Elementu klimatikoak

Leku bateko intsolazioa aztertu ahal izateko, urte oso bat hartu eta hilabete bakoitzean batez beste zenbat eguzki-ordu izan den kalkulatu behar da. Eguzki-orduen kopuruak gutxi gora-behera zenbat energia jaso den jakiteko soilik balio du, eguzki-erradiazio zuzena bakarrik hartzen baita kontuan, eguzki-erradiazio barreiatua kontuan izan gabe; eta gainera, leku batean guztira jasotako energian, badu zerikusirik leku horren begiraldeak eta aldapak, bai eta inguruko erliebeak ere, itzala egin baitiezaioke.

Intsolazioa eta latitudea:

Urtaroko eta urteko batez besteko eguzki-orduak bi faktoreren baitan daude: faktore astronomikoa, Lurrak urtean zehar Eguzkiarekiko duen posizioa alegia, (leku bakoitzaren latitudeak zehazten du hori); eta faktore klimatikoa, inguru bateko hodeitza handiagoa edo txikiagoa izateak erabakitzen du.

Leku baten latitudearen arabera, leku horretan eragiten duten eguzki-izpi zuzenak lapranagoak edo zuzenagoak izango dira, eta laprantasun horrek eragiten ditu, hain zuzen ere, urtaroen arteko desberdintasunak eta egunaren iraupenen artekoak; Euskadin udako solstizioan 15 ordu inguruko eguna izaten dugu, eta neguan 9 ordukoa.

Intsolazioa eta hodeitza:

Hainbat behatokitako hilabete bateko eta besteko intsolazio-orduen kopurua alderatuz gero, ondorio hauek atera daitezke:  iparraldearen eta hegoaldearen arteko intsolazio-gradientea oso garrantzitsua da. Udaberrian eta udan Errioxan Bilbon baino % 33 eguzki-ordu gehiago izaten da. Udazkenean eta neguan ez dago hainbesteko alderik itsasertzeko eta Euskal Herriaren hegoaldeko intsolazioaren artean.

Intsolazioa eta erliebea:

Herrialde baten erliebea bihurgunetsua bada, lurrak egiten dituen itzalguneen ondorioz, gerta liteke egunaren lehen eta azken orduetan, elkarrengandik hurbil dauden lekuen artean intsolazio aldetik desberdintasun handiak izatea. Faktore horrek badu eraginik landareen banaketari dagokionean, batez ere kostaldean. Horregatik, bada, nekazaritzako zenbait jardueratarako, funtsezkoa da aldapan dauden lurrak ze aldetara dauden kontuan izatea.

Gizakiarentzako habitat eroso batek izan behar dituen ezaugarrien artean ere, gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio intsolazioari. Baina ez dirudi beti horrela izan denik. Haran-barren ospeletan elkarren kontra altxaturiko eraikinez osaturiko herriak nonahi aurki ditzakegu Euskal Herriko isurialde atlantikoan, intsolazioa hobeto nola aprobetxatu planteatu ere egin gabe.

Ez da erraza behatoki batetik hodeitza estatistikoki zenbatekoa den zehaztea; beraz, eta hodeitza funtsezko parametro klimatologikoa den arren, sarritan ez da aintzat hartzen. Behaketak era subjektiboan egiten dira, eta behatzaileak erabaki ohi du -egunean zehar hainbat unetan- zerua estalita, hodeitsu edo oskarbi dagoen. Behaketa batean, zerua oskarbi dagoela esaten da, hodeiek zeruaren bi zortziren baino gutxiago estaltzen dutenean; hodeitsu 2 eta 6 zortzirenen artean estaltzen dutenean, eta estalita zeruaren 6 zortziren baino gehiago ezkutatzen dutenean.

Eguerdian zerua oskarbi ageri den egunen kopurua, biziki altuagoa izaten da meteorologiaren ikuspuntutik oskarbitzat jotako egunen kopurua baino. Horrela, bada, Meteorologi Institutu Nazionalaren estatistiketan Donostian 10 egun besterik ez dira jo oskarbitzat, baina berez 20 egunetan, hau da, beste horrenbestetan egon zen zerua oskarbi eguerdiko 13:00etan.

