Arautegia
Inprimatu235/2004 DEKRETUA, azaroaren 30ekoa, Diseinu Grafikoaren lanbide-arloan sartzen den Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Autoedizioan tituluari dagokion erdi-mailako heziketa-zikloaren curriculuma ezartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Lurralde-eremurako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 246
- Hurrenkera-zk.: 6677
- Xedapen-zk.: 235
- Xedapen-data: 2004/11/30
- Argitaratze-data: 2004/12/27
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Hezkuntzaren kalitateari buruzko abenduaren 23ko 10/2002 Lege Organikoak I. tituluan jasotzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak, araubide bereziko irakaskuntzetan sartzen diren Irakaskuntza Artistikoen barruan.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bigarren tituluak ezartzen du arte plastikoetan eta diseinuan sartzen direla arte aplikatuekin, lanbide artistikoekin, diseinuarekin (modalitate guztietan) eta kultura-ondasunen kontserbazioarekin eta berriztapenarekin zerikusia daukaten ikasketa guztiak. Bestalde, legeak dioenez, irakaskuntza horiek moduluen bidezko heziketa-zikloetan antolatuko dira.
Irailaren 1eko 1457/1995 Errege Dekretuak Diseinu Grafikoaren lanbide-arloan sartzen diren Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Autoedizioan eta Diseinu Grafikoko amaierako artean tituluak eta haiei dagozkien gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu.
Aipatutako errege-dekretuaren 1. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, hezkuntza-administrazioen ardura da erdi-mailako heziketa-zikloen curriculuma ezartzea. Heziketa-ziklo horietan, betiere, gutxieneko irakaskuntzak barne hartuko dira.
Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoaren 8. artikuluak dioenez, curriculumean hezkuntza-sistemaren maila, etapa, ziklo, gradu eta modalitate guztietako helburu, eduki, metodo pedagogiko eta ebaluazio-irizpide oro sartzen da.
Titulu honen curriculumean, besteak beste, helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide-moduluak, lanbide-modulu bakoitzaren amaierako gaitasunak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak ezartzen dira, horiek antolatzeko jarraibideez eta zehaztapenez gain.
Horren indarrez, Euskadiko Eskola Kontseiluak txostena emanda, eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez eta 2004ko azaroaren 30ean egindako bilkuran Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren,
Irailaren 1eko 1457/1995 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Dekretu honek Diseinu Grafikoaren lanbide-arloan sartzen den Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Autoedizioan tituluari dagokion curriculuma ezartzen du.
Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketako lurralde-eremuan izango da aplikatzekoa.
Irailaren 1eko 1457/1995 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Dekretu honen 1. artikuluan adierazitako titulu ofiziala lortzera bideratutako irakaskuntzek, arte plastikoei eta diseinuari dagokienez, helburu hauek dituzte:
Ikasleei kalitatezko prestakuntza artistikoa ematea, hizkuntza artistiko gisa eta kultur adierazpeneko baliabide gisa arte plastikoek duten garrantziaz jabetzeko eta euren sormena garatzeko gai izango diren moduan; eta horrek guztiak lanbide-jardunerako berekin dakartzan aukerez konturatzea.
Lanbide-arlo honetako Arte Plastikoetako eta Diseinuko tituluetan ikasleen lanbide-kualifikazioa bermatzea, euren lanbide-jardunean sortzen zaien edozein arazo konpontzeko eta prozesu teknikoen eta ikusmolde artistikoen bilakaerari egokitzeko beharrezko gaitasuna eta ezagutzak eskuratu ahal izateko.
Era berean, irakaskuntza horien berariazko helburua da, erdi-mailako heziketa-zikloa denez, ikasleei beharrezko prestakuntza ematea:
Burutzapen-prozesuan zehar alderdi teknikoak eta artistikoak koordinatzeko.
Zuzentasun teknikoa eta adierazpen-sentikortasuna izango duten obrak egiteko; horretarako, nortasun artistikoa, gaitasunak eta kultura plastikoa garatuz.
Goragoko mailako profesionalen proiektuak interpretatu eta egiteko.
Erabiltzen diren materialen portaera eta ezaugarri teknologiko bereizgarrienak eta euren jarduera artistiko-profesionalaren berezko prozesu teknologikoak behar bezala ulertu eta erabiltzeko.
Diziplina anitzeko ikuspegiarekin, formak ikertzeko gaitasuna garatzeko.
Lan-harremanetan eta enpresa-esparruan eragina duten alderdi antolamendukoak, ekonomikoak eta juridikoak ulertzeko, autonomo gisa nahiz soldatako gisa sektore profesionalean sartzera bideratuta.
Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculumtzat ulertzen da ikastetxean emandako irakaskuntza, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea eta amaierako proiektua arautu behar dituzten helburu, eduki, metodo pedagogiko eta ebaluazio-irizpideen multzoa.
– Ikastetxeko irakaskuntza moduluetan antolatuko da.
– Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen apirilaren 15eko 389/1992 Errege Dekretuan jasotzen diren "gai teoriko", "gai teoriko-praktiko" eta "klase praktiko" terminoen baliokidetzat hartuko da "modulu" kontzeptua.
– Curriculumari dagozkion moduluen helburuak eta edukiak eta horien ordu-banaketa Dekretu honen I. eranskinean zehazten dira.
– Ikastetxeetako irakaskuntza egituratzen deneko moduluak irakasteko metodologia didaktikoak ikaslearengan esku hartu behar dueneko prozesuen ikuspegi orokorra eta koordinatua sustatu beharko du, eduki artistikoak, zientifikoak, teknologikoak eta antolamendukoak behar bezala barne hartuz.
– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakiko ditu Dekretu honetan ezartzen den eta Diseinu Grafikoaren lanbide-arlokoa den Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi-mailako heziketa-zikloaren curriculumean barne hartutako moduluen eta lanbide-arlo bereko nahiz, hala badagokio, beste lanbide-arlo bateko erdi-mailako beste heziketa-zikloetako moduluen arteko baliozkotzeak.
