Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoko Zuzendaritza Nagusiaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos-eko Zuzendaritza Nagusiaren artekoa, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei euskara-eskolak emateko eta lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunetan Hizkuntza Gaikuntzako Ikastaroak egiteko kudeaketa materialaren gomendioari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: HABE; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia; Segurtasun Saila; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 235
  • Hurrenkera-zk.: 5667
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/10/28
  • Argitaratze-data: 2019/12/11

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Arkauti, 2019ko urriaren 28a.

Alde batetik, Malentxo Arruabarrena Julián, Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia (PLEA) Erakunde Autonomoko zuzendari nagusia.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa jauna, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) zuzendari nagusia.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearekin bat etorriz, Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikitako administrazio izaeradun Erakunde Autonomoa da, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana. Aipatutako lanen artean, Ertzaintzaren funtzionarioentzako hizkuntza gaikuntzarako ikastaroak programatzeko, antolatzeko eta burutzeko eskumenak daude, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren arabera maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak emandako idazketa berrian.

Bigarrena. Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoak ez dauka giza baliabide eta baliabide material nahikorik Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei eskolak emateko eta lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunetan Hizkuntza Gaikuntzarako ikastaroak burutzeko. Beraz, lan hori gomendatzen diogu espezialitate horretarako betekizun onenak dituen erakunde bati; hain zuzen, lan hori burutzeko baliabideak dituen erakunde bati.

Hirugarrena. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako izaera administratibodun Erakunde Autonomoa da, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana.

Laugarrena. HABE erakundeak lehen esandako Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren beharrizanei erantzuteko antolaketa eta beharrezko baliabideak ditu.

Bosgarrena. Arestian esandako horregatik guztiagatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau formalizatzea hitzartu dute, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoak eta Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos / Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) hitzartu dute HABEk gauzatzea Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei euskara-eskolak emateko eta lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizunetan hizkuntza gaikuntzarako ikastaroak egiteko kudeaketa materiala, Akademiak ez dauzkalako horretarako behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak.

Bigarrena. Gomendatzen den kudeaketa materiala burutzeko, HABEk jarduera hauek egingo ditu:

  1. Ertzaintzako lehen eta bigarren hizkuntza-eskakizuneko Hizkuntza Gaikuntzarako Ikastaroak ematea Arkautiko, Erandioko eta/edo Oiartzungo zentroetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak edo Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatutako ikasleei eta Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente Kategorian sartzeko ikastaroetako ikasleei.

  2. Ikastaroan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu mailaren ebaluazioa eta asistentzia.

  3. Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak programari eta programa horretan sartuta dauden ikasleei buruz eskatzen duen informazioa ematea, batez ere ikasleen aprobetxamendu mailei eta horien asistentziari buruzko informazioa.

    Hirugarrena. Gomendio horren kudeaketa materialetik sortutako gastuak Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aurrekontuari egotziko zaizkio, HABEk aldez aurretik horren fakturazioa egin ondoren, HABE Erakunde Autonomoak eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko irailaren 17ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, euskaltegietako kanpoko irakasleen joan-etorrietatik sortutako gastuei dagokienez, zerbitzuengatiko kalte-ordainak ezartzen dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, ikasleei emango zaizkien ikas-material eta langai didaktikoek sortutako gastuak dagozkien fakturen bidez ordainduko dira.

    Laugarrena. Kudeaketa-gomendioak akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2020ko abenduaren 31ra arte izango du indarra, eta bi aldeek adostuta luzatu ahal izango da, baldin eta dagokion ekitaldirako aurrekontu-kontsignazio egoki eta nahikoa badago.

    Bosgarrena. Kudeaketa-gomendioak ez dakar Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoari jardun horretarako emandako eskumenen eta funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea.

    Seigarrena. Kudeaketa-gomendio honen xedea ikusirik, Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Erakunde Autonomoaren erantzukizuna da jarduera materiala osatuko duten edo oinarrituko duten izaera juridikoko egintza edo ebazpenak ematea.

    Zazpigarrena. Academia Vasca de Policía y Emergencias / Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak HABEri lagako dizkio ikasleei buruzko datu pertsonalak ikastaroak kudeatzeko beharrezkoak direnak, Herrizaingo sailburuaren 2003ko irailaren 2ko Aginduko I. eranskinaren 40. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz. Agindu horren bidez, Herrizaingo Saileko eta horri atxikitako «Euskal Herriko Polizia Ikastegia» Erakunde Autonomoko (irailaren 2ko EHAA, 170 zk.) datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautzen dira.

    Hala jasota gera dadin, bildutako bi alderdiek, agiri honetan zehaztutako edukiarekin bat etorriz, akordio honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan idatzitako tokian eta datan.

    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

    MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

    HABEko zuzendaria,

    JOKIN AZKUE ARRASTOA.