Donostia eta Bilboko zeruetan hodeitza antzekoa izaten da; desberdintasunak Gasteizen ageri dira; ikusi grafikoak.


 
Bilbao
 Bilbo
Donostia
Donostia 
Gasteiz
 Gasteiz
1931-196

Euskal Herrian jatorri desberdineko hiru laino mota nagusi bereizi ohi dira: kostako lainoak, mendietako lainoak eta haranetako lainoak. Beraz, mota batekoa ez bada, bestekoa, lurralde osoan sortu ohi da lainoa, sarriegi ez bada ere. Esan beharra dago, ordea, lainoaren behaketak, hodeiekin gertatzen den bezala, badutela halako subjektibitate ikutu bat. Ikuspuntu meteorologikotik, behatzaileak lainoa dagoela esango du ikuspena 1.000 metro baino gutxiagokoa denean. Laino-eguna: egunero egiten diren hiru behaketetakoren batean meteoro hori erakusten duen eguna; hau da, ez da ezinbestekoa lainoak egun guztia irautea, egun hori laino-eguntzat jotzeko.

Kostako lainoak:

Kostako lainoak sakonago aztertzeko, Igeldon lainoen maiztasunari buruz egindako azterlan bat balia daiteke. Azterlan horretan 10 urteko epean egunero egin dira behaketak, 7:00, 13:00 eta 18:00etan, eta nolabait ere kostako gainontzeko lekuetara estrapola daiteke.

Lainoak, Igeldon eta, ziur aski, kostalde osoan, erakusten duen ezaugarririk aipagarriena urtaro batetik besterako aldea da. Hiru hilabete daude lainoa sartzeko oso aproposak: apirila, maiatza eta ekaina. Hilabete horietan inoiz baino handiagoa izan ohi da, artean hotz dagoen itsasoko uraren eta gain-gainean duen aire epelagoaren arteko tenperatura-kontrastea. La situación térmica es propensa a las inversiones de superficie, sobre todo con presiones altas, y a la formación de estratos y nieblas marinas que las brisas adentran en la costa. Igeldo gain batean dagoenez, erliebearen eraginez airea errazago hozten da, eta hartara lainoa ere maizago jartzen da.

Mendietako lainoak:

Euskal Herriko leku altu guztietan nahiko sarri agertzen da lainoa, batez ere uren banalerroko mendietan. Gipuzkoak Nafarroarekin muga egiten duen mendietan ageri da sarrien. Normalean haizeak iparretik jotzen duenean agertu ohi da; itsasoko aire oso hezez osaturiko masa mendien kontra igotzean, airea hoztu egiten da, eta ur-lurruna kondentsatzean, lainoa sortzen da. Isurialde atlantiko osoan, erliebe trakets horretakomendiak, oso garaiak ez izan arren, nahikoa dira airea ase dadin eta mendiak hodeiez estaltzeko estratu baxuak sor daitezen. Estratu-generoko hodeien sabaia askotan ez da 300 metrotik gora iristen, eta, jakina, lurrak altitude hori erdiesten duen lekuetan laino gisa hartzen dira. Laino horiek, altueraren arabera sortzen baitira, udan maizago izaten dira, eta, gainera iluntze aldera, egutera eta laiotzen arteko berotze desberdinak airea igoarazten duenean.

Erradiazio-laino edo behe-lainoa:

Euskal Herri barrualdean bada beste laino mota oso arrunt bat: erradiazio-lainoa; behe-lainoa edo erlainoa ere esaten zaio. Eguraldi egonkorra eta zeru oskarbia lagun, gau fresko eta hezeen ondoren aire hotza eta dentsoa mendi-hegaletatik behera haran-barrenera jaitsi, eta hezetasuna, kondentsaturik, bertan geratzen denean sortzen da. Egunsentian oso ohikoa da tenperaturaren inbertsioa gertatzea, hots, aire hotza behean eta beroagoa gainean geratzea; horrek turbulentziak galarazten ditu, eta ezinezko egiten du aire beroa igotzea, eta hotza jaistea, eta, hortaz, egunean zehar ordu asko iraun dezaketen lainoak sortzen dira haran barrenetan.