– Dekretu honek ezartzen duen heziketa-zikloaren curriculumak enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fase bat barne hartzen du. Fase horren helburuak hauek dira: curriculuma osatzen duten ezagutzak, abileziak eta trebetasunak osatzea, eta De-kretu honen 3. eta 4. artikuluetan jasotako helburuak eta heziketa-ziklo honen berezko helburuak lortzea.
– Prestakuntza-fase horretan titularitate publiko edo pribatuko erakundeetako praktikak nahiz akademikoki zuzendutako eta curriculumean bildutako lan profesionalak egin ahal izango dira, bai eta Estatuko edo nazioarteko truke-programen esparruan egindakoak ere.
– Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasean, Dekretu honen II. eranskinean adierazitakoari jarraitu beharko zaio.
– Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasetik guztiz edo zati batean salbuetsita geratu ahal izango dira heziketa-ziklo honekin zuzenean lotutako esparruan lan-esperientzia egiaztatzen dutenak.
– Curriculumean finkatuko da ikasleak, modulu guztiak burutu ondoren, gainditu beharko duen amaierako proiektua. Amaierako proiektuan, ikasleak egiaztatu egin beharko du eskuratutako ezagutzak menderatzen dituela, eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariari dagokion tituluaren lanbide-jardunerako exijitzen den prestaketa praktikoa lortu duela.
– Helburu horrekin, ikasleak aipatutako esparruari dagokion obra bat egingo du, hura azaltzeko memoria erantsita.
– Amaierako proiektua Dekretu honetan garatzen den curriculumaren araberakoa izango da, eta II. eranskinean zehaztutakoari jarraituz egin eta ebaluatuko da.
– Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Autoedizioan titulua lortzera bideratutako irakaskuntzak moduluka ebaluatuko dira, modulu bakoitzaren curriculumean ezarritako ebaluazio-irizpideak eta, heziketa-zikloaren helburuei dagokienez, ikasleak erakutsitako heldutasuna kontuan izanda.
– Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Autoedizioan tituluari dagozkion moduluen ebaluazio-irizpideak eta horien ordu-banaketa Dekretu honen I. eranskinean arautzen dira.
– Modulu bakoitzerako gehienez lau deialdi izango dira. Salbuespen gisa, bosgarren deialdi bat baimendu ahal izango da, ikasketak behar bezala garatzea galaraziko duen gaixotasunaren kasuan, edo kontsiderazio bera izango duten beste batzuetan.
– Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea eta amaierako proiektua II. eranskinean ezarritakoaren arabera ebaluatuko dira.
– Ikastetxeko prestakuntza-modulu guztiak, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea eta amaierako proiektua gainditu ondoren lortuko da Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikaria Autoedizioan titulua.
– Arte Plastikoetako eta Diseinuko Teknikaria Autoedizioan tituluak zuzeneko sarbidea emango du Batxilergoko Arteen modalitaterako.
– Dekretu honek arautzen duen Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa-zikloan sartu ahal izateko, ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eduki beharko du, edota ikasketa baliokideak gainditu behar izan ditu, otsailaren 16ko 173/1998 ED-k aldatu eta osatzen duen ekainaren 14ko 986/1991 EDren I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera. Horrez gain, berariazko sarbide-proba bat gainditu beharko du.
– Berariazko proba horren egitura, edukia eta irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduaren bidez zehaztuko dira, ikasleak irakaskuntza horiek etekinez gainditzeko beharrezko ezagutzak eta gaitasunak egiaztatu ahal izan ditzan.
– Berariazko proba zenbait ariketek osatuko dute. Aipatutako ariketen edukiak eta ebaluazio-irizpideak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Plastika eta Ikus-hezkuntza arloaren curriculumera egokituko dira eta, horien bidez, heziketa-ziklo honi dagokionez, ikasleak dituen ezagutza historiko-artistikoak, abileziak, trebeziak eta sentikortasun artistikoa egiaztatu ahal izango ditu.
Dekretu honen 10. artikuluan jasotako sarbide-proba egitetik salbuetsita egongo dira Diseinu Grafikoaren lanbide-arloko beste heziketa-ziklo bateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikariaren edo goi-mailako teknikariaren titulua duten ikasleak, edota martxoaren 28ko 799/1984 eta maiatzaren 9ko 942/1986 errege dekretuek eta uztailaren 24ko 2127/1963 Dekretuak ezartzen dituzten Arte Aplikatuetako eta Lanbide Artistikoetako irakaskuntzen kurtso komunak etekinez gainditzen dituztenak.
– Aurreko artikuluetan jasotakoa gorabehera, Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua izan gabe posible izango da heziketa-ziklo honetan sartzea, proba bat gaindituz gero.
– Proba horren egitura, edukia eta irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduaren bidez zehaztuko dira, ikasleak irakaskuntza horiek etekinez gainditzeko beharrezko ezagutzak eta gaitasunak egiaztatu ahal izan ditzan.
– Probak bi zati izango ditu: bata orokorra eta bestea berariazkoa. Probaren zati orokorra zenbait ariketek osatuko dute, Ariketa horien bidez, ikasleak heldutasun intelektuala egiaztatu ahal izango du, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokion etaparen funtsezko gaitasun linguistikoak, arrazoiketakoak eta ezagutzakoak menderatzen dituela erakutsiz. Berariazko zatia zenbait ariketek osatuko dute. Aipatutako ariketen edukiak eta ebaluazio-irizpideak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako plastika eta ikus-hezkuntza arloaren curriculumera egokituko dira eta, horien bidez, heziketa-ziklo honi dagokionez, ikasleak ezagutza historiko-artistikoak eta berariazko abileziak egiaztatu ahal izango ditu.
