarako, EAEko eremuan aholkularitza-zerbitzua eman nahi duten erakundeek ondorengo betekizun hauek bete beharko dituzte:
Jendearentzat zabalik dagoen bulego bat, gutxienez, izatea, nekazal jarduerarekin bateragarria den ordutegian irekita egongo dena, bai eta baliabide material, informatiko eta telematiko nahikoa nahiz beharrezko administrazioko langileak izatea ere. Bulego bakoitzean unibertsitateko titulu ofiziala duen edo goi mailako lanbide heziketako titulua duen pertsona bat egon beharko da, gutxienez.
Nekazaritza-ustiategiei aholkularitza-zerbitzua ematen dieten erakundeen gutxieneko arreta-eremua Lurralde Historikoa izango da.
Laguntzarako talde teknikoa izatea; taldean, gutxienez, ondorengo arlo hauetako bakoitzean titulua duen unibertsitario bana egon beharko da: agronomia, albaitaritza eta biologia-zientziak, ingurumen-zientziak edo mendi-zientziak; horrez gain, zuzenbidean lizentziatutako baten laguntza izan beharko dute.
Nekazaritza-ustiategiei aholkularitza teknikoa ematen esperientzia eta fidagarritasuna duela egiaztatzea, Europako Batzordearen apirilaren 29ko 817/2004 (EE) Araudiko 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Horretarako, ondorengo betekizun hauek betetzen dituela frogatu beharko du erakundeak:
Dekretu honetako 2.1 artikuluko a) eta b) letretan araututako gaiei dagokienez, erakundeak izango duen laguntzarako talde teknikoak eta bulegoetako langileek konpromisoa hartuko dute, aurreko letretan eskatutako tituluak izateaz gain, beharrezko prestakuntza jasotzeko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren Aginduaren bitartez ezartzen diren baldintzetan eta epeetan aholkularitza-lana eraginkortasunez gauzatzeko eta, hala, beharrezko ezagutza duela bermatzeko.
Ekonomiaren, finantzaren, lanaren, zergen, legeen eta produktibitatea hobetzeko proposamenen arloan, Dekretu honetako 2.1 artikuluko e), f) eta g) letretan ezarritakoaren arabera, nekazaritza-ustiategiei aholkularitza teknikoa eskaintzen gutxienez bi urteko esperientzia duela egiaztatzea.
Nekazaritzako Kontabilitateko Informazioko Euskal Sarearen esparruaren barruko kontabilitate bulegoa den heinean, kontabilitatearen arloan fidagarritasun nahikoko esperientzia duela erakustea aholkularitzan eta kudeaketan.
Nekazaritzako jarduerara nekazari gazteak sartzeko proiektuen monitorizazioan eta tutorizazioan esperientzia duela egiaztatzea.
Ustiategi problematikoetan zuzeneko esku-hartzea izatea aholkularitzari eta jarraipenari dagokionez, eta arrakasta izan duten irtenbideak proposatzea.
Erabiltzaileak erregistratzeko sistema integratua izatea, Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiaren II. tituluko 4. kapituluan ezarritako kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuarekin bateragarria izango dena.
– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aholkularitza-zerbitzua emateko interesa duten erakunde pribatuek ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte: nortasun juridikoa izatea; egoitza Soziala EAEn izatea; irabazi asmorik gabeko erakundea edo kooperatiba izatea (edo bi kasuetan, beren batasuna edo federazioa izatea); estatutuen barruan, gizarte xede gisa, nekazaritza-ustiategiei enpresa arloko laguntza, aholkularitza eta kudeaketa eskaintza sartuta egotea eta 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituela frogatzea.
– Aitorpen eskabidea Dekretu honen eranskinean dagoen ereduari jarraituta behar bezala bete beharko du eskatzaileak. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Sailean nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzan aurkeztu beharko da eskabidea, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako beste moduren batean.
– Eskabidea ondorengo agiri hauekin batera aurkeztu beharko da nahitaez:
Erakundeko estatutuen kopia.
Aholkularitza-zerbitzuaren proiektua; bertan, gutxienez, antolakuntzako alderdiak, alderdi teknikoak, metodologikoak, trebakuntzako alderdiak, ekipamenduen alderdia, alderdi ekonomikoa eta finantzarioa eta tarifazioa azaldu beharko dira. Jendearentzako irekita dauden bulegoen eta EAEn irekitzea aurreikusten diren bulegoen zerrenda ere aurkeztu beharko da, eta bulego horien kokapena eta ordutegia ere azaldu beharko dira.