Behe-lainoak, neguan, Euskal Herriko eremu zabalagoak eta ez hain itxiak ere har ditzake; esaterako, Arabako Lautada. Horretarako, ezinbestekoa da eguratsa egonkorra izatea, antiziklonikoa, eta lurra estaltzen duen airea hotza eta hezea izatea. Neguan, eguna motza denez eta eguzki-irradiazioa intentsitate txikikoa, lurzorua nekez berotzen da, eta horrek eguneko orduetan lainoa erabat ez kentzea eta gau luzeetan sendotzea eragiten du.

Euskal Autonomia Erkidegoan izaten dugun plubiositate garrantzitsua eta prezipitazioen intentsitate handia oso ondo ulertzen da orografiari begiratuz gero. Kontuan izaten badugu, batetik, euskal mendiak mendebal-eki orientazioan daudela; eta bestetik, euskal mendiak, mendebaletik dituzten Kantaurialdeko mendilerrokoak eta ekialdean altxatzen diren Pirinioak baino baxuagoak direla; eta, azkenik, Mediterraneo mendebaleko eskualde ziklogenetikoak nolabait ere airea xurgatu egiten duela, oso ondo ulertuko dugu mendebaletik datorren haizea zergatik okertu eta Euskal Autonomia Erkidego osoa zeharkatuz bideratzen den Mediterraneoko arrorantz.
Klima honetan plubiositatea handiagoa edo txikiagoa izatea ez da prezipitazio-kopuruaren kontua soilik, prezipitazio horien iraupena ere kontuan hartu beharrekoa da, txandaka-txandaka denetarik izaten dugu, euririk gabeko tarteak, lehorteak, izugarrizko euri-jasak, eta prezipitazio motarik arruntena dugun, zirimiria. Baina askotan garrantzitsuaga da euria zenbat denboran egiten duen, botatako ur-kantitatea bera baino. Nahi izanez gero, hiru hiriburuetako hileko prezipitazioen grafikoa ikus daiteke.

Precipitaciones

Lehorteak:

Oraindik ez da egin uholdeak eragiten dituzten euri gogorrei eta lehorteei buruzko azterlan exhaustiborik.Berriki, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak larritu egin ziren 1989 eta 1990 urteetan nozitu, baina bi urte lehenagotik zetorren lehortearekin. Prezipitazioak % 35 jaitsi ziren. Baina egia esan, kanpoak ia ez zuen lehorterik nozitu; are gehiago, nekazaritzako ekoizpena, guztira, aparta izan zen. Hala eta guztiz ere, hiruburuetan askotan kendu beharra izan zuten ura. Biztanle gehien dituen hiria izaki, Bilbok jasan zituen, kalterik gehien, bilbotarrek urtebetez jasan behar izan baitzituzten ur-murrizketak. Bilbon erabiltzen den uraren zati handi bat Araban dauden Zadorrako urtegiek hornitzen dute, eta han ikaragarri jaitsi zen uraren maila, inguru horretan ere prezipitazioak urriak izan baitziren. Gainera, tenperaturak ere oso altuak izan ziren, batez ere 1989an, eta lurrunketak, hego-haizea lagun, asko lagundu zuen urtegiak ia lehortzen.

Euri-jasak:

Badira ordea, lehorteak baino usuago eta ekonomi aldetik garrantzitsuagoak diren beste fenomeno batzuk: euri-jasak, isurialde atlantiko osoan uholde larri eta garestiak eragiten dituzten fenomenoak, hain zuzen. Hiriaren sorreratik bertatik, Ibaizabalen uholdeek mendetan zehar kalte itzelak sortu dituzte hirian, aldian behin. Gipuzkoan ere, euri-jasen ondoren, uraldiek galera handiak eragin dituzte etxebizitzetan, kanpoan eta bideetan.