– Sarbide-proba arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aginduan finkatuko dira eskuragarri dauden ikaspostuak gordetzeko ehunekoak, ikasleak irakaskuntza hauei ekin ahal izateko, bai proba gaindituz gero, bai eta dekretu honen 11. artikuluan jasotako salbuespen-kasuetan ere. Agindu horrek, era berean, ikaspostuak esleitzeko balorazio-irizpideak ezarriko ditu.
– Nolanahi ere, ikaspostuak gordetzeko ehuneko horiek heziketa-ziklo honetan sartzeko bi bideak bermatuko dituzte.
Vitoria-Gasteizen, 2004ko azaroaren 30ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
M.ª ANGELES IZTUETA AZKUE.
Heziketa-ziklo hau autoediziorako eta argitalpen elektronikorako programetako profesional adituen gero eta eskaera handiagoari erantzuteko pentsatua da.
Beraz, autoediziorako sistema eta programa informatikoen erabileran espezializazio handia eskatzen du, bai eta diseinu grafikoaren tipografiari eta oinarriei buruzko ezagutza zabala ere.
Izendapena: Arte plastikoetako eta diseinuko teknikaria Autoedizioan
Maila: Arte plastikoetako eta diseinuko erdiko maila
Zikloaren iraupena guztira: 950 ordu
2. LANBIDE PROFILAREN DESKRIBAPENA
Lanbide-esparrua
Maila honetako profesionala gaituta egongo da autoedizioko aditu gisa lan egiteko:
Autoedizio-enpresetan, fotokonposizioko lantegietan, inprimategietan, etab.
Diseinu grafikoko estudio batean.
Duten garrantziagatik eta kudeaketa-bolumenagatik (txostenak, balantzeak, buletinak, aurkezpenak, enpresa-aldizkariak, memoriak, etab.), argitalpen-sail propioa behar duten enpresa edo erakunde publikoetan.
Argitalpen-munduan (egunkariak, aldizkariak, liburuak).
Profesional autonomo gisa ("free lance") ere lan egin ahal izango du, diseinu grafikoarekin lotutako oinarrizko arazoak konpontzeko gaitasunarekin.
Zeregin nagusiak
Autoediziorako eta diseinu grafikorako sistema informatikoak eta programak erabiltzea.
Diseinu grafiko, konposizio, tipografia eta maketazioko oinarrizko arazoak ebaztea.
Aurkezpen grafikoak eta infografia.
Inprimaketa-prozesuak ezagutu eta kontrolatzea.
3. CURRICULUMAREN EGITURA
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak
Ikasleak gai izan beharko du:
Autoedizio-lanak egiteko oinarrizko prozesuak aztertu eta garatzeko.
Espezialitate honen berezko teknikak ezagutzeko.
Zorroztasun eta zentzu artistiko-plastikoarekin interpretatzeko proiektuei loturik eta bere espezialitatearen bereizgarriak diren lan-prozesuei buruz jasotzen duen informazioa, grafikoa izan nahiz idatzia edo ahozkoa.
Lanean azaltzen zaizkion arazo artistikoak eta teknikoak ebazteko.
Erabili beharreko materialen zehaztapen teknikoak bereizteko eta haien aldizkako mantentze prebentiboko neurriak antolatzeko.
Lan-prozesuek ingurumenean eragin kaltegarririk izan ez dezaten beharrezkoak diren prebentzio-neurriak aplikatzeko.
Arlo honetako lanbide-jarduera arautzen eta baldintzatzen duen esparru legala, ekonomikoa eta antolamendukoa ulertzeko.
Lanari etekina ateratzeko behar adinako ezagutza erakusteko.
Irakaskuntzen ordu-banaketa
EGITURA OROKORRA ORDUAK GUZTIRA
Ikastetxean emandako moduluak 840
Enpresa, estudio eta lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea 85
Amaierako obra 25
ORDUAK GUZTIRA: 950
Ikastetxeko prestakuntza:
1. Ikastetxean emandako moduluen ordu-banaketa
Ordu-banaketak, ziklo hau osatzen duten modulu guztietarako, oinarrizko orduak eta ikastetxeko orduak ezartzen ditu. Modulu bakoitzaren oinarrizko orduak zikloa ematean ikastetxe guztiek bete beharreko ordu-banaketari dagozkio. Malgutasun-tarte bat utzi da, %15ekoa, ikastetxeak curriculum-proiektuak eta -programazioak landuz irakaskuntzen curriculuma garatu ahal izateko; proiektu eta programazio horien helburuak, edukiak, ebaluazio-irizpideak, sekuentziazioa eta metodologia ikasleen ezaugarrietara eta inguruneak ematen dituen prestakuntza-aukeretara egokituko diren moduan (676/1993 EDaren 14. artikulua). Ordu-banaketarako malgutasun-tarte horri esker, ikastetxe bakoitzak moduluen orduak ezarri ahal izango ditu, oinarrizko orduetatik abiatuta eta titulurako ezarritako guztizko ordutegira iritsi arte aipatutako orduak osatuz.
Ikastetxeak, ikastetxearen orduei dagokien zutabean, moduluen ordu-banaketa ezarriko du. Ordu horiek oinarrizko orduak gehituz eta honako irizpide hauek errespetatuz lortuko dira: a) edozein modulu ezin izango da oinarrizko orduen %40 baino gehiago luzatu; b) moduluen orduen batura 840 izango da, ondorengo taulan agertzen denez.
Orientazio gisa, Dekretu honetan, moduluen oinarrizko orduen banaketarekin batera, modulu bakoitzerako ikastetxeko orduen banaketa azaltzen da.
