Elorrioko Jaiak 2026: Ferixa Nausikoak 2026
Irailaren 4tik 13ra ospatuko dira aurten Elorrioko jaiak, Ferixa Nausikoak 2026. Herria musikaz, kulturaz, kirolaz, tradizioz eta herri-giroz beteko duten ehunka jarduera izango dira, adin guztietako herritarrei zuzenduta. Egitaraua Udalak, Jai Batzordeak eta herriko elkarte, eragile eta boluntario ugarik elkarlanean prestatu dute, beste urte batez jai parte-hartzaile, anitz eta herrikoiak eskaintzeko helburuarekin.
Aurtengo Ferixa Nausikoek hainbat berrikuntza izango dituzte. Horien artean, txosnagunea kokapen berrira aldatuko da: bokata txosna Buzkantz kalean egongo da, eta karpa azpiko txosnak zein haien kontzertuak Ganondoko sarreran egingo dira. Bestalde, karrozen jaitsierak ibilbide berria izango du, Aldatsekuatik abiatu, herriko plazatik igaro eta San Pio, Errebonbilo eta Errekakaletik berriro plazaraino. Karrozen desfilean eta koadrilen jolasetan parte hartu nahi dutenek programan agertzen diren QR kodeen bidez eman ahal izango dute izena. Horrez gain, autobus zerbitzuak indartu eta egokituko dira, barraketan haur txikientzako atrakzio berri bat egongo da, eta Ferixako azokan ahalik eta eskaintzarik zabalena bildu nahi izan da, nekazari, artisau eta abeltzainen parte-hartzea sustatuz. Aurreikuspenen arabera, aurten behiak ere izango dira azokan.
Aurtengo txupinazoa EME Elorrioko Merkatarien Elkarteak botako du, elkartearen 25. urteurrena ospatzeko aitortza gisa. Ospakizunarekin bat eginez, EMEk jaietako zapi horiak banatuko ditu doan bere denda eta tabernetan. Halaber, Jose Luis Pulido Calvoren "Iskanbila" lana izan da Ferixa Nausikoak 2026 iragarriko dituen kartel lehiaketako irabazlea.
Egitarauak aurreko urteetan arrakasta izan duten jarduerak mantenduko ditu, eta berriro ere adin guztientzako eskaintza zabala izango du. Txikienek bitsaren festa, jolasak eta haur parkeak izango dituzte; gazteek Ganondoko uhartean eta txosnagunean jarduera ugari; eta adinekoek euren egun berezia ospatuko dute mendi ibilbidearekin, meza, bazkaria eta dantzaldiarekin. Musika izango da beste behin protagonista nagusietako bat, elektronika, erromeriak, fanfarreak, DJ emanaldiak, karaokea, tributuak, flamenkoa, folka eta Maruxak ikuskizuna bezalako proposamenekin. Horrez gain, bertsolariak, kaleko antzerkia, zirkua, dantza garaikidea eta erraldoiak ere izango dira, herriko plazan ez ezik, Urarka-Esteibarlandan, Aldatsekuan eta txosnagunean ere.
Ohiko hitzordu nagusiek ere ez dute hutsik egingo. Irailaren 4an txosnagunea zabalduko da; 5ean izango dira txupinazoa eta danborrada; 6an, Ferixia; 7an, koadrilen bazkaria eta jolasak; 11n, jubilatuentzako ekintzak eta Los zopilotes txirriaos kontzertua; 12an, Sukalki Eguna, karrozen jaitsiera eta DJ emanaldiak; eta 13an, Ferixa Nausikoei amaiera emango diete Elorrioko Koloreak eta Zaporeak, herri kirolek eta bertso saioak. Gainera, herriko kirol taldeek ere protagonismo berezia izango dute, lagunarteko futbol, saskibaloi eta eskubaloi partidekin.
Ferixa Nausikoek aurten ere jai parekide, seguru eta errespetuzkoen aldeko konpromisoa berretsiko dute. Horretarako, eraso matxista eta arrazisten aurkako protokolo feminista aktibatuko da berriro, herriko mugimendu feministarekin elkarlanean. Informazioa edo laguntza behar duten pertsonek 688 86 52 94 telefono zenbakira jo ahal izango dute, eta jaietan zehar kapela moreak banatuko dira. Era berean, kontsumo arduratsuaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina ere egingo da.
Laburrean
- Mota Jaiak
- Data 2026(e)ko irailaren 4(e)tik 2026(e)ko irailaren 13(e)ra
- LekuaElorrio
- Info Gehiago
- Ikusi agenda Elorrio