Azken urteotako uholderik garrantzitzuena 1983ko abuztuaren amaieran bizi izan zen, 26 eta 27an batez ere, eta bereziki Bizkaian eragin zituen kalteak, eta gutxixeago Gipuzkoan. Euririk gehien Bilboko itsasadarraren inguruan egin zuen. Hiru faktorek egin zuten bat euri-erauntsi horiek eragiteko: lehenik, uda osteko lehenbiziko aire-masa polarra iritsi zen, altu samar; bestetik, euskal kostaldeko uraren azaleko tenperatura altuak gainean aire masa epel heze oso ezegonkorra sortarazi zuen; eta azkenik, iparretik haize arinak sartu ziren, eta horiek erliebearekin topo egitean igotzen hasi eta ezegonkortasuna muturrera eraman zuten.

Ondorio larriak izan zituen euri-eraunsien beste gertaera aipagarri bat handik urte batzuetara gertatu zen, berriro ere udan, eta Gipuzkoako lurraldearen heren batean izan zuen eragina. 1988ko uztailaren 19an goialdetik aire hotzezko tanta bat sartzean, lurrazalaren kontrako aire-geruza heze eta beroarekin topo egitean, truxu itzelak eragin zituen, batez ere Deba eta Urola arroetan.

Elurra:

Euskal Autonomia Erkidegoko elurraren taulak erakusten duenez, itsasoaren mailan, kostaldean, elurra fenomeno arraroa da. Mendietan elur sasoian urrian ere egin dezake elurra, baina ez du oso ugari egiten. Elurrak beranduenera ere maiatzean eraunsten du, depresio sakon bat poloaren pareko latitudeetatik meridianoari jarraikiz iristen denean.

Elurterik oparoenak, iparreko fluxu hezeak ipar-ekialderantz aldatu ahala, pixkanaka hoztuz, baina azkenean prezipiatazioarik eragiteko lehorregi daudenean izaten dira. Isobaren mapan Europako kostan antizikloi luzexka bat eta Eskandinabiatik kontinente osoa iparretik hegora zeharkatu ondoren, Mediterraneo mendebalera iristen den depresio bat agertu ohi dira. Depresioarekin batera datorren iparreko fluxu hotz eta heze azkar batek eragiten ditu lehenengo elurteak. Eta gerta daiteke, bigarren bultzaldi batean, Mediterraneoko depresioak aire-masa hezeagoak ekartzea, eta ordurako lurrazalaren gainean dagoen aire-masa hotzagoarekin topo egitean elurteak ugaltzea. Azkenean, Atlantikoko antizikloi luzexka "etzan" egiten da Europa iparraldean eta eten egiten du fluxu hezea.

Elurra eragiten duten beste egoera batzuk ur-tanta hotzekin gertatu ohi dira. Negua bada eta lurrazaleko geruzak behar bezain hotz badaude, prezipitazioak lurrera iristerako elur-malutatan biltzen dira.

Txingorra:

Txingorra sarriago egiten du kostako behatokietan barrualdekoetan baino. Kostaldean urtean 5 egunetik gora egiten du txingorra, baina barrualdean nekez egiten du batez beste 3 egun baino gehiagotan. Hori bai, kostaldean neguan sarriagoa den bezala, barrualdean askoz ere ohikoagoa da udan. Arrazoia, bada, txingorra eragiten duten igoera zakarragoak, are gehiago zakartzen dira kostan erliebearengatik eta aire-masa polarren baitan, uraren ondo-ondoan dauden beheko geruzak Bizkaiko itsasoa zeharkatzean epeltzen direlarik sortzen den ezegonkortasunagatik. Aldiz, hegoaldean, txingorra eragiten duten igoerak, udan lurzorua eta hori ukitzen dagoen airea biziki berotzean sortzen den ezegonkotasun termikoen ondorioz izan ohi dira.

Nekazariak betidanik izan dira udako txingorraren beldur, batez ere mahastizainak eta fruta-arbolak dituztenak. Harriak min handia egin diezaioke mahatsari biltzeko ia prest dagoenean, eta urtebeteko lana alferrik galdu. Harri-erauntsirik izan ez dadin, eratzen ari diren hodeien kontra koheteak leherrarazteko eta iodurodun abionetak igortzeko ahaleginak egin izan dira, horrela hodei barruko hezetasuna kondentsatu eta eguratsa gehiegi kargatu eta harriak sortuko dituen asetze zakar bat gertatu baino lehen, ura erorrarazteko asmoarekin.

