Fair Saturday Jaialdia 2026 (egitaraua Bilbon/Bizkaian)

Bilbao 2026(e)ko azaroaren 27(e)tik 2026(e)ko azaroaren 28(e)ra
  • Fair Saturday Jaialdia 2026 (egitaraua Bilbon/Bizkaian)

Azaroaren 27an eta 28an, kultura izango da protagonista Bilbon eta Bizkaian. Ei! Bilbaok, hilaren 27an, ostirala, eta Fair Saturday jaialdiak, hilaren 28an, larunbata, milaka pertsona, artista eta kultur erakunde bilduko dituzte bi proposamen desberdinen inguruan. Biek, ordea, ideia bera dute oinarri: kulturaren balioa eta parte-hartzea eta gizarte-eragina sortzeko duen gaitasuna nabarmentzea.

Azaroko azken asteburuarekin bat eginez, bi ekimenek kulturaren bidezko kontrapuntua eskainiko diote berriro Black Fridayri. Lehenik, kontzertu parte-hartzaile handi bat izango da Bilbao Arenan eta, biharamunean, Bilbon eta Bizkaiko hainbat udalerritan zabaldutako egitaraua.

Ei! Bilbaok 3.000 ahots bilduko ditu Bilbao Arenan

Azaroaren 27an, ostirala, Ei! Bilbaoren beste edizio bat hartuko du Miribillako Bilbao Arenak. Gizarte-eragina duten Europako kontzertu parte-hartzailerik handienetako bat da. 2026ko edizioak 90 erakundetako 3.000 ahots bilduko ditu, abesbatzetakoak eta ikastetxeetakoak. Proposamenak bereziki indartuko ditu abesbatzen protagonismoa eta parte hartuko duten talde guztiek azken hilabeteotan egindako lana.

Errepertorioa hainbat estilotako 25 abestik osatuko dute, Alfred Tapscottek edizio honetarako sortutako moldaketekin. Nazioarteko ibilbide luzea duen konpositore eta moldatzaile horrek Los Minions eta Angry
Birds bezalako ekoizpenetan parte hartu du. Besteak beste, The Greatest Show, Go West, La Gozadera, Madre Tierra, Furra furra eta Itsasoa gara abestiak interpretatuko dituzte. Edizio honetan, dantzak ere presentzia handiagoa izango du eszenaratzean.

Ei! Bilbaok, gainera, Eñaut Elorrieta, Miren de Miguel, Gozategi eta Jimena Tombelle izango ditu artista gonbidatuen artean, besteak beste. Horiek 3.000 parte-hartzaileen ahotsekin bat egingo dute, eta kontzertuan bertan emango da ezagutzera nortzuk diren.

Musika lehenago hasiko da, Bilbotxeros Band taldeak berriro ere kontzertuaren aurreko emanaldia girotuko baitu, aurreko edizioan egin zuen bezala, Bilbao Arenara iristen den publikoari harrera eginez.

Ei! Bilbaok Bizkaiko kultur, hezkuntza eta gizarte-sarearekiko konpromisoari ere
eutsiko dio. Edizio honetan ikastetxeetako 1.500 haurrek baino gehiagok parte hartuko dute, abesbatzen mundurako errepertorio berria sortuko da eta 50.000 euro baino gehiago bideratuko dira abesbatzen sektoreari laguntzeko. Gainera, eserlekuen % 10 zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat gordeko da.

Kontzerturako egun gutxi falta direla, Ei! Bilbaorako azken sarrerak geratzen dira salgai, 35 eurotik aurrera, www.eibilbao.org webgunean.

Fair Saturday jaialdiak 100 kultur ekitaldi eramango ditu Bilbora eta Bizkaira

Biharamunean, azaroaren 28an, larunbata, Fair Saturday jaialdiaren hamabigarren edizioa izango da. Egun osoan zehar, kultura zabalduko du berriro Bilbon eta Bizkaiko hainbat herritan.

2026ko edizioak 100 kultur ekitaldi bilduko ditu 65 gunetan, nazioarteko lankidetzarekin, osasunarekin edo gizarteratzearekin lotutako 59 gizarte-kausari laguntzeko.

Urtero bezala, artistek eta kultur erakundeek eurek aukeratutako gizarte-proiektu bati lagunduko diote parte hartzean, kultur jarduera eta zuzeneko gizarte-eragina uztartuz.

Edizio honetako Bilboko proposamenen artean, nabarmentzekoak dira Bilbotxeros Bandek Bilbao City View autobus turistikoan hiriko hainbat auzotan zehar egingo duen musika-ibilbidea, ADELA Bizkaiaren alde; Iubilo Bilbao Abesbatzaren kontzertua Berreginen Museoan, Mundukideren alde; eta Dena Bilbaoren dantza sozialeko saioa Abandoko geltokian, Begisareren alde.

Bizkaian, egitaraua Euskal Museoaren atari inauguratu berrira, Erriberako Merkatura, Barakaldoko Max Ocio gunera eta Zubiarte merkataritza-gunera ere iritsiko da, lurraldeko beste hainbat gunerekin batera. Bilbotik kanpo, jaialdiak honako proposamen hauek eskainiko ditu, besteak beste: Luhartzen kontzertua Durangoko Plateruenean, Geuberen alde; Pianoak Kalean, Portugaleten eta Zornotzan; Txitatokiren zirkua Gernikan, Hazitokiren alde; eta Deriba taldearen partehartzea Urduñan, AEFATen alde.

Fair Saturday azaroko azken larunbatean Black Fridayri kulturaren eta gizarteekintzaren bidezko kontrapuntua eskaintzeko asmoz sortu zen. Bilbon eta Bizkaian egindako hamabi edizioetan, ehunka kultur erakundek, artistak eta gizarte-proiektuk parte hartu dute jaialdian. Guztira, 900 ekitaldi inguru antolatu dira eta 800.000 euro inguru bildu dira hainbat gizarte-proiektutarako.

Fair Saturday jaialdiak nazioartean ere izango du presentzia. Urtero bezala, Eskoziak jaialdia hartuko du, azaroaren 30ean ospatzen den San Andres eguneko ospakizun ofizialarekin bat eginez. Guztira, 60 kultur ekitaldiko egitaraua izango du.

Hala, kultura topagune izango da berriro larunbat horretan: Bizkaiko dozenaka gunek eta udalerrik askotariko publikoentzako proposamen artistikoak hartuko dituzte.

Horrela, Ei! Bilbaok eta Fair Saturdayk ondoz ondoko bi egun eta kultura bizitzeko bi modu osagarri lotuko dituzte berriro: topaketa parte-hartzaile handi bat Bilbao Arenan eta, biharamunean, lurralde osoan zabaldutako egitaraua.

 

 

 

Bilboko Udala

Laburrean

Non