Dekretu honetako 4.d) artikuluan xedaturikoaren arabera, egindako jarduera profesionala sinesgarriro egiaztatzen duten ziurtagiriak.
Aholkularitza-zerbitzua emango duen giza taldeko pertsonen tituluen fotokopia konpultsatuak ere aurkeztu beharko dira. Erakundeari atxikitako langileak eta laguntzaile gisa zerbitzua ematen duten langileak bereiztuko dira, bai eta ezarri den edo ezarri nahi den kontratu-harreman mota ere.
4. artikuluan xedaturikoaren arabera, aholkularitzaren inguruan trebakuntza jasotzeko konpromisoa.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.
Identifikazio Fiskaleko Kodea.
Baliatuko den erabiltzaileen erregistroaren deskribapena edo diseinua.
– Nekazaritza-ustiategiei aholkularitza-zerbitzua emateko erakunde gisa aitortzea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak egingo du nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren Ebazpenaren bidez, betiere Dekretu honetako 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.
– Nekazaritza-ustiategientzako aholkularitza-erakundea izateko aitorpena ematearen edo ukatzearen inguruko ebazpena, gehienez ere, lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko erregistroan sartu zen egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik jaso ezean, erakundeari aitorpena eman diotela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 43.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
– Aitorpena emateko kontuan hartu diren betekizunetakoren bat edo hartutako betebehar edo konpromisoren bat betetzen ez bada, edo fidagarritasun teknikorik ez dagoela ikusiz gero, eragindako erakundea entzun ondoren, aitorpena kendu egingo zaio edo amaitutzat joko da, nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren Ebazpenaren bidez. Ebazpen horren bidez, halaber, erregistroan baja emango zaio erakundeari eta, hala badagokio, jaso dituen laguntzak guztiz edo zati batean itzuli beharko ditu.
– Aholkularitza-zerbitzua ematen duen erakunde batek edo ustiategi baten titularrak laguntza bat bidegabeki jaso badu, erakundearen aitorpena amaitutzat jo ahalko da, eta, gainera, erregistroan baja emango zaio eta bidegabeki jaso dituen laguntzak itzuli egin beharko ditu.
Aholkularitza-zerbitzua ematen duten erakundeek ondorengo betebehar hauek izango dituzte:
Arreta berezia jartzea Dekretu honetako 2. artikuluko 1. atalean aipatutako legezko kudeaketa-betekizunei eta nekazaritza eta ingurumeneko baldintza egokiei. Hori egitea Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiko I. eranskinean zerrendatutako laguntza-erregimenetatik ordainketa zuzenak jasotzen dituzten nekazari guztiei dagokien betebeharra da.
Aholkularitza-zerbitzua ematerakoan, Kontseilu Europarraren irailaren 29ko 1782/2003 (EE) Araudiko 15. artikuluan xedaturikoa betetzea, datu edo informazio pertsonala edo indibiduala zabaltzeko debekuari dagokionez. Edonola ere, informazio hori Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoari atxikiko zaio.
Egoitza sozialean eta bulego bakoitzean erregistro-sistema informatizatua izatea, non emandako aholkularitza-zerbitzuak jasoko diren. Datu horien artean eskatzailearen, ustiategiaren, aholku-gaien eta aholkuen eta hobekuntza-proposamenen datuak bilduko dira gutxienez. Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak erregistro-sistema horretarako sarrera izango du, eta eskumen hori aholkularitza-erakundeak egiten dituen jardueren jarraipena eta kontrola egiteko bakarrik erabili ahalko du. Dekretu honen 2. artikuluan azaldutako aholku-gaien esparruan Adminsitrazioak ustiategi batean egindako ikuskapenean, nekazari interesdunak eskatzen badu, bertan egon beharko dute zerbitzua eman zioten aholkularitza-zerbitzuko langileek, edo, bestela, horiek ordezkatuko dituen norbaitek.
Aholkularitza-bulego bakoitzean, jarduteko eremuaren azterlana eduki beharko da, memento oro eguneratuta egon beharko dena. Azterlanak egoera sozioekonomikoa islatuko du, eta aipamen berezia egingo dio, oro har, landa inguruneari eta, bereziki, nekazaritza-sektoreari, sektorearen indargune eta ahuleziei eta jarraipena egiteaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikariek ezar litzaketen parametro eta balorazio-irizpideei. Edonola ere, azterlanak eremuaren egoera islatuko du, kudeaketari buruzko legezko betekizunak eta nekazaritzako eta ingurumeneko baldintza egokiekin eta, hala badagokio, hartu beharreko neurri orokorrekin lotuta.