Hileko batez besteko tenperatura bitarteak nahiko garrantzitsu eta esanguratsuak dira. Kostan, hilabete epelenen eta hotzenen arteko aldea 11 ºC edo 12 ºC-ren bueltan ibili ohi da, baina barrualdean 17 ºC edo 18 ºC-ra ere ailega daiteke.
Kostaldeko behatokietan batez besteko tenperaturarik altuenak abuztuan erregistratu ohi dira, uztaileko tenperaturak baino altuxeagoak izan ohi dira-eta; aldiz, hegoalderantz joan ahala, uztailean bero handiagoa egiten du abuztuan baino. Irailak nahikoa gordetzen du udako berotasuna, baina urrira heltzean tenperaturak zakar samar egiten du behera, eta beherakada hori are nabarmenagoa gertatzen da urria amaitu eta azaroan sartzean. Aitzitik, udaberriko trantsizioko igoera, martxotik hasi eta ekainera bitartean, nahiko erregularra da, eta tenperatura pixkanaka igotzen da hilabete batetik bestera igaro ahala.

Hileko batez besteko tenperaturarik baxuenak (1931-1960 epean Bilbo, Gasteiz eta Donostia erregistraturiko batez bestekoak hartu dira kontuan, bai maximoenak, bai minimoenak) behatoki guzti-guztietan abenduan jasotakoak izan dira. Kostaldean 8 ºC-ren gainetik ibili ohi dira; eta barrualdean ostera, 4 ºC eta 6 ºC-ren bueltan. Nahiz eta oso ohikoak ez izan, izozteak ere izaten dira, batipat udazkenean eta neguan.

Tenperatura maximoak eta minimoak:

Eguneko tenperatura maximoak, eskuarki, eguerdiko orduetan erdiesten dira; eta tenperatura minimoak, berriz, gauaren azken orduetan. Horrela, bada, tenperatura maximoek hobeto islatzen dute egunean zehar izandako tenperatura, eta orobat gertatzen da minimoekin gaueko tenperaturari dagokionean. Hilabetez hilabete aztertuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko tenperatura maximoak dezente aldatzen dira. Batez besteko tenperatura minimoak lurralde osoan urtarrilean erregistratzen dira. Aipatu beharra dago, kostaldean nahikoa altuak direla, 4 ºC eta 5 ºC ingurukoak.

Behatoki batean tenperatura-bitarte absoluturik handiena Vitoria-Gasteizen erregistratzen da, minimo absolutuaren eta maximo absolutuaren arteko aldea 60 ºC ingurukoa izan baitaiteke.

Tenperatura maximo absolutuen artean ez dago alde handirik: bai kostaldean, bai barrualdean, 40 ºC-ren bueltan ibili ohi dira. Izan ere, kostaldeko behatokietan oso tenperatura altuak erdiesten baitira, uda partean hego-haizeak jotzen duenean. Halakoetan, Afrikatik datorren aire-masa tropikalak euskal kostalderaino hel daitezke, eta hor beroa are minago gertatzen da hegoaldeko haizeen eraginez. Minimo absolutuei dagokienean, aldeak oso nabarmenak dira; kostatik Arabako Lautadara 8 ºC edo l0 ºC-ko aldea egon baitaiteke.

Izozteak:

Izozte-egunen kopurua, hau da, tenperatura minimoa 0 ºC-tik beherakoa duten egunena, oso parametro klimatologiko interesgarria da, uraren izozte-tenperatura horrek landare askoren bizitza-atalasea mugatzen baitu, neurri handi batean.

Batez besteko izozte-egunen kopuruan alde ederra dago lurralde batetik bestera. Kostaldean ez dira 20 egunetara iristen, baina Bizkaia eta Gipuzkoa barrualderantz eginez gero, izozte-egunen kopuruak ere gora egiten du. Uren banalerroaren beste aldean, Arabako Lautadan aise gainditzen dira 40 izozte-egun.

Lehen eta azken izozte-egunak ere, eta nekazaritzan badute eraginik, aldatu egiten dira batetik bestera. Muturrera joanda, maiatza nahiko aurrera doala ere egin dezake izotza Arabako Lautadan, eta Gasteizen, ekaineko lehen egunetan ere nozitu izan dituzte.