MODULUA IKASTAROAREN ORDUAK
OINARRIZKO ORDUAK IKASTETXEKO ORDUAK
Diseinu grafikoaren oinarriak 100 112
Artearen eta irudi grafikoaren historia 50 56
Tipografia: autoedizioa 93 112
Teknika grafiko industrialak eta produkzio digitalekoak 93 112
Autoedizioa 328 392
Lan-prestakuntza eta -orientabidea 50 56
Ikastetxearen ordu erabilgarriak 126
ORDUAK GUZTIRA: 840 840
2. Moduluen helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak
DISEINU GRAFIKOAREN OINARRIAK
Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
Diseinu grafikoan nagusi diren oinarrizko elementuak eta legeak ezagutzeko, diseinatzailearen jarraibideak ahalik ongien interpretatzearren.
Diseinuko arazo txikiak konpontzeko, diseinatzailearen jarraibiderik ez dagoenean edo horiek zehatzak ez direnean.
Sentikortasun artistikoa eta sormena garatzeko.
Edukiak:
Irudia eta komunikazioa: irudiaren jatorria. Irudiaren definizioa.
Pertzepzioa: ikuspegi teorikoak. Pertzepzioa ezagutzeko prozesua.
Diseinu grafikoa eta ikusizko hizkuntza. Elementuak: puntua, lerroa, egitura, kolorea, forma, tentsioa, erritmoa, dimentsioa, formatua, eskala, proportzioa.
Proiektu grafikoa: informazioa, identitatea eta pertsuasioa. Sormen-prozesua. Antolamendua eta metodologia. Analisi-metodoak. Argitalpen-diseinua, interpretazioa eta oinarrizko baliabideak.
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Eduki teorikoak praktika zehatzari aplikatzea, arazo bakoitzerako konponbide egokiak emango dituzten metodoak eta prozedurak bereziki kontuan izanda.
Diseinu-arazo txikiak behar bezala ebaztea.
Lanean sentikortasun artistikoa erakustea.
ARTEAREN ETA IRUDI GRAFIKOAREN HISTORIA
Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
Iraganeko eta egungo ziklo kulturalei eta artistikoei buruzko edukiak ulertzeko.
Prestakuntza intelektuala, teknikoa eta artistikoa erakusteko.
Batez ere autoedizioari dagokionez, historian zehar arte grafikoak zein testuinguru ideologiko, politiko, ekonomiko, sozial eta estetikotan sortu diren ulertzeko.
Edukiak:
Kulturaren, artearen eta arte aplikatuaren kontzeptua. Hizkuntzaren esanahia komunikabide gisa. Antzinaroaren ezaugarri historiko-artistikoak eta kulturalak. Mundu klasikoa: zibilizazioan eta mendebaldeko artean egindako ekarpenak. Antzinaroko adierazpen idatzizkoak eta ilustratuak.
Erdi Aroko artea eta kultura. Liburuen produkzioa eta miniaturagileen eskola. Grabatua: jatorriak eta Europako lehen adierazpenak. Produkzio erlijiosoak eta profanoak.
Humanismoaren aroa: bizimodu berriak, pentsamendua eta adierazpen plastikoa. Liburu errenazentistaren kultura. Inprenta: hedapena eta esanahi kulturala.
Barrokoaren eta arrazionalismoaren estetika eta horren isla artean eta adierazpen grafikoan. Ilustrazioa eta grabatua.
Industrialismoaren aroa eta horren ondorioak artean. XIX. mendeko eraldaketa soziokulturalak eta horien eragina liburuaren munduan. Artea eta industria. Mende amaierako ahalegin berritzaileak.
XX. mendeko eraldaketa soziokulturalak. Fenomeno artistikoa eta hizkuntza berrien bilaketa. Masa-komunikabideak eta horien isla argitalpenaren eta diseinu grafikoaren munduan.
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Gizateriaren iraganeko eta egungo portaera historiko-kulturalak ulertzea eta horiek berekin ekarri dituzten fenomeno eta gertakari artistikoekin lotzea.
Kultura grafikoko adierazpenen sorkuntzekiko, bilakaera historikoarekiko eta espazio- eta denbora-egoerarekiko ikusizko pertzepzioa eta sentikortasuna erakustea.
Ziklo honetako berariazko terminologia erabiliz behar bezala mintzatzea.
TIPOGRAFIA: AUTOEDIZIOA
Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
Familia tipografikoak bereizteko.
Arau klasikoak eta forma tipografiko jakin bat aukeratzeak dakartzan ondorioak ulertzeko.
Testuak neurtu eta konparatzeko.
Maketazioa, argitalpen-diseinua, diagramazioa, etab. egiteko.
Irizpide estilistikoen, estetikoen edo funtzionalen arabera erabaki tipografikoak hartzeko.
Arlo honetan sortzen diren eguneroko arazoen aurrean bikain erantzuteko bidea ematen duten arau ortografikoak eta gramatikalak (estilo-zuzenketa) erabiltzeko.
Eskuratutako ezagutzak behar bezala aplikatu eta beste moduluetakoekin lotzeko.
Edukiak:
Karaktereen jatorria eta bilakaera. Idazketaren garapena. Tipografiaren hastapenak. Tipoen diseinua: bilakaera historikoa eta formala.
Irakurgarritasuna: baldintzatzaile pertzeptiboak eta oinarrizko arauak.
Karaktere tipografikoa. Diseinu-elementuen azterketa. Tipoaren deskribapena eta ezaugarriak. Estiloak eta familiak. Tipografiak.
Testuak. Neurtzeko sistemak. Testuak neurtzea. Konposizio-motak.
Orrialdea. Sistema erretikulatuak. Originalak prestatu eta zuzentzea.
Karaktere tipografikoa: letren identitatea (zatiak), tipoaren deskribapena eta ezaugarriak, estilo eta familia tipografikoak. Errotulazioaren ezaugarriak.
Argitalpen-diseinua: liburuaren diseinua, aldizkako eta bestelako argitalpenen diseinua.
Konposizio- eta erreprodukzio-sistemak. Konposizio- eta inprimaketa-tekniken garapena.
Tradizioa eta abangoardia egungo tipografian. Egungo egoeraren azterketa.