Aholkuak emateko orduan guztiz objektiboa izatea, eta hobekuntza komenigarrienak bultzatzea. Horretarako, kudeaketari buruzko legezko betekizunak eta nekazaritzako eta ingurumeneko baldintza egokiak betetzeko beharrezkoak diren nekazariak informatzeko jarduerak egingo ditu, eta, nekazariek eskatzen badiote, beren lanean lagunduko ditu, generoarengatiko edo beste edonolako egoeragatiko diskriminaziorik egin gabe.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzak kalitate teknikoa kontrolatzeko eta egiaztatzeko probak pasatzea, aholkularitzaren fidagarritasuna eta eraginkortasuna egiaztatzeko. Datu horiek dagokion lurraldeko foru administrazioko organo eskudunei jakinaraziko zaizkie.
Dekretu honetako 8. artikuluan aipatzen diren erregistro-fitxak aldatzen dituen zirkunstantzia guztien berri ematea EAEko Administrazio Orokorrari.
Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzari gauzatutako jardueren txostena aurkeztu beharko dio urtero. Txosten horretan, emaitzak, aurreko urteko aholkularitza-lanari dagokionez izandako lorpenak eta zailtasunak eta urte horretarako aukerak eta asmoak bilduko dira. Halaber, zirkunstatzia horren berri emango zaie foru administrazio eskudunei.
Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzari aurkeztu beharko dio erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela ziurtatzen duen egiaztagiria.
– Ustiategiei Aholkularitza emateko Erakundeen Euskal Erregistroa sortzen da, nekazaritza eta abeltzaintza arloan eskumena duen zuzendaritzaren menpekoa izango dena.
– Zuzendaritza horretako titularra izango da Erregistroaren arduraduna, eta zuzendaritzako langileek egingo dute lan bertan.
– Erregistroa publikoa izango da, eta bere egitekoa izango da EAEko eremuko nekazaritza-ustiategiei aholkularitza-zerbitzua ematen dieten erakundeak bertan erregistratzea. Ustiategi bakoitzari erregistro-zenbaki bat emango zaio, bere aholkularitza-bulegoak zein diren adieraziko da, eta artikulu honetan informaziorako ezarri diren oinarrizko datuak bilduko dira bertan.
– Nekezaritza eta abeltzaintza arloan eskumeneko zuzendaritzako titularraren Ebazpenaren bitartez aholkulari gisa aitortu eta 2. artikuluan bildutako betekizunak betetzen dituzten nekazaritza-ustiategiak inskribatuko ditu ofizioz Erregistroan bertako arduradunak. Erregistroan erregistro-liburu bat izango dute, eta bertan jasoko dira erakunde horien izenak.
– Erregistro-liburuak aholkularitza-zerbitzua ematen duten erakunde bakoitzaren erregistro-fitxa edukiko du. Fitxa horietan ondorengo datu hauek bilduko dira:
Erakundearen izena.
Sozietarearen izena, IFK, egoitza soziala, telefonoa, faxa eta helbide elektronikoa.
Forma juridikoa.
Kide kopurua eta bazkideen zerrenda eta artezkaritza-organoen eta gobernu-organoen eraketa.
Jarduteko lurralde eremua.
Erakundea eratu zeneko data eta aitorpenaren data.
Aholkularitza-bulegoen zerrenda.
Langileen guztizko kopurua: 4. artikuluan biltzen diren arlo bakoitzean titulu ofiziala duten unibertsitarioak eta goi mailako lanbide-heziketako tituludunak eta administrazioko langileak.
– Aholkularitza-bulegoari dagokion oharrean ondorengo datu hauek bildu beharko dira:
Ustiategiei aholkularitza-zerbitzua ematen dien erakunde titularra, eta bulegoaren eta erakundearen arteko harreman-mota.
Helbidea, telefonoa, faxa eta helbide elektronikoa.
Jarduteko lurralde eremua: udalerrien zerrenda.
Langileen kopurua: goi-mailako teknikariak, erdi-mailako diplomadunak edo teknikariak, administrariak eta bestelakoak.
Zuzendaria, arduraduna edo ordezkaria.
– Erregistroko datuak Autonomia Erkidegoko agintari eskudunen eta Estatuko Administrazio Orokorreko agintari eskudunen artean soilik utzi ahalko dira, bai eta Europako Batzordearen agintari eskudunen artean ere, baina administrazio bakoitzak berezkoak dituen helburuetarako soilik.