Eskualde geografiko bateko klima, neurri handi batean, jotzen duen haize nagusiaren ondorio da.

Gure herria mendebaleko haize nagusiek zeharkatzen dute. Baina alisioak ez bezala, horiek nahiko era erregularrean jotzen baitute, mendebaleko haizeek meandro bikainak marrazten dituzte, eta hartara, gerta liteke erdialdeko latitudeetako eskualdeetan aldi batean hego edo iparreko aire-korronteek edo-eta, are ekiko kontrakorronteek jotzea.

Neguan, jet korrontea latitude baxu samarretan dabilenean, hau da 30 eta 40 gradu artean, biziki nozitzen ditugu mendebaleko zirkulazioak, depresioek eta hodei-fronteek. Udazkenean eta udaberrian, aire-fluxu horrek indarra galtzen duenean eta uhindunago egiten denean, eguraldia ere aldakorrago egiten da normalean, eta aste batzuetan hegoko korronte epelak iristen diren bezala, hurrengoetan iparreko haize heze hotzek jotzen dute.

Udan, mendebaleko haizeen fluxu nagusiak iparrerantz egiten du eta ahuldu egiten da. Orduan, Europa hegoalde osoan sarri askotan barealdia eta Azoreetako antizikloiek eragindako eguraldi ona izaten da nagusi, eta ipar-ekialderantz ere hedatzen da. Udako egun askotan, Euskal Herria antizikloiaren ekialdean egon ohi denez, ipar-haizea nagusitzen da eta horrek indartu egiten ditu eguneko brisak.

Azaleko haizeak:

Lurrazalaren kontra doanean, erliebeak eta terrenoarekiko marruskadurak, kasu batzuetan haizea bideratu egiten duten arren, normalean abiadura moteldu eta norabidea aldarazi egiten diote.

Haize biziak urriak dira, eta, aldiz, nahikoa sarri izaten dira haize oso gogorrak eta ekaiztsuak, eta horiek dira, hain zuzen ere, haizearen batez besteko abiadura igoarazten dutenak. Horrela, bada, 50km/h-ko abiadura gainditzen duten haize horiek maiztasunean ia % 4ra iristen dira, eta ehuneko hori klima ozeanikoa duten Europako estazio guztietako maiztasun-indizerik altuena da. Neguan, bai iparreko bai hegoko haizeek, udan baino askoz ere gogorrago jotzen dute.

Haize-arrosa zortzitan zatitzen badugu, ipar-haizeak jotzen du sarrien, % 21,4tan, eta ipar-mendebaleko haizeak ondoren, % 17,6. Hala ere, indarrari begiratuz gero ipar-mendebaldeko haizea gailentzen zaio iparrekoari: lehenengoak 20,4 km/h-ko abiaduran jotzen baitu, eta bigarrenak 11,4 km/h-ko abiaduran. Ipar-mendebaldeko haizea haize sinoptikoa dugu, fluxu nagusiek eragindako haizea; eta, aitzitik, ipar-haizea brisa lokalen ondorio izan ohi da gehienetan. Eguneko brisen eraginez, gaueko haizeak, askotan mendebalekoak, ipar-mendebaldera aldatzen dira, eta ipar-mendebaldekoak iparrera.

Hego-haizea haizerik bizkorrena da: 22,1 km/h-ko batez besteko abiadura hartzen du, eta galera handiak sor ditzake teilatu, berotegi, landare eta zuhaitzetan, ekaiztsu jotzen duenean; tamalez sarri antzean.

Kontuan izandako gainontzeko behatokietan haizearen urteko batez besteko abiadura askoz ere txikiagoa da. 10km/h eta 13km/h artean dabil. Herri bakoitzean norabide ohikoena, inguruaren topografiaren baitan dago. Kostaldean negu mineko hilabeteetan jotzen du haizeak gogorren.

