Gnat Zinema 2026 - Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren Erakustaldia
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatzen duen Gipuzkoako VI. Natura eta Ingurumen Zinemaldiaren Erakustaldia, Gnat Zinema, irailaren 7tik 12ra itzuliko da. Edizio berri honek zinema gure ingurunea ezagutzeko, kontzientzia sortzeko eta ingurumenaren arloko erronka nagusien inguruan hausnartzeko tresna gisa kokatzen du berriro.
Edizio berria irailaren 7an hasiko da Donostiako Kursaalean, Las Hijas del Mar filmaren estreinaldiarekin. Gemma González Martínez euskal zuzendari eta gidoilariaren lehen dokumental luzea da. Filmak euskal kostaldeko emakumeen eta Koreako Jeju uharteko haenyeoen arteko zubia eraikitzen du. Milaka kilometrok bereizten dituzten bi komunitate dira, baina itsasoarekin, lanarekin, memoriarekin eta kulturaren transmisioarekin duten harreman sakonak lotzen ditu.
Inaugurazioak, gainera, nazioarteko izaera nabarmena izango du, Koreatik etorritako ordezkaritza baten parte-hartzearekin. Ordezkaritzan izango dira Son Choonsook eta Ko Myunghyo haenyeoak, Lee Mijin zuzendarikidea eta Stella Kang interpretea. Haiekin batera, Gipuzkoarekin lotutako taldeko eta protagonistetako ordezkariek parte hartuko dute: Maider Perez arraunlariak, Izaskun Suberbiola Mater-en zuzendariak eta Gemma González dokumentalaren zuzendariak. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da zuzendariarekin eta protagonistekin.
- Natura hainbat begiradaren bidez ezagutzeko programazioa
Inaugurazioaren ondoren, Gnat Zinemak irailaren 8an jarraituko du Kursaalean, David Allenek zuzendutako Wilding: El regreso de la naturaleza filmarekin. Isabella Tree-ren bestseller batean oinarrituta dago filma, eta 400 urteko finka bateko nekazaritza-lurrak naturari itzultzea erabakitzen duen bikote gazte baten esperientzia kontatzen du. Hesiak kendu eta prozesu naturaletan konfiantza jartzen dute lurrak leheneratzeko. Saioak, gainera, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko topaketa bat izango du Oskar Alegria zinemagile eta idazlearekin.
Irailaren 9an, Donostiako Aquariumak Vida entre dos mundos hartuko du. Lexeia Larrañagak zuzendutako dokumentalak lur eta itsasoaren arteko mugan dauden ekosistemen aparteko aniztasuna erakusten du. Marearteko eremuak, alga-belardiak, estuarioak, dunak, itsaslabarrak eta ur sakonak habitat-mosaiko baten parte dira, eta aldaketek espezieak egokitzera behartzen dituzte. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo da egileekin. Bertan izango dira, besteak beste, Lexeia Larrañaga zuzendari eta gidoilaria, Alex Gutiérrez ekoizle, argazki-zuzendari eta kamera, eta Enrique Talledo urpeko kamera.
Irailaren 10ean, berriro Kursaalean, Blue Carbon dokumentalaren txanda izango da. Nicolas Brownek zuzendutako lanak zientzia eta musika uztartzen ditu, kostaldeko ekosistemek —mangladiek, padurek eta itsas belardiek— karbono dioxidoa harrapatu eta biltegiratzeko duten garrantzia erakusteko. Estatu Batuetan, Senegalen, Vietnamen, Frantzian, Kolonbian eta Brasilen filmatu da dokumentala. Protagonista Jayda Guy DJ, musika-ekoizle eta itsas biologoa da, eta soinu-banda originala RZAk, Wu-Tang Clan taldeko kideak, egin du; Seu Jorge musikari brasildarrak ere parte hartu du. Saioaren ondoren, karbono urdineko ekosistemetan adituak diren pertsonekin solasaldia egingo da, tartean AZTIko ikertzaileekin.
Erakustaldia irailaren 11n Tolosara eramango da. TOPICen Doñana: donde el agua es sagrada dokumentala proiektatuko da, Carmen Rodríguezek zuzenduta. Dokumentalak Doñanan barrena egiten du bidaia, Europako erreserba ekologiko handietako batean barrena, eta uraren presentziak markatutako lurraldea erakusten du. Bertan, 300 hegazti-espezie baino gehiagoren migrazio-bideak eta mehatxurik handiena duten ekosistema eta espezieetako batzuk aurki daitezke. Saioaren aurkezpena José María Morales eta Joaquín Gutiérrez Acha naturaren zinemako profesional entzutetsuek egingo dute.
Gnat Zinemaren VI. edizioa irailaren 12an amaituko da, TOPICen, Zumo de remolacha lanarekin. Proposamenak zinema eta antzerkia uztartzen ditu krisi klimatikoari ikuspegi pertsonaletik heltzeko. Isabel Martík zuzendutako obra da, eta Fernando Valladares da interpretatzailea. Zientzialaria nazioarteko desobedientzia zibileko ekintza baketsu batean parte hartu ondoren argitaratu zuen artikuluan oinarrituta dago. Piezak zientziaren eginkizunari, gizartearen erantzukizunari eta krisian dagoen planeta batean bizitzaren alde borrokan jarraitzearen zentzuari buruzko hausnarketa proposatzen du.
Gnat Zinema 2026 - Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren Erakustaldia (pdf)
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2026(e)ko irailaren 7(e)tik 2026(e)ko irailaren 12(e)ra
- LekuaDonostia / San Sebastián
- Sarrerak Erosi
- Info Gehiago
- Ikusi agenda Donostia / San Sebastián