Estilo-liburuaren kontzeptua eta aplikazioa.
Inprimategian testuak zuzentzeko arau profesionalak.
Arau ortografikoak eta horien erabilera zuzena.
Idazketa eta idatzizko adierazpena.
Testuak prozesatzeko eta autoediziorako programetako hiztegiak.
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Ezarritako lan-metodologia, aurkezpen-arauak eta entregatzeko epeak errespetatzea.
Erabaki tipografikoak hartzean irizpide tipografikoak, estetikoak edo funtzionalak erakustea.
Lan bakoitzaren arabera, ezagutzak eta baliabideak behar bezala aplikatzea.
Forma tipografiko jakin bat aukeratzeko garaian arau klasikoak ezagutzeak duen eragina eta forma tipografiko jakin bat aukeratzeak dakartzan ondorioak baloratzea.
Arazo tipografikoetako proposamenak behar bezala ebaztea.
Arau ortografikoak behar bezala erabiltzea, eta akatsak eta izen berezi, barbarismo, letra etzan, etab.en inguruko estilo-kontuak zuzentzea.
Norberaren eta besteen lanari buruzko iritzi kritikoa eta argudiatua adieraztea.
TEKNIKA GRAFIKO INDUSTRIALAK
ETA PRODUKZIO DIGITALEKOAK
Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
Teknika grafiko industrialen oinarrizko printzipioak ulertzeko, bere lana optimizatzearren.
Ordenagailua eraginkortasunez erabiltzeko eta, horrela, bai inprimaketan bai bistaratzean eta sarearen optimizazioan lortu nahi diren emaitzak ziurtatuko dituzten doikuntzak egiteko.
Originalaren jarraipena egiteko, sorkuntza-prozesutik hasi eta argitalpenera arte.
Aurreinprimaketako eta inprimaketako lanaren kalitatea kontrolatzeko ekipo eta metodo egokienak behar bezala aukeratzeko.
Autoedizioko lanetan, aurreinprimaketako eta inprimaketako prozesuan parte hartzen duten faseak behar bezala zerrendatzeko.
Edukiak:
Produkzio-plana:
n Sistemaren konfigurazioa. Sistemaren kalibrazioa.
n Originala. Originalen erreprodukzioa, sistema tradizionalak eta digitalak.
n Originalen motak, balorazioa eta aldaketak.
n Irudi bektorialak eta bit-mapak.
n Bereizmenaren oinarriak.
n Kolorearen oinarriak.
Eskanerrak:
n Originalak eskaneatzeko prestatzea.
n Irudiak eskuratzea.
n Irudi bilbatuak, lineatura.
n Kolore-zuzenketa, doikuntzak eta tresnak.
n Kolore-moduak, bihurketa.
n Kolore-ereduak.
n Formatu-motak, konpresioa.
Aurreinprimaketa:
n Kolore-proben sistemak.
n Irteerako gailua.
n Kolorearen kudeaketa.
n Muntaia.
n Amaierako artea.
n Inprimategirako originalak prestatzea: originalak, tipografia, kolorea, irudia, etab.
Papera: konposizioa, makina jarraitua, kontrol-probak.
Inprimatzeko tintak: konposizioa, ezaugarriak, lehortzea.
Inprimaketa-sistemak.
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Sortzen denetik amaierako produktura iritsi arte, originalak pasatzen duen prozesu osoa ulertzea.
Prozesuak eta materialak identifikatzea.
Baliabide informatikoak erabiltzeak emaitzetan dituen ondorioak baloratzea.
AUTOEDIZIOA
Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
Materiala eta ekipo informatikoak behar bezala erabiltzeko.
Sorkuntza- eta produkzio-prozesuan aplikazio-teknika gisa eta komunikazio- eta kudeaketa-tresna gisa ordenagailua erabiltzeko.
Eginkizun bakoitzerako baliabide informatiko egokia aukeratzeko, beste baliabide batzuekin konbinatzen jakinda eta ustez lortu beharreko balizko emaitzen arabera.
Autoedizio-lanak egiteko oinarrizko prozesuak aztertu eta aplikatzeko.
Gizarte modernoarentzat informazio-teknologia berriek duten eragina ulertzeko.
Edukiak:
Baliabide informatikoetarako sarrera:
Sistema eragileak.
Sistema eragileak: PC - MS DOS, Mac-system eta Amiga Workbenh-Cli inguruneak.
Autoediziorako beharrezko periferikoak: eskanerra, inprimagailuak, filmagailuak, biltegiratze-unitateak, etab. Irudi digitala eta analogikoa.
Aplikazio informatikoak:
Softwarea: erregistratutako autoedizio-programak, marrazketakoak, animaziokoak, 3-D marrazketakoak, argazkiei ukituak ematekoak, etab.
Irudiak eta testuak konbinatu eta manipulatzea.
Fitxategiak bihurtzea.
Ingurune desberdinen arteko komunikazioa.
Irudien tratamenduari buruzko nozioak.
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Material eta ekipo informatikoen ezaugarriak, funtzioak eta utilitateak ulertzea.
Dituen beharretarako baliabide informatiko egokia aukeratzea eta beharrezkoa denean, hura beste baliabide batzuekin bateratzea.
Lanak metodo egokiaz egitea, eta horiek entregatzeko epeak eta aurkezpen grafiko egokia errespetatzea.
Lan-proposamen bakoitzaren arabera, ezagutzak eta baliabideak zuzen aplikatzea.
Bai norberaren lana bai besteena argudioak emanez defendatzea.
LAN PRESTAKUNTZA ETA ORIENTABIDEA
Irakaskuntza-esparru honen helburua da ikaslea lan- eta osasun-baldintzen esparru juridikoarekin ohitzea, bai eta lan- eta kontratu-harremanen ondoriozko eskubideekin eta betebeharrekin ere, besteren konturako lanean nahiz norberaren konturako lanean. Horrez gain, lanbide-profilaren araberako lana bilatzeko eta/edo autoenplegurako prestatzeko orientabidea ematen du.