– Ustiategiei aholkuak ematen dizkieten inskribatutako erakundeek beren erregistro-datuetarako sarbidea izango dute, eta Erregistroan datuak eguneratuta izan beharko dituzte. Horrez gain, Erregistroko arduradunari egiten diren aldaketen berri eman beharko zaio.
– Aholkularitza-zerbitzua ematen duten aitortutako erakundeak eratzeko eta nekazariek aholkularitza hori jaso ahal izateko, laguntzak eman ahalko dira, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGNEF) bitartez nekazaritza garatzeko laguntzari buruzko Kontseilu Europarraren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Araudiaren II. tituluko 1. kapituluko 1. atalean xedaturikoaren arabera. Laguntzak, gainera, funts horrek ere finantzatu ahalko ditu.
– Irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Araudian eta horrekin bat datorren Europako Erkidegoko xedapenetan ezarritako eran eta baldintzapean emango dira laguntzak. Eta laguntzak ezarriko dira Kontseilu Europarrak 2007-2013 eperako onartuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko landa garapenerako programa-dokumentua garatzen duen autonomia erkidegoko araudiaren bidez.
Nekazaritza Ustiategiei Aholkularitza emateko Erakundeen Euskal Erregistroa sortzeko eta funtzionamenduan jartzeko, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailean nekazaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzan dauden baliabide materialak eta giza baliabideak erabiliko dira, eta ez da gastu publikoan gehikuntzarik eragingo.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua ahalduntzen da Dekretu honen edukia Europako araudian gertatzen diren aldaketetara egokitzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak Agindu bidez emateko.
Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
NEZAKARITZA-USTIATEGIEI AHOLKUAK EMATEKO ERAKUNDEEI BURUZKO ABENDUAREN 26KO 272/2006 DEKRETUAREN ERANSKINA
Erakundearen datuak:
Izena:. IFK: ..............................
Forma juridikoa: ............................... Ordezkaria:
Egoitza soziala:
Kalea:..........................................................
Udalerria:...................................................................... Posta kodea:.........
Lurralde Historikoa:................. Telefonoa: ......................................................
Faxa:.......................... Posta elektronikoa: Web-orria (baldin badu):
Hau sinatzen duen erakundeak nekazaritza-ustiategiei aholkularitza-zerbitzua emateko aitortua izateko eskaera egiten du, abenduaren 26ko 272/2006 Dekretuan xedaturikoarekin bate etorrita. Horretarako adierazten du araudi hau ezagutzen duela eta araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela aitorpena jasotzeko, aitorpenetik eratorritako konpromiso eta betebehar guztiak beteko dituela eta azaldutako datu guztiak egia direla.
Horretarako, erakunde sinatzaileak aipatutako Dekretuko 4. artikuluan ezarritakoa betetzen duela eta erakundeko langileak artikulu horretan aipatzen den trebakuntza berezia jasoko dutelako konpromisoa hartu duela aitortzen du.
Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu ditu:
n IFKren fotokopia konpultsatua.
n Erakundeko estatutuen kopia konpultsatua.
n Aholkularitza-proiektua; bertan azaldu beharko dira antolakuntzako alderdiak, alderdi teknikoak, metodologikoak, trebakuntzako alderdiak, ekipamendukoak eta alderdi ekonomikoak eta finantzarioak, tarifazioa barne.
n Jendearentzako erabilgarri dauden bulegoen zerrenda.
n Aholkularitzaren arloan egindako jarduera profesionalari buruzko egiaztagiriak.
n Erakundeak dituen baliabide materialen eta giza baliabideen zerrenda (titulazioa eta kontratu-harremana).
n Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean duela egiaztatzen duen agiria.
n Interesgarriak izan daitezkeen bestelako dokumentuak.
...........................................-(e)n, 2006ko ..........................-ren ..........-(e)(a)n.
(Erakundearen arduradunaren sinadura) (Erakundearen zigIlua)
Datu Pertsonalak babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak jakinarazten dizugu inprimakin honen bidez eskatzen zaizkizun datuak tratatzeko fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nahi baduzu, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzakezu, legean ezartzen denez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari idazkia bidali beharko diozu, bera baita zure datuak tratatzeko arduraduna. Hauxe du helbidea: Donostia- San Sebastián kalea 1, Vitoria-Gasteiz.