Hego-haizea:

Hego-haizeak, berotzeko, lehortzeko eta eguratsa gardenago egiteko ahalmena duen fenomeno hori, Euskal Herriko isurialde atlantikoko klimaren oso ezaugarri tipikoa dugu. Hegoa, presio-mapetan mendebalean depresioa eta ekialdean antizikloia eratzen direnean sortzen da. Isobarak meridianoen paretik edo ia paretik igarotzen dira, hau da, mendien lerrokadurarekiko elkarzut. Beheko aldean, hego aldetik datorren haizea indarrez sartzen da Euskal Herrian, Kantauriko Mendilerroaren eta Pirinioen erliebe altuen erdian pasabide orografiko aproposa sortzen baitu. Iparraldeko isurialdetik behera Bizkaiko Golkoko lautadarantz jaisterakoan, airea, konpresioaren eraginez berotu egiten da, eta lehortu. Hego-haizea edozein urtearotan ager daiteke, baina egia esan, hego-haize gogorrak urri eta azaro inguruan irauten du gehien.

Hego-haizeak ekartzen duen aire epela ez da lehendik dagoen airea bezain dentsoa, eta ondorioz, aire-boltsa hotzenak denboraldi batean haranetan eta terrenoaren zokoguneetan harrapaturik gelditu ohi dira, harik eta gainean mugitzen ari den airearen marruskadurarengatik eta eguneko turbulentziarengatik haizeak berak mugituarazi eta arrastatu arte.

Hego-haizeko egunetan, oso ohikoa da Euskal Herriko zeruan itxura lentikularreko kumulu altuak agertzea, eta bertan geratzen dira, nahiz eta berez aire-korronte bizkorrek zeharkatzen dituzten. Horrelakoetan, hego-haizea edo hego-ekialdeko haize bizia iraunkorra denean, zerua erabat oskarbi agertu ohi da, urdin-urdin. Airearen subsidentziak eta itsasorantza lerratzeak ezinezko egiten dute hautsa eta kea gorantz altxatzea, eta gainera, hezetasun erlatiboa baxua izaten denez, eguratsa garbitu eta koloreak bizitu egiten ditu.

Enbata:

Enbata batez ere Kantauri itsasoko hego-ekialdeko kostaldean jotzen duen haize tipikoa da, eta sarri askotan Kantauri aldeko kostalde osoan nozitzen diren ipar-mendebaldeko ekaitzekin nahastu ohi da. Enbata itsasotik bat-batean sartzen den haize-bolada ekaiztsua da, 8 eta 9 arteko indarra eta 60-85 km/h inguruko abiadura hartzen duena. Bat-batean eta oso zakar agertu ohi da. Une batetik bestera, itsasoa gaiztotu egiten da, eta portuetan zenbait ontziren amarrak apurtu egiten dira. Berehala ezinezkoa da 1.000 metrotik haratago ikustea, eta estratu baxuak sartzen dira lehorrera.

Enbata sortzeko arriskua normalean goizeko tenperatura ohi baino altuagoek iragartzen dute. Goizean termometroak 23 ºC eta 30 ºC-ren inguruan dabiltzanean, eta hori eragingo duen hego-haize zakarrik ez denean, guztiz alderantziz, haize arina dabilenean edo erabateko barealdia denean, nabarmena da enbat-arriskua. Eskualdean ez da ia presio-gradiente isobarikorik, presioa ertaina izan ohi da, ez altua, ez baxua. Zerua oskarbi edo oso hodei gutxirekin agertu ohi da. Ziur aski, enbata lehertze horretan izango du zer-ikusirik Ebroko sakonuean eratu den lurrazaleko aire-masa oso beroa behe-behetik pixkanaka itsasertzeraino iritsi izanak, eta han itsasoko aire freskoz osaturiko masarekin topo egitean sortutako kontraste termiko itzelak. Orduan eguna aurrera doan eran, itsasoko azaleko airea, dentsoagoa baita, bi aire-masak bereizten dituen muga ezegonkor hori hautsi, eta kontinenteko aire-masa horren azpitik lerratu eta barrurantz egiten du. Batzuetan gainera, gerta daiteke mendebaletik aire-fronte hotz bat heltzea, baina ez da beharrezkoa.

Enbatak hasi martxotik eta urrira arte sor daitezke, baina udan maizago izaten dira, batez beste hilean bitan. Orduari dagokionean, eskuarki arratsaldean sortzen da, baina gauean ere izaten dira enbatak.