Helburuak:
Ikasleak gai izan beharko du:
Lanaren lege-esparrua eta lan-harremanen ondoriozko eskubideak eta betebeharrak ulertzeko.
Tamaina txiki eta ertaineko enpresa bat administratu eta kudeatzea edota profesional autonomo gisa jardutea ahalbidetzen duten ezagutza ekonomikoak, komertzialak eta sozialak ulertzeko.
Lan-merkatuan sartzeko eta hautatzeko mekanismoak eta lan-munduratzea errazten duten gaitasunak ulertzeko.
Lan-munduratzen laguntzeko erakunde instituzionalak, Estatukoak eta erkidegoetakoak, eta enpresa-ekimenetarako eta eutoenplegurako diru-laguntzen zerbitzuak ulertzeko.
Espezialitatearen berezko tresna juridikoak, enpresakoak eta profesionalak ulertzeko.
Edukiak:
Lan-gaietan indarrean dagoen araudia eta berariazko arautegia.
Ekonomiari eta merkatutekniari buruzko oinarrizko kontzeptuak.
Enpresaren antolamendua eta agitura. Enpresen eredu juridiko desberdinen eskema. Lan autonomorako eta/edo elkarlanerako prestakuntza.
Enpresa txiki eta ertainaren administrazioa eta kudeaketa. Betebehar juridikoak eta fiskalak.
Lan-merkatuan sartzeko sistemak. Teknikak. Lan-munduratzeko eta enpresa-ekimenak garatzeko laguntzak ematen dituzten erakunde eta instituzio Estatukoak eta erkidegoetakoak.
Espezialitateari aplikatutako zuzenbidea: artelanen inguruko legeria. Jabetza intelektuala eta industria-jabetza.
Ebaluazio-irizpideak:
Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Dagokion lan-eremuaren lege-esparruari buruzko oinarrizko kontzeptuak ezagutzea.
Balizko enpresa bat abiarazi eta kudeatzeko ezagutza ekonomikoak, komertzialak eta sozialak aplikatzea. Berariazko terminologia behar bezala erabiltzea.
Lanbide-esparru honi buruzko berariazko araudia arrazoituz baloratzea.
Lan-merkaturako sarbide gisa, tituluari dagokion lanbide-profilaren itxaropenak baloratzea.
4. IRAKASLE ETA IKASLEEN ARTEKO KOPURU
ERLAZIOA
Irakaskuntza artistikoak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen apirilaren 15eko (28ko BOE) 389/1992 Errege Dekretuaren 44. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako modulu hauei dagozkien irakaskuntzak emateko, irakasle eta ikasleen arteko kopuru-erlazioa gehienez ere 1/15 izango da:
Autoedizioa
Gainerako moduluei gehienez 1/30 ratioa aplikatuko zaie.
5. INSTALAZIOAK
Heziketa-ziklo hau eman ahal izateko, apirilaren 15eko (28ko BOE) 389/1992 Errege Dekretuan ezarritako instalazioak beharko dira.
Aipatutako Errege Dekretuaren 40.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, heziketa-ziklo honen moduluak ondorengo ataletan sailkatuko dira:
Teoriko-praktikoak:
Diseinu grafikoaren oinarriak
Tipografia: autoedizioa
Teknika grafiko industrialak eta produkzio digitalekoak
Teorikoak:
Artearen eta irudi grafikoaren historia
Lan-prestakuntza eta -orientabidea
Berariazko lantegiak:
Autoedizioa
6. ARDATZ MODULUAK
Ardatz-modulutzat ezartzen dira horien curriculum-edukiak heziketa-ziklo honek kualifikatzen dueneko lanbide-profilari dagozkion zeregin adierazgarrienekin (Dekretu honen 2.2 atala) antzekotasuna duten moduluak. Halakotzat, honako hauek hartuko dira:
Autoedizioa
Tipografia: autoedizioa
7.– KORRESPONDENTZIAK
Ondoko modulu hauek lan-jardunarekin korrespondentzia eduki ahal izango dute:
Autoedizioa
Lan-prestakuntza eta -orientabidea
8. GOI MAILAKO IKASKETETARAKO SARBIDEA ETA BALIOZKOTZEAK
Titulu honek batxilergoko modalitate honetarako du sarbidea:
Arte-batxilergoa
1. BURUTZAPENA
Ordu guztien zenbaketaren ondorioetarako, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren faseari 85 ordu zuzendu zaizkio.
Prestakuntza praktikoaren fasea prestakuntza-ekintza ematen den bitartean hasi ahal izango da, heziketa-taldearen aldez aurreko baimenarekin, edota hura amaitzean. Azken kasu horretan, prestakuntza-ekintza amaitzen denetik praktikak bukatu arte gehienez ere urtebete igaro ahal izango da.
2. HELBURUAK
Ikasleak gai izan beharko du:
Prestakuntza akademikoa osatzeko eta dagokion mailarekin bat etorriko den laneko zeregina betetzeko.
Lan-mundua eta haren harreman sozial, laboral eta teknikoen sistema ulertzeko.
Ikastetxean jasotako ezagutzak enpresa- eta lan-errealitatearekin alderatzeko.
Enpresarekiko harremanen bidez, lantokiko prestakuntzaldian eskuratutako ezagutzak lanbide-jardunerako beharrezko ezagutzekin osatzeko, bai espezialitateari berari dagokionez bai merkatuko egoeran eta harremanetan, joera artistiko eta kulturaletan, lanaren antolamenduan eta koordinazioan, enpresa-kudeaketan, enpresarekiko harremanetan, etab.
Duten espezializazioagatik, kostuagatik edo berritasunagatik ikastetxearen esku ez dauden tresna, erreminta, aparatu edo makinei buruzko ezagutza teknikoak eskuratzeko.
Produkzio-prozesuko faseetan bete-betean parte hartzeko, dagokion tutoretzapean edo zuzendaritzapean.
Ikastetxeko prestakuntza teorikoan eta praktikoan jasotako ezagutzak eta abileziak aplikatzeko.
Lan-munduan eta enpresaren sistema tekniko-sozialean sartzeko.
3. FASEAREN JARRAIPENA
Prestakuntza praktikoaren faseak irauten duen bitartean, ikasleak enpresan, estudioan edo lantegian garatutako jardueren jarraipena egin beharko du taldearen tutoreak. Jarraipen horri esker, fase honen helburuekiko ikasleak egindako aurrerabidea zein den jakin ahal izango da eta, aldi berean, garatutako jardueren litezkeen akatsak antzeman eta zuzendu ahal izango dira.
4.– EBALUAZIOA
– Ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
Ikastetxean eskuratutako ezagutzak eta abileziak aplikatzea.
Duten espezializazioagatik, kostuagatik edo berritasunagatik ikastetxearen esku ez dauden tresnak edo aparatuak behar bezala eta eraginkortasunez erabiltzea.
Produkzio-prozesuaren faseetan interesa, ekimena eta partaidetza erakustea.
Lankideekiko errespetua erakustea eta taldean egindako lanean lankidetza baloratzea.
Zuzendu zaion lana legezko araudiarekiko eta segurtasun-baldintzekiko jarrera erantzuleaz egitea.
– Arte plastikoetako eta diseinuko teknikaria Autoedizioan tituluari dagokion zikloko heziketa-taldeak ebaluatuko du enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea, ziklo honetako fase praktikoari dagokion prestakuntzako irakaslearekin/tutorearekin koordinatuta.
– Lantokiak ikaslearen prestakuntza-arduradun bat izendatuko du bertako egonaldian zehar, eta horrek fase praktikoaren ebaluazioan lagunduko du. Horretarako, txosten bat egingo du, amaierako kalifikazioan ikastetxeko irakasleak/tutoreak kontuan hartuko duena.
– Enpresa, estudio edo lantegietako fase praktikoan kalifikazioa honela adieraziko da: GAI ala EZ GAI.
5. KORRESPONDENTZIA
Enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasetik guztiz edo zati batean salbuetsita geratu ahal izango dira heziketa-ziklo honekin zuzenean lotutako lanbide-esparruan lan-esperientzia dutela egiaztatzen dutenak.
Lan-jardunarekin korrespondentzia ezartzeko, heziketa-zikloarekin lotutako gutxienez urtebeteko lan-esperientzia izatea egiaztatu beharko da, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren faseari dagozkion amaierako gaitasunak erakutsi ahal izateko.
Lan-esperientzia honako dokumentu hauen bidez egiaztatuko da, modu metagarrian:
Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo ikaslea afiliatuta dagoeneko lan-mutualitatearen ziurtagiria, ondokoa jasoko duena: enpresa, lan-kategoria (kotizazio-multzoa) eta kontratazioaren aldia, edota, hala badagokio, langile autonomoen erregimen bereziko kontratazioaren aldia; nahiz zuzenbidean onartutako beste edozein froga-baliabide.
Lan-esperientzia lortu deneko enpresaren ziurtagiria, zehazki ondokoa jasoko duena: kontratuaren iraupena, garatutako jarduera eta jarduera hori garatu deneko denboraldia. Norberaren konturako langilearen kasuan, hauek aurkeztuko dira: ekonomia jardueren gaineko zergako altaren ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren egiaztagiria.
Korrespondentzia ikaslearen espediente akademikoan, ebaluazio-aktetan eta ziurtagirien liburuan geratuko da jasota, SALBUETSI gisa.
2. AMAIERAKO PROIEKTUA
Autoedizioko erdi-mailako zikloaren amaierako proiektuan, ikasleak espezialitateari dagokion amaierako obra bat egin beharko du, ikasleak berak proposatutakoa edo ikastetxeak iradokitakoa. Obra horretan, prestakuntzan eskuratutako ezagutzak aplikatu beharko ditu.
Ordu guztien zenbaketaren ondorioetarako, amaierako obra egiteko faseari 25 ordu zuzendu zaizkio.
Amaierako obra egiteko ez da beharrezkoa ikaslea eskolaratzea, ikastetxearen esparrutik kanpo egin daiteke eta. Ikasleari amaierako obra egitea errazteko, eta aldez aurretik hark eskatuta, ikastetxeak ikasgelak eta lantegiak erabiltzeko aukera emango du amaierako obra egiteko ezarritako aldian, ohiko irakaskuntza-jardueraren garapena oztopatuko ez den ordutegian.
1. HELBURUAK
Ikasleak gai izan beharko du:
Heziketa-zikloan emandako irakaskuntzetan zehar eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoak eta artistikoak bateratu, laburtu eta aplikatzeko.
Autoedizioko erdi-mailako zikloaren berezko esparruan duen profesionaltasuna erakusteko.
2. EDUKIAK
Memoria:
Amaierako obraren xede den elementua burutzeko prozesuen eta faseen azterketa zehatza egingo da. Gutxienez eta berariaz, ondoko alderdiok jorratu beharko dira:
Alderdi funtzionalak: helburuak, garapena.
Alderdi artistikoak: kalitate estetikoa eta interes formala.
Alderdi teknikoak: erabilitako materialak, prozesuak eta teknologiak, eta lana egiteko eta haren kalitatea kontrolatzeko beharrezko zereginak eta denborak.
Alderdi ekonomikoak: amaierako produktua burutzeko beharrezko kostuak, eta baliabideak errentagarri egitekoak kalkulatzea.
Dokumentazio grafikoa:
Amaierako obra eta marrazkiak eta zirriborroak egiteko etapak irudikatuko dira:
Ideien eta kontzeptuen garapen formala egiaztatuko duten elementu desberdinen testigantza grafikoa (probak, maketak, planoak, oharrak, etab.).
Obraren burutzapen praktikoa:
Lanaren garrantzia eta epaimahairen zehaztapenak kontuan izanda lana burutzea.
3. GARAPENAREN FASEAK
Heziketa-zikloa osatzen duten modulu guztiak gainditu ondoren, ikasleak amaierako obrarako proposamena aurkeztuko du. Bertan, egin nahi duen lanaren edukia jasoko da.
1. 1. fasea: amaierako obrarako proposamena eta tutorea izendatzea:
Amaierako obrarako proposamena:
Ikasleak espezialitateari dagokion amaierako obra bat egin beharko du, ikasleak berak proposatutakoa edo ikastetxeak iradokitakoa. Obra horretan, prestakuntzan eskuratutako ezagutzak aplikatu beharko ditu.
Epaimahaiak, hura onartzeko garaian, honako alderdi hauek kontuan hartu beharko ditu:
n Interes artistikoa eta teknikoa, originaltasuna eta dagokion benetako eskaerarekiko egokitzapena.
n Epeak betetzea: ezarritako baldintzetan obra egiteko benetako ahalbidea, horretarako beharrezko denbora eta eskura dauden instalazioak kontuan izanda.
Irakasleak/tutoreak:
Proposamena onartu ondoren, heziketa-taldearen edota dagokion esparruan ospea duen profesionalen baten ardura izango da amaierako obraren tutoretza. Azken kasu horretan, zikloko irakasle batek txostengile ofizial gisa jardungo du, zentro ofizialarekiko harremanetan ikaslea aholkatu eta hala eskatzen duten bideratze-faseetan hura ordezkatzearren.
Ikastetxeak tutore bat edo gehiago eskainiko die halakorik ez duten ikasleei.
2. 2. fasea: amaierako obra inskribatzea:
Epaimahaiak proposamena onartu ondoren, amaierako obra inskribatuko da.
4. EPAIMAHAIAK IZENDATZEA
Proposamena onartzea eta amaierako proiektua ebaluatzea epaimahaiari dagokio. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Lehendakariak: ikastetxeko zuzendariak edo hark eskuordetzen duen irakasleak.
Zuzendariak izendatutako gutxienez hiru mahaikidek, ziklo honetako irakasle izango direnek. Gainera, zuzendariak ikastetxez kanpoko profesional ospetsuren bat izendatu ahal izango du, Barnealdeen diseinuaren dagokion esparruan aditua izango dena.
Ikastetxeko zuzendariak. Hitzez baina botorik gabe jardungo du eta bilkuren akta egingo du. Era berean, hala badagokio, proiektuak egiteko ikastetxeak ikasleen esku uzten dituen baliabideak lortu eta koordinatzeaz arduratuko da.
5- EBALUAZIOA
Amaierako obra ebaluatu ahal izateko, aldez aurretik, enpresa, estudio edo lantegietako prestakuntza praktikoaren fasea gainditu behar izango da.
Amaierako obra egiteko prozesua heziketa-zikloaren moduluak gainditu izanaren hurrengo ikasturteetan garatuko da.
Amaierako kalifikazioa lortzeko, ikasleak gehienez bi ikasturte izango ditu. Ikasturte bakoitzean bi deialdi ezarriko dira, kurtsoaren lauhileko bakoitzean bana. Lehen deialdian kalifikazio positiboa lortzen ez duten ikasleek bi aukera izango dituzte, hots, obra bera lantzen jarraitzea edota proposamen berria aurkeztea. Nolanahi ere, ikasturte bakarrean besterik ezingo da obra bera lantzen jarraitu.
Salbuespen gisa, epaimahaiak, amaierako obraren tutorearen edota, hala badagokio, txostengilearen aldez aurreko txostenarekin, eta dokumentu bidez justifikatutako arrazoiengatik, aparteko deialdi bat ematea erabaki ahal izango du.
Amaierako obraren honako atal hauek ebaluatuko dira:
Memoria.
Dokumentazio grafikoa.
Burutzapen praktikoa.
Eranskin honen 2.1 atalean azaldutako helburuekin bat etorriz, ebaluazioan ikaslearen gaitasun hauek kontuan hartuko dira:
n Obra epeekiko eta dauden baliabideekiko egokituta eta eraginkortasunez planifikatzea. Proposamen hori epaimahaiak iradoki ditzakeen aldaketei lotuta egongo da.
n Espezialitate honetako lan-teknikak dagokion benetako eskaeraren exijentziei aplikatzea, egokiro eta originaltasunez.
n Aurkeztutako amaierako obran sormena, irudimena eta sentikortasuna erakustea.
n Amaierako obrak berria izan beharko du, eta hura ezarritako epeetan egin ahal izan behar da. Proposamen hori epaimahaiak iradoki ditzakeen aldaketei lotuta egongo da.
n Egungo eskaeraren beharrei erantzutea, tradiziozko teknika artistikoen tratamenduari eutsiz, edota horiek egungo joera plastikoei egokituz.
n Amaierako memorian azaldutako norberaren ideiak argudiatu eta defendatzea, terminologia egokia erabiliz.
n Materiala, burutu beharreko prozesu teknikoen errentagarritasuna eta objektuaren nolakotasun artistikoak aukeratzea.
n Amaierako obra txukun eta profesionaltasunez aurkeztea.
Ikastetxeak, bere jarduera-programan, positibotzat ebaluatutako amaierako obren erakusketa barne hartuko du. Erakusketa horretan, ikastetxeko irakaskuntzaldian zehar egindako lanaren ideia emateko beharrezko material grafikoa bilduko duen dokumentazioa gaineratuko da, egindako lanaren erakusgarri izan dadin eta gainerako ikasleentzako erreferentzia gisa balio